«Hizkuntzaren dimentsio guztiak izan ditzan hiztunak, gizartearen arlo oro busti beharko du hizkuntz-politikak: basoak, soroak, plazak, lantegiak, pantailak, iruditeria. Egunerokoa hartu behar du biziko bada, Beskoitzen, Eguesibarren zein Bizkarsoro orotan».
Garazi Arrula (23. Korrika-ko mezua)
1. Sarrera
Bizkarsoro filmak, hogeigarren mendeko hamarkada ezberdinetan girotutako bost istorioren bidez, Ipar Euskal Herriko alegiazko herri batean euskarak jasandako erroizte eta minorizazio prozesua kontatzen du, egiazko lekukotzetan oinarrituta. Ikus-entzunezko industriaren estandarretatik kanpo ekoitzia, 2023ko Donostiako Zinemaldian estreinatu zen, eta 2024ko urtarrilean Ipar eta Hego Euskal Herriko pantailetan zabaltzen hasi.
Artikulu honek filmaren ibilbidea, estreinaldiaren ondoko lehen sei hilabeteetan izandako zabalpena (hau ere industriaren estandarren hegietan burutua) eta publikoaren harrera ditu aipagai. Kasu azterketa gisa, zenbait gogoeta eta ondorio proposatu nahi dira bi gai handiren inguruan: batetik, euskal zinemaren zabalpena, eta bestetik, euskararen minorizazio prozesuaren kontzientzia, memoria eta transmisioa.
Horretarako, lehenik, azken 20 urteotan euskaraz ekoiztutako filmen zabalpenaren zenbait datu mahai-gaineratuko dira, testuinguratze gisa. Bigarren urrats batean, Bizkarsoro proiektuaren ekoizpen prozesua eta zabalpen estrategia azalduko dira. Azkenik, Bizkarsoro-ren harrera aztertuko da: bai kuantitatiboa, bai kualitatiboa. Azterketaren funtsa, beraz, deskriptiboa izanen da.
Azterketa egiteko metodologia nagusia behaketa parte-hartzailea izan da. Lerro hauek idazten dituena, filmaren beraren zuzendaria izan da, eta beraz, bertatik bertara segitu du prozesu guztia. Bizkarsoro-ren sortze eta ekoizpen prozesuaren eta banaketa estrategiaren deskribapena talaia horretatik burutu da eta zuzendariarenaz gain, Katti Pochelu Gastibeltza-ko banatzailearen eta Gotzon Barandiaran Dijitalidadea-ko banatzailearen lekukotzak bildu dira. Horrekin batera, azken hamarkadako euskarazko filmeen ikusle kopuruak CNC, ICAA eta Europako Ikus-entzunezko Behategiko Lumière datu-basetik atera dira, eta Bizkarsoro-ren ikusle eta emanaldi kopuruak, berriz, Gastibeltza Filmak eta Dijitalidadea banatzaileen bidez eskuratu dira. Filmaren harrera kualitatiboa aztertzeko, berriz, prentsan eta sare sozialetan argitaratutako kritika eta iritzi artikuluak eta filmaren emanaldien ondotik egindako solasaldietako ikusleen ahozko lekukotzak bildu dira; azken hauek, filma aurkezten herriz herri ibili diren lan-taldeko sei kideek jasoak, eta gure eskura jarriak. Bukatzeko, filma EHUko auditorio nagusian erakutsi zelarik, Ikusiker Ikus-entzunezkoen Behategiak ikusleen artean egindako inkesta erabili da gazte euskaldunen harrera aztertzeko iturri gisa.
2. Testuingurua: euskal zinema azken hamarkadan
1956tik aurrera euskarazko zenbait film estreinatu izan diren arren, euskal zinema, jarraikortasunez fruituak ematen dituen zinematografia gisa ulertua, 2005ean sortu zela esan dezakegu1. Zenbait faktorek egin zuten posible orduan, ordura arte ezinezko zirudiena, hots, urtero euskaraz elekatutako film profesionalak pantailetara iristea. Batetik, 2000ko hamarkadaren hastapen hartan, EiTBk eta euskal ekoizleen elkarteek akordioa lortu zuten, telebista publikoak, Europako legedia betez, urtero bere irabazien % 5 lekuko produkzio independentean inberti zezan. Horrek, diru-poltsa berri eta handi bat ekarri zuen bertako ekoiztetxeentzat, proiektu luzeak ahalbidetuz. Bestetik, garaiko Eusko Jaurlaritzak ikus-entzunezko sektoreari buruzko gogoeta lan bat eraman zuen, Kultur Politiken barnean zentralitatea aitortuz eta diru-laguntza sistema aldatu eta azkartuz. Azkenik, aurreko hamarkadan film laburrak eginez zaildutako zinemagile gazteen belaunaldia (Kimuak programatik pasatakoak, haietako asko) prest zegoen film luzeak zuzentzeko2. 2005ean Aupa Etxebeste! estreinatu zenetik eta gaur egun arte, ia urtero industria mailako film komertzial bat bederen estreinatu da euskaraz, inguruko zinematografietako filmekin parekatzeko moduko aurrekontuarekin. Urte batzuetan bi edo hiru ere estreinatu dira, eta salbuespena izan dira euskarazko filmik gabeko urteak.
2005etik asko aldatu dira ikus-entzunezko kontsumo ohiturak. Aupa Etxebeste!-k zinemetan izan zituen 75.000 ikusleak, ezin pareka daitezke aurten estreinatutako film baten kopuruekin, 2005ean askoz ere jende gehiago joaten baitzen zinema-geletara. Horregatik, euskal filmek zinemetan azken hamarkadan izandako ikusle kopuruari erreparatuko diogu, 2013-2023 tarteari3.
Badakigu gaur egun gutxiengoa direla filmak zinema-geletan kontsumitzen dituztenak, bereziki gazteen artean. Zentzu horretan, euskal filmen ikusle-kopuruok zinema-gelen krisiaren fokupean begiratu behar dira, baina streaming plataformen, telebista kateen edo bestelako euskarrien datuak (DVD...) biltze hutsa zaila edo ezinezkoa delarik4, interesgarria da zinema-geletako zenbakiak neurtu eta konparatzea.
CNCtik, ICAAtik eta Europako Ikus-entzunezko Behatokiaren Lumière datu-basetik bildutako datuen arabera, 2013tik 2023ra5, hamazazpi fikziozko film estreinatu ziren euskaraz Espainia edo/eta Frantziako zinema-geletan; animazioak, film-labur bildumak eta partez bakarrik euskaraz zirenak alde batera utzita. Urte horietatik, sei urtetan film bakarra estreinatu zen euskaraz (2013an, 2014an, 2016, 2018, 2021 eta 2022) eta hiru urtetan, bi film estreinatu ziren (2015, 2017 eta 2019). Salbuespenak, berriz, 2020 eta 2023 urteak izan ziren, txanponaren alde banatan: 2020an bost euskal film estreinatu ziren. 2023an bakar bat ere ez.
Hala ere, euskararen eta lurraldearen ikuspegitik film bakoitzaren ikusle kopurua aztertzerako orduan, kontsultatutako datu baseetako zenbakiek muga ugari dituzte. Batetik, ikusle kopurua estatuka zenbatzen dute. Hots, bildu daitezkeen datuek, film bakoitzak (estreinatu zenetik 2023ko abendura arte) Frantzia osoan eta Espainia osoan egindako ikusle kopurua erakusten dute. Euskal Herria bakarrik aintzat hartzen duten ikusle-daturik ez dugu6. Bestetik, film horietako gehienen kasuan bi bertsio proiektatu ziren zinemetan: euskarazko bertsio original azpititulatua eta bertsio espainol bikoiztua. Datuek ez dute erakusten bertsio bakoitzak zenbat ikusle izan dituen, baina bikoiztutako bertsioa beti askoz ere gehiago programatu ohi dela kontuan izanda, pentsatzekoa da euskal filmen kasuan ere ikusle kopuru horien parte nabarmen batek espainolezko bertsioa ikusi izana. Horiek hola, ezin da jakin zehazki ikusle horietatik zenbatek ikusi zuten film bakoitza Euskal Herrian eta zenbatek euskaraz, baina tendentzia orokorrak markatzeko balio dute datuek.
2013-2023 tartean estreinatutako hamazazpi euskal filmetatik lauk bakarrik gainditu zuten 40.000 ikusleen langa: Loreak (65.494 ikusle, Espainian bakarrik estreinatua), Amama (68.516 ikusle, Espainia eta Frantziako zinemetan), eta bi horien ikusle kopurua bikoiztuz, Handia (177.197 ikusle, Espainia eta Frantziako zinemetan), eta Irati (157.868 ikusle, Espainiako zinemetan bakarrik). 30.000 ikusleen langaren bueltan, aldiz, Errementari (32.523) eta Igelak (30.958) egon ziren, biak Espainian bakarrik estreinatuak. Hortik behera, sei film egon ziren 10.000-30.000 ikusleen tartean, eta beste bost ez ziren iritsi 10.000 ikusle izatera.
Datuei begira, 2013-2023 tartean estreinatutako euskal filmen % 64,7k 30.000 ikusle baino gutxiago izan zituen zinema-geletan. Esan liteke, beraz, horixe dela gaur-gaurkoz euskal zinemaren ikusle-kopuruaren ohiko neurria.
Bestalde, 30.000 ikusleen kopurua gainditu zutenen artean alde handiak daude eta haien arrakastaren arrazoiak bilatzeak ikerlan honen helburu eta ahalak gainditzen ditu. Egia da bi film ikusienak (Handia eta Irati) aurrekontu handiena izan zuten filmak ere badirela (Handia-k 3,5 milioiko aurrekontua izan zuen7, eta Irati-k, 4,3 milioi eurokoa)8. Haatik, egia da ere, hiru film ikusienek (Handia, Irati eta Amama), euskal historiari eta imaginarioari lotutako gaiak tratatzen dituztela.
3. Bizkarsoro: herri proiektu bat
Bere aurrekontuari eta ekoizpen moduari erreparatuta, Bizkarsoro ezin da film komertzial konbentzional bat kontsideratu. Industriaren marginetan eraiki zen proiektua, bideragarritasuna auzolanean sustengatuz. Iparraldeko Gastibeltza Filmak etxeak ekoitzi zuen, hegoaldeko Adabaki Ekoizpenak eta Tentazioa Produkzioak-ekin elkarlanean, eta film osoaren aurrekontua, 246.000 eurokoa izan zen9. Euskal Herrian ekoitzitako film komertzial batek, konparazione, milioi batetik gorako kostua zuen jada 2015ean10.
Bost istoriok osatzen dute Bizkarsoro, 1915ean, 1921ean, 1940an, 1966an eta 1981ean kokatuak. Istorio bakoitza film labur gisa ekoitzi zen, 2017tik 2023ra, eta finantzazioa film laburrendako diru-laguntza deialdietan eta kultur elkarte eta fundazioetan bilatu zen urtez urte11. Horri lotuta, beraz, filmaketa ere bost epetan burutu zen. Orotara, sei urtetan zehar, hamazazpi filmaketa egun izan ziren. Ohikoa lau eta zortzi asteren arteko filmaketa izan ohi da film luzeendako12.
Ahultasun horiek auzolanarekin estali ziren prozesu osoan zehar. Hastapenetik, «herri proiektu» gisa planteatu zen filma, eta Baigorriko ibarreko herritarrekin eraiki zen dena, euskara hutsez. Hala, batetik, filmean agertzen diren aktore gehien-gehienak Baigorri ibarreko herritarrak dira, ez-aktoreak; belaunaldi ezberdinetakoak, haurretatik hasi eta aiton-amonetaraino. Bestetik, kamera atzean, talde teknikoa Iparraldeko eta Hegoaldeko teknikariak nahastuz osatu zen: Hegoaldeko teknikari profesionalak ardura postuetan emanez eta zinemagintzan aritu nahi zuten Iparraldeko gazteak haien laguntzaile postuetan. Era horretan, formatu eta ofizioa ikasteko bidea eskaintzen zitzaien. Azkenik, laguntzaile gisa, 200 herritarrek baino gehiagok hartu zuen parte, denetako lanetan: Hegoaldeko teknikariak etxeetan aterpetuz, ekipa osoaren otorduak prestatuz, beren ondasunak, etxeak, animaliak zein lan tresnak utziz (kamioi, garabi, traktore) edota dekoratuak eraikiz.
Filmak euskaldungoaren XX. mendea kontatzen du. Herri tipi batean nola galtzen doan euskara hamarkadaz hamarkada, prozesu natural bat balitz bezala, baina azpitik eragiten duten prozesu sozialak eta botere harremanak agerian utziz, eta horrek herritarrengan sortzen dituen zauri, konplexu, trauma eta zatiketak. Euskal Herriko hainbat eskualdetan bildutako lekukotzak ditu oinarri, denak Bizkarsoro izeneko alegiazko herrian fikziora eramanak. Pario horrekin Bizkarsoro edozein euskal herri izatea bilatzen zen. Ez izatea Baigorriri buruzko film bat, baizik eta edonongo euskaldunei buruzkoa.
3.1. Zabalpen estrategia
2023ko Zinemaldian hautatua izanki, Bizkarsoro-ren lehen emanaldia Donostian izan zen, festibalaren programa ofizialaren barnean. Astebete geroago, Donibane Lohizunen erakutsia izan zen, Festival International du Film de Saint Jean de Luz izeneko zinemaldi frantsesaren sail ofizialean.
Bietan harrera beroa izan zuen arren, filmaren zabalpena zailtasun handiko erronka gisa planteatzen zen. Usaian, film komertzial batek zabalpen eta promoziorako aurrekontuaren zati gotor bat atxikitzen du, batzuetan aurrekontu osoaren laurdenera iritsi daitekeena13. Bizkarsoro-ren kasuan baina, hasieran ez zegoen dirurik halako gastuetarako. Bestalde, EiTBk ez zuen parte hartu filmaren ekoizpen eta finantzazio prozesuan eta filma bukatu ondoren emaitza ikusi zuenean, interes mugatua erakutsi zuen14.
Zinema-geletan zabaltzeko, filma zinema banatzaile baten esku uztea zen aukera ohikoena. Haatik, taldean beldurra sortu zen, hain medio gutxirekin halako enpresek lan minimoa baizik ez zutela eginen filmaren alde, eta trukean eskubide guztiak atxikiko zituztela, bestelako zirkuitoetan (herrigintzari lotutako elkarteak eta abar) filmaren zabalpena zailduz15.
Memento hartan, talde barnean ere, filmak ukan zezakeen arrakastaren inguruko espektatibak ez ziren handiegiak. Promozioan inbertsioak eginez gero gastuak estaltzeko adina bilduko ote zen beldur zen Gastibeltza Filmak ekoiztetxea. Horiek hola, euskaltzaleen artean filmak sinpatia piztu zezakeela hipotesi gisa hartuta, zabalpen estrategia bat diseinatu zen, euskalgintzako eragileen aliantzak bilatuz, zabalpena ere -ekoizpena izan zen bezala- herrigintzaren indarrean zedarritzeko asmoarekin16.
Lehen funtsezko erabakia industria mailako banatzailerik ez bilatzea izan zen. Lehentasuna eman zitzaion filmaren kontrola atxikitzeari, zabalpenaren baldintzak, lekuak eta tempo-ak erabakitzeko eskuak libre izateko17. Horrek erraztu egiten zuen, adibidez, filma aldi berean Hego eta Ipar Euskal Herrian zabaldu ahal izatea. Harrigarri bada ere, hori ez da ia sekula gertatzen. Eskubideen salmenta estatuka egin ohi denez, Hegoaldean ekoitzitako euskal film asko ez dira iristen Iparraldeko pantailetara (Frantzian banatzailerik aurkitzen ez dutelako), eta heltzen badira, Hegoaldean estreinatu eta hainbat hilabete geroago izaten da18. Gastibeltza filmak-ek, sortzetik helburu gisa filmak mugaren bi aldeetan estreinatzea eman bazuen ere, Bizkarsoro-rekin lortu zuten, lehen aldiz, fikzio luze batekin.
Iparraldeko banaketa Gastibeltzak berak hartu zuen bere gain. 2018an sortu zenetik hainbat fikzio eta dokumental banatuak zituen enpresak Iparraldeko hamaika zinemetan, beti ere ahal txikiekin, eta 500-1.000 ikusle artean ibiliz kasu gehienetan19. Hegoaldeko banaketa, berriz, Dijitalidadea enpresari proposatu zitzaion. Zinema arloan ez zuen esperientziarik, banatzaile estatus juridikorik ere ez, baina euskal kulturaren alor ezberdinetan egindako lanak ezagututa, filma euskaldungoari zabaltzeko bidelagun egokia izan zela pentsatu zuen Gastibeltzak. Hala, Hegoaldean, zinema komertzialen zirkuitoari uko egin gabe, filma herriz herri mugitzeari eman zitzaion lehentasuna20.
Ekoizpenaren izpirituari segituz, banaketa estrategia auzolanaren gainean eraiki zen. Bizkarsoro-k edozein euskal herriren istorioa kontatzen zuela hartu zen komunikazioaren ideia nagusi gisa. Euskaldun guztiok garela bizkarsorotarrak. Hortik abiatuta, Euskal Herri osoko euskal eragile, elkarte, instituzio eta hedabideen elkarlana bilatu zen21.
2023ko irailaren 10ean, Donostiako estreinaldia baino hiru aste lehenago, euskalgintzako zazpi eragileri erakutsi zitzaien filma pase pribatu batean. Haien harrerak Gastibeltzaren espektatibak gainditu zituen. Aho batez, erabat positiboki baloratu zuten, eta denak agertu ziren zabalpenean laguntzeko prest22. Hala, filmaren estreinaldiaren aurretik zein ondoren bilerak egin ziren haiekin, estrategia komun bat eta egutegia adostuz, eta arlo ezberdinetan hitzarmenak sinatuz. UEMAk, adibidez, konpromezua hartu zuen bere kide diren herrietan filmaren emanaldiak sustatzeko23. AEK-Korrikak ere berdin egin zuen, eta beste maila batean, Euskal Herriko Ikastolen elkarteak eta Euskaltzaleen Topaguneak ere bai. Aldi berean, euskal hedabideak hasieratik inplikatu ziren zabalkundean. Berria-rekin, adibidez, Bizkarsoro-ren tixertak atera ziren, Berrialagunek abantailak izan zituzten sarrerak eskuratzeko eta egunkariak filmaren ibilbidearen jarraipen berezia egin zuen hainbat hilabetetan. Iparraldeko euskal irratiekin eta Mediabask-ekin ere lankidetza hitzarmenak egin ziren. Tokiko prentsak ere jarraipen zabala egin zion filmari.
Eragileekin adostuta, estreinaldi data urtarrilaren 12an finkatu zen, ostiralez. Hegoaldeko hiriburuetako zinema gela komertzialetara iristea ezinezkoa izan bazen ere (banatzaile estatusari lotutako arazo administratiboak tarteko), estreinaldi egunean zazpi probintzietan erakutsi zen filma, Donibane Garazin, Gasteizen, Tolosan, Durangon, Donibane Lohizunen, Maulen eta Altsasun.
4. Zabalpenaren emaitzak
Urtarrilaren 12an estreinatu zenetik, Bizkarsoro-ren zabalpenak erabat gainditu zituen Gastibeltza eta Dijitalidadearen aurreikuspen baikorrenak. Lehen hilabetean, 10.000 lagunek ikusi zuten filma24. Berehala, herri eta hiri ainitzetatik emanaldi eskaera uholde bat iristen hasi zen. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan, zinema zirkuito komertzialetik aparte banatu zen filma, hasiera batean. Baina izandako oihartzunaren eraginez, zine areto komertzial batzuk filma proiektatzeko eskaria egiten hasi ziren laster25. Baxenabarre, Lapurdi eta Zuberoan, aldiz, lurraldeko 11 zinema-gela komertzialetan programatu zen filma hasieratik, eta hiru hilabete eta erdi iraun zuen karteldegian, apirilaren 28ra arte. Bestalde, Euskal Herrian ez eze, filmaren emanaldi isolatuak egin ziren Bretainian, Okzitanian, Ingalaterran, Alemanian, Frantzian, Galesen, Argentinan eta Herbeheretan26.
Filmaren zabalpena bi dimentsio ezberdinetatik neurtu liteke; kuantitatibotik eta kualitatibotik. Kuantitatiboki, filmak 30.000 ikusletik gora pilatu zituen lehen sei hilabeteetan. Hasieratik baina, zenbakiei bezain beste garrantzia eman zion taldeak filmak sortutako erantzun, oihartzun, sentimendu eta gogoetei. Ahalegin handia egin zen filmaren emanaldietan ikusleei gogoetarako bideak irekitzeko, eta hala, tresna ezberdinak sortu ziren propio: batetik, eskola eta institutuei begira txosten pedagogiko bat osatu zen, Maia Iribarne-Olhagaraik idatzia, edukiak ikasleekin lantzen laguntzeko; bestetik, emanaldien antolatzaile guzien esku utzi ziren Plazara kooperatibak landutako dinamizazio gida bat eta filmaren sorburua, iturriak eta hautu estetikoak esplikatzen zituen «zuzendariaren kaiera». Aldi berean, emanaldien heren luze batean, lan-talde artistikoko kideren bat izan zen proiekzioaren osteko solasaldian filmari buruzko xehetasunak azaltzen, eta ikus-entzuleekin esperientziak partekatzen27. Horregatik, filmaren harrera bi dimentsio horietatik aztertuko da, modu bereizian: kuantitatiboa eta kualitatiboa. Edo bestela esanda: zenbakitan eta hitzetan.
4.1. Zenbakitan
2024ko urtarriletik uztailera, Bizkarsoro-ren 374 emanaldi izan ziren Euskal Herrian. Horietatik, 186 izan ziren Ipar Euskal Herrian eta 188 Hego Euskal Herrian. Ekainerako 30.000 ikusleen langa gainditua zuen filmak28.
Ipar Euskal Herrian zinema komertzialetan banatu zenez, Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako ikusle kopuru zehatza jaso ahal izan du Gastibeltzak, txarteldegiari esker. Xuxen, 12.697 ikusle izan zituen filmak eta apirilaren 28ra arte iraun zuen karteldegian. Zinema-gela askotan, sekula gehien ikusitako euskal filma izan zen. Kanboko L´Aiglon zinema-gelan, adibidez, hamazortzi proiekzio izan ziren, eta horietatik bederatzitan, sold-out egin zuen. Hego Euskal Herrian, berriz, banaketa zirkuito komertzialaren hegietan egin zenez, antolatzaileek hainbat kasutan ez zuten txarteldegirik egin (emanaldiak urririk zirenean, adibidez), eta beraz, zenbait proiekzioetako ikusle-kopurua, antolatzaileari galdetuz eskuratu behar izan zuen Dijitalidadeak. Hala, emanaldiz emanaldi kontabilitate bat eramana izan zen arren, ezinezkoa izan da kopuru zehatz-zehatza biltzea, baina, ekaina erditsutarako, 30.000 ikusleen muga aisa gainditua zuen filmak. Kopuru hori 374 proiekziotan bildu zela aintzat hartuta, batez beste, 80 lagun bildu ziren emanaldi bakoitzean.
Hegoaldean, nagusiki, udalak, Korrika Batzordeak, euskara eta kultura elkarteak, auzo elkarteak, unibertsitateak eta DBHko ikastetxeak izan ziren proiekzioen antolatzaileak. Iparraldean berriz, zinema saretik kanpora, 1705 ikaslek ikusi zuten filma, ikastetxeek (bai Seaskako ikastetxeak, bai kolegio eta lizeo publiko eta pribatuak) zinemetara ateraldiak antolatuta29.
Filmaren lau bertsio plazaratu ziren. Lehena, osorik espainolezko azpitituluekin. Bigarrena, osorik frantses azpitituluekin. Hirugarrena, frantsesezko elkarrizketak bakarrik azpititulatuta euskaraz. Eta azken bat, film osoa azpititulatua euskara batuko azpitituluekin. Azken bertsio honen plazaratzea filma bukatu aitzin talde barnean emandako eztabaida baten emaitza izan zen. Pantailan entzuten den hizkera Baigorri eskualdeko euskalkia izanki, Hegoaldeko hainbat euskaldunek ulermen zailtasunak zituztela nabarmendu zen filmaren muntaia prozesuan (muntatzaileak, soinu-diseinatzaileak edota musikariak maiz zailtasunak zituzten elkarrizketak segitzeko, eta batzuetan zentzua ulertzeko). Hori dela eta, Hegoaldean beti espainolezko azpitituluekin proiektatzeko arriskua zegoelakoan, euskara batuan azpititulatutako bertsio bat ere plazaratzea mahaigaineratu zen, ulermen arazoak zituztenei filma osoki euskaraz ikus-entzuteko aukera emateko. Euskara euskaraz azpititulatzea bitxia eta zaila izan zitzaien onartzen Ipar Euskal Herriko taldekide batzuei. «Alderantziz ez da sekula egiten, ez telebistan, ez zineman, ez inon». Azkenean, beste herrialde batzuetan ere halakoak egin izan direla aztertu ondoren30, euskaraz azpititulatutako bertsioa ere plazaratzea adostu zen. Hala, aldi guziz, antolatzaileei aukeran eman zitzaien ze bertsiotan programatu nahi zuten filma: dena euskaraz, frantsesezko zatiak bakarrik euskaraz, espainolez edo frantsesez azpititulatuta31.
Iparraldean, zinemek frantses azpitituluen hautua egin zuten kasu guztietan, eta beraz, Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako proiekzio guztiz gehienak, frantses azpitituluekin burutu ziren, AEK-ko ikasleentzako, elkarteentzako eta ikastoletako ikasleentzako espreski antolatutako bakan batzuk salbu. Hegoaldean, berriz, antolatzaile nagusiak herrigintzako eragileak izanik, euskara batuan azpititulatutako bertsioa izan zen gehien eskatutakoa, alde handiarekin. Hegoaldeko proiekzioen % 82an, orotara32.
4.2. Hitzetan
Zenbakietatik haratago, Bizkarsoro-k harrera beroa izan zuen hasieratik. Kritika zinematografikoaren arloan, besteak beste, Koldo Landaluzek zera idatzi zuen Gara-n: «cuidado mosaico de emociones y recuerdos»33. Begoña del Tesok, aldiz: «Existitzen ez bada ere denok ezagutzen dugun herri batean kokaturiko Bizkarsoro film ausarta, elegantea, tristeziaz betea baina atzoko pasadizo malerusak biharko egunetara salto egiteko probesten dituena»34. Arnaud Duny-Petrék artikulu luzea sinatu zuen Enbatan, «Bizkarsoro, un grand film» izenburupean, eta filmaren egiazkotasuna laudatu zuen:
Le phénomène d’une langue remplacée par une autre —celle du plus fort— laisse des traces et enclenche la rébellion, y compris chez les dépossédés, les muets. La tasse de chocolat jetée par l’enfant sur la une de Sud Ouest est un des sommets du film. L’allégorie transparente des mots enfouis dans la terre et qui, découverts par des jeunes gens, revoient la lumière, ne laissera personne indifférent. Bizkarsoro n’est pas le procès d’un crime collectif et d’une dépossession ; simplement des faits, l’approche sensible d’une épreuve terrible que traverse une communauté humaine dominée, dont la langue affaiblie, coupée est refoulé dans le silence35.
Zutabe eta iritzi artikulu askoren gaia ere bilakatu zen filma; mamiari alde ezberdinetatik helduz. Batzuk bakarrik aipatzearren: Aitor Odriozolak, sentimenduetatik idatzi zuen. «Haserretik amorrura pasatu nintzen filmaren zatirik handienean, baina hunkitzeko uneak ere baditu»36. Angel Bidaurrazagak, edukiaren gainean gogoetatu: «Nahiz eta Iparraldean girotuta egon, filman agertzen den genozidio linguistikoaren historia Euskal Herri osoaren kronika bat da»37. Gaur eguneko egoerarekin konektatuz, Martxelo Otamendik nabarmendu egin zuen filma erdaldunek ere ikusi beharra: «Lan barru-astintzailea da Bizkarsoro. Erdaldunei ere erakutsi behar zaiena, bereziki biharko epaileak prestatzen dituen eskola juridikoko garridoei; plaza Euskal Herrian hartzen dutenean filmeko eskolako maistra togaduna, asteroidea alegia, izan ez daitezen»38. Eta beste hegi batetik, Karmele Jaiok gogoeta egin zuen transmisioaren beharraz: «Euskarak bizirauteko zailtasun handiak ditu(ela), hizkuntza handien artean itotzeko arriskuan dago(ela). Eta iruditzen zait azken hamarkadetan ahaztu egin dugula hein handi batean hori transmititzen, biktimismoan jausteko beldurrez agian edo erlaxazio hutsagatik»39.
Sare sozialetan ere oihartzun handia izan zuen. X sarean, kasurako, #Bizkarsoro traolarekin ehundik gora txio aurkitu daitezke. Horien artean erreakzio ezberdinak nabarmentzen dira. Erabiltzaile ainitzek «Hunkigarria», «polita», «ederra», «zoragarria» bezalako adjektiboak baliatu zituzten, baina ez ziren gutxiago izan, «gogorra», «latza», «gordina» eta antzekoekin kalifikatu zutenak. Beste ainitzek, gaur eguneko egoerarekin lotura egin zuten; adibidez: «Bizkarsoro ez da iraganaren argazkia. Egun Bizkarsoro sobera dugu Euskal Herriaren luze zabalean. Horietarik bat dugu Beskoitze»40. Eta ber gisan, ugari izan ziren Bizkarsoro-k erabiltzailearen beraren herriaren istorioa kontatzen zuela erakusteko, «Oñati ere Bizkarsoro da», «Tolosa ere Bizkarsoro da», «Barakaldo ere Bizkarsoro da»41 eta antzeko txioak idatzi zituztenak. Gehien nabarmentzen den ideia identifikazioarena da: ikusle askok eta askok beren istorio eta bizipenak ezagutu zituzten filmeko pasarteetan, eta horrekin hunkitu, mindu, asaldatu edo harrotu ziren. «Gure zauriak ikusten ditugu ispiluan»42, laburbiltzen zuen urrian argitaratutako txio batek.
Esana izan den bezala, Euskal Herrian burututako 374 emanaldien heren luze batera talde-artistikoko kide bat joan zen, filma ikusi ondotik publikoarekin solastera. Eskaerak hainbeste izan zirenez, zazpi lagun ibili ziren lan horretan, filmaren zabalpenaren lehen sei hilabeteetan. Oro har, filmaren ondoko solasaldiak luzeak izan ziren, eta askotan taldeko kideei lekukotzak entzutea tokatu zitzaien gehiago, berba egitea baino: sare sozialetan bezala, izan ere, herri eta hiri ainitzetan, jendeak bere burua islatua ikusi zuen pantailan, eta norbere esperientzia partekatu nahi zuen ondotik, maiz hunkidura handiarekin. Donibane Lohizuneko lehen emanaldian, esaterako, erdal hiztunak ziren nagusi, 300 lagun baino gehiago zirelarik publikoan. Filma bukatu eta argiak piztean, «Ça c´est vrai. On l´a vecu»43 entzuten zen ahapeka. Solasaldia hasi eta berehala, adineko gizon batek eskua altxatu zuen. «Ni niz... Ni niz...» hasi zen euskaraz, baina ez zen arribatzen esaldiak osatzera eta frantsesez segitu zuen. Pantaila seinalatu eta esan zuen: «Cet enfant... Cet enfant qui est puni... c’est moi». Eta negarrez hasita, ezin izan zuen jarraitu44.
Filmeko egoera eta pertsonaia ezberdinekin identifikatu zen jende asko. Eskualde ezberdinetako jendea. Eta belaunaldi ezberdinetako jendea ere bai. Kasu batzuetan, idatziz ere iritsi ziren lekukotzak. Berrogeita hamar urte bete gabeko pertsona batek, esaterako, honakoa idatzi zion gutunez zuzendariari:
«Atso, ikusi dut Bizkarsoro eta gaur nahi nuke eskerrak eman zuri. Zuk lortu duzu explicatzea deneri nola sentitzen naizen. Zure personai bat bezala, nere bizi osoan «handicapée» sentitu naiz. Eta, nere ama, zure personairen ama bezala, «hyper handicapatua» da. Duela 2 urte, hasi dut psykoterapi bat, nere familiako historioa euskararen alde asumitzeko. Joan den udan, azkenean, lotu dut parte hartzea euskal barnetegi batetan. Lortu dut nere amari erratea zer egin nahi nuen. Hartzen ditut aek-ko kurtsoak. Eta, beharik oraino, segitzen dut nere psykoterapia. Ez naiz oraino ongi mintzatzen bainan orain, erraten ahal dut, «gêne» ik gabe, euskalduna naizela. Ze emozio handia ukan nuen atzo ! Milesker ainitz !!45»
Martxelo Otamendik aipatzen zuen «erdaldunei ere erakutsi behar» hura erruz gertatu zen Iparraldean, filmaren sustatzaileen harridurarako. Ahoz-ahokoak azkar funtzionatu zuen lurralde osoan, eta laster fenomeno bilakatu zen hainbat zinema-gelatan. Derrigorrez ikusi beharreko filma bilakatu zen biztanle ainitzentzat, eta ez bakarrik euskaldun eta euskaltzaleentzat. Filma sare komertzialean egonik, eta frantses azpitituluekin, zinema-geletan euskara galdutako jendea eta euskara galdutako jendearen ondorengoak pilatu ziren. Askok, frantsesez hartzen zuten hitza filmaren ondoko solasaldietan, beren traumak, belaunaldien arteko hausturak eta minak partekatzeko. Euskararekin harremanik sekula izan ez zuten ikusle asko ere gerturatu ziren, eta kasu askotan harrituta eta penatuta agertzen ziren ondotik. Eta asko izan ziren ere, beren bizian zehar, euskararen edo ikastolen kontra agertu ziren herritarrak. Ikusle euskaltzale ainitz harritu egiten ziren, zinema-geletan halako jende multzoak ikustean. Eta eztabaida interesgarriak sortzen ziren46. Gaualdi batean, ikusle batek esan zuen, «J’étais moi-même contre les ikastolas. Cela m’a aidé à voir les choses d’un point de vue différent»47. Beste kasu batzuetan, hainbat ikusle asaldatuak sentitu ziren filma ikusi eta gero, nonbaitan, beren barnean erasotuak. Eta izan zen filma «manichéen»48 gisa deskribatu zuen euskaldunik ere, erdaldunak minduko zirela kezka erakutsiz.
Hego Euskal Herrian, bereziki herrigintzako sareen bitartez zabaldu zenez, publiko erdaldunarengana oso gutxi iritsi zen. Esana izan den bezala, emanaldien % 80tik gora ez zen espainolez azpititulatua izan, antolatzaileen hautuz. Hala, Hegoaldeko ikusle gehienak euskaldun eta euskaltzaleak izan ziren. Kasu askotan, filmak euskaldun asko ahalduntzeko balio izan zuela esan liteke, bildu ziren lekukotzei erreparatuta. Horren erakusgarri, 2024ko uztailean Berria egunkariak erreportaje luzea publikatu zuen, hainbat ikusleren lekukotzak bilduz:
«Txikitu izan liteke suntsitu. Eta txikitu izan liteke gutxiagotu, txikiago bihurtu. Bata zein bestea egin dituzte euskararekin. Euskara ez baita ausaz jarri galbidean, Euskal Herria ez baita halabeharrez erdaldundu: erabakien ondorio izan da, propio egindako —eta egin gabeko— politiken emaitza. Argi ikusten da Bizkarsoro filman: bost istorioren bidez kontatzen dute nola jazarri zaizkien euskaldunei euskaldun izate hutsagatik, euskaraz bizitzeagatik. Eta herri imajinario bat da Bizkarsoro, ez da existitzen. Baina Bizkarsoro izan liteke Beskoitze (Lapurdi), Amurrio (Araba) zein Bilbo. Frogatuta geratu da filma eskaini ostean ikusleen artean sortu diren hizketaldietan. Hainbat pertsonak kontatu dute gutxietsi dituztela euskaraz hitz egiteagatik, eta zigortu dituztela49».
Dozena erdi ikuslek emanaldien ondotik kontatutako lekukotza pertsonalak biltzen zituen erreportajeak, zein baino zein gogorragoak.
Bestalde, milaka gaztek ikusi zuten filma, beren kabuz emanaldietara joandakoez gain, ikastetxeetan eta unibertsitateetan ere erakutsi izan zelako hainbatetan. Ildo horretan, nabarmentzekoa da, hainbat ikastetxeetako arduradunek helarazitako balorazioen arabera, ikasleak hunkitu eta harritu egiten zirela aldi berean, eta oso gutxik ezagutzen zutela euskararen bilakaeraren historia. Irakasleek, antzeko film gehiagoren beharra azpimarratu, eta filmaren edukiak lantzeko helarazitako txosten pedagogikoa eskertu zuten50.
Gazte euskaldunen harreraren lagin bezala, badugu EHUren Bizkaiko Kanpuseko areto nagusian egindako emanaldiaren ostean, Ikusiker ikus-entzunezko behategiak ikusleen artean burutu zuen inkesta. 143 lagunek erantzun zuten, gehienak 2002 eta 2004 urteetan jaiotako magisteritzako ikasle euskaldunak, baina baita Bizkaiko beste fakultateetakoak ere51.
Inkestak galdera ezberdinak planteatzen zituen, haietako asko filmaren edukiari eta harekiko sentitzen zuten gertutasunari buruzkoak. Hala, adibidez, filma ikusi eta gero, «Oraindik ere euskarak eta euskaldunek ez dute lortzen beharko luketen aitortza» esaldiarekin noraino zeuden ados adierazteko eskatu zitzaien, bost mailako eskalan; eta ondoko grafikoan ageri denez, gehiengo nabarmena adostasunaren eremuan kokatu zen (% 80).
Pelikulan ikusitakoen antzerako esperientziarik bizi izan ote zuten ere galdetu zitzaien, eta beren burua gisa horretako egoeraren batean gogoratzen zutela erantzun zuten hamarretik seik (% 61). Horietatik, noizbait gertatu zitzaiela erantzun zuten % 38k, nahikotan edo askotan beste % 22k. Beste muturrean, aldiz, % 39k adierazi zuen ez zuela sekula halako esperientziarik izan.
Bestalde, Bizkarsoro-ren gaia zenbateraino ezagutzen zuten galdetuta, bi joera nagusitu ziren, parez pare: alde batetik, inkestatuen erdiak (% 51) istorioa ezagutzen zuela erantzun zuen, maila ezberdinetan bada ere (% 38 «nahiko» eta % 13 «oso»). Beste erdiak baina, ezagutza maila tipia zuela adierazi zuen, edo erabat ezezaguna zitzaiola («ez nekien askorik» % 45) eta «ez dut inoiz halakorik entzun» % 4).
5. Ondorioak
Lan honetan Bizkarsoro filmaren ibilbidea, eta estreinaldiaren ondoko lehen sei hilabeteetan izandako zabalpena eta publikoaren harrera azaldu dira. Kasu hau aztertuz ikasitakoaren talaiatik, zenbait ideia planteatu nahi genituzke orain gogoetarako, ondorio probisional gisa, euskal zinemaren zabalpenaz eta euskararen minorizazio prozesuaren memoria eta transmisioaz.
Hasteko, argi agertzen den lehen ideia da Bizkarsoro-k zabalpen handia izan duela: bere aurrekontu eta baldintzetan egindako film batengandik espero zitekeena baino askoz ere handiagoa. Azken hamarkadan Euskal Herrian estreinatu diren film komertzialekin konparatuz, sei hilabeteko ibilbide mugatuan sei film ikusienen artean kokatu da, 30.000 ikusletik gora bilduz, Hegoaldean zinema komertzial gehienetatik kanpo proiektatu arren52. 30.000 ikusleen langa, 374 emanalditan gainditu zuen; beraz, batez beste, proiekzio bakoitzean 80 lagun egon ziren. Zenbaki altua da. Are gehiago, kontuan izanez gero gainontzeko filmen ikusle-kopuruetan ezin direla bereizi zenbatek ikusi zuten euskarazko bertsioa eta zenbatek bertsio bikoiztua, ez eta zenbat ikusle egon ziren Euskal Herritik kanpo ere.
Bestalde, 12.697 lagunek Baxenabarre, Zuberoa eta Lapurdin ikusi zuten filma. Kasik ikuslegoaren erdia. Iparraldean euskal filmek izan ohi duten ikusle kopurua baino askoz gorago dago datua. Istorioa lurraldean girotuta egoteak eta Iparraldean ekoizten zen lehen film luzea izateak partzialki azaldu lezake Bizkarsoro Ipar Euskal Herrian fenomeno bilakatu izana. Baina bildutako oihartzunek erakusten dute arrakastaren arrazoiak gertutasun fisikoan baino, gertutasun emozionalean bilatu behar direla. Biztanle asko eta askoren esperientziarekin konektatu du Bizkarsoro-k, trauma latente bat azalarazi du hainbatengan. Ikusle batek sare sozialetan idatzi zuen bezala: «Gure zauriak ikusten ditugu ispiluan».
Horrenbestez, Bizkarsoro-ren arrakastak euskararen zapalkuntzaren transmisioaren garrantzia agerian uzten du, eta memoriak hizkuntzaren biziberritze prozesuan joka dezakeen rola. Batetik, komunitatea sendotu eta hiztunak ahalduntzeko: herriz herri ikusleek emandako ehunka lekukotzek behar hori erakusten dute. Bestetik, baita hiztunak aktibatu, eta hiztun berrien motibazioa pizteko ere: EHUn filma ikusi zuten ikasleen ia erdiak adierazi zuen oso gutxi ezagutzen zuela filmak kontatzen zuen istorioa. Iparraldean filma ikusi zuten erdaldun asko eta askok harridura eta samina sentitu zuten. Euskararen zapalkuntzaren memoria imaginario kolektibotik at gelditzen bada, hainbat eta hainbat herritarrek nekez egingo dute euskarara hurbiltzeko urratsa argumentu utilitaristekin bakarrik.
Gizartean latente zegoen zauri kolektibo bat ukitu izana dateke, beraz, filmak ukan duen arrakastaren arrazoietako bat. Baina ez da bakarra. Bildutako datuek, ekoizpen eta zabalpen moduak ere eragin zuzena izan dutela pentsatzera garamatzate. Lanean azaldu den bezala, herri proiektu bat izan da hastapenetik Bizkarsoro, eta zabalpen estrategia ere ikuspegi horretatik garatu zen. Filma banatzaile komertzialei delegatu gabe, hedapen osoa eskupean atxikitzea erabaki zen eta euskalgintzako eragileen aliantzak bilatuz, zabalpen osoa herrigintzaren indarrean zedarritu zen. Erabaki hau gakoa izan zen, adibidez, filma aldi berean Euskal Herri osoan estreinatu ahal izateko. Baina baita lortu zuen inpaktu komunikatiboa eta emanaldi kopurua erdiesteko ere. Zentzu horretan, Bizkarsoro-ren esperientziatik zenbait irakaspen atera litezke aurrerantzean ekoitziko diren euskal filmeen zabalpenari begira.
Bizkarsoro-k mina, tristura, amorrua eta harrotasuna eragin ditu euskaldunengan, lotsa eta harridura, erdaldunengan. Izan ere, euskal herritar erdaldun askok ere ikusi dute filma, batez ere, Baxenabarre, Lapurdi eta Zuberoan. Ildo horretan, etorkizunean Nafarroa Garaia, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako erdaldunengana iristea interesgarria litzateke. Hor egin du kale filmaren zabalpenak.
Laburbilduz, eta bukatzeko: euskarazko ikus-entzunezkoen beharra gero eta ozenago entzuten den garaiotan, 2024an Bizkarsoro erreferentzia bilakatu da euskaldun askorentzat. Horren erakusgarri da, hain denbora epe laburrean, «Bizkarsoro» hitza bera kontzeptu gisa ere hedatu dela, bai sare sozialetan, bai Libertimendu eta herri antzerkietan, bai bertso-saioetan, edota Korrika amaierako mezuan. Bizkarsoro euskararen zapalkuntzaren eta euskaldunon bizigogoaren sinbolo bilakatu da denbora gutxian. Eta hori beharrizan kolektibo baten seinalea da.
Iturriak
Idatzizkoak
Azpillaga, P.: «Euskal zinema industria gisa», in Joxean Fernandez: Cine vasco, tres generaciones de cineastas, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2015.
Bidaurrazaga, A. «Pospolo kaxetan gordetako hitzak», in Independentea, 2024-02-04- https://independentea.eus/pospolo-kaxetan-gordetako-hitzak-hizkuntza-genozidioaren-lekuko/ (Azken kontsulta: 2024-09-16).
Del Teso, B. «Gaiteroak zeluloidezko akerraren larrean». EiTB, 2023-09-27. https://www.eitb.eus/eu/albisteak/osoa/9318656/gaiteroak-zeluloidezko-akerraren-larrean/ (Azken kontsulta: 2024-09-16).
Duny-Petré, A. «Bizkarsoro un grand film», in Enbata, 2024-01-15. https://www.enbata.info/articles/bizkarsoro-un-grand-film/ (Azken kontsulta: 2024-09-16).
IKUSIKER (Edorta Arana, Garazi Sanchez, Nerea Mitxelena, Amalia Villegas eta Joanes de Olano egile): Bizkarsoro pelikulari buruzko txostena. Leioa, EHU, 2024.
Irigaray, G.: Hizkuntza gutxituak eta ikus-entzunezkoak Frantzian. Euskal zinemaren garapena eta haren aldeko lurralde politika publiko baten genesia Ipar Euskal Herrian (2015-2023), Leioa, UPV/EHU.
Jaio, K. «Zirrikituetatik begira», in Noticias de Gipuzkoa, 2024-01-13. https://www.noticiasdegipuzkoa.eus/opinion/zirrikituetatik-begira/2024/01/13/atentzioa-karmele-jaio-7738915.html (Azken kontsulta: 2024-09-16).
Landaluze, K. «Qui parle basque», in Gara, 2023-09-27. https://www.naiz.eus/eu/info/noticia/20230927/qui-parle-basque (Azken kontsulta: 2024-09-16).
Manias Muñoz, M.: Euskarazko zinemaren produkzioa eta finantziazioa: hamaika fikziozko film luzeren azterketa ekonomikoa, Leioa, UPV/EHU, 2015.
Martinez, J.: Irudiz eta euskaraz, Bilbo, UEU, 2022.
Odriozola, A. «Borreroak baditu milaka aurpegi», in Irutxuloko Hitza, 2023-09-28. https://irutxulo.hitza.eus/2023/09/28/borreroak-baditu-milaka-aurpegi/(Azken kontsulta: 2024-09-16)
Otamendi, M. «Asteroidea Bizkarsoron», in Berria, 2024-01-19. https://www.berria.eus/iritzia/derradan-bidenabar/asteroidea-bizkarsoro-n_2119218_102.html?utm_source=Twitter&utm_medium=Sare_sozialak_CM (Azken kontsulta: 2024-09-16)
UEMA, https://www.uema.eus/eu-ES/Albisteak/Orriak/20240111-Bizkarsoro-UEMA-hitzarmena.aspx (Azken kontsulta: 2024-09-16)
Urdalleta, I. «Euskara, txikitutako hizkuntza bat», in Berria, 2024-08-06https://www.berria.eus/euskal-herria/euskara-txikitutako-hizkuntza-bat_2127989_102.html (Azken kontsulta: 2024-09-16)
Zinea https://www.zinea.eus/2024/02/21/bizkarsoro-filma-10-000-ikusle/ (Azken kontsulta: 2024-09-16)
Ahozkoak
Barandiaran, G. (2024ko uztaila)
Pochelu, K. (2024ko uztaila)
Bestelako iturriak
CNC
Dijitalidadea
Gastibeltza Filmak
ICAA
Lumière (European Audiovisual Observatory)
X sarea: #Bizkarsoro traola
1 Josu Martinez: Irudiz eta euskaraz, Bilbo, UEU, 2022, 261-268. or.
2 Patxi Azpillaga: «Euskal zinema industria gisa», in Joxean Fernandez: Cine vasco, tres generaciones de cineastas, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2015, 252-270 or.
3 2013rako smartphoneak indartsu sartuak ziren Euskal Herrian eta streaming plataformak ere hasiak ziren bidea urratzen: Netflix 2013an iritsi zen Frantziara eta urtebete geroago Espainiara.
4 Streaming plataformek, adibidez, ez dituzte ikus-entzunezko bakoitzaren ikusle-datuak partekatzen.
5 2024ko datuak oraindik ez daude eskuragai.
6 Ez dira aintzat hartzen kultur etxe eta sare alternatiboetan egin ahal izan diren emanaldiak ere. Baina film horiek guztiak banatzaile enpresa handien eskuetan egonik, segur da oso bakanak izango liratekeela zirkuito ofizialetetatik kanpo egindako emanaldiak, eta anekdotikoak CNC edo ICAAn deklaratu gabeko ikusle kopuruak.
7 https://eu.wikipedia.org/wiki/Handia (Azken kontsulta: 2024-09-16).
8 https://eu.wikipedia.org/wiki/Irati_(filma) (Azken kontsulta: 2024-09-16).
9 Iturria: Gastibeltza Filmak.
10 Manias Muñoz: Euskarazko zinemaren produkzioa eta finantziazioa: hamaika fikziozko film luzeren azterketa ekonomikoa, Leioa, UPV/EHU, 2015.
11 Lehen lau istorioak film labur gisa ere aurkeztuak izan ziren. Lehen zatia (Ama, 2018), Kimuak katalogoan aukeratua izan zen, eta bigarren (Anti, 2019) eta laugarren zatiak (Hitzak, 2021) zatiak, Zinebi-ren Sail Ofizialean aurkeztu ziren. Haatik, hastapenetik, proiektua, bost kapituluz osatutako film luze bakar bat osatzea zen.
12 Katti Pochelu, Gastibeltza filmak-eko kidearen lekukotza. 2024ko uztaila.
13 Manias Muñoz: Euskarazko... 404 or.
14 Ikerlan honek, esan bezala, filmaren zabalpenaren lehen sei hilabeteak ditu hizpide. Esan beharra dago, baina, 2024ko azaroan, Bizkarsoro-ren ekoizleak akordio batera iritsi zirela EiTBrekin, eta honek, kopuru apal baten truke, filmaren eskubideak erosi zituela. Filma 2024ko abenduaren 3an (Euskararen eguna kari) emititu zuten ETB1en (% 1,7ko ikusle kuota; 10.000 ikusle inguru), eta Primeran plataforman jarri zuten ikusgai hortik aurrera (Primeraneko zinema ataleko film ikusienen lehen postuan segitzen du oraindik).
15 Katti Pocheluren lekukotza.
16 Josu Martinezen lekukotza.
17 Katti Pocheluren lekukotza
18 Graxi Irigaray: Hizkuntza gutxituak eta ikus-entzunezkoak Frantzian. Euskal zinemaren garapena eta haren aldeko lurralde politika publiko baten genesia Ipar Euskal Herrian (2015-2023), Leioa, UPV/EHU, 160. or.
19 Irigaray: Hizkuntza gutxituak... 158. or.
20 Katti Pocheluren lekukotza.
21 Gotzon Barandiaran, Dijitalidadea-ko arduradunaren lekukotza. 2024ko uztaila.
22 Katti Pocheluren lekukotza.
23 https://www.uema.eus/eu-ES/Albisteak/Orriak/20240111-Bizkarsoro-UEMA-hitzarmena.aspx (Azken kontsulta: 2024-09-16)
24 https://www.zinea.eus/2024/02/21/bizkarsoro-filma-10-000-ikusle/ (Azken kontsulta: 2024-09-16)
25 Gotzon Barandiaranen lekukotza.
26 Iturria: Gastibeltza Filmak eta Dijitalidadea.
27 Gotzon Barandiaranen lekukotza.
28 Iturria: Gastibeltza Filmak eta Dijitalidadea.
29 Iturria: Gastibeltza Filmak eta Dijitalidadea.
30 Frantzian, adibidez, ohikoa da Quebec-eko filmak azpititulatzea, frantses ezberdina erabiltzen baitute han. Donostiako Zinemaldiak ere egin izan ditu halakoak, Latinoamerikako film batzuen kasuan.
31 Josu Martinezen lekukotza.
32 Iturria: Dijitalidadea.
33 https://www.naiz.eus/eu/info/noticia/20230927/qui-parle-basque (Azken kontsulta: 2024-09-16)
34 https://www.eitb.eus/eu/albisteak/osoa/9318656/gaiteroak-zeluloidezko-akerraren-larrean/ (Azken kontsulta: 2024-09-16)
35 https://www.enbata.info/articles/bizkarsoro-un-grand-film/ (Azken kontsulta: 2024-09-16)
36 https://irutxulo.hitza.eus/2023/09/28/borreroak-baditu-milaka-aurpegi/ (Azken kontsulta: 2024-09-16)
37 https://independentea.eus/pospolo-kaxetan-gordetako-hitzak-hizkuntza-genozidioaren-lekuko/ (Azken kontsulta: 2024-09-16)
38 https://www.berria.eus/iritzia/derradan-bidenabar/asteroidea-bizkarsoro-n_2119218_102.html?utm_source=Twitter&utm_medium=Sare_sozialak_CM (Azken kontsulta: 2024-09-16)
39 https://www.noticiasdegipuzkoa.eus/opinion/zirrikituetatik-begira/2024/01/13/atentzioa-karmele-jaio-7738915.html (Azken kontsulta: 2024-09-16)
40 https://x.com/EgoitzUrrutiko1/status/1766763505015832789 (Azken kontsulta: 2024-09-16)
41 https://x.com/juleniriondo/status/1752270008938320268 (Azken kontsulta: 2024-09-16)
42 https://x.com/AnaErasun/status/1709479752694702547 (Azken kontsulta: 2024-09-16)
43 «Egia da hori! Guk bizi izan dugu hori!»
44 «Haur hori... Zigortua izan den haur hori... ni naiz». Josu Martinezek bildutako lekukotza.
45 Norbanako anonimo baten gutuna. Komunikazio pertsonala Josu Martinez zuzendariarekin (2024-02-14).
46 Katti Pocheluren lekukotza.
47 «Ni neu ikastolen kontra nintzen. Gauzak beste ikuspuntu batetik ikusten laguntzen dit honek». Manex Fuchs-ek bildutako lekukotza.
48 «Manikeo». Hibai Castrok bildutako lekukotza.
49 https://www.berria.eus/euskal-herria/euskara-txikitutako-hizkuntza-bat_2127989_102.html (Azken kontsulta: 2024-09-16)
50 Gotzon Barandiaranen lekukotza.
51 IKUSIKER (Edorta Arana, Garazi Sanchez, Nerea Mitxelena, Amalia Villegas eta Joanes de Olano egile): Bizkarsoro pelikulari buruzko txostena. Leioa, EHU, 2024.
52 Ikertu diren datetatik kanpo geratzen bada ere, ohar bat. Donostiako Euskalgintzak bultzaturik, 2024ko azaroaren 22an, Donostiako zinema komertzialetara jauzi egin zuen Bizkarsoro-k, printzipioz karteldegian astebete egoteko konpromezua adostuz SADE zinema-katearekin. Estreinalditik hamar hilabete paseak baziren ere, aste bi iraun zuen karteldegian, espainolezko azpitituluekin proiektatuz, eta azkenean 572 ikusle pilatu zituen, aste horretan ziren filmen mediaren oso gainetik.