2021eko irailean hasi genuen BEHA egitasmoa; lehen fase batean, euskarazko hedabideen audientzia digitala neurtzeko sistema ebaluatzeko eta eguneratzeko. Une horretan neurgailu berriak agertzen ari zirenez gero, aldaketa horretarako euskal komunikabideei laguntza emateaz gain, diagnosirako eta eguneraketarako ikerketa lanak egin genituen. Hasieran zortzi hedabideko lagin batekin abiatu genuen ikerketa eta bigarren fase batean 60 hedabidera zabaldu genuen. Orduan sortu genituen webguneetako trafikoa modu errazean jarraitu ahal izateko BEHA panelak eta formakuntza programa bat ere diseinatu eta zuzendu genuen.
Gaur-gaurkoz, 66 hedabideren beste hainbeste panel daude martxan. Hilabetero, analitika digitalerako txosten laburtua helarazten zaie hedabideei eta aldiro galderak, kontsultak eta eskariak iristen zaizkigu, hedabideak panelak erabiltzen ari diren seinale. Aipatzekoa da behar espezifikoagoak asetzen dituzten doikuntzak ere konfiguratzen hasi garela eta ahal den neurrian, horretan jarraituko dugula; baita hedabideen galderei gure esku dauden erantzunak ematen ere.
Halaber, egitasmoaren bigarren eta hirugarren faseetan, hedabideak datuaren kulturan murgiltzeko helburuarekin, Behategia Analytics tresna ere diseinatu, garatu eta martxan jarri dugu. Tresna honek, webguneaz gain, ingurune digitaleko beste iturri batzuetako datuak ere biltzen ditu (Instagram, Youtube, Facebook, Whatsapp, Telegram, buletinak eta app-ak) eta hedabideek adostutako hitzarmen baten ondorioz, besteen datuak ikus ditzakete. Horrela, nork bere trafikoaren ikuspegi osoagoa izateaz batera, antzeko ezaugarriak dituzten hedabideekin erkatu dezakete haien egoera, datuen analisiari eta interpretazioari berebiziko informazioa gehituz. Hitzarmen hau oso esanguratsua iruditzen zaigu datuak partekatzea ezohiko jarduna den garaiotan, ia 70 hedabidek guztien datuak jasotzen eta erakusten dituen panel bat osatzen baitute.
Hortaz, bi tresna hauek (BEHA panelak eta Behategia Analytics) lagungarri izango dira hedabideek haien datuak jaso, irakurri, aztertu eta interpretatzeko orduan, hartu beharreko erabakietan ezinbestekoa den informazioa erantsiz haien gogoetari. Finean, hedabideak analitika datuez hizketan hastetik, datuei galderak egiten hastera pasa direla esan dezakegu. Eta hori, dauden baldintzekin, aurrerapauso handia da berrikuntzaren eremuan; sektorearen engaiamendu mailaren erakusgarri.
2021eko irailean hasitakoa, 2025eko irailean burutu dugu, laguntzaile izan ditugun Euroeskualdearen eta Hizkuntza Politika Sailaren finantziazioarekin. Denontzat da erronka handia, baina oinarri sendoak finkatzen gabiltza. Segi dezagun urratsak ematen.