Elhuyarren Elia erabiliz lortutako itzulpen automatikoa
en
Urtekaria 2023-24 | Unai Iparragirre Torre (ETB-ko zuzendaria)

Hainbat izan dira azken hamarkadan aldaketa sakonak jasan dituzten esparruak, baina gutxi aldatu dira ikus-entzunezko edukien kontsumoa beste – eta, batez ere, hain azkar. Globalizazioak eta digitalizazioak goitik behera eraldatu dute ikus-entzunezkoen mundua oso denbora laburrean, eta, batez ere, hainbat hilabetez etxean sartuta egotera derrigortu gintuen pandemiak sekulako iraultza ekarri zuen edukiak kontsumitzeko moduan.

Netflix 2015. urtean heldu zen gure bizitzara. Orduan, espainiar estatu mailan batez beste ia 18 milioi ikusle batzen ziren gauero telebista tradizionalaren parean prime time edo ordutegi nagusiko saioak ikusteko; gaur egun, ikusle kopurua 13 milioira erori da, hau da, ia heren bat gutxiago. Beste alde batetik, dagoeneko espainiar estatuko etxeen erdiak dauka Netflixeko harpidetza – eta Prime Video plataforma are etxe gehiagotan dago ikusgai.

Honek guztiak, ezinbestean, telebista kate tradizionalen audientzian beherakada ekarri du. Iaz, ETB1ek % 0,1 egin zuen behera sharean, eta ETB2k % 0.2. Antena 3 eta Telecincok, nahiz eta aurrekontu askoz potoloagoak izan, beherakada handiagoa izan zuten: Antena 3ek % 0,5 egin zuen behera (hau da, ETB1ek baino 5 aldiz gehiago) eta Telecincok, aldiz, % 2,1 share puntu galdu zituen (ETB1ek baino 21 aldiz gehiago).

Eta nora joan dira ikusle hauek guztiak? Asko kate tematikoetara (Euskadin, azken 5 urteetan, % 16 egin dute gora) eta are gehiago online eta plataforma digitaletara (non kontsumoa bikoiztu egin den). Edukiak kontsumitzeko moduan aldaketa, batez ere, gazteek egin dute. Euskaldunon eduki kontsumo ohituren inguruan EITBk egindako ikerketa baten arabera, YouTube eta plataforma digitalak bihurtu dira gazteentzat edukiak egunero edo ia egunero ikusteko euskarri nagusiak, eta telebista tradizionala hirugarren lekura erori da.

Egoera honen ondorioz, eta kontuan hartuta EITBk euskal gizarte osoari eman behar diola zerbitzua (eta ez edukiak era tradizionalean kontsumitzen dituztenei bakarrik), Audiovisual is digital estrategia garatzen hasi zen, mundu digitalerako euskarri eta produktu natiboen etapa berria irekiz. Telebista gara, irratia gara, eta hamarkadak daramatzagu Interneten, baina argi daukagu euskal ikus-entzunezko talde publiko gisa dugun funtzioaren parte dela kontsumo eta euskarri digital berrietan euskarazko eta euskal edukiak bermatzea. Eta argi dago, guztiek, baina batez ere belaunaldi berriek, beren sakelako telefonoak edo ordenagailuak dituztela pantaila nagusi – eta EITBk ere errealitate horretara egokitu behar du.

Euskara eta euskarazko edukiak erdigunean

Mundu digitalera eta kontsumo modu berrietara egokitzeko estrategia horretan bost elementutan jartzen du EITBk arreta. Lehenik eta behin, euskarazko eta euskal edukiak erdigunean egotea. Bigarrenik, teknologia aurreratuen erabilera, erabiltzaile esperientzia erosoa bermatzeko. Hirugarrenik, hogeita hamar urtetik beherakoak euskarazko kontsumo digitalarekin konektatzea. Laugarrenik, telefono mugikorreko kontsumo masibora egokitzea. Eta, azkenik, bideo eta audio edukietan adituak izatea.

Gogoeta honek dagoeneko eman ditu lehen emaitzak eta produktu digital berri batzuk abian daude – beste batzuk, hurrengo hilabeteetan jarriko dira martxan.

PRIMERAN: euskarazko eta euskal edukiei zabalik dagoen leiho digitala

Audiovisual is digital estrategiaren markoan, iazko irailean ikusi zuen argia PRIMERAN streaming zerbitzu berriak, euskarazko eta euskal edukiei zabalik dagoen leiho digitalak. Filmak, telesailak, dokumentalak eta haurrentzako edukiak eskaintzen ditu plataforma berriak – doakoa eta astero-astero eduki berriak dakartzana. Tartean, baita espreski PRIMERANerako ekoitzitako eduki propio eta esklusiboak ere, besteak beste, surfaren munduan girotutako Itxaso thrillerra, Altxa Komedia umorezko monologo saioa, Iñigo Vicensek aurkeztutako FitEran fitness programa eta laster estreinatuko den Das-Tattoo, protagonista euskal sukaldari gazteak eta euren tatuajeak dituen saioa.

PRIMERAN proiektuak hasieratik sortu zuen ikusmin handia, eta harrera bikainarekin jaio zen euskal streaming plataforma. Euskal kultur eragile ordezkaritza zabalaren aurrean egin zen aurkezpena, eta lehenengo 4 hilabeteetan 60.000tik gora lagunek eman zuten izena. Urte amaierarako 6.000 eduki atal baino gehiago zeuden ikusgai eta asmoa da eduki kopurua ugaltzea eta kalitatezko edukiz hornitzea; horretarako euskal ikus-entzunezko sektorearen lankidetza, aliantza eta elkarlana ezinbestekoak dira.

Aipatu beharra dago EITBko edukiak ezezik, PRIMERAN plataformak hainbat partner-en edukiak ere eskaintzen dituela: besteak beste, TOKIKOM euskarazko tokiko komunikabideen elkartearenak, Euskal Filmategiarenak eta Guggenheim Museoarenak; eta hurrengo hilabeteetan Basque Culinary Center gastronomia eskolarenak ere izango dira ikusgai. Asmoa, hurrengo hilabeteetan beste hainbat partner-ekin akordioak sinatzea da, eta etorkizun hurbilean euskal eduki sortzaile gazte eta berrientzat erakusleiho bihurtzea.

Orain: gazteei zuzendutako albiste zerbitzu digital berria

2023ko abenduan jaio zen ORAIN WHATSAPP, whatsApp bidezko zerbitzu publikoko informazio sistema. ORAIN BERRIAK marka digitalaren barruan kokatutako esperientzia da ORAIN WHATSAPP. Berehalakoa da, egiazkoa eta selektiboa, eta lehentasuna ematen die gizartean eragin handiena duten albisteei. Bideo formatuko edukiak gailentzen diren ORAIN WHATSAPP zerbitzuak ez du albistegien ohiko estiloa: zuzenagoa eta kontsumitzeko errazagoa da, eta euskarri mugikorrei lotuta dago. Norberak aukeratzen duen informazio mota jasotzen du, irudiekin, bideoekin eta modu errazean. Bereziki zuzenduta dago informazioa azkar eta modu praktikoan kontsumitzen duen 30 urtetik beherako publikoari.

Makusi: zer ikusi?

Hamaika ikerketa daude erakusten dutenak etxeko txikienek apenas jotzen dutela telebista tradizionalera edukiak ikusteko orduan – batez ere mugikor eta tabletean ikusten dituzte euren marrazki bizidun eta saio gustukoenak. Hau kontuan hartuta, EITB iaz hasi zen haur eta nerabeentzako eduki eskaintza berrian lanean.

Haur eta nerabeentzako edukien markaren helburua komunitate gazte hau suspertzea da. Proposamen fresko eta gaurkotua izan nahi du, euskal gazteen bizitzarekin eta interesekin konektatzeko. MAKUSI eta MAKUSI KLUBA arduratuko dira etxeko gaztetxoenekin erlazionatzeko modu berriak ezartzeaz eta, besteak beste, euskara normalizatzea eta etorkizunerako audientzia sendoa eratzea bilatuko da. 2024ko udaberrian jarriko da abian MAKUSI.

Guau: Gure Audioa

Podcastgintzan, zehazki, eta audiogintzan, oro har, badira eduki arrakastatsuak eta sarituak: Artxipelagoa soinu fikzioa, Lokatza, Yoko Ona, Irabazi Arte, Uhin Ultramoreak, Harpa jotzen eta Iufi, batzuk aipatze aldera. Horri segida emango dio EITBk, pausu sendoz, 2024an Guau plataforma sortuz.

Espazio digital berria da eta entzunezko edukia, bideopodcastak barne, modu atsegin eta erakargarrian eskaintzeko eta zabaltzeko diseinatuta dago. Audio plataforma berriak “irratiko” eduki guztiak eskaintzeaz gain, podcastak ere eskainiko ditu. Hortaz,  audio eskaintza osoa zabaltzeko tresna digitala izango da.  Espazio honetan edukiak behar bezala eta doan eskuratu eta kontsumitu ahal izango dira. Garrantzia emango zaie askotariko edukiari eta elkarrekintzari. Entzuleek beren genero, abesti edo estiloak kudeatu ahal izango dituzte, uko egin gabe beren erreprodukzio zerrendak pertsonalizatzeari edota eskaintza linealeko kanal edo programak jarraitzeari.

Proiektuaren helburua da publiko gazteagoa erakartzea audioaren unibertsora, eta erreferenteak izatea zerbitzu integral baten eskaintzan, non EITBren irratiak zein produktu digital natiboak kontsumitu ahal izango diren (propioak, koprodukzioak eta hirugarrenek ekoitziak).

Dibertsitatea formatu eta generoetan (soinu-fikzioa, podcastak eta bideopodcastak, elkarrizketak…), gaietan (zientzia, kirola, kultura, osasuna…) eta kontsumitzeko moduetan (zuzenekoak, aurrez grabatuak, eskaeraren araberakoak…).

eitb.eus eta Gaztea

Gazteei eta egunerokotasunari lotutako EITBren produktu digitalen eboluzioa aurrera eramateko, edukiok eta beren teknologia birdiseinatu beharra dago, ikus-entzunezko kontsumo modu berrietara egokitzeko. Lantze prozesuan daude proiektu hauek,  aurten gauzatzekoak. Funtsezkoa da EITBk teknologia aurreratua eta Internet atari bat izatea, baina bere estrategia eguneratu behar du, batez ere edukiak komunitate digitalen arabera espezializatuz, eta edukien, publikoen eta kontsumo ohituren araberako estrategia asimetrikoa erabiliz.

Eitb.eus-erako erabiltzaile esperientzia, batez ere, mugikorrerako izango da. Izan ere, EITBren webgune nagusira erabiltzaile gehienak mugikorretik sartzen baitira. Hori dela eta, jatorriz, diseinua bertikala izango da eta ondoren, gainerako gailuetarako egokituko da. Unibertsoak eta edukiak lotzen dituen plataforma berri bat garatu eta plazaratuko da.

Gazteari dagokionez, bere edukia eta nortasuna eboluzionatu eta euskal gazteentzako erreferente bihurtu da, eta interakzio modu berrietara arrakastaz egokitzea lortu du. YouTube, Instagram, Tiktok eta beste plataforma batzuen bidez, ohiko irratiaren mugak gainditu, eta marka krosmedia bihurtu da, gazteekin konektatzen duten ekimenak sustatzen dituena.

Aliantzak eta elkarrekintza

Euskarazko eta euskal edukiak kontsumitu daitezen lortzeko, funtsezkoa da eduki horiek eskuragarri egotea merkatuko plataforma nagusietan eta sare sozial globaletako aplikazioetan. EITBk elkarrekintza bilatu behar du operadore horiekin, eta beraiekin partekatu bere edukiak, euskarazko eta euskal edukiak kontsumitzen direla bermatzeko.

Berebat, EITB digitalizazioaren eta euskararen aldeko euskal estrategiaren beste eragile bat izan behar da. Zalantzarik gabe, erantzukizun handia dugu gure izaera publikoagatik, baina ezin dugu bakarrik jardun. EITBren, Eusko Jaurlaritzaren, erakundeen, ikus-entzunezkoen sektorearen, sortzaileen eta euskara, kultura eta kirola eragileen arteko euskal estrategia izan behar da.

Edukiak dira gakoa

Amaitzeko, esan behar da gakoa ez direla plataformak; ez da teknologia; ez dira kanalak. Giltza, interesgarriak diren kalitatezko euskarazko edukiak eskaintzea da. Belaunaldi berriek kontsumitu nahiko dituzten edukiak. Guk geuk egindako edukiak.

Digitalizazioaren eta globalizazioaren aroan, ikus-entzunezko ekoizpen propiorik ez duen herrialde batek ezin izango du bere etorkizuna eraiki, ezta nortasuna gorde ere. Kalitatezko edukiek bermatuko dute audientziak, etorkizunean, informazioa eta entretenimendua kontsumitzea.

Datuen kudeaketa

Artikuluaren sarreran aipatu bezala, argi dago EITBk gizarte osoarengana heldu nahi badu, ezinbestekoa izango zaigula euskarri tradizionaletatik aldendu diren ikus-entzuleengana iristeko modu berriak topatzea – eta horrek, hein handi batean, euskarri digitaletara zabaltzea dakar, gehienak euskarri horietara pasatu baitira. Bestalde, egia da baita ere, (ikus-entzunezko) erakunde publiko tradizionalentzat, lan egiteko modua eta fluxuak aldatzea ez dela erraza izaten – bai EITBren kasuan, zein RTVE edo BBCrenean. Halere, Erresuma Batuan esaten duten bezala, adapt or die kasu garbi baten aurrean gaude. Transformazio digitalean aurrera ez egitea, ez da aukera bat.

Eta noski, Audiovisual is digital estrategiaren markoan ohiko telebista tradizionaletik haragoko euskarri gehigarrietara zabaltzeak, kontsumoa neurtzeko datuen kudeaketa berri eta eraginkorrago baten beharra dakar. Zentzu honetan, edukien, kontsumoaren eta erabiltzaileen inguruko datuen kudeaketa optimizatzeko, hobekuntza prozesuak jarri dira abian EITBn. Hauen helburua datuaren ikuspegi bakarra eraikitzea da, gobernantza, kalitatea eta datuen analitikaren ikuspegitik.

Horretaz gain, EITB Europa mailako European Media Data Space proiektuaren partehartzaileetako bat da (espainiar estatuko komunikazio-talde bakarra), helburu bezala datuen kudeaketa eraginkorra indartzea, berrikuntza suspertzea eta digitalizazio-prozesuak bizkortzea duena.

EITBrekin batera, proiektu handi honen parte dira sektoreko beste hainbat kide esanguratsu: Telebistaren Europar Batasuna (Eurovisión), France Press agentzia, France TV (Frantziako telebista publikoa) eta Europako hainbat ikerketa-institutu, edo komunikazioaren eta berrikuntzaren arloko beste ordezkari nabarmen batzuk ere.