Euskalerria Irratiaren 35. urteurrenaren karietara, irratiko lan taldeak hainbat ekitaldi antolatu, hainbat lekukotza bildu eta hainbat gogoeta egin ditu proiektuaren iraganaren, orainaren eta etorkizunaren inguruan. Horietako hainbat bildu ditugu artikulu honetara.
35. URTEURREN JENDETSUA
Azaroko astearteak hotz, ilun, goibelak izan ohi dira Iruñean. Udazkenak ez du atzera-bueltarik. Asteburuak urrun dirudi. 2023ko azaroaren 7a, hain zuzen ere, asteartearekin egokitu zen. Tenperatura minimoa 4 gradukoa izan zen; maximoa, 11koa. Etxean geratzeko giro ezin aproposagoa. Ez zirudikeen egunik aproposena ekitaldi publiko bat antolatzeko. Haatik, egun horretan Euskalerria Irratiak 35 urte egin zituen, eta euskaltzaleek mukuru bete zuten Iruñeko Zentral Kafe Antzokia urteurrena ospatzeko. Zenbait pertsona kanpoan geratu ziren, sartu ezinik.
«Ez naiz hunkibera, baina jendetza hau ikusita hunkitu egin naiz, komunitate bateko kide sentitu naiz», esan zuen irratiko kolaboratzaile eta Berria egunkariko kide Joxerra Senarrek. «Gustura jartzen dugu publizitatea Euskalerria Irratian, eraginkorra delako eta euskaltzaleak garelako. Baina gaur eta hemen komunitate baten partaide garela jabetu gara, komunitatearen proiektu bat laguntzen ari garela», azaldu zuen Iaben Aseguru Etxeko Pello Iabenek.
Zentralen elkartu ziren Nafarroako Gobernuko lau kontseilari, Iruñerriko lau alkate, hiru egunkaritako zuzendariak, hiru sindikatutako Nafarroako buruak, Euskalgintzako ordezkaritza guztiz zabala eta hainbat talde sozialetako kideak. Baina irratiko lan taldearentzat garrantzitsuena, hunkigarriena, komunitatearen erantzun jendetsua izan zen, Euskalerria Irratia horixe baita: irrati euskaldun, profesional eta, batez ere, komunitarioa.
ERRESILIENTZIA BIDELAGUN
Euskalerria Irratiak Goienarekin elkarlanean argitaratzen duen Ttap aldizkariak egin zion elkarrizketa batean, Gorka Urbizuk esan zuen UPNko agintari euskarafoboei noizbait eskerrak eman beharko zaizkiela, euskararen aldeko hainbat proiektu sortzeko pizgarri ezinbestekoak izan zirelako. Berri Txarrak aipatu zuen horren adibide gisa: besteak beste, musika euskara hutsean egiteko erabakiaren gibelean bazegoen eraso euskarafoboei erantzuteko grina.
Euskalerria Irratiak garatu duen proiektu komunikatibo ereduak badu horretatik. Agintari erregionalistek 27 urte luzez ukatu zioten emititzeko lizentzia eta horrek zama astuna ekarri zion: besteak beste, auzitegietan helegiteak aurkeztu ahal izateko zein manifestazioak eta erantzuteko bestelako ekintzak antolatzeko indar eta diru xahutze handia; diru laguntza publikoak eta publizitate pribatu zein instituzionala lortzeko arazo handiak.
Haatik eta halaber, eraso horren indarrak irratia bultzatzeko ere balio izan zuen: kolaboratzaile sare zabala eta bazkide talde mardula lortzeko bidean, euskal komunitateko kideen eraso euskarafobei erantzuteko grinaren haizea alde eduki zuen irratiak.
KOMUNITATEA ARDATZ
Erresilientzia lagun izanagatik ere, irratiko lan taldeak lan eskerga egin du sare horiek ehuntzeko. Irratiak hasieratik zuen harreman estua hainbat kultur, gizarte zein politika eragilerekin. 1990eko hamarkadaren hasieran, ordea, aurrerapausoa eman zuen kolaboratzaile komunitatea sendotzeko bidean. «Juan Kruz Lakasta eta biok irratian lanean hasi ginen. Biok irrati libreen munduan ibiliak ginen, gerora gure irratiaren bereizgarria izan den eredua garatzen hasi ginen, irratiko ateak komunitateari zabalduz, kolaboratzaile finkoen figura sortuz. Oso baliabide ekonomiko gutxi genituen, baina jendea oso alde zegoen eta dago», ekarri du gogora irratiko kazetari Pello Argiñarenak.
Euskarazko tokiko komunikabide prototipikoa hiriburutik at dago, hiztun komunitate trinkoa duen eskualde batean, paperezkoa da eta informazio hiperlokala lantzen du, egunkari handietan sartzen ez dena. Hiriburuan eredu horrek ez du funtzionatzen, egunkari handiek informazio hori lantzen baitute. Hori horrela, irratiak beste eredu bat garatu du, hain justu izaera komunitario horretan oinarriturik: komunitatearekin eta komunitatearentzat dihardu, komunitateko kideen joera askotarikoak aintzat hartuz, eta horixe da bere eduki bereizgarria, gaztelaniazko hedabideetan aurkitzerik ez dagoena.
KOMUNITATE ASKOTARIKOA
«Euskalerria Irratiaren xedea da Iruñerriko euskal hiztunon komunitateko kide guztiak ordezkaturik eta eroso sentitzea programazioarekin, eta hori hala izan dadin urtetan, hamarkadatan gogotik egin izan dugu lan», azaldu du Argiñarenak.
Zenbait adibide aski adierazgarri suerta daitezke. Uxue Barkos lehendakaria Euskalerria Irratiko kolaboratzailea izana zen, Nafarroa Bai eta Geroa Bai sortu aurretik. Joseba Asiron Iruñeko alkateak historiari buruzko kolaborazioa egina zuen irratian EH Bildun izena eman aitzin. Podemos-Ahal Dugu alderdiaren Nafarroako lehen bi idazkari nagusiak Irrintzi Dorrean iritzi emaile lanak egindakoak ziren alderdi morea sortu zenerako.
Sormenari dagokionez, Gorka Urbizuk Euskalerria Irratian musika saioa egin zuen pare bat urtez, Berri Txarrak sortu berritan. Balerdi-Balerdi taldeko Toño Murok eta Sergio Ibarrola Zarak hori bera egin zuten aurretik eta ondotik. Beñat Rodrigo Kiliki Freskok Metropoli Forala saioan kolaborazioa egiten zuen, Chill Mafiak lehen diskoa plazaratu aurretik. Ibil Bediko, Tatxerseko, Goxuan Salsako kideek irratian kolaboratzen dute. Ibil Bedik Euskalerria Irratian estreinatu zuen azken diskoa. Gorka Urbizuk Euskalerria Irratiaren eskutik egin du bakarkako bere lehen diskoko bigarren aurkezpena.
Literaturan, Aingeru Epaltza, Inma Errea, Jon Alonso, Elixabete Garmendia, Josetxo Azkona hamarkadatan izan dira irratiko kolaboratzaile –Epaltza oraindik ere bada–. Hedoi Etxarte hamasei urterekin hasi zen irratian kolaboratzen. Angel Erro, Ana Jaka, Iñigo Astiz, Ane Eslaba oso gazte zirela. «Irratia zentzu literalean, Nafarroako euskal sortzaileen topalekua izan da eta da, diziplina zein belaunaldi artekoa», azpimarratu du Argiñarenak.
KOMUNITATEAREN ZENBAKIAK
Kazetariok tema berezia dugu zenbakiekin eta komunitatea zifretara ere ekar daiteke, Irrintzi Dorrean landuriko ereduak eman duena laburbiltze aldera. Irratiaren altxorrik preziatuenetako bat kolaboratzaileak dira, maiztasun jakin batekin irratiaren programazioan esku hartzen duten boluntarioak. Egun 200 dira, jakintza alorrari, joera ideologikoari zein adinari dagokionez askotarikoak. Haiei esker, beste ezein irratik baino tokiko programazio zabalagoa eskaintzen du Iruñerrian, ordu kopuruari dagokionez.
Irratiaren beste zutabe sendo bat bazkideek osatzen dute: 1.000 dira irratiari ekarpen ekonomikoa egiten dioten pertsonak. Eta ehunka iragarle ere baditu, horietako askok lizentziarik gabeko hamarkada luzeetan proiektuari atxikimendu sendoa erakutsi diotenak.
Irratiak, jakina, entzuleak behar ditu. CIESek 6.000 eta 8.000 entzule artean eman ohi dizkio Euskalerria Irratiari. Azken olatuan, 6.000 entzule aitortu zizkion. Ez da neurgailurik egokiena euskarazko tokiko hedabideentzat. Eta ez du aintzat hartzen Euskalerria Irratiak Iruñerrian Euskadi Irratiarekin konexio-deskonexio sisteman funtzionatzen duela. Edonola ere, Siadecok euskal hedabideen audientzien gainean Eusko Jaurlaritzarentzat egindako ikerketaren arabera, Iruñerrikoa irismenik handieneko euskarazko irratia da Euskal Herri osoan.
Irratiaren audientziari buruzko datu interesgarri gehiago eman zituen Siadecoren azterketa hark, gerora CIESek ere berretsi dituenak: entzuleen %67k gaztelania dute ama hizkuntza; %61ek goi ikasketak dauzkate; eta %66 55 urtetik beherakoak dira. Hau da, Euskalerria Irratiaren entzuleen profila tokiko euskarazko hedabideen ohiko audientziaren profilaren guztiz bestelakoa da, euskaldunon hiri buruzagiaren errealitate soziolinguistikoaren isla.
IGOGAILUETAN AITZINDARI
2013an Tokikom, euskarazko tokiko hedabideen plataforma, abian jarri zutelarik, Mikel Irizar handia harat honat ibili zen entzun nahi zuen orori igogailuaren metafora azaltzen: euskarazko hedabideen eraikina irudikatzen zuen. Behean, tokikoak. Goian, nazionalak. Eta guztiak lotzen, batetik bestera informazioa garraiatzen eta partekatzen, igogailu bat, hedabide handi, txiki, publiko zein herri ekimenekoen arteko elkarlanaren ikur moduan.
Euskalerria Irratian metafora azaldu zuelarik oso harrera ona jaso zuen, Irrintzi Dorrean igogailu hori 1988tik baitzebilen martxan. Erran nahi baita, lehen egunetik Euskadi Irratiarekin konexio-deskonexio sistema erabili duela Euskalerria Irratiak; izan ere, ekimenaren sortzaileek bi xede zituzten: Iruñerrian euskarazko irratia sortzea eta Euskadi Irratiaren seinalea Iruñerrian zabaltzea.
Sortzaileok bete-betean asmatu zuten erabaki horrekin, eta irratiaren garapen sendoaren gakoetako bat izan zen. Datu argigarri bat: Iruñerrian lizentzia izan duten gaztelaniazko irrati guztien artean bakar batek ere ez du lortu irautea gibelean kate estatal bat eduki gabe.
IRAGANAREN ONDORIO
Bistan da beste hainbat gauzatan asmatu zutela Euskalerria Irratiko sortzaileek. Besteak beste, filosofian: «Bitartekoak aldatu badira ere, duela 35 urte eta egun gauza bera egiten ari gara. Iruñerrian euskaldunok sakabanaturik bizi gara, eta euskaldunei elkarren berri edukitzeko, ideiak trukatzeko, komunitate sentitzeko topaleku bat eskaintzen diegu», nabarmendu du irratian 1992tik lan egiten duen Reyes Ilintxeta kazetariak.
Duela 35 urte, Eugenio Arraiza euskaltzale eskuzabalak Mikel Bujanda, Javier Cunchillos, Miguel Javier Urmeneta, Patxi Zabaleta eta Jesus Bueno elkartu zituen, irratiaren proiektua abian jartzeko. Berehala jaso zuten ikastolen zein euskaltegien aldeko mugimendu bizietan zihardutenen sostengua. Tartean ziren Sagrario Aleman eta gerora irratiko esataria izanen zen eta egun ere irratia laguntzen duen Kike Diez Ultzurrun.
27 URTEKO BEHIN-BEHINEKOTASUNA
«Euskara hutsezko hedabide profesionala eta konbentzionala nahi genuen, borborrean zebilen euskararen aldeko mugimenduari irrati zerbitzua emango ziona», oroitarazi du Bujandak berak. «Hemengo euskaldun jendeari hitza eman nahi genion, baina baita euskaraz eginarazi ere», gaineratu du. «Irrati hau oso gutxi litzateke ez balego lagun, adiskide, mintzakide eta ekarpen genero askotarikoa egiten duen jendea, kolektiboa, komunitatea. Iruñerriko euskaldungo hori zenbat eta biziago, irratia orduan eta sendoago», laburbildu du.
Behin-behinean hasi ziren emititzen, ustez sarri iritsiko zen lizentziaren zain, eta 27 urte eman zituzten alegaltasunean, erregionalista euskarafoboen gatibu. Bujanda buru, musu truk edo oso gutxi kobratuta lan egiten zuten abokatuak lagun, hirutan garaitu zuten UPNren foru gobernu ahalguztiduna Espainiako Auzitegi Gorenean. Meritua, akaso, hobeki ponderatzen da oldarraldi judizial garaiotan. Azkenean, lizentzia jaso zuten, euskalgintzaren azken hamarkadotako garaipenik ederrenetako batean.
ETORKIZUNAREN AIDURU
«Erantzun guztiak genekizkielarik, galdera guztiak aldatu zizkiguten». Esaldi biribila Mario Benedettirena omen, eta ederki islatzen du Euskalerria Irratiaren egoera. 2016an jaso zuen behingoz emititzeko lizentzia –adi: Uxue Barkosen gobernuaren eskutik, baina Yolanda Barcinak izendaturiko kontratazio mahaiak erabakita–.
Ordura arte garaturiko eredua sendotu du ordutik: diru-laguntzak jasotzeko bidea behingoz egonkortuz, publizitateko diru sarrerak hobetuz, Ezkaba mendian behar bezalako emisorea jarriz, lan taldearen lan baldintzak hobetuz.
Alta, aldi berean, digitalizazioak duela 20 urte paperean eragindako lurrikara eragin du orain audioa kontsumitzeko ohituren aldaketak irratigintzan: audio plataformak, irrati edukien zatikatzeak, podcastak… Eta horrek areagotu egin du irrati izatetik proiektu komunikatibo izatera pasatzeko premia, euskalerriairratia.eus irrati baten webgune izatetik Iruñeko atari multimedia izatera igarotzeko beharra.
JAUZI DIGITALA
Eta horretan ari da Euskalerria Irratia, gogotsu. Tokiko irrati bat hiriburu batean nola egin daitekeen asmatu eta gero, orain informazio atari bat hiriburu batean nola garatu diseinatu behar. Betiere, irrati batetik abiaturik, FMko zein online emisioa utzi gabe.
Azken urteotan, jauzi digitala egiten ari da. Lehenik eta behin, irrati produkzio sistema digitalizatu zuen: soinu mahai digitala jarriz, soinu iturri guztiak digitalizatuz Dante sistemaren bitartez, kazetari postu guztiak ekoizpen zentro bihurtzen dituen software egokia paratuz. Modu horretan arindu egiten baita irratian emitituriko edukiak webgunera, plataformetara eta sare sozialetara eramateko prozesua.
Horretaz gain, Mobile Journalism-ean lehen urratsa egiten ari da eta kamera adimentsu sistema ezarri du estudio nagusian, mintzatzen ari den mikrofonoaren arabera bideo edizio automatikoa egiten duen softwarearekin.
BIDEOPODCASTEN ALDEKO APUSTUA
Hobekuntza teknikook hainbat ate zabaltzen dituzte, Iruñerriko euskaldunei atari digital multimediarik egokiena eskaintzera iritsi ahal izateko. Apustu nagusietako bat da ahalik eta azpiegiturarik egokiena edukitzea bideopodcastak ekoiztu ahal izateko. Ez, soilik, halako edukiak zabalduz audientzia gaztea irabazteko. Horretaz gain, halako azpiegitura eskainiz Iruñerriko gazte sortzaileak irratira erakartzeko, halako edukiak egin ditzaten. Hau da, belaunaldi berriekin loturak sortu eta estutzeko.
Aurten bi bideopodcast jarri ditu martxan. Irratiak ordaintzen digu trena, musika eta umorea uztartzen dituen saioa, Ion Celestino eta Amets Aznarez musikariek aurkezturik. Eta Flop Kultura, pop kulturari buruzko saioa, Albina Stardust eta Divina Comediaren gibelean dauden Eneko Garcia eta Danel Pascual artistek gidatua. Biok ala biok oso ongi funtzionatzen ari dira.
Aurretik beste zenbait podcast martxan zituen, beste zenbait erakunderekin elkarlanean: Konpainia karrikako amesgaiztoa, zinema fantastikoari buruzkoa, Santi Leonek eta Jaume Gelabertek aurkeztua eta Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialarekin batera egina; Zertarako hau ikasi? Historiari buruzko saioa, NUPekin elkarlanean; eta Ongi egiten dugu Iruñekoak izateko, umore saioa, Yasmine Khris Maansrik eta Iker Tubiak egina, Laba elkartearekin auzolanean.
Edonola ere, eta Ilintxetak zioen bezala, bitartekoak aldatzen badira ere helburua beti bera da: Iruñerriko euskaldunen komunitateari ahalik eta zerbitzurik egokiena eskaintzea, komunitatearekin, komunitatean eta komunitatearentzat lan eginez.