Elhuyarrek urte eta erdi pasa du hausnarketa-prozesu batean murgilduta, zientzia eta teknologia modu eraginkorragoan gizarteratzeko bideen bila. Lau oinarri finkatu ditu aurrerantzean lan egiteko: CMS bat ezartzea, kalitatea bermatzeko Zientziaren Euskarazko Komunikazioaren Behatokia sortzea, herritarren iritzia jasotzeko baliabideak garatzea eta benetako eraldaketa soziala ekarriko duen zientzia komunikatzeko bide berriak esperimentatzea.
CMS-a eta artxibo bizia
Orain arte, hainbat webgune zituen Elhuyarrek, zientzia eta teknologia hainbat proiekturen begiradatik gizarteratzen zutenak: Elhuyar aldizkariaren webgunea (aldizkaria.elhuyar.eus), EITBrentzat ekoizten duen Teknopolis telebista-saioaren webgunea (teknopolis.elhuyar.eus) eta zientzia.eus. Aldizkariaren webguneak gaurkotasunari erantzuten zion idatzizko formatuan, Teknopolisen webguneak ikus-entzunezkoen bidez gizarteratzen zuen, eta zientzia.eus-ek Elhuyarrek dituen gizarteratze-proiektu guztietan argitaratutako edukia biltzen zuen. Zientziaren eta teknologiaren euskarazko 25.000 edukitik gorako biltegia zen.
Bakoitzak bere funtzioa betetzen zuen, eta horrela elikatu ditu Elhuyarrek urte luzez. Jakinik beti ere, sistema horrekin, neurri batean webguneak elkarren aurka lehiatzen zirela, hainbat alderditan: erabiltzaileen trafikoan eta SEO posizionamenduan batez ere, baina erabiltzaileengan nahasmena sortu eta marka-koherentzia ahuldu zezakeen. Gainera, analitika sakabanatu eta erabakiak hartzea zailtzen zuen.
Horrek bateratze-prozesu baten aukera mahai-gaineratzera eraman gintuen, eta Eusko Jaurlaritzaren Hedabideak deialdiak proiektu komunikatiboak aurkezteko aukera emateak lagundu zuen erabakia hartzen. Elhuyar Zientzia sortu da horrela, zientzia.eus webgunean islatu dena.
Bateratze horretan, urrats bat gehiago ematea erabaki genuen: edukiak kudeatzeko sistema (CMS) bat ezartzea, Code Syntax enpresaren laguntzarekin. CMSarekin, datu-basean jasota dugun idatzizko edukia, irudiak, bideoak, audioak, inkestak eta bestelako baliabide digitalak modu eraginkorrago batean kudea ditzakegu. Maketazio-sistema osatuagoa dugu orain: denbora errealean ikusten da maketazioaren emaitza, eta diseinu-osagai desberdinak txerta daitezke, edukiaren beharren arabera. Izatez, fitxa-eredu bakar batekin formatu guztietako edukiak maketatzea eta eduki multimediak egitea ahalbidetzen du. Maketazio hori papereko aldizkariraino eraman daiteke, nahi izanez gero.
Gainera, editoreari ere lana errazten dio kudeaketa-sistemak: malgutasun handia ematen dio hedabidearen edukiak azalean antolatzeko garaian, edukiari indarra emateko. Lantalde osoa autonomoagoa egiten du, programazio-kodea aldatzen ibili beharrik gabe. Bestetik, eduki automatizatuak ere sortzen hasi gara. Efemerideen atala automatizatu dugu, baina eduki gehiago sortzeko aukera aztertuko da.
CMSa webgunearen diseinu berri batekin osatzea erabaki zen. Batetik, egungo diseinu-joera berrietara egokitzeko, eta bestetik, argitaratutako edukia gaurkotasunari modu eraginkorrago batean erantzuteko antolatzeko. Errea agentzia nafarrari eskatu genion hedabidearen webgunea diseinatzeko. Haien laguntza ezinbestekoa izan zen hedabide dinamikoagoa eta kontrastez beteagoa irudikatzeko, eta zientzia-hedabide espezializatu moduan izan ditzakegun ikuspegi mugatzaileak gainditzeko ere.
CMSa eta diseinu berria ezinbesteko osagaiak izan dira zientzia.eus-en hedabide-izaera indartzeko eta webguneen bateratze-prozesuari benetako etekina ateratzeko. Gaurkotasunari erantzuteko erreminta egokiagoa izateaz gain, hasieratik zientzia.eus-ek zuen bilgune-izaera bera ere indartua atera da: eduki historikoa nahi dugunean azalera ekartzeko elementuak ditugu orain, eta, hala, gaurkotasunari erantzuteko baliabide osagarria bihurtu zaigu artxibo historikoa. Ondorioz, artxibo bizia bihurtu da orain arte biltegi hutsa zena.
Une honetan, edozein unetan ekar ditzakegu gogora bere momentuan esanguratsuak izan ziren albiste zientifikoak. Edo, edozein efemerideri erantzuteko, iraganean jasotako ikuspegiak ekar ditzakegu. Halaber, proiektu desberdinetan gai beraren inguruan landu diren edukiak elkarrekin erakusteko aukera ematen du, ikus-entzunezkoak, audioak, testuak zein ilustrazioak bateratuta.
Diseinu berrian, bestelako elementu berriak ere txertatu dira, eduki digitala kontsumitzeko ohitura anitzei erantzuteko: bideo bertikalak, erraz kontsumitzeko formatu laburrak; iritzi-zutabeak, ahots pluralak bermatzeko; efemerideak, memoria kolektiboa eraikitzen laguntzeko; asteko argazkia, inpaktu bisualaren bidez eragiteko; bloke monografikoak, gai jakin batean sakontzeko eta testuingurua emateko…
Analitikan ere jauzia ematen ari gara: Hekimenek eta Euskal Hedabideen Behategiak sortutako BEHA panelak aberasten ari gara, gure beharretara egokitu eta erabiltzaileen ezagutzan funtzionalagoak izateko. Audientzia hobeto segmentatzeko, haien interesak eta joerak ezagutzeko, webguneko kontsumoaren asteroko analisia egiteko, irakurleek gogoko dituzten gai eta euskarriak identifikatu eta gure jarduna egokitu behar den baloratzeko. Hedabidearen helburuen zerbitzura jarritako erreminta estrategiko bat izan nahi du aurrerantzean.
Eta zuk, zer iritzi duzu zientziaz?
Bateratze-prozesuak beste erronka bati erantzun behar zion, ezinbestean: gizartearen iritzia jasotzeko plataforma bat txertatu nahi zen webgunean. Izan ere, zientzia eta teknologia gizarteratzen dihardugun 40 urteek erakutsi digute zientziak gizartea eraldatzeko gaitasun handia duela, betiere herritarrekin elkarrizketan sortzen bada. Bestela, ez badu herritarren iritzia entzuten, herren geratzen da, eta zientziaren eta herritarren arteko distantzia handitzen joaten da.
Zientzia eta teknologia askotan elikatu dira distantzia horretaz. Boterea eman dio ezagutzaren esklusibitateak. Baina zientzia eta teknologia demokratizatzeak eskatzen du herritar orok haien inguruko iritzia naturaltasunez emateko aukera bermatzea. Areago, hori sustatzea.
Elhuyarren proiektu komunikatibo bateratuak bi erreminta hauek baliatzen ditu, besteak beste, ezagutza demokratizatzeko: 0 km-ko zientzialariei hitza ematea, zientzia eta teknologiaren inguruko diskurtso globalizatu eta homogeneoari uko egiteko eta, honetan ere, euskal ikuspegi propioa garatzeko. Eta herritarrei behin eta berriz iritzia galdetzea.
Hala, astero, landutako edukiekin bat egiten duen galdera botatzen diegu irakurleei. Horrek aukera ematen digu herritarrek dituzten pertzepzioak, iritziak eta kezkak ezagutzeko. Are gehiago, denborarekin, artxibo historiko oso interesgarria emango digu, gai bakoitzaren inguruan dagoen iritzia denborarekin nola aldatzen doan ikusteko.
Zientziaren Euskarazko Komunikazioaren Behatokia
Bateratzearen hirugarren hankak kalitatean jarri nahi du azpimarra. Egiten dugun dibulgazioarekin kritiko izan nahian, Zientziaren Euskarazko Komunikazioaren Behatokia sortu dugu. Euskal Herriko prentsa digitalean zientziari eta teknologiari buruz argitaratzen diren albisteak aztertu ditugu, gure indarguneak eta ahulguneak identifikatzeko.
Hainbat aldagairi erreparatu diegu: besteak beste, berdintasuna, lurraldetasuna, zientziaren zer esparru azaltzen diren, giza eta gizarte-zientzien begirada jasotzen den eta Garapen Jasangarriko Helburu guztiei begiratzen ote zaien. Emaitzek argi erakusten dute non dauden hobetzekoak:
Lurraldetasunari dagokionez, desberdintasun handiak ikusten dira batetik bestera. Gaztelaniazko prentsan, Donald Trump, Elon Musk eta Pedro Sánchez dira aipatuenak zientziari eta teknologiari buruzko albisteetan. Hirurak, Euskal Herritik kanpoko erreferenteak eta gizonezkoak. Euskarazko prentsan, ordea, tokikoak dira erreferente nagusiak: Ana Galarraga, Juan Ignacio Pérez eta Joxerramon Bengoetxea.
Berdintasunari dagokionez, oraindik ere erronka handiak ikusten dira hedabideetan, oro har. Gaztelaniazko prentsan, % 69 gizonak dira eta soilik % 31 emakumeak. Frantsesezkoan, % 63 gizonak eta % 37 emakumeak. Euskarazkoak berdintasunetik askoz ere gertuago daude: % 56 gizonak eta % 44 emakumeak dira. Elhuyar Zientzian, % 47 gizonak eta % 53 emakumeak. Datuek erakusten dute politika editorial berdinzaleak ezinbestekoak direla kazetaritzan, bestelakoan zientziaren eta teknologiaren ikuspegi partziala eta distortsionatua zabaltzen baita gizartean.
Gaiei dagokienez, batez ere teknologiari lotutako albisteak jasotzen dituzte hedabide orokorrek. Neurri apalagoan azaltzen dira ingurumenarekin, bizitzarekin, giza eta gizarte-zientziekin eta oinarrizko zientziekin lotutakoak. Datuek erakusten dute badirela ikusgarritasun mediatiko oso urria duten gaiak: zientziarekin erlazionatutako albisteen % 4 bakarrik dago oinarrizko zientziei lotua –fisika, geologia, matematika…–, nahiz eta haien ekarpena oso handia den ezagutzaren eta teknologiaren garapenean.
Azpimarratzekoa da oinarrizko zientziak direla berrikuntza ororen oinarri intelektuala, nahiz eta beren balioa denbora-eskala luzeago batean ikusten den. Beraz, ezinbestekoa da zientzia hauek gizarteari ikusaraztea. Oinarrizko zientziak baztertzen badira, litekeena da gizarteak zientziarekiko irudi oso produktiboa jasotzea, ulertu gabe zientziak hain berezkoak dituen metodoa, zalantza eta ezagutzaren eraikuntza. Horrek zaildu egiten du ebidentzia zientifikoen garrantzia eta izaera ulertzea, eta, era berean, gizartean zientziarekiko jarrera exijentea sor dezake.
Garapen Jasangarrirako Helburuei dagokienez, zientziari eta teknologiari buruzko albisteek haiekin benetan lotura ote duten aztertu da, eta ikusten da hedabideek batez ere hiru helbururi lotutako albisteak zabaltzen dituztela: berrikuntzari, azpiegiturei eta industriari lotutakoak (9. GJH), krisi klimatikoari lotutakoak (13. GJH) eta osasunari lotutakoak (3. GJH). Isilpean geratzen dira, ordea, pobreziari (1. GJH), goseari (2. GJH), ur garbiari eta saneamenduari (6. GJH) eta genero-berdintasunari (5. GJH) lotutakoak. Datuek erakusten dute trantsizio digitalaren eta energetikoaren markoan kokatzen direla albiste gehienak, eta hedabideek gutxietsi egiten dutela zientziak eta teknologiak justizia sozialari egin diezaioketen ekarpena.
Zientziaren Euskarazko Komunikazioaren Behatokiaren bidez, kalitatezko zientzia-kazetaritza baterako oinarriak jarri nahi ditu Elhuyarrek. Hainbat galdera estrategiko irekitzen ditu euskarazko prentsarentzat: gaien garrantzi zientifikoak eta sozialak agintzen du Euskal Herriko prentsan, ala agenda politiko-ekonomiko globalak eta pertsonaia mediatikoek bereganatzen dute arreta guztia? Zein erreferente sortzen ditu euskal prentsak zientzia eta teknologiaren inguruan? Zer funtzio esleitzen dizkie zientziari eta teknologiari gizartean? Erabaki editorial estrategikoak dira sektorearentzat, hedabideok dugun konpromiso soziala kontuan hartuta.
Zientzia gizarteratzeko modu berritzaileak:
Elhuyarren helburua gizartea eraldatzea da, beraz hausnarketa honen azken helburua zientziaren eta teknologiaren ezagutza gizarteratuz gizartea benetan eraldatzeko bide eraginkorragoak bilatzea izan da. Komunikazio-bide berritzaileak esperimentatzen aritu gara. Hedabide izaera indartu izanak zientzia modu eraginkorragoan gizarteratzeko aukera emango digu, zalantza gabe, eta hori da –eta izango da– gure jardun nagusia. Baina esperientziak erakutsi digu, benetan gizartea eraldatzeko, hedabide huts izatea ez dela nahikoa. Bestelako esperientziak sortu behar dira herritarrentzat.
Hala, gizartearen kezketatik abiatu ditugu azken proiektu berriak. Esaterako, gazteen osasun mentalari buruzko proiektua: Zurrunbiloa.eus. Gainera, gero eta gehiago, beste disziplina batzuetako jendearekin ari gara proiektuak aberasten. Abiapuntu moduan, gaiaren inguruko hausnarketa bat egin genuen, hamahiru aditurekin batera: farmazialariak, psikologoak, psikiatrak, irakasleak, sexologoak, neurozientzialariak, kirol-entrenatzaileak, antropologoak eta osasun digitaleko adituak. Baina, adituez gain, gero eta gehiago aritzen gara lanean tokiko erakundeekin eta bestelako eragileekin.
Esaterako, Zurrunbiloan bertan, gazteak gazteekin hizketan jarri ditugu. Haien bizipenak zuzenean kontatu dituzte, gaztetik gaztera; minak, haserreak eta ilusioak partekatu dituzte, taburik gabe. 536 gazteren iritziak jaso ditugu, gaiaren inguruan duten iritzia ezagutzeko.
Bestetik, gero eta gehiago, herritarren parte-hartzea sustatzen dute gure proiektuek, partaidetza-prozesuak dinamizatzen dituzten Elhuyarreko lankideen laguntzarekin. Herritarrak elkarrekin eta adituekin hizketan jartzen ditugu. Konbentzituta gaude, zientziak gizartea eraldatuko badu, bide honetatik izango dela.

