Azken urteotan ugaritu egin dira ikuspuntu feministak lantzen dituzten telebista eta irrati programak eta agerkariak; baina fenomeno hau ez da berria. Mugimendu feministak hasieratik bilatu du bere mezua eta aldarriak hedabide hegemonikoen ikuspegi androzentrikoaren aurrean.
Sarrera
Emakundek 2021eko Berdintasun Saria kazetaritza feministari1 eman izanak agerian utzi du azken urteotan diskurtso feministak orokorrean eta kazetaritza feministak zehazki, hartu duen garrantzia euskal jendartean. Jaurlaritzaren atarian jasotzen denez, aitortza horren bidez honakoa saritu nahi izan du:
<<Izaskun Landaidak, Emakundeko zuzendariak adierazi duen bezala, “Ezinbestekoa den genero ikuspegia txertatua duen formakuntzatik, aplikazio praktikora dagoen bidea saritu da”. Sari partekatua emakumeen eta gizonen berdintasunarekin konprometitutako komunikazio eta kazetaritzaren alde egindako ekarpenagatik eman zaie, kazetaritza-zereginean ikuspegi feminista eta genero-ikuspegia sustatzeagatik (…) Era berean, sari honen bidez, epaimahaiak aitorpen publikoa luzatu nahi die egunero berdintasunarekiko konpromisoa erakusten duten komunikazioko beste profesional batzuei eta ikuspegi feminista eta genero-ikuspegia txertatzen duen kalitatezko kazetaritza sustatzen lan egiten duten hedabide guztiei>>.2
Bestalde, Itxaso Fernandez Astobizak idatziriko doktoretza-tesiaren ondorioetan (2021) argi geratzen da mugimendu feministaren eragina mugatua dela mainstream deitu ahal ditugun zenbait egunkaritan, eta ez dela horren ikuspuntua islatzen. Beste alde batetik, badaude beste kazeta batzuk —Gara eta Berria, eta horien aurretik Egin zein Euskaldunon Egunkaria—, Mugimendu Feministari eta haren aldarrikapenei lekua eman dietenak. Ikerlariak dioen bezala, <<aztertutako zenbait egunkaritan M8ari eta oro har Mugimendu Feministari egindako jarraipena txikia izan da, eta ez zaio merezi duen garrantzia eman, gaia errepertorio publikoko gai “garrantzitsuetatik” kanporatuz. Ale gehien saltzen dituzten egunkari kontserbadoreenek ikuspegi atomizatu eta erredukzionistak eskaini dituzte, ez dute mugimendu feministaren benetako indarra islatu>> (2021: 347).
Hau dela eta, mugimendu feministatik aldarrikatu da ahots propioz hitz egin ahal izatea. Artikulu honetan ezagutu nahi izan dugu zeintzuk diren Hego Euskal Herrian3 egon diren eta gaur egun dauden komunikazio-proiektu feministak edo feminismoaren bozgorailuaren papera bete izan dutenak. Jakitun gara egondako guztiak ez ditugula jaso, baina espero dugu, gutxienez, lan honetatik abiatuta beste ikerketa batzuek hutsuneak bete ahal izatea, eta guztion artean, behar duten aitortza eskaintzea.
Atal berezia merezi dute feminismotik gainerako medioetan kazetaritza egiten duten emakumeek, asko dira eta. Ez da erraza begirada morearekin mundua islatzea androzentrismoa nagusi den eremu batean, baina horien lanak poliki poliki arrakalak sortzen ditu diskurtsoetan eta feminismoa agendan sartzea lortzen dute. Gero eta gehiago dira aipatu beharrekoak, baina batzuk baztertzeko beldurrez ez ditugu sartu, hori ere egin beharreko lana baita: emakume kazetarien eta hedabideetako ahots feministen bilketa, izan direnak eta direnak.
Marko teorikoa
2015ean Euskal Herrian zegoen komunikazio-kioskoaren inguruan, Iñaki Zabaletak zuzenduriko HEKA ikerketa-taldeak agerian utzi zuen euskarazko hedabideen %25ek gai edo eduki bereziak jorratzen zituztela <<eta beste %75ek eduki orokorrak, alegia, albiste eta informazio mota desberdinak (gizartea, ekonomia, kultura eta abar). Hau da, 98 hedabidek eduki orokorra lantzen dute eta 27k eduki berezia>> (Zabaleta et alter, 2015: 33). Berezi horietako bakarrak jorratzen zituen feminismoarekin loturiko gaiak, Klitto izeneko agerkari digitalak hain zuzen ere.
Kazetaritza edukien ikuspegi androzentrikoa agerian uzten duten ikerketak nabariak dira; 2008an Pilar Rodríguezek azaltzen zuen hedabideetan kultura maskulinoa nagusi zela4.
Susana Pérez Soler eta Meritxell Roca Sales (2019) ikertzaileek diotenez, hedabideek, bereziki idatzizkoek, gero eta ahalegin handiagoak egiten dituzte emakumeak erakartzeko, eta, besteak beste, genero editorearen rola sortu da, albisteak erakarri nahi dituen publikoarengana (emakumeak) erakartzeko. Bi gertaera aipatzen ditu horren erantzule nagusi moduan, Amerikako Estatu Batuetan 2016an izandako Harvey Weinsteinen kasua eta #MeToo mugimendua, eta 2018ko martxoaren 8ko greba.
2004an, lau urteko ibilbidea izan ondoren itxitako Andra aldizkariaren egitasmoa berriz hartu dutenean, beste bi faktore aipatzen dituzte proiektua aurrera eramateko orduan: Internet eta sare sozialen hedapena; zeintzuek <<plataforma digital anitzen sorrera ahalbidetu eta informazioaren transmisioa demokratizatu>> duten; izan ere, bigarren etapa honetan agerkari digitala bihurtu da, baina hogei urte pasa arren, aldarrikatzen dute hedabide feministaren beharra gainerako komunikabideen ikuspegi androzentrikoaren aurrean:
<<Feminismoa gorantz doan arren, hedabideetan emakumeen ordezkaritza ia ez dela aldatu ikusteak motibatzen gaitu. Egia da bere espazioetan lehen baino emakume gehiago daudela, baina ikuspuntua argi eta garbi androzentrikoa da, eta ikus-entzule gehien dituzten komunikabideek emakume bat irudikatzen jarraitzen dute, etxekoandrea, zaintzailea eta sexu-objektua, indarkeria sinbolikoaren agerraldi argi batean>>. (Andra, 2019).
Kazetaritza feminista
Maider Galardi F. Agirrek elkarrizketa batean esan zuen bezala, kazetari feminista izateak ez du esan nahi emakumeei edo gai feministei buruz hitz egitea, baizik eta kazetaritza begirada edo ikuspegi feministaz egitea:
<<Kazetari feminista bai, baina horrek ez du esan nahi bakarrik berariaz gai feministak lantzea. Hori garrantzitsua da, noski, baina uste dut, garrantzitsua dela baita ere edozein gairi trataera hori ematea; begirada hori bermatzea da erronka nagusietako bat, ikuspegi feminista daukan kazetaritza egiten saiatzen gara>>5.
Maricel Drezer kazetariaren aburuz kazetaritza feministak badu zer ikusirik honako ezaugarrri hauekin: <<zeintzuk diren tratatzen diren gaiak (emakumeen interesekoak direnak edo haiei buruz ari direnak), nortzuk egiten duten (emakumeak eta baita beste trans-identitateak, ez heterosexualak, ez-bitarrak) eta nola (ikuspegi feminista)>>6. Uste du objektibitatearen mitoaren atzetik begirada androzentrikoaren “neutraltasuna”-ren ideia dagoela.
Pat Frontera, LatFem-eko zuzendarikideak ere zalantzan jartzen du kazetaritzaren objektibotasuna:
<<Nosotras decimos que aquello que llamaban objetividad, es en realidad la posesión de un privilegio. Quien dice qué es objetivo, quien dice que las cosas son así como son y siempre serán así, es en realidad la voz del que tiene el privilegio de poder señalar cómo se construye y qué es lo real>>7.
Objektibotasunaren mitoa kazetaritzaren begirada androzentrikoarekin lotzen du Gabriela Wiener kazetari eta idazle peruarrak ere8:
<<Sektore handi batentzat, kazetaritza feminista ez da kazetaritza, aktibismo-modu bat baizik, lortu nahi den “objektibotasun” baten estandarrak ez betetzeagatik. Baina neutraltasun hori, hedabiderik onenetan ere, susmoa dut, beti egon dela kazetaritza-taldeen erabakien, botereen eta interesen mende, eta tradizioz gizonek zuzendu dituzte. Duela gutxi arte, komunikabideak eta haien argitalpenak bizi garen gizarte patriarkalaren isla ziren neurri handi batean. Mota honetako kazetari baten lanaren zati bat da horiek despatriarkalizatzearen alde borrokatzea, laneko espazioa bereizkeriatik garbitzea, lanbidearen praktikak aldatzea, estaldurak handitzea, informazioan ikuspuntuak dibertsifikatzea. Kazetaritza ez da, xaloki esan ohi den bezala, errealitatearen ispilu hutsa; kazetaritza ikuspuntu jakin batetik egiten delako, errealitatea sortzen duelako, begirada bideratzen duelako, iritzia sortzen duelako. Eta kazetaritza feminista kazetaritza da, feminismoaren ikuspegitik>>.
Kazetari feministen sareak
Valeria F. Hasan eta Ana Soledad Gil ikertzaileek esaten dutenez, genero ikuspegia zuten lehenengo kazetari sareak 90eko hamarkadan sortu ziren, albiste-agentziei loturiko elkarte gisa. Sandra Chaher aipatuz, amaraun horien helburu nagusia zen gainerako komunikabideetan kontuan hartzen ez ziren gaiak sartzeko eragitea, mugimendu feministaren agenda politikoari lagunduz. Haien esanetan, emakumeak informazioaren eta komunikazioaren subjektu moduan azaltzea zuten helburu, baita komunikabideetan objektu moduan tratatzeko joera salatzea ere. Horrek ekarri zuen emakume profesionalengan eta komunikazioan eragiteko aukeran arreta jartzea (Hasan eta Soledad Gil, 2014).
Pikara Magazine hedabidearentzat, sare horietan kazetariek beren burua formatu, genero ikuspegia zehar-lerro bihurtzeko estrategiak trukatu edota emakumeen eskubideak sustatzeko fokatze eta agenden inguruan eztabaidatu ahal dute. Era berean, teknologia berriez baliatuta, Ameco Press edo Mujeres en Red bezalako egitasmoak sortu ziren Interneten (Pikara, 2015: 170).
EAEn, Kazetarien Berdinsarea sortu zuen genero kazetari feminista talde batek 2008an; 42 bazkide izan zituen eta blog bat (http://kazetarionberdinsarea.blogspot.com) erabili zuten adierazpide moduan; 2011ko abuztuaren 30ean idatzi zuten azken sarrera blogean.
Hauek ziren haien helburuak:
<<(1). Hedabideetan salatzea genero arrazoiengatik ematen diren diskriminazio eta bereizketak, batez ere emakumeen kontra gertatzen direnak, arlo pribatuan, kolektiboan zein erakundeetan. (2). Genero desberdintasunak ikusarazi hedabideetan eta hedabideen agendetan generoarekin lotutako gaiak aurreikusteko lan egin. (3). Estereotipo matxisten kontra egin gizon eta emakumeen eredu ez sexistak agerraraziz, berdintasun adierazleak bultzatuz arlo guztietan. (4). Hedabideetan diskriminazio bikoitza saihesteko lan egin, hala nola, emakume adindua, pobrea, ama, neska, lesbiana, etorkina, zuria ez den beste etnia batekoa, gutxitasunen bat duena, eta abar. Gizon zaintzaileen, inplikatutako aiten, gayen, emakumeentzako moduan identifikaturik dauden arloetan ari diren profesionalen eta abarren alde egin eta hor daudela ohartarazi. (5). Hizkuntza ez sexista eta ez baztertzailearen erabilera eta generoarekin lotutako gaien errespetuzko tratamendua sustatu, iturrien aniztasuna lagunduz, sakonduz, informazioa kontrastatuz eta protagonistei ahotsa emanez. (6). Gure inguruko hedabideen edukiak aztertu genero ikuspegiak eragindako diskriminazioak saihesteko. (7). Sarearen helburuen inguruan ahalik eta kazetari eta medioetako profesionalik gehien batu, genero informazioa elkartrukatzeko gunea sortu eta hedabideetako beharginentzako baliagarriak izango diren genero ikuspegia duten kazetaritza adibideak batu, kazetarien arteko elkartasuna eta elkarlana gehituz. (8). Genero arazoak ikertu disziplina-anitzetatik. Aldaketa sozialaren eta kultura eraldaketaren alde ekarpenak egin, emakumearen garapenean laguntzeko eta berdintasunezko harremanak sustatu eta gizarte justuagoa eraikitzen joateko. (9). Genero desberdintasunen eta eskubideen urraketen inguruko eztabaida publikoak bultzatzeko kanpainak sortu eta babestu, gizonezko kazetari eta irakurleak kontzientzientzako, berdintasuna eurentzako ere onuragarria dela eta matxismoa mugatzen dituen lakra dela adierazteko. (10). Giza eskubideen defentsa sustatu aukera berdintasunaren, ulermenaren, errespetuaren eta tolerantziaren alde egiten duten heinean, aukera sexualen eta familia aniztasunaren aukera positiboki baloratuz. Berdintasun programak hedatu, garrantzia emanez askatasun, elkartasun eta pertsona guztien garapenerako gaitasuna bultzatzen dutenei. (11). Beste sareekin elkarlanean jardun eta, aldi berean, helburu komunak dituzten sare berriak babestu: feministak, berdintasunaren aldeko gizonak, LGTB, kazetari elkarteak eta genero ikuspegia beregain hartu edo landu nahi duten GKEak>>9.
2021eko otsailean Nafarroako Emakume Kazetarien Elkartea sortu zen (https://comunicadorasnavarra.wordpress.com/). Haien aurkezpenean, webgunean, honako asmo hau azaltzen dute: <<perspektiba duen formazioa sustatu nahi dugu, Nafarroan komunikazio arloan lan egiten duten emakumeen eskubideen alde, eta bazkideen formakuntza bultzatuko dugu garapen pertsonal eta profesionalerako behar duten arlo guztietan>>.
Helburuak eta metodologia
Ikerketa honen helburu nagusia euskal hedabide eta ahots feministak ezagutzea da. Azken urteotan ugaritu egin dira ikuspuntu feministak lantzen dituzten telebista eta irrati programak eta agerkariak; baina fenomeno hau ez da berria. Mugimendu feministak hasieratik bilatu du bere mezua eta aldarriak hedabide hegemonikoen ikuspegi androzentrikoaren aurrean. Era berean, hedabide hegemonikoen agenda mediatikoan ematen den emakumeen irudi estereotipatuari aurre egiteko beharra zuen, baita agertzen ez diren gaiak agenda mediatikoan sartzekoa ere (abortua, indarkeria matxistak edo eraso sexisten salaketa eta horren aurkako borroka, lesbianismoa...), edo, besterik gabe, hainbat gairi genero ikuspegitik heltzeko beharra (osasuna, politika, kirola...).
Beraz, hasierako hipotesia izan da mugimendu feministak bere diskurtsoak artikulatzeko eta zabaltzeko bere komunikabideak sortu behar izan dituela. Hipotesi nagusi horrek bi norabide markatu ditu, bata kronologikoa, non Euskal Herriko mugimendu feministak hasieratik argitaratu dituen buletinen, aldizkarien eta fanzineen sailkapena eta azterketa egin den; eta bigarrena gaur egun tresna digitalei esker ugaritu diren podcast-en, agerkari digitalen eta formatu berrien ezaugarriak arakatzea eta ikertzea izan da. Horretarako zenbait galdera planteatu dira: ¿Zeintzuk izan dira Euskal Herriko mugimendu feministak historian zehar sortutako komunikabideak? ¿Nola egokitu dira hedabide horiek teknologia berrietara?
Erabilitako baliabideak, formatuak eta gaiak aztertu nahi izan dira, diskurtso feminista bere medio propioekin nola egituratzen den zehazteko
Azterketa hau deskribatzailea da, eta, aldi berean, luzetarakoa; euskal mugimendu feministaren hasierarekin abiatzen da, XX. mendearen azken laurdenean, eta gaur egun arte luzatu da. Hainbat liburutegi eta dokumentazio zentro kontsultatu ditugu, tartean Maite Albiz Bilboko Emakumeen Dokumentazio Zentroa, material ugari gordetzen baita bertan. Internet ere aliatu ezin hobea izan da material berriak jasotzeko, baita, nola ez, hemeroteka eta Bost Axola Irratian zegoen Tas-tas agentzia alternatiboaren buletinen artxiboa ere.
Ardatz nagusia euskarazko materialak eta komunikazio-proiektuak aztertzea izan bada ere, ezin ditugu alboratu gazteleraz argitaratutakoak.
Hedabide feministak Euskal Herrian
Hedabide idatziak
Espainiako estatuan, XX. mendearen hasieran, oso emakume gutxik idazten zuten egunkarietan, are gutxiago ziren beren izen-abizenekin sinatzen zutenak, eta emakumeei zuzenduriko edukiak zutabe batera mugatzen ziren kasurik onenetan. Hori dela eta, Rocío Gonzalez Naranjok dioen bezala (2020), emakume batzuk pentsatu zuten beharrezkoa zela emakumeei ahotsa emango zieten aldizkariak sortzea. Berak aipatzen ditu, besteak beste, Espainiako estatuan izan ziren argitalpen batzuk: La Voz de la Mujer (1917-1931) aitzindaria eta II. Errepublikan egon ziren Revista Femenina, Cultura integral y femenina, Nosotras edota Mundo Femenino, eta, bere hitzetan, feministatzat jo daitekeen Mujer izenekoa, 1931ko ekainetik abendura iraun zuena.
Aldizkari horren lehenengo editorialean jasotzen da:
<<MUJER aldizkaria izango da erradikala, erabat independentea; femeninoa soilik, hitz eder horren —ederrenaren— zabaltasun osoan. Bere idealaren, irakurleen eta laguntzaileen zabaltasun osoan: idazle eta kazetari ospetsuenek, beren ekimen baliotsuarekin, une latz hauetan optimismorik handiena dakarte, gure egunerokotasuna errealitate politagoa bihurtuz>>. (Gonzalez Naranjo: 2020, 137).
Itxaso Fernandez Astobizak bere doktorego tesian esaten duen bezala, euskal kazetaritzako hastapenetako emakume kazetariei buruzko datu gutxi ditugu. Jaurlaritzak argitaratzen zuen Bidegileak bilduman hauetako batzuen aztarnak aurki daitezke. Maria Etxabe, Maddi Ariztia, Julia Fernandez Zabaleta, Errose Bustinza, Julene Azpeitia, Dolores Agirre, Pilar Lekuona, Robustiana (Tene) Mujika, Julia Claudia (Maite) Gabilondo, Rosario Artola, Madalena Jaureguiberry, Teresa Eskoriatza edo Cecilia G. de Gilarte aipatzen ditu, besteak beste, Fernandez Astobizak (2021, 107-108). Kasu batzuetan, kronikak sinatzeko ezizena erabili behar izan zuten, emakumeak zirela ezkutatzeko.
Aldizkariak
Leihoa
Bizkaiko emakume feministak oso goiz konturatu ziren ahots propioa behar zutela hedabide hegemonikoetatik alboratuta geratzen zirelako eta 1978. urtean lehen aldizkaria kaleratu zuten, Leihoa. Argitalpenak aldizkari itxura zuen, DIN A4 tamainakoa, eta bi urtean 6 ale plazaratu zituzten, 1978an eta 1979an.
Sorgiñak
Sorgiñak aldizkaria Euskal Herriko lesbiana kolektiboen aldizkaria izan zen. Bi epe bizi izan zituen, lehenengoa 1986tik 1994ra, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako kolektiboek argitaratu zuten, gero 1998 eta 2000 bitartean Bizkaikoek mantendu zuten.
Aldizkari honetan lesbianismoari buruzko hainbat gai planteatzen dira, hala nola: lesbianismoaren aldarrikapena, lesbianen antolatzeko beharra, eliza katolikoari kritika, norbanakoen interesak kolektiboaren interesen aurretik ez jartzeko beharra, hizkuntza sexista, kirola, generoen rolak eta kultura inposaketa, emakumeen sexualitatea, bikotea eta monogamia, HIESa, sadomasokismoa, amatasun lesbikoa, aniztasun sexuala, nortasun lesbiana, osasun sistema eta lesbianekiko tratua, laguntza bidezko ugalketaren teknologia genetikoak eta politika lesbikoak eta abar. (Aldarte, 2008)
Geu Emakumeok
Bizkaiko Mugimendu Feministak argitaratu zuen 1985etik aurrera. Elebiduna eta zuri beltzean argitaratua; denborarekin orrialde kopurua handituz joan zen eta itxura aldatuz, aldizkari formatura pasatuz eta azalean kolorea sartuz, 1991. urtera arte. Geldiune txiki bat izan ondoren, 1992. urtean berriztua agertu zen 14. zenbakia, diseinu moderno eta erakargarri batekin. Orrialde kopurua ere handitu zen, aurrekoetan 20 baziren, aldizkari berriak 56 orrialde argitaratu zituen. Geu Emakumeok aldizkariak Beijing 95 Konferentziari eskaini zion azken alea (24. zenbakia). 1996an amaitu zen.
1988an Jaurlaritzan aurkeztutako estatutuen arabera,
<<Elkarte honen helburuak “Geu Emakumeok” egunkari feminista egitea eta prentsa idatziaren bidez emakumearen egungo egoera eta mugimendu feministaren jarduerak ezagutaraztea dira>>.10.
Gai anitzak landu zituen, adibidez ekofeminismoaz hitz egiten zuen 14. alean, bikoteak eta eskubideen inguruan eztabaidatu zuen 20. alean, edo hedabideen sexismoaz 22.ean. Bigarren epealdian izen propioarekin agertzen ziren sail bi: «Euskal Herritik kanpo» eta «GEUre Kultura». Aldizkariaren hasierako zenbakietan euskararen presentzia txikiagoa bazen ere, denborarekin hizkuntza honen presentzia gero eta handiagoa izan zen. Nahiz eta Bizkaiko Emakumeen Asanbladak Bilbon editatu, Euskal Herriko beste herrialdeetako informazioa ere lantzen zen.
Sutara
Jakue Pascual Lizarragaren “Movimiento de resistencia. Años 80 en Euskal Herria. Radios libres, fanzines y okupaciones” liburuan, Oreretako emakume gazteen taldeak 1989an Sutara izeneko aldizkariaren lehenengo zenbakia editatu zuela jasotzen du (2019: 391). Berak dioenez, bertan, eskolan izandako erasoak, autodefentsa, publizitate sexista, Nikaraguako emakumeen brigadak, antimilitarismoa eta emakumearen borrokari buruzko artikuluak argitaratu zituen. Era berean, Martxoaren 8a, Zintzilik Irratian emakumeek zuten parte hartzea, lesbianismoa eta musikarekin loturiko beste gaien inguruko albisteak jaso zituzten.
Emakunde
1989tik Emakundek berdintasun politiken inguruko albisteak jasotzen dituen izen bereko paperezko aldizkaria argitaratu izan du hiruhilero. 2009az geroztik sarean argitaratzen da soilik.11
Aldizkaria dohainik banatzen zen biblioteka, zentro publiko, dokumentazio zentro, emakumeen udaletako zerbitzu eta halako gunetan. Norbanakoek eskatu zezaketen ere eta etxera bidaltzen zen. Zenbaki bakoitzean gai bat lantzen zen sakonean, adibidez, emakumeak eta krisi ekonomikoa, emakumeak eta hedabideak, haur lapurtuak, emakumeak eta kirola, alardea edota partaidetza politikoa. Nazioarteko esparruko gaiak ere landu ziren, batez ere Latinoamerikako emakumeen bizi baldintzen inguruan hitz egiten zutenak. Nahiz eta aldizkaria elebiduna izan, testu gehienak gazteleraz idatziak ziren, eta euskaraz laburpenak besterik ez ziren agertzen. Erredakzioko kazetariez gain, hainbat kolaboratzailek idatzi zuten aldizkari horretan.
Ilgora
Orain arte ikusitako aldizkariek zabalkunde orokorra dute, baina egon dira ere herrietatik sortutako egitasmoak, adibidez Arratiako emakume taldeak 1990. urtean sortutako Ilgora. Sei urtetan zehar 10 zenbaki argitaratu ziren, DIN A5 formatuan. Hasieran eskuz egindako maketazio xumearekin agertu baziren ere, denborarekin kolorea, argazkiak eta maketazio duina lortu zuten. Aldizkaria elebiduna zen eta Arratia bailarako gaiak lantzen zituen, baina baita gai orokorragoak ere, adibidez, «Emakumeok alardean parte hartu nahi duguۛ» lerroburudun lau orrialdetako erreportajea topatu dugu azken zenbakian.
Lanbroa
Lanbroa Kolektibo Feministaren aldizkaria zen, izen osoa Lanbroa, konspirazio feminista zen; asmo adierazpen argi bat.
Aldizkari honen zero zenbakia 1992ko martxoaren 8an atera zen, eta hurrengo urtetik aurrera, urtean bi zenbaki argitaratu zituzten: bata martxoan, 8aren inguruan, eta bestea, udazkenean. Orotara 24 zenbaki argitaratu ziren, Euskal Herrian ez ezik, Espainiako estatuko beste zenbait autonomia erkidegotan ere banatzen zen harpidetza bidez. Aldizkarian landu zituzten gaien artean nabarmen agertzen da emakumeen kontrako indarkeria, edozein modutako bortizkeria hain zuzen, bai sexista, feminismoaren kontrakoa eta baita politikoa ere (Lanbroa, Colectivo Feminista 2006).
Andra - Emakumeon Ahotsa
Emakumeek zuzendu eta idatzitako lehenengo euskal egunkari itxurako hilabetekaria izan zen. 2000ko abendutik 2004ko urtarrilera ikusi zuen argia. Elebiduna zen, Txinparta taldeak argitaratzen zuen eta 15.000 ale saltzen zituen. 2019an itzuli zen, baina bigarren garai honetan formatu digitalean.
Egiturak beste egunkarietako sekzioen eskema apurtzen zuen; bost ataletan banatzen ziren 32 orrrialdeak: Sakontzen, zeinetan gaurkotasuneko gai baten inguruan sakonki hausnartzen zen; bigarrena, Ikusmira, gaurkotasunean ziren emakumeen gaiak aztertzen ziren genero ikuspegitik; Emakumeak gaur atalean Hego Euskal Herriko emakumeen taldeen ekintzak ezagutzera ematen zituen; Etorkizunera Begira, laugarren atala, eztabaida sozialei dedikaturik zegoen, eta, azkenik, Aisia izenekoan, bidaiak, literatura, zinema, diskoak, istorioak eta aisialdiko bestelako jardunak azaltzen ziren.12
Andra egunkaria esparru ezberdinetako emakumeak harremanetan jartzeko jaio zen, Mertxe Arratibel aldizkari honetako kazetarietako batek aipatzen duen bezala:
«Mugimendu feministarekin harreman handia izan genuen. Gutako batzuk mugimenduan geunden. Egitasmora gerturatu zen jendea mugimendukoa zen. Mugimenduari ahotsa eman nahi genion. Aniztasuna agertu nahi genuen. Horrek indarra ematen zigun».13
Hizkuntzaren erabilera ez-sexistarako lehenengo estilo-liburua editatu zuen, filologian adituen gomendioei jarraituz egina.
Frida
2005ean abiatu zen Frida14 aldizkari feminista, garai horretan zegoen hutsunea betetzera zetorrena, Maylin Vergara aldizkariko kordinatzaileetako batek Bilbon 2019ko urrian Pikarak antolaturiko Kazetaritza Feministaren I. Kongresuan esan zuen bezala. 4.000 ale ateratzera heldu ziren arren, enpresa eta erakunde publikoen babes faltak ixtera eraman zuen Khalomediaren hedabidea 2009an. Bi hilean behin argitaratzen zen eta publizitateak sustengatzen zuen (harpidedunei bidalketa gastuak baino ez zitzaizkien kobratzen).
Edukiak atalka banatuta zeuden: zuzenbidea, edertasuna, osasuna, kultura, motorra... Eta beste aldizkarietan topa zitezkeen epigrafeak edo gaiak topatzen baditugu ere, gaien ikuspegian edo begiradan zegoen berezitasun nagusia. Idazle eta eragile feminista ezagunen sinaduraz gain, badaude gizonek sinaturiko artikulu batzuk ere. Gaztelania nagusi bazen ere, euskarazko artikuluak ere eskaintzen zituen, eta 2006ko azken zenbakitik aurrera atalen izenak bi hizkuntzatan agertzen dira.
Trazos de Igualdad- Berdintasunaren ikurra
Marta Alarcon kazetariak bultzaturiko egitasmo honen gaineko berri gutxi ditugu. Bilbon ekoiztutako aldizkaria izan zen, 2007-2008 urteetan agertu zen, hiruhilabetekaria eta elebiduna zen. Postaz banatzen zen, dohanik, eta 10.000 aleko tiradak egiten zituzten. Alarconek berak aipatu zituen helburuak elkarrizketa batean:
«Gure asmoa da ateak irekitzea eta gure herrialdeko emakumeen egoera bultzatzen eta normalizatzen laguntzea, behartsuenak ahalduntzen laguntzeaz eta gizonen bultzada aurrerakoia edukitzeaz gain dialektika sortzea, emakumeoi interesatzen zaizkigun gaiak jorratzea, inork ixiltzeko agindu gabe, adierazpen-askatasuna duen herrialde batean bizi garelako, eta berdintasuna lortzeko bidean gure harri-koskorra jartzea».15
Sail finkoak zituen, aktualitateko erreportajea, ahalduntze sareak eraikitzeko atal berezi bat, elkarrizketa, eztabaidarako txokoa eta iritziari dedikatutako espazio bat. Baita Feminismo historikoa landuko zuen atal bat Reina Rubioren eskutik. Guztira 40 orrialde betetzen zituzten.
Emaraun
Bilgune Feministak 2002. urtean abiatu zuen proiektua da Emaraun, 2020ra arte gutxienez iraun duena. Euskaraz idatzitako 12 orrialdeko aldizkaria izan zen, nahiz eta artikulu batzuk, oso gutxi, gazteleraz argitaratu.16
Nahita
Ermuko Udalaren Berdintasunerako Sailaren argitalpena, 2007an sortua. «Ermuko gizon-emakumeen berdintasunerako tresna izan nahi zuen, hainbat arlotan (emakume-talde, elkarte eta erakundeetan) egiten den lana ezagutzera ematea zen bere helburua»17. Hiru zenbaki argitaratzen ziren urtean: urtarrilean, apirilean eta irailean, 3.500 alekoa bakoitza. Azken zenbakiak 2019ko irailean ikusi zuen argia, Durangon egingo ziren Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministei dedikaturiko zenbakia hain zuzen ere.
eingoxoNau!
Berrizko udalak argitaratutako buletina. 2010 eta 2011 bitartean 6 ale publikatu zituzten. Buletin elebiduna zen, 8 orrialdekoa eta koloretan editatua.
Gu Geu
Erandioko Berdintasun arloak aldizkari propioa sortu zuen 2013. urtean, Gu Geu. Bizitza laburra izan zuen aldizkari honek, zortzi zenbaki bakarrik topatu baititugu. Azken alea 2016ko martxokoa da. Aldizkaria elebiduna zen, zortzi orrialdekoa.
Emeki
Getxoko Berdintasun arloko aldizkaria (2013-2018), guztira 44 zenbaki atera zituzten. Lehenengo alean argitalpen honen helburuak finkatu zituzten: «Emekiren helburua udalak zein Getxoko elkarte, erakunde, talde edo gizarte eragileek emakume eta gizonen artean Aukera Berdintasunari lotuta burutu dituzten gai, jarduera eta esperientziak hedatu eta biltzea zen»18.
Gurean eta Tantaka
EAEko Hezkuntza Saileko Berdintasun arloak Gurean aldizkaria argitaratzen du 2017az geroztik. 5 orrialdeko argitalpenak ez du maiztasun finkorik eta Hezkidetzarekin loturiko gaiak jorratzen ditu; hizkuntzari dagokionez gaztelaniazko zein euskarazko edukiak eskaintzen ditu; Aurretik, sail berean, Tantaka aldizkaria argitaratu zen 2015ean eta 2016an19.
Hedra/Huntza
Mundubat fundazioaren eskutik, Hedra/Huntza izeneko irrati-aldizkari transfeminista jaio zen 2019ko urrian. Lau zenbaki argitaratu ditu, azkena 2020ko uztailean, honako helbide honetan topa daitezkeenak: https://www.mundubat.org/proyecto/huntza/?lang=eu .
Webgunean azaltzen duten bezala, <<Hedra/Huntza Mundubat Fundazioak eta Etxekotu gabeko emakume langileak bultzatutako proiektu bateratua da, Nazioarteko Lankidetzaren Euskal Agentziaren eta Arabako Foru Aldundiaren laguntzarekin”. Aldizkari honen berezitasuna da emakume zaintzaileek egin dutela. Honako gai hauek lantzen ditu:
<<Ekonomia feminista eta bizitzaren iraunkortasuna, oinarrizko eskubideen urraketa, lurralde desberdinetako antolaketa kolektiboaren esperientziak, liderren gaineko erreportajeak, data gogoangarrien efemerideak, lurraldeetako gorputz-defendatzaileen istorioak eta borrokak, gure arbasoen errezetak eta aholkuak, abestiak eta emakumeak bertara joan ahal izateko tresna erabilgarriak>>20.
Zirrikitotik21
Azpeitiako Emakume Txokoaren eskutik publikatu zen 2019an lehenengo zenbakia. Hilabetekari honen zero zenbakia Azpeitiko mugimendu feministaren eta herriko eragile desberdinek emakumeen eskubideen alde egiten duten jardunen erakusgailu izateko gogoarekin jaio zen: <<Mugimendu feministaren borrokei zein herriko eragile desberdinek emakumeon eskubideen alde egiten dugun jardunari ere tartea eskaini nahi diogu. Asko eta anitzak baitira parekidetasunaren alde, batzuk ageriago beste asko oharkabean, herri honetan ematen diren pausuak>>22.
Era berean, Emakumeen Txokoan egiten diren egitasmoen berri ematea eta feminismoari loturiko gaiak lantzea dute helburu euskarri fisikoan nahiz digitalean hiru atal dituen fanzinean23. Sare sozialetan ere presentzia daukate. 2022ko urtarrilean 22. zenbakia argitaratu dute.
Berdin-Berri (batzuetan Berdin-News)
Aldizkari xumea da, lau edo bost orrialdekoa, hezkuntza munduari begirakoa eta sarean banatzen dena. Euskaraz idatzitakoa, 2020. urteko urtarrilean argitaratu zuten lehenengo zenbakia, hilabetero agertzen da udako hilabeteetan izan ezik, urtero 9-10 zenbaki24.
Fanzineak edo Femzineak
25Ez dago jakiterik zenbat fanzine landu eta argitaratu diren ia 50 urte hauetan.25. Fanzineak, berez, efimeroak eta prekarioak dira eta horietako oso gutxi gorde dira euskal dokumentazio zentroetan. Gaur egun fanzineak digitalean produzitzen dira, sarean topatzen ditugu. Aipaturiko Jakue Pascual Lizarragaren liburuan ez da agertzen fanzine feministarik, eta 1980ko hamarkadako fanzineen zerrendan bakarra topatu dugu, Iruñeko Sección Femenina izenekoa. Sancho el Sabio Fundazioak argitaraturiko Fanzinotekan, berriz, jasotzen diren 500 fanzinetatik oso gutxi dira feministatzat definitzen direnak, gehienak 1990eko hamarkadakoak: Ondarroako Emakumeen taldearen Mariziztrin, Bilboko Matarraskak elkarteak argitaraturiko Musika sexistari boikota, Bilboko Neo am a de Kass eta Ño emeki, erresistentzia feministaren barne-buletina.
Napartheid argitalpenak bere 18. alea emakume komikilariei dedikatu zien 1996. urteko udaberrian. Editorialean horrela adierazten dute: «Komikiak marraztu ez ezik, zuenak baino askoz hobeak egiten ditugu. Gertatzen dena zera da, ez gaudela prest gure lan zoragarria zuen komikien mundu sexista nazkagarriaren barruan sartzeko (salbuespen batzuk izan ezik). Badakigu gizarte antzu baten ondorioa dela; baina honek ez du esan nahi zuek onartu behar duzuenik»26. Ale horretako 60 orrialdeak emakumeek idatzi eta marraztutako komikiek eta elkarrizketek betetzen dituzte.
Erreakzioak-reaccion
Erreakzioak-reaccion fanzinea izan da atal honetako proiektu handienetakoa. Artea oinarri zuen kolektibo eta fanzine feminista izan zen, 1994-2010 urteetan zehar 10 zenbaki argitaratu zituzten Estibaliz Sádaba, Yolanda de los Buie eta Azuzena Vietis artistek.
Sortu zen testuingurua bat zetorren mugimendu feministaren leherketa kolektiboarekin; 90eko hamarkadan suspertze garrantzitsua izan zuen, queer teoriaren eta kolonialismoaren osteko pentsamenduaren agerpenarekin, eta horrek egoera heterosexuala, zuria eta klase ertainekoa krisian jartzen zuten beste jarduera eta pentsamendu-modu batzuk planteatzera eraman zituen.
Artea eta feminismoa lotuko zituzten proiektuak eraiki nahi zituzten, genealogiak ezarri eta sareak sortzeko asmoarekin (2008). Beren lana ez zen mugatu sorkuntza lanak aurkeztera, argitaratu gabeko itzulpenak, testuak edota beste artista batzuen lan bisualak erabili zituzten pospornografia, indarkeria matxista, feminismo postkoloniala, antimilitarismoa eta insumisioa, musika eta generoa, hedabideak, lan prekaritatea edo gorputz aniztasuna lantzeko (Zilbeti, Maider 2016).
Red Fanzine27
Orain arte Red Fanzinen argitaratutako bi zenbakiak hilekoari buruzkoak dira. Gasteizen sortutakoa, bigarren zenbakian euskarazko testuak ere sartu dituzte. Argitalpena bisuala da, marrazki eta ilustrazioetan oinarritua.
Mujeres legendarias del…28
Nerea Aguado eta Irati Fernandez artistek 2017an argitaratu zuten Mujeres legendarias del lejano oeste, gazteleraz. Bertan, historian lekua izan behar zuten emakume desberdinen aurpegiak eta historiak argitaratu zituzten. Argitalpenak 40 orrialde ditu. Geroago Mujeres legendarias de Ultramar agertu zen, 2020an.
Transfeminismoa
Urumea Herri Gunea espazioak Transfeminismoa29 fanzinea atera zuen 2019an. Zenbaki bakarra argitaratu zuten, euskaraz.
Agerkari digitalak
Emakunde.30
EAEko Emakumeen Institutua den Emakundek 1989tik argitaratzen zuen paperezko aldizkaria ixtea eta Interneten blog bat irekitzea erabaki zuen 2009an. Horrek ere aldaketa ekarri zuen edukietan; ordura arte, informazio instituzionalaz harago, genero ikuspegia txertatuta hainbat gai tratatzen baziren ere (gizarte, politika, komunikabide edo kiroletan emakumeek zuten rolaren inguruan, esaterako), formatu berrian Emakundek berak edo beste erakundeetatik (Berdinsarea kasu) sorturiko informazioa eskaintzera mugatzen da; beraz, komunikabide izaera galduta, erakunde baten buletina da gaur egun. Bi bertsio ditu, bat gaztelaniaz eta beste bat euskaraz.
Pikara Magazine.31
2010ean sortu zen, Kazetarion berdinsareko32 partaide ziren June Fernandez, Lucía Martínez Odriozola, Maite Asensio eta Itziar Abad kazetarien eskutik .
Ez gara emakumeentzat, emakumeek eta emakumeen gaiez egindako komunikabidea. Ez dakigu zein diren gai horiek. Istorio onak, testu gozoak argitaratu nahi ditugu, zerbait interesgarria esan duenari ahotsa eman. Are hobeto aurreikus daitekeenetik ateratzen bada, besteen eta norberaren aurreiritziei aurre egiten badie, deserosoa bada, ez bakarrik desberdin pentsatzen duenarentzat, baizik eta geuretzat. Eta hori guztia ezin da egin androzentrismoa edo emakumeen eta gizonen gainean pisatzen duten estereotipo sexistak gure burutik kendu gabe. (Pikara, 171).
Mahai-gainean agenda sozialagoa jartzeko asmoa zuten; baita, “edukien banalizazioaren” aurrean, kazetaritza egiteko asmoa ere (2015).
Pikara sarean hasi bazen ere, paperera jauzi egin zuen, aldizkari formatuko urteroko edizio batekin, non artikulu berriak agertzen diren. Beste formatu batzuk ere landu dituzte, monografiak, podcastak, komikiak, hitzaldiak, beste hedabide batzuekiko lankidetza, biltzarrak eta kongresuak adibidez. Hasierako zenbakiak crowdfunding bidez finantzatu bazituzten, gaur egun harpidetza sistema bat ezarri dute egitasmoa sostengatzeko.
Egoitza Bilbon izan arren, mundu osoko lankideak eta irakurleak dituzte. Euskarak badauka bere lekua, txikia bada ere.
Klitto!33
2015ean Malen Aldalur, Ana Iruretagoyena eta Irati Urkiola kazetariek sortu zuten Klitto! agerkari digitala edo, haien hitzetan <<atari digital bat edo Interneteko espazioa>>. 2021ean eman zioten amaiera.
Aldalurren esanetan <<bertan lantzen diren gai guztiak ikuspegi feministatik lantzen dira. Hau da, feminismoaren inguruko gaiak lantzen dira, bai, baina feminismotik ere jorratzen dira, hots, ikuspegi feminista batetik>>34. 2010ean jaiotako Pikara Magazine erreferentzia moduan izanda ere, argi zuten edukiak euskaraz landuko zituztela <<Feminismoa da helburua eta zergatia, baina gure hizkuntzan, euskaraz>>. 2018an ikus-entzunezkoetara egin zuten salto KlitoriKLIK saioarekin.
COMFIN35
COMFIN, Nafarroa osoko Emakume Elkarteen Federazioak 2015etik aurrera argitaratzen duen agerkaria da. Horretaz gain, buletina ateratzen dute (10. alea 2021eko abenduan) eta Youtube36 kanala dute. COMFINen Nafarroa Garaiko hogeita hamar elkartek parte hartzen dute, eta agerkarian bereziki Federazioak edo elkarteek egindako ekintzen gaineko informazioa ematen da.
Argiaren Feminismoa kanala37
Argia aldizkariaren webgunean, kanal feminista bat eskaintzen dute. Bertan, Argian ez ezik beste komunikabideetan feminismoari buruz argitaraturiko albisteak ere jasotzen ditu, honako ataletan banatuta: Abortu eskubidea, Ala’a Salah, Autodefentsa feminista, Bilgune Feminista, Emagin, Emakume Etxeak, Emakume migratuak, Emakumeen Mundu Martxa, Gorputza, LGTB mugimendua, M8 greba feminista, Martxoak 8 eta Sexismoa.
Horretaz gain, Feminismoa kanaleko multimedia atalean, feminismoaren inguruko hainbat bideo eskaintzen ditu 2010etik aurrera.
Kanal honen eduki guztiak euskaraz dira.
Zirimolatzen38
Naiz agerkarian Oihana Llorentek sinatzen zuen bloga zen; 2016ko uztailaren 12an argitaratu zuen lehenengo sarrera “¿Quién tiene la culpa de una violación?” izenburuarekin eta 2021eko uztailaren 22an idatzi zuen azkena. Gaztelaniazko artikuluak topatu ahal ditugu, euskarazko batzuk ere badaude; emakumeen kirola, indarkeria matxista, sexismoa komunikabideetan, zineman edo publizitatean, genero-estereotipoen salaketa... dira, besteak beste, jasotako gaiak.
Andra.eus39
2019an, teknologia berrien eta Interneten garapenaz baliatuta, Andra aldizkaria zenaren proiektua berreskuratu zuten, agerkari digital bihurtuta, Andra.eus emakumeon ahotsak izenburuarekin. Durangaldean egiten bada ere, bere hedadura esparrua zabalagoa da, bai irismenari dagokionez bai sartzen dituen albisteei dagokionez, izan ere, nazioarteko berriak ere eskaintzen ditu. Elebiduna da eta zortzi epigrafe nagusi ditu: Feminismoak, zeinetan Durangon 2019an izan ziren Jardunaldi Feministen jarraipen handia egiten duten; Indarkeria, emakumeek jasaten duten bortizkeriaren inguruan; Izen propioak, emakume aditu eta arituen jardunak eta lorpenak jasotzen dituen atala; Ahotsak, emakumeen eta feminismoari buruzko albisteak jasotzen dituen sekzioa; Gizarte eragileak eta Elkarteak ataletan eragile eta elkarte feministen ekintzak azaltzen dituzte; Instituzionala izenburupean Abadiño, Iurreta, Durango, Amorebieta-Etxano, Elorrio eta Berrizko Udalek antolaturiko jarduera feministak eta Berdintasun Arloek antolaturiko ekitaldiak jasotzen dira; eta, azkenik, Agendan ikastaroak, hitzaldiak, kultur ekitaldiak eta abar iragartzen dira.
Ikus-entzunezko hedabideak: irratiak, podcastak eta telesaioak
Feminismoa irratian
Irratia Espainiako estatura iritsi zenean, asko izan ziren hortxe herritarrak kulturara hurbiltzeko tresna bat ikusi zutenak, analfabetismo tasa handia baitzuen XX. mende hasierako gizarte hark40. Bestalde, 1910eko martxoaren 8an baimentzen zuen dekretua argitaratu arte, emakumeek baimen berezia behar zuten lizentziatura edo diplomatura bat egiteko, Laura López de la Cruz adituak azaltzen duen bezala (2002, 294). Ordutik eta 1920ra bitartean 439 emakume heldu ziren unibertsitatera, unibertsitate-ikasleen % 2. Era berean, Ángeles Laorden eta Pilar Giménez-ek (1978, 77-78) diotenaren arabera, 1930ean soilik emakumeen % 3,8k zituen lehen mailako ikasketak.
Testuinguru honetan, Teresa de Escoriaza donostiarrak kultura emakumeengana hurbiltzeko irratia tresna egokia izan zitekeela ikusi zuen. Bereak dira hitz hauek:
<<Radiotelefoniaren bidez, Espainiako emakumeak orain arte bizi izan duen isolamendu espirituala amaitu zen. Nahiz eta milaka urtetako aurreiritziek hezkuntza zabal eta sendoa jasotzeari uzten dioten oraindik ere, kultura-guneetara joatea eragozten digutelako; nahiz eta ohitura zentzugabeek bizitza aktibotik aldentzen jarraitu, etxera mugatuz, hala kartzela bihurtuz; nahiz eta lege bidegabeek mundu kontzientean bigarren mailako lekua hartzera behartzen gaituzten, gure bihotzek, elikagai espiritualaren eramaile diren biribil horiek, gure arimatik datozen hitzak asmatuko dituzte.
Eta horrela, asmakizun zoragarriaren bidez, gure eraldaketaren miraria egingo da. Horrela, osatugabeko izaki hori, «oro bihotz», espainiar emakumea, askoz ere handiagoa den beste bat bihurtzen da: izaki oso bat, hau da, garuna eta espiritua dituena.>> (Escoriaza: 1924, 13-14).
Silvia Espinosak esan zuen bezala, Espainiako 1936ko gerrak iraun zuen bitartean, emakume ahots gehiago entzun ziren aurreko urteetan baino, eta horren arrazoia izan zen irratiko gizonak frontean edo erbestean zeudela. Gerra amaitu ondoren, frankismoak emakumeak bigarren mailako jardunetara baztertu zituen, gizonen menpeko funtzioetara, eta debekatuta zuten irakurtzen zituzten testuak idaztea (Espinosa: 2010, 185).
Hego Euskal Herrian, besteak beste, aipatu behar dira Radio San Sebastián irratiko Julita Ramos edo Petrita Tamayo, Hada Palabrita antzezten zuena, Ely eta Pilar Bueno, Carmen Cardenal edota Mercedes Gomez. La Voz de Guipúzcoa zelakoan Dolores Agirre aritu zen Baserria saioan. Araban oso ezaguna izan zen Feli Fructuoso, Hada Luz. Emakume horiek umeen ahotsak edo ipuinetako pertsonaiak interpretatzen zituzten, baina ez zuten informazioa lantzeko aukerarik.
Irrati askeak eta feminismoa
Esan den moduan, ikuspegi androzentrikoa nagusi izan da mainstream komunikabideetan eta feminismoa ez dago haien agendan; emakumeen absentzia, estereotipazioa, objektibazioa eta begirada maskulinoa nagusi ziren hedabide handietan, edo informazio “ofiziala” deitzen zutenetan. Eta horren aurrean alternatiba gisa jaio ziren irrati libreak, kontrainformazioa deituriko kontzeptua sortuz. Bestalde, informazioaren objektibitatearen mitoaren aurrean subjektibotasuna eta zintzotasuna aldarrikatzen zuten irrati horien sustatzaileek (Gutierrez Paz, 2002: 100). Hau da, kazetaritza feministarekin bat egiten zuten oinarri ideologiko horiek; hori dela eta, ez da harritzekoa mugimendu feministak ere bozgorailua edo adierazpidea topatu izana irrati askeen mugimenduan. Hala ere, egiteke dago oraindik Euskal Herriko mugimendu feministak irrati askeetan historikoki izan duen tokiaren eta eraginaren azterketa; esaterako, Jakue Pascual Lizarragak (2019) oso aipamen gutxi jasotzen ditu Hego Euskal Herrian mugimendu feministak irrati askeen mugimenduan izan zuen parte-hartzeari buruz, eta emakumeen kolektiboak zein erakunde feministak jasotzen dira “gazteek, langileek edo auzokoek” (2019: 47, 49, 52,) osatzen zituzten beste antolakundeen ondoan.
Izan ere, mugimendu feministak, eragile soziala den aldetik, bere tokia izan zuen hasieratik irrati askeetan, haien helburua “ahotsik gabeko ahotsa” izatea zen. Era berean, ia irrati gehienek jaso zuten mintzaira berri baten beharra, eta esamolde sexistak, xenofoboak edota homofoboak baztertzeko beharra aurreikusten zuten hasieran, nahiz eta horri aurre egitea ez den erraza izan. Horren inguruan, azaldu behar da, mugimendu feministatik egindako formazio-lanak edo hizkuntza sexista indarkeria matxistaren adierazpen-moten tipologian jasotzeak eragina izan duela, eta irrati batzuek espresuki jaso dituzte hizkuntza sexista, homofobo edo arrazista erabiltzearen aurkako neurriak haien oinarrietan.
Germinal aldizkariaren 3. zenbakian (1983) irrati libreen inguruko monografikoa eskaintzen da eta 17. orrialdean Mujer y radio libre artikulua eskaintzen du; bertan, irratietan ziren emakumeei zuzenduriko kontsultategiak bezalako irratsaioen aurka –edertasun aholkuak, txutxumutxuak edo etxeko andrearen papera indartzea —irrati askeek eskaintzen zuten askatasuna goraipatzen dute, baita irratiak eskaintzen dituen aukerez baliatzeko beharra ere. Izan ere, garai horretan, irratsaio feministak eskaintzen hasi ziren estatuan zehar hedatzen ari ziren irratietan.
Ez da erraza irratsaio feminista horien inguruko erreferentziak topatzea, baina badakigu, jakin, mugimendu feministak modu aktiboan parte hartu zuela emisorean. Aurkitu ditugun erreferentzien artean, Santutxuko Iluna Irratiko Mari Matraka izenburuko saioa dago, emakumeek egina, eta badakigu ere Altsasuko Feministek modu aktiboan parte hartu zutela Zaborra Irratian. Gainera, Tas-Tas informazio agentzia alternatiboaren 1990eko martxoko buletinean feminismoaren inguruko monografikoa eskaini zen Gaiztoagoak izan gaitezke! izenburuarekin. Egizanek, adibidez, langabeziak emakumeengan duen eragina azaltzen du artikulu batean; beste aldetik, Bizkaiko Emakumeen Asanbladako Osasun Batzordeko bi emakumeri egindako elkarrizketa zein Erasoen Aurkako Batzordeak egindako salaketa jasotzen dituzte. Bere aldetik, Bizkaiko Lesbianen Kolektiboak beren jardunaren berri ematen du, eta Sorgiñak aldizkaria zein irratsaioa aipatzen ditu, baina azken hauen izenburuak azaldu barik. Martxoaren 8ari buruzko komunikatu bat ere jaso zuten ale berezi horretan.
Irrati askeetan, ezkerreko beste mugimenduetan bezala, eboluzioa nabaria izan da azken urteotan. Hasiera batean, aldarrikapen feministak jasotzen ziren arren, beste borroketan bezala, feminismoa ez zen lehentasuna, eta askotan baztertzen zen, gai “orokorren” mesederako. Zaila zen munduari betaurreko moreez begiratzea gainera, gizonak baitziren nagusi asanbladetan eta antolakuntzan. Behin baino gehiagotan azaltzen zen emakume gehiagok parte hartzearen beharra, baina beste arlo askotan gertatu izan den bezala, erantzukizuna emakumeengan jartzen zen, benetako diagnosia eta neurriak hartu beharrean.
Adibidez, Irola Irratiak 2006an idatzitako oinarri ideologikoetan jasotzen da zein den bere jarrera sexismoaren aurrean:
<<Sexismoak denoi eragiten digunez, egoera guztietan borrokatzen hasi behar dugu, pertsonalki nahiz taldean. Hortik abiatuta, libretzat jotzen den komunikabide batek kontuan izan behar du hizkuntzaren eta informazioaren bidez balioak eta gizarte-rolak transmititzen direla.
Hala, bada, IROLA irratian emititzen duen pertsona edo programa orok saihestu egin behar du gizartean diskriminatuta dauden sektoreenganako mespretxua, bizimodu desberdinak barregarri uztea, hizkuntza sexista, xenofoboa, homofobikoa eta abar erabiltzea.
Halaber, eta programaren estiloaren arabera, emakumeekin zerikusia duten gaiak (ekintzak, jaiak, maniak, liburuak, musika...) bultzatzen saiatuko dira)41.
Irratsaio feministak
Las Feutxas (97 FM)42
2015. urtean bigarren epealdia hasi zuen 97 FM irratian, hala ere hasiera Tas Tas irratian kokatu behar dugu, 2009an gutxienez. Programaren ardatz nagusietako bat elkarrizketa sakon bat zen, non lanbide eta militantzia desberdinetako emakumeen soslaiak eta bizitzak ezagutzeko aukera zegoen. Irratsaioa egiteko elkarte bat eratu zuten «Asociación cultural para la comunicación social de la problemática y singularidades de las mujeres Las Feutxas»43. Programak 2020. urteko martxoaren hasieran emititu zuen azken saioa.
Andromeda (Euskadi Irratia)44
Mertxe Ezeizak lehen, eta Maite Artolak ondoren, gidatu zuten 2009tik 2012ra bitartean Euskadi Irratiak eman zuen genero-ikuspegia lantzen zuen Andromeda saioa. Bertan interes orokorreko gaiak (ekonomia, politika, gizarte edota osasunari buruzkoak) tratatzen ziren, baina beti genero-ikuspegia txertatuta.
Sorginen Leizea (Irola Irala irratia)45
2011tik 2014ra, hiru denboraldi iraun zuen Bilboko Irala auzoko Irola Irratiko Sorginen Leizea irratsaioak. Haiek esaten zutenaren arabera, patriarkatuari aurre egiteko tresna moduan jaio zen irratsaioa:
<<Ordena patriarkalak markatutako gizarte bati erantzuteko borroka-gune gisa sortu zen Sorginen leizea. Informazio, eztabaida eta borrokarako tresna izan nahi du, zapalkuntza horrek gure inguruan duen gizarte-gatazka izaera adierazteko, gizartea antolatzeko modua horretan oinarritzen baita. Programa bakoitzean, lotutako eremu edo gai jakin batean sartuko gara.
Patriarkatuaren aurkako borroka, haren existentzia ikustearen eta onartzearen bidez abiatzen da. Gure asmoa da informazio erabilgarria eta landua ematea, ezagutza transmititu eta sentsibilizatzeko, eztabaida konstruktiboa eta oinarrizko eraldaketa sortzeko. Era berean, gizarte patriarkalaren eredua birsortzen duten jarrera horiek aldatzeko borondatea errespetatu nahi du. Kritikatik eta apaltasunetik aldarrikatzen dugu, borroka norberaren baitan hasten baita>>46.
Hiru denboraldietako saioak entzungai daude beren webgunean.
Gonekin Ero Bero (Antxeta/Arrosa)47
Antxeta Irratiak eta Arrosa Sareak batera beste saio bat ekoitzi zuten 2011tik 2015era bitartean: Gonekin Ero Bero.
<<Emakumeok egina, denontzat. Feminismoa, sexualitatea, aisia, kultura, sorkuntza, elkarlana: emakumeok badugu zer adierazi>>48.
Emesutan (Ttan Ttakun Irratia)49
Programa hau 2012an hasi zen Donostiako irrati libre honetan, emakumeak eta musika influentziak, abeslariak, musika taldeak edota bakarlariak lantzeko helburuarekin. Gaur egun ibilbidean aldaketa bat eman ondoren gai anitzak lantzen dituzte, musika eta feminismoa alboan utzi gabe.
Emarock (Irola Irala Irratia)50
Saioa Cabañas argazkilariak sortua, Irola Irrati librean hamabostero ematen zen irratsaioa, emakume musikariek osaturiko taldeak eramaten zituzten, eta elkarrizketak egiten zizkieten. Batzuetan zuzeneko kontzertuak ere eskaintzen zituzten.
2012ko azaroan hasi zen emititzen eta 2014ko uztailaren 8ra arte iraun zuen, 25 irratsaio inguru egin ziren.
Txibierroak Uluka (Txapa Irratia)51
<<Domeka ilunei mobimentua eta freskuria emango dotsen irratsaiua: elkarrizketak, bidaiak, emakumiai eta feminismuai inguruko gaixak, poesia-ipuin irakurketak etab>>. Horrela definitzen dute beren burua Bergarako Txapa Irratikoek Txibierroak Uluka irratsaioa. Txapablogan agertzen denaren arabera, lehenengo irratsaioa 2012ko azaroaren 12an eskaini zuten52.
Amapola Morea (Oiartzun Irratia eta Antxeta Irratia)53
Amapola Morea saioa Oiartzun eta Antxeta irratietan eskaini zuten 2013tik 2017ko maiatzera bitartean Aitziber Zapirain eta Mirari Martiarena kazetariek. 2015eko irailean, Martiarenak idatzitako iritzi artikulu batean 2015-2016 denboraldian ez zutela egingo iragarri zuten: <<Aurtengoa arnasaldia da, bi ikasturtetan oso gustura aritu gara elkarrizketak eginez (lagun batek esaten duen moduan, sorginen laratzak). Baina, azkenerako, laratzaren bueltan egoteko denbora gutxi genuen. Lana, bilerak eta gainontzeko guztia ezin uztartu. Agenda sinkronizatu nahiak ematen zizkigun buruhausterik handienak>>54. Izan ere, esaldi horietan azaltzen da komunikazio-proiektu feminista askoren jarraipen eza edo denboran zehar ez irautearen arrazoietako bat: bide profesionaletik at, aurrera eraman dutenen lan ordainduaren beharrak zaildu egin dute horretara dedikatu ahal izatea. Beraz, bideragarritasun ekonomiko eta profesionaltasun faltak (ulertuta hau lanbide izatearen gaitasun moduan) ito egin dituzte.
Bigarren denboraldi batean itzuli ziren arren, esan bezala, 2017ko ekainean itxi zuten definitiboki55, Nerea Zinkunegik bi kazetarioi egindako elkarrizketa batekin. Ordura arte, 55 saiotan beste hainbeste elkarrizketa egin zituzten, Oiartzun Irratiko webgunean entzun daitezkeenak.
Amatista (Arraio Irratia)
Zarautzko Arraio Irratian Amatista irratsaioa egon zen 2006tik 2009ra bitartean; 2009ko azaroaren 19an Atalka izenekoak hartu zuen bere lekua, eta 2020ko azaroan, berriz, Aho Bete Hitz More. 2022an, Atalkak gidatuta, MaitaleM playlistak emakumeek egindako musika programatzen du.
O no será-Edo ez da izango (Hala Bedi)56
2014an hasi zuen bere ibilbidea, Gasteizko Hala Bedi irratian, feminismoei buruzko saio honek. Aliantza feministak landu ditu, eta hori dela eta, 2018an, Pikara Magazinekin elkarlanean, aldizkariaren webgunean ere bere presentzia izan zuen. 2019an, berriz, Red de Mujeres Migradas y Racializadas de Euskal Herria delakoaren partaideak hilean behin irratsaio bat egiten hasi ziren. Hasieran gaztelaniaz emititzen bazuten ere, gaur egun irratsaioak euskaraz eta gaztelaniaz emititzen dira, bi hizkuntzak txandakatuta.
Aluen Uluak (Kkinzona)57
Urretxuko Kkinzona irrati askean Aluen Uluak saio feminista emititu zen. Irratsaio honen artxibo batzuk daude entzungai iVOX-en58, 2016an argitaratuak. 2021ean Urola Kostako Koordinadora Feministak berriz hartzen du eta bi saio berezi egiten ditu: otsailean indarkeria matxistaren inguruan hiru emakumek egindako hausnarketa, eta maiatzean Urola Garaiko Emakumeen etxeko Sua taldeko partaideei migrazio prozesuari buruz egindako elkarrizketa eskaintzen du.
De Puertas para adentro (Radio Euskadi)59
Teresa Yustak gidatzen zuen Radio Euskadin 2018an emititzen zen irratsaioa. Bere webgunean azaltzen den moduan. <<Emakumeak aukera-ezberdintasunaren egoeran kokatzen dituzten egiturak aztertzen dituen irratsaioa. Genero-berdintasunean formakuntzaren aldeko konpromisoa>>.
El Laboratorio de Medea (97 FM)60:
Hasierako epealdia Madrilen egin bazen ere, 2018tik aurrera Bilboko irrati libre honetan produzitu eta aireratu zen. Bi emakumek gidatu zuten, Marta Seror eta Nastassja Cipriani, «helburua munduaren bi ikuspegi txertatzea zen, zientifikoa eta feminista, horretarako zientziaz eta feminismoaz hitz egiten zuten, genero ikuspegia duen dibulgazio zientifikoa egitea eta baita emakumeen lana eta ahotsa zabaltzea61». Irratsaio honen azken saioa 2020ko urtarrilean emititu zen.
Trabeskalea (Bilbo Hiria Irratia)62
2019tik aurrera Bilbo Hiria Irratian eskaintzen den irratsaioaren aurkezpena honakoa da: “Trabeskalea irrati saio feminista dugu Bilbo Hiria irratiko uhinetan. Euskaraz feminismoaren inguruan jarduteko. Interesatzen zaizkigun gaien inguruan pentsatzeko, hausnartzeko, ezagutzeko edo kritikak egiteko. Kale irekia izan nahi du, gogoetarako plaza, parte hartzeko eta proposatzeko”. Kultura, osasuna edo gizarte-gaiak jasotzen dira beren uhinetan; eta hasieran hilean bitan emititzen bazen ere, une honetan hilean behin uhinetaratzen da.
Emen Gonak (Naiz Irratia)63
Emakumeek egindako musika hartu zuen ardatz Birkite Alonsok Naiz Irratian 2020ko maiatzetik 2021eko uztailera bitartean gidaturiko saio musikal honetan. Rock/Folk musikaren inguruan aritu zen eta 30 saio eskaini zituen guztira. Naiz irratiaren zein Arrosaren webguneetan entzun daitezke.
Sorginkeriak (Mozoilo irratia, gazteleraz)64
Mozoilo irratian zein iVoox podcast atarian eskaintzen den irratsaio hau Libertad Daganzo eta Ainara Goitiandiak egiten dute; eta beren esanetan:
Ahotsa gara, emakumezkoa eta denbora isilean zulatzen duen konstantea. Isilpeko ahotsa, debekatua, kolpatua, kriminalizatua, deabrutua. Guztion ahotsa gara, ahots feminista, ahots erradikala. Bildu eta zabaltzen direnak gara, garrasi egiten dutenak, ikastunenak. Idatzi eta kantatzen dutenak. Flaka, gizena, altua eta baxua gara, mutua eta gorra gara, ama eta alaba gara, beltza eta ijitoa, giza emea gara. Sukaldekoa gara, fabrikakoa, biltegikoa, kalekoa eta izkinakoa, ikasgelakoa. Jipoitua gara, torturatua eta eraila. Baztertua, baztertua eta jasoa. Sortzailea, zaintzailea eta sorora gara. Migratua eta esklabizatua gara. Bollera eta transexuala gara. Ezetz esaten duenean, berdin dio. Langilea, abolizionista, intersekzionala eta ezkertiarra. Frigida eta zorra gara. Idazten duena, irakurtzen duena, maitatzen duena eta kantatzen duena gara. Patriarkatuari aurka egiten dion ahotsa gara. Denok gara, bat gara. Badakizue, erre ez zenituzten sorginen oiñordekoak gara. Sorginak, zoroak, golfak eta hautsiak. Amorrua gara, zauria gara, bizitza gara. “Sorginkeria” gara, podcast feminista erradikala, Mozollo Irratiaren habitik emititzen.
3.2.4.Podcast feministak
Aurreko irratsaio horiek uhinetan eskaintzeaz gainera, podcast plataforma ezberdinetan ere eskuragai daude; are gehiago, irrati emanaldietatik desagertu eta gero, entzungai ditugu Interneten. Baina hurrengo atalean, podcast moduan jaiotako egitasmoak jaso ditugu. Izan ere, azken urteotan, podcastak hedatu dira, eta irratiek ez ezik beste hedabideek ere sartu dituzte beren eskaintzetan. Podcasten bidez, publiko-hobi zehatzera heltzeko aukera dago, programazio orokorrean sartuko ez liratekeen edukiak eskainita, bai entzule kopuru txikiak erakarriko lituzkeelako edo, bestela, emititzeko ordutegi egokirik ez duelako.
Berria FM65
Maider Galardi F. Agirre kazetariak gidatzen duen podcast hau 2019ko azaroan hasi zen emititzen. “BERRIA egunkariaren podcast feminista da Berria FM. Puri-purian dauden gaiei genero ikuspegitik heltzeko espazioa” Hasieran hamabostero emititzen bazuen ere, gaur egun hilean behin eskaintzen da. Berria egunkariaren webgunean ez ezik hainbat plataformatan ere topa daiteke.
Indarkeria matxistaren aurka konpromisoz komunika dezagun (Antxeta Irratia)66
Antxeta Irratiko webgunean esaten dutenaren arabera, <<BOZAK elkartearekin batera garatu dugun egitasmoa duzue honakoa. Euskal Herriko herri hedabideengana jo dugu, prentsa idatzi, irrati eta telebistengana, hizkuntzaren erabileraren inguruan galdetuz. Berau modu batean ala bestean erabiltzeak, indarkeria matxista areagotzen duen ala ez gogoetatzeko. Galdera sakona da eta gogoetatzeko beta eman digu. Argi gelditu zaigu behintzat, herri hedabideetako euskal emakume kazetarien edukiek argia ikusi orduko, sukalde lan handia dagoela aurretik>>.
2020. urtean garatu zen egitasmo honetan, emakume kazetariek zein genero-gaietan adituek hizkuntza erabilera egokiaz hitz egiten dute 14 ataletan. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak lagunduriko egitasmoa izan zen.
Emakume sindikalistak frankismoaren garaian (Antxeta Irratia)67
2020an garaturiko bi ataleko podcast honetan, Pili Moreno, Nati Rufo eta Pili Urkia sindikalistek haien bizipenak kontatzen dituzte, honako hiru galderei erantzunez: Zein errealitaterekin egiten zuten topo egunerokotasunean emakume sindikalistek Frankismo garaian? Nola antolatzen ziren? Nola ekiten zuten?
Ahapetik (Antxeta Irratia)68
Antxeta Irratiaren web atarian jasotzen denaren arabera, <<Ahapetik, euskal emakume sortzaileen ataria da. Hilean behin euskal emakume artista bat elkarrizketatzen dugu, urte anitzez itzalean egon dena, aktualitatearen lehen lerrora eraman nahi dugulako>>. Gaur egunera arte 20 ataletan beste hainbeste emakume artista elkarrizketatu dituzte. Emakunderen laguntza du.
Lokatza (EITB Podkast)69
2021eko martxotik ekainera bitartean 8 atalez osaturiko podcast hau EITB podcast plataforman dago eskuragarri. Ainara Lasak, Amagoia Gurrutxagak, Idurre Eskisabelek eta Lorea Agirrek gidatuta, <<Lokatza podcasta egungo mundua feminismoaren begiradatik aztertu eta ulertzeko saiakera da, mundua lokatzetan jartzekoa>>. Elkarrizketek, iritziek eta musikak osaturiko saioak dira.
Kirolari Gaittun70
Ane Urkiri kazetariak eta Maddi Garmendia teknikariak ekoizten duten podcast bat da, hizpide emakumeen kirola duena. Youtuben eta Spotify-n eskuratu daitezke gaur arte eskainitako 6 saio. Emakumeen kirolari buruz ari zen El Patio izeneko programa erreferente moduan sortu dute, euskaraz. Haiek diotenez, podcasta egitea aukera merkea da saio bat egin ahal izateko: <<Merke egin nahi baduzu eta zuk nahi duzun programa egin nahi baduzu, ezin zara irrati batean hasi. Hor lotuta zaude: ordutegiak, denbora, gaiak… Spotify dohainik da eta aukera bat ematen zigun gure saioa zabaltzeko. Beraz, inbertsio handirik gabe, etxean daukagun materialarekin hasi gara>>71. Oso oihartzun handia lortu dute, kirol saioetan zegoen hutsune bat betetzera heldu baitira.
Esto va de Mujeres | Mozoilo Irratia 97.5FM72
Esto va de mujeres izenburuko podcastean, edozein arlotan historia egin zuten emakumeen biografiak eskeintzen dira. Bigarren denboraldia betetzen dute, eta lehenengoan 20 saio eskaini zituzten. Aniztasun handia dago aukeraturiko emakumeen artean; besteak beste, protagonistak izan dira Isabel Allende, Marie Curie, Brenda Chapman, Simone de Beauvoir, Edurne Pasaban...
Larunbatero eskaintzen dute 13:00etan. Mozoilon ez ezik, beste podcast plataformetan ere entzungai daude.
Ikus-entzunezkoak
El tornillo
Irantzu Varela bizkaitarra 2014an hasi zen Publico-TV kanalean El tornillo mikroespazio feminista aurkezten, hiru urte beranduago 2017an «En la frontera» programaren eskaletan sartu zuten, eta honek bere dimentsio mediatikoa handitu zuen. Bideo laburrak dira, ikuspegi feministatik aztertzen ditu patriarkatuak sustatzen dituen errealitateak ironiaz eta sarkasmoz, diskurtso zuzena eta zorrotza erabiliz73.
Aló Irantzu
Pikara Magazine-ren sare sozialetan zuzenean emititzen den mikroespazioa da, non ikusleek zuzenean galderak eta hausnarketak zuzentzen dizkioten Irantzu Varelari eta honek erantzun. Gazteleraz emititzen da.
Hasieran Pikararen erredakzio gelatik emititzen bazen ere, gaur egun harpidedunen etxeetatik egiten dute74.
KlittoriKLIK
Esan bezala, 2018an, Eta Klitto! atariko arduradunek elkarrizketak bideo formatoan eskaintzeko asmoa zuten, KlittoriKLIK75 izenburuarekin. Asmoa elkarrizketak eskaintzea zen, baina lau bideo, bi atal baino ez zituzten argitaratu, June Fernandez kazetari eta Maria Gonzalez Gorosarri ikertzaileenak, baita Maritxu Arrizabalaga Berabideri egindako elkarrizketa.
Arduraz komunika dezagun76 izenburuko dokumentala egin zuen Antxeta Irratiak. 2021eko urtarrilean argitaratu zen. Aitziber Zapirain Etxaniz Antxeta Irratiko koordinatzaileak zuzenduta, <<berdintasunari eta feminismoari dagozkion gaiak eta hizkuntzaren erabilerak indarkeria matxistan duen eragina>> 77 aztertu zituzten herri ekimeneko komunikabideetako zenbait kazetarik.
Mujeres que cuentan-Zer esana duten emakumeak78
Eroskik eskaintzen duen bideo-kanala da. Bertan, zerbait kontatu behar duten emakumeak agertzen dira. Aurkezpenean esaten den moduan, <<aparteko talentua duten emakume asko daude, bizitzan eta lanbidean bidea urratzen dutenak. Adorez eta grinarekin egiten dute lan, zailtasunak aurkitu izan dituzten arren. Ausartak dira, inspiratzaileak, konprometituta daude osasunarekin eta iraunkortasunarekin, eta haien testigantza garrantzitsua da egun bizi dugun egoeran>>79.
Ikerketa lan mardul hau baliatu dugu euskarazko komunikazio-produktu feministen datu-basea eraikitzeko, hemendik aurrera osatuz joan daitekeena. https://behategia.eus/eu/euskarazko-komunikazio-produktu-feministak/
Ondorioak
Aurreikusten genuen bezala, oso zaila izan da komunikabide feministen bilduma egitea. Euskal Herriko komunikabideen historiari buruzko testuetan oso aipamen gutxi agertzen dira, eta askotan ez dira identifikatzen, izen bat baino ez. Periferiatik egindako egitasmoak izan dira gehienetan, oso egoera prekarioan eginak, bitarteko gutxirekin, eta ia profesionalizaziorik gabe. Kasu askotan, mugimendu edo talde feministek beraiek sortuak, beren ekitaldi eta aldarrien adierazpide bat behar zutelako. Azken urteotan, berriz, gainerako albisteak edo informazio orokorra genero-ikuspegitik tratatzeko beharrari eutsi diote hedabide hauek, agenda feminista baztertu barik.
Dena den, 43 komunikabide bildu izanak, horietako 36 XXI. mendeko lehenengo bi hamarkadetan sortuak, agerian uzten du agenda feminista aintzat hartzen duten adierazpideen beharra, mainstream medioen isiltasunaren aurrean. EHUko GMMP-ko ikerketa taldeak agerian uzten duenez, oraindik oso urria da emakumeen presentzia euskal hedabideetan, eta oso rol estereotipatuetan gainera.
Pikara Magazine-ren sorrerak erreferentzialtasuna eman zion kazetaritza feminista deitu ahal dugun horri. Kazetariek egindako proiektu komunikatibo honek, Euskal Herrian kokatu arren, mugak gainditu ditu, eta gaztelaniazko prentsan erreferentea da, Espainiako estatuan zein Latinoamerikan. Agerkari digital moduan jaio arren, Interneteko mugak ere gainditu ditu eta paperera salto egin du, baita idatzizko hizkuntzatik ikus-entzunezkora ere. Horretaz gainera, kazetaritza feministaren oinarri batzuk lantzeko bideak ireki ditu, baita hedabide ezberdinetako aliantzak eta elkarlanak ere. Euskarak, berriz, oso leku anekdotikoa du orrialdeetan. Ildo horretan, Klitto agerkariaren desagerpenak zulo bat uzten du euskal kioskoan, euskaraz zegoen hutsunea betetzera etorri zen eta; Andra.eus-ek partzialki betetzen du hutsune hori, euskarazko edukiak sartzen baititu.
Ez dugu emakumeei zuzendutako irratsaiorik ezta irratsaio feministarik aurkitu Hego Euskal Herriko kate komertzialetan, eta EITBko kate publikoan bi egon dira: Euskadi Irratian eskaini zen Andromeda (2009) eta Radio Euskadiko De Puertas Adentro. Lehenengoak hiru urte iraun zuen, eta 2012ko EAEko aurrekontuetan jasotzen da: <<Orotariko irratian landu ohi ez diren gaien aldeko apustua ere egin da, esaterako ingurumenari buruzko “Ekosfera” eta genero berdintasunari buruzko “Andromeda”saioekin>>. Hala ere, esan bezala, apustuak ez zuen luze iraun. 2021ean, EITB Podkast plataformaren aurkezpenean ere aipamen berezia egin zioten Lokatza podcast feministari, nahiz eta 8 atal baino ez eskaini. Horretaz gain, aipatu daitezke Ganbara saioan emakume politikarien tertulia berezia edo asteburuetan eskaintzen den Más Que Palabras saioan A tres bandas tartea.
Irrati askeetan leku handiagoa izan dute saio feministek. Hastapenetan mugimendu feministak parte aktiboa izan bazuen ere, oso gutxi dira gaur arte heldu zaizkigun garai horretako erreferentziak. 2000ko hamarkadan, berriz, badira sortu diren saio berriak. Zuzeneko emanaldiak utzi behar izatea arazo izanik ere –gehienetan, kazetariek soldatapeko lanarekin uztartu behar izan dituztelako- podcast formatuak aukera ezinhobea eman du zabaldu ahal izateko; era berean, hori da irrati publikoak aukeratu duen formatua oso publiko-hobi konkretuarengana, emakumeengana, (herritarren %51) heltzeko, programazio orokorrean sartu barik. Hala ere, ikus daitekeenez, horretan egindako inbertsioa 8 atal grabatzea izan da.
Digitalizazioak eta Interneten garapenak ahalbidetu du komunikazio-proiektu batzuen jarraipena edo berpiztea, hau da, adibidez, Andra aldizkariaren kasua; edo proiektuak sortzea, Kirolari Gaittun podcastaren egileek onartu duten bezala. Izan ere, digitalizazioak kostuak merkatu ditu, baita doako euskarriak eskaini ere (podcast plataformak, esaterako).
Instituzioek ere euskarri digitaletara jo dute kostuak murriztu asmoz. Emakunderen aldizkariaren kasuan, salto horrek eragin zuzena izan zuen edukietan; informazio instituzionaletik haratagoko gaiak tratatzen ziren papereko bertsioan, non kolaboratzaileen aniztasuna ere bazegoen. Egun, aldiz, erakundearen informazioa da nagusi atari digitalean. Beste kasu batzuetan, Getxoko Udalak kudeatzen zuen Emekin adibidez, edukiak beste udal euskarri informatiboetara eraman dira.
Atera dugun beste ondorioa da euskararen presentzia handitzen joan dela. Hala ere, jasotako egitasmoetatik 9 dira euskara hutsean eta 18tan euskara eta gaztelaniazko edukiak sartzen dituzte.
Amaitzeko, aztertzeke dago hedabide eta egitasmo komunikatibo hauek ze eragin izan duten kazetaritzaren esparruan edota hizkuntza, agenda edo begirada feminista bultzatzeko garaian, baina, dudarik gabe, frogatu dute badagoela horien beharra. Hori bai, hirugarren sektorean aurkitzen dira gehienak, eta gaur arte izandako proiektu gehienek finantzazio gutxi (Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostiako Udala edo Emakunde bezalako laguntzak agertzen dira), crowdfunding edo merchandising-era jo dute bideragarritasuna lortzeko (Pikara Magazine) edo, besterik gabe, lan boluntarioaz eta sustatzaileen bitartekoez baliatu dira aurrera jotzeko, eta horrek azaltzen du horietako askoren iraupen laburra.
Artikulu honetan, Hego Euskal Herrian izan diren komunikazio-proiektu feministak jasotzen saiatu garen arren, jakin badakigu, badaudela hemen agertzen ez direnak ere. Hori dela eta, eta ahantzi ez daitezen, hemen agertzen ez den egitasmo edo saiorik ezagutzen baduzu, eskertuko genizuke horren erreferentzia helaraztea honako helbide honetara: ikusgaitasuna@gmail.com
Bibliografia
Aldarte (2008): Voces de mujeres en la diversidad sexual, Aldarte Centro Atención a Gays, lesbianas y Transexuales, Bilbao.
Emakunde (2008): Prensa con perspectiva de género, Mujeres y medios de comunicación, Emakunde, 71, 2008ko ekaina, 6-9, http://www.emakunde.euskadi.net/u72-sensibil/eu/contenidos/informacion/sen_revista/eu_emakunde/adjuntos/emakunde71.pdf
Espinosa, Silvia (2010): “Las voces femeninas de la radio de los primeros tiempos”. Icono 14, A4, UAB, Barcelona, septiembre, 179-193.
Fernandez Astobiza, Itxaso (2021): Martxoaren 8a Euskal Herriko prentsan: Interpretazio-markoak eta edukien ezaugarriak. Doktorego-tesia, argitaratu gabea.
Gabriel, Narciso de (1997): “Alfabetización, semialfabetización y analfabetismo en España (1860-1991)”. Revista Complutense de Educación, 1997, 8, vol. 1; Universidad Complutense, Santiago, 199-231.
González Naranjo, R. (2020): Mujer (1931): un intento de prensa feminista republicana española. Cultura De La República. Revista De Análisis Crítico (CRRAC), (4), 133–169. https://doi.org/10.15366/crrac2020.4.007
Gutierrez Paz, Arantza (2021): Mujeres en la radio, apunteak, EHUko Ikasketa Feminista eta Generokoak Masterra, argitaratu gabea.
Gutierrez Paz, Arantza (2009): “Euskal irrati askeak, fanzinetatik audioblogetara”, X Congreso de la Asociación de Historiadores de la Comunicación: De la sociedad industrial a la sociedad de la información, [Bilbo, apirilak 23 eta 24]
Gutierrez Paz, Arantza (2002): Euskal Irratigintzaren Historia, UEU, Bilbao.
Hasan, Valeria F. eta Soledad Gil, Ana (2014): Estrategias del periodismo feministaprácticas y política en la reconfiguración del espacio comunicacional
Lanbroa, Colectivo Feminista (2006): “Apuntes para abrir un debate sobre la situación actual del feminismo”, Lectora, 12: 91-95.
López de la Cruz, Laura (2002): “La presencia de la mujer en la universidad española”; Revista Historia de la Educación Latinoamericana, 4, Bogota, 291-299.
Muntané, Isabel: Periodismo feminista: la apuesta por una intervención transversal y radical, 2019ko abenduaren 10, Revista Idees, 47,
Palenque, M. 2006, “Ni ofelias ni amazonas, sino seres completos: aproximación a Teresa de Escoriaza”, Arbor: Ciencia, pensamiento y cultura, , 719, 363-376 .
Pascual Lizarraga, Jakue (2019): Moviemiento de resistencia. Años 80 en Euskal Herria, radios libres, fanzines y okupaciones; Txalaparta, Tafalla.
Pérez Soler, Susana; Roca Sales, Meritxell (2019). «Lentes violetas: la irrupción de la figura de la editora de género en medios generalistas. Estudio preliminar cualitativo en España y Estados Unidos», Zer, 25(47), 65-83.
Pérez Martínez, José Emilio (2021): “Las radios libres y comunitarias en la España contemporánea (1976-2018): el « soporte sonoro » de la lucha feminista”. Jareño Gila eta Sanz-Gavillon, Otras miradas. Voces y formas de la creación feminista de los años 60 en el Estado español. Bellaterra Ediciones, Barcelona
Laorden, Angeles y Giménez, Pilar: “La mujer en la universidad española”; Papers, Revista de Sociología, nº 9, UAB, Barcelona, pp. 75-88,
María Pilar Rodríguez (2008): Presencias y ausencias de las mujeres en los medios de comunicación; Las mujeres y los medios de comunicación, Emakunde, 71, 2008ko ekaina, 6-9,
Zabaleta , Iñaki, Fernandez, Itxaso; Xamardo, Nikolas, Gutierrez, Arantza, eta Ferré-Pavia (2016): Euskarazko hedabideen errealitatea 2015ean; Euskal Hedabideen Urtekaria, Hekimen, 15-40.
Zilbeti, Maider (2011): Emakume artisten elkarlanerako joera eta emakumeen mugimendu antolatuarekin harremanak. Emakunde.
Mediateka
Agirre, Loinaz, (2021): «Aldarrikatzeko modu bat da Kirolari Gaittun, hemen gaudela esateko», Goierriko Hitza, 2021eko abenduaren 9,
Andra (2019): El periódico feminista ‘Andra, emakumeon ahotsak’ vuelve en formato digital, , 2019ko apirilaren 30.
Begiristain, Edurne (2021): BERRIAk irabazi du Emakunderen aurtengo Berdintasun saria, 2021eko abenduak 22
Drazer, Maricel (2021): El periodismo feminista llegó para quedarse; Deutsche Welle, 2021eko urtarrilaren 1,
Eizagirre Estitxu (2017): Asteazkenean zabalduko da azken amapola more, Argia, 2017ko maiatzak 30,
Irekia (2021): Genero ikuspegiaz egindako kazetaritzari egin dio aitortza 2021eko Emakunde sariak, 2021eko abenduak 21.
Irureta, Onintza (2019) Hedabide feministak agerkari konbentzionalen zulo handia betetzen (I), Argia, 2019ko urriaren 15,
Larrañaga, Julene (2015): Malen Aldalur eta Ana Iruretagoyena, Kitto aldizkari digitala: « Feminismotik hitz egingo duen euskal hedabide bat falta zela ikusi genuen », Gaur 8, 2015eko urriaren 3an.
López, Gloria (2010): Pikara Magazine, el único medio feminista vasco impulsado por periodistas, AmecoPress, 2010eko abundaren 1.
Martiarena, Mirari (2015): Amapola Morea, Gaur 8, https://www.naiz.eus/eu/hemeroteca/gaur8/editions/gaur8_2015-09-26-07-00/hemeroteca_articles/amapola-morea
Pikara Magazine (2015): , ISSN-e 2386-3730, 169-174.
Sarriugarte, Unai (2019): ‘Berria egunkariak’ podcast feminista bat eskainiko du hilean bi aldiz, El Correo, 2019ko azaroaren 21.
Uriarte, Alex (2021): Emakume kirolarien plaza. « Kirolari gaittun » sortu dute Ane Urkirik eta Maddi Garmendiak: emakumeei eta kirolari buruzko Youtubeko podcast saioa. Berria, 2021/11/26.
Urkizu, Urtzi (2015): Feminismoaren inguruko atari bat sortu dute: ‘Klitto!’, 2015eko ekainak 27,
Urkizu, Urtzi (2018): ‘KlittoriKLIK’ telebista saioa estreinatuko du gaur ‘Klitto’ atari feministak, Berria, 2018ko urtarrilaren 4
Urkizu, Urtzi (2019): ‘Huntza’ aldizkari eta irratsaio transfeminista sortu dute. Proiektuak Mundubat fundazioaren babesa du. Hala Bedi irratian entzungo dira programak, Berria, 2019ko urriaren 9
Urkizu, Urtzi (2021): Antxeta irratiak ‘Arduraz komunika dezagun’ dokumentala egin du, Berria, 2021eko urtarrilaren 21
Zaldua, Maddi (2020): Maider Galardi F. Agirre: « Edozein gai feminismotik lantzea da erronka nagusia », Txintxarri, 2020/09/ 25
Etxaniz, Maialen (2019)
Garcia, Adrian (2014): Ahots askoren musika kaxa, 2014ko martxoaren 4, Berrian
EMAROCK “Iragana, oraina eta geroa” dokumentala
Pikara Magazine (2018): ‘O no séra / Edo ez da izango’, también en Pikara Magazine, 2018ko urtarrilaren 26,
Beste iturri batzuk:
Kahlomediaren webgunea
Maite Albiz Emakumeen Dokumentazio Zentroa:
https://emakumeak.org/web/
Fanzinoteka (Sancho el Sabio Fundazioa, Gasteiz):
https://www.euskalmemoriadigitala.eus/bitstream/10357/38936/1/Fanzinoteka.pdf
Txapabloga:
https://blogak.eus/txapa/azaroak-11-txibierroak-uluka
(Konfigurazio arazoengatik oin oharrak ezabatu behar izan ditugu. Jatorrizko bertsioan daude, paperean zein PDFan.)