Klak Gazte Ahotsa Euskal Herriko gazteon komunikazio proiektu berria da. Ez da ezerezetik abiatu, euskal gazteriak urteak daramatza gazte proiektu komunikatiboak garatzen. Eskola bat du 'Klak'-ek atzetik, esperientzia ezberdinetatik iragandako eskola. 'Gaztesarea' izan zen lehen proiektua, ondotik etorri zen 'Topatu' —hamar urteko ibilbidea egin zuen antena—.
Gazte proiektu komunikatibo bat beharrezkoa den ideian berresten da 'Klak'. Mundua gazteon begietatik ikusteko gaitasuna izateko ez ezik, gazteok ahots propioz hitz egiteko leku bat izan dezagun.
Gazte belaunaldiengan erori izan da maiz ezjakintasun eta buru arinkeriaren estigma. Klak bezalako proiektu batek erakusten du, hitz egiten dugunetan, badakigula zeren inguruan ari garen. Gazteok ikasten bizi garela, baina adin guztietako pertsonen gisan, eguneroko ikaspenean.
Hala nola, gazteon ahalduntzerako tresna gisa ulertzen dugu komunikazio proiektu baten garapena. Hedabide nagusietan gure ahotsa ordezkatua da maiz, helduek guk geuk baino hobeto omen dakitelako gure behar eta nahiak zein diren. Helduek zuzendutako mundu batean bizi gara, nahiz eta etorkizuna gazteona omen den. Guk argi dugu: «Etorkizuna eraikiko badugu, ahotsa beharko dugu», aurkezpen bideoan adierazi genuen bezala.
Autogestioa dugu ardatz, eta auzolana oinarri. Proiektu kolektibo bat da Klak, gazteriaren parte-hartzea bultzatu nahi duena, baina baita harekiko beharra duena ere. Isildutako horiengana iristea izango da Klak-en lana, baina isildutako horiek Klak munduari hitz egiteko bide bezala ikustea ere izango da gakoa. Hara hor erronka nagusi bat.
Gazte proiektu komunikatibo batek garaian-garaiko gazteen beharrei erantzun behar diela argi dago. Aurretik egon diren proiektuek momentu bakoitzeko gazteen beharrak identifikatu eta jorratu zituzten seinale izan dira jasotako harrera eta lortutako erreferentzialtasuna. Klak-i dagokio orain, beraz, egungo gazteen beharrak zein diren identifikatu eta horiek asetzeko moduko tresnak garatzea.
GAZTEON MUNDUA
Hutsune bat dago panorama komunikatiboan. Gazteriari bizitzeko espazio berri bat zabaldu eta garatu zaio parean, sare sozialen mundua. Informazioaren demokratizazio bat eman dela esan ohi da; era berean, anabasa informatibo gisa ere interpretatu dezakegu panorama. Milaka irudi eta datu jasotzen ditugu egunero sare sozialetan. Klak-en ardura izango da horien kanalizazio lana egitea, eta gazteriari informazio ordenatu bat eskaintzea.
Gazteok baditugu intriga komun batzuk, belaunaldi kontua izan daiteke agian. Sareetatik informazioa jasotzen badugu ere, bertara jotzeko arrazoi nagusia entretenimenduari lotuta egoten da gehienetan. Horregatik, Klak-ek funtzio hori barne bildu behar du, eduki arinagoak sortzearekin batera.
Gazteon intrigetaz ari garenean, gaztetasunak bere baitan biltzen dituen gaien inguruan ari gara hizketan, hau da, gazte munduaz. Edozein gai lantzerako orduan, gazteon fokutik begiratzeaz. Baina baita gazte izate hutsagatik hurbil sentitzen ditugun gai horiek lantzeaz ere. Adibide bat baino gehiago jar ditzakegu mahai gainean: ligatzea, drogak, festa, sexualitatea, hezkuntza...
Orain arte ere landu izan diren gaiak izan daitezke, baina horiek lantzeko forman dago koska. Gazteongandik lehen pertsonan hitz egiten ez den momentutik, esaterako, egiazkotasuna galtzen dute plazaratzen diren ideiek. Horra, berriro ere, lehen eskuko informazioaren beharra. Halere, ez gara soilik protagonista izatez mintzo, baita hitz egiteko moduaz ere: hizkera, erregistroa, mezua zabaltzeko medioa... Freskotasuna da gakoa.
Mass media deiturikoen indarra oso handia da gaur egun. Klak bezalako proiektu batek haien parean jartzeko anbizioa izatea beharrezkoa da (mugak handiak diren arren). Azken finean, gazteriarengan kritikotasuna bultzatzea da xedeetako bat, eta horretarako, komunikabide horiek hartu duten lekuan muturra sartzea dagokigu, gazteriak Klak begiratzeko asmoz.
Herrialde bezala ere erronka handia dugu. Euskal Herriaren erreferentzia indartzea, eta horretarako ikuspegi nazionala indartzea. Euskal Herri osoko gazteen ahotsa zabaltzea, eta bazterretan kokatzen diren horiek erdigunera ekartzeko ahalegina egitea. Gazteria ez delako homogeneoa, eta badelako bazterretako ahotsak indartzeko eta erdiguneak deszentralizatzeko garaia.
EGUNGOA
«Video killed the radio star» esaten zuen kanta hark arrazoia zuen. Gaur egun ikus-entzunezko edukirik sortu ezean, ez duzu publikoarengan inpaktu handirik eragiteko aukerarik. Klak proiektuaren bihotza asteroko programa bat da; hasiera batean, podcast forma hartu duena. Baina ezin da horretara mugatu.
Programa horrek ematen dio zentzua proiektuari, ardatz bat, jarraikortasuna. Hortik abiatzen baitira sare sozialetan bizitza propioa hartzen duten bideo, interakzio edo bestelako edukiak. Elkar elikatzen diren bi edukiren inguruan ari gara, baina baita, aldi berean, libreki kontsumitu daitezkeen pildoren inguruan ere. Bakoitza bere publikoarekin, baina denak proiektu beraren parte.
Gaur egungo anabasa komunikatiboan, publikoa oso sakabanatuta dago. Norberak bere sare sozialak ditu: helduenek Facebook, eztabaida eta saltsa gustuko dutenek Twitter, gazteek Instagram, frikienek Twitch eta gazteetan gazteenek TikTok. Publiko ezberdina du horietako bakoitzak eta, era berean, aukera ezberdinak eskaintzen dituzte edukiak sortzerako orduan. TikToken, adibidez, bideoak soilik igo daitezke, eta gainera, 30 segundokoak gehienez. Horregatik, sare bakoitzak eskaintzen dituen aukerak eta mugak ezagutzea beharrezkoa da, sortuko diren edukiak logikoak izan daitezen kanal horietako bakoitzean.
Hamaika dira sare sozialetan edukiak sortzeko kontuan hartu beharreko ezaugarri txikiak: jarraikortasuna, formatua, orduak, algoritmoak, edukiak elkarbanatzea, interakzioa, hurbiltasuna... Arrakasta lortzea ez da erraza. Etengabeko hobekuntzan dago gakoa. Forma berriak probatzean, eta proiektuak sortu ditzakeen edukiak inoiz ez mugatzean.
Ikus-entzunezko munduan sortzen diren bide berrien inguruan informatuta egotea ezinbestekoa da. Horretarako, egileak ez du zertan hamar liburu irakurri behar, baizik eta jardun nahi duzun eremu hori bertatik ezagutu. Instagrameko modako edukiak zein diren jakiteko, Instagram kontu bat izan eta denbora pasa behar da bertan.
ESTETIKA AUSARTA ETA ZAINDUA
Sare sozialen panoraman berebiziko garrantzia du eduki guztien artean bereizteak, arreta eskuratzeak. Horretarako, sortzen diren edukiak deigarriak izan behar dira. Eta hori nola egin?
- Bideoen kasuan, gaur egungo kontsumo ohituretara egokituta. Kontsumitzerako orduan, erraztasuna bilatuta. Horregatik gure hasierako apustu nagusia bideoak formatu bertikalean egitea izan da, ulertzen dugulako mugikorra dela gaur egungo gazteek sareetan ibiltzeko erabiltzen duten tresna nagusia. Horrekin batera, azpitituluak erabiltzea erabaki dugu. Bideoen kontsumoa inklusiboagoa egiteko ez ezik, modu bat delako soinurik gabe ere ikusi ahal izateko. Bideoen kasuan, sarreretan eta play bakoitzaren ondorengo ekintzetan dago gakoa, engagement deitu ohi diote afera honi. Dena den, lehen segundoetan ikuslearen atentzioa deitzea eta mantentzea egile orok presente eduki beharreko helburua izan ohi da.
- Musika izan da beste gakoetako bat. Musikak estiloa eta erritmoa markatzen ditu ikus-entzunezkoetan, guztiz. Erakargarriago egiten du, baita edukien zama arindu ere. Estilo bat ematen dio: lasaiagoa, gogorragoa... eta baita identitate bat ere. Klak-en kasuan, trap musika erabili ohi dugu. Trap musika erritmo eta estilo ezberdinak barne biltzen dituen txapel bat izanda, identitate horren barruan eroso mugitzeko aukera ematen digulako.
- Identitate bat garatzea oso garrantzitsua da. Marka bat sortzea, bereizgarria eta originala. Hori hainbat elementuren bidez lortu daiteke: letra tipoa, kolore bereizgarriak, irudien konposizioak... Baina baita sortzen den eduki oro zure eginda ere. Klak-en kasuan, zigiluaren bidez.
- Aurreko puntu guztiak garrantzitsuak diren arren, elementu inportanteena horiek guztiak zehazterako orduan ausarta eta apurtzailea izateko anbizioa izatea da. Aurretik esan bezala, malguak izateko marjinarekin eta etengabe apurtzeko nahiarekin.
Azken finean, estetika kontua da. Eta komunikazio proiektu batek hori kontuan hartzea oinarrizkoa da.
KLAK ESKAINTZA
Bi ardatz daude Klak-ek, momentuan, proiektu bezala sortzen dituen edukien artean: podcast programa eta sare sozialetako edukiak. Nahiz eta orain arte azaldutakoaren haritik, eta duela gutxi sortutako proiektua izanik, gutxinaka-gutxinaka edukietan sakontzen eta zabaltzen joateko anbizioa ere baduen.
PODCASTA
Asteroko maiztasunez kaleratzen den saioa da. Plataforma ezberdinen bidez zabaltzen dena, produktua jasotzeko aukerak mugatuak izan ez daitezen. Spotify, Ivoox edo Google Podcast plataformetan entzun daiteke saioa. Arrosa Irrati Sarearekin elkarlanean, sarearen parte diren irratiek Klak-en podcastak haien emisioen parte bilakatzeko aukera ere badago, edukiak kolektibizatuz horrela.
Saio bakoitzak atal ezberdinak ditu.
- Aktualitatearen atala: asteroko berrien errepaso azkar bat egiteaz gain, saioa denboran kokatzeko bide ematen duen atala.
- Lokatzetan: gazte munduaren baitan kokatzen den gai bat hartu eta 15 minutuz, formatu ezberdinetan lantzeko atala da. Mahai-inguru, erreportaje edo bestelako forman, pil-pilean dauden gaietako bat hartu eta gazteon ikuspegitik lantzeko espazioa; esate baterako, sexting-a, ikasle problematika, gazteon kriminalizazioa, gazte prekarietatea...
- Klaketa: gazte sortzaileei eskainitako atala da. Disziplina ezberdinetan dabiltzan gazte sortzaileengana hurbiltzeko tarte bat, baita haientzat erakusleiho bat ere. Gazte sorkuntzaren dimentsioak ikusarazteko helburua du Klaketak, hau ere 15 minutuko luzapenarekin.
- Kakotx Artean: iritziaren atala izango litzateke, bertan gazteei edozein gairen inguruan hitz egiteko espazio bat eskaintzen dio Klak-ek. Sakontasun handiko gaiak izan daitezke (heteroaraua, bizitzaren zentzua...) edota kritika zehatzagoak: telebistako saio bat, ekimen bat, jarrera bat... Libreki espresatzeko leku bat, azken finean.
Ordu erdi eta 45 minutu arteko luzapena hartzen du saio bakoitzak. Luzera aproposa klasera bidean, bazkaria egin bitartean, dutxatu eta prestatu bitartean... entzuteko.
SARE SOZIALAK
Asteroko maiztasunarekin jarduten dugu hauetan ere. Twitter eta Instagramen, batik bat. Aste hasieran sakonean landuko den gaiaren inguruko inkestak egiten ditugu, jendearengan jakin-nahia sortzeko. Asteazkenero zabaltzen dugu podcast berria, eta egun bereko arratsaldean asteko berrien errepasoa egiten dugu sareetan ere. Astea bukatzeko, podcastaren bide beretik, atal bakoitzeko bideo bana zabaltzen dugu sareetan. Eduki gehigarri gisa.
Klak-en sareek bizitza propioa izatea da helburuetako bat. Podcastetik kanpo ere bestelako edukiak sortzeko gaitasuna izatea. Baita TikTok bezalako sareetan indarrak jarri eta asmatzea ere. Horretan gabiltza. Beraz, egon adi sareei eta #EginKlak !