Elhuyarren Elia erabiliz lortutako itzulpen automatikoa
en
Urtekaria 2025-2026 | Pello Urzelai Agirre (Berriako IKT arduraduna eta Kazetaritza ardatz buletinaren egilea)

Urteroko ohiturari jarraituz, artikulu honetan nazioarteari begiratuko diogu hedabideen arloan gertatzen ari denaz ikuspegi global bat izateko. Kazetaritzak eta hedabideek gaur egun dituzten erronka nagusiak aintzat hartuta, nazioarteko joera nagusiak aztertzen ahaleginduko gara. Nola erantzun zaie 2025ean erronka nagusiei? Zein da aurrera begira espero daitekeen bilakaera? Galdera hauek erantzuteko, komunikazioaren arloko joeren inguruko azterketei eta aurreikuspenei erreparatuko diegu ondoko lerroetan.

Hedabideen munduan erronkak ugari dira, ez baita haizea alde duen sektore bat, alderantziz baizik. Nazioarteko joerak aztertzean erronka nagusi batzuk aukeratu ditut, ikuspegi orokor bat eskaini asmoz: kazetarien giza eskubideak, prentsa askatasuna, desinformazioa eta kazetaritzarekiko konfiantza, bideragarritasun ekonomikoa, adimen artifizialaren disrupzioa, kazetaritzaren bide berriak eta genero arrakala. Erronka hauek ez daude isolatuta, elkar lotuta baizik.

Giza eskubideak eta prentsa askatasuna

Kazetarien giza eskubideen eta prentsa askatasunaren ikuspuntutik 2025. urtea beltza izan dela esan daiteke. Besteak beste, Israelek Gazan eragindako genozidioaren barruan bertako kazetariak jomuga izan dituelako. Txosten guztiek jasotzen dutenez, mundu osoan kazetarien hilketa kopuru handiena Gazan gertatu da 2025ean. Mugarik Gabeko Kazetariak (RSF) elkartearen urteko txostenaren arabera1, 2025ean munduan hildako kazetarien % 40tik gora Gazan hil ditu Israelgo armadak. Txosten horretako datuen arabera, munduan 67 kazetari hil dituzte, 503 zauritu, eta 20 bahitu eta 135 desagertuta daude.

Nazioarteko Kazetarien Federazioaren (IFJ) txostenaren arabera2, berriz, 111 kazetari hil dituzte 2025ean (124 2024an). Hilketa gehienak (51, % 46) Gazan gertatu dira. Horrez gain, IFJk erregistratutako zerrendaren arabera, 533 kazetari daude espetxean. Kazetariak Babesteko Batzordea (CPJ)3 Gazako kazetarien egoeraren jarraipena egiten ari da, eta bildutako datuen arabera, 2023ko urriaren 7az geroztik, Israelek 252 kazetari palestinar hil ditu Gazan, 173 zauritu eta 94 espetxeratu.

2025eko urrian adostutako su-etenaren ostean, Gazako kazetarien hilketak gelditu direla dirudien arren, ez daude arriskutik kanpo, Israelek ehunka palestinar hil baitu azken hilabeteetan su-etena indarrean egon arren.

Hilketen larritasunari zigorgabetasuna gehitu behar zaio. International Press Institute (IPI) hedabideetako profesionalen elkarteak adierazpen publiko bat argitaratu zuen azaroan, estatuei kazetarien kontrako krimenak amaitzeko neurriak har ditzaten eskatuz. IPIren adierazpenak4 zioenez, «mundu osoan, prentsa librea mehatxupean dago, eta kazetariek gero eta mehatxu panorama konplexuagoari egin behar diote aurre. Kazetarien eta komunikabide independenteen aurkako erasoak areagotzen ari dira, kopuruan ez ezik, baita sofistikazioan eta ankerkerian ere, eta horrek gero eta ingurune gogorragoa islatzen du prentsarentzat».

 

Era berean, WAN-IFRA elkarteak argitaratzen duen World Press Trends Outlook 2025-20265 txostenaren arabera, inkestatuen % 45,5ek uste dute prentsa askatasunak okerrera egin duela norberaren herrialdean. % 10,6k soilik antzeman dituzte hobekuntzak beren herrialdeetan.

International Press Instituteren adierazpenak dioen bezala, prentsa librea mehatxupean dago mundu osoan. 2025ean mehatxu foku berri bat piztu da Donald Trump Etxe Zurira iritsi ondoren, eta horrek mundu osoan hauspotu du, batik bat eskuin muturraren eskutik, prentsa librearen kontrako jazarpena. Donald Trumpek hamar urte darama hedabideekiko etsaitasuna adierazten, herriaren etsaitzat eta albiste faltsuen sortzailetzat jotzen. Baina boterea berreskuratu duenean, Trumpek areagotu egin du hedabideen kontrako jarduna eta estrategia orokor bat zabaldu du prentsa independentea indargabetzeko.

Mugarik Gabeko Kazetariak elkarteak 2026ko urtarrilean argitaratu duen txostenean6 jaso duenez, «AEBetako Gobernuaren datuak zentsuratu ditu, irrati-telebista publikoak desegin, bere ekintzak kritikatzen dituztenak zigortzeko gobernu agentziak erabili, prentsa askatasunaren aldeko nazioarteko diru laguntzak bertan behera utzi, gustuko ez dituen hedabideak auzitara eraman, eta bere hurbilekoak hedabideetako gidari jartzeko presionatu». Trumpen administrazioak hedabideen eta prentsa askatasunaren eremuan izandako jardunaren kronologia osatu du Mugarik Gabeko Kazetariak elkarteak. Zerrenda luze bat da, 46 ekintza jasotzen dituena.

Uholde atzerakoi horrek garestitu egin du botereari aurre egiteko eginkizunaren ordaina. Hedabide batzuek atzera egin duten bitartean, beste batzuek kazetaritza eta kazetariak defendatzen ahalegindu dira eta horren aldeko deia zabaldu dute. Kazetaritza eta kazetariak defendatzeko zenbait neurri hartzen saiatu dira, A.G. Sulzberger New York Times-eko zuzendari nagusiak7 Ikerketa Kazetari eta Editoreen elkartearen ekitaldi batean adierazitakoaren ildotik: Trumpen administrazioari buruz informatzen jarraitzea, beldurrik gabe eta faboritismorik gabe, kazetarien eta hedabideen eskubideak defendatzea, lankideak babestea eraso egiten dietenean, jendeari erakustea zer den kazetaritza, nola egiten den eta zergatik den garrantzitsua.

Desinformazioa eta kazetaritzarekiko konfiantza

Munduko Ekonomia Foroaren Arrisku Globalen Txostenak8 (2025) desinformazioa identifikatu du hurrengo bi urteetarako arazo larriena bezala, eta mehatxu hauek nabarmendu ditu: adimen artifizialak sortutako eduki faltsuak eta erakundeekiko konfiantza galtzea. Hainbat faktoreren eraginez, albisteekiko mesfidantza indartu da azken urteotan, Reuters Instituteren ikerketetako datuen arabera. Digital News Report 2025 txostenean9 jasotzen denez, inkestatuen % 58 kezkatuta agertzen da online albisteen aurrean, ez dakitelako argi zer den egiazkoa eta zer faltsua. Aurreko urtearen antzeko zifra da, baina 2022koa baino lau puntu handiagoa. Kezka handiena Afrikan (% 73) eta Estatu Batuetan (% 73) agertzen da. Txikiena, Europan (% 54).

Inkestatuen ustez, desinformazioaren eragile nagusiak politikariak edo alderdi politikoak (% 47) eta influentzerrak (% 47) dira. Atzetik datoz atzerriko gobernuak (% 39), aktibistak (% 37) eta hedabideak eta kazetariak (% 32). Ikuspegi globaletik, desinformazioa gehien zabaltzen duten plataformak Facebook (% 49), Tik Tok (% 48), X (% 34), Instagram (% 34) eta Youtube (% 30) dira.

Azken hamarkadan, albisteekiko konfiantza nabarmen jaitsi bada ere, 2025ean ez da nabaritu aldaketarik: albisteekiko konfiantza % 40an mantendu da.

Mesfidantza eragiten duen faktore garrantzitsuenetako bat adimen artifizialaren tresnek sortzen dituzten eduki faltsuak dira. 2025ean adimen artifizial sortzailea erabiliz irudiak eta bideoak sortzen dituzten tresnen gaitasuna nabarmen hobetu da, errealitatea eta gezurra bereizteko zailtasunak areagotuz. Tresna horiek gero eta gehiago erabiltzen dira eta haiek sortutako irudiak gero eta ohikoagoak dira oihartzun handiko gertaeren inguruan, Venezuelako kasuan agerian gelditu denez.

Bideragarritasun ekonomikoa

WAN-IFRAren World Press Trends Outlook 2025-202610 txostenaren arabera, gero eta argiago ikusten da hedabideen negozioa, diru sarreren ikuspuntutik, hiru zutabetan oinarritzen dela: papereko edizioa (salmenta eta publizitatea), edizio digitala (harpidetzak edo bazkidetzak eta publizitate digitala) eta bestelako diru sarrerak (ekitaldiak, B2B -business to business- zerbitzuak, plataformekiko hitzarmenak…). Azken urteetan, paperari lotutako diru sarrerak gutxitzen joan dira, baina edizio digitalarenak ez dira ia hazi. Harpidetza digitalek goranzko joera txiki bat dute, baina publizitate digitala gorabeheratsu gertatzen ari da. Beraz, hirugarren zutabea izan da gakoa diru sarrerak orekatzeko. Bestelako diru sarrerak bost urtean % 13,2tik % 25,2ra igo dira.

Reuters Instituteko Nick Newmanek egindako Journalism, media, and technology trends and predictions 202611 txostenaren arabera, inkestatutako hedabideetako arduradun gehienek (% 76k) arreta nagusia harpidetzak eta bazkidetzak elikatzen dituzten edukietan jarrita daukate. Markaren publizitate natiboan ere atzeman dute interes berritua (% 64). Arreta bereganatu duen beste aukera bat jende aurreko ekitaldiena da (% 54).

Diru sarrerak lortze aldera, aurrera begira, lehentasuna produktu nagusiak hobetu eta optimizatzea izango bada ere, Nick Newmanek kontsultatutako arduradunek uste dute ez dela nahikoa izango eta produktu berriak garatu eta iturri berriak bilatu beharko dituztela. Aukera berrien artean, adimen artifizialeko plataformek edukien truke ordain dezaten lortzea nabarmendu dute.

Adimen artifizialak dakarren erronka bikoitza

Desinformazioan eta hedabideekiko mesfidantzan duen eraginaz gain, adimen artifizialak erronka bikoitza dakarkie hedabideei. Batetik, bilaketaren paradigma aldaketari erantzun beharko diote. Bestetik, erabaki beharko dute zertarako garatu eta zertan erabili beharko duten adimen artifiziala.

Journalism, media, and technology trends and predictions 202612 txostenaren arabera, hedabideetako arduradunek uste dute hiru urtean % 43an murriztuko dela bilaketa motorren bidez datorkien trafikoa. Aldiz, galdera-erantzun bidezko bilaketa, lengoaia naturalean egindako galderak ulertzen dituena eta erantzunei buruz berriro galdetzea ahalbidetzen duena, indarra hartzen ari da, eta klik gabeko bilaketen kopurua handitzen ari da. Ez dago argi zein neurritan gertatzen ari den eta zein izango den bilakaera. Reuters Instituteren aipatutako txostenerako Chartbeatek eskainitako datuen arabera, maila globalean 2.500 webgunetan bilaketa organikoaren trafikoa % 33 jaitsi da 2024ko azarotik 2025eko azarora (Amerikako Estatu Batuetan % 38, eta Europan % 17).

 

Horrez gain, Chartbeaten datuek ChatGPTtik datorren trafikoaren hazkunde azkarra erakusten dute, nahiz eta gaurkoz bolumena oso txikia izan Googlek sortzen duenarekin alderatuta (500 aldiz gutxiago, eta Discoverren bidezkoa kontuan hartuta 1.300 aldiz gutxiago). Baina joera horrek adierazten du adimen artifizialaren txatboten bidezko bilaketa gero eta gehiago erabiltzen dela, baita albisteak aurkitzeko ere, eta ingurune horretan klik gutxi gertatzen direla jatorrizko iturrietara.

Beste erronka adimen artifizialaren teknologiaren aplikazioarekin lotuta dago. Azken urtean areagotu egin da adimen artifizialaren erabilpena erredakzioetan. WAN-IFRAren World Press Trends Outlook 2025-202613 txostenaren arabera, ChatGPT merkaturatu zenetik, adimen artifiziala lehentasun estrategiko bilakatu da gero eta hedabide gehiagorentzat. Inkestatuen % 93k aurreikusi dute 2026an adimen artifizialean eta automatizazioan inbertitzea, eta % 90ek datuen analisian eta adimenean. Datu hauek bat datoz, Reuters Instituteko Nick Newmanek bildutakoekin. Adimen artifizialaren teknologia gero eta gehiago erabiltzen da hedabideetan. Gehienek (% 97) garrantzitsutzat jo dute aurreprodukzioaren lanak automatizatzea (transkripzioak, metadatuak…), eta askok edukiak kudeatzeko guneetan integratu dute azken urtean. Informazioaren bilketarako erabiltzea (% 82) eta produktuen programazioa eta garapena azkartzea ere (% 81) garrantzitsua da gehienentzat.

Hala ere, erredakzioetan nolabaiteko desilusioa antzeman daiteke adimen artifizialaren aurrean, oso arduradun gutxik (% 13k) aitortzen duelako orain arteko emaitzak edo ekimenak eraldatzaileak izan direla.

Erabilpen motak biderkatu egin dira eta adibide interesgarriak aurkitu daitezke. Adibidez, informazio bolumen handiak arakatzeko New York Times-ek egindako ikerketak edo Norvegiako iTromsø egunkariak gobernuko artxibo eta Dokumentuak arakatzeko sortutako Djinn izeneko tresna. Zalantzazko adibideak ere badaude: esaterako, Washington Post-ek albisteetatik sortutako podcast automatikoak, gidoietan akats esanguratsuekin argitaratutakoak. Aurrera begira, adimen artifizialaren garapenarekin batera, agente-prozesuen aplikazioa da aipatzen den joeretako bat.

Kazetaritzaren inguruko joerak

Desinformazioaren eta adimen artifizialaren eragina kontuan hartuta, Reuters Instituteko Nick Newmanen txostenaren arabera, kazetaritza ildo batzuk indartzeko ahaleginak aurreikusten dira: ikerketa originalak, lekuan lekuko kazetaritza, analisi kontestuala eta giza istorioak. Aldi berean, beste arlo batzuetan ahalegin gutxiago egitea aurreikusten dute: zerbitzuak, denbora zehatzik gabeko edukiak eta albiste orokorrak.

Ikus-entzunezko edukietan inbertitzeko asmoa agertu dute, batez ere bideo bidezko edukietan, baina baita podcastetan ere. Horrekin lotuta, galdekatuek arreta berezia jarri dute Youtube, Tik Tok eta Instagram plataformetan. Joera interesgarri bat bideo bertikalen erabilera da. New York Times-ek bere aplikazioaren menuari atal berri bat gehitu dio: Watch. Antzeko zerbait egin dute The Washington Post-ek eta CNNk. Bideo bertikalerako espazioari garrantzia eman diote, kazetarien azalpen eta analisiei tokia emanez. Komunikazio zuzenerako eta konpromisorako tresnak diren neurrian, bideo bertikal hauek bide interesgarria irudikatzen dute hedabideentzat.

2025ean, eduki sortzaileen fenomenoa izan da hedabideen munduan aipagai nagusietako bat. Hedabideetako arduradunak kezkatuta daude eduki sortzaileek bereganatu duten garrantziagatik. Uste dute ekosistema horrek denbora eta arreta kenduko dizkiola kazetaritzaren edukiari, eta batzuk beldur dira talentua galduko ote den. Fenomeno horri erantzuteko, batzuek sortzaileen moduan aritzen diren kazetariak bilatuko dituzte, eta beste batzuek, berriz, aliantzak egingo dituzte sortzaileekin, edo zuzenean kontratatuko dituzte.

 

Genero arrakala

Genero arrakala gainditzea da hedabideek duten premiazko erronketako bat. Emakumeak azpi-ordezkatuta daude hedabideetan, bai zuzendaritzetan bai eduki informatiboetan. Reuters Instituteren Women and leadership in the news media 2025: Evidence from 12 markets14 txostenaren arabera, hedabideetako zuzendaritzen %27 soilik dago emakumeen esku, nahiz eta kazetarien %40 emakumeak izan. Aurreko urteekin alderatuta, emakume liderren kopurua handitu da: 2023an %22 izan zen, eta 2024an %24. Bide handia dago oraindik berdintasunera iristeko.

Emakumeen tokia albisteetan askoz txikiagoa da gizonena baino, populazioaren erdia izan arren. The Global Media Monitoring Project-en 2025eko txostenaren arabera15, hedabide tradizionaletan agertzen diren pertsonen % 26 soil-soilik dira emakumeak. Hedabide digitaletan, ehunekoa pixka bat hobea da: % 29. Txosten hau bost urtean behin egiten da, eta atzera begiratuta, azken datuak kezkagarriak dira aurrerapena gelditu baita. Txostenaren egileek neurriak hartzeko deia egin dute. «Emakumeen ahotsik gabe, ez dago kontakizun osorik, ez bidezko demokraziarik, ezta etorkizun partekaturik ere» (ikerketa honen Hego Euskal Herriko atala aztertzen du urtekari honetako 12. artikuluak).

Erreferentziak

Reporters Without Borders. (2025). 2025 Round-up. 2025, a deadly year for journalists: this is where hate and impunity lead. https://rsf.org/en/2025-deadly-year-journalists-where-hate-and-impunity-lead

Comittee to Protect Journalists. (2025). Israel-Gaza War. Attacks on journalists across the region since October 7, 2023. https://cpj.org/issue/israel-gaza-war/

Reporteros Sin Fronteras. (2026). Un año del segundo mandato de Trump: el presidente va camino de unirse a los peores depredadores de la libertad de prensa del mundo. https://rsf-es.org/un-ano-del-segundo-mandato-de-trump-el-presidente-va-camino-de-unirse-a-los-peores-depredadores-de-la-libertad-de-prensa-del-mundo/

World Economic Forum. (2025). The Global Risks Report 2025. https://reports.weforum.org/docs/WEF_Global_Risks_Report_2025.pdf

Newman, Nic. (2026). Journalism, media, and technology trends and predictions 2026. https://reutersinstitute.politics.ox.ac.uk/journalism-media-and-technology-trends-and-predictions-2026

Arguedas, Amy Ross · Mukherjee, Mitali · Nielsen, Rasmus Kleis. (2025). Women and leadership in the news media 2025: Evidence from 12 markets.https://reutersinstitute.politics.ox.ac.uk/women-and-leadership-news-media-2025-evidence-12-markets

Macharia, Sarah · Dueñas Guzmán, Maximiliano · Molina, Rodrigo. (2025). Progress on a Plateau. 30-year Findings On Change In Gender Equality In and Trough the World News Media. https://whomakesthenews.org/wp-content/uploads/2025/12/GMMP2025-GlobalReport.pdf


1. https://rsf.org/en/2025-deadly-year-journalists-where-hate-and-impunity-lead

2. https://www.nuj.org.uk/resource/human-rights-day-2025-111-journalists-killed-this-year-say-ifj.html

3. http://Kazetariak Babesteko Batzordea (CPJ)

4. https://ipi.media/on-international-day-to-end-impunity-for-crimes-against-journalists-ipi-calls-on-states-to-uphold-obligations-under-international-law/

5. https://wan-ifra.org/2026/01/world-press-trends-outlook-rising-three-pillar-revenue-model-fuels-industry-optimism/

6. https://rsf-es.org/un-ano-del-segundo-mandato-de-trump-el-presidente-va-camino-de-unirse-a-los-peores-depredadores-de-la-libertad-de-prensa-del-mundo/

7. https://www.nytco.com/press/ag-sulzberger-urges-journalists-keep-reporting-without-fear-or-favor/

8. https://reports.weforum.org/docs/WEF_Global_Risks_Report_2025.pdf

9. https://reutersinstitute.politics.ox.ac.uk/es/digital-news-report/2025/dnr-resumen-ejecutivo#ftn5

10. https://wan-ifra.org/2026/01/world-press-trends-outlook-rising-three-pillar-revenue-model-fuels-industry-optimism/

11. https://reutersinstitute.politics.ox.ac.uk/journalism-media-and-technology-trends-and-predictions-2026

12. https://reutersinstitute.politics.ox.ac.uk/journalism-media-and-technology-trends-and-predictions-2026

13. https://wan-ifra.org/2026/01/world-press-trends-outlook-rising-three-pillar-revenue-model-fuels-industry-optimism/

14. https://reutersinstitute.politics.ox.ac.uk/women-and-leadership-news-media-2025-evidence-12-markets

15. https://whomakesthenews.org/wp-content/uploads/2025/12/GMMP2025-GlobalReport.pdf