IRRATIA
Irratia osasuntsu iritsi da Instagram eta clickbait garaietara. Euskararentzat hedabide ezin hobea da eta aro digitalera egokitzeko anbizioz beteriko tresnak sortzen ari da. Giro horretan gorpuztuko da 2020an euskarazko irrati nazional berria, NAIZ Irratia.
Bi irudi irratiaz
Baga; etxeko epela, hotz-beroak kristala lausotu du eta transistorean belarrira hitz egiten dizun irratsaio horietako bat. Biga; gazte bat New Yorkeko metrotik irteten, FM hargailurik ez duen azken smartphone-a eskuan, bere gustuko podcasta abiarazten.
Irratiak, edo audiogintzak nahiago bada, garaira ondo egokitzen asmatu du. Irratiaren «krisiaz» aritzeko telebistaren sorrerara joan beharko ginateke, aro digitalera baino. Izan ere, paperaren krisi betean, Internetek ohiko telebista atzean uzteko bidea abiatu duenean, irratiak tirriki-tarraka bere bidea egiten jarraitzen du. Publizitate galerak dezente kolpatu duen arren, entzule kopuruan ez du beherakada nabarmenik izan eta kontsumo ohitura berrietara egokitzeko audio-eskaintza sortzeko gai izan da.
Bi adibide abiapuntuan jarritako irudiei loturik
Lehena: EGMk argitaratu dituen Espainiako Estatuko datuei begiratuz gero, orain dela hamar urte biztanleen % 40 inguruk irakurtzen zituen paperezko egunkariak, 2018an % 23 inguru dira, 17 puntu behera. Aldiz, irratiaren kasuan, % 55 inguruko sarbidea zuen 2009an, % 57,5 gaur egun, bi puntu eta erdi gehiago. Denbora tarte berean telebistak lau puntu egin du behera (% 89tik % 85era) eta Interneten sarbidea bikoiztu egin da (% 34tik % 78ra).
Bigarrena: Ameriketako Estatu Batuetako 12 urtetik gorako biztanleriaren bitik batek entzun du podcasten bat 2019an.
Iturria: Edison Research Podcast Consumer 2019.
Gurera etorrita, beste datu adierazgarri bat. Euskaldunek telebista eta prentsa, bai paperean eta baita Interneten ere, gehienbat gazteleraz edo frantsesez ikusi edo irakurtzen dute. Aldiz, euskarazko irratiak lehenesten dituzte euskaldunek, iazko Euskal Hedabideen Urtekarian argitaratutako datuen arabera1.
Irratiarekiko apustu jarraitua
Lehen Egin-ek egin zuen bezala, Gara egunkariarekin abiarazitako proiektuak eta hortik sortutako NAIZek bere komunikazio eskaintzaren baitan irratia nolabait sustatzeko beharra beti izan du ardatz. Irratigintza euskal esparru komunikatiboan ezinbesteko zutabe gisa izan du proiektu honek bere sorreratik.
Garaiko belaunaldietan zapore gozoa utzi zuen Egin irratia-k. Hura indarrez itxi zuten, askorentzat uhinetan hutsune nabarmena eraginez. GARA proiektua abian jartzearekin bat, bertan ari zirenetako batzuk hasieratik izan zuten jo-puntuan irrati proiektu baten beharra, honako arrazoiengatik: irratiaren dialean aniztasuna falta zen, irrati espainiar eta frantsesek okupatzen dute espektroaren zatirik handiena, euskarak –ente publikotik harago– ez du apenas presentziarik, tokiko irratien eta irrati libreen lana izugarria izan arren, izaera nazionaleko irrati baten beharra agerikoa zen.
Giro horretan sortu zen Aztibegia elkartea, Agosti Xahoren erreferentziarekin eta oinarri herritarra izango zuen irrati proiektu bat sustatzeko asmoz. Irrati nazionala, balore aurrerakoiak izango zituena eta Euskal Herriko hiru hizkuntza nagusitan jardungo zena izatea zuen xede. 2006an sortu zen hari horretatik tiraka Info7 irratia.
Hamahiru urteko ibilbidean irrati nazional bat egiteko behar den ezagutza teknologikoa bereganatu zuen bertan aritu zen lantaldeak, irratigintzaren apustuari eusteko ezinbesteko tresna izan da eta gaur egungo jauzia emateko orube ezin hobea eraiki du.
Arrakala itxituran
Normaltasunez Euskal Herri osoan emititu ahal izatea zuen helburu irrati hark, ez zuen lortu. Politika publiko zehatz batzuen, edo horien gabeziaren ondorio da egungo Euskal Herriko dialaren egoera: kate frantziar eta espainiarrak nagusi, herri ekimeneko irratien garapenerako legezko oztopoak, euskararen bazterreratzea...
2012tik aurrera lizentzia aukera berriak sortu ziren Euskal Herri osoan. Ipar Euskal Herrian Paris sustatzen ari den itzalketa analogikoaren baitan eta Hego Euskal Herrian Iruñea eta Gasteizko Gobernuek deitu zituzten FMrako lehiaketen bidez.
Info7 sustatu zuen Aztibegia elkartea elkarlan proposamen ezberdinen bidez ari da abagune horiek guztiak baliatzen. Bide horretan, aurrez ezagutu gabeko aukera sortu zuen Patxi Lopez EAEko lehendakari zela izan zen deialdi publikoak. Aztibegiak eta beste batzuk osatu zuten EIZk (Euskal Irrati Zerbitzuak) zortzi lizentzia lortu zituen lehiaketa hartan euskarazko irrati proiektu berri bat sustatzeko.
Arrakala adierazgarria ireki zuen irrati espektroan lorpen hark: herri ekimenetik sustatuta, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa ia osoan normaltasunez entzuten den irrati bat sortzeko aukera ekarri baitzuen. Aukera hura gauza zedin, ordea, epaitegietako borroka luze bat eman behar izan da eta iaz sortu zen egokiera lizentzia horietatik abiatuz euskarazko irrati nazional berri bati ekiteko.
Transmedia eta NAIZ berria
Denboran, eta aukeran, bat egin dute irrati berriaren egitasmoak eta NAIZen garapenak. 2012an abiatu zen GARAren proiektuaren baitan hedabide digital berri hau, sortzez Internetekoa eta komunikazioaren eremuan garatzen ari diren ohitura berriei eusteko asmoz. Agortzen ari den paperaren negozio ereduari beste soluzio bat bilatzeko erronka ari da garatzen, GARA erreferentzia nagusi gisa duen proiektuaren trantsizio digitala sustatuz.
Euskaraz ari diren hainbat proiekturen zuzeneko sustatzaile edo laguntzaile izan dira GARA eta NAIZ. Kazeta.eus Ipar Euskal Herrian, Gaur8 eta 7 haizetara gehigarriak eta Hamaika TB, adibidez. NAIZ Irratiaren sorrerak proiektu horien arteko elkarlan eremu berri bat ekarri du eta zuzeneko bi ondorio nabarmen: euskaraz egindako hedabide berri baten sorrera eta GARA eta NAIZen baitan euskararen garrantziaren areagotzea.
Batzuk «krisi» deituko diote, «egokitzapen» besteek, baina agerikoa da formatuen eskema atzean geratzen ari dela (egunkari bat izatea, irrati bat izatea, webgune bat izatea...) eta mamiak inoiz baino protagonismo handiagoa hartzen duela XXI. mendeko bigarren hamarkadaren hondarrean. Gaur mamiak hedabide baten beharrik gabe lor dezake arrakasta (sare sozial baten asko zabaltzen delako, adibidez). NAIZ eta GARAren baitan transmediaz ari garenean mamia zentroan jartzeaz ari gara. Erredakzioa mamiaren arabera antolatzeaz, eta ez formatuaren arabera.
Lanen topagune horrek, beraz, erredakzio bakarretik emaitza ezberdinak lortzeko gaitasuna izango duen lan eskema bat eraikitzea dakar.
Espolioaren mamua
Garaia, teknologia eta legedia nahikoa oztopo ez eta iraganetik etorkizuna oztopatu nahi duen mamu berri bat iritsi zaio GARAri irratiaren sorrerarekin bat. Espainiar epaitegiek eurek Egin-en itxiera ez zela bidezkoa izan ebatzi arren, Baltasar Garzon epailearen «enpresen arteko oinordetza ideologikoa»-ren asmakizunak 3 milioi euro inguruko zama ezarri dio GARAri.
Bat egin dute, beraz, elkarrekin ezkontzen oso zailak diren bi elementuk: GARA eta NAIZen amaiera eragin dezakeen mehatxu ekonomikoa batetik; etorkizunari anbizioz begiratzeko beharra, bestetik. Espolioa batetik, NAIZen garapena eta NAIZ Irratiaren sorrera, bestetik.
Irratiaren sorreran buru-belarri jarri beharreko bitarteko ugari espolioari aurre egiteko baliatu behar izan dira, ondorioz, hilabete hauetan guztietan. «Harpidetu etorkizunera» kanpainak emaitza oso onak eman ditu zorionez eta zauria irekirik badago ere, tunelaren amaieran argia ikusten ari denean dator NAIZ Irratiaren jauzi kualitatiboa.
2020, programazio berria
2019ko udaberrian ekin zien NAIZ Irratiak emisioei eta pasa den urtarrilaren 7an abiatu du programazio osatua. Bi ardatz nagusiren baitan egituratu du bere programazio-parrila: aktualitatea batetik, musika bestetik.
Informazioaren Haria
Lehenari dagokionez, Internet eta irratiaren arteko lotura estua ageri da. Twitterreko timeline-aren moduan irudika dezakegu NAIZ Irratian Informazioaren Haria izena daraman ardatza. Informazio jario etengabea, goizeko 07:00etatik gaueko 21:00ak bitarte. Hiru edizio nagusitan antolatu da Informazioaren Haria: lehena 07:00etatik 10:00etara, bigarrena 12:00etatik 14:00etara, eta hirugarrena 18:00etatik 21:00etara. Buletinek osatzen dute edizio arteko tartea.
Aurrez aipatu den erredakzio bakarraren ideia ondoen jasotzen duen lan ardatza da aktualitatearena. Formatuaren araberako eskema batek erredakzio hirukoiztu batera eramango luke egungo GARA eta NAIZen proiektua: irratia, edizio digitala eta paperezkoa. Mamiaren araberako eskemak, aldiz, erredakzio bakarretik hiru emaitza sortzera garamatza; bere gabezia eta bertuteekin. Lehenetan, lan zama; aukeretan, gaiaren ezagutza sakona eta entzulearengana balio erantsi batekin heltzeko bidea, irratiaren kasuan.
Informazioaren Haria-ren hiru edizioak, beraz, GARA eta NAIZen giza kapitalak elikatzen ditu; Euskal Herriko eragile, ekintzaile, protagonista eta aktore nagusien ahotsak entzunarazteko erreminta gisa egituratu dira eta entzuleari aktualitatearen inguruko eskaintza integral eta etenik gabea eskainiko zaio horrela.
Musika
Irratiak musika behar du, eta musikak ere irratia behar duela uste dugu NAIZ Irratian. Zirkuitu faltaz, erreferentzia gabeziaz, «merkatu» propio baten beharraz... mintzo dira asko eta irrati berriak bere ekarpen xumea, oraingoz, baina anbizioz betea egin asmo du eremu honetan.
Hiru elementu, abiapuntuan: Musika Pilulak, Beste bat eta saio espezializatuak.
Abiatu berri du NAIZ Irratiak Musika Pilulak podcasta. Hamar bat minutuko piezak dira, euskal musikagileen azken lanak zabaltzeko bide ematen dutenak. Musikariari egindako elkarrizketa labur bat eta azken lanaren lagin pare bat jasotzen ditu.
Beste bat saioak, aldiz, euskal musikarien erreferentziak jasotzeko pilulak dira. Euren fonoteka kutuna du abiapuntu formatu honek. Andoni Tolosa, Eneritz Furyak, Zazkel, Montauk, Birkit, Eraul, Amorante, Ibil Bedi, Ane Garcia, Ibon RG, Dupla, Petti, Mikel Markez, Olatz Salvador, Nizuri Tazuneri, Miren Narbaiza, Txuma Murugarren, Maria Rivero, Okene eta Jurgi Ekiza ageri dira orain arte saioa egin dutenen artean.
Saio espezializatuen kasuan, azkenik, dagoeneko abian diren hiru saio: Revolutionary Grooves (musika elektronikoa eta beltza), Reggae Fever (reggae musika) eta Sateliteak (musika elektronikoa).
Berehala etorriko direnen artean, aldiz, lehenik Emen Gonak saioa: Birkit Alonso bakarlariak gidatuta emakumearen eszenari leku propioa egingo diona. Bestetik, Etxeko uzta saio monografikoak, mugimendu kulturalek edo moda musikalek gure herrian eta gure sorkuntzan izandako eragina aztertuko duena.
NAIZ Irratiaren musika eskaintzaren helburua irrati atsegin bat izatea da, mota guztietako musika jasoko duena eta Euskal Herrian eta, bereziki euskaraz, dagoen sorkuntzari bozgorailu berri bat emango diona.
Lankidetza
Informazioaren alorrean oinarria erredakzioa eta transmedia eredua baldin badira, musikaren eta bestelako saioen arloan lankidetza da irratia bilatzen ari den eredua.
Arrosa irrati sarea aipatu behar da lehenbizi, herri ekimenetik sortutako irratien sare honek sinergia adibide garbia izaten jarraitzen baitu.
Hortik harago, Euskal Herriko eragile, instituzio eta ekimenekin lankidetza ari da sustatzen NAIZ Irratia bere programazioan lehen mailako edukiak izateko. Abiatzear dira lankidetza eredu horren ondorioz sorturiko hainbat saio: bertsolaritzaz, osasunaz, literaturaz, bidaiez, zinema eta telesailen inguruan... adi egoteko moduko eskaintza zabalduko da 2020an zehar.
Podcastak, ohitura eta formatua
Podcast hitzak berekin baditu gutxienez bi ulerkera, neurri batean entzuten duenaren adinaren arabera ere marraztu daitezkeenak. Irratia entzuteko beste modu bat adierazi dezake, norberak nahi duenean entzuten duen audio-pieza; eta irratia egiteko modu bat ere izan daiteke, zuzenekotik aldentzen den lanketa eskatzen duena... eta bietatik ere izan dezake.
NAIZ Irratiaren kasuan bietatik du. Apple, Google, Ivoox eta Spotify plataformen bidez entzun daitezke NAIZ Irratiaren eduki gehienak, saio bakoitzaren jariora harpidetuta. Aktualitateko elkarrizketak Haria podcastean biltzen dira eta saio bakoitzak bere podcast propioa du. Hortaz, badira podcast gisa sortzen direnak, Musika Pilulak, adibidez; eta zuzenean sortu arren irratia entzuteko modu berrietara egokituz podcast gisa hedatzen direnak.
Podcasten kontua ez da berria, gurean ere ez. 2006ko Info7 irratia-k ere bazituen podcastak, adibide baterako. Orain badirudi beste sartze maila bat izan ahal dutela gurean ere, sarreran aipatu dugun AEBtako datua gogoan hartuta. Beti iristear dagoen irratia entzuteko aukera izan daiteke podcasta, edo suabe-suabe gure mugikorren jabe dagoeneko egiten ari den teknologia zaharberritua.
FM
Edozein modutan, podcastek oraingoz ez dute FMaren sartze maila, eta izanda ere ez dute ordezkatuko FMa, osatu baizik.
Ez da leku erosoa herri ekimenarentzat irrati espektroa. Txapela kentzekoa da urte hauetan guztietan tokiko irratiek, asoziatiboek eta libreek egin duten lana. Talka izugarria da, ordea, ikusi besterik ez dago herri ekimenetik egin den apustua eta instituzioek sustatu dutena. Euskarazko irratigintza da nagusi lehenean, dialari aniztasuna eskaintzen dion eskaintza. Espainiar edo frantziar irratigintza da, aldiz, euskal instituzioek arautu duten espektroan txipiroi tinta gisa zabaldu dena.
NAIZ Irratiaren FM antenak eta irismena.
Bokazio eta ikuspegi nazionala ditu NAIZ Irratiak. FM bidezko emisioei dagokionez, legezko aukera guztiak baliatzen ari da Euskal Herri osoan normaltasunez entzun dadin. Hurrengo hilabeteetan urrats berriak ematea espero du bide horretan. Nafarroan, adibidez, LTD bidez laster izango da entzungai eta FMz entzun ahal izateko ekinbideak egiten ari da.
EAErako ireki zen lehiaketak eman zuen irrati berri hau sortzeko bultzada eta espazio horretan biztanleriaren % 90 bizi den eremura iristen da dagoeneko irrati berria.
Irratiaren eremua ez da ikuspegi demokratikoz eraiki, beste hainbat esparrutan bezala, klientelismoa eta alderdikeriak nagusitu dira eremuaren arautzean; herri ikuspegi eza ere bai, ez zaio aniztasunari behar duen garrantzia eman eta, ente publikoaren salbuespenaz harago, euskara baztertu egin da. NAIZ Irratiak arrakala bat ireki du, handia edo txikia den entzulegoak erabakiko du.
1.- Amezaga, Josu (2019): «Euskarazko komunikabideen audientziak: ikuspegi historikoa», Euskal Hedabideen Urtekaria 2018.