Elhuyarren Elia erabiliz lortutako itzulpen automatikoa
en
Urtekaria 2021 | Ainhoa Etxebeste Arruabarrena (EITB Podkast atariko koordinatzailea)

2021eko apirilaren 29an ikusi zuen argia EITB Podkast atariak, EITBko podcastak biltzeko guneak, www.eitb.eus/eitbpodkast Interneteko helbidean. Podcastgintzak gure gizartean hartu duen lekuaz jakitun, atari berria sortzea erabaki zuen Euskal Irrati Telebistako zuzendaritzak, helburu hirukoitzarekin: “ad hoc” edo espresuki atariarentzat egindako edukiak sortu; EITBko irratietako eduki zenbait podcast erara eskaintzeko prestatu; eta irrati publikoaren berrogei urteko ibilbidean gure fonotekan gorde ditugun audio eta altxorrak gure fonotekatik modu errazean gizartearen eskura jarri, nahieran eta edukietara harpidetzeko aukerarekin. 2020ko urtarrilean hasi genituen ataria prestatzeko koordinazio lanak.

Gogoeta aldia

Irratigintzaren testuinguruari begiratzea izan zen aurreneko pausoa, irrati tradizionalak urtez urte entzuleak galtzen zituela gauza jakina zelako. Gazteek bereziki, informazioa irrati bidez jasotzeko ohitura galdu dute Interneten alde egiteko. 2019. urtea jotzen da, hain zuzen ere, Interneten garaipenaren urte gisa, sarean igarotako denbora telebista aurrean igarotakoari nagusitu zitzaiolako. Gazteek aukeratu egin nahi dute kontsumitu nahi dutena, telebistan bezala irratian, edo hobe esanda youtuben, ikus-entzunezkoak plataforma horretan bilatu ohi baitituzte. Eta ez da gazteen aukera bakarrik, helduek ere aldatu egin dituzte kontsumo ohiturak. Egun, sakelako telefonoaren bidez egiten da informazioaren kontsumo handiena eta, zer esanik ez, aisialdiko kontsumoa. Aro digitalean murgilduta gaude eta sakelakoa da tresna erabilgarriena irratia online entzuteko nahiz edukiak nahieran kontsumitzeko eta egoera horri ezin zaio iskin egin. Irrati tradizionala eta nahierakoa aldi berean eskaini behar dira, eskura eta kalitatez. Podcastaren formatuak eman zezakeen horretarako bidea, EITBko irratietan bazeuden saiakera bakan batzuk, bereziki eduki tematikoen inguruan, baina ikusgarritasuna eman behar zitzaien eduki horiei atari bakar batean.

AEBetan hamarkada bat zen edukiak podcast formatuan lantzen zituztela, baita Latinoamerikan ere, eta podcast edukiak modu antolatuan erakusten zituzten atari eta agregatzaile edo eransgailuen bitartez. Europan baziren adibide zenbait, BBC Sounds zerbitzua edota Frantziako irrati publikoaren eskaintza, EITB Podkasten gogoeta aldian eraldatzen ari zirenak. Espainiar estatuari dagokionez, RTVEko web gunea zen edukiak eskaintzeko aukera zuena, baina modu nahasian eta erakargarritasun eskasarekin. Aldiz PRISA taldeak sortutako “Podium Podcast” atari pribatua zen edukiak sortu eta goranzko joeran ari zena. Bistakoa zen podcast atarien eskaria egiten zuela gizarteak eta komunikabideak beren edukiak eskaintzeko modu egokiena bilatzen ari zirela. Hartara, eta EITB Podkast ataria sortu nahi bazen, bi mailatan lan egin behar zen: edukiak sortzen eta arlo teknikoan; atariari ikusgarritasun eta erabilgarritasunik handiena eman ahal izateko.

Covid-19

Ezinbestean aipatu behar da Covid-19a, beste esparru guztietan bezala, gogoeta aldia oztopatu zuelako pandemia globalak. Alde batetik, etxeko itxialdiak lan egiteko modua zaildu zuen eta arlo teknikoan behar ziren bitartekoak motz utzi zituen komunikabideen egunerokoari aurre egiteko. Edukiaren antolaketari dagokionez, ordea, barne-gogoeta luzatzea ez zen kalterako izan eta entzuteko edukien kontsumoak ere gora egin zuen konfinamenduaren ondorioz.

 

 

Edukiak aukeratzea

Sei dira EITBko irrati kateak: Euskadi Irratia, Radio Euskadi eta Radio Vitoria, generalistak; eta Gaztea, EITB irratia eta Euskal-Kantak Basque Music tematikoak; eta denek dituzte beren eduki propioak. Horietatik podcast formatura eramatekoak zeintzuk izan zitezkeen aukeratu eta haiek antolatu eta zerrendatzea izan zer hurrengo zeregina. Zirriborro asko eta gero, edukiak bost multzotan bereiztea erabaki zen: jakintza, bizitza, musika, kirola eta aisia-fikzioa.

  • Jakintzak behar zuen izan aurreneko aukera EITBren zerbitzu publikoaren izaerari helduz. Bertan jakintzaren esparru guztietako edukiak kokatuz: kultura, historia, ondarea edota IKT-ak. Berau da eduki kopuru handieneko multzoa.
  • Bizitza atalean, gizarteari dagozkion gaiak kokatzen dira. Elkarrizketak, ongizateri buruzko gaiak, baratzari lotutakoak, kronika beltza eta baita turismoa eta abenturazko jakingarriak ere. Barruan Gaude, Oier Aranzabal kazetariak euskaraz sortutako aurreneko podcasta erakarri genuen bertara, baita gaztelaniazko bere “ahizpa bikia” Estamos Dentro sortu ere, Juan G. Andresek gidatua.
  • Musikaren azpi multzoa da hirugarrena. Eduki asko eta ezberdinak jasotzen dira bertan. Lore hostoak, azpimarratzekoa, euskal musikari erreferenteen biografiako musika eragina jasotzen duena eta Ekain Perez kazetari eta musika adituak bere gonbidatuekin dituen solasaldiak biltzen dutena. Ertzetatik podcastean berriz, Ertzetako musikak jaso nahi izaten ditu Mikel Izarrak, normalean erdigunean egoten ez direnak. Yoko ona podcastean Olatz Salvador eta Nekane Billalabeitia musikariekin aztertzen ditu zenbait gai Ainhoa Vitoriak, emakumezkoen begietatik eta eskarmentutik gidatuta. Eta Pasaiak podcastean, Irantzu Karrerak musikagile edo talde esanguratsuen inguruko erreportaje musikatuak egiten ditu, atalez atal. Musika Klasikoak ere badu berezko podcasta, EITB musikan jarraitzaile ugari dituen tartea da eta. Jasota daude baita ere Del txistu a la Telecaster, Elena Lopez Agirrek Euskal Rock musikaren historia bilduz argitara emandako liburuan oinarrituta osatu zuen irrati saioaren atalak, podcast gisa eskainiak. Jazz musika oinarri duen Fridonia ere topatuko duzue katalogoan.
  • Kirol aktualitateari lotutako saio ugari dago EITBko irratietan, nahiz eta gutxi diren eduki atenporalak edo kirol zehatzei lotutakoak. Momentuz, elkarrizketa biografikoez gainera, txirrindularitza afizionatua aztergai duen Gurpilean podcasta eta surfari buruz sortu berria den Lay day podcastak besterik ez daude.
  • Aisia-fikzioaren multzoa da bostetan azken lekua hartzen duena, ez horregatik garrantzia gutxiagokoa. Alderantziz, bertan baitaude kokatuta irratiari historian zehar berezitasuna eman dioten irrati-nobelak, besteak beste, aipagarria den Xanti, oraindik ere entzunaldi ugari izaten dituena eta aurrerago azalduko ditugun fikziozko podcastak eta audio liburuak.

 

 

Hizkuntza

Atariaren hizkuntzari dagokionez, euskara da oinarrizko hizkuntza edo ardatz-hizkuntza atari osoan, eta horregatik aukeratu ziren bost multzoen izenak, euskarazko ezagutza sakona izan gabe ere Euskal Herriko edozein erabiltzailek identifikatzeko moduko hitzak erabiliz.

Edukiak euskaraz edo gaztelaniaz daude, edukiaren iturburuaren arabera, eta ez da baztertu behar etorkizunean frantsesezko ala ingelesezko edukiak ere sartzea.

Atariaren izendapenari buruz, EITB Podkast ‘k’ hizkiz idaztea erabaki zen, marka gisara, ‘c’-z idazten den podcast formatuaren berezko izenetik aldenduta.

Behin erabaki hauek hartuta, atariaren beraren garapen teknikoari ekin zitzaion, ingeniari, grafista eta teknikarien ezinbesteko ekarpenarekin egun duen itxura eman ahal izateko.

 

 

Aurkezpena

Iazko apirilaren 29an egin zen aurkezpen ofiziala Bilboko Azkuna Alhondegian eta han izan ziren EITBk hasieratik izan dituen podcastetako egileak, euskarazko Barruan Gaude podkast aitzindariaren egile Oier Aranzabal eta Estamos Dentro gaztelerazko “ahizpa bikia” jaio berriarena, Roge Blasco La Casa de la Palabra eta Levando anclas saio mitikoetako kazetaria eta abar. Foro horretan aurkeztu zen baita ere Lokatza, Ainara Lasak, Amagoia Gurrutxagak, Idurre Eskisabelek eta Lorea Agirrek sormena ikuspegi feministatik aztertzeko podcasta.

Udazkenerako iragarriko zen Artxipelagoa fikzio distopikoa zen amua. Xabier eta Martin Etxeberria anaien gidoiaz eta ULU mediak eta EITBk ekoiztuta, Aitziber Garmendia, Eneko Sagardoy edota Iñaki Beraetxe bezalako aktoreak biltzen dituena: 2103. urtean kokatzen gaitu, hiru olatu erraldoik Europa urpean hartu dute, 500 metro igo da itsasoaren maila eta hiri-estatu gisa elkartu dira ur gainean geratu diren gune bakanak, Euskal Artxipelagoa barne. Iazko udaberrian iragarri eta udazkenean ikusi zuen argia. Berezia izan zen aurkezpena, Donostiako Kursaal Jauregiko aretoan argiak itzalita egin baitzen, Xanti Salvador eta Koldo Corellak sortutako soinu inguragarria hobeto sentitzeko.

Bere aurreneko denboraldiko zortzi kapituluek oso harrera ona izan dute, orain arteko milaka entzunaldiek erakusten duten bezala. Mugarri bat ere jarri zen, Spotify-ren eskaintzen barruan Espainiar estatuko eduki nagusienen artean 69. kokatu baitzen urriaren 11n.

Lekukoa hartu dio gero ArteDrama eta Huts antzerki taldeek sortutako Zaldi Urdina antzezlanaren podcasterako egokitzapenak.

Fikzio gisa abiatu berria da ere Irabazi arte telesaileko Nora eta Arenek egiten duten podcasta, emakume kirolari eta erreferenteak elkarrizketatuz osatzen dutena. Nerabeak audiogintzara erakarriko dituen itxaropenez sortu da, EITBko unibertsoan podcastak ere jarriz.

Haurrak audio formatuetara erakartzeko helburua dute baita ere ipuinez osatutako audio-liburuek. Alberdaniaren Lo potolo izan da adibidea, idazle ezagunen kalitatezko ipuinak eta aktoreen kontakizunak uztartzen dituena; edota Ipuin txiki soinu handi podcast bilduma ere, EITBko HIRU klubaren atariarekin elkarbanatzen dena.

 

 

Audio-liburuak

Audio-liburu zenbait eskegita daude EITB Podkasten. Sortu berria zen EITBko laborategiak gidatuta egindako ekarpena izan da, harrera ona izan duena merkatuan horrelako eskaintzarik ez dagoelako. Momentuz esperimentua, baina itsuen komunitateak, adibidez, oso ondo hartu duena.

Agregatzaile edo eransgailuak

Audio-liburuak ezin dira jaitsi edo partekatu egile eskubideekin izan ditzaketen arazoengatik, baina EITB Podkasteko beste eduki guztiak bai. Areago, RSS-aren bitartez, EITBren euskarri teknologikoen aukera ez ezik, agregatzaile edo eransgarri ezagunenetatik saretzeko eta edukietara harpidetzeko aukera ematen da. Hala nola, gazteek gehien erabiltzen dituzten Spotify, Google Podcast, Ivoox, eta Apple podcast, EITBk sortzen dituen audioak ahalik eta hedapen handiena izan dezaten. Egun, Podimok ere eskaintzen ditu EITBren eduki nagusiak bere kasa RSS bidez hartuta, eta sortzen ari diren atari zenbaitek ere azaldu dute interesa euskarazko edukiak eskaintzeko.

 

 

Urte emankorra

Hasi besterik ez da egin EITB Podkast, asko du hobetzeko baina emankorra ere gertatu zaigu aurreneko txanpa. Oier Aranzabalen Barruan Gaude Rikardo Arregi sarietan finalista izan da 2021eko edizioan, Artxipelagoak Argia saria lortu du berriki eta Lokatza podcast feministarentzat izan da podcastgintzako Ondas sarien hizkuntza koofizialen arloko saria, maiatzean Malagan banatuko dena.

Aurrera begira, edukiak sortzen jarraitzea da erronka nagusia. Bidean da Artxipelagoa fikzio distopikoaren bigarren denboraldia eta urratu ditugu entzuteko antzerkiari tartea egiten jarraitzeko bideak. Radio Vitoriaren ekimenez, irrati nobelagintzak Gasteizen urtero izaten duen lehiaketako lan sarituek ere izango dute lekua atarian eta haur eta nerabeen gustagarri izango diren edukiekin ere ez gara ahaztuko, audiogintzara erakartzeko asmo betez. Badago nondik jarraitu.