2020ko abenduan onartu duen planarekin, komunikabideen politikan Europako Batzordeak bide berri bat abiatu duela dirudi. Izan ere, kontinenteko kultur espazio zein egiturak indartzea aspaldiko helburua izan bada ere, aipatu planak lehen aldiz heltzen dio, zuzenean, informazioaren espazio eta egituren gaiari, neurri zehatzak planteatuz. Beste hitz batzuetan esanda, komunikabideei.
Artikulu honetan plan horren berri emango dugu, baita euskal komunikabideen ikuspegitik interesgarri izan daitezkeen puntu batzuk azpimarratu ere. Halaber, Euskal Herriko komunikazio politikak gogoetatzeko ere balioko digu plan honen irakurketak.
1. Europako Batzordearen plana
Ez da berria Europa mailako erakundeek kontinenteko komunikazio eta kultur espazioa babestearekin duten kezka. Hamarkadak joan dira erreferentziazko ikerlari batzuek merkatua bateratzetik abiatutako proiektu hura komunikaziotik ere eraiki beharra zegoela ohartarazi zutela (Schlesinger, 1991). Halaber, aspaldikoak dira Europako komunikazio espazioa babestu eta egiturak sendotzeko garatu diren politikak. Politika horiek ikus-entzunezkoei begiratu diete nagusiki. Izan ere, Europako komunikazio espazioa indartuz nortasun europarra finkatzea bultzatu nahi izan da. Eta komunikazio espazio horretan, bestalde, ikus-entzunezkoen eremuan ikusi dituzte erakunde europarrek ahulezia handienak, ekoizpen iparramerikarren hegemonia dela eta. Horren adibide dira Mugarik Gabeko Telebista zuzentaraua (1989), bai eta hura ordezkatzera etorri diren beste zenbait arau —besteak beste AEBetako ikus-entzunezkoen industriatik babestea bilatzen zutenak—. Hor dago ere 1989an abiatutako MEDIA programa eta ildo bereko hurrengoak, ikus-entzunezko ekoizpen europarrak indartzeko asmoa zutenak. Edota 1992an sortutako Europako Ikus-Entzunezkoen Behatokia, komunikazio eta kultur politika europarrak burutzeko ezinbesteko tresna.
COVID-19ak komunikazio egiturak astindu dituen garaian, 2020ko abenduan Europako Batzordeak iragarri duen planak badu ordea berritasunik. Europe’s media in the digital decade. An action plan to support recovery and transformation in the news media sector izeneko plan hau (European Commission, 2020b) ikus-entzunezko aisialdiaz harago doa, eta informazioaren sektorea fokatzen du zuzen-zuzenean; lehen aldiz tamaina honetako plan baten barnean. Lehendik zetorren Europako Batzordearen kezka, bereziki alfabetatze digitalarekin. Baina ez da baztertu behar azken urtetan Amerikako eta Europako politika astindu duten zenbait gertaerek ere kezka hori areagotu izana: egia-ostearen diskurtsoak eta fake news fenomenoen zabalkundeak espazio berri bat hedatu dute, non Trumpen garaipena zein Brexitaren erreferenduma bezalako estropezuak suertatu diren; kanpoko eragileen esku-hartzearen susmoarekin nahasita (errusiarrena AEBetako hauteskundeetan, eta amerikarrena Erresuma Batuko galdeketan). Hor daude baita eskuin muturreko diskurtso soziala hainbeste elikatzen duten zurrumurruak. Horrek guztiorrek mahai gainera ekarri ditu informazio sistema propio eta «serioaren» garrantzia, bai eta jendearen alfabetatze mediatikoaren ezinbestekotasuna.
Testuinguru horretan eginiko plana izanagatik, adi jarraitu beharko zaie, euskal komunikabideetatik, ekar ditzakeen aukerei.
Oraindik eztabaidan dagoen plana da (besteak beste Europako Parlamentua bere iritzia prestatzen ari da 2021eko uda atarian); baina jadanik interesgarria da ikustea ez soilik oraingoz zein neurri proposatzen diren, baizik eta zein kezka agertzen diren, Europako goi mailako erabakigune politikoetatik, informazioaren sektorearen inguruan.
2. COVID-19aren eragina komunikazioaren sektorean
COVID-19aren pandemiak ondorio larriak izan ditu Europako komunikazioaren sektorean. Planak jasotzen duenaren arabera, kazetaritzaren sektoreak publizitate sarreren % 30 eta % 80 artean galdu ditu (% 20 telebistaren kasuan) etxealdiaren garaian. Zinema aretoek, batez beste, 100.000€ galdu dituzte pantailako; eta zenbait ekoizpen (filmak, saioak eta abar) bertan behera utzi behar izan dira. Horrekin batera, lehengo joera batzuk indartuta atera dira: VOD (Video On Demand) plataformek gorakada handia izan dute, bai eta sare sozialetako bideoen deskarga guneek ere. Esan gabe doa, hala VODen kasuan nola streaming bideoaren kasuan, Europako egiturak txikiak direla AEBetako egituren aldean: munduko ikus-entzunezkoen 50 enpresa handienak hartuz gero, haien sarreren % 11 dira Europako enpresenak; eta % 70 AEBetako enpresenak.
Ondorio puntual horiek (baldin puntualak badira) eta aldez aurretiko joeren indartzea kezka iturri dira Europako Batzordearentzat. Informazio sektore sendo eta osasuntsua berebizikotzat jotzen du planak demokraziaren birsorkuntzarako. Pluraltasun ideologikoa zein aniztasun kulturala ezinbestean zaindu beharreko baliotzat jotzen ditu Batzordeak, demokraziari eutsi ahal izateko behar beharrezkoak. Zentzu horretan, dokumentuan behin eta berriz azpimarratzen da pluraltasunaren beharra, eztabaida demokratikorako oinarri eta nork bere informazio aukera egiteko eskubide gisa. Azpimarra hori testuinguruan kokatzeko, argigarria izan daiteke esatea Europako Batzordeak berak milioi bat euro jarri berri dituela Europako medioen jabetzari buruzko behatoki bat eratzeko, honako azalpenarekin: «Hedabideen askatasuna eta pluralismoa edozein gizarte demokratikoren zutabe nagusiak dira, eta eztabaida demokratiko ireki eta aske baterako baldintza erabakigarriak, informazio eta iritzi ezberdinen eskuragarritasuna bermatzen laguntzen baitute. Europar Batasunaren Oinarrizko Eskubideen Gutunean daude jasota (11. artikulua)1» (European Commission, 2020a).
Halaber, arlo honetan politika eraginkorrak ezartzeko urgentzia azpimarratzen du Europako Batzordeak.
Hiru ardatz dituen plana proposatu du, hortaz, eta berreskuratu, eraldatu, eta gaitu izendatu ditu ardatzak. Berreskuratzearen azpian COVID-19aren pandemiak eragin dituen kalte finantzarioei aurre egiteko neurriak iragartzen dira: ikus-entzunezkoen enpresentzako zein komunikabideentzako maileguak eta laguntzak, alegia. Eraldatzearen izenburupean egiturazko arazoei aurre egiteko neurriak bildu dira, besteak beste mundu mailako lehiakortasunaren aurrean zein klima aldaketak eta digitalizazioak dakartzaten erronken aurrean. Gaitzearen barnean, azkenik, bi xede talde aipatzen dira: sektorea bera, berrikuntza bultza dezan; eta, herritarrak, komunikabideetara sarbide zentzuzkoagoa izan dezaten.
Hurrengo lerroetan hiru ardatz horietan iragartzen diren neurrietako batzuk aletzen saiatuko naiz.
2.1 Berreskuratu
Esan bezala, epigrafe honen azpian sektorearentzako laguntza finantzarioak aurreikusten dira. Horretarako erabiliko den programa Europa Sortzailea (Creative Europe) da; hots, orain arte ikus-entzunezkoen sektore europarra indartzeko erabili dena. Orain, programa honen hedadura informazioaren sektorera zabalduko dela iragartzearekin batera, honakoa ere iragarri du Europako Batzordeak: 2014-2020 aldian programaren aurrekontua 1.400 milioi izanik, 2021-2027 aldian 2.200 milioi izango dela; % 58 gehiago, hain zuzen. Horrek planaren garrantzia azpimarratzen du. Eta, esan bezala, lehen aldiz komunikabideen pluraltasuna, kazetaritza edota alfabetatze mediatikoa hartuko ditu bere baitan. Horretarako zenbait neurri proposatzen dira. Lehena, komunikabideei EBko funtsetara iristeko bideak erraztea: horretarako laguntza aukerei buruzko informazio tresna bat jarriko da abian. Bigarrena, ikus-entzunezkoen industrian inbertsioak bultzatu, MEDIA azpiprogramako funtsak zein funts pribatuak konbinatuz. Hirugarrena, informaziozko komunikabideen finantzaketa lagundu, maileguen eta inbertsioetarako laguntzen bidez. Horretarako ekimen berri bat abiatuko da: NEWS ekimena, espezifikoki informazio sektorea laguntzea helburu izango duena.
Neurri horien helburuak, sektorea indartu eta Europako herrialdeetako ekoizpenak beste herrialdeetara zabaltzea dira oro har, industria sendoagoak lortu eta zatikatzea ekiditeko. Estatuz azpiko komunikabideen praktika berriak zein medioen arteko lankidetza eta elkartrukea bultzatuko direla ere esaten du planak.
Euskal Herritik eta euskarazko komunikaziotik begiratuta, adi jarraitu beharreko neurri sorta izan liteke, baldintzak zehazten direnean. Izan ere, planak aipatzen dituen zenbait balio (hala nola komunikabideen arteko lankidetza, negozio eredu berriak, eta abar) ez baitzaizkie arrotzak, bereziki, euskarazko komunikabideei. Bestalde, euskal komunikabideen industriak ere ez luke aukerarik galdu behar Europatik etor litekeen babes finantzarioa baliatzeko. Gogora dezagun MEDIA azpiprogramatik soilik Euskal Autonomia Erkidegoko 28 eragilek laguntzak jaso dituztela azken zazpi urteetan, orotara sei milioi euro baino gehiago bilduz (Europa Creativa Desk Media Euskadi, 2021), denak ikus-entzunezkoen inguruan, orain arteko politikari jarraituta. Espero izatekoa da, ordea, orain komunikabideek ere izango dutela sarbidea handitutako aurrekontu horretara.
2.2 Eraldatu
Ildo honetan neurri ezberdinak proposatzen dira epe luzerako egiturazko aldaketak egiteko. Aldaketa horien helburu nagusiak Europako medioen lehiakortasuna bultzatu eta trantsizio ekologiko zein digitala laguntzea dira.
Asmo horrekin, ekintza zehatz bat proposatzen da, datu partekatuen espazio bat sortzeko; izan ere, gaur egungo lehia egoerak eragotzi egiten baitie komunikabideei beren arrakasta edo porrot datuak besteekin partekatzea. Sareko audientzien neurketaren emaitzak, neurri handi batean, medio bakoitzaren esku geratzen dira, eta oso zuhur ibiltzen dira horiek datuak erakusteko orduan. Horrek oztopatu egiten du merkatuaren ezagutza sakon eta osoa (hala eskariari nola eskaintzari dagokienez), eta azkenean arazo bihurtzen da sektorearentzat, modu globalean hartuta. Europako Batzordeak, honen aurrean, lehiaren kalterik gabe informazioa partekatzeko gune baten garrantzia azpimarratzen du, non informazioa partekatuko duten komunikabideek, publizitate agentziek, banatzaileek, eduki sortzaileek eta beste zenbait eragilek.
Datuak partekatzeko gune hori Horizon Europe eta Digital Europe programetatik finantzatuko da, eta erakunde publiko zein pribatuei emango die sarbidea.
Euskal Herrian, une honetan mahai gainean dago euskarazko komunikazioaren audientziak neurtzeko sistema baten beharra. Halaber, euskara hutsezko komunikabide ugarik jadanik esperientzia dute haien audientzia datuak partekatzeko ariketan, Hekimen Analytics bidez. Hortaz, pentsa liteke praktika horiek Europako Batzordetik sustatu nahi direnekin bat datozela. Ondorioz, hemen ere adi egon beharko da sor litezkeen aukera ezberdinak aztertzeko; bai eta bertako praktikak kanpora emateko ere praktika onen adibide gisa.
Asmo beraren barnean, bi urtean behin «Komunikabideen Industriaren Panorama» izeneko txostena egitea planteatzen du Europako Batzordeak, joerak aztertu eta aurreikusteko asmoz. Asmo honi loturik, funtsezkoa litzateke txosten horiek eremu urriko eta hizkuntza gutxituetako komunikabideei ere arreta jartzea; bai eta tokian tokiko informazioa bildu eta aztertzeko bertako eragileekin kontatzea (Kulturaren Euskal Behatokia, Euskal Hedabideen Behatokia, eta abar). Izan ere, komunikazioaren industrian gertatzen ari diren aldaketek ez baitituzte hizkuntza guztietako komunikazio sistemak berdin ukitzen. Pentsa dezagun, esaterako, zein abantaila ekar diezaiekeen adimen artifizialak itzulpenaren edo ahotsaren ezagutzaren eremuan hizkuntza handi eta aberatsei, eta zein urrun geratuko diren hizkuntza gutxitu asko aukera horietatik, batzuen eta besteen arteko aldea handituz.
Epigrafe honen barnean beste neurri batzuk ere aurreikusten dira, ikus-entzunezkoen teknologiaren alorrean zein komunikazio praktiken karbono aztarnak klima aldaketan duen eraginaren alorrean.
2.3 Gaitu
Esan bezala, epigrafe honen azpian bi xede-talde ezberdini zuzendutako ekintzak iragartzen dira: komunikabideak batetik, eta herritarrak bestetik.
Lehenen kasuan, Europako Batzordeak handitu egin nahi du ikus-entzunezko produktu europarren hedadura. AEBetako industrien aldean Europako industria zatikatuta dagoelakoan, eta merkatu nazionalak oraindik nagusi direlakoan, produktu horiek Europan zehar zabaltzea bilatu nahi da, enpresa handiagoak eratzea ahalbidetzeko asmoz.
Gure txikian, ideia honek eta bertatik eratorriko diren neurri zehatzek balio beharko lukete, batetik, euskarazko zinemak Euskal Herria erdibitzen duen muga gainditzeko; izan ere, gaur gaurkoz, arazoak daude, adibidez, Hegoaldean egiten diren filmak Iparraldean zabaltzeko (Amezaga eta Martinez, 2019). Bestetik, euskal produktuak Europan hobeto zabaltzeko aukera ere eman beharko luke. Eta, esan gabe doa, hizkuntzan —eta ez lurraldean— oinarritutako telebista baten ametsean aurrera egiteko bidean urratsak emateko ere (Eusko Ikaskuntza, 2018).
Beste ekintza batzuk komunikabideetako profesionalak formatzera zuzenduta daude: trukeak, tailerrak, kanpainak, aniztasunaren sustapena, eta abar. Hemen ere, gure txikian, zalantzarik ez dut euskal hedabideek besteen esperientzietatik asko ikasteko duten bezala, esperientzia propioetatik asko irakasteko ere badutela. Adibide gisa, Batzordearen planak finantzaketa eta negozio eredu berriez ari den testuinguru batean, gogora dezagun crowdfunding hitza erabiltzen hasi ginenerako hainbat proiektu zirela abian gure inguruan, herri finantzazio partekatuan oinarrituta, komunikazioaren eremuan: lau egunkari, adibidez (Egin, Euskaldunon Egunkaria, Gara eta Berria2). Berdin gogora litezke BERRIAlagun kanpaina, Martin Ugalde Kultur Parkea, zein lehenago aipatu dugun Hekimen Analytics tresna, zeinak Europako Batzordeak ikusten duen oztopo bat (datuak ez partekatzea) gainditzeko eredua emana baitu.
Herritarrei zuzendutako ekintzak ere iragartzen dira, eta hemen pisua hartzen du alfabetatze mediatikoak. Alfabetatze mediatikoa honela definitzen du planak: «Alfabetatze mediatikoaren barruan, gaitasun tekniko, kognitibo, sozial, herritar eta sortzaile guztiak sartzen dira, herritarrei komunikabideak eskuratzeko, komunikabide horiei buruzko ikuspegi kritikoa izateko eta haiekin elkarreragiteko aukera ematen dietenak» (European Commission, 2020b3). Alfabetizazio mediatikoa bultzatzeko, neurri ezberdinak aipatzen dira. Medioek eta plataformek haiek burutu beharreko ekintzak dira batzuk, kanpaina instituzionalak besteak. Eta haiekin batera, eskola sistemaren egitekoa ere aipatzen da. Azken hori bat dator UNESCOk arlo honetan duen lan ildoarekin (Catts eta Lau, 2008; Wilson et al., 2011).
Euskal Herritik begiratuta, beste toki batzuetatik baino argiago ikusiko da ezin dela alfabetizazioaz jardun hizkuntzaz hitz egin gabe. Hizkuntza gutxituetako elebidunek ondo dakite, jakin, hizkuntza batean alfabetatuta egoteak ez dakarrela bestean ere alfabetatuta egotea. Alfabetizazio mediatikoarekin berdin gertatzen da: hizkuntza bateko informazio eta komunikazio sisteman murgiltzeko eta «komunikabideak eskuratzeko, komunikabide horiei buruzko ikuspegi kritikoa izateko eta haiekin elkarreragiteko» gaitasunak ez du bermatzen beste hizkuntzako sisteman aukera berdinak izatea. Euskal Herriko populazioaren zati esanguratsu batek euskara bigarren hizkuntza gisa ikasi du, eta euskarazko bere sozializazioa eskolara mugatu da; ez etxea, ez lagunartea, ez komunikabideak ez dituzte eduki euskaraz sozializatzeko gune. Hortaz, hipotesi gisa, plantea liteke euskarazko alfabetizazio mediatikoan hutsunea egon daitekeela, gaztelerazkoan edo frantsesezkoan dagoena baino handiagoa. Horren erakusleetako bat izango litzateke ikasketak euskaraz burutu dituzten pertsona ugarik euskarazko komunikabideen mundua ez ezagutzea (zein diren, zer eskaintzen duten, eta abar), euskarazko idatzizko albiste batetik zentzua osatzeko zailtasunak izatea, edo euskarazko ikus-entzunezko produktu bat gozatzeko mugak izatea. Horrek guztiorrek alfabetizazio mediatikoaren eremura garamatza.
Zentzu honetan, Europako Batzordetik alfabetizazio mediatikoa bultzatzeko neurriak babestu eta bultzatuko badira, ezinbestekoa da euskarazko alfabetizazio mediatikoaren gaia mahai gainean jartzea; eta hemen eskolak berebiziko garrantzia du, Europako Batzordeak eta UNESCOk dioten moduan.
Azkenik, planak erakunde arautzaileen garrantzia azpimarratzen du. Merkatuak komunikazioen eremua erabat irentsi eta menperatu nahi duen aro honetan, ezinbestekoa da politikak garatzea, eta egiteko hori dute erakunde arautzaileek. Hortaz, Europako erakunde arautzaileen zein haien bilgune den ERGA (European Regulators Group for Audiovisual Media Services) taldea indartu egin nahi du, lankidetza areagotuz. Horrela ikus-entzunezkoen banatzaileek (medioek zein plataformek) hedatzen dituzten edukiei Europako artezarauek ezartzen dizkieten arauen betetze maila eta haien egokitzapena ziurtatu nahi dira, VODeko katalogoetako eskaintzaren aniztasuna bultzatzearekin batera.
2.4 Planaren hutsuneak
Ausarkeria litzateke nire aldetik planaren hutsuneak nabarmen utzi nahi izatea, oso politika konplexuei eta erakunde konplexuei buruz ari baikara. Alabaina, bada alderdi bat nabarmenegi geratzen dena, ez plan honetan soilik, baizik eta komunikazio plan askotan.
Komunikazioa gertatu, neurri handi batean, hizkuntza jakin batean gertatzen da. Komunikabideek ematen diguten informazioaren zati handi bat hizkuntza bat edo beste erabiliz ematen digute. Hortaz, ulergaitza da hizkuntzaren faktorea ez aipatzea komunikazioari eta informazioari buruzko ekintza plan batean. Izan ere, gerta liteke —eta gertatzen da—, lurralde berean hizkuntza ezberdinetan aritzen diren komunikabide sistemak egotea, haietako bat sendoa izanik eta bestea ahula; haietako bat askotarikoa eta bestea ideologikoki murriztua; edo haietako bat irisgarria eta bestea irisgaitza. Horregatik analisi unitate gisa hartu behar dira hizkuntzak, hala egoeraren monitorizazioa egiterakoan (datu bilketak, txostenak, eta abar) nola ekintzak proposatzerakoan.
Jadanik aipatu dut alfabetatze mediatikoaren auzia: «alfabetatze mediatikoa», abstraktuan, ez da existitzen. Alfabetatze mediatikoa hizkuntza batean edo beste batean lortzen da. Horregatik ez da ulertzen plan honek nola ez dion hizkuntzaren gaiari heltzen. Norabide berean, horren deigarri suertatzen da, halaber, planak aipatzen dituen Europako arauen artean ez agertzea Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Ituna.
3. Eta gurean zer?
Neurriez harago, nabarmen utzi du Europako Batzordeak kezka bat: informazioa demokraziaren eta Europan eraiki nahi den proiektuaren zutabeetako bat da. Eta informazio sistema nazionalak eta europarrak, gaur egun, ahul ikusten ditu Batzordeak. Batetik, aro digitalak informazio espazio berriak ekarri ditu. Bestetik, lehendik zetozen joera global batzuk oso kezkagarriak dira. Eta, hirugarrenik, COVID-19 birusari aurre egiteko hartu diren neurriek kalte handia egin diote sistemari; noiz eta informazioaren egarria inoiz ez bezala nabaritu denean.
Kezka horren aurrean Europako Batzordeak plan bat abiatu du, eta plan horretan diru asko jartzeko prest dago. Lehen aldiz, ikus-entzunezkoen eremuaz haragoko politika sendo baten beharra ikusi du, informazioaren eremua ere lehentasunetan sartuz. Eta urgentzia buruan duela. Hauxe da, seguruenik, planaren irakurketatik erator daitekeen ondorio nagusia.
Gurean, herri gisa begiratuta zein hizkuntza komunitate gisa begiratuta, zein da egoera? Euskal Herriak, herri gisa, ez du komunikazio sistema sendorik; eta horren barruan, euskarazko komunikazio sistema are ahulagoa da (Amezaga, 2020).
Ezin esan genezake, gainera, Europako agintariak kezkatzen dituzten joera globalek gurean eragin txikiagoa dutenik. Hemen ere zabaltzen dira zurrumurru eta albiste faltsuak; informazioa ikuskizun bihurtzen da egiatasunaren balioaren kaltetan; pluraltasuna mehatxupean dago4; eta streaming zein VOD plataformak abiada bizian okupatzen ari dira ikus-entzunezkoen kontsumoen espazioa, telebistari (eta telebista bidez egin daitekeen komunikazio eta hizkuntza politikari) aukerak murriztuz5.
COVID-19ak bestalde inpaktu handia izan du euskarazko komunikazioan; ez beti negatiboa, baina bai kasu batzuetan oso larria, Urtekari honetako hainbat artikuluk nabarmen uzten duten moduan. Hekimen elkarteak argitaratutako txosten baten arabera bestalde (Hekimen, 2020), elkarteko bazkideen hamarretik zazpik publizitate salmentaren % 40 baino gehiago galdu zuen etxealdi garaian; eta beste horrenbeste dira proiekturen bat alboratu behar izan dutenak.
Honen aurrean, inoiz baino gehiago hartzen da faltan komunikazio politika sendo bat. Komunikazio plan orokorra, herri gisa planteatuta. Eta haren barruan, euskarazko komunikazioa kokatuta. Beste hainbat tokitan aldarrikatu izan da politika horren beharra, oraingoz arrakasta gutxirekin (Irazabalbeitia, 2020). Zentzu horretan, Batzordearen planak aukera ematen du geure egoeraz gogoeta egiteko, eta geure egoerarako propio garatutako politikak diseinatzeko.
Deigarria bezain kezkagarria da euskal erakunde publikoek komunikazioaren eta informazioaren eremuan duten iniziatiba txikia. Irudi luke dugun panorama (monopoliotik hurbil dagoen errealitatea prentsan, euskarazko komunikazio sistema ahula, edota burujabetza komunikatibo txikia, besteak beste) nahikoa kezkagarria ez dela; edo, okerragoa dena, saihetsezina dela. Baina Europako erraldoiek kezkarako motiboak badituzte, guk ere eduki beharko genituzke. Eta, ondorioz, sektorea indartzeko planak egin.
Alde horretatik begiratuta, agian aukera bat galtzen ari gara Europatik COVID-19aren ondorioei aurre egiteko etorriko diren milaka milioietako funtsak baliatzeko diseinatu den Euskadi Next planean informazioari lotutako proiekturik ez sartzean; eta euskarari lotutako hain proiektu gutxi sartzean. Funtsen helburua pandemiak eragindako krisia gainditzea eta etorkizunerako egiturazko eraldaketak egitea baldin bada, arlo horietan ere inbertsioa egitea ezinbestekoa da. Hau nabarmenago geratzen da, Europako Batzordeak inbertsio hori egitea erabaki duela egiaztatzean.
Batzordearen planak bestalde garrantzia ematen dio erregulazioari, esan dugun moduan. Eta arlo honetan ere hutsune handia dugu Euskal Herrian. Izan ere, Batzordeak indartu nahi duen erregulazio erakundean, ERGAn alegia, euskaldunok dugun ordezkaritza bakarra Espainiarena edo Frantziarena dira. Gurean ez baitago komunikazioen, informazioaren eta ikus-entzunezkoen eremua arautzen duen erakunderik, nahiz eta horretarako eskuduntzak eduki. Ondorioz, arauketa bakarra Madriletik eta Parisetik dator; eta gainerakoa eremu librea da eragile pribatuentzat —bertakoak zein globalak izan—6.
Egia da ERGAn estatu mailako erregulatzaileak biltzen direla, eta gu ez gara estatu; baina ez da guztiz egia. Alde batetik, estatu batzuetan erregulazioa erakunde ezberdinen artean banatzen delako: Belgikan hizkuntza komunitate bakoitzak bere erakundea eta bere ordezkaria ditu, adibidez; eta beste herrialde batzuetan ERGAko ordezkaritza txandakatu egiten da erakunde ezberdinen artean. Bestalde, ERGAn entzule gisa hartzen du parte EPRA elkarteak (European Platform of Regulatory Authorities). Eta hor hainbat nazio eta eskualdetako erregulatzaileak agertzen dira, besteak beste Kataluniako Consell de l’Audiovisual de Catalunya edota Andaluziako Consejo Audiovisual de Andalucía erakundeak. Euskaldunak ordea ez gaude foro horietan.
Batzordearen planetik, beraz, bada zer ikasia eta zer baliatua. Ikasteko, funtsezkoena dugu: begira diezaiogun gure herriko eta gure hizkuntzako informazio sistemari, eta pentsa dezagun joera globalek zein bertako hizkuntza botere harremanek gure herri izaeraren zein gure hizkuntzaren etorkizuna baldintzatzen ote dituzten; eta baiezkoan, politika eraginkor bat diseinatu dezagun, besteak beste Europatik datorren haize hau gure alde jarriz.
Baliatu beharrekoen artean, agian aukerak zabalduko zaizkie honekin euskal komunikabideei zein erakundeei proiektu eta plan zehatzak egiteko. Badakigu jakin Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila, gutxienez, plan honi begira jarri dela, eta euskara hutsezko komunikabideekin aztertu duela. Albiste ona, zalantzarik gabe. Begirada horretatik zer aterako den, hortxe dago koxka. Bestetik ez da alboratu behar Europa Sortzailea programak Euskal Herrian duen bulegoak eman dezakeen laguntza (Europa Creativa Desk Media Euskadi). Informazioa eta komunikazioa sendotzeko ekintzak programa horrek finantzatuko dituenez, espero izatekoa da bulego horren lana lagungarria izango dela.
Plan honek aukera handiak ematen ditu, bai gure politikak eta gure praktikak gogoetatzeko, bai gure bidean laguntza lortzeko. Balia dezagun baterako zein besterako.
Erreferentziak
Amezaga Albizu, J. (2020): Euskarazko komunikazioa lau hamarkada eta gero: Irakurketa kritikoa, Bat Soziolinguistika Aldizkaria, 116(3), 27–50 or.
Amezaga Albizu, J. eta Martinez, J. M. (2019): The Question Of Linguistic Minorities And The Debates On Cultural Sovereignty, Catalan Journal Of Communication & Cultural Studies, 11(1), 99–114 or.
Arana Arrieta, E., Deogracias, M., eta Salces Alcalde, G. (2015): Eguneroko prentsa idatzia Gipuzkoan, Medioen eta laguntza politiken erradiografia, EHU.
Catts, R., eta Lau, J. (2008): Towards information literacy indicators, Organización de las Naciones Unidas para la Educación, la Ciencia y la Cultura, UNESCO, <https://unesdoc.unesco.org/ark:/48223/pf0000158723>.
CIES (2021): Estudio de audiencia de medios, Primera Ola 2021.
Directiva (UE) 2018/1808 del Parlamento Europeo y del Consejo, de 14 de noviembre de 2018, por la que se modifica la Directiva 2010/13/UE sobre la coordinación de determinadas disposiciones legales, reglamentarias y administrativas de los Estados miembros relativas a la prestación de servicios de comunicación audiovisual (Directiva de servicios de comunicación audiovisual), habida cuenta de la evolución de las realidades del mercado, 32018L1808, EP, CONSIL, OJ L 303, (2018):<http://data.europa.eu/eli/dir/2018/1808/oj/spa>.
Directiva 89/552/CEE del Consejo, de 3 de octubre de 1989, sobre la coordinación de determinadas disposiciones legales, reglamentarias y administrativas de los Estados Miembros relativas al ejercicio de actividades de radiodifusion televisiva, 31989L0552, CONSIL, OJ L 298, (1989):<http://data.europa.eu/eli/dir/1989/552/oj/spa>.
Europa Creativa Desk Media Euskadi (2021): Ezagutu Europa Creativa MEDIA Euskadik azken zazpi urteotan izan duen eragina, <http://www.europacreativaeuskadi.eu/es/comunicacion/noticias-ezagutu-europa-creativa-media-euskadik-azken-zazpi-urteotan-izan-duen-eragina/0-1-654-0-0/>.
European Commision (2020a): Call for Proposals: Media ownership monitor | Shaping Europe’s digital future, <https://digital-strategy.ec.europa.eu/en/funding/call-proposals-media-ownership-monitor>.
European Commision (2020b): Communication from the Commission to the European Parliament, the Council, the European Economic and Social Committee and the Committee of the Regions, Europe’s Media in the Digital Decade: An Action Plan to Support Recovery and Transformation, <https://eur-lex.europa.eu/legal-content/EN/TXT/?uri=CELEX%3A52020DC0784>.
Euskal Herria Bildu (2021): EH Bilduk Ikus-entzunezko Hedabideen Euskal Kontseilua legez sortzea proposatu du, <https://ehbildu.eus/herriak/legebiltzarra/albisteak/eh-bilduk-ikus-entzunezko-hedabideen-euskal-kontseilua-legez-sortzea-proposatu-du>.
Eusko Ikaskuntza (2018): Geroa elkarrekin. Liburu Zuriaren oinarriak, Eusko Ikaskuntza, <http://www.eusko-ikaskuntza.eus/eu/kongresua/dokumentazioa/eik-53/>.
Hekimen (2020): Herri ekimeneko euskal hedabideetan ere nabariak dira pandemiaren ondorioak, Hekimen, <https://www.hekimen.eus/2020/06/herri-ekimeneko-euskal-hedabideetan-ere-nabariak-dira-pandemiaren-ondorioak/>.
Irazabalbeitia, I. (Arg.) (2020): Ikus-entzunekoen paradigma berria eta hizkuntza ez-hegemonikoak, Coppieters Foundation, <https://ideasforeurope.eu/activity/publication/the-new-audiovisual-paradigm-and-non-hegemonic-languages/>.
Reporters Without Borders (d.g.): Media Ownership Monitor. Media Ownership Monitor, <http://www.mom-rsf.org/en/>.
Schlesinger, P. (1991): Media, State and Nation, SAGE.
Wilson, C., Grizzle, A., Tuazon, R., Akyeampong, K., eta Cheung, C.-K. (2011): Alfabetización mediática e informacional: Curriculum para profesores, Organización de las Naciones Unidas para la Educación, la Ciencia y la Cultura, UNESCO, <http://www.unesco.org/new/en/communication-and-information/resources/publications-and-communication-materials/publications/full-list/media-and-information-literacy-curriculum-for-teachers/>.
1.- Itzulpena nirea da, bai kasu honetan eta baita aurrerago nabarmenduko diren gainontzeko Europar Batzordeko testu zatietan ere.
2.- Lau proiektuok gainditzen dituzte, bildutako diru kopuruari dagokionez, Wikipedian mundu mailan aipatzen diren crowdfunding proiektu handi gehienak.
3.- Apur bat zabalagoa eta zehatzagoa da Europako Parlamentuak eta Kontseiluak ematen duten definizioa: «“Alfabetizazio mediatikoak” barne hartzen ditu herritarrek baliabideak eraginkortasunez eta segurtasunez erabiltzea ahalbidetzen duten gaitasunak, ezagutzak eta ulermen-gaitasunak. Herritarrek informazioa eskuratu eta modu kritikoan erabili, aztertu eta eduki mediatikoak modu arduratsu eta seguruan sortu ahal izateko, herritarrek alfabetizazio mediatikoko gaitasun aurreratuak izan behar dituzte. Alfabetatze mediatikoa ez da mugatu behar tresnak eta teknologiak ikastera; aitzitik, herritarrei pentsamendu kritikoa emateko helburua ere izan behar du, errealitate konplexuak bereizteko, aztertzeko eta iritzien eta gertaeren arteko desberdintasuna aitortzeko» (Directiva (UE) 2018/1808).
4.- Mugarik Gabeko Kazetarien Media Ownership Monitor txosteneko irizpideen arabera (Reporters Without Borders, d.g.), herrialde bateko informazio sisteman gehiegizko kontzentrazio arriskua dago baldin eta arlo bakoitzeko lau komunikabide nagusiek, batera hartuta, audientziaren eta merkatuaren % 50 gainditzen badute. 2015ean Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat egindako txosten batek lurralde horretako egoeraren larria azpimarratzen zuen: egunkari bakar batek audientziaren % 80 eta publizitate inbertsioaren % 70 eskuratzen zituen, pluraltasuna kolokan jarriz (Arana et al., 2015). Gainerako euskal lurraldeetan, prentsari dagokionez, egoera ez da askoz hobea.
5.- CIESen azken datuen arabera (2021eko martxoa), Hego Euskal Herriko populazioaren erdiak du, honez gero, VOD plataforma baterako edo gehiagorako sarbidea; azpimarragarria, gure artean bost urte eskas daramatzan eskaintza batentzat (CIES, 2021).
6.- 2021eko maiatzean Ikus-entzunezko Hedabideen Euskal Kontseilua legez sortzea proposatu du EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean, aspaldiko aldarrikapen bati jarraiki (Euskal Herria Bildu, 2021). Proposamen horrekin edo beste batekin baina erakunde arautzaile hori sortzea aurrerapauso handia litzateke, ezbairik gabe, euskal komunikazio eta informazio espazioa ordenatzen hasteko.