Euskal Hedabideen Behategiak eta Euroeskualdeak bultzatutako BEHA ikerketa proiektuaren erdibideko emaitzak partekatu ditugu, lehen faseko partaideekin batera, Martin Ugalde Kultur Parkean egindako lan-saioan.
2021eko udazkenean abiatu genuen Euskal Hedabideen Behategian BEHA ikerlerroa. Euroeskualdearen babesarekin abiatutako bideak xede du euskal audientzia ezagutzeko mugaz gaindiko ariketa egitea; zehazki, euskarazko komunikazio espazioaren neurketa digitala eguneratzeko lanak gauzatzea: sistemaren ebaluazioa, eguneratze lanak eta gogoeta partekatua.
Lan-saio honetan, azken hilabeteetan zehar egin dugunaz jarduteko eta hurrengo urratsak zeintzuk izango diren zehazteko elkartu gara egitasmoaren parte diren zortzi komunikabideak — Berria, Hamaika, Kanaldude, Euskalerria irratia, Elhuyar, Gaztezulo, Anboto eta Alea—, Euskal Hedabideen Behategia eta Euroeskualdea. Hedabide bakoitzarekin egindako lanketa erronda oparoa izan da eta dagoeneko partaide guztiek martxan daukate audientzia neurtzeko GA4 sistema. Albiste ona da hau, izan ere, Googlek berriki iragarri du bertan behera utziko duela orain arte indarrean egon den neurketa sistema 2023ko udatik aurrera.
Udako Ikastaroa antolatuko dugu audientzia sistema bateratua lantzeko
Ikerketa lerro honen emaitza osoak, eta datozen hilabetetan izango dugun gogoeta kolektiboaren ondorioak, irailean aurkeztuko ditugu Euskal Herriko Unibertsitatearekin antolatzen gabiltzan Udako Ikastaroan. Euskal hedabideen audientzia digitala: metrika adostuen garaia izenburupean, euskal audientzia digitalen eremutik abiatuta, metrika adostuen garaira urratsak ematen hasteko lehen gogoeta zabala egingo dugu esparru akademikoa, hedabideen sektorea eta administrazio publikoak elkartuta.