Elhuyarren Elia erabiliz lortutako itzulpen automatikoa
en
Urtekaria 2020 | Tania Arriaga Azkarate, Itxaso Fernandez Astobiza, Marian Gonzalez Abrisketa, Arantza Gutierrez Paz, Andoni Iturbe Tolosa (UPV/EHUko Ikus-entzunezko Komunikazioa eta Publizitatea Saileko irakasle-ikertzaileak. Emakumeen ikusgaitasuna hedabideetan Ikerketa Taldea, UPV/EHU)

1995eko urtarrilaren 18an, lehenengo aldiz, emakumeek hedabideetan zuten errepresentazioa neurtu zuen World Association for Christian Communication (WACC) elkarteak koordinatutako Global Media Monitoring Project delakoak, MediaWatch Canada elkartearekin batera. Harrezkero, bost urtero egin ohi da monitorizazio globala. Espainiako Estatuko erakundeek 2000. urteko neurketan parte hartu zuten lehenengo aldiz; lehenengo edizio hartan, 71 herritako zenbait ikertzailek hartu zuten parte, eta gaur egun 100dik gora dira herri parte-hartzaileak. Euskal Herritik 2015ean saiatu ginen neurketa sarean sartzen, baina ez ginen garaiz heldu. 2020an, berriz, lortu dugu: lehenengo aldiz, EAEko eta Nafarroako komunikabideak sartu dira emakumeen hedabideetako presentzia neurtzea xede duen monitorizazio globalean, beti ere GMMP Spain delakoaren antolaketak ezarritako irizpideen arabera. Hala ere, oinarri horietatik harago joanda, datu bilketan Euskal Herriko lagin oso bat aztertzea erabaki genuen —datu horiek ikerketa ofizialean sartuko ez diren arren, ikerketa orokorrarekin alderatu ahal izateko asmoz bildu genituen—.

COVID-19 gaitzak eragindako pandemiak, aldiz, eragina izan du monitorizazio honetan ere. Datu-bilketa udaberrian egitea aurreikusita bazegoen ere, azkenean, azterketa 2020ko irailaren 29an egin zen. Gainera, COVIDa ere sartu zen kodifikazioan, beste item bat bezala.

Euskal Herrian ere borondatezko lana izan da monitorizazioa, eta deialdi zabala egin genuen; azkenean, UPV/EHUko Ikus-entzunezko Komunikazioa eta Publizitatea Saileko bost irakasle-ikertzailek parte hartu genuen monitoreoan. Espainiako Estatuko neurketaren barruan eskatutako euskal medioen laginaz gain, metodologia berdina aplikatuta, neurketa beste hedabide batzuetara zabaltzea erabaki genuen, horiek nazioartean zein estatu mailan izandako emaitzekin alderatu ahal izateko. 2021eko martxoaren 4an, mundu mailako neurketaren aldez aurretiko emaitza batzuk ezagutzera eman diren arren, oraindik beste hainbat datu jakiteke daude; ondorioz, konparazioa ezin izango da erabatekoa izan lehen irakurketa honetan.

1. Corpus teorikoa

 

1.1 Aurrekariak: emakumeek komunikabideetan duten paperari buruzko ikerketak Euskal Herrian

Dudarik gabe, Euskal Herrian, genero-ikuspegitik komunikabideen azterketa egin dutenen aitzindaria dugu Natividad Abril Vargas. UPV/EHUko Kazetaritza Saileko irakaslea, euskal mugimendu feministan erreferentziala izateaz gain, bere 1994ko doktorego-tesian gaia luze eta sakon landutako da: «La mujer como sujeto de atención periodística en la prensa vasca: estudio de los mensajes publicados en los diarios “Deia”, “Egin”, “El Correo español-El pueblo Vasco” y “La Gaceta del Norte”». Ikerketa horretan, emakumeek zuten protagonismoa (kuantitatiboki) aztertzeaz gainera, gaitegiak eta emandako tratamendua ere ikertu zituen.

Abrilen zuzendaritzapean, 1994an, «Emakumeen partehartzea Euskadiko komunikabideetan eta publizitatean» izenburuko txostena argitaratu zuen Emakumearen Euskal Erakundeak, Emakundek. Lan horretan, emakumeek EAEko komunikabideetan zuten presentzia eta rola aztertzeaz gain, edukietan emandako lekua, eta baita jasotzaileen zaletasunak ere ikertu zituzten, azken horiek ere generoaren arabera bereizita.

2013an, «Emakume kazetarien egoera Euskadiko komunikabide nagusietan» izenburuko tesia argitaratu zuen Diana Rivero Santamarinak. Aztertu zituen hamasei komunikabidetako erredakzioetan ari ziren kazetarien % 62,7 gizonak ziren, eta emakumeak, berriz, % 37,3. Tartea gehiago zabaltzen da zuzendaritzak begiratuz gero: % 76,9 gizonak eta % 23,1 emakumeak (Deogracias, 2013).

Arantza Gutierrez Paz eta Itxaso Fernandez Astobizak, Emakumeen Ikusgaitasuna Hedabideetan izeneko ikerketa taldeko kideek, gaiaren inguruko hausnarketa ezberdinak bultzatzeko asmoz, emakumeek hainbat arlotan (komunikabideetan, kirol eta politika kazetaritzan, zineman edo bideo-jokoetan, besteak beste) jokatzen duten paperaren inguruko jardunaldiak antolatu zituzten 2010, 2011 eta 2012. urteetan eta baita 2018an ere, «Emakumeen Ikusgaitasuna Hedabideetan» izenburuko biltzarra hain zuzen. Horrez gain, emakumeek Hego Euskal Herriko komunikabideetako iritzi ataletan zein tertulietan duten presentzia ere aztertu dute1. 2019an, «Emakumeen presentzia eta ahotsa tokiko euskal prentsaren iritzi-foroetan: artikulu-motak, sinatzaileen soslaia eta gaiak» izenburuko artikuluan, hainbat tokiko aldizkaritako iritzi ataletan emakumeen presentzia ez ezik, trataturiko gaiak ere aztertu zituzten. Horrela ondorioztatu zen, mainstream komunikabideetan baino emakumeen presentzia handiagoa zegoela tokiko prentsan, eta horrek ere eragina zuela trataturiko gaietan, baita ikuspegietan ere (gizarte arloko gaiak gailentzen ziren, politikari buruzkoekin alderatuta).

Gainera, UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Simon Peña Fernandez eta Lucia Martinez Odriozola ikertzaileek zuzendutako bi txosten argitaratu ditu Emakundek (2017, 2020) emakumeek EAEko hedabideetan duten presentziari buruz. Lehenengoan, emakumeen presentzia aztertu zuten EAEko komunikabide nagusietan 2015-2016 epealdian. GMMP monitorizazio metodoa oinarri hartuta, emakumeek informazioaren egile edo iturri/subjektu/objektu moduan izandako papera aztertu zuten. Bigarren txostenean, aldiz, tokiko eta eskualdeko hedabideak ere hartu zituzten kontuan, eta azterketa 2018ko irailaren 19an egin zuten. Era berean, bigarren txosten horretan, aurrekoaren datuekin eta GMMPko 2015eko datuekin alderatu zituzten emaitzak ikertzaileek.

 

1.2 GMMP proiektua: GMMP Spain eta Hego Euskal Herria

Webgunean2 azaltzen duten moduan, GMMP edo hedabideak monitorizatzeko proiektu globala nazioarte mailako genero-ikerketa zabalena da, eta hedabideetan generoaren errepresentazioa nola aldatu den neurtzen du.

1994an Bangkoken egindako Women Empowering Communication biltzarrak ezarri zuen komunikabideetako monitorizazioa egiteko beharra, emakumeek bizi dituzten egoerak ikertzeko oinarri diren datuak lortzeko asmoz. Horren ondorioz eta jarraian, 1995eko urtarrilaren 18an, lehenengo Global Media Monitoring Project (GMMP) egin zen 71 herritan. Hortik aurrera, bost urtero, aurretiaz aukeratutako egun batean, emakumeek komunikabideetan duten papera aztertzen da modu bateratuan. Ikerketa honetan, 100 herri baino gehiagotako unibertsitate-ikertzaileek, hedabideetako komunikatzaileek edota herri-erakundeetako kideek parte hartzen dute, borondatez. 2010ean, modu pilotuan, Interneteko komunikabideak sartu ziren azterketan, eta 2015ean, lehenengo aldiz, sare sozial bat: Twitterrera hedatu zen ikerketa.

Espainiako Estatuan 2000. urtean egin zen monitorizazioa lehenengo aldiz; ez aldi horretan, ezta 2005, 2010 eta 2015eko datu-bilketetan ere, ez zen sartu Hego Euskal Herriko hedabiderik —hedapen autonomikoa zuen hedabide bat soilik aztertu zuten, Kataluniako RAC1 irratia; lagin osoan, gaztelania ez zen beste hizkuntza bat erabiltzen zuen bakarra—.

 

2. Metodologia

 

2.1 GMMP proiektuaren metodologia

2020ko irailaren 29an egin zen azken neurketa. Ezin jakin zein egunetarako aurreikusita zegoen, baina aurreko edizioan (2015ean) martxoaren 5ean izan zenez, 2020ko martxoan egingo zela pentsatu bagenuen ere, COVID-19ak plan guztia hankaz gora jarri eta sine die atzeratzera behartu zuen. Azkenik, egoera hobetu dela-eta, irailean egin da monitorizazio ariketa globala, baina koronabirusak eragindako egoera berezi batean.

UPV/EHUko Ikus-entzunezko Komunikazioa eta Publizitatea Saileko bost ikerlariz gain, beste 30 baino pertsona gehiagok parte hartu dute Espainiako Estatu mailan egindako monitorizazio bidezko datu-bilketan —bai beste unibertsitate batzuetatik (Universitat Autònoma de Barcelona, Universitat Pompeu Fabra, Facultat de Comunicació i Relacions Internacionals Blanquerna, UIC Barcelona, Universitat de Vàlencia, Universidad de Málaga, Universidad de Sevilla, Universidad de Cádiz), bai kazetaritza-elkarteetatik (Xarxa Europea de Dones Periodistes, Asociación Prensa Mérida, Sindicato de Periodistas de Andalucía, Mujeres APM, Mujeres Periodistas, eta abar)—.

Orotara, Espainiako Estatuan 30 komunikabide ikertu dira: egunkariak, irratiak eta telebistak aztertzeaz gain, agerkari digitalak eta komunikabideen Twitter kontuetatik argitaraturiko albisteak ere behatu dira, UAMeko Teresa Vera Balanza ikerlariaren zuzendaritzapean. Estatu mailako lagin horretan sartu dira Gara egunkaria, ETB1eko Gaur Egun albistegia eta, hedabide digitalei dagokien atalean, Argia eta Diario de Noticias egunkariaren webguneak.

 

2.2 Euskarazko komunikabideak

Hego Euskal Herriko hedabideetan emakumeek duten presentziaren inguruko datuak ezagutu eta emaitza globalekin alderatu nahi genituela eta, GMMP Spain delakotik eskatutako laginari beste komunikabide batzuk gehitu genizkion. Lagina osatzerako orduan, soilik informazio eta hedapen orokorreko komunikabideak hartu dira kontuan, Hego Euskal Herriko erreferentzialtasuna dutenak. Beraz, aurrez aipaturikoei (Gara egunkaria, ETB1eko Gaur Egun, Argia eta Diario de Noticias atariak), honakoak gehitu zaizkie: ETB2 eta Hamaika telebistetako albistegi nagusiak; Radio Euskadi, Euskadi Irratia, Onda Vasca eta Euskalerria Irratiko informazio-saioak; eta Berria, El Correo eta Deia egunkariak. Komunikabide horiez gain, Twitterren hedabide batzuek dituzten kontuetan argitaratutako albisteak ere aztertu ditugu (EITB, Berria, Hala Bedi, Naiz eta Diario Vasco profiletakoak). Hedabideak aukeratzerako orduan, kontuan hartu dira, besteak beste, haietako bakoitzaren lurralde-ordezkaritza, entzule kopurua eta hizkuntza.

Artikulu honetan, Hego Euskal Herriko emaitzei ez ezik, euskarazko komunikabideei erreparatuko diegu bereziki, hedabidetako hizkuntza emakumearen presentziaren baldintzatzaile ote den (indartuz edo murriztuz) faktore bezala ikertzeko asmoz, aurreko ikerketetan agerian geratutako bidetik (Gutierrez eta Fernandez, 2019).

 

2.3 Fitxa teknikoa

Egunkarietan, azaletik hasita, orrialde nagusietan dauden 12-14 albiste edo informazio kodetu behar ziren; kodeketatik kanpo geratu ziren iritziak, zerbitzu-informazioak (eguraldia, adibidez) edo publizitate-mezuak. Argazki-albisteak edo albiste barruak, berriz, kontuan hartu ziren analisirako.

Irrati eta telebisten kasuan, albistegietako berri guztiak kodetu behar ziren (politikoak, tokikoak, nazioartekoak, edozein gairi buruzko erreportajeak, albistegiaren barruko kirol informazioak eta eguraldiari buruzkoak…). Kanpoan geratu ziren titularrak, aurrerapenak edo analisiak.

Interneteko albisteei dagokienez, webgunearen orri nagusitik hirugarren mailara arteko 12-14 eduki aztertu behar ziren. Aurrekoetan bezala, iritziak kontuan hartu gabe, ezta publizitatea edo atari digitaletako Youtubeko bideoak.

Twitterren, arratsaldeko 6:30etik aurrera argitaratutako edukiak ziren kodetu beharrekoak, 15-20 txio inguru (hirutik bat aukeratu behar zen, eta horrek ez balu beharrezko kopurua ahalbidetuko, bitik bat). Ez dira birtxioak jasotzen, ezta txioari erantsitako bestelako edukiak ere.

Egunkarien kasuan, paperezko edukiak erabili behar ziren; irrati eta telebistari dagokienez, grabatu egin behar ziren albistegi nagusiak; eta eduki digitalen monitorizazioa egiteko pantaila-argazkia egin behar zen, ondoren analisia egin ahal izateko. Ikertzaile bakoitzak fitxa bana bete behar zuen komunikabide bakoitzeko (ikusi artikuluaren amaieran Internet eta Twitterrerako fitxen ereduak). Fitxa bakoitzean honako datu hauek jasotzen ziren:

  • COVID-19arekin harremana duen ala ez. COVIDak eragin du azterketa honetan ere, eta albistea horrekin lotuta zegoen ala ez kodetu behar zuen ikertzaileak.
  • Analisia: albistea berdintasunari edo eskubideei buruzko lege edo politikari buruzkoa da? Emakumeen inguruan hitz egiten du? Berdintasuna edo desberdintasuna nabarmentzen du? Estereotipoak kolokan jartzen ditu?
  • Kazetariaren generoa eta adina.
  • Protagonisten generoa, adina, lanbidea, albistean duen rola. Familiarekiko rola aipatzen da? Biktima edo bizirik iraun duen pertsona gisa agertzen da? Argazkian agertzen da?
  • Kodetzeak bereziki datu kuantitatiboak eskaintzen dituen arren, ikerlariak bazuen aukera albiste baten inguruko azterketa kualitatiboa egiteko, adierazita berriak emakumeen irudi estereotipaturik azaltzen ote zuen, edo, kontrara, estereotipoen aurkako irudia eskaintzen bazuen. Kasu horretan, edukiaren (testua zein irudia) analisia egiten zen.

Orotara, Hego Euskal Herriko lagina 242 albistek osatu zuten, horietatik 95 euskaraz. Testuak eta irudiak aztertu dira, honako lagin honen arabera:

3. Emaitzak

 

3.1 Emakumeen presentzia albisteetan

Monitorizazioaren helburu nagusia da ezagutzea zer nolakoa den emakumeek duten presentzia hedabideetan. Izan ere, aipatzen ez dena, esaten ez dena, ez da existitzen (Izena ez duenak ez du izana). Bach Arús et al. egileek (2000) agerian utzi bezala, hedabideek ikuspegi androzentrikoa neutrotzat aurkezten dute, eta hori nabarmena izan ohi da informazioen iturriak edo protagonistak aukeratzerako orduan.

Munduko populazioaren erdia izan arren, emakumeen presentzia ez da portzentaje berean agertzen komunikabideetan hainbat ikerlanek agerian utzi dutenez. UNESCOk 1995eko otsailaren 28tik martxoaren 3ra bitartean Toronton antolatu zuen Women’s Equality in the Media: Access to Expression and Decision-Making sinposioan Bettina Peters-ek salatu zuen emakumeak oso gutxi agertzen zirela komunikabideetan, eta, gainera, agertzean rol estereotipatuetan azaltzen zirela. Horren aurrean, autorregulazioa eskatu zen prentsan eta komunikabide publikoetan hori gerta ez dadin. 1995ean, Pekingo emakumeari buruzko mundu mailako IV. biltzarrean azpimarratu zen emakumeen estereotipoen aurka borrokatzeko komunikabideek daukaten erantzukizuna.

Ondorengo azterketek, berriz, ez dute aurrerapauso handirik gertatu denik erakutsi, GMMPren emaitzen bilakaeran agerian geratzen den bezala:

Nazioarte mailan, emakumeek albisteetan duten presentzia zazpi puntutan baino ez da igo azken 25 urteetan; aipatzekoa da, gainera, ez dela aldatu azken hiru monitorizazioetan, 2020ko datuen aurrerapenak utzitako zenbaki orokorretan ikus daitekeen legez. Hau da, azken hiru azterketetan agerian geratu den bezala, berrietan agertzen den emakume bakoitzeko hiru gizon azaltzen dira, eta ez da aurrerapenik izan azken 15 urteetan. Aurrerago ikusiko dugu, gainera, agertzen direnean zein den emakumeen rola.

 

 

Hego Euskal Herrian egindako ikerketaren arabera, aldiz, nazioarteko batez bestekoarekin alderatuta emakumeen presentzia handiagoa da EAE eta Nafarroako komunikabideetan; prentsan izan ezik, zeinetan berdintzen den (emakume bat hiru gizoneko). Hala ere, albisteetan agertzen diren gizon eta emakumeen kopuruak ez datoz bat gizarteko presentziarekin. Emakumeen presentzia handiagoa da ikus-entzuneko komunikabideetan, eta txikiagoa, berriz, idatzizko prentsan. Euskarazko hedabideetan, aldiz, nazioarteko emaitzak 15 puntutan gainditzen dira; izan ere, agertzen diren pertsonen % 40 baino gehiago emakumezkoak dira. Gizonak, berriz, azaldutakoen % 55,3 dira (pertsonen % 4,7 ez da identifikatzen sexuaren arabera, edo bere burua pertsona ez-bitar moduan definitzen du).

Simon Peñak zuzendutako ikerketan neurtu zen zer nolako presentzia zuten emakumeek berrietako protagonista gisa 2018an. Emaitza haietan agerian geratu zen albisteen % 32,1ean zela protagonista emakumea, eta % 60 batean ordea, gizona; gainerako % 7,9aren protagonismoa gizon eta emakumeen artean banatzen da (2020: 24). Azterketa horren egileek azaltzen duten bezala, datuak ez dira guztiz konparagarriak, GMMPren kasuan, albisteetan agertzen diren pertsona guztiak kontuan hartzen baitira, eta Emakunderentzako egindako azterlanean, berriz, soilik albistearen protagonistak izandakoak. Hala ere, ikus daiteke badagoela joera bat euskal komunikabideetan, non emakumeen presentzia handiagoa den —hala ere, emakume bakoitzeko bi gizon agertzen dira informazioetan, parekotasunetik urrun—.

Hizkuntzari dagokionean, aipatutako ikerketa horretan ez da alde handirik nabaritzen: «Albisteen protagonista diren emakumeen eta gizonen presentzia ez da aldatzen albistea idatzita dagoen hizkuntzaren arabera. Emakumeek % 32,8 osatzen dutela kontuan hartuta, % 31,8ko presentzia dute euskarazko informazioetan, eta % 34,8koa gaztelaniazko artikuluetan» (Peña et al., 2020: 44). Gure azterketan, aldiz, bost puntuko aldea dago, eta emakumeen presentzia handiagoa da euskarazko medioetan; antzeko joera utzi zuen agerian euskarazko tokiko prentsako iritzi-ataletako emakumeen presentziari buruzko azterketak 2018ko Euskal Hedabideen Urtekarian (Gutierrez eta Fernandez, 2019: 91).

 

3.2 Albisteetan agertzen diren emakumeen soslaia

Emakumeen presentzia kuantitatiboki zenbatekoa den neurtzea garrantzitsua bada ere, dudarik gabe, bada beste datu esanguratsu bat, hain zuzen ere, albisteetan agertzen diren emakumeen profila edo okupatzen duten kargua zein den adierazten duena.

 

 

 

Euskarazko komunikabideetan —prentsa, irrati eta telebistan— 119 pertsona agertzen dira aztertutako albisteetan, horietatik 45 (% 37,8) emakumezkoak dira, eta 72 gizonak; beste bi pertsonaren generoa ezin izan da ezagutu. Lagina erdal mediotara zabalduta, agertzen diren 325 pertsonetatik 110 dira emakumezkoak (% 33,8); hau da, lau puntu txikiagoa da emakumeen presentzia. Nabarmena da politika alorreko pertsonen presentzia albisteetan (% 52,1), baina agertzen den emakume politiko bakoitzeko bi gizon agertzen dira. Euskal komunikabideetan agertzen diren unibertsitateko 11 espezialistetako hiru baino ez dira emakumeak (% 27,3); portzentajea askoz txikiagoa da gaztelaniaz edo ele bitan argitaratzen diren medioetan (23 espezialistatik lau baino ez dira emakumezkoak, hau da, % 17,4). Ez da emakumerik agertzen, besteak beste, negozio, kirol edo ospetsuen kategorietan. Azaltzen diren komunikabidetako bi profesionalak emakumezkoak dira.

 

 

Albisteetan agertzen diren emakumeen artean, nabarmena da politika alorrekoek duten pisua, bai Hego Euskal Herriko komunikabideetan (% 65) zein euskarazkoetan, nahiz eta euskal hedabideetan ehunekoa askoz txikiagoa izan (% 44). Emakumeen Ikusgaitasuna Hedabideetan ikerketa taldeak 2016ko azarotik 2017ko azarora bitartean egindako azterketan ere nabarmena izan zen emakume politikarien presentzia (% 49,15) EITBko tertulietan3. Tokiko prentsan ere nabarmen agertu zen politikan aritutako emakumeen presentzia, pisu txikiagoa zuten arren (Gutierrez eta Fernandez, 2019: 88).

 

 

Interneteko agerkarietan eta Twitterren agertzen diren 67 pertsonetatik 22 dira emakumezkoak (% 32), eta 32 gizonezko gisa identifikatzen dira (% 47,76). Aipatzekoa da Interneten ere politika (%19,40) eta aktibismoaren (% 13,43) alorreko soslaiak direla nagusi, nahiz eta beste batzuk ere agertzen diren (esaterako, etxeko andreak, delinkuentzia edo segurtasun indarren alorrekoak). Unibertsitate-adituei dagokienez, agertzen diren bost pertsonatik bina emakume eta gizon daude, eta bestea ezin izan da identifikatu.

 

3.3 Emakumeen rola albisteetan

Aurreko ataletan azaldu den moduan, emakumeak komunikabideetan gutxi azaltzeaz gain, oso era estereotipatuan agertu ohi dira, ikerketa ezberdinetan agerian geratu denaren arabera.

Komunikabideetako politika atalean emakumeak nola agertzen ziren aztertu zuen Mercedes Bengoecheak (2003), eta ondorioek agerian utzi zuten albisteen edo ekintzen subjektu baino gehiago objektu moduan agertzen direla andreak informazioetan:

«Emakumeen paper aktiboa nekez agertzen da kazetaritza-diskurtsoan, eta hori lortzen da hizkuntza- eta diskurtso-mekanismo batzuen bidez: emakumeen absentzia albiste eta izenburuetan; bere jardunaren ezkutatzea edo horren aurkezpena genero-estereotipoak erabilita; diskurtsoan duen paper aktiboaren (subjektu ekintzaile, gaia, esaldiaren gakoa edo ikuspuntua) xixkatzea; beharrezkoa ez den gizon boteretsuekiko harreman sexualen aipamena; edo jazarpena salatzen duten emakumeak gizonezkoen desioaren objektu moduan irudikatzea» (Bengoechea: 2003, 585).

APM Madrilgo prentsaren elkartearen profesioaren inguruko txostenak kazetarien artean jasotako iritzien arabera, «komunikabideetako informazioetan transmititzen den emakumeen irudia izaten da sexu desioaren subjektu (% 50) edo genero indarkeriaren biktima gisa (% 47)» (APM, 2019: 60).

Izan ere, emakumeak maiz agertzen dira informazioetan objektu edo biktima moduan, subjektu gisa baino. Era berean, emakumea informazio-iturri izaten denean, lekuko, esperientzia pertsonal baten narratzaile edo iritzi herritarraren emaile moduan agertu ohi da, aditu edo gai baten inguruko espezialista moduan agertu beharrean. Hori dela eta, ugaritzen ari dira emakume adituen direktorioak sortzen dituzten erakunde eta elkarteak, komunikabideek horietara jo dezaten informazioak egiteko orduan.

Hurrengo taulan ikus daitekeenez, ordea, ez dira urrats handiak eman azken hamabost urteetan:

 

GMMPk agerian uzten duenez, albisteetan emakumeek duten protagonismoa gizonena baino txikiagoa izan ohi da, eta bereziki kualifikaziorik gabeko iritzia eta esperientzia pertsonala azaltzen dute agertzen direnetan; adituen azalpena edo iritzi espezializatua, ordea, gizonei dagokie gehien bat (% 80). Gainera, nazioarteko datuetan nabaritzen denez, joera ez da aldatu azken urteotan. Iritzi herritarra edo esperientzia pertsonala arlo pribatuarekin lotzen da, eta iritzi ikasia, ordea, publikoarekin.

Biktima moduan agertzen diren pertsonen sexuari erreparatzen badiogu, nabarmena da emakumeak gizonen bikoitza izan ohi direla, horietako asko indarkeria matxista eta sexualaren biktimak; gizonezkoen kasuan, aldiz, gehien jasaten duten indarkeria gatazka armatuarekin lotutakoa izan ohi da (gerra edo terrorismoa bereziki).

 

Hego Euskal Herriko monitorean aipatzekoa da emakumeak nazioarteko neurketan baino gehiago direla iritzi herritarraren emaile gisa. Joera orokorra, esan bezala, emakumeak bereziki kualifikaziorik gabeko iritzia azaltzen agertzea bada ere, nazioarte mailako ikerketan gutxiengoa dira horretan ere. Esperientzia pertsonalaren kasuan, oso gutxi dira gurean rol horretan agertu diren pertsonak eta, ondorioz, emaitzak ez dira oso adierazkorrak. Aipatzekoa da elkarte edo erakunde baten bozeramaile moduan, aldea badago ere, gizon eta emakumeen presentzia parekoa dela. Subjektuaren rolari dagokionez, euskal hedabideetan gizonen eta emakumeen aldea txikiagoa bada ere, agerikoa da iritzi kualifikatuaren bila gizonengana jotzen dutela kazetariek; joera hori, berriz, ez da horren nabarmena euskarazko hedabideetan, baina oraindik parekidetasunetik urruti daude horietan ere.

Orotara, aztertutako albisteetan bost pertsona agertzen dira biktima moduan, bat prentsan (gizon bat, indarkeria matxistaren biktima dena). Internet eta Twitterren, aldiz, lau pertsona agertzen dira biktima moduan (hiru emakume eta gizonezko bat). Biktima horietako hiruk (bi emakume eta gizona) indarkeria sexuala pairatu dute, eta beste bat, berriz, gatazka armatuaren biktima legez agertu da. Horrez gain, emakume eta gizon bana agertu dira biziraun duten subjektu moduan.

 

3.4 Albisteen egileen generoa

 

 

 

Albisteak sinatzen dituzten 190 kazetarietatik % 39 emakumeak dira, eta % 45 gizonak; gainerako sinatzaileen % 15,2ren generoa ezin izan da identifikatu. Euskarazko hedabideetan, emakume eta gizonen arteko aldea askoz txikiagoa da, puntu batekoa hain zuzen ere; sinatzaileen % 42,7 emakumeak dira eta % 43,7 gizonak. Aipatzekoa da irratian gizonen ahotsak nagusitzen direla kate guztietan, Euskadi Irratian izan ezik, non esatari edo berriemaileen % 80 emakumezkoak diren. Halaber, agerkari digitaletan zein prentsa idatzian informazio asko sinatu gabe ageri da edo agentzietakoa da, beraz ez da identifikatzen egilearen generoa edo sexua.

HEKA ikerketa taldeak 2008an egindako ikerketa baten arabera, Europako hizkuntza gutxituetan argitaratzen diren hedabideetan argi geratu zen emakumeen presentzia erredakzioetan nahiko parekidea zela (Zabaleta et al., 2013), batez beste % 45 eta % 55 euskarazko hedabideetan. Ikerlariek beraiek ondorioztatu zutenez, hizkuntzak eragin zuzena du emakumeen ordezkaritza handia izateko orduan, izan ere mainstream hedabideetan baino okerragoak baitira soldatak eta lan-baldintzak hizkuntza gutxituetako hedabideetan.

 

 

2021eko martxoaren 4an argitaratu ziren GMMP 2020ko lehenengo emaitzak eta horien artean, telebistetako albisteak egin dituzten emakumeen kopurua zenbatekoa den ageri da. Goiko grafikoan ikus daitekeen bezala, 10 puntuko igoera bat gertatu da telebistetan duela bost urteko monitorizazioarekin alderatuta, baina soilik lau duela 10 urtekoarekin konparatuta, eta 12 puntu azken 25 urteetan.

Hego Euskal Herriko telebistei dagokienean, aztertutako hiru kateetan, ETB1, ETB2 eta Hamaika Telebista, estudioan dauden albistegietako aurkezleak emakumeak dira. Kaleko berriemaileen edo korrespontsalen artean ere emakumeak dira nagusi. Aipatzekoa, ordea, agertzen den komentarista bakarra, ETB1eko Gaur Egun albistegian, gizonezkoa dela. Egile batzuen iritziz, telebistan emakumeek duten presentzia handiagoa lotuta egon daiteke irudiaren erabilerarekin.

 

3.5 Emakumeen papera COVID-19ari buruzko albisteetan

Hasieran esan bezala, aurtengo monitorizazioan eragin handia izan du COVID-19 pandemiak, eta ez soilik antolaketan edo datu-bilketarako data zehazterako orduan, baita azterketan ere; izan ere, pandemiaren trataera informatiboan emakumeek izan duten papera ere ikertu baita.

2020ko irailean, International Women’s Media Foundation erakundeak zuzendutako «A special report on women’s under-representation in news media» izenburuko txostenean (Kassova, 2021), sei estatutan emakumeek COVID-19ari buruzko informazioetan izandako presentzia eta rola aztertuta, honakoa ondorioztatu zuten: argi geratzen da emakumearen errepresentazioa oso txikia izan dela gizonenarekin alderatuta. Izan ere, ikertutako 175 istorioetan agertu ziren pertsonen % 77 gizonak izan ziren, eta % 19 soilik emakumeak (% 4 ez zen identifikatu). Kopurua are txikiagoa da oraindik albisteetako paper protagonista duten emakumeak neurtuz gero, informazioetako protagonisten % 17 soilik dira emakumeak eta gainerako % 83 gizonak.

GMMPren 2020ko emaitzen aurrerapenean ere agerikoa da emakumeen presentzia oso txikia dela COVID-19ari buruzko berrietan:

 

Hego Euskal Herrian ere ikertu dugu zein den emakumeen presentzia eta papera COVID-19ari buruzko albisteetan. Orotara, 96 albistetan daude pandemiarekin lotutako edukiak, horietako 32tan (% 33,33) soilik agertzen da emakume bat, hau da, albisteetan agertzen diren hiru pertsonetako bat da emakumea.

 

 

 

Prentsan, COVIDa hizpide duten 14 informazioetatik soilik lautan (% 29) agertzen dira emakumeak subjektu moduan: aditu bat, bi politikari eta merkatari arloko beste bat. Euskarazko komunikabidean, soilik emakume bat (aditua) agertzen da pandemiarekin lotutako informazioetan. Irratian, 29 albisteetatik % 31 dira (bederatzi berri) emakumezkoren bat dutenak (lau subjektu moduan, beste bat aditu gisa eta hiru bozeramaile rolean). Karguei dagokienean, zortzi emakume politika arlokoak dira; beste bat, aktibista; eta ezin jakin beste baten rola. Euskarazko medioetan agertzen diren bost emakumetako lau politikariak dira. Telebistan, bestalde, 21 albistek dute lotura COVID-19arekin; horietako zortzitan (% 38) soilik jokatzen dute rol bat emakumeek. Karguei dagokienez, kasu honetan ere politikariak dira nagusi (hiru), eta informazioan duten paperei dagokionez, hiruna subjektu edo bozeramaileak dira, eta beste bik, ordea, iritzi herritarra azaltzen dute.

Nazioarte mailako lehenengo emaitzekin alderatuta, esan dezakegu Hego Euskal Herriko hedabideetan zerbait altuagoa bada ere COVID-19ari buruzko berrietan aurki daitekeen emakumeen presentzia, antzekoa da kuantitatiboki, eta ez da inolaz ere parekidetasunera heltzen.

 

Agerkari digitaletan aurkitutako COVID-19aren inguruko 12 albisteetatik zazpitan (% 58) azaltzen dira emakumeak, horietako gehienak (sei) politika alorrekoak. Hortaz gain, etxeko andre moduan sailkatu daitekeen emakume batek bere esperientzia azaltzen du informazio batean. Twitterren, bestalde, emakumeen presentzia txikiagoa da gainerako komunikabideekin konparatuta. 20 txiotatik bost kasutan —horietako hiru euskaraz— agertzen da emakume bat —bakarra aditua, eta bi aktibistak—. Hau da, Twitterren COVID-19ari buruzko lau albistetako bakar batean agertzen da emakume bat. Sare sozial horretan, emaitzak guztiz parekatzen dira nazioarte mailan egindako monitorizazioarekin.

Bai hedabide tradizionaletan zein Internet eta Twitterren ere, emakume aditu edo espezialisten presentzia oso txikia da (soilik hiru, % 9,3), eta gehienak politika arlokoak dira (% 59,4).

 

4. Ondorioak

 

GMMP monitorizazioaren 2020ko azterketa eta emaitzak Hego Euskal Herrian landu ondoren, bereziki euskarazko hedabideetan jarrita arreta eta emakumeen presentzia gure ohiko hedabideetan zer nolakoa den jakin asmoz, hona artikulua amaitzeko sei ondorio:

  • Euskal hedabideetan agertzen den emakumeen kopurua 10 puntu altuagoa da nazioarte mailan baino, 15 puntu euskarazko hedabideen kasuan. Prentsa dugu berrietan emakume gutxien ikusarazten duen hedabidea. Hego Euskal Herriko egunkarietako albisteetan agertzen diren lau pertsonatatik bakarra da emakumea; hirutik bat euskarazko prentsan (% 35 inguru).
  • Albisteetan agertzen diren emakumeen lanbideari edo karguari erreparatuta, nabarmen agertzen da politika alorrekoen presentzia beste soslaien gainetik. Ondoren aktibistak daude, eta hortik aurrera, gainerako arlotan ari diren emakumeak ez daude ia ordezkatuta. Joera hau aurreko ikerketa batzuetan ere agertu da, eta lotu daiteke esparru publikoan emakume politikariek duten eskarmentuarekin. Azpimarratzekoa da aditu gisa kazetariek gizonengana jotzen dutela emakumeengana jo ordez, eta unibertsitate edo zientzietako emakumeen presentzia % 4koa dela, nahiz eta unibertsitateetan emakumeen presentzia gizonenaren parekoa den (nahiz eta, ezaguna den bezala, bereizketa egon generoaren arabera: emakumeak gehiengoa dira bereziki osasun eta gizarte zientzietan, eta gizonak, aldiz, arlo teknologikoan).
  • Informazioetan duten rol edo funtzioei dagokienez, kualifikaziorik gabeko iritziak eta esperientzia pertsonalak azaldu ohi dituzte emakumeek. Nazioarte mailan, atal honetan, emakumezkoak gutxiengo badira ere, euskal medioetan gizonen presentzia txikiagoa da. Bozeramailetzan Hego Euskal Herriko hedabideetan parekotasuna badago ere, nabarmentzen da Interneteko agerkarietan gehiago direla emakume bozeramaileak, gizonak baino.
  • Subjektu rolean, nazioartean ageri den joera nabarmena da euskal hedabideetan ere. Gizonak dira informazioetako protagonista neurri handiago batean, emakumeak baino. Aditu moduan ere agerian dago gizonek dutela agentzia gehiago. Lehenago adierazi bezala, gutxi dira unibertsitate edo arlo akademiko eta zientifikotako aditu gisa agertzen diren emakumeak. 2014an, Berria bekari esker, Bilgune Feministak Gabiltza4 izeneko emakume adituen direktorio digitala osatu zuen emakumeek komunikabideetan duten presentzia urriari aurre egiteko tresna moduan; hala ere, egitasmoak ez du hedapen handirik izan. Zientzia alorrean, 2020tik aurrera Emakumeak Zientzian5 izeneko jardunaldiak antolatzen dira, emakume zientzialarien ikusgaitasuna bultzatzeko. E-makumeak6 (emakume ingeniariak) edo WikiEmakumeok7 edo Emakumeen Ikusgaitasuna Hedabideetan8 badira beste egitasmo batzuk Euskal Herriko emakume adituak ikusarazteko.
  • Informazioak sinatzen dituzten kazetarien generoari dagokionez, emakumeen ehunekoa gizonena baino zerbait baxuagoa bada ere, bien arteko aldea sei puntukoa da. Telebistan, parekotasunetik hurbilago daude euskal hedabideak, baina nazioarte mailan ere hurbiltzen doaz. Prentsan aipatzekoa da oraindik informazio asko ez direla sinatzen, edo ez dela edukien egiletza identifikatzen generoaren ikuspegitik, eta horrek ezkutuan jarri ahal ditu atzean dauden emakumeak (hori dela eta, izen-abizenekin sinatzearen aldeko mugimenduak ugaritu dira azken urteotan). Dena den, emakume kazetarien kopurua handitzen badoa ere, hau ameskeria hutsa izan daiteke sakon begiratuta. Izan ere, APM elkarteak egindako kazetaritzaren egoerari buruzko 2019ko txostenak agerian uzten duenez, Espainiako Estatuko 100 komunikabide handienetako emakumeek zuzendaritza postuen % 25 betetzen dituzte. Kazetari andrazkoek, gainera, zailtasun gehiago jasaten dituzte lanbidean gizonezkoek baino, baita promozionatzeko oztopo gehiago ere.
  • COVID-19ari buruzko albisteetan agerikoa da emakumeen errepresentazio baxua, horretan bat egin da nazioarte mailan egindako monitorizazioarekin zein irailean IWMF fundazioak egindako azterketarekin. Emakumeen presentzia urria nabarmenagoa da prentsan zein Twitterren. Horrez gain, azpimarratu behar da, gehien agertzen diren emakumeak politika alorrekoak direla, eta aditu edo espezialisten presentzia, aldiz, oso txikia dela.

Bibliografia

Abril Vargas, Natividad (1994): La mujer como sujeto de atención periodística en la prensa vasca: estudio de los mensajes publicados en los diarios “Deia”, “Egin”, “El Correo español-El pueblo vasco” y “La Gaceta del Norte” [doktorego-tesia], UPV/EHU, Leioa.

Abril Vargas, Natividad (1994): Emakumeen partehartzea Euskadiko komunikabideetan eta publizitatean, Emakunde, 09, Vitoria-Gasteiz, <https://www.emakunde.euskadi.eus/contenidos/informacion/publicaciones_informes/eu_emakunde/adjuntos/informe.09.participacion.mujeres.medios.comunicacion.publicidad.eus.pdf>.

APM (2019): Informe Anual de la Profesión Periodística 2019, <https://www.apmadrid.es/wp-content/uploads/2020/11/Informe-APM-2019.pdf>.

Bach Arús, Marta; Altés Rufias, Elvira; Gallego Ayala, Joana, Plujà Calderón, Marta eta Puig Mollet, Montserrat (2000): El sexo de la noticia. Reflexiones sobre el género en la información y recomendaciones de estilo, Icaria, Malaga.

Bengoechea, M. (2003): “La representación de la agencia femenina en las secciones políticas de cuatro diarios españoles”, Estudios de Sociolingüística, 4(2), 563-587 or.

Deogracias, Marijo (2013): “Erredaktore bai, zuzendari ez”, Argia, 15-17, 2013-3-07, <https://www.argia.eus/argia-astekaria/2373/emakumeak-kazetaritzan>.

GMMP (2021): Preliminary findings of the 2020 Global Media Monitoring Project (GMMP), <https://whomakesthenews.org/gmmp-reports/gmmp-2020-reports/>.

Goikoetxea, Jule; Miralles, Nora; Garai, Estitxu, eta Etxeberria, Lore (2017): EAEko demokrazia patriarkala: Lan ordaindua, lan ez ordaindua, ongizate erregimena eta eremu sozio-politikoa, <https://www.emakunde.euskadi.eus/contenidos/informacion/publicaciones_bekak/es_def/adjuntos/beca.2017.2.Demokrazia_patriarkala.pdf>.

Gutierrez Paz, Arantza, eta Fernandez Astobiza, Itxaso (2019): Emakumeen presentzia eta ahotsa tokiko euskal prentsaren iritzi-foroetan: artikulu-motak, sinatzaileen soslaia eta gaiak, Euskal Hedabideen Urtekaria 2018, Behategia, <https://behategia.eus/eu/txostenak/urtekariak/>.

Kassova, Luba (2021): A special report on women’s under-representation in news media, <https://www.iwmf.org/women-in-covid19-news/>.

Naciones Unidas (1996):Informe de la Cuarta Conferencia Mundial sobre la Mujer, A/CONF.177/20/Rev.1.

Peña Fernandez, Simon eta Martínez Odriozola, Lucía (2017): 2015-2016an Emakumeek euskal hedabideetan izan duten presentziari buruzko azterketa; Emakunde, 38, <https://www.emakunde.euskadi.eus/contenidos/informacion/publicaciones_informes/eu_emakunde/adjuntos/txostena.38.emakumeek.hedabideetan.%20presentzia.pdf>.

Peña Fernández, Simón; Novo Arbona, Ainhoa; Eguskiza Sesumaga, Leyre; Martínez Odriozola, Lucía, eta Jiménez Martín, Eva (2020): Emakumeek EAEko hedabideetan duten presentziari buruzko II. azterketa (2018), Emakunde; 44, <https://www.emakunde.euskadi.eus/contenidos/informacion/publicaciones_informes/eu_emakunde/adjuntos/txostena_44_begira_emakumeak_hedabideak.pdf>.

Peters, Bettina (1995): Documento para la Discusión, Mujeres y Medios de Comunicación: Acceso a los Medios de Expresión y a la Toma de Decisiones, UNESCO, Toronto, otsailaren 28tik martxoaren 3ra, <https://www.nodo50.org/mujeresred/IMG/pdf/simposioUnesco-95-FIP.pdf>.

Rivero, Diana (2013): La situación profesional de las periodistas en los principales medios de comunicación del País Vasco (Emakume kazetarien egoera profesionala Euskadiko hedabide nagusietan) [doktorego-tesia], UPV/EHU, Leioa.

Zabaleta, Iñaki; Xamardo, Nikolas; Gutierrez, Arantza; Urrutia, Santi eta Fernandez, Itxaso (2013): Présence d’une absence: L’embauche et le salaire comme facteurs occultant la discrimination envers les femmes journalistes dans les médias européens en langues minoritaires, E-Migrinter, 04/2013, DOI:10.4000/e-migrinter.487

Webgrafia

E-makumeak: https://www.ehu.eus/ehusfera/e-makumeak/

Emakumeak Zientzian: https://emakumeakzientzian.eus/

Emakumeen Ikusgaitasuna Hedabideetan: https://emakumeenikusgaitasuna.wordpress.com/

Gabiltza, emakume adituen biltoki digitala: https://www.gabiltza.eus/home

GMMP 2020 ingelesez: https://whomakesthenews.org/gmmp-reports/gmmp-2020-reports/

GMMP: https://whomakesthenews.org/

International women’s media foundation: https://www.iwmf.org/

WikiEmakumeok: https://es.wikipedia.org/wiki/Wikiproyecto:Mujeres/Wikimujeres/WikiEmakumeok

Women and media for social change: http://www.womenaction.org/women_media/eng/2/mediawatch.html

World Association for Christian Communication: https://waccglobal.org/

Gehigarria:

Twittereko fitxa:

Interneteko fitxa:


1.- Besteak beste, EAEko Legebiltzarrean «Emakumeen presentzia (%) EITBko gaurkotasuneko tertulietan 2016ko azaroa-2017ko azaroa» izeneko txostena aurkeztu zuten, zeinetan argi geratzen zen emakumeen presentzia urria eta gizonen gainordezkaritza EITBko iritzi-eztabaida nagusietan. Talde honen lanak aipatzen dira halaber Jule Goikoetxea, Nora Miralles, Estitxu Garai eta Lore Etxeberria egileek, Emakunde Bekak bultzatuta, 2017an «EAEko demokrazia patriarkala: lan ordaindua, lan ez ordaindua, ongizate erregimena eta eremu sozio-politikoa izeneko lanean». Txostenak taldearen webgunean daude ikusgai: https://emakumeenikusgaitasuna.wordpress.com/.

2.- Who Makes the News? atarian aurki daitezke GMMP proiektuaren xehetasunak: https://whomakesthenews.org/

3.- Emakumeen presentzia EITBko gaurkotasunezko tertulietan, 2016ko azaroa-2017ko azaroa txostena: https://emakumeenikusgaitasuna.wordpress.com/2017/12/19/eitbko-tertulietan-emakumeok-dugun-presentziari-buruzko-txostena/

4.- https://www.gabiltza.eus/home

5.- https://emakumeakzientzian.eus/

6.- https://www.ehu.eus/ehusfera/e-makumeak/

7.- https://eu.wikipedia.org/wiki/Wikiproiektu:WikiEmakumeok

8.- https://emakumeenikusgaitasuna.wordpress.com/