Elhuyarren Elia erabiliz lortutako itzulpen automatikoa
en
Urtekaria 2019 | Urtzi Urkizu Adrian (BERRIAko kazetaria eta Zurriolako butaka saioko gidoilaria)

Donostiako Zinemaldiaren 59. edizioa zen, 2011. urteko irailak 20 zituen, eta akreditazioa zuten kazetariek eta kritikariek euskarazko bi film ikusi ahal izan zituzten egun berean: Telmo Esnalen ‘Urte berri on, amona’ eta Imanol Rayoren ‘Bi anai’. Euskadi Irratiak bazuen emankizun bat Zinemaldiaren berri emateko. Baina telebista programarik ez zegoen bi estreinaldi haien berri emango zuenik. Telebistako ikusle gehientsuenak ohera joan ziren Donostian egun berean euskarazko bi pelikula estreinatu zirela jakin gabe.

 

60. ediziotik aurrera, ez zen halakorik gertatuko. 2012. urtean, Zinemaldian eguneroko telebista saio bat egiteko ideia piztu zen Berria egunkarian. Bidaide naturala Hamaika zen. Berria-ren proposamenari baiezkoa eman zion berehala Hamaikak, eta urte hartan ‘Zinemaldi@n’ izenarekin egin zuten programa egunkariaren eta telebistaren artean. Erronka ez zen makala: Zinemaldiak irauten zuen egun guztietan, ordubeteko programa egitea, zuzenean. Lara Madinabeitia BERRIAko bideogileak hartu zuen saioaren errealizazio lana. Honela gogoratzen du apustua: «Garai hartan, Internet bidezko zuzeneko emankizunak ez ziren orain bezain ohikoak. Adibidez, Youtubek erabiltzaile arruntei ez zien aukera eskaintzen zuzenekoak egiteko. Ustream izeneko plataforma erabiltzea erabaki genuen. Ordenagailu eramangarri batekin, webcam batekin eta kamera arrunt batekin hasi ginen». Berria-ren webguneak zuzenean ematen zuen saioa. Eta edizio lan apur batekin, Hamaikak gauean ematen zuen gero.

Inaxio Esnaola Irutxuloko Hitza-ko kazetaria izan zen programako aurkezlea bost urtez. Haren irudikoz, hutsune bat bete zuen telebista saio berriak. «Euskarazko kate publikoak ez du zinema programarik, eta ETB1ek Zinemaldiari egiten dion jarraipena ez da berezitua. Harrigarria da Berria egunkariarekin elkarlanean telebista pribatu txiki batek hartu izana Zinemaldiari buruzko programa bat egiteko ardura. Gainera, Kursaaletik bertatik». Halaxe: Donostiako Zinemaldiak Kursaalaren behealdean utzitako txoko batean jarri dute urteotan platoa Zurriolako butaka saioko kideek. Eta Berria-k eta Hamaikak argi zuten helburua: Zinemaldiaren berri euskaraz ematea, baina bereziki Euskal Herriko ekoizpenetan arreta jarrita. Aldi berean, Zinemaldian estreinatutako pelikulak ikusten ari ziren euskal kritikarien bilgune bilakatuz joan zen telebista saioa. Atal bakoitzean, bi kritikarirekin egindako solasaldia izaten baitzen.

Bidelagun berriak

2013an, bigarren urtean, programak Zurriolako butaka izen berria hartu zuen, behin betikoa. Gorka Erostarbe kazetaria aritu zen aurkezle urte hartan, eta aurkezpen burutsuak eta mamitsuak egin zituen atal bakoitzaren hasieran. Saioko lantaldea jabetu zen Irutxuloko Hitza-ko kazetari bat Zinemaldiaren beste ikuspegi batzuk ematen zituen bideoak ari zela egiten. Lide Ferreira kazetariari baimena eskatu eta gero, telebista saioan Hitza-ko bideo batzuk sartzen hasi ziren. Horrek bide eman zuen hurrengo urtean Berria-k eta Hamaikak Donostiako tokiko hedabideari proposamen bat egiteko: formalki programaren ekoizpenean parte hartzea. Esnaolaren iritziz, Irutxuloko Hitza-ko bideoak telebista programan emateak baditu abantailak: «Ikusgarritasuna, hedapena eta marka posizionamendua ekartzen ditu. Garrantzitsua da Irutxuloko Hitza-rentzat saioan parte hartzea, Zinemaldian lantzen duena erakusteko».

2014an, hiru ziren Zurriolako butaka-ren ekoizleak: Hamaika, Berria eta Irutxuloko Hitza. Programan parte hartzen zuten kritikari batzuekiko harremana sendotzen ari zen. Saioaren balioa nabarmentzen zuten zenbaitek. Haietako bat Aitor Abaroa zen, orduko Gaztezulo-ko zuzendaria. Zurriolako butaka-k hurrengo urtean saioan parte hartzeko gonbita egin zien Gaztezulo-ko kazetariei, eta, 2015eko edizioan, Euskal Herriko ekoizpenen inguruko bideo kritikak egiteari ekin zioten Abaroak berak eta Leire Palaciosek. Laugarren bidelaguna bilakatu zen Gaztezulo.

Ordurako martxan zen Zinea euskarazko ataria. Eta euskarazko beste eduki askorekin egiten zuen moduan, Zinea-k sare sozialetan askotan zabaltzen zituen Zurriolako butaka saioko elkarrizketak, bideoak eta erreportajeak. Oso modu naturalean batu zen ataria programaren dinamikara. Izan ere, Zinea-k egiten dituen bideoek erakusleiho aproposa zuten Zurriolako butaka-n. Bosgarren bidelagunak 2016an egin zuen bat ofizialki saioarekin.

Anabel Arraiza Hamaika Telebistako aurkezleak Inaxio Esnaolaren lekukoa hartu zuen 2018an. Arraizaren iritziz, elkarlanak gauza on asko piztu ditzake: «Hedabide bakoitzaren izaera eta egoera kontuan harturik, elkarlana beharrezkoa da horrelako saio bat ekoizteko. Bakoitzak gauza txikiak eginez, gauza handiak lor daitezkeela erakutsi dugu. Hedabideen arteko elkarlanak bidea izan beharko luke aurrerantzean ere proiektu berriak sortzeko».

Nafarroa Behereko Kanaldude Telebista izan zen Zurriolako butaka saioaren elkarlanera batu zen azkeneko komunikabidea, 2018an. Joana Duhalde saioko lantaldean aritu da azkeneko bi urteetan, eta Kanaldude-ren apustua aipatu du: «Guretzat, interesgarria zen zinema mailan Euskal Herriko hitzordu garrantzitsuenean presente izatea. Bestetik, euskal hedabideen artean elkarlana beti da interesgarria: horrelako proiektu bat eramateko, garrantzitsua da indar metaketa».

Aurreneko sei urteetan, saioa zuzenean emititu zen Internet bidez. 2018an, saioa grabatzea eta gero ahalik eta txukunen editatzea erabaki zuen lantaldeak. BERRIAko Madinabeitiak eman ditu arrazoiak: «Teknikoki oso arriskutsua zen zuzeneko emankizuna egitea, batez ere gure baliabide eskasengatik. Streaming-ak asko lotzen gintuen: ezin genuen eskaini nahi bezalako irudi kalitatea. Horrez gain, eskaletan ezin zen aldaketarik egin, eta ezustekoei aurre egiteko gaitasuna ere murriztua zegoen zuzenekoaren erruz». Kanaldude proiektuan sartu izana aurrerapausotzat jo du Madinabeitiak: «2018an, Kanaldude sartu zen proiektuan, eta, harekin batera, haren baliabide teknikoak eta giza baliabideak». Saioak hoberantz egin zuela uste du BERRIAko bideogile eta errealizatzaileak. Duhaldek, halaber, elkarlana goraipatu du: «Profesionalki sare berriak sortzen ditu, eta komunikabideen arteko loturak handitzen ditu. Gainera, saioa urtez urte hobetzen ari da».

Arraizaren arabera, bestalde, handia da Zurriolako butaka-k egiten duen ekarpena: «Zinemaldiak irauten duen bitartean, egunero-egunero euskal zinemagileak eta zinemazaleak gerturatzen dituen saioa da Zurriolako butaka: arina, gertukoa eta aberatsa. Euskal sortzaileei beren lanen berri jakinarazteko tokiaz gain, askatasun osoz hitz egiteko aukera ematen diena».

2019. urtean, zortzigarren urtea bete zuen Zurriolako butaka-k. Aurreneko urteko xede berarekin: Zinemaldiaz euskaraz informatzea, euskal zineman ari diren profesionalei ahotsa ematea eta pelikulen inguruko iritziak biltzea. Elkarlana areagotzea izan da aldaketa: bi ziren tokian zazpi dira orain. Euskarazko sei komunikabide eta zinemazale euskaldunak. Azken horiek gabe, alferrikakoa bailitzateke halako saiakerak egitea.