Elhuyarren Elia erabiliz lortutako itzulpen automatikoa
en
Urtekaria 2019 | Andrea Aramburu Goienetxea, Maider Arrocha Herrero, Xabier Perez Vitoria, Aitor Zuberogoitia Espilla (Mondragon Unibertsitatea)

Lan honek Euskal Herriko gazteen musika eta entretenimendu-edukien kontsumoa ikertzen du, euskarazko eskaintzan sumatzen dituzten hutsuneak identifikatzeko asmoz. Lau bide baliatu dira informazioa biltzeko: nazioarteko irrati musikalen programazioaren eduki-analisia, talde-eztabaida Euskal Herriko gazte batzuekin, behaketak Espainia eta Kataluniako hiru irratitan eta elkarrizketak irrati horietako arduradunekin. Informazio horren argitan zortzi ataletan banatutako proposamena landu da Gaztea irratiarentzat, irudiaren aro digitalean Euskal Herriko gazteekin daukan konexioa areagotze aldera.

 

 

Sarrera

Digitalizazioak aldaketa nabarmenak eragin ditu komunikabideetan. Ikus-entzunezko hedabideek beraien formatuak berritzeko beharra izan dute aldaketotara egokitze aldera eta euskarazkoak ez dira salbuespena izan. Kinka horretan, lan honen1 erronka nagusia da esploratzea zertzuk aukera izan ditzakeen euskaraz eta propio gazteentzat diharduen Gaztea irratiak irudiaren aro digitalean Euskal Herriko gazteekin daukan konexioa areagotzeko. Horretarako, alde batetik, irrati musikalek gainerako musika-plataformekiko dituzten indarguneak identifikatu ditugu lehenik. Euskal Herriko gazteen entretenimendu-premiak ikertu ditugu ondoren, ohiko eskaintzaren edukiak eta digitalizazioak ekarritako kanal berriak kontuan hartuta. Horrez gain, Euskal Herritik kanpoko irratiek estrategia digitala nola burutu duten ere aztertu dugu.

Honako hauek izan dira abiapuntu modura baliatu ditugun ikerketa-galderak:

1. IG.: Zeintzuk dira entzule gehien dituzten nazioarteko irrati musikalen ezaugarriak? Zein toki du musikak irrati horietan?

2. IG.: Zerk bultzatzen ditu Euskal Herriko gazteak musika irratian kontsumitzera?

3. IG.: Komunikabideek eta plataformek eskaintzen duten entretenimenduzko zein eduki kontsumitzen dute gehien Euskal Herriko gazteek?

4. IG.: Zein hutsune sumatzen dute gazteek gaur egungo entretenimenduzko euskal edukien eskaintzan?

5. IG.: Nola erabiltzen du irratiak irudia nazioartean?

Behin informazio hori bilduta, Gaztearentzako proposamen-sorta bat zehaztu dugu, digitalizazioaren eta irudiaren arorako bere trantsizioan laguntzeko asmoz.

Metodologia

Lau teknika konbinatu ditugu ikerketa-lanean: eduki-analisia, talde-eztabaida, behaketak eta elkarrizketak. Lehenik eta behin, nazioarteko bederatzi irrati esanguratsuren eduki-analisia egin dugu entzule gehien dituzten nazioarteko irrati musikalen ezaugarriak identifikatzeko, musikak irrati horietan zein toki duen jakiteko eta irratiak nazioartean irudia nola erabiltzen duen ezagutzeko. Lau egunez, 2019ko apirilaren 11tik 14ra (ostegunetik igandera), irrati hauetako edukia aztertu dugu:

 

 

Hau da, bestalde, eduki-analisia egiteko baliatutako txantiloia:

 

 

Eduki-analisiaren bidez, lehenengo eta bosgarren ikerketa-galderak erantzuteko informazioa bildu nahi izan dugu (1. IG: «Zeintzuk dira entzule gehien dituzten nazioarteko irrati musikalen ezaugarriak? Zein toki du musikak irrati horietan?»; 5. IG: «Nola erabiltzen du irratiak irudia nazioartean?»); bi ikerketa-galdera horiek erantzuteko behaketaren eta elkarrizketaren teknikez ere baliatu gara.

Horrez gain, gainontzeko hiru ikerketa-galderei erantzuteko talde-eztabaida antolatu dugu: 2. IG: «Zerk bultzatzen ditu Euskal Herriko gazteak musika irratian kontsumitzera?»; 3. IG: «Komunikabideek eta plataformek eskaintzen duten entretenimenduzko zein eduki kontsumitzen dute Euskal Herriko gazteek gehien?»; 4. IG: «Zein hutsune sumatzen dute gazteek gaur egungo euskal entretenimenduzko edukien eskaintzan?». Talde-eztabaida hori Bizkaiko, Gipuzkoako, Nafarroako eta Lapurdiko 20 eta 25 urte bitarteko zazpi gazterekin egin genuen 2019ko apirilaren 15ean Donostiako EHUren campusean.

Azkenik, ikerketa biribiltzeko Madril eta Bartzelonako hiru irrati bisitatu genituen 2019ko maiatzean, haietako bakoitzean erabiltzen duten lan-metodologia eta estrategia-digitala ezagutzeko asmoz. Ondorengo taulan zehazten diren elkarrizketa eta behaketak egin genituen irratiotan.

 

 

 

Emaitza azpimarragarrienak

Lanaren hasieran adierazitako ikerketa-galderetara itzultzeko garaia dugu honenbestez, landa-lanean haietako bakoitzari buruz zer informazio lortu dugun aztertzeko.

      1. Zeintzuk dira entzule gehien dituzten nazioarteko irrati musikalen ezaugarriak? Zein toki du musikak irrati horietan?

        • Nazioarteko irratiek dituzten musika-programen aurkezleak zein estariak, musikan adituak dira; are gehiago, askotan musikariak dira aurkezleak.
        • BBC Radio 1 eta NPR irratietan musikari gonbidatuek zuzeneko emanaldiak egiten dituzte estudioan eta Youtuben argitaratzen dituzte gero. Horrez gain, zuzeneko horien bideo-pilulak sare sozialetan eta haien webguneetan bistaratzen dituzte.
        • Musika, sareetako erabiltzaileak gerturatzeko amua da irrati askotan. Hau da, artista musikalak grabatzeak eta haien bideoak online argitaratzeak arrakasta izan ohi duela gehienetan: elkarrizketak, challenge-ak, lehiaketak, txutxu-mutxuak…
        • Los 40, NRJ edo BBC Radio 1 irratietan beraien marka eta komunitatea sendotzeko helburuarekin hainbat ekintza eta ekitaldi egiten dituzte estudiotik kanpo: kontzertuak, jaialdiak, tailerrak…
        • Flaixbac irratian, nazioartean arrakasta lortu duten artisten abestiak jartzeaz gain, bertako artisten abesti-sorta zabalari ere lekua egiten diote antenan eta sarean: Kataluniako star system-ak parte-hartze eta presentzia handia du bertan, irratiari babesa erakutsiz. Horrek, aldi berean, komunitatea sendotzen duela uste dugu.
        • Azkenaldian irrati askok digitalaren aldeko apustua egin dute; musika, gai edo estilo zehatz bati doa lotuta orokorrean. Adibidez, Los 40 irratiaren kasuan, hainbat irrati-kate digital eskaini dituzte esklusiboki webgunean edo aplikazioan kontsumitzeko: Los 40, Los40 Classic, Los40 Party, Los40 Latin edota Los40 Working dira online irrati-kateen proposamenak.
        • KEXP bezalako irratiek, bestalde, musika-programa tematikoak lantzen dituzte. Hau da, programa bakoitzean musika-estilo jakin bat jartzen dute, entzule jakin batengana heltzeko helburuarekin. Adibidez, 90.TEEN gazteek ekoitzitako programa da eta esatariak DJ gazteak dira; beraz, programa hori musika elektronikoa gustuko duten gazteek entzungo dute.
      2. Zerk bultzatzen ditu Euskal Herriko gazteak musika irratian kontsumitzera?

        • Talde-eztabaidan esanikoen arabera, musika irratian kontsumitzeak duen balio erantsia hurrengoa da: abestia entzuterakoan, artistaren inguruko informazioa jasotzea. Hau da, artistaren ezaugarriak, abestiaren zein diskoaren inguruko informazioa edota hurbileko ekitaldien (kontzertu edo jaialdien) inguruko gorabeherak jakitea gustatzen zaie Euskal Herriko entzuleei.
        • Gazteen ustetan, irratiaren indarguneetako bat eskaintza zabala da. Badaude abesti asko ezagutzen edo oroitzen ez dituztenak eta irratiak musika horrekin konektatzeko aukera eskaintzen die.
        • Gazteek diote musika entzuteko hautua egiten dutenean eta zer entzun garbi ez dutenean, irratia aukera ona dela.
        • Talde-eztabaidako kide batzuek aitortutakoaren arabera, gazteek irratia entzutearen arrazoietako bat da Internetik ez dela kontsumitzen. Hau da, irratiak autoan edo Internetik heltzen ez den lekuetan musikaz gozatzeko aukera ematen duela.
      3. Komunikabideek eta plataformek eskaintzen duten entretenimenduzko zein eduki kontsumitzen dute Euskal Herriko gazteek gehien?

        • Streaming plataformak izan ohi dira Euskal Herriko gazteentzat entretenimenduzko ikus-entzunezko edukiak jasotzeko euskarriak. Batez ere, azpimarragarria iruditzen zaigu fikzioa kontsumitzeko garaian Netflix bezalako plataformekiko egiten duten hautua.
        • Telebistari dagokionez, nabarmentzekoa da euskal gazteek fikzioa ez dutela orokorrean telebistan kontsumitzen. Jarraitzen dituzten telebista-formatuak reality show-ak, talent show-ak, docureality-ak eta erreportajeak dira. Besteak beste, El conquistador del fin del mundo, GH VIP, Maestros de la costura edo Callejeros viajeros bezalako produktuak dira talde-eztabaidako gazteen artean gehien kontsumitzen direnak.
        • Euskal Herriko gazteek gustuko dute sare sozialen bidez bideo motzak kontsumitzea; normalean, Instagram, Youtube edo Facebookeko kontuetan eta eguneroko bizitzarako aholkuen ingurukoak. Bideo horiek duten arrakasta iraupen laburrean oinarritzen da. Talde-eztabaidan, Tasty, 5 minute crafts eta Makeup tutorialak aipatu ziren, besteak beste.
        • Talde-eztabaidako hainbat partaidek adierazi zuten youtuberrak eta telebistako edo irratiko programak ikusten dituztela Youtube bidez. Adibidez: Gente maravillosa edo La Resistencia.
      4. Zein hutsune sumatzen dute gazteek gaur egungo entretenimenduzko euskal edukien eskaintzan?

        • Talde eztabaidako kideek aitortu zutenaren arabera, diru-kontuak direla eta Euskal Herrian sortzen diren edukiak kalitate eskasekoak iruditzen zaizkie. Beraien ustez diru eta denbora gehiago inbertitu beharko litzateke euskal fikzioan. Euskal fikzioan oso hutsune handia dagoela ondorioztatu zuten partaideek, Katalunian ekoizten diren fikzioak erreferentzia bezala hartu beharko liratekeela erantsita.
        • Euskal Herriko gazteek sumatu duten hutsuneetako bat da nazioarteko edukiak ez direla euskaraz eskaintzen. Parte-hartzaile guztien ustez euskal entretenimenduaren egoera asko aldentzen da nazioarteko egoeratik. Orokorrean, parte-hartzaileek aitortu zuten gustatuko litzaiekeela El conquistador del fin del mundo, La voz, Callejeros viajeros eta beste hainbat talent edo reality show euskaraz ekoiztea.
      5. Nola erabiltzen du irratiak irudia nazioartean?

        • Irratietako adituak elkarrizketatu ondoren ondorioztatu dugu sare sozialetan eduki iraungikorra bistaratu behar dela, azkar kontsumitzen delako. Horrez gain, garrantzitsua da jakitea sare sozial bakoitzak funtzio ezberdin bat duela. Ignacio Ibañez SEReko estrategia digitaleko zuzendariak ongi azaldu zigun moduan, Twitterrek irratiaren eta erabiltzailearen arteko interaktibitatea sustatzen du. Facebookeko postak, aldiz, oso zigortuta daude clickbait-ak direla medio; gainera, Ibañezen iritziz, post bat kutsakorra izan daiteke arrakasta lortzen ez badu. Hala ere, webguneko trafikoa areagotzeko erreminta aproposa da Facebook. Instagramen kasua desberdina da. Oso komenigarria da Instagramerako eduki propioak sortzea. Plataforma honekin etekin ekonomikorik lortu ez arren, komunitatean aktibo egoteko sare soziala izateaz gain, oso erabilgarria da zure irratia gazteen artean ezagutarazteko.
        • Bestalde, Youtube plataformaren erabilera onuratsua dela antzeman dugu. Hainbat irratik estudioetan kamerak instalatu dituzte irrati programak grabatu ahal izateko eta gero programako momenturik deigarrienak Youtubera igotzeko. La vida moderna saioaren kasuan adibidez, Youtubeko kanalak audientzia handiagoa du broadcast bidezko saioak baino. Hori dela eta, SER irratiak hainbat programa sortu ditu Youtuben edo webgunean bakarrik kontsumi daitezkeenak, programa horiek antenan lekurik ez dutela ohartuta.
        • Webguneari dagokionez, eduki iraunkorrak argitaratzeko balio du. Kontuan hartu behar da webgunearen erabilera ez dela inposatu behar: sare sozialen bidez plazaratu behar da eta erabiltzaileei webgunea bisitatzeko edo ez bisitatzeko aukera eman; sare sozialez baliatu behar gara webgunearen publizitatea egiteko, baina publizitate horrek fina edo gozoa izan behar du. Erabiltzailearentzat webgunera jotzea bere hautua izan behar da, bertan aurkituko baitu nahi izatera irratiaren inguruko informazio eta eduki iturri handiena.
        • Irrati bisuala da eraldaketa digitalaren ondorio argietako bat. Cadena SEReko zein Catalunya Radioko estrategia digitala daramaten profesionalek bat egiten dute irrati bisualaren garrantzia nabarmentzerakoan. Diotenaren arabera, Interneten audioarentzako geroz eta leku gutxiago dago eta irudia ezinbestekoa da sarean irratiaren presentzia bermatu ahal izateko. Sare sozialetan edo Youtube bezalako plataformetan audioak ez dauka inongo lekurik, eta ezinezkoa da gazteekin konektatzea plataforma horietan presentziarik eduki gabe. Dena den, irrati bisuala kamera bat estudioan ipintzeaz harago doa: egindako behaketetan ikusi eta ikasi dugunaren arabera, estetika zaintzea derrigorrezkoa da. Hau da, estudioa prest egon behar da estetikoki atsegina izateko: mahai irekia esatariak kamera aurrean egoteko, argiak irudia ona izan dadin, attrezzoa estudioa apaintzeko… Horrez gain, kontuan hartu beharra dago zerk merezi duen irudiz partekatzea eta zerk ez.
        • Ezinezkoa da estrategia digitalaren inguruan hitz egitea azkenaldian ahoz aho dabiltzan podcastak aipatu gabe. Izan ere, nahiz eta audioek Interneten presentzia handirik ez dutela esan, podcast formatua da Interneten presentzia gehien daukan irratiko edukia. Azkenaldian, Catalunya Radio zein SER irratietan asko jorratu duten formula. Kasu honetan, podcast kontzeptuaz ari garenean zertaz ari garen argitu beharra dagoela uste dugu: izan ere, goizean grabatu duten irratsaioa gero webgunean nahieran kontsumitzeko ipintzeari ez diote podcast deitzen. Podcast deritzo irratiak plataforma digitaletarako esklusiboki sortzen duen edukiari. Normalean entretenimenduzko programa atenporalak edo audio bidezko fikzioak dira plataforma horietan emititzen dituztenak. Honen adibide dira SEReko Podium Podcast plataforma edo Catalunya Radioko Crim edota Tor fikziozko saioak.
        • Geni De Vilar Catalunya Radio eta TV3ko estrategia digitaleko buruak azaldu zigun moduan, irratiaren salbazioa ez da Internetera mugatzen; hots, Instagramen ere baliatu arren eduki txarra jarriz gero, inork ez du kontsumituko. Beraz, eraldaketa digitalean arrakasta lortzeko bi zeregin nagusi daude: batetik, antenan emititzen dena sare bakoitzera moldatzen jakitea; eta bestetik, sareen bitartez gazteei gehien gustatzen zaizkien edukiak identifikatzea. Ezinbestekoa da aro digitalean irratiak iraun dezan edukiari garrantzia ematea. Edukia ona baldin bada, plataforma edozein delarik ere (sare sozialak, FM irratia, Youtube, etab.), entzuleak kontsumituko du. Edukia da traktorea eta hor erakusten dute irratiko profesionalek beraien trebezia (edukia sortzeko gaitasunean, alegia).
        • Azkenik, oso lagungarria da markaren presentzia nabarmentzea streaming bidezko plataforma musikaletan. Hala azaldu zigun Los 40 irratiko arlo digitaleko buru Selene Moralek. Plataforma horietan irratiaren playlist-ak edukitzeak markaren irudia indartzen du, eta, horrez gain, playlist-ak oso lagungarriak izan daitezke gazteekin konektatzeko.

         

 

Euskal Herrian, Gaztea irratian aurrerapausoak egiten ari diren arren, alderdi asko daude aldatzeko oraindik, are gehiago kontuan izanik Euskal Herriko gazte batzuek eztabaida-taldean esanikoa —euskarazko entretenimenduzko edukien egarri direla—. Hortaz, landa-lanean bildutako informazio honen argitan, Gaztea irratiarentzat baliagarri izan daitezkeen hainbat proposamen egingo ditugu jarraian, beti ere, irrati horrek digitalizazio garaian gazteekin daukan konexioa areagotzen laguntzeko asmoz.

Aurrera begirako proposamenak

Gaztea irratiaren digitalizazio eta irudiaren aroko trantsizioan eragiteko xedez, honako zortzi atalez osatutako proposamena adieraziko dugu jarraian: sare sozialak, irrati bisuala, Youtube, plataforma musikalak, webgunea, aplikazioa, podcast eta langileen zein esatarien jarrera.

Sare sozialak

Sare sozialei dagokienez, Gaztea irratiak Instagramen, Facebooken zein Twitterren presentzia aktiboa duen arren, hainbat proposamen egingo ditugu segidan.

Instagram

Sare sozialek eskaintzen dituzte promozioa, zabalkuntza, onarpena, elkarrizketa eta erabiltzailearekiko fideltasuna. Gaztea irratiko Instagrameko profilak zeregin horiek nahikoa ondo betetzen dituela uste dugu. Hala ere, promozio gehiegi ikus dezakegu bertan. Eduki propioen promozioak neurtua izan behar du, eta Gaztean Instagram story gehiegi erabiltzen dira horretarako. Kasu askotan, minutu bat baino gehiagoko bideoak grabatu eta lau zati edo gehiagotan banatuz bistaratzen dira Instagram story-etan. Hori neketsua izan daitekeela kontuan hartuz, gure proposamena promozio bideoen kopurua eta maiztasuna murriztea da.

Ildo beretik jarraituz, bideo asko sarritan errepikatzen direla identifikatu dugu. SEReko Jose Vicente Dorado programazio zuzendariak esan digunez, ez da komenigarria edukiak sare sozialetan errepikatzea eta Gaztea irratiak hori egiten du. Mia Fonte adituak dioen bezala, sare sozialetako edukiak iraungikorra izan behar du, eta iraunkorra izatea nahi baduzu, webgunean bistaratzea da komenigarriena.

Instagram story-en kasuan erabiltzailearentzat ez da beti atsegina izaten zuzenekoak argitaratzea. Kontuan izan behar da eduki luzeek ez dutela leku handirik Instagramen eta zuzeneko bideoak pasatu behar izana neketsua izan daitekeela mugikorraren atzean dagoenarentzat. Zuzenekoak egitea oso ondo dago, baina ez dago zertan beti horiek argitaratzen ibili.

Bestetik, sare sozialetarako eta bereziki Instagramerako eduki propioa beharrezkoa da digitalizazioaren garaian. Gaztea, irrati bat izateaz gain, eduki-sortzailea ere bada. Hori horrela, Instagram bitartez, eduki interesgarriak ardatz hartuta, gazteengana irits daiteke, eta horretarako Instagramen soilik bistaratuko diren edukiak sortu behar dira. Adibidez, Instagramerako telesail bertikala, artistekin eta famatuekin egindako elkarrizketa digitalak, erronkak, lehiaketak… Instagram bitartez zabaldutako edukiekin ezin da etekin ekonomikorik lortu baina oso aukera aproposa da marka indartzeko eta gazteak komunitatera erakartzeko.

Edukiekin jarraituz, oso ideia ona iruditzen zaigu, adibidez, SER irratiak egiten duena: grafismo bitartez eginiko explainers-en amuak Instagramen jartzea. Explainers-ak, edozein gai sozialen inguruko informazio praktikoa ematen duten bideo motzak dira. Adibidez, SER irratiak, hauteskunde orokorretan, zure botoa erabilgarri nola bihurtu azaldu zuen bost pausotan. Explainers horiek ez dira zertan Instagramen osorik argitaratu, webgunera jotzeko amuak ere izan daitezke (bideo-pilula txiki bat soilik erakutsiz). Testua ere gehi diezaiekegu, Instagramen erabiltzaileek askotan soinua isilduta izaten dutelako eta informazioa partekatzeko esan nahi duguna testuz idaztea ere oso baliagarria delako; aldiz, soinuak garrantzia handia badu argitalpenean, erabiltzaileari soinua pizteko eskatuko diogu grafismoaren bitartez.

Facebook

Ikerketan ikusi dugunez, Facebook erreminta baliagarriena da erabiltzaileak webgunera bideratzeko. Beraz, explainers-ak Facebooken ere argitaratzea oso aproposa izan daiteke.

Facebooken kasuan, nahiz eta sare sozialetako informazioa iraungikorra izan, oso ondo pentsatu behar da zer argitaratzen den. Postek arrakastarik ez badute, kutsakor bihur daitezke, norberaren kontra egiteraino. Alegia, atsegite edo partekatze gutxi lortzen dituzten postek algoritmoetan eragiten dutela, etorkizuneko postei bistaratze txikiagoa emanez. Adibidez, SERen kasuan, erabiltzaileak aktiboen dauden orduak eta egunak analizatzen dituzte, haien postak momentu eraginkorrenean argitaratzeko.

Twitter

Erabiltzaileekin interaktibitatea sustatzeko sare sozial egokiena da. Horregatik, Gaztea irratiak horretan esfortzu berezia egin beharko lukeela uste dugu. Hori lortzeko, erabiltzaileei iritzia eska diezaiekete, edo baita elkarrizketatuak proposatzeko eskatu ere.

Irrati bisuala

Elkarrizketatutako profesionalek berretsi digutenez, audioak ez dauka presentziarik Interneteko hainbat plataformatan. Hori dela medio, onuragarria izango litzateke Gaztea irratiarentzat irrati bisualaren munduan txertatzeko estrategia bat planteatzea. Dena den, irrati bisuala arrakastatsua izan dadin hainbat neurri hartu behar dira, kamera bat estudioan jartzeaz aparte. Honako hauek dira kontuan hartu beharrekoak:

    • Edukiari dagokionez, argi izan behar da zein eduki izango den erabilgarri irrati bisualean eta zein ez. SEReko estrategia digitaleko buru Ignacio Ibañezek dioen bezala, irratiaren lehentasuna antena bidezko emisioa da. Hori horrela, egiten diren programen eta sekzioen artean, argitu egin behar da zerk daukan lekua bideo bidezko plataformetan eta zerk ez. Kontua ez da antenako programak bisual bihurtzea, baizik eta antenan emititzen den edukitik, erabilgarria dena bideo bidez transmititzea. Behin bideo-departamentua garatu ahala, orduan has gaitezke esklusiboki bisualak izango diren saioak planteatzen.
    • Estudioaren estetikari gagozkiola, irratia irudiz transmititu nahi bada, gogoan hartzekoa da estudioan aldaketak egin behar direla irudia itxurosoa izan dadin. Esatarien mahaia biribila edo oktogonala bada, asko zailduko da kameran esatari edo aurkezleen aurpegia ikusi ahal izatea. Mahaia irekia izan behar da esatariek kamera aurrean presentzia izan dezaten. Horrez gain, esatariek aintzat hartu behar dute kamerak grabatzen daudela eta, hortaz, mahaia zein estudioa txukun mantendu behar dituzte. Janaria edo kanpoko markak bertan ikustea ez da batere komenigarria irudi korporatiboa zaintzeari begira. Estudioa apainduta edukitzea ere lagungarri izan daiteke (atrezzoa, kartelak, pantailak, etab.)
    • Estudioak teknikoki prest egon behar du: irudia grabatzerakoan hainbat gauza beharrezkoak dira estudioan. Behatutako programa guztietan argiztapen-sistema bat zeukaten txertatuta, esaterako. Irrati bisualak hainbat lanposturen beharra sortzen du:
      • Kamerak kudeatuko dituen errealizadore baten beharra ezinbestekoa da. Behatutako hiru irratsaioetan kamera-errealizadore bat zegoen lanean kontrol gelatik.
      • Produkzioaz arduratuko den langile bat izatea ere komeni da (Yu no te pierdas nada-ren kasuan bi pertsona zeuden produkzio lanetan).
      • Yu no te pierdas nada programan gidoilariak ere bazeuden (ez, ordea, gainontzeko programetan). Egia da saioa ez zegoela guztiz gidoiari lotua, baina hala zeuden zenbait zati eta baita programaren egitura nagusia ere.
      • Kamerei dagokienez, ez da beharrezkoa baliabide asko edukitzea irrati bisuala lantzeko. Nahiz eta, orokorrean, kamera robotizatuak erabili estudioan grabatzeko, Adolescents.cat-en kasuan nahikoa zituzten hiru iPhone; eta ondoren iPad batekin arduratzen ziren errealizazioaz kontrol gelatik. Horrek argi adierazten du ez dela aurrekontu ikaragarririk behar ganorazko emaitzak izateko.
      • Azkenik, estudioan kamerak edukitzeak hainbat edizio eta grafismo programaren beharra dakar berarekin. Adobe pakete bat erredakzioan edukitzea guztiz beharrezkoa da bideoak editatu ahal izateko. Horretaz gain, irudia tratatzeko errealizaziorako programa informatikoen beharra ere nabarmentzeko da. Adolescents.cat-en kasuan, Switcher Studio programa erabiltzen dute. La vida moderna-n, berriz, Broadcast Fix programa.

Youtube

Ezinbestekoa da Gaztea irratiak Youtubeko kanal propioa sortzea. Izan ere, EITBren kontuak hainbat eduki ospetsu eta arrakastatsu ditu, Gazteako B Aldea-ren edukia zapaltzen dutenak; horregatik, kanal propioa sortzea proposatzen dugu. Gazteek bideoak ikusteko Youtubera jotzen dute; beraz, gazteekin konektatu nahi bada, ezinbestekoa da gazteak mugitzen diren lekuetan presente egotea. Ignacio Ibañezek argi utzi zigun sortutako eduki bisualak leku gehiago duela Youtuben webgunean baino.

Baina zein eduki bidera dezake Gazteak Youtubera? Gaztean jada eduki bisuala sortzen da, hala nola Conquistxat, Dida-ko Maddalen Arzallusen atala… Programa horiek arrakasta dutela ikusita, aproposena Youtubera igotzea dela deritzogu. Horrez gain, beste eduki batzuk ere igo daitezke; adibidez, Instagramerako egiten diren zuzenekoak edo elkarrizketak. Programak grabatuz gero, era berean, saioaren bideoa edita daiteke momentu onenak eta barregarrienak hartuz, gero Youtubera igotzeko. Gainera, beste mota bateko edukia ere proposatzen dugu: esaterako, abeslari, artista edo euskal famatuekin eduki ezberdinak sortzea, hala nola challenge-ak, galderak, lehiaketak…. Ekintza horiek gazteen gustukoak dira eta funtziona dezaketela uste dugu.

Plataforma musikalak

Garrantzitsua da Spotify edo Soundcloud bezalako plataforma musikaletan Gaztearen marka ondo nabarmentzea. Gure proposamena da Gazteako plataformetan asteko playlist eguneratuak eta hainbat abestiren zerrendak jartzea, modu horretan gazteak Gaztea irratitik gertuago sentituko baitira.

Webgunea

Ez du ezertarako balio webgunea mota guztietako edukiz betetzeak gero bisitaririk ez bada lortzen. Igotako edukia esanguratsua eta baliagarria izan behar da. Ez da komeni bideo motzak webgunera bideratzea; bideo motz horiek kontsumitzeko tartean publizitate asko baitago eta, ondorioz, astuna egiten baita erabiltzaile-esperientzia.

Horrez gain, kontuz ibili behar da webguneari egiten zaion publizitatearekin, publizitate gehiegi egiteak edo entzuleak webgunea bisitatzera behartzeak kontrako efektua sor baitezake. Publizitatea egin behar da, baina modu gozo eta finean, entzulea webgunea bisitatzera gonbidatuz eta ez behartuz.

Bestetik, webgunerako eduki esklusiboak sortzea proposatzen dugu. Adibidez, Euskal Herriko zein nazioarteko musika eta musikariei buruzko albisteak txertatuta. Eduki hori, era berean, sare sozialetan erakargarria gerta daitekeen edukia izan behar da. Era horretara, amu bezala erabil daiteke Gaztearen sareetan.

Webguneko erabiltzaile-esperientzia hobetu egin beharko litzateke. Marcotte-n Responsive Web Design teoriari jarraituta2, hauek dira gure proposamenak:

    • Webgunea beltza izatetik zurira pasatzea. Erabiltzailearen esperientzia ona bermatzeko, espazio zuriak errespetatu behar dira eta marjinak zuriak izan behar dira, sarean dabilena neka ez dadin.
    • Gaur egun, ordenagailua gure lehen pantaila ez dela jakinik, derrigorrezkoa iruditzen zaigu webgunearen egitura moldagarria izatea, euskarri ezberdinetan kontsumitu ahal izateko. Webgunea bertikalean egituratzea komenigarria dela uste dugu, euskarri ezberdinetan kontsumitu ahalko dela bermatze aldera.
    • Instagramen eta Facebooken, lehen aipatutako explainers amuak jarriz gero, ondo legoke bideo horiek osorik jartzea webgunean.

Aplikazioa

Beste hainbat irratik egiten duten moduan, ideia ona izan daiteke irrati digital tematikoak eskuragarri jartzea aplikazioaren bidez; hau da, musika estilo ezberdinak biltzen dituzten playlist etengabeak entzungai izatea. Besteak beste, rapa, rocka eta bestelako estiloak entzungai jartzea kanal digital tematikoen bitartez.

Bertako zein nazioarteko musikari buruzko albisteak txertatzea proposatzen dugu, erabiltzailearentzat erakargarri izan daitezkeelako.

Podcastak sortzeko hautua eginez gero, ideia ona iruditzen zaigu horiek sarean entzuteko edo deskargatzeko eskuragarri jartzea.

Podcast

Jose Vicente Dorado SEReko antena koordinatzaileak berretsi zigun haizeek podcastaren alde jotzen dutela:

«Podcast munduarekin zerikusia duen guztia hobeto landu behar dugu, izugarrizko hazkundea izaten ari baita. [...] Hori bai, zein podcast mota: kalitatezko podcast bat, gidoi onekin, soinu errealizazio bikain batekin, gidoilariekin lan eginez, aktoreekin lan eginez, honetan aritzen diren profesionalekin... [...] Hortik ibili beharko dugu, eta ibili beharko dugu, irrati konbentzionalean dugun audientziak zahartzen jarraituko duelako, eta hori berresten dute ikusten ari garenak eta jarraitzen ditugun azterketek» (Komunikazio pertsonala, 2019ko maiatzaren 23a).

Ideia interesgarria izan daiteke Gaztea irratiarentzat podcast sail bat sortzea webgunerako eta plataforma digitaletarako. Podcast horiek onuragarri izango lirateke aplikazioarentzat ere, honek, Gazteako parrilaz gain, umorea, fikzioa edo bestelakoak audio bidez kontsumitzeko aukera eskainiko lukeelako. Podcast batzuk audioan oinarritzen dira soilik; beste batzuetan, berriz, irudia txertatzen da Youtubera igotzeko. Podcasten edukiari dagokionez, era guztietako edukia txerta daiteke eta horrek publiko guztietara iristeko aukera eskaintzen du. Besteak beste, fikzioa, musika-estilo desberdinetako programak, umorezko saioak, nobela irakurriak… Antenan lekurik ez daukan edukia sortzeko askatasuna ematen du podcastak.

Langileen zein esatarien jarrera

Estrategia digitala arrakastaz gauzatuko bada, ezinbestekoa da lankide zein esatariek testuinguru digitala buruan izatea. Catalunya Radioko eta TV3ko estrategia digitaleko buru Geni de Vilarrek argi azaldu zigun bezala, horretarako irratiko langileek euren burua eduki sortzaile bezala ikusi behar dute. Zer esan nahi du horrek? Gaur egungo hedabideen indargunea edukia sortzeko gaitasuna dela, eta eduki hori ona bada, arrakasta lortuko duela irratian, telebistan, Youtuben edo sare sozialetan. Hurrengo dator hedapen xedea: sortzen dugun eduki hori ahalik eta hedabide edo plataforma gehienetan zabaltzea, ahalik eta jende gehienak kontsumitu dezan.

Ezinezkoa da, ordea, langile bat egun batetik bestera pentsamenduz aldatzera behartzea. De Vilarrek ondo azaltzen duenez, garrantzitsua da langileei laguntza dutela sentiaraztea. Beraz, beharrezkoa da estrategia digitalaren buruak lidergo positibo bat gauzatzea langileak babestuta eta motibatuta senti daitezen:

«Oso garrantzitsua da pertsonen lidergoa proiektu horietan, komunikazioa egotea, lidergo positiboa egotea. Izan ere, jendeari gauza desberdinak egiteko eskatzen ari zara, duela 25 urte telebista eta irratia egiten ari zen jendeari, eta mezua ez baduzu positiboan jartzen… Jendeak prest egon nahi du, prozesuan lagunduta sentitu nahi du, eta zuk kazetari bati esaten badiozu: “Eta orain Instagram Live bat egin beharko didazu leku honetatik”, eta abar, eta abar… izutu egingo da, baina zu pixkanaka irakatsiz joaten bazara eta bidean laguntzen baduzu... Hau da, prozesu bat dela, bidelaguntza bat, eta horregatik behar da lidergo positibo hori» (Komunikazio pertsonala, 2019ko maiatzaren 16a).

Irratia egiteko era berri honek, azkenik, profil profesional berriak sortzea eskatzen du. Irratia irudiaren bitartez emititzen ari bagara, esatariek kontuan hartu behar dute entzuleak ez ezik ikusleak ere badaudela irratiaren edo pantailaren atzean. Zaila bada ere, alde batetik, ikuslearentzat eduki entretenigarri eta bisuala eskaini behar dute esatariek, aldi berean irratia FM bidez entzuten ari dena ahaztu gabe. Bi beharren arteko oreka zail hori zaintzea izan beharko litzateke gure ustez irizpide nagusi Gaztearen aro analogikotik irudiaren aro digitalerako trantsizio konplexu eta era berean zirraragarri honetan.


1.- EITBrekin elkarlanean egindako Gradu Bukaerako Lan baten laburpena da artikulu hau.

2.- Ethan Marcotte (2014): Responsive Web Design [2nd edition], New York, A Book Apart.