Kazetaritza munduan bada halako nostalgia bat, urteak daramatzatenen artean. Gaur egun, eta ez da kontu berria, ofizioari zaila zaio bere lekua topatzea: garai batean sortzen zuen lilura apaldua da, negozio eredua zalantzan dago, eta sinesgarritasuna lortzea ez da erraza izaten, batez ere digitalizazioak ekarri duen trafikoaren artean.
Lan egiteko era asko aldatu da bi hamarkadotan. BERRIA sortu zeneko sasoiarekin lot daiteke azkartasunaren lasterketaren hasiera, nahiz eta Euskaldunon Egunkaria-n iritsi ziren Internet zelako baten lehen printzak, tresna hobeak eskura jarrita lan egiteko moduak. Kazetaritza patxada handiagoz egiteko garaia atzean geratu da hein handi batean, nahiz eta berehalakotasunaren perspektiba geldoago hori denborak eman duen. Alegia, kazetariak beti dauka presaka eta korrika, itota dabilelako irudipena: bai atzo eta bai gaur. Baina papera soilik zegoen garaitik digitalera igarotzean, albisteak lehenbailehen klikagarri jartzeko premia iritsi da, eta keinu huts horrek aztoratu egin du kazetaritza mundua.
Digitalizazioak lan egiteko modu bat irauli du, baina kazetaritza bera ere bai? Informazioa begirada kritikoz, zorrotzez eta ausartez emateak zentzua galdu al du gure gizartean? Aro digitalak negozio eredua aldatzera derrigortzen du, eta ofizioa berrasmatzera, beharbada, baina inoiz baino garrantzitsuagoa da, dena informazioa dela pentsatzen dugun garaiotan, kazetaritza egitea gure eskura dugun informazioarekin, eta, ahal bada, kazetaritza hobetzeko erabiltzea digitalizazioa.
Kazetariak jendeari gertatzen zaizkionak kontatzen jarrai dezan, kale kazetariak behar ditugu, kontatzeko zain dauden albiste horiei adi egongo den jendea, egunerokoari begira. Herritarrentzat interesgarriak diren edukiak gerturatzea, eta interesekoak izan daitezen funtzioari eustea. Berriemaile onak behar dira, ez dadin mundu birtualik sortu lainoan, gauzak gertatu gertatzen baitira, gure inguruan ere. Izan dadila sarea, gurean, gure gertukoan bizi izandakoen erakusleiho erakargarria. Balia ditzagun aro digitalak eskaintzen dizkigun tresnak mundua hobeto ulertzeko, baina ez dezagun haren esku utzi mundua.
Begirada propioz begiratuko duten profesionalak behar ditugu, albisteak manipulatu eta makillatu gabe, zehatz, zorrotz, argi eta ulerterraz emango dituztenak. Iturriak zainduz eta datuak kontrastatuz. Hartzaileak, informazioa jasotzeaz gainera, horri buruz eztabaidatzeko tresnak izan ditzan, ikuskera kritikoa gara dezan. Eta hor dauka prentsa idatziak erronka: kalitatezko informazioaren alde lan egitea beste aukerarik ez du, eta elkarrizketa eta parte hartzea sustatzea, norabide bakarreko kazetaritzarekin apurtzeko. Sare sozialen nahas-mahasa, azkartasunaren arriskua, albiste faltsuen pozoia, zentsura eta adimen artifiziala ezagutu behar ditu, bere burua kokatuz eta inguratzen duen mundua ulertuz, kalitatean urratsak egiteko.
Zerk eta kazetaritzak, ezin dio-eta ihes egin ulertu ezin direnak ulertarazteari. Eta itsu-itsuan Interneten komunikabideek izan ditzaketen bisiten neurrira egiten badugu kazetaritza, gain behera jartzeko arriskua daukagu. Behar bezala informatzeko betebeharra galtzen badugu. Gertaeren ahalik eta kontakizun zintzoena egiteari uzten badiogu. Irakurle, entzule eta ikusleak seduzitu behar ditugu, haien konfiantza eskuratu eta gurean mantendu.
Nola egin hori?
BERRIA sortu zenez gero, eta lehenagotik Euskaldunon Egunkaria, hainbat prozesu egin izan dira bide horretan, aldian-aldian dauden erronkei heldu eta aurrera egiteko. Prozesuetarik handiena azken bi urteotan gertatu da. Pandemiaren aurretik ere egina genuen beste bat, zeinarekin martxan jarri genuen Sarean fite, albisteak gertatu ahala lehenik sarera eramateko prozesua, eta orduz gero, paperera ez ezik, sarera ere bideratuak genituen indarrak. Orain atzera begiratuta, agerikoa da prozesu hura zetorrenaren atarikoa izan zela: digitalean beste urrats bat egiteko premia zegoen, eta halaxe egin dugu.
Eta nola egin dugu?
Aldaketa batek arrakasta izango badu, ezinbestekoa da aldatuko dutenen parte hartzea, konplizitatea eta ilusioa, ez dadin lau iluminaturen ideia frustratuetan gera. Hori dela eta, adin eta arlo bateko zein besteko lankideak hainbat taldetan nahastu ziren: kazetariak, diseinatzaileak, zuzentzaileak, teknikariak, publizistak eta marketinekoak. Galdera bati erantzun behar zioten: Gaur egun egunkari nazional bat hutsetik egiten hasiko bagina, zer-nolakoa behar luke?.
Aldaketak integrala behar zuela argi geneukan, nahiz eta bagenekien zaila izango zela. Gai izango ote ginen aldaketa guztiak aldi berean egiteko. Hau da, paperezko egunkariaren edizio sistema aldatu, papereko diseinua berritu, webgunearen edukiak kudeatzeko sistema aldatu, webgunearen diseinua berritu eta aplikatu, lan fluxuak aldatu (dena lehenik edizio digitalerako sortuz), erredakzioaren antolaketa eta funtzionamendua aldatu (lantaldeak, funtzioak, ordutegiak)... Ez da erraza izan, gauza berri asko erabiltzen ikasteko ahalegina eskatu baitu, baina lortu dugu, batik bat lantaldearen konpromiso eta gaitasunari esker. Halaber, dena batera egitea merezi izan du, aldaketari osotasuna, sakontasuna, koherentzia eta eraginkortasuna eman dizkiolako. Aldaketa horiek guztiak, helburu bakarra lortzeko: euskaldunoi kalitatezko informazioa modu eraginkorragoan eskaintzea.
Zer eskaini eta nola. Nori begira. Nola erakarri gazteak, nola erakutsi gure gaitzat dauzkagunak?
Euskara, hezkuntza, feminismoa, ingurumena... Nola indartu hasitako bideak podcastetan edo ikus-entzunezkoetan? Nola iritsi hobeto azken orduetara? Eta nola eman albiste landuagoak eta osatuagoak digitalean? Albiste hutsez gainera, nola jantzi iritziekin, analisiekin gaur-gaurko gertaerak? Era berean, nola hobetu lan baldintzak, kazetaritza lanbide prekarizatua bilakatu nahi ez bada? Kanpoan salagarri zaizkigun egoerek ez baitute lekurik barruan. Alferrik ariko ginateke bestela.
Bizi dugun aldi konplexu honi erantzungo dion kazetaritza egitea baita gure lana. Mundua eta Euskal Herria hobeto ulertzen lagunduko duen kazetaritza, injustizia oro agerian utziko duena. Gure garaiko erronkei erreparatuko dien kazetaritza: feminismoaren begirada, klima larrialdiaren begirada, eta gutxituen eta baztertuen begirada landuko dituen kazetaritza. Euskal Herritik euskal herriarentzat, jendearen kezketatik gertu. Desinformazioaren aurrean konfiantzari lekua egingo diona. Independentea, menpekotasunik gabea.
Interesatzen zaigun informazioa emateko orduan, edukien aurkezpena eta edukien arteko nabigazioa argiagoa eta ordenatuagoa da diseinu berriari esker, eta aukera berriak ematen ditu, besteak beste, orrialdea pertsonalizatzeko gustuko gaien edo egileen arabera. Eta irakurgarri ez ezik albisteak entzungarri egitea ere hobetsi dugu, ahots sintetikoa erabiliz, batetik, eta podcasten bidea landuz, bestetik. Orain arteko eskaintzaz gain, Berriketan podcasta martxan jartzea erabaki genuen, astean hiru aldiz, aktualitateari hainbat ertzetatik heldu ahal izateko.
Hori da aldaketen muina, baina, hori guztia bideratzeko, ezinbestekoa izan da komunitatea aintzat hartzea. Publizitatea diru iturri garrantzitsua izango da aurrerantzean ere, instituzioen diru laguntzak ere bai, baina BERRIAren eta irakurleen arteko konpromisoan sakondu nahi dugu, betidanik izan den lotura emozionalean, haiengatik baitaukagu guk zentzua, eta haiei zor diegu guk daukagun onena ematea.
BERRIAk handitu egin nahi du ekonomikoki babesten duen komunitatea; izan ere, aurrean dituen erronkei eutsiko badie, funtsezkoa du kide berriak erakartzea proiektuaren bideragarritasuna eta independentzia bermatuko dituzten irakurle konprometituen komunitatera, 3.000 kide berri 2025erako.
Euskarazko egunkari nazionala, Euskaldunon Egunkaria-tik hasita, herri ekimenetik sortu zen, eta harpidetzak izan zituen sostengu nagusi hasiera hartan. Ezinbestekoa zen harpidetzaren salmenta bidea, huraxe baitzen ezinbestekoa irakurleen diru sarrera iraunkorrari eta ondorioz proiektuaren bideragarritasunari eusteko. Halaxe eutsi zion BERRIAk ere Egunkaria bortizki itxi ostean: herritarren harpidetza bidezko sostenguari esker. Egunkariak izan zituen 11.000 harpidetzak berdintzera ailegatu zen BERRIA sortu berritan.
Kazetaritzak eta digitalizazioak urrats berriak egin dituzte azkeneko hamarkadetan, eta BERRIAk jakin izan du hor kokatzen, bai kazetaritza ikuspegitik eta bai negozio ereduari dagokionez; 2011n, munduko egunkariak webguneei ordainpeko murruak jartzeko erabakia hartzen hasi zirenean, BERRIAk erabaki zuen, gogoeta sakon baten ondoren, euskararen zabalkundea, normalizazioa eta biziberritzea helburu izanik funtsezkoa zela egunkariaren edukiak libre ematen segitzea, euskaraz irakurri nahi zuten irakurleei hesirik ez jartzea. Orduantxe erabaki zuen BERRIAk, hedabideen diru sarreren paradigma berri hura ikusirik, doakotasunari eustea baina irakurleei, sarekoei bereziki, irakurtzen zutenarekiko konpromisoa eskatzea, BERRIAlagunaren kontzeptua sorturik.
Aitzindari izan zen bide hori urratzen, eta hura abiatzeari esker eutsi ahal izan dio neurri batean BERRIAk —munduko egunkari guztiek bezalaxe— paperezko harpidetzetan izan duen jaitsierari. Irakurleak baitira diru iturri nagusia: BERRIAlagunen ekarpenen, papereko harpidetzen eta kioskoko salmenten bitartez lortzen dira diru sarreren %39. Joera izanik kioskoetako egunkari salmentak eta harpidetzak urritzea, BERRIAk ezinbestekoa du proiektuari ekarpena egingo dion komunitatea luze gabe handitzea eta engaiatzen segitzea, proiektua ekonomikoki babestuko duten kide berriak egitea. Izan ere, euskarriak aldatuko dira, baina euskarazko informazio nazionalak plaza hartzen segituko badu, herri ekimenez sortutakoa iraunaraziko badu, herri bat beharko du oinarrian.
Horretarako, gakoak izango dira 2024a eta 2025a, eta dinamika sendo eta jarraitua artikulatuko du BERRIAk helburu hori lortzeko; gazteak proiektura engaiatzeko kuota bereziekin, komunitatearen parte hartzea areagotuz, webguneko irakurleen zerbitzua hobetuz eta proiektua babesten duten BERRIAlagunei edukien esparruan ere abantailak eskainiz.
Egunerokoan herritarrek denbora jakin bat dute informazioa eskuratzeko, eta lortzeko bideak asko ugaritu egin dira. Betekada horrek anestesiatu egiten gaitu maiz, eta arreta galtzen dugu benetan garrantzitsuak diren edukiak jakin-mina pizteko arinkeriaz janzten direnean. Horregatik behar dugu kazetaritza ona beharrezkoa dela sentituko duen komunitate bat, zeinak zentzua emango dion euskal herri euskaldun, justu eta berdinzalea eraikitzeko egunero egiten dugun ahaleginari.