« Hedabideak kontsumitzeko ohiturak aldatzen ari dira. Irudiaren munduan bizi garela eta iraultza digitalean murgilduta irratia egunero egiten duten langile eta laguntzaileei mundu berri bat zabaltzen ari zaie. Hori dela eta, lehen erronka honi lotu gara […] Hala ere, ezin ditugu ahantzi hedabide honen oinarrizko ezaugarriak eta gure entzuleei irratia entzuteko aukera bermatu behar diegula, leku guztietan eta eguneko edozein mementutan». (Ximun Carrere, Euskal Irratiak elkarteko lehendakaria, 2025)
Hitz hauekin abiatu zuen aurkezpena Euskal Irratiak elkarteko lehendakari Ximun Carrerek, 2025eko irailaren 25ean, Euskal Irratiek azken urteetan egindako pausoak eta garatutako estrategia digitala aurkezteko antolatutako egunean.
Hau izan da, hain zuzen ere, Euskal Irratien desafio nagusia: dituen erronken parean jarriz eta horiei aurre eginez, Ipar Euskal Herrian, euskarazko eta hurbileko kalitatezko irrati bat bermatzea, aldi berean edukiak digitalki kontsumitzeko ohituretara egokituz. Eta hori guzia, badakizkigun muga eta baldintzen baitan, tokiko irrati-elkarte libre eta independenteak izanik. Aurkeztuko dizkizuegu ondoko lerroetan, azken urte hauetan atzeman ditugun aterabideak etorkizunari begira.
Euskal Irratiak sarea berriz pentsatuz, erronkei elkarrekin aurre egin eta lankidetzaren bidez etorkizuna eraikiz
Gaur egun Euskal Irratiak elkarteak sei irrati biltzen ditu: Gure Irratia (Uztaritzen kokatua), Xiberoko Botza (Maulen kokatua) Irulegiko irratia (Donibane Garazin kokatua), Amikuzeko irratia (Donapaleun kokatua), Antxeta irratia (Hendaian kokatua) eta Euskal Irratiak irratia (aurreko irratietan banatuak dira langileak, estudio nagusia Uztaritzeko egoitzan izanik).
Elkarrekin, sareak 26 langile biltzen ditu, horietatik 9 Euskal Irratiak elkartearen baitan, eta ehun laguntzaile baino gehiago ditu. Egunero eta irratia isildu gabe, aktualitatea, kronikak, emankizunak, animazioak eta musika euskaraz eskaintzen du sareak. 2019ko inkestaren arabera (EEPk, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak egindako VI. inkesta Soziolinguistikoa), sareak 29.000 entzule erregular ditu, eta Ipar Euskal Herriko bigarren irrati lokal entzunena da. Hedapenari dagokionez, sareak bost FM irrati-hedapen, hiru DAB+ irrati-hedapen eta bost webguneren bidezko presentzia bermatzen du. Sare sozialetan ere irrati bakoitzaren edukiak segitzeko aukera bada.
Azken urteetan egindako gogoeta-lanaren ondorioz, irratien arteko saretzea berrantolatu da, egungo antolaketa ereduari forma emanez :
Lehenik, hurbileko euskarazko irratia eta informazioa bermatzea da helburua, tokiko eguneroko euskaran, ahalik eta herritar gehienengana hurbilduz, herrietako eta tokiko berriak hedatuz. Helburu hori segitzen dute Antxeta irratiak, Gure Irratiak, Xiberoko Botzak, eta Irulegiko -eta Amikuzeko- irratiek. Lau elkarte-irratiek autonomia osoa dute, batez beste bakoitzak 3,3 langile (lanaldi oso) ditu tokiko programazioaren segurtatzeko.
Bigarrenik, Ipar Euskal Herri mailako euskarazko irratia eta informazio orokorra bermatzea da xedea, euskarazko kazetaritza eta aktualitatea eskainiz. Horretarako, Euskal Irratiak taldearen baitan erredaktore buru bat eta sei kazetari (lanaldi oso) ari dira lanean, Ipar Euskal Herri osoko aktualitate orokorra segitzeko. Ekoizpenari dagokionez, 13 berri-sail bermatzen dira egunean, sareko irrati guztiek hedatzen dituztenak. Horrez gain, Euskal Irratiak programazio komun bat ekoizten du, grilla orokor bat, tokiko irratiek beren programazioaren arabera hartu edo ez hartu ditzaketenak.
Azkenik, helburua da tokiko irratiak eta Ipar Euskal Herri mailako irrati-proiektua elkarrekin saretzea, irrati-elkarte bakoitzaren autonomia errespetatuz, eta aldi berean Euskal Irratiak elkartearen baitan gobernantza partekatua eraikitzea. Horretarako, irratien arteko trukaketak antolatzen dira, elkarlana, mutualizazioa eta norabide estrategikoen adostea ahalbideratzeko. Testuinguru horretan, Euskal Irratiak elkarteak sare osoarentzat laguntza funtzioak betetzen ditu, arlo teknikoan (teknikaria), programazio komunean (programazio arduraduna), estrategia digitalean (arduradun digitala) eta kudeaketan (zuzendaria).
Elkarrekin eramaiten ditugun erronka nagusiak trantsizio digitalaren aitzinean:
DAB+ hedapen digital berria: lurraldetasuna, euskararen lekua eta Euskal Irratiak sarearen etorkizuna jokoan
DAB+ (Digital Audio Broadcasting Plus) irratiaren hedapen digitaleko sistema da. FMaren ondorengoa da, irrati-seinalea modu numerikoan hedatzeko erabiltzen dena. Entzuleentzat, irrati gehiago, soinu-kalitate hobea eta informazio osagarriak (irratiaren pantailan idatziak ager daitezke izenburuak, esatarien argazki edo izenak, musikari buruzko informazioa, etab.) eskaintzen ditu. Irratientzat, aldiz, hedapen-modu berri bat da, irrati-paisaia osoa berrantolatzen duena eta etorkizunean ezinbestekoa izanen dena. Telebistako LTDaren (Lurreko Telebista Digitala) antzekoa da baina irratian. Europar Batasunak beharturik, 2021etik goiti auto berri guziek DAB+ sistema integratua dute. Herrialde batzuk (Norvegia edo Suitza adibidez) guztiz itzali dute FM hedapena. Frantzia norabide horretan doa, gaur egun biztanleen % 50etik gora estaltzen du DAB+ sarearekin. 2018tik ARCOMek (Frantziako erakunde publikoa, irrati, telebista eta ikus-entzunezko hedabideen arauak eta hedapena kudeatzen dituena) DAB+ hedapenaren planifikazioa egin du. Estatuak erran du 2030erako biztanleriaren eta lurraldearen gehiengoa DAB+ bidez estalita egonen dela.
Euskarazko irratiok mugimendu horretan sartu gira lehen momentutik. Urte anitzetako lan kolektibo eta instituzionalaren ondotik, 2023ko ekainetik ari gira DAB+ bidez hedatzen ere bai. Egokitzapen teknikoak egin behar izan ditugu, eta hedapena bera ere ordaindu behar dugu, gastu handia eta gehigarria dakarrena elkartearentzat. Euskal Irratiak irratia Baiona Zabaldua alotizamenduan da (ARCOMek definitzen duen hedapen-eremua, ikus 1. irudia) eta Gure Irratia eta Antxeta Irratia Baionako tokiko alotizamenduan (ikus 2. irudia).
Alotizamendu edo eremu horietako batek multiplex bat edo gehiago har ditzake. Multiplex batek DAB+ bidez irrati anitz kanal digital berean biltzen ditu, hedapen eremu berean batera hedatzeko. Ipar Euskal Herrian, alotizamendu bakoitzean 13 irrati badira, beraz, guztira 26 irrati (euskaldunak eta frantsesak), eta horiei gehitzen dira jadanik martxan diren bi Multiplex Métropolitains, frantses irrati estataletaz osatuak, orotarat 56 irrati entzuten ahal dira DAB+en hedapen guneetan, gehien-gehienak ez dira hemengoak eta kasik guziak frantsesez, orain arte FMaren bidez halako 20 bat irrati entzuten ahal zirelarik. Lehen 20, orain 56.

1. irudia: Baiona zabaldua alotizamendua (Euskal Irratiak) – gorriz eta iranjez hedapena

2. irudia: Baionako tokiko alotizamendua (Antxeta Irratia eta Gure Irratia) - gorriz eta iranjez hedapena
Baina guretzat, DAB+ ez da aurrerapen teknologiko hutsa: biharko irrati-panoraman euskarak izanen duen lekuaren galdera pausatzen digu ere bai eta erronkak ditugu horren inguruan.
«Ilusioa eta arrangurak nahasten dira teknologia berri honi begira. Ilusioa eta beharra jakinez FMa itzaliko dela edo migrazioa eginen dela zonbait urteren buruan ». (Jojo Bidart, Irulegiko Irratia elkarteko lehendakaria eta Euskal Irratiak elkarteko idazkaria, 2025eko irailaren 25ean).
Lehen etapa batean, lan nagusia DAB+ hedapenaren lurralde-eremua zehaztea izan zen. Helburua argia zen: Baiona Zabaldua alotizamenduaren hedapen-eremua Ipar Euskal Herri osora zabaltzea, euskararen erabilera-eremua eta euskarazko zerbitzu publikoaren beharrak kontuan har zitezen. Laguntza instituzionalari esker eskaera hori ARCOM-i helarazi zitzaion eta eskaera onartua izan zen.
Haatik, DAB+ hedapena gaur egun Lapurdiko kostaldeko eremuetara mugatua da eta barnekaldea ez da oraindik estalia. Egoera hori Baiona Zabaldua alotizamenduko OPMUXean bilduak diren 13 irratien gehiengoak harturiko erabakiaren ondorio da (OPMUX, DAB+ sarean multiplex baten hedapenaren kudeaketa teknikoa egiten duen eragilea da). Irrati horietako gehienak komertzialak izanik, hedapena audientziaren kontzentrazio handiena duten eremuetara mugatzea hautatu dute, bereziki kostaldera eta Lapurdi barnekaldera.
Guretzat inportantea da Ipar Euskal Herri osoan hedatzea, beraz Baxe Nafarroan eta Xiberuan ere bai: populazioaren parte handiena Lapurdin baldin bada ere (Lapurdi % 88, Baxe Nafarroa eta Xiberua % 12), aldea ttipitzen da konduan hartzen badugu euskaradunen proportzioa (Lapurdin % 69, Baxe Nafarroan eta Xiberuan % 31) eta oraino ttipiagoa da Euskal Irratiak sarearen entzulegoa kondatuz (Lapurdin % 58, Baxe Nafarroan eta Xiberuan % 42).
Beste arrangura nagusietako bat da Xiberoko Botza eta Irulegiko Irratia oraindik ez direla hedapen digitalean sartuak eta perspektiba biziki mugatua dutela. ARCOMek Xiberua eta Amikuze lotuko lituzkeen alotizamendu bat idekitzeko aukera aipatu badu, horrek ez lituzke barne hartuko Baigorri, Garazi, Oztibarre, Arberoa eta Hazparne eskualdeak, jokotik kanpo geldituz.
Beste erronka batzuk badira oraindik, eta horien gainean lanean ari gira. Euskarak irrati-paisaian duen tokia bermatzeko, gaur egun martxan diren prozesu eta gogoeten parte izanez.
Euskal Irratiak sarea, eduki eta presentzia digitala garatzeko bidean
Irratiak beste iraultza baten parean gira, hedabideen erabilera-ohiturak aldatzen ari direlako eta presentzia digitala gero eta handiagoa bilakatzen delako. Duela hiru urte, sareko irratiek ondorio eta helburu bera adostu ginuen: irratiak egungo gizartera egokitu behar genituela. Horregatik, eduki digitalak erabiltzen dituztenei ere euskarazko eta tokiko informazioa eskaintzea eta haiengana heltzea jarri ginuen helburu.
Oraindik hainbat gai gogoeta eta garapen fasean badira ere, 2024–2025 urteetan, Europako dirulaguntza bati esker, urrats batzuk eman ahal izan ditugu proiektu digitala aitzinatzeko, eta horren harira arduradun digital bat denbora osoz mobilizatu ahal izan da. Honek estrategia orokorra kudeatu du, webgune berrien garapenean, sare sozialen egituraketan, barne-antolaketa aldaketen kudeaketan eta formakuntzen antolaketan lanean arituz; lan horien emaitzak ondoko punduetan aurkeztuko dira.
Tresna digitalen garapenaz harago, estrategia digitalak kazetaritzaren funtzioaren eta barne-antolaketaren aldaketak ekarri ditu, digitalari leku bat emateko webguneetan, sare sozialetan eta edukien ekoizpenean. Horren baitan, 2024–2025ean formakuntza plan zabal bat eraman da, langileei lehen mailako hurbilketa bat eskainiz irudian, bideoan, muntaketa lanean, kazetaritza digitalean eta sare sozialen kudeaketan.
Elkarrekin webgune berrien proiektua garatu eta argitaratu dugu 2025ean.
«Irrati bakoitzak bere webgunea zuen, baina bazen nolabaiteko behar bat webgune horretan ere sare osoaren inportantzia nabarmentzeko […] Hedabideen artean konkurrentzia handia dago, hedabide handiak zentralizatzen ari dira, guk sarearen hautua egin dugu eta lurralde bakoitzean, hedabide bakoitzaren autonomia mantentzearen aldeko hautua egin dugu. Webgune honek gure berezitasuna nabarmendu behar zuen. Kasu honetan bi dira berezitasunak; euskarari eta soinuari/audioari lehentasuna emanez, kokatzen gaitu ekosistema lehiakor horretan, ipar euskal herrian, erreferente gisa, bai tokiko aktualitatearen arloan eta baita ere euskararen bultzadan». (Inhar Iraizotz, Digital Arduraduna 2024-2025 urteetan).
Inharren hitzak segituz, Irrati bakoitzak bere webgunea garatu du, lurraldean duen erreferentzialtasuna mantenduz, baina aldi berean, sarearen funtzioa indartu da plataforma digital bateratu baten bidez, edukiak modu partekatuan zentralizatzeko aukera eskainiz. Barrutik, horrek ahalbidetzen digu edukiak elkarrekin partekatzea, elkarlan-logikan jardutea eta, ondorioz, gure proiektua indartzea.
Gure ekoizpenak sare sozialetarako egokitzeko proiektuak garatu ditugu.
Irrati bakoitzak, bere erritmoaren eta ahalen arabera, sare sozialak, irudia eta bideoa bere ekoizpenean integratzen ditu. Bideoak, podcastak, sare sozialetarako formatu berriak lantzen dira.
Garapen horren baitan, beste euskarazko hedabideekin elkarlana lantzen ari da Euskal Irratiak, sare sozialetarako eduki espezifikoak sortuz, elkarrizketak grabatu eta filmatzen dira, eta irratian entzuten diren edukiak beste euskarri digitaletara egokitzeko saiakerak egiten dira. Elkarlan adibide batzuk: Kanalduderekin, Pentsaketan podcasta, kirola kronika filmatua sare sozialetarako; BADArekin, Gau pasa podcasta, eta abar.
Euskarazko hedabideekin elkarlan etorkizunak sortzen ditugu
SAREBIDE: elkarlanetik abiatutako jauzi digital berria.
Gure garapen digitalak etapa berri bat hartu du SAREBIDE proiektuarekin. Europaren POCTEFA dirulaguntzaren bidez finantzatua da eta Berria, Kanaldude, Hamaika Telebista, Elhuyar eta Euskalerria Irratiarekin elkarlanean eramaten dugu. Proiektuaren helburua euskarazko hedabideen eraldaketa digitala azkartzea da, mugaren bi aldeetan, lankidetza sendotuz eta entzulegoa zabalduz. Horretarako, sei komunikabideen tresna eta gaitasun teknologikoak eguneratuko dira, edukiak elkarrekin trukatzeko azpiegitura digital komun bat sortuz. Aldi berean, euskarazko ikus-entzunezko eta musikako edukien banaketa errazteko tresna berriak garatuko dira, bai eta adimen artifizialeko teknologien erabilera ere, edukien kudeaketa hobetzeko eta erabiltzaileen esperientzia indartzeko. SAREBIDEk Ipar eta Hego Euskal Herria lotzen dituen mugaz gaindiko lankidetza sendotzeko asmoa du, etorkizunerako oinarri sendoak jarriz, eta euskarak mundu digitalean presentzia izanen duen etorkizunerako bidea idekitzen du.

Lehenago erran bezala, oraindik gogoeta eta garapen fasean dira Euskal Irratiak. SAREBIDE proiektuarekin batera, beraz, gogoeta ezberdinak eramaiten segitzen dugu: zein den irratiaren lekua mundu digitalean, audio hutsetik haratago joateko beharra, edukiak elkarrekin sortu eta partekatzeko logika, langileen lan moldearen bilakaera, teknologiaren eta adimen artifizialaren erabilera, eta abar.
Euskal hedabideak elkartearen gogoetak
Etorkizunari begirako gogoeta horiek Euskal Hedabideak Elkartearen baitan ere lantzen dira (Ipar Euskal Herriko bost euskarazko komunikabidek osatzen duten elkartea: BERRIA, Herria, Kanaldude, Kazeta.eus eta Euskal Irratiak).
Gaur egungo testuinguru ekonomiko, politiko eta soziolinguistiko zailean, euskal hedabideek erronka berdintsuak partekatzen ditugu: trantsizio digitalera egokitzea, audientzien bilakaerari erantzutea eta euskararen presentzia bermatzea. Erronka horiei gehitzen zaizkie elkarte-hedabideek dituzten zailtasun ekonomikoak, diru-laguntza publikoen murrizketek eta kostuen emendatzeak areagotutakoak. Irratieri dagokionez, azken urteaz geroztik Estatuaren diru-laguntzen beherapen handi baten inguruko mehatxuak ere agertu dira, eta 2025ean jada beherakada bat pairatu dugu, gure egoera ekonomikoa are gehiago ahulduz.
Hedabideok, interes orokorreko eta zerbitzu publikoko eginkizuna betetzen badugu ere, gure eredua ahultzen ari da, eta horrek bai eguneroko ekoizpena bai etorkizuneko proiektuak arriskuan ezartzen ditu. Horren aitzinean, argi dugu erantzuna ez dela bakarka ekartzen ahalko. Etorkizunari begira, sarean pentsatzen dugu, bakoitza bere izaera propioarekin baina elkarlanean, eta horretarako ezinbestekoa da sustengu publiko sendo eta iraunkorra bermatzea, gure proiektuak gauzatu eta diruztatu ahal izateko.

