Elhuyarren Elia erabiliz lortutako itzulpen automatikoa
en
Urtekaria 2021 | Mikel P. Ansa eta Ainhoa Oiartzabal Azketa (Berria ikasgela)

Hezkuntza gai eta sektore inportantea da BERRIArentzat. Ezinbestekoa baita euskararen transmisiorako eta gizarte kohesiorako. Horregatik, handitu egin nahiko genuke hezkuntzaren alorrean egiten dugun ekarpena. Horretarako sortu dugu BERRIA IKASGELA.

BERRIA IKASGELAn, BERRIAn argitaratzen ditugun eduki batzuk eskolan erabiltzeko moduan prestatu eta eskaintzen ditugu. Alde batetik, ikusten dugulako euskarazko baliabideak falta direla, edo dauden baliabideak oso sakabanatuta daudela, ez direla eguneratzen edo, bestela, ez direla irakasleengana iristen. Beste alde batetik, Euskal Herria erreferentzia izango duten materialak eskaini nahi ditugu, bertakoak, bertako ikasleentzat. Mundua eta aktualitatea jarraitzen duen euskarazko egunkari nazional baten talaiatik.

Eduki hauek eskolan erabiltzeko moduko material osagarriak dira, askotan aktualitatearekin zerikusia dutenak, edo testuliburuetan agertzen ez diren gaiak landuko dituztenak, beti curriculumaren barruan kokatzeko moduan, baina hura beste gaitegi batzuetara zabalduz aldi berean.

Proiektu honekin, bizitza luza diezaiekegu sortzen ditugun eduki landuei, zeren eta uste dugu badirela eduki interesgarri batzuk beste zabalpen bat eta probetxu bat merezi dutenak. Eta bide batez, gaur egungo ikasleei ezagutzera eman nahi diegu gure eguneroko lana, beraien eguneroko zereginetan erabiltzeko moduko materiala eskainiz.

Era berean, hezkuntza komunitatearen eta BERRIAren arteko harremana handitu nahi du proiektu honek: bai irakasle, ikasle eta gurasoekin, bai ikastetxeekin. Beraz, ekarpenak jasotzera erabat zabalik dago BERRIA IKASGELA. Eta batik bat, irakasleenak espero ditugu. Izan ere, irakasleengana iritsi nahi dugu aurrena; uste baitugu haien bidez iritsiko direla edukiok ikasleengana.

 

 

IKASLEAK eta AKTUALITATEA HARREMANETAN, IRAKASLEEN GIDARITZAPEAN

Batez ere 12 urtez gorako ikasleak ditugu buruan, haiei zuzentzen dizkiegu BERRIA IKASGELAren edukiak, baina ez dugu baztertzen, beharbada, lehen hezkuntzako azken mailatako, batxilergoko edo unibertsitateko ikasgela batzuetarako ere erabilgarriak izatea; ikasgela bakoitzeko irakasle bakoitzak erabaki beharko du hori.

Artikuluak ez ditugu sailkatuko adinen edo ikasmailen arabera, uste baitugu eskolatik eskolara eta gelatik gelara aldatzen dela egoera, eta artikulu berak maila diferenteetako ikasleentzat erabilgarriak izan daitezkeela. Honetan ere irakasleek erabakiko dute zer zaien baliagarri.

Artikuluen zailtasunaren araberako sailkapenik ez dugu egin, baina artikuluen estiloa eta zailtasun maila hartu dugu aintzat haiek hautatzerakoan. Hau da, saiatzen gara artikulu errazak, zailagoak, oso teknikoak, jostagarriak, luzeak, motzak... hots, era diferentetako artikulu eta edukiak jartzen BERRIA IKASGELAn. Finean, aniztasuna eskaintzen. Uste baitugu zenbait eduki lantzeko eskaintza oso interesgarriak direla dela ekonomia dela zientzia orrietan argitaratzen ditugun BERRIAren artikulu edo infografia landuak, baina aldi berean, beste zenbait ikasgai edo esparrutan lantzeko moduko artikulu motzagoak, arinagoak (baina ez horregatik hutsalagoak) edota bideo jostagarriak ere erakutsi nahi ditugu BERRIA IKASGELAn. Beraz, eskaintza integrala izatea nahi dugu, eta horretarako, geroz eta eduki gehiago jarri webgunean, hobe. Horregatik, 2022aren urte hasieran zeuden 180 artikuluren zakua handitzea da orain esku artean daukagun zeregina.

BERRIAn argitaratutako edukiak daude BERRIA IKASGELAn, baina gehienetan laburtu egin ditugu, artikuluetan ageri diren kontzeptu batzuei azalpenak erantsi dizkiegu, eta beste batzuetan edukiak osatu ditugu beste artikulu edo euskarri batzuk erabilita. Informazioa zein artikuluetatik jaso dugun zehazteko, jatorrizko bertsioak irakurtzeko lotura zuzenak ageri dira artikuluen bukaeran.

Ez dugu fitxa didaktikorik prestatu, ez dugulako materialgintzaren esparruan sartu nahi, eta gure artikuluek ez dituztelako curriculumerako beharrezkoak diren edukiak edo testuliburuak ordezkatu nahi. Artikulu bera, gainera, gauza baterako baino gehiagorako erabil daiteke. Irakasleen esku geratuko da, beraz, testu horiek nola erabili erabakitzea.

Guk uste dugu testu hauek egokiak izan daitezkeela hainbat gaitasun eta ezagutza lantzeko: testuen ulermena lantzeko, egungo hainbat gairi buruzko eztabaidak sustatzeko, ikasgaiak aktualitatearekin erlazionatzen dituzten munduko zein gertuko albisteen bidez eduki teoriko horien adibide praktikoak jasotzeko... Ikasleek egin behar dituzten proiektuetarako ere erabilgarriak suerta litezke artikulu batzuk, informazio iturri gisa.

EGUNERO BERRITZEN DEN WEBGUNE IREKI BAT

BERRIAn argitaratzen ditugun edukiak hartu, ikasleek eskolan erabiltzeko moduan egokitu eta berria.eus/ikasgela atarian jartzen ditugu. Egunero, ikasgelak zabalik dauden egunetan, igotzen dugu eduki berri bat. Modu ireki eta publikoan dago erabilgarri webgunea.

Azalean, bilatzaile bat du guneak, eta artikuluak bilatzeko aukera ematen du. Motaren arabera bilatu ahal izango dira, eta aukera ematen du albiste guztiak, bideo guztiak, iritzi artikulu guztiak, elkarrizketa guztiak, infografia guztiak eta podcast guztiak zerrendatzeko.

 

 

 

Ikasgaiaren arabera ere bilatu ahal dira artikuluak: Balio Etikoak; Biologia-Geologia; Ekonomia-Ekintzailetza; Filosofia; Fisika-Kimika; Geografia-Historia; Gorputz Hezkuntza; Euskara; IKTak; Kultura Klasikoa; Kultura Zientifikoa; Literatura; Matematika; Musika, Dantza eta Antzerkia; Plastika eta Ikus-entzunezkoak; eta Teknologia.

Baina badira ikasgai batean baino gehiagotan landu daitezkeen artikuluak. Horretarako sortu ditugu bilaketa zehatz batzuk, artikulu batzuetara errazago iristeko. Adibidez: bertsolaritza; emakumeak eta generoa; euskara; gazteak; giza eskubideak; hezkuntza; ingurumena; klima larrialdia; koronabirusa; memoria historikoa; migrazioa; osasuna; eta sare sozialak.

Halaber, beste etiketa zehatzago batzuk ere badituzte zenbait edukik, geografikoki kokatzeko edota gertakari jakin batekin lotzeko, besteak beste.

Etiketa horien guztien bidez bilatu ahal dira artikuluak, baina, horrez gain, hitz jakin bat edozein idatzi eta artikuluetan hori bilatzeko aukera ere badago. Hitz jakin bat bilatzailean sartu eta bilaketa egitean, eremu berri batean sartu eta bertan iragazkiak erabili ahal izango dira, bilaketa fintzeko eta hitz hori iragazki jakin batzuekin batera bilatzeko.

Webgunean azkenak sartu ditugun edukiak ageri dira azalean lehen tokian, kronologikoki ordenatuta. Azkena sartu dugun edukiak ez du zertan izan azken egunetan BERRIAn argitaraturikoa. Izan daiteke duela aste edo hilabete batzuetakoa. Baina baliteke aktualitatearekin zerikusia duelako igo izana, edota besterik gabe, lantzen duen gaia interesgarria dela uste dugulako ikastetxeetan eta gaztetxoen artean lantzeko. Baita ere efemerideek aitzakia ematen dutelako eduki hori erakusteko.

Artikulu batzuk nabarmendu ere egingo ditugu guk tarteka, interesekoak izan daitezkeelakoan. Eta irakasle eta ikasleek gehien erabiltzen dituzten artikuluak ere ageri dira bereizita. Horrez gain, infografiak dituzten edota bideoak dituzten artikuluetara ere zuzenean sartzeko aukera dago.

Bestalde, BERRIAren webgune berezi batzuetarako sarbidea ere jarri dugu azalaren azpiko aldean, ikasleentzat erabilgarriak izan daitezkeelakoan: Badok.eus euskal musikaren atarirako sarbidea; Euskal Herrian gertatzen diren hilketa matxisten mapa eguneraturako sarbidea; Oroiteria 1936ko gerraren eta haren ondorioen kontakizuna egiten duen webgunerako sarbidea; eta Estilo Liburuko esteka, zeinetan euskaraz idazteko irizpide orokor batzuk aurkitu ditzaketen ikasleek.

Webgunearekin batera, buletin bat ere sortu dugu, astean behin webgunean argitaraturiko eduki berriak zeintzuk diren jakinarazteko. Hartara, buletinean harpidetutako irakasleek jakin ahalko dute zer eduki berri dagoen Ikasgelan. Asteartero bidaltzen diegu buletina irakasle harpidetuei. Oraingoz, 800 irakasleri.

Webguneko edukiak ikasgelan nola erabil daitezkeen azaltzeko edo beste irakasle batzuei aholkuak emateko berriz, irakasleen foro bat ere jarri du martxan Ikasgelak.

Helbide elektroniko bat ere badu: ikasgela@berria.eus.

HEZKUNTZA KOMUNITATEAREKIN HARREMANETAN ‘BERRIA IKASGELA’ GARATZEN

Webgunea martxan jarri aurretik hasi ginen hezkuntzaren sektorearekin harremanetan. BERRIA IKASGELA ideia bat besterik ez zenean, 2021aren hasieran, hainbat irakaslerekin izan genituen bilerak. Zer nolako eskaintza egin, nola sailkatu edukiak, kontutan zer hartu... hainbat aholku eman zizkiguten ikastetxe publiko zein ikastoletako Euskal Herri osoko dozena bat irakaslek.

Ekarpen horiek aintzat hartuta ari gara osatzen BERRIA IKASGELA, eta, aurkezpenetan jaso ditugun iradokizunak ere apuntatu ditugu, baliagarriak izango baitira BERRIA IKASGELAk eduki dezakeen garapenerako.

Hainbat aurkezpen egin ditugu 2021eko udazkenean, webgunea martxan jarri aurretik eta ondoren. Borobilduz, 300 lagunekin elkartu gara: Eusko Jaurlaritzarekin, Irungo eta Barakaldoko Berritzeguneekin; Ikastolen Elkartearekin; Ikas-Elkar argitaletxearekin; Nafarroako EIBZarekin; bi webinar bidez BERRIAlagun diren zein ez diren 90 irakaslerekin; Bilbo, Eibar, Donostia eta Gasteizko Iraletako hainbat irakaslerekin; Seaskako ordezkariekin; Heize, EHIGE, Wikipedia, HikHasi, EIBZ, ELA, LAB, Steilas eta hezkuntzako beste hainbat eragilerekin; Durangoko Azokan;... Orain arteko bileretan oso harrera ona egin diote BERRIA IKASGELAri, eta uste dugu horrek eman diola nahikoa berme proiektuari aurrera egiteko eta garatzeko.

 

 

Izan ere, BERRIA IKASGELA hasi besterik ez da egin. BERRIAren hemeroteka egokitu bat izatea baino gehiago izateko bokazioa eta batik bat, potentzialitatea baitauka. Besteak beste, artikulu originalak sortzea, lehen mailako hezkuntzako ikasleei zuzendutako eskaintza edota ikastetxeetan landu daitezkeen kazetaritzari buruzko proiektuak dira mahai gainean ditugun zenbait proposamen.

Orain, webgunea martxan dagoelarik, irakasleek euren ikasgeletan izan dituzten esperientzi errealak jasotzea dagokigu, jakiteko zerk funtzionatzen duen, zerk balio dien, zertan ez dugun asmatu eta batez ere, zer nahiko luketen jaso BERRIA IKASGELAren bidez.

Gaur-gaurkoz, kazetari bakarra dago lanaldi erdiz BERRIA IKASGELA elikatzen eta, proiektuaren lehen pauso hauen bitartez BERRIA IKASGELAk eman dezakeenarekin esperimentatzen. Datozen hilabeteetan BERRIA IKASGELA erabilgarria dela berretsiz gero, espero dugu proiektua zabaltzeko eta hobetzeko bultzada jasotzea bai hezkuntzaren sektoretik bai administrazioen aldetik. Bien bitartean, egunero jarraituko dugu lanean. Egunero berrituko dugu BERRIA IKASGELA. Egunero ikasten delako.