Oximoron batekin laburbil genezake egoera osoa kasik: finkoa den aldaketa. Izan ere, 2023ko adierazleei eta 2024ko joerei arreta jarriz gero, digitalizazioarekin batera eskutik helduta datorren etengabeko aldaketaren ideia berresten da nazioarteko kronika honetan; berritasunik ez frontean, zentzu horretan. Digitalizazio prozesuak aurrera darrai eta inoizko zifrarik altuenak bildu ditu Interneteko erabiltzaileen kopuruak: gainditu du bost mila milioien langa.
Laburpen honetan erabiliko ditugun datuak, ondorioak eta iradokizunak hiru iturritatik jaso ditugu: Oxfordeko Unibertsitateari lotua den Reuters Instituteren Digital News Report 2023 (Newman et al., 2023) txostena; jatorri berekoa den Journalism, Media and Technology Trends and Predictions (Newman, 2024) txostena; eta sareko datuak monitorizatzen eta aztertzen aitzindarietakoa den Meltwater enpresak We Are Social enpresarekin batera argitaratzen duen Digital 2023 Global Overview Report txostena (hainbat iturritatik hartzen ditu datuak eta izaera informatiboa dauka soilik). Bakoitzaren ezaugarrien menpekoa da ere bere mundu ikuskera, baina perspektiba orokor bat izateko lagungarri izango zaizkigulakoan gaude.
2023ko azterketek emandako nabarmenena
Reuters Institutek mundu osoko 46 herrialdetan buruturiko inkestetatik (11 Asia-Ozeaniako herrialdeak, 5 Hego Amerikakoak, 3 Ipar Amerikakoak, 3 Afrikakoak eta 24 Europakoak) eratorritako emaitzek erakusten dute bizkortu egin direla egiturazko aldaketak, azken lau urteetako egoera bortitzek (pandemiak eta, txosten honek dioenez, Errusia eta Ukrainiaren arteko gatazkak) bultzatuta, ingurune mediatiko digitalagoetarantz, mugikorren eta plataformen nagusitasunaren ondorioz, eragin zuzena dutenak kazetaritzaren formatuetan eta negozio ereduetan.
Kontsumo ohiturei dagokionez, inkestatuen % 22ak bakarrik nahiago du bere informazio bilaketa webgunetik edo aplikaziotik hasi; 10 puntu jaitsi da hautu hori 2018tik. Europako iparraldeko herrialde txikietako argitaratzaile batzuek tendentzia hau saihestea lortu dute, baina toki guztietako gazteek lotura ahulagoa erakusten dute hedabideen webgune eta aplikazioekiko; sareak, bilaketak edo agregatzaile mugikorrak nahiago dituzte albisteetara jotzeko (sakon aztertu dute hemengo gazteen kontsumoa Garazi Sanchez eta kideek ale honetan bertan argitaratutako Gazteak eta informazioa artikuluan).
Orokorrean, Facebook mantentzen da sare erabilienetakoen artean baina informazioaren eta kazetaritzaren munduan duen eragina beherantza doa, albisteekiko bere fokua urruntzen duen hein berean. Gainera, aurrean ditu Youtube bezalako plataforma egonkortuak edo gazteei begirako TikTok bezalako plataforma dinamikoagoak; azken hau 18 eta 24 urte artekoen % 44ra iristen da merkatu guztietan, eta % 20ra informaziorako erabilpenean. Plataforma honen hazkuntzarik azkarrena Asia-Ozeania, Afrika eta Latinoamerikan erregistratu da.
Informazioari eta albisteei dagokionez, TikTok, Instagram edo Snapchat bezalako plataformetako erabiltzaileek arreta handiena famatuei, eragin-sortzaileei eta sareetako pertsonalitateei eskaintzen diete kazetariei beharrean. Aldiz, Facebook eta X plataformetan hedabideak eta kazetariak dira arreta eta elkarrizketaren erdigunea hartzen dutenak.
Jende andana da eszeptikoa plataformetan eta bilaketa motoreetan ikusten dena erabakitzen duten algoritmoekiko. Herena baino gutxiago da (% 30) esaten duena albisteak jasotzeko modu egokia dela aurretik egindako kontsumoaren arabera algoritmikoki sailkatzen den hori; 2016an galdera bera egin zenetik 6 puntu egin du behera uste horrek. Dena dela, batezbeste, erabiltzaileek algoritmoek egindako albiste sailkapen hau hobesten dute, kazetariek egindako albiste sailkapenaren aurrean (% 27); hortaz, algoritmoekiko kezka hori ardura zabalago baten parte da, albisteen izaerarekiko eta hauek hautatu eta sailkatzeko manerarekiko kezka zabalagoa, alegia.
Nahiz eta uste zabaldua zen Internetek debate demokratikoa hedatuko zuela, gaur-gaurkoz, online albisteetan, iragan hurbilean baino partehartze txikiagoa dagoela nabari da txosten honen arabera. Galdetutakoen bosten batek (% 22) soilik parte hartzen du era aktiboan eta erdiak inguru (% 47) ez du inolaz ere parte hartzen. Erresuma Batuan eta AEBetan, partehartzaile aktiboen ehunekoak 10 puntu baino gehiago egin du behera 2016tik. Herrialde guztien osotasunari begiratuz gero, partehartzaileen talde honetan nagusiki gizonak dira, hezkuntza maila altuagokoak eta iritzi politikoetan partidistagoak.
Albisteekiko konfiantzak 2 puntu egin du behera azken urtean eta zenbait herrialdetan atzera egin dute pandemia garaiko une gorenetan lortutako aurrerapausuetan. Batezbeste, hamarretik lauk diote albiste gehienekiko konfiantza daukatela gehienetan. Finlandia mantendu egiten da konfiantza maila orokor altuenean (% 69) eta, beste muturrean, Grezia agertzen da (% 19), urte gatazkatsua izan duena, prentsa askatasunaren eta independentzia periodistikoaren inguruko eztabaida sutsuak tarteko.
Hedabide publikoak dira konfiantza gehien sorrarazten dutenak Europa iparraldeko herrialde askotan, baina pertzepzio hau indarra galtzen ari da gazteen artean. Hau kontuan hartzeko modukoa da, izan ere, zerbitzu publiko hauek maiztasun handiagoz erabiltzen dituztenek probabilitate handiagoa baitute hedabide publikoak garrantzitsutzat jotzeko maila pertsonalean eta gizarte mailan. Datu hauen arabera, hedabide hauekiko pertzepzio on hori mantentzea oinarrizkoa da geroko zilegitasunari begira, adinez gazteago direnekin bereziki.
Komunikabide tradizionalen kontsumoak, telebista eta idatzizko prentsa, kasurako, beherantza darrai merkatu gehienetan, eta beherakada hori ez da sarean egiten den kontsumoarekin konpentsatzen. Nabari da sareko kontsumitzaileek iraganean baino gutxiago jotzen dutela albisteetara, eta interes gutxiago erakusten dute, gainera. Arazo politiko eta ekonomikoak egonagatik, galdetutakoen erdiak baino gutxiagok (% 48) dio albisteetan oso edo guztiz interesatuta dagoela; 2017an % 63k ematen zion erantzun hau galdera honi.
Bide beretik jarraituz, albisteak batzuetan edo maiz saihesten dituen jende multzoa gehiengo historikoetan mantentzen da: galdetutakoen % 36 da hori. Multzo hau bitan banatu daitekela ageri da txostenean; batetik, aldiro albiste iturri oro saihesten saiatzen direnak daude eta, bestetik, une zehatz batzuetan edo gai batzuen inguruko albisteak ekiditen dituztenak. Saihestearen aldekoak direnek, joera handiagoa daukate kazetaritza positiboa edo aterabideetan oinarritzen den hura interesatzen zaiela baieztatzeko; eta ez, ordea, eguneko istorio handiak direlakoak.
Albisteak irakurri, entzun edo ikus-entzutea nahiago ote duten galdetuz gero, hartzaileek segitzen dute irakurketa jartzen lehen postuan, nahiz eta audientzia gazteagoen joerak iradokitzen duen hurrengo hamarraldian desberdina izango dela sailkapen hau. Testuak bizkortasun eta kontrol handiagoa eskaintzen du informazioa kontsumitzeko orduan eta, batez beste, % 57k du irakurtzea nahiago maila globalean. Salbuespen nabarmena dira India, Tailandia eta Filipinak, hauetan bideoa nahiago baitute beste bien gainetik. Informazioa bideoz jasotzeko joera hazi egin da orokorrean eta eduki gehienetarako sarbidea hirugarrenen plataformen bitartez egiten da, Youtube eta Facebook, bereziki (35 urtetik azpikoen artean TikTok ari zaie gerturatzen bi horiei).
Podcasten kontsumoa iazko zifretan mantentzen da, % 34 izanik hilabetean behin, gutxienez, saioren bat entzuten duena. Genero periodistikoa gutxiengo batek jarraitzen duen arren, badu bere lekua audientzia gazte eta ikasketadunen multzoan eta, horien artean, gaiak sakontasunez lantzen dituztenak eta solasaldi edo tertulia luzeak biltzen dituztenak dira gehien entzuten direnak. Haziz doa ere bideoaz lagunduta doan podcast hibridoarekiko zaletasuna.
Albisteen truke ordaintzeko joera aztertzerakoan, bizimoduaren garestitze globala da testuingurua txosten honetan ere. Era horretan, familia eta etxe partikularretako aurrekontuak presiopean daudenez gero, eta, horretaz gain, erabiltzaileen zati esanguratsu batentzat sareko doako informazioa jasotzea aski denez gero, zantzuak daude online albisteengatik ordaintzeko joera gorakorra egonkortuko dela pentsatzeko. Ordaintzen duten horiek, bestalde, balioa ematen diote edukiaren kalitateari (klik beitaren inbasioaren aurrean); kazetaritza ona laguntzeari; markarekiko duten atxikimendu edota identifikazio politikoari; eta, hein txikiagoan, informazioaz besteko eskaintzari (denbora-pasak eta abar).
Xeheago aztertu dituzten 20 herrialde aberatsenak hartuz gero, % 17k ordaindu zuen sareko albisteen truke, batez beste; aurreko urteko zifra bera dugu hau. Norvegia dago buruan % 39arekin eta, azken muturrean, % 9arekin, Japonia eta Erresuma Batua. Azken urte honetan harpidetza bertan behera utzi dutenen arrazoi aipatuenak bizimoduaren garestitzea eta salneurri altua dira. AEBetan, Alemanian eta Erresuma Batuan, harpidetzarik ez dutenen ia erdiak argi dauka ez duela online albisteengatik ordainduko; horretarako oztopo nagusiak interes falta eta hautemandako balioa izaten segitzen dute.
Herrialdekako merkatuak aztertuz gero, aurreko urteetako eredua errepikatu egiten da; harpidetza digitalen zati handiena hedabide estatal gutxi batzuetan kontzentratzen da eta nagusiki harpidetza bakarra izaten da hori, hedabide handi batekoa. 20 herrialde horietatik lautan bi harpidetza dituzte irakurleek, batez beste: Australian, AEBetan eta Espainiako zein Frantziako estatuetan.
Espainiako Estatuan Internet telebistaren aurretik jarri da
Lehendabizikoz, populazioaren zati handiagoa (% 84,3) izan da sarean nabigatu duena telebista ikusi duena baino (% 83,3) AIMC komunikabideen azterketarako elkartearen arabera. Paperezko komunikabideen beheranzko joerak hala jarraitu du eta egunkari irakurleen kopurua 6 milioitik behera kokatu da. AIMCren arabera, sektoreak bere irakurleen % 60 galdu ditu azken hamarraldian eta sareko ordainpeko albisteetan aurkitu du diru sarrera berria 2019az geroztik; hedabideek emandako datuen arabera, El País da sareko harpide gehien dituena (300.000 guztira, horietatik 264.000 sareko harpidedunak dira soilik). Harpidetzak hazi egin badira ere, sektoreak konfiantza ikaragarria du oraindik publizitateak dakartzan sarreretan. Finantza-presioak behartu ditu argitaratzaile gehienak sareko harpidetza estrategiak sendotzera eta sareko zein papereko edizioak birdiseinatzera.
Bestalde, Espainiako Ikus-entzunezkoen Lege Orokorrak lehenbizikoz arautuko ditu streaming plataformak eta vloggerrak, eta RTVE ente publikoaren aurrekontua handiaraziko du hedatzaile pribatuei zergak igoaraziz (530 milioi eurokoa izan da 2023koa).
Frantziako Estatuan albisteekiko interesa jeitsi da
Albisteekin oso interesatuta daudenen kopurua % 36koa da estatu frantsesean, duela zortzi urte % 59koa zen bitartean.
Digital News report 2023 txostenaren arabera, halakoxea da ere albisteak batzuetan edo maiz apropos saihesten dituztela esaten dutenen kopurua (% 36), berriak alde batera utziz edota scroll eginez (% 24) edo jakinarazpenak ukatuz (% 13). Ordainpeko harpidetza maila baxua izanagatik (% 11), ez da hazkunderik izan alor horretan ere. Alta, ordainpeko eskaintza batzuk arrakastatsuak dira eta inkestatuek, batez beste, bi harpidetza dituzte, globalki arrunta ez den egoera. 547 kazetari dituen Le Monde egunkaria da sareko harpidedun gehien biltzen dituena (ia 500.000), azken urtean % 25eko hazkundea izan duena.
Ikus-entzunezkoen alorrean, bestalde, M6 eta TF1 telebistek batzeko zuten asmoa bertan behera utzi dute autoritateek, Netflix frantsesa izango zen Salto egitasmoa bazterrean geratu delarik. Halaber, telebista lizentziarako urteroko zerga (138€) bertan behera utzi du Frantziako Gobernuak, horren ordez aurrekontu publikoetan partida bat sortuz. Horretaz gain, France TV ente publikoak estatu mailako albisteak kenduko ditu France 3 eskualdeetako katetik, eremuko albiste gehiago eta sareko eduki gehiagoren truke. Aipatzekoa da, azkenik, hedabide handi guztiek klima larrialdiaren aurrean jarduteko hamahiru puntuko agiria adostu dutela.
Bost mila milioi erabiltzailetik gora Interneten
Zortzi mila milioiren langa gainditu du munduko populazioak dagoeneko; horietatik ingurune urbano edo urbanizatuetan bizi direnak % 58 dira ia eta biztanleriaren batez besteko adina 30,6 urtekoa da. Bost mila milioi eta erdi telefono mugikor erabiltzaile bakar daude (telefonoen artean % 95 adimendunak dira) eta antzekoa da Internet erabiltzaileen zifra: bost mila hirurehun eta berrogeita hamar milioi ingurukoa (5,35 mila milioi). Hauek dira Meltwater eta We are Socialen Digital Global Overview Report 2023 (2024ko lehen hilabeteko eguneraketa batzuekin) txostenak jasotzen dituen datuetako batzuk, agerian uzten dutenak digitalizazioaren hedapen maila eta abiadura.
Interesgarria da ere txosten berean jasotzen duten batez besteko kontsumo-denboren banaketa; erabiltzaile bakoitzak, eguneko, medio bakoitzari eskaintzen dion denbora, alegia. Adibidez, Internetaren erabilera 6 ordu eta 40 minutukoa da; denbora-tarte horren barruan kokatzen da sare sozialetan emandako denbora guztia (2 ordu eta 23 minutu), streaming bidez musika entzuten emandakoa (ordu 1 eta 25 minutu), podcastak entzuten emandakoa (49 minutu) edota offline moduekin batera konbinaturiko telebista (guztira 3 ordu) eta prentsa (guztira ordu 1 eta 40 minutu) kontsumitzen emandakoaren zati bat. Azpiko irudi honek adierazten du ondo denbora banaketa hau:
Iritsi direnak eta iritsiko direnak: joerak
Komunikazioaren atmosfera zeharkatu, bete-betean sartu eta azken urtean inoiz ez bezala hedatzen hasi den aurrerapen teknologikoa Adimen Artifizial (AA) gisa ezaguna den baliabide sorta izan da. Nic Newmanek bere Journalism, Media and Technology Trends and Predictions 2024 txostenean esaten duen bezala «teknologia abiada bizian doa, gutako gehienok berau barneratzeko daukagun gaitasuna bera baino arras bizkorrago». Eta horregatik aurreikusten du txosten horren autoreak hedabideen zereginetako bat izango dela AArentzat erreplikatzeko zailak izango diren eduki eta esperientzia berezituak eraikitzea. Horien artean egon litezke landutako zuzeneko albisteak, analisi sakonak, elkarrekintzarako aproposak diren giza esperientziak, eta baita ere testua bera baino lantsuagoak diren audio eta bideo formatu luzeak.
Baina AAren erabileran ere tematu beharko dira, negozioaren eraginkortasuna bilatu beharko baitute ekonomikoki gero eta korapilatsuagoa den giro honetan. Halaber, audientzia desberdinengana indartsuago iristeko modua emango dieten edukien paketatze eta hedatze formatuen lanketan ere zentratuko dira, atxikimendua areagotzeko eta albisteen saiheste selektiboa ekiditeko.
Plataformen ingurune zabalean AAren eragina zein izango den aurreikustea zailagoa zaio arestian aipatutako autoreari. Alde batetik, teknologiarekiko jarrera berrien (hastapenak baitira) bilakaeraren araberakoa izango da eta, bestetik, azelerazionisten eta kolapsisten arteko talka horretan plataformek hartzen duten arduraren araberakoa. Era berean, garrantzitsua izango da jabetza intelektualaren inguruko auziekin zer gertatzen den ikustea, bideak ireki edo itxiko dituzten kasuak egon baitaitezke AA entrenatzeko albisteetako edukia urririk erabiltzearen aferan.
Txostena osatzen parte hartu duten hedabideetako arduradun zenbaitzuren ustez, fidagarritasun gutxiko eduki sintetikoen oldeak kazetaritzaren posizioa indartu eta eduki fidagarrien balioa birkokatuko du. Beste batzuk, ordea, kezkatuta daude jendeak konfiantza osoa galdu dezakeelako informazio guzti-guztian, demokrazia bera kaltetuz mundu mailan. 2024ak zantzu berriak emango dizkigu ikusteko hipotesi hauetako zeinek hartuko duen indar handiagoa eta, baita ere, zein den gobernuek duten prestutasuna AAren erraldoien boterea arautzeko. Duela urtebete pasatxo aurkeztu zuten ChatGPT tresna eta oraindik horrek esan nahi duena, dakarrena, ulertzeko lehen urratsetan gaude. Nic Newmanek aurreikusten duenez, prozesu horrek aurrera jarraitzeaz batera, urte honetan hasiko gara horren aurrean erreakzionatzen; AAren aroko kazetaritzarako bisioa eraikitzen, non gizakiak eta makinak modu produktiboan elkarrekin bizi daitezken.
ERREFERENTZIAK
Meltwater, We are social (2023). Digital 2023 Global Overview Report. Meltwater-We are social. <https://wearesocial.com/wp-content/uploads/2023/03/Digital-2023-Global-Overview-Report.pdf>
Mimenza, L. (2023). 2023ko nazioarteko komunikazio joerak. In H. Castro eta L. Mimenza (Eds.), Euskal Hedabideen Urtekaria 2023-24 (11-34 orr.)
Newman, N., (2023). Journalism, Media and Technology Trends and Predictions 2023. Reuters Institute for the Study of Journalism.<https://reutersinstitute.politics.ox.ac.uk/sites/default/files/2024-01/Newman%20-%20Trends%20and%20Predictions%202024%20FINAL.pdf>
Newman, N., Fletcher, R., Robertson, C. T., Eddy, K. & NielsenR. K. (2023). Reuters Institute Digital News Report 2023. Reuters Institute for the Study of Journalism. < https://www.digitalnewsreport.org/2023>