Elhuyarren Elia erabiliz lortutako itzulpen automatikoa
en
Urtekaria 2020 | Edorta Arana Arrieta, Asier Amezaga Etxebarria, Maite Egia Gutierrez, Maialen Goirizelaia Altuna, Naia Laka Arrizubieta, Iraitz Madariaga Etxebarria, Blanca Miguelez Juan, Bea Narbaiza Amillategi eta Itziar Zorita Agirre (Applika+ eta Solidary ikerketa proiektuakNOR Ikerketa Taldea, UPV/EHU)

IKTak eta horien artean ikus-entzunezko izaera dutenen kontsumoak gora egin du COVIDaren eraginez. Informazioa jasotzeko, entretenitzeko ala lagunekin berba egiteko asko hedatu dira baliabide desberdinak, bereziki online bidezkoak eta modu azpimarragarrian gazteen artean. Kontsumo horien bilakaera pandemia lehertu zenetik, medio bakoitzaren funtzioa, informazioaren fidagarritasuna ala euskarak okupatzen duen lekua zehaztuko dira artikulu honetan.

1. Sarrera

«Koronabirus pandemia eta online portaeren aldaketak (euskal) ekosistema mediatikoan» artikuluan azpimarratzen denez, handiak dira COVID-19ak eragindako ondorioak informazioen eta komunikazioen teknologien (IKT) erabileran eta horiek betetzen dituzten funtzio sozialetan (Mimenza, Narbaiza eta Arana, 20201). Itxialdiaren unerik gogorrenean, 2020ko udaberrian, eta ondorengo denboraldi luzean ere, nabarmenak izan dira komunikazioaren eremuan azaleratutako joera berriak eta lehenagotik zetozen beste batzuen trinkotzea. Bi aipatuko ditugu hasteko. Batetik, hiperkonektaturiko gizartean bizitzearena eta koronabirusak areagotu zuen informazioaren kontsumoa, bereziki euskarrri digitaletan. Bestetik, errutina sozial berriekin nagusitu ziren ikus-entzunezko edukiak, nagusiki entretenimenduzkoak, asialdia okupatuz.

Pandemia lehertu zenean, digitalizazioa eta medioen arteko konbergentzia komunikazioaren agertokiaren erdi-erdian kokatu ziren. Teknologia horien sozializazioa eta erabilpenaren hedapena orduan indartu ziren, esparru publikoan, pribatuan, pertsonalean eta lanekoan.

Esan dugun gisan, informazioa, komunikazioa eta entretenimendua bideratzen dituzten teknologia, baliabide eta euskarri horiek hedatu egin dira, bereziki azken denboraldian, eta, pandemiaren eraginez, modu azkarrean, gainera. Zertarako erabiltzen ditugun eta, beraz, nolako funtzio sozialak betetzen dituzten, edo non, zenbat denboraz eta nolako edukiak bideratzen dituzten aztertzea oso interesgarria bilakatzen da. Izan ere, mundu mailako joerak izanik ere, badira arretaz begiratu beharreko tokian tokiko berezitasunak (sozialak, politikoak ala linguistikoak, esaterako). Gure kasuan, gainera, oso kontuan hartu dugu gazteek nola egiten dituzten haienak aipatutako teknologia eta funtzionalitate horiek.

2019ko udaberrian jarri zen martxan Ikusiker Panela, eta hura osatzen duten 800 ikasleen kolaborazioari esker jakin ahal izaten da nola barneratu eta erabiltzen dituzten IKTak Hego Euskal Herriko unibertsitate publikoetako (UPV/EHU eta UPNA) gazteek. Pandemiaren etorrera eta haren osteko hilabeteak erreferentzia garrantzitsuak dira komunikazioaren panoraman gertatutako aldaketak kuantifikatzeko. Panelkideei hilero luzatutako galdera-sorten bidez jakiten da nola aldatzen diren kontsumoak eta nola moldatzen diren momentuan momentuko baldintzetara. Inkestak www.encuestafacil.com plataforman sortzen dira eta bidalketaz eta datuen kudeaketaz Aztiker ikerketa institutua arduratzen da. Applika+ izeneko ikerketa-proiektu honen inguruan billtzen dira EITB, Tabakalera, Kulturaren Euskal Behatokia eta, esan bezala, UPV/EHUko NOR ikerketa taldeko kideak. Egindako bidearen emaitzak www.ikusiker.eus webgunean daude ikusgai.

Artikulu honetan, 2020ko eta 2021eko datuak erabiliko dira, besteak beste, egoera zertan den deskribatzeko eta, kasuren batean, bi urteen arteko alderaketak egiteko.

 

2. Informazio eta komunikazio teknologiei eskainitako arreta konfinamendu garaian

Konfinamenduak bultzatuta, jendea denbora gehiago pasatzen hasi zen etxe barruan informazioa jaso, entretenimenduzko edukiak gozatu eta lagunekin/lankideekin/ikaskideekin bideo-konferentzietan arituz. Ordura arte ohikoagoak ziren medio tradizionalen aurretik jarrita, jendeak sare sozialak, ordainpeko plataforma digitalak eta webguneak hobetsi zituen COVID-19aren agerraldiaren hastapenetan. Horregatik aztertuko ditugu sare sozialen irismena eta plataforma horiek eskuratutako denbora artikulu honetan. Izan ere, lagunekin komunikatzeak eta fikzio seriatuak ikusteak sekulako erakarmena zeukaten eta daukate Ikusiker Paneleko inkestatuen artean. Gainera, aipatuko dugu telebistak nola bizi izan duen koronabirusaren zurrunbiloa. Eta, azken zatian, ikus-entzunezkoen esparru oparoan euskarazko edukiek daukaten lekuaz arituko gara.

 

2.1 Informatzeko, entretenitzeko eta komunikatzeko guraria

2020ko martxoan, COVID-19a dela eta hango eta hemengo gobernuek alarma egoera ezarri zutenetik, jendearen joan-etorriak mugatzea eta konfinamendua etorri ziren. Egoera ezohikoaren ondorioetako bi izan ziren etxean geratzea eta eguneroko denbora beste era batera erabiltzera moldatu behar izatea. Modu horretara, lanerako, ikasteko, aisialdirako eta komunikatzeko euskarri teknologikoen sozializazio orokorra eta azkarra etorri ziren. Ia bat-batean ohikoak bilakatu ziren informazio eta komunikaziorako teknologien (IKT) hainbat baliabide, baita unibertsitateko ikasleen artean ere, jarraian aztertuko dugun bezala. Ikusiker Panela osatzen duten UPV/EHU eta UPNAko ikasleei eginiko galderetatik jasotako erantzunetan antzeman daiteke koronabirusa lehertu eta geroko aldaketak zein tamainakoak izan diren.

2020ko udaberrian luzatu genizkien galdera-sortetan, agerian gelditu zen ikasleek (% 93,1 hain zuzen) garbi identifikatu zutela pandemia lehertu aurretik baino gehiago erabiltzen zituztela IKTak —izan sare sozialak, plataforma digitalak, ohiko komunikabideak edo bideo-jokoak—. Orokorrean, unibertsitarioak egunerokoan lehen baino gehiago (% 35,6) ala askoz gehiago (% 57,5) baliatzen ziren teknologia horietaz.

Konfinamenduaren garaian, beraz, komunikatzeko, entretenitzeko eta informatzeko denbora dedikazioa puztu egin zen. Ikasleen erantzunetan ikus daiteke egunero zenbat denbora pasatzen zuten sare sozialetan, aplikazioetan, eskaerapeko plataformetan, webguneetan eta ohiko telebistan. Ondoko irudiak adierazten du garrantzitsuenak diren bost baliabide horien irismena oso handia izatera pasa zela eta, esaterako, sare sozialak orokortu egin zirela —baita telebistaren aurretik jarri ere—. Irudiak erakusten du, gainera, sare sozialek denbora tarte zabalak okupatu zituztela Hego Euskal Herriko unibertsitateetako paneleko 800 ikasle baino gehiagoren eguneroko ohituretan.

 

Aipagarria da sare sozialak noraino txertatu diren gazte hauen bizitzetan, ia unibertsalak bilakatuz, eta zein luzea izan zen egunero dedikatu zioten denbora tartea. Sare sozialak gazteen % 99,6ra iritsi ziren, eta % 79,5 bi ordu baino gehiagoz aritu ziren egunero horietan nabigatzen. Kontsumitzaile sutsuagoenen kasuan (% 31,4), hirutik batek lau ordu edo gehiago pasatzen zuen sare sozialetara konektatuta. Netflix, HBO ala Amazon Prime bezalako plataforma digitalak ere arrakastatsuak izan ziren panelkideen artean, eta gazteen erdiari ohikoa egin zitzaion bat eta hiru ordu bitartean kokatzea haien eguneroko kontsumoa, pandemiaren lehen hilabeteetan. Telebista linealaren erabilera ohikoena aldiz, ordubete eta bi ordu artekoa izan zen, galde-sortan parte hartu zutenen esanetan.

Komunikabide tradizionalen zein online bidezkoen kontsumoak gora egin zuen pandemiaren hasiera hartan, eta inkestatuek garbi adierazi zuten zeintzuk ziren baliabide horiek betetzen zituzten funtzio sozial nagusiak: informatzea, entretenitzea eta komunikatzea. Informazioa eskuratzeko asmoarekin baliatzen zirenen artean, erabilienak honakoak izan ziren: sare sozialak (ikasleen % 91,6), telebista (% 76,7) eta webguneak (% 73,8). Panelkideek emandako erantzunetan ikus daiteke halaber, 18-23 urte bitarteko gazte unibertsitarioak denbora luzez konektatzen zirela koronabirusari buruzko informazioa jasotzeko asmoz. Asko izan arren sare sozialetan ordubete baino gutxiago egoten zirela ziotenak (% 47,7), antzekoa da egunero ordubetetik gora aritzen zirenen kopurua ere (% 43,9). Telebista tradizionalari dagokionez, ikasleen lautik hiruk jo zuen bertara informazio bila; 60 minutu edo, asko jota, bi orduko tartea eskaintzen zioten, % 44ko eta % 24,5eko ehunekoarekin, hurrenez hurren. Azkenik, aipatu dugun legez, informazio gosez, webguneetara ere jo zuten (% 73,8), izan hauek egunkarienak zein erakunde ofizialenak. Baina horien denbora dedikazioa apalagoa izan zen, sare sozialen eta telebistaren aldean. Ordubeteko denbora inbertsioa egin zuen ikasleen kopurua % 45,6 izan zen eta bat eta bi ordu bitartekoa, % 15,4. Hortik gorako denbora tartea Interneten arakatzen eman zuten panelkiden kopurua % 13koa izan zen.

Konfinamenduaren baitan, entretenitzea helburu hartuta, fikziozkoak dira UPV/EHU eta UPNAko ikasleek hobesten dituzten edukiak. Telesaila da unibertsitarioen artean arrakastatsuena den formatua. % 88,9k adierazi zuen La Casa de Papel, The Big Bang Theory, Gossip Girl ala Toy Boy bezalakoak ikusten zituela. Plataformen bidez aukeratutako serieen katalogoa ikusten egunero 1-2 ala 2-3 ordu pasatzen zutenen kopurua % 32,3 eta % 24,7 izan zen, hurrenez hurren. Aldiz, pelikulen erakarpena mugatuagoa izan zen: ez zuela halakorik kontsumitzen zioen unibertsitarioen ia laurdenak (% 23,5). Edozelan ere, pelikulak ikusten zituzten ikasle gehienak ordubete eta hiru orduko kontsumo tarteetan kokatzen zirela esan daiteke, bi horietan pilatzen baitzen ikasleen % 51,9. Bideo barregarrien kontsumo denbora are laburragoa izan zen: % 40,2 ordubete baino gutxiagoko aukeran, eta % 21,1 bat eta bi ordu bitartean. Halaber, aipatzekoa da era horretako edukirik kontsumitzen ez zuten ikasleak % 28 zirela.

Atal hau amaitzeko, ezohiko testuinguru honek ikasleen komunikazio ohiturak noraino moldatu zituen aipatuko dugu. Horretarako neurtu genuen zenbatekoa izan zen lagunekin telefonoz igarotako eta online bidezko IKT baliabideen erabilera-denbora. Gazteen % 27,4 bi eta hiru orduko tartean kokatu zen. Bat eta bi ordu artean zirenak, berriz, % 24,6 izan ziren. Ikasleen erdiak baino gehiagok (% 52), egunean zehar ordu bat eta hiru ordu arteko online bidezko komunikazioa izan zuela aitortu zuen. Skype, Whatsapp, Zoom, Jitsi edo bestelako programak erabili zituzten bideo-deietarako, eta ikasle batzuek egunean hiru ordu baino gehiago ere pasa zuten horien bidez lagunekin hitz egiten (% 40,1). Horien artean, % 27,7 hiru ordutik bost ordura bitarteko tartean konektatu zen, eta % 12,4 bost ordu edo gehiagoz.

 

2.2 Sare sozialen nagusitasuna

Lehen azpiatalean agerian gelditu den bezala, pandemiaren eraginez, oro har, IKTak jende gehiagorengana zabaldu ziren, eta gora egin zuen baliabide desberdinei eskainitako denborak. Oraingo honetan, sare sozialetan zentratuko gara. Izan ere, bereziki interesgarria da aztertzea paneleko ikasleek zenbat denbora dedikatzen dieten eta zertarako erabiltzen dituzten Whatsapp, Instagram, Youtube, Twitter eta etorri berriagoak diren TikTok eta Twitch plataformak. Horretarako, 2020ko eta 2021eko inkesten emaitzak aletuko ditugu.

Hasteko, beraz, Hego Euskal Herriko unibertsitate publikoetako ikasleez osatutako paneleko kideei eskatu diegu zehaztea zeintzuk diren gehien erabiltzen dituzten sare sozialak. Aurreko inkestetako emaitzekin bat etorriz, Whatsapp, Instagram, Youtube eta Twitter dira aipatuenak, ondoko irudian ikusten den bezala.

 

Ohikoenak zaizkien hiru sare sozial izendatzeko eskatuta, Ikusiker Paneleko unibertsitarioek Whatsapp (% 89,1) eta Instagram (% 85,6) azpimarratu dituzte; eta hirutik bik, gainera, Youtube zerrendatu dute (% 67,2). Atzerago datoz Twitter, TikTok eta Twitch, eta ehuneko marjinalekin geratzen dira Facebook eta Telegram. Dena den, ikasle horiek sare sozial bat baino gehiago erabiltzeko ohitura dute, gero ikusiko dugun bezala, funtzio sozial desberdinak betetzeko.

Paneleko ikasleen artean usu hedatu diren sare sozialetan egunero igarotako denbora ere ez da makala. 2020ko martxoko datuen arabera, esan daiteke pandemiak eztanda egin zuen garaian, gazteen artean unibertsala zela sare sozialak erabiltzea: bi ordu ala gehiago egon zen horietan inkestatuen % 79,5. Zehatzagoak izanda, % 26,6 bi eta hiru ordu bitartean aritu zen sareetan nabigatzen, % 21,7 hiru eta lau ordu artean, eta % 31,2 lau ordu baino gehiagoz.

Ikuspegi orokor hori jaso eta gero, komeni da sare sozial desberdinen erakarpenaz apur bat gehiago ezagutzea, eta horretarako behatzea zenbatekoa den bakoitzaren denbora dedikazioa. Ondoko irudian ageri denez, Whatsapp eta Youtube ordubetera arteko kontsumoetarako dira ohikoagoak, aldiz, Instagram bat eta bi ordu artean da erabiliagoa. Twitter kontsumo azkarretan da nagusi, egunero hamabost minutura arteko tarteetan. Bestalde, TikTok eta Facebooken irismena eta bereganatzen duten denbora-tartea oso txikiak dira, bat sare sozial emergentea delako oraindik ere, eta bigarrena gainbeheran datorrelako adin-multzo honetan.

 

Ikusi dugun bezala, kontsumoari dagokionez, sare sozial bakoitzak badu bere berezitasuna. Denboraz gain, erabileraren zergatietan miatu beharko dugu horren berri jakiteko. Ikusiker Paneleko gazteei galdetuta zertarako erabiltzen dituzten sare sozialak, hauek dira adierazten dituzten hiru funtzio: lagunekin eta ezagunekin harremanetan egon, denbora pasatu eta informazioa jaso. Maila apalagoan agertzen dira beste ideia batzuk: eduki barregarriak ikusi, bideoak partekatu, erosketak egin edota jende berria ezagutu.

Nagusitzen diren hiru zereginetatik nabarmenena lagunekin komunikazioan egotearena da. Ikasleen % 52k «askotan» erabiltzen ditu sare sozialak helburu horrekin, eta beste % 33,8k «beti». Hortaz, pertsonen arteko sare-egitea ala harremanak mantentzearen nahia panelkideen % 85,8ra heltzen da. Halaber, sare sozialak denbora pasarako tresna kontsideratzen ditu inkestatuen % 80k: horietatik % 55,7 dira «askotan» adierazitakoak, eta gainontzeko %24,3ren erabilera «beti» da helburu horrekin. Informazioa bilatzeko asmoarekin, Twitter, Youtube edo Instagramera jotzen dutenen kopurua apalagoa da, % 53,3 «beti» ala «askotan» gehituta, baina gora egin du bakarrik «batzuetan» aukeraren ehunekoak (% 33,2).

 

2.3 Zabalduz joan den plataforma digitalen irismena

Aurretik aipatu dugun eran, aisialdirako ere ohikoak dira IKTen multzoan kokatzen diren baliabideak eta, horien artean, fikziozko edukiak ikusteko erabiltzen direnak, izan hauek serieak, pelikulak, esketxak ala umorezko piezak.

UPV/EHU eta UPNAko panela osatzen duten ikasleen artean oso hedatuta dago streaming zerbitzuak eskaintzen dituzten Netflix eta Amazon Prime Video bezalakoetara harpidetuta egotea. Gainera, ez dira gutxi bat baino gehiagotarako sarbidea dutenak ordainpeko edukiak jasotzeko. Ondoko irudian ikusten den moduan, altua zen konfinamenduaren hasieran mota horretako VoD zerbitzuak erabiltzen zituzten ikasleen kopurua.

Berrogeialdian sartu eta berehalaxe eginiko galdera-sortari esker jakin genuen serieak zirela paneleko ikasleen artean hedadura handiena zeukaten edukiak. Ikasleen % 88,9 zen serie ikusle aktibo (% 76 pelikulen kasuan, % 72 bideo barregarrietan eta % 63,2 bideo musikaletan).

Panelkideei galdetuta zenbat denbora pasatzen zuten egunero serieak ikusten, erantzunetan bat eta bi eta bi eta hiru ordu bitarteko tarteak nagusitu ziren. Hau da, ikasleen heren batek (% 32,3) bat eta bi ordu artean eskaintzen zien gustuko serieei, eta beste % 24,7k bi eta hiru ordu artean. Ezagunenak zitzaizkien telesailen artean dago lehen aipatutako La Casa de Papel, baina baita Élite, Sex Education, Merlí, Friends, Modern Family, Stranger Things eta Vis a Vis izenekoak ere (Ikusiker Panela, 2021eko otsaila).

 

2.4 Telebistaren lekua ekosistema berrian

Artikulu honen sarreran aurreratu dugun modura, konfinamenduak gazteen ikus-entzunezko kontsumoa hankaz gora jarri baino, berrantolatu egin zuen. Alegia, lehendik zetozen joera batzuk indartu egin zituen (online euskarrien zentraltasuna eta entretenitzea helburu duten edukien nagusitasuna) eta beste batzuk ekosistema berrira egokitu ziren (komunikabide bakoitza atxikitzen zaion funtzio sozialaren arabera berezituta).

Ikusiker Panelaren lehen neurketak egiten hasi ginenean ere, 2019ko udaberrian, nabarmena zen telebistak gazteen ikus-entzunezko kontsumoetan galdua zuela garai bateko indarra. Erdira iritsia zen emisio programatua zuen komunikabide hura alboratzen hasiak zirenen kopurua (aste osoko kontsumoaren jarraipena egin genuen 2019ko urrian, eta paneleko partaideen % 51k zioen ez zuela telebista ikusi zazpi egun horietan). Ordurako beraz, bestelako eduki batzuk nagusitzen hasiak ziren, eta, gainera, bestelako euskarrien bidez jaso nahi zituzten.

Unibertsitateko ikasleen egunerokoan komunikabide desberdinen rola eta lekua aztertzen ari garenez, aipatzekoa da telebistatik eskaintzen den informazioari emandako garrantzia. Duela bi urte luzatutako galderari erantzunez, panelkideen % 15 zen Teleberri-rik ikusten ez zuela zioena, eta beste % 41 astean behin ala birritan baino ikusten ez zuena. Beste muturrean zegoen albistegia telebistan ikustea ia-ia egunerokoa zuen inkestatuen multzoa, % 4.

Urtebete beranduago, koronabirusak sortutako krisian murgilduta ginela, seguruenik pandemiak eragindako egonezina eta informazio eza gainditu nahiak bultzatu zituen gazteak ere telebistako albistegietara. Fenomeno hori mundu mailan eta adin-tarte guztietan gertatu zen eta ondorioz telebistaren kontsumoak maila historikoak lortu zituen. Gazteetara etorrita, 2020ko martxoan, panelkideen % 77,1 izan zen telebistara jo zuena COVID-19ari buruzko informazio bila. Ordubete baino gutxiago igaro zutenen kopurua % 44 izan zen arren, izan ziren pantaila handiaren parean bat eta bi ordu (%24,5) eta bi eta hiru ordu (% 5) pasatu zutenak ere. 2020ko udaberri hartan, egunero informazioa telebistan hiru ordutik gora kontsumitzen zutenen kopurua % 4,1 izan zen.

Urte horren amaieran, berriro luzatu genizkien galdera batzuk telebistan ikusitako albistegiei eta denbora dedikazioari buruz. Erantzunak ondoko irudian ikus daitezke.

 

Beraz, esan daiteke telebistak konfinamendu garaian berreskuratu zuen arretak gehiago zuela maiztasunetik iraupenetik baino. Alegia, ohikoa bilakatu zen ikasle unibertsitarioentzat albistegia ikustea, baina ikustaldi horiek nahiko laburrak izan ohi dira (hirutik bat 15-30 minutu artekoa eta beste % 45 hamabost minutu baino motzagoa).

 

2.5 Pandemia, telebistari eskainitako denbora eta informazioaren fidagarritasuna

Unibertsitateko ikasleen ikus-entzunezko kontsumoan konfinamenduak izandako eraginaz, eta, zehazki, telebistaren erabilera informatiboari dagokionaz hitz egiten jarraituko dugu azpiatal honetan. Telebistari eskainitako denbora aztertzetik hasiko gara eta, gero, telebistatik jasotako informazioaren fidagarritasunari erreparatuko diogu. Telebistaren pantailaren aurrean igarotako denboraren bilakaeran jarriko dugu arreta lehenengo. Horretarako, bi datu alderatuko ditugu: lehenengoa, lehenbiziko alarma egoeraren hasierakoa (2020ko martxoa); eta bigarrena, urtebete beranduago bildutakoa.

 

Irudian ikus daitekeenez, hamar puntu egin du behera telebistaren erakarpenak urtebeteko epean. Ia-ia panelkideen heren batek ez du telebista ikusten. Gainera, apur bat gutxitu da telebistari eskainitako denbora. Kontsumo laburrak, ordubete baino motzagoak, dira nagusi. 60-120 minutu artekoak % 20 inguru dira eta bi ordutik gorako ikustaldiak jaitsi egin dira ehuneko % 13,3tik % 5era.

COVID-19aren astindua sentitzen hasi ginenetik hamabi hilabetera galdetu diegu paneleko ikasleei ea zeintzuk iruditzen zaizkien komunikabiderik fidagarrienak pandemiari buruzko informazioa jasotzeko. Zazpigarren irudian ikusten da lehen eta orain ere ohiko telebista eta komunikabide idatzien eta erakunde ofizialen webguneak direla fidagarrienak. Bestelako funtzioetarako hain erabiliak diren sare sozialen egiazkotasuna ez da maila berekoa, zabaltzen duten koronabirusari buruzko informazioaren fidagarritasunaren gaineko pertzepzioa oso apala da.

 

 

Telebistako albistegien kontsumoa eta COVID-19ari buruzko berrien gaineko interesa lotuta egon daitezkeela pentsatuz, koronabirusak gure egunerokoa irauli zuela urtea pasa denean, panela osatzen duten ikasleei galdetu zaie ea haientzako zenbaterainoko garrantzia duen pandemiak. Zortzigarren irudi honetan ikus daitekeenez, zerotik hamarrerako eskalan, batez besteko nota 7,4koa da; baina % 57,6ak uste du merezi duela 8tik gorako puntuazioa.

 

2.6 Hizkuntza desberdinen lekua gazteen ikus-entzunezko dietan

Ikusiker Panelaren datuek erakusten dute altua dela unibertsitateko ikasleek daukaten euskararen ezagutza: % 77 euskaraz hitz egin, irakurri eta idazteko gai da batez beste. Hori bai, galdetzen zaienean ea zenbateraino erabiltzen duten euskara haien egunerokoan, erantzunek gazteleraren alde egiten dute modu nabarmenean. Segidan datorren irudian ikus daitekeen bezala, gaztelania bakarrik (% 26) eta gaztelania euskara baino gehiago (% 45) erabiltzen dutenen kopuruak gehitzen baditugu, agerian gelditzen da euskara posizio ahulagoan dagoela ikasleen hizkuntza portaeretan.

 

Hizkutzaren erabilerak zirrikitu asko ditu eta, zalantza barik, ikus-entzunezkoena horietariko bat da. Gaztelera da nagusi ikus-entzunezkoen kontsumoetan ere, eta hori online komunikabideetan, sare sozialetan eta komunikabide tradizionaletan ere gertatzen da. Adibide gisa, paneleko kideei ikusi dituzten azken edukiak zeintzuk izan diren galdetzean —izan fikziozkoak, entretenimendua helburu dutenak edo albistegiak—, aipatzen dituzten guztietan gaztelera gailentzen da. Azken taula honetan ikus daiteke, hiru genero horien arabera antolatuta, eduki horietan nabarmentzen den euskararen ahulezia.

 

Gaztelera nagusitzen da hiru generoetan, baina bereziki deigarriak dira albistegietan eta entretenimenduan lortutako kopuruak. Fikzioaren kasuan, ingelesak % 30,7 eskuratzen du, eta ia-ia % 20 da entretenimenduan. Euskararen pisua oso-oso apala da panelkideek aipatzen dituzten ikusitako azken ikus-entzunezko produktuetan. Euskarak informazioaren % 16,8 eskuratzen du, baina gainontzekoetan, hutsaren hurrengoa da euskarazko produktuen presentzia.

IKTen eskaintza ikaragarri handia da euskara ez den hizkuntzetan, eta horrek zeresan handia du paneleko ikasle unibertsitarioen kontsumoetan, baina badira beste bi faktore kontuan hartzeko modukoak. Lehena ohiturekin eta orain arte euskarazko ikus-entzunezko ekoizpenak gazteen egunerokoan izan duen leku txikiarekin dago lotuta. Bigarrena, azken denboraldian ugaritu diren euskarazko ikus-entzunezko produktuek jasotzen duten promozio eta ikusgarritasun sozial eskasa da.

 

3. Laburrean

 

Pandemiak baldintzatutako komunikazioaren panoraman, ugari dira somatzen diren aldaketak eta aurera begirako joerak, hemen horietatik zazpi azpimarratuko ditugu.

  • Koronabirusak IKTen hedapenean eta denbora dedikazioan sekulako eragina izan du unibertsitateko panelkideen artean, komunikabide tradizionalen aurretik jarriz, eta bereziki lehenetsiz, sare sozialak —denbora-pasarako, entretenitzeko, fikzioa ikusteko, informatzeko eta lagunekin, lankideekin edo sendikoekin komunikatzeko—.
  • Sare sozial bakoitzak bere pisua eta funtzioa dauka, eta horren arabera, panela osatzen duten unibertsitateko ikasleen egunerokoan denbora gehiago ala gutxiago okupatzen du. Edozelan ere, eztabaidaezina da gazteen arteko sare sozialen unibertsaltasuna.
  • Paneleko gazteen ikus-entzunezko kontsumoan fikzioak leku garrantzitsua du. Eduki aukeratuenak telesailak izaten dira. Ordenagailuan zein mugikorrean ikusten dituzte serieak, eta panelkideen % 57k egunero bat eta hiru ordu bitartean dedikatzen dizkio. Dagoeneko, nahikoa definitua dago fikzioa ikusteko plataforma digitalak direla gazteentzako eremu ohikoena, bereziki Netflix eta Amazon Prime Video.
  • Online plataforma eta baliabide digitalen orokortzearen eskutik, komunikabideen ekosistema berregokitu da eta medio/euskarri bakoitzaren karakterizazioa eta funtzio soziala birdefinitu dira. Hala nola, fikzioa VoD plataformetan kontsumitzen da gehiago, telebista gaurkotasuneko edukietarako eta gertaera edo ekitaldietarako da erabiliagoa eta sare sozialen funtzioa gazteen arteko komunikazioa bideratzea eta loturak iraunaraztea da. Horietako funtzio sozial bakoitzari eskainitako denbora desberdina da eta faktore ugariren arabera moldatzen da: ohitura berriak, boladak, gertakari sozial eta mediatikoak, eskaera sozial berriak, etab.
  • Koronabirusak atea jo eta gure egunerokora sartu zenetik hona, kontsumo mediatikoak aldatu egin dira. Edozelan ere, paneleko ikasleek informazioa nahi dutenean medio tradizionalen erreferentzialtasuna mantentzen dute, telebista eta egunkarietako webguneena, bereziki. Izan ere, COVID-19ak mintzagai izaten jarraitzen baitu.
  • Aisialdian, ikus-entzunezko produktuen kontsumoan eta bereziki fikziozkoetan, euskarak oso leku txikia du.
  • Momentuan momentuko egokitzapenen gainetik, badirudi pandemiaren garaian komunikazioaren eremuan ikusten ari garen hainbat ohitura eta joera luzerako etorri direla.

UPV/EHUren NOR Ikerketa Taldearen (IT881-16) Applika+ (UPV/EHU, EITB, Tabakalera eta Kulturaren Euskal Behatokia; US20/21) eta Solidary (CSO2017-82903-R) ikerketa proiektuaren lanen barruan kokatzen da artikulu hau.


1.- BAT aldizkariaren 116. zenbakia, 67-103 or.