Arrosa sarea Euskal Herriko euskal irratien sarea da, gaur egun 25 irratik osatzen dutena eta 20 urteko ibilbidea duena. Sarean mota ezberdinetako irratiak daude: gehienak irrati libreak baina baita udal irratiak, interneteko irratiak eta irrati komunitarioak ere. Euskal Herriko 7 herrialdeetako irratiek osatzen duten sareak komunean duen elementu nagusiena hizkuntza da, euskara. Euskarazko edukiak elkarbanatzen ditugu sareko irratien artean eta truke honen bitartez osatzen dira sareko irratien emisio parrilak.
Bi orduko ekoizpen propioko magazin bat ere egiten dugu astelehenetik ostiralera, Zebrabidea izena duena, zeinetan irratiek parte hartzeaz gain berriak, elkarrizketak, kolaborazioak eta abar egiten diren. Mugikorretarako aplikazio bat ere garatua dugu, ArrosApp, bertatik klik batean sareko irratien seinaleak entzun ahal izateko. Azken urtean hainbat podcast ere batu dira sarera, bai irratiek euren programazio-parrilan eskeintzeko eta baita zabalpen edo proiekzio handiago bat izan dezaten ere. 2021ean, hasieran aipatu bezala, 20 urte bete zituen Arrosak eta ibilbide hau islatzen duen dokumental bat egin dugu (laster ikusgai), zeinetan sarearen sortzaileak, koordinatzaileak eta Zebrabideari ahotsa eman zioten eta diotenak agertzen diren haien bizipenak kontatzen.
Historia pixka bat
Arrosa sarea duela 20 urte aurkeztu zen, 2001. urtean Euskal Herria Zuzenean (EHZ) festibalaren baitan antolatutako irratien arteko topaketa batean. EHZ jaialdi hura Nafarroa Behereko Arrosa herrian egin zen eta hortik dator elkartearen izena ere. Sorreratzat maiatzaren 31 hartzen den arren, denboran atzerago egin behar dugu Arrosaren sustraiak topatzeko. Irulegiko irratiak Akitania eskualdeko beste irrati komunitario batzuekin batera topaketa moduko batzuk antolatzen zituen, haien arteko baterajotzeak, eztabaidak eta harremanak sustatzeko. Topaketa hauetara Hegoaldeko hainbat irrati ere joaten hasi ziren eta segituan konturatu ziren zein garrantzitsua zen irrati txikiak elkartzea.
2001eko udaberrian Herria Mugi! ekimenak Joxemi Zumalabe Fundazioko kideen laguntzarekin Herri Mugimenduen III. topaketak burutu zituzten Arabako Barria herrian, esparru ezberdinetako eragile zein kolektiboak batuz. Topaketa hauetan komunikabideen espazio bat ere bazen eta honen baitan irratiena. Euskal Herriko hainbat irrati libre batu ziren topaketa hauetan eta bertan agerian geratu zen gabezia handienetako batzuk irratien arteko koordinazio eta elkarlan falta zirela. Bada, gabezi hauei aurre egin asmoz, Joxemi Zumalabeko kideak topaketa horien ondoren buru-belarri jarri ziren Euskal Herriko irratien arteko sare bat osatzeko orubea prestatzen. Modu honetan, 2001eko ekainaren hasieran lehen batzarra izenda daitekeena burutu zen Hernanin eta ekainaren amaieran aurretik aipaturiko EHZ festibalean aurkeztu zen Arrosa Sarea.
Hauek izan ziren sorrera hartan aurkeztu ziren Arrosa Sarearen oinarriak:
- Euskal Herri osoko irrati ezberdinen topalekua.
- Irrati bakoitzaren izaerari errespetua.
- Irratien arteko elkarlana sustatu.
- Baliabide/ezagutza teknologikoak partekatu.
- Erreferentzia eremua Euskal Herria.
- Euskara ardatz eta oinarri.
Irratien topaleku izateaz gain, Arrosa sareak ekoizpen zentro bat martxan jartzeko apostua ere egin zuen, bertan egunero ekoitziko zen magazin bat hasiz: “Ostarteko balkoia”. Sareko irratien arteko irratsaioen trukea hasi zen, baita bidezko emisio bateratua ere; modu honetan gauzatzen hasi zen Euskal Herri osoko euskarazko irratien arteko sarea.
Lehen inflexio puntua: arazo ekonomikoak
Haize frexkoa ekarri zuen euskal irratigintzara Arrosa sareak, ez soilik eduki berriak eta irratien arteko emisio bateratuak egiten hasi zirelako, baizik eta irrati berriak jaiotzeko apostua ere egina zelako eta pixkanaka-pixkanaka erreferentzia berri bat sortzen ari zelako irrati bat martxan jarri nahi zuen jendearentzat. Jakintza teknologikoen trukaketak ere asko lagundu zien irrati askori, esaterako, ordurarte Internet bidezko emisioa ez zegoen batere hedatua Euskal Herriko irratietan, eta ezagutza teknikoa elkarbanatzeak ahalbideratu zien irratiei streaming bidez ere euren FMko seinaleak hedatzeko behar zen jakintza bereganatzen. Beste adibide aipagarri bat irratsaioen trukerako espazioa erabilgarri jartzea izan zen, Arrosa sarearen webgunea hain zuzen ere. Bertan, podcast hitza gurean erabiltzen hasi aurretik, dagoeneko eskeintzen ziren sareko irratien irratsaioak, nahieran entzuteko.
Arestian aipaturiko ekoizpen zentroa Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean irekitzea erabaki zen, bertan kokatu zen erredakzio moduko bat eta baita “Ostarteko balkoia” magazina egiteko estudiotxoa ere. Proiektuen hastapenetan izan ohi den ilusio eta grinarekin ekin zion Arrosa sareak bere ibilbideari, proiektua bera gauza zedin beharrezko zen finantza bideak zehaztuz eta hauetatik etor zitezkeen diru sarrerek duinki lan egiteko baldintzak sortuko zituela ondorioztatuta. Modu honetan kontratatu ziren bi pertsona magazina gidatzeko eta beste pertsona bat koordinazio lanetan aritzeko. 3 pertsona, 3 soldata, eta ekoizpen zentroaren alokairua, diru dexente alegia. Diru laguntzak murrizten hasi zirenean eta beste finantza bide iraunkor bezain garrantzitsurik ezean, eginiko apostuaren bideragarritasun ekonomikoa zalantzan geratu zen. Diru laguntzekiko menpekotasun estuak egoera oso larrira eraman zuen jaio eta ibiltzen hasi berria den Arrosa sarea. Epe labur batean egoera iraultzeko saiakerak egin ziren eta kuota sistema martxan jartzea erabaki zen, irrati bakoitza ahal zuen neurriko ekarpen ekonomikoa egiten hasi zelarik.
Hilabeteek aurrera egiten zuten eta ez zen inolako bideragarritasunik ikusten egoera ekonomiko larriari buelta emateko. Une zailak bizi ziren Arrosan, proiektua bera kolokan egon zitekeen. Asanblada tentsoak, erabaki gogorrak hartu beharra… eta azkenean iritsi zen zirt edo zart egiteko unea. Ezinezkoa zen ordurartekoa mantentzea eta proiektuaren bihotza salbatzeko apostua egin zuten orduko kideek: ekoizpen zentroa itxi edo lekuz aldatu behar zen, gastuen kopuru handiena murrizteko. Gerora, magazinari berari ere amaiera eman behar izan zioten, irratsaioen trukaketa eta irratien arteko koordinazioa mantentzearen truke.
Arrosako topaketak
Ekoizpen zentroa Hernanira lekualdatzearekin batera “Ostarteko balkoia” magazinak agur esan zuen. Lortu zen, nolabait, proiektua salbatzea eta egoera berrira moldatzea. Baina ez zen hortan geratzen, Arrosa sareak aurrera egin zuen eta erronka berri bati heldu zion: sareko irratien arteko topaketak antolatzea. Topaketa hauek urtean behin izango ziren eta sareko irrati batek hartuko zuen anfitrioi papera. Helburu hirukoitza zuten topaketek: alde batetik sareko irratiko jendearen artean harremanak estutzea, elkar ezagutzea eta elkarrekin egotea. Bigarrenik, eztabaidak, hausnarketak eta formakuntza sustatzea. Eta azkenik, Arrosaren beraren ikusgarritasuna handitzea. Hortik etorri zen topaketen leloa bera ere: “Euskal Herrian bada zer entzun!”, euskaraz genuen irratsaio elkartrukea izugarrizkoa baitzen baina agian jendartearen zati handi batek oraindik ez zuen honen berri, ez zituen ezagutzen sareko irratietan ekoizten ziren irratsaioak eta horri konponbidea jartzeko erreferentzia irabazi beharra zegoen.
Topaketak irekiak eta publikoak izaten dira, edonork parte hartzeko modukoak eta ikasi, jakintzak trukatu eta harremantzeaz gain, ongi pasatzeko tartea ere izaten da topaketetan, irratien arteko “pikea”, kuña lehiaketa edota irrati nobelak osatzen. Nolabaiteko “txute” moduko bat izaten dira, motibazioz betetzeko aukera ematen dutenak.
Bigarren inflexio puntua: Zebrabidea
Arrosa sarea egonkortzen eta erreferentzia irabazten joan zen Euskal Herrian. Garaia iritsi zen hasierako helburuak errepasatu eta erronka berriei ekiteko. Ekoizpen propioko magazin nazional bat egitearen aldeko apostua berrartzea erabaki zen baina oraingo honetan, zerotik hasi beharrean, Gasteizko Hala Bedi irratian jende askoren artean arratsaldero egiten zen “Kantoia” magazina oinarritzat hartuta, pertsona bat saioa egiten jartzea adostu zen. Astelehenetik ostiralera, 16:00etatik 18:00etara, Euskal Herri osoan entzungo zen irratsaio bat egiteko beharrezkoa zen azpiegitura tekniko eta ekonomikoa lortu eta horrela jaio zen Zebrabidea. Magazin honek, gidari bat izateaz gain, kolaboratzaile sorta bat zuen eta aldi berean baita sareko irratien tarteak ere, irrati bakoitzak bere espazioa izan zezan. Ikuspegi nazionala eta euskalki ezberdinak zein tokiko erralitateak entzuteko aukera eskaintzen du Zebrabideak. Izugarrizko lana eta esfortzua izan zen magazin hau egitea baina bere fruituak eman zituen, eta gaur egun ere ematen jarraitzen ditu. Horren lekuko da, esaterako, 2015. urtean irratiko Argia saria Zebrabidearentzat izatea edota pasa den Korrikaren edizioko jarraipena bertatik bertara egin ahal izatea.
Garai berrietara moldatzea
Teknologien garapenak irratia entzuteko modua aldatu du. Gaur egun edukiak nahieran eta norberak ahal edo nahi duen lekuan eskuratzeko baliabideak ditugu eta honek zuzenki eragiten dio irratiari. Izan ere, beti izan da zuzenekoa edota azkartasuna, bapatekotasuna, irratiaren ezaugarri nagusietako bat, komunikabide bezala informazioa zabaltzen lehen medioa izan delako irratia historian zehar. Irudiak irratia hil behar zuela esaten zuten askok, gero Internetek lurperatuko zuela, baina ez da halakorik gertatu. Alderantziz kasik, irratia egiten dugunok garai berrietara egokitzen jakin dugu, teknologiek eskeintzen dituzten abantailak probesten asmatu dugu eta gure mesedetan nola erabili ikasi dugu. Duela 15 bat urte, audioa ia inork erabiltzen ez zuen garaian edo ia entzulerik ez zegoen garaian, Arrosako irratiak dagoeneko hasiak ziren Internet bidez beraien FMko emisioa eskeintzen. Orain, podcast hitza edonon entzuten den garaiotan, etxerako lanak eginda harrapatu gaitu Arrosako irratiak. Izan ere, podcast hitza gurean erabiltzen hasi aurretik sareko irratien edukiak gure webgunean eskeintzen genituen guztientzako eskuragarri. Eta berdin gertatzen da ia guztiok soinean daramagun telefono mugikorrarekin ere, hau izan baita, azken finean, eraldaketa guzti honen oinarria, uneoro konektatuta egotea ahalbideratzen duen gailua. Bada, mugikorretarako aplikazio bat ere garatua dugu ArrosApp izena duena, doan deskargatu daitekeena eta klik batean sareko irratien seinalea entzuteko aukera ematen duena. Azkenik, Arrosako irratiek elkartrukatzen duten eduki guztia ikaragarria denez, modu ahalik eta ordenatu eta txukunenean eskeintzeko berdiseinatu dugu gure webgunea. Alde batetik saio guztiak atalka sailkatuz bilaketa errazago egiteko eta bestetik saio bakoitzera harpidetzeko aukera guztiak era erraz batean eskeiniz. Etengabeko berrikuntza eta eraldaketa prozesuan gabiltza, azken finean gure edukiak ahalik eta gehien zabaltzea ere badelako gure helburuetako bat.
Sarea handitzen eta eduki berriak gehitzen
Hasieran aipatu dugun bezala, Arrosa sarea Euskal Herriko 25 irratik osatzen dute, gurera batzen azkena 2020an Iurretan jaio zen Laixiar irrati librea izan delarik. Hain zuzen ere, beti izan da Arrosaren helburuetako bat tokian toki irrati proiektuak eratzen laguntzea eta daudenak sarera batzea. Esperientzia, jakintza, baliabideak, edukiak edota bestelako laguntza ere eskeintzen baitu Arrosak irrati bat martxan jarri nahi duen ororentzat. Euskal Herrian irrati bat martxan jarri nahi duena ez da zerotik abiatuko, hemen gauzka ahal dugun neurrian laguntzeko.
Zentzu honetan ere ulertu behar dira sareko irrati batzuek FMko lizentziak lortzeko egin zuten saiakera bateratua. Interes ekonomiko eta politikoei erabat loturiko mundua da komunikabideena ere eta emititzeko baimenak lortzea ez da batere erraza medio txiki eta euskaldunentzat. Horregatik, batera indar eginda bultzada handiagoa lortzen denez, elkarrekin aurkeztu ziren 2012an FMko lizentziak lortzera hala erabaki zuten sareko irrati batzuk. Antzera gertatzen da sareko irrati batek arazo edo matxura tekniko bat izaten duenean, segituan agertzen da norbait laguntzeko prest. Neurri batean, sareko irratiok elkar zaintzen dugu.
Benetan aipagarria iruditzen zaigu 2020. urtean, Euskal Herrian, oraindik irrati libreak sortzen direla goraipatzea. Bizirik dagoen herri baten isla da hori, zerbait kontatzeko duen jendea badagoela, herria mugimenduan dela, martxan, antolatua. Baina ez da soilik irrati libre bat sortzea, autogestioan eta “zuk zeuk egin” filosofian oinarritzen jarraitzea da altxor preziatua. Mass-mediek ixilarazi edo gutxiesten dituzten borroka edo ahotsak zabaltzeko tresna propioak sortzea ezinbestekoa da. Aurrerantzean ere hala izango da, seguru asko. Nahiz eta eskura izan komunikatzeko inoiz baino tresna gehiago, kontuan izan behar dugu tresna hauetako askoren atzean eta hauen bitartez, planeta suntsitzeaz gain, gure pribatutasuna galtzen ari garela. Eta horregatik behar ditugu komunikabide propio eta askeak.
Garai berrietara moldatzeko beharraren ondorioz, orain Arrosa ez da soilik irratien sarea, euskarazko hainbat podcast ere batu baitira gurera. Izugarria izan da azken urteetan gurean jaio diren podcast kopurua, seguru asko baliabide tekniko gutxi behar direlako podcast bat egiteko, baina batez ere, lehen aipatu bezala, bizirik dagoen herria delako gurea, zer kontatua dugunaren isla. Beharbada 20 urtetako ibilbidearen ondoren irabazitako erreferentziaren ondorioz, podcast askok guregana jo dute, eta baita guk ere haiengana. Elkar konektatze bat ari da gertatzen mundu digital eta analogikoaren artean: Interneteko podcastak FMko frekuentzietan entzuten dira. Berez horren urrun ez dauden bi errealitate izanik, kondenatuak daude elkar ulertzera eta estereotipoak apurtzen jarraitu behar dugu. FMa ez da zaharrentzat eta sarea gazteentzat. Guztia da guztientzat eta Arrosa sarean ez dugu horrelako bereizketarik egiten. Hartara, Interneten eta Interneterako sortua izan den eduki bat, sareko irrati bati esker sukaldeko irratitxoan entzungo du afaria prestatzen ari den batek, eta alderantziz, zuzenean burutu den irratsaio bat nahieran izango du eskura gure webguneari esker, lanera doan bitartean entzuteko.
Amaitzeko, eta gure webgunean elkartrukatzen ditugun edukien kopuruak goruntz nola egiten duen ikusteko, hona hemen datu batzuk: 2019. urtean argitaratu genituen podcastak 1600 izan ziren; 2020. urtean (pandemia betean!) 2160 eta pasa berri den 2021ean ere antzera, 2046. Honek, batez beste, egunero 6 podcast argitaratzea esan nahi du. Egunero 6 podcast, eta euskaraz. Hizkuntza gutxitu eta herri zatitu zein zapaldu baterako ez da batere kopuru makala! Beraz, badakizue, entzun sareko irratiak edota sar zaitezte gure webgunean eta harpidetu gogokoen dituzuen podcastetara. Euskal Herrian badelako zer entzun, kalitatezkoa eta euskaraz!