Orain arte euskarazko hedabideen webguneetako trafiko digitala BEHA panelen bidez (GA4) eta Matomoren bidez neurtu izan da soilik. Horien aurretik Hekimen Analytics tresna ere erabiltzen zen, datu agregatuak jasotzeko aukera ematen zuena, baina neurketak egiteari utzi zion GA4 sistema agertzearekin batera.
Iazko urte osoa Hekimen Analytics zaharra ordezkatu eta gaindituko zuen eredu berri bat garatzen eman ondoren (Behategia, Hekimen eta CodeSyntax), abian da webguneetako trafikoaz gain sare sozialetako eta ingurune digitaleko gainontzeko euskarrietako trafikoa (adibidez, buletinetakoa) ere neurtzen duen Behategia Analytics tresna berrira konektatzeko prozesua. Konexio fase honen lehen zatia oso aurreratuta dago, konektatu behar diren 73 hedabideetatik 44 konektatuta daude GA4ra dagoeneko (1 Matomorekin ari da) eta 22 konektatzeko bidean dira; konexioarekin hasi barik daudenak 7 dira. Hala ere, gainontzeko iturrietara konektatzeko falta direnak gehiago dira.
Hortaz, datozen hilabeteetan, falta diren hedabide horiek konektatzen direnean, euskarazko hedabideen argazki betea emango duen Behategia Analytics tresna martxan egongo da errendimendu osoan. Hedabide bakoitzak aukera izango du hilabetez hilabete bere datuak gainontzeko hedabideekin erkatzeko eta bere joerak besteenekin bat datozen edo ez aztertzeko, datuen aroan bizi garen honetan, filosofia irekiarekin bat egin eta elkarrekin ikasteko praktika eredugarrian urratsak emanda. Aipatzekoa da ere tresna hau software librean eraikia dagoela eta sarean hirugarren plataformetan pilatzen diren datuen birjabetze bat egiten duela. Halaber, urteroko audientziaren neurketa eta analisirako ezinbesteko informazioa eskainiko du (aurtengo analisia Urtekarian egongo da eskuragarri), baita jarraipen eta monitorizaziorako ere.