Facebook, albisteak jasotzeko sare sozialik erabiliena
Digital News Report 2016 ikerketako datuek zalantzarako tarte gutxi uzten dute: Facebook da Espainian eta Frantzian albisteak jasotzeko gehien erabiltzen den sare soziala. Aztertutako 26 herrialdeetako batez besteko estatistiken arabera, albisteak online kontsumitzen dituzten 50.000 pertsonen laginetik %44k Facebook erabiltzen du informazioa jasotzeko, YouTube %19k, Twitter %10ek eta WhatsApp %8k.
Alabaina, Oxfordeko Unibertsitateko Reuters Institute for the Study of Journalism-ek beste 7 unibertsitaterekin elkarlanean urtero argitaratzen duen txostenaren arabera herrialde batetik bestera alde handiak daude sareen erabilera informatiboan. Euskal Herriko errealitatetik hurbilen dauden datuei erreparatuta, nabarmentzekoa da Espainian Frantzian baino askoz handiagoa dela WhatsApp eta Twitter erabiltzen dutenen proportzioa. Albisteak YouTube-ren bitartez jasotzen dutenak, ostera, gehiago dira Frantzian
35 urtez azpikoei dagokienez, Google+ ez beste sare sozialak informatzeko erabiltzeko ohitura lagin orokorrean baino errotuago dago bi estatuetan.
Espainiaren kasuan, sare sozialak online albisteak jasotzeko erabiltzaileek lehenesten duten aukera izatera igaro dira 2015etik 2016ra. Izan ere, %39k berriak formatu digitalean jasotzeko bide nagusitzat dituzte sare sozialak, iaz baino 4 puntu gehiago. Notiziak webguneen eta aplikazioen bitartez irakurtzen nahiago dutenek bigarren talderik jendetsuena osatzen dute, %38rekin. Gazteen artean, berriz, erdiak baino gehiagok (%53k) sareak erabiltzen ditu informazio digitala kontsultatzeko.
Mobilaren gorakada nonahi
Hedabideen kontsumoa gero eta gehiago mobilen bitartez egiten dela baieztatzen dute ikerketaren datuek: dagoeneko %58k erabiltzen ditu Espainian, eta %44k Frantzian. Hala ere, bietan ala bietan ordenagailuek gailurik erabilienak izaten jarraitzen dute, inkestatutako hamar inkestatutik sei inguruk astero ibiltzen dutelarik. Tabletak, berriz, aurreko bi tresnetatik urrun gelditzen dira, azken urteetan euren hazkundea nabarmenki apaldu baita.
Gailuen asteroko erabilera Espainian (ezk.) eta Frantzian (esk.)
ITURRIA: Digital News Report 2016
Albisteen iturria aztertzerako orduan ere, joera komunak antzematen dira Bidasoak banatzen dituen bi estatuetan: telebistaren erabilera apaldu egin da azken urtean, eta formatu digitalena indartu. Haatik, Frantzian telebistak berriak jasotzeko modurik hedatuena izaten jarraitzen du, eta Espainian dagoeneko online albisteek aurrea hartu diote ikus-entzunezko formatu tradizionalari.
Albisteen iturria euskarrika, Espainian (ezk.) eta Frantzian (esk.)
ITURRIA: Digital News Report 2016
Albiste digitalak ordaintzeko ohitura gutxi
Halaber, Digital News Report-en arabera, online berrien truke ordaintzeko ohitura Europako iparraldeko zenbait herritan dago errotuen. Hala, Norvegian %27k pagatzen ditu sareko albisteak, eta Polonian zein Suedian, %20k. Datu horietatik oso urrun, Espainian eta Frantzian hamarretik batek baino ez du dirurik gastatzen informazioa format digitalean jasotzeko.