ITURRIA: Observatori de la Producció Audiovisual
Gero eta gehiago, ikus-entzuleen kontsumo-esperientzia ez da mugatzen telebistako saioak pasiboki hartzera, sare sozialen bitartez programen inguruko iruzkinak denbora errealean egiteko ohitura gero eta arruntagoa baita. Hartzaileek bigarren pantailaren bitartez adierazten dute edukieko engaiamendua, eta interakzio mota berri horiek ulertzea (eta monetizatzea) funtsezkoa bilakatu da kateentzat.
Telebistaren eta sare sozialen arteko elkarreragin horri erreferentzia egiteko Social TV kontzeptua hedatu da mundu mailan, eta gaiaren inguruko txosten interesgarria aurkeztu berri du Kataluniako UAB unibertsitateko Observatori de la Producció Audiovisual-ek (Ikus-entzunezko Ekoizpenaren Behategia, euskaraz). Azken horren webgunean azaltzen denez, lanaren helburu nagusia “telebista-korporazioek Social TVaren esparruan egiten duten ekoizpena aztertzea” da. Alabaina, telebista soziala definitzeko orduan ikuspegi kontrajarriak daude bai industrian bai mundu akademikoan, eta kontzeptualizazioari ere arreta jarri dio txostenak.
Bi atal: nazioartetik etxera
Egindako lana bi dokumentutan bildu du OPAk, nazioarteko panorama eta Kataluniakoa bereizita. Hala, lehenengo atalean merkatu anglosaxoiaren, espainiarraren eta katalanaren arteko antzekotasun eta desberdintasunetan arakatzen du, ekoizpenaren nahiz kontsumo ohituren aldetik. Horrez gain, maila akademikoan Social TVa definitzeko orduan indarrean dirauten desadostasunak deskribatzen ditu: ikertzaile batzuentzat telebista beti izan da tresna sozializatzailea eta kontzeptu berriak distantzia fisikoa gainditzeko aukera ematen duten teknologiak (hots, bigarren pantailen bidez erabiltzen direnak) lirateke fenomenoaren berritasuna; beste batzuek, ordea, telebista sozialaren funtsa kontsumo-ohituren eraldaketan dagoela defendatzen dute, hots, erabiltzaileak euren iritziak aktiboki adierazteko aukera ematen duen elkartruke espazioan jartzen dute azentua.
Bigarren atalean, berriz, Kataluniako telebisten inguruko ikerketaren emaitzak aurkezten ditu txostenak, TV3, 8TV eta tokiko telebisten webguneak, sare sozialak eta mobiletarako aplikazioak aztergai izan dituena. Alde batetik, tokiko eta herrialde osoko telebisten arteko mailaketa berretsi dute, eta, bestetik, kateen jardunari buruz hainbat ondorio atera dituzte. Lehenik eta behin, telebistak sareetan profil korporatiboen bitartez presente daudela baieztatu dute, baina “kasu askotan, kontuen erabilera oso murritza” dela gaineratuta. Webguneei dagokienez, nahierako edukiak eskaintzera bideratuta daudela ondorioztatzen du ikerlanak, baina erabiltzaileen parte hartzea sustatzeko tresnen gabezia nabarmendu dute. Halaber, mobiletarako aplikazioak “second-screen espazio bilakatzetik urrun” daudela eta “web atarien luzapena” direla azaltzen du. Ondorioz, Kataluniako telebistak eredu tradizionalaren arabera jokatzen duela eta ikus-entzulea “kontsumitzaile pasibo gisa” hartzen dutela dio OPAk.
Bukatzeko, nabarmentzekoa da ikerketak telebista sozialaren integrazio indizea delakoa (IITS) proposatzen duela, eredu berri horretan kateen jarduna zein punturaino integratzen den neurtzeko pentsatua dena. Horrenbestez, telebisten sare sozialetako profil korporatiboen eguneroko batez besteko ekoizpena, eta webguneen zein mobilerako aplikazioen ezaugarriak balioesten ditu IITS-ak.