Elhuyarren Elia erabiliz lortutako itzulpen automatikoa
en
Urtekaria 2020 | Xabier Arauzo Uriarte, Alaitz Artolazabal Amill eta Nestor Atxikallende Bilbao (Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendari nagusia, TOKIKOMeko kudeatzailea eta BFA-ko Euskara Zerbitzuko burua)

Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailak lurraldeko euskarazko proiektu komunikatiboak sustatzea du helburu, bai euskarazko aldizkako argitalpenak eta bai aldizkako argitalpenak izan ez arren, Bizkaiko euskara edo bizkaiera komunikazio-hizkuntza duten proiektu komunikatiboak.

Proiektu horien artean berebiziko garrantzia daukate tokian tokiko, eskualdeetako eta lurraldeko euskarazko argitalpenek, euskara gizartearen eremu guztietara zabaltzeko egiten duten lanagatik, tokiko herritar guztiengana heltzen baitira zuzenean.

Lantegi horretarako Bizkaiko Foru Aldundiak orain arte izan duen baliabide nagusia urteroko dirulaguntza-lerroa izan da, entitate horiek beharrezko dituzten baliabide ekonomikoak eduki ditzaten beren lana egin ahal izateko. Hain zuzen ere diruz laguntzen dira jatorrizko aldizkariak, bai paperean argitaratutakoak bai paperean eta modu digitalean argitaratutakoak, betiere haien xede nagusia bada tokiko, eskualdeko edo lurraldeko informazioa zabaltzea, eta euskara hutsean argitaratzen badira1.

Horri dagokionez, 2019an gauzatu zen finantzaketa marko berria, sektorearen egonkortasuna bermatzeko aurrerapauso gisa (Alkorta, 2020-2). Hala, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren eta hiru foru-aldundien hiru urterako hitzarmenaren ondorioz ebatzi ziren 2019. urtean dirulaguntza-deialdiak. Euskarazko hedabideen finantzaketa-marko berriaren ardatzetako bat izan zen euskarazko komunikazio-proiektuen aurrekontu estandarra aztertzea eta hala, proiektuen aurrekontuaren portzentaje bat finantzatzen dugu erakunde publikook.

Bizkaiko tokiko hedabideak, datuetan.

Bizkaiaren kasuan, 2019ko deialdiaren balorazioa egindakoan argi ikusi zen proiektu-komunikatiboen artean alde handiak zeudela, besteak beste, sorkuntza/produkzioan, proiektuen ikuspegian, irismenean (herri edo eskualde maila) eta online eta paperezko orekan (Interneteko presentzia eta atari indartua ote duten). Proiektu komunikatiboen arteko aldeen arrazoiak askotarikoak dira, entitateen izaeratik hasita —irabazi-asmorik gabeko elkarteak izan edo enpresak izan—, baina aldeak ikusten ziren batez ere proiektu komunikatiboen kudeaketa-ereduen artean. Eta, hori guztia ikusita, Euskara Zuzendaritza Nagusian deliberatu genuen kudeaketa-ereduaren aldetik ere bultzada bat eman behar zitzaiela gure lurraldeko hedabideei.

Izan ere, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Zuzendaritza Nagusiaren hipotesia da Bizkaiko tokiko euskarazko hedabideen kudeaketa hobetuta indartu egingo dela proiektu-komunikatibo horiek euskararen normalizazioan daukaten funtsezko zeregina, lagundu egingo dutela euskararen bizi-indarra areagotzen, eta, azken batean, jarraituko dutela funtzio garrantzitsua jokatzen gure gizartean. Hain zuzen ere, kudeaketa hobetuta tokiko hedabideek gaitasun handiagoa izango dute sektore aldakor honetara malgutasunez egokitzeko, gaitasun handiagoa izango dute urtero berrikuntzak proposatzeko, oro har bezeroei eta bereziki irakurleei begirago egongo dira eta gaitasun handiagoa izango dute produktuak une oro egokitzeko eta aldatzeko.

Administrazio publikoek eta hedabideen sektoreak ohiko harremanak ditugu azken bi urteetan euskarazko komunikazioaren mahaian (hedabideen mahaia izenez ere ezaguna), eta Bizkaiko Foru Aldundiak bertan aurkeztu eta proposatu du tokiko hedabideen kudeaketa hobetu nahi honen asmoa. Baina, halaber, interesgarria eta aberasgarria da lurralde bakoitzak bere eragin-esparruko tokiko hedabideekin ohiko harremanak izatea eta, horren harira, dirulaguntza-deialdiak onuradunei orientatzearen garrantzia kontuan hartuta, 2020. urtean lehenengoz, asebetetze-inkestak3 egin zitzaizkien dirulaguntza-deialdi guztietako onuradunei, besteak beste tokiko hedabideetako onuradunei: nabari da emaitzek hobekuntzarako tarte handi samarra uzten diotela Bizkaiko Foru Aldundiari, batez ere dirulaguntzak noiz ebatzi eta ordaintzen diren, denbora tarte hori laburtu egin behar baita, eta bestelako hobekuntzak ere proposatu baitira lehen hartu-emanean.

Aurreko horiek guztiak ikusita, esan behar da TOKIKOMek, euskarazko tokiko komunikabideen bateraguneak, bat egiten duela Bizkaiko Foru Aldundiak kudeaketa-eredua aldatu beharraren inguruan planteatutako hipotesiarekin. Izan ere, 2012an lehenengo urratsak eman zituen une beretik, TOKIKOMen helburu nagusia tokiko hedabideen sektorea egonkortu eta sendotzea da. Erroak eta sorburua elkartegintzan eta borondatezko lanean dituen sektorea izanda, profesionalizazioa da egonkortze eta sendotze horiek eskatzen duten lehen baldintza.

Profesionalizazioa tokiko hedabideen jarduera-esparru guztietan da beharrezkoa, kazetaritza- eta edizio-lanetik hasita, jakina, administrazio eta kudeaketaraino. Behar horien nondik norakoak ondo xehatzeko, TOKIKOMek kudeaketaren inguruko diagnostikoa egin zuen 2015ean bere bazkideen artean, EUSKALITen eskutik. Diagnostiko haren emaitzetan oinarrituta, 2016an, Kudeaketa Aurreratuko formazio-saioa antolatu zuen, eta hurrengo urteetan ere errepikatu zuen. Guztira, 15 bazkidek hartu zuten parte formazio-saio horietan: lehendabiziko urtean parte hartu zuten bazkideen % 90ak formazioarekin jarraitu zuen bigarren urtean, eta bazkideek 7,96ko puntuazioarekin baloratu zuten formazio-planteamendua (hamarreko eskalan).

2020an, berriz, artikulu honen hasieran Bizkaiko Foru Aldundiak adierazitako helburutik abiatuta, eta TOKIKOMen eskarmentuan oinarrituta, bide horretan sakontzeko esperientzia bat abiatu dugu Bizkaiko 12 tokiko hedabiderekin. Kudeaketa Aurreratuaren inguruko oinarrizko prestakuntza eskaini diegu haietan lanean diharduten profesionalei, kudeaketa-eredua hobetzeko baliabide gehiago eduki ahal izateko helburuarekin. Bi formazio-saio burutu dira.

«Kudeaketa Aurreratua» aipatzen dugunean, hedabideetan epe luzerako ikuspegia sortzeaz hitz egiten dugu, bezeroengana orientatzeaz (irakurleak, harpidedunak, erabiltzaileak, komertzioak, udalak), hedabidea osatzen duten pertsonek proiektu partekatua dutela pertzibitzeaz, gizartearekiko konpromisoa izateaz, hedabidean berrikuntzak ezartzeaz, eta nola ez, hedabidearentzat eta bere interes-taldeentzat ahalik eta emaitzarik onenak (modu jarraituan eta orekatuan) ekarriko dizkion kudeaketa-ereduaz.

Formazio-saio horietan Kudeaketa Aurreratua eta talde-dinamika uztartu ditugu. Horrela, parte-hartzaileek formazioa jasotzeaz gain, elkar ezagutu eta esperientziak trukatzeko aukera ere izan dute, elkarrengandik ikasiz eta Bizkaiko komunikabideen arteko sarea josteko lehen urratsak emateko asmoz.

 

Materiala eta metodoak

Metodologia

Praktikoa, teoria bai baina gertuko errealitatetik, errealitate praktikotik abiatuta; erantzunak baino, galderak proposatuz, autodiagnostikoa egiteko gakoak emanez

  • Ponentzia: TOKIKOMek tokiko komunikabideen inguruan egindako kronologia- eta prospektiba-ariketa.
  • Gaien lanketa talde txikietan eta, ondoren, talde handian eztabaidak eta esperientzien trukea ahalbidetzeko.
  • Etxeko lanak.
  • Oinarria: Kudeaketa Aurreratua.

Materiala

  • Misioa, eta bisioa (anbizioa) lantzeko gakoak, kontestuan jarriz nondik gatozen tokiko hedabideak eta mundua norantz doan.
  • AMIAren kontzeptua eta beronen lanketa.
  • Aginte-taularen kontzeptua eta beronen lanketa.

Emaitzak

Saioetan parte hartu zuen hedabide kopurua: 12 (dirulaguntzetara aurkezten diren hedabideen % 92)

Balorazioa, oro har, positiboa izan zen, eta gehien baloratu ziren aspektuak honako hauek izan ziren:

  • Elkar ezagutzatik abiatu eta elkarren esperientzien berri izateko aukera.
  • Paradigma berrien aurrean gogoetarako galderak planteatzen dituzte saio hauek erronka komunak bisualizatu dituzte taldean.
  • Eta etxe barruan, egiteko pendiente zeuden galderak egitera bultzatu dituzte.

Horren guztiaren lekuko dira, bertan parte hartu zuten bi hedabideren, Anboto-ren eta Drogetenitturri-ren testigantzak hurrenez hurren:

 

ANBOTO 2016an hasi zen Kudeaketa Aurreratuaren bidean lehenengo pausoak ematen. Kudeaketa arloan oinarri sendoak sortzea zen asmoa. Horrek ez du esan nahi ordura arte kudeaketan ez genituenik gure tresnak erabiltzen. Baina, proiektua hazten zihoan heinean, metodologia zabalago bat behar genuela konturatu ginen. Gure ahulguneak aztertzerakoan ikusi genuen elkarte izaerak ez ziola erantzuten proiektuak zituen beharrei. Gogoeta horretatik kooperatiba sortzeko asmoa etorri zen. Aldaketa horretan Kudeaketa Aurreratuak asko lagundu digu.

Era berean, EUSKALITen eta TOKIKOMen bidez, Kudeaketa Aurreratuaren inguruko formazioak jaso genituen. Konturatu ginen TOKIKOMen bidez lagungarriak izan zitezkeen tresnak sor genitzakeela tokiko hedabideontzat (emaitzak alderatzeko, inkestak egiteko...). Aurrerago, KSI Berritzaile programaren bidez, aholkularitza ere jaso genuen, hainbat esparrutan hobetzeko. Aginte-taula batekin eta adierazleekin hasi ginen lanean.

Beraz, Bizkaian Kudeaketa Aurreratuari buruzko foro bat sortzea oso interesgarria iruditu zaigu hasieratik. Alde batetik, beste hedabide batzuen errealitatea ezagutzea lagungarria izaten da. Sarritan konturatzen gara antzeko indargune eta ahulguneak ditugula; edo, guk dugun arazoren bat beste batzuek aurretik izan dutela. Esperientzia horiek partekatzea oso garrantzitsua da. Gainera, misioa, bisioa eta horrelako gaiak ANBOTOn aurretik aztertuta genituen arren, errepasoa egitea ondo etorri zaigu. Izan ere, hasieran jartzen diren oinarriak eten barik aldatzen joan daitezke, eta lantzean behin begiratzea ondo dator. Ildo horretatik, interesgarria da beste hedabide batzuen gogoetak entzutea. Foro horretan konturatu gara denok dugula zer hobetua Kudeaketa Aurreratuan eta aurrerantzean ere gai horretan sakontzea interesgarria izan daitekeela.

 

Drogetenitturri, Ermuko eta Mallabiko herri aldizkaria, 1989. urtean jaio zen, tokiko hedabideen loraldian. Garai hartan, aldizkaria egiten zuen lantalde osoa borondatez aritzen zen, euskara zabaldu eta sustatzeko asmoz. 1992an, kaleratzeari utzi eta, hausnarketa sakona egin ondoren, profesional baten beharra zegoela ikusi zuten. Hortaz, kazetari-maketatzailea zen langile finko baten esku laga zuten aldizkariaren pisu handiena. Pertsona horrek kolaboratzaile-sarea izan zuen ondoan, baita publizitate-lanetan aritzen ziren bi lagun ere. Horrela, 1994an Drogetenitturri berriro kaleratzen hasi zen. Ordutik, aldaketa gutxi izan dira gurean: langile bakarra dago egun ere, eta bera arduratzen da aldizkariko erredakzio-lanez, maketazioaz, administrazioaz eta publizitateaz, kolaboratzaile-sarearen ezinbesteko laguntzarekin.

Horiek horrela, euskarazko tokiko hedabideetako langileok askotan esan ohi dugu egunerokotasunak jaten gaituela, eta hala da baliabide pertsonal eta ekonomiko hain urriekin lan egiten den erredakzioetan. Baina, gainera, eguneroko lana aurrera ateratzea gutxi balitz, noizbehinka jardunaldi edo bilera ezberdinetan parte hartzeko gonbiteak heltzen zaizkigu, eta haietan gai interesgarriak jorratuko dituzten arren, gure lanean nekez aplikatu ditzakegun gaiak dira.

Kudeaketa Aurreratuari buruzko saioetan parte hartzeko proposamena jaso genuenean ere, beste bilera antzu bat izango zelakoan geunden, baina aitzitik, burua mahaitik altxatu eta gure lana beste perspektiba batetik begiratzeko aukera eman digu. Baita inguruan ditugun —eta aldi berean hain urrun dauden— hedabideen errealitateak ezagutzeko abagunea ere, hala nola gure garapenerako tarteaz ohartzeko eta egiteke dugun guztiaz jabetzeko. Funtsean, estrategia baten beharra utzi digu agerian.

Saiootan landutakoa ardatz, gogotsu murgildu gara Debabarreneko proiektu komunikatibo komuna sortzeko abiatu berri den prozesuan. Izan ere, uste dugu estrategia egokiak diseinatuta, proiektu honek eman diezagukeela eraginkortasunerako eta garapen komunikatiborako eta teknologikorako benetako aukera. Eta bide emankorrari ekin diogulakoan gaude.

Ondorioak

Tokiko hedabideek funtsezko papera jokatzen dute euskararen normalizazioan eta erabileraren hedapenean. Baina paper hori jokatzen jarraitu ahal izateko, ezinbestekoa dute azken urteotan abiadura izugarrian aldatzen ari den komunikazioaren joko-zelaira ahalik eta ondoen egokitzea eta, batez ere, etengabe datozen aldaketei azkartasunez erantzuteko malgutasuna eta sendotasuna bereganatzea.

Joko-zelai horretan bizirauteko, tokiko hedabideek sorreratik abiapuntu izan dituzten euskalgintzaren eta komunikazioaren alderdiez gain, gero eta behar handiagoa dute kudeaketaren alderdia ere zaintzeko. Azken alderdi hori ordenatzeko, Kudeaketa Aurreratuak tresna ezin egokiagoak eskaintzen ditu, bakoitzaren beharren arabera moldatzeko modukoak.

Kudeaketa Aurreratuaren eredua ez da, berez, helburu, tresna baizik; eta testuinguru horretan, komunikabide bakoitza zer garen eta zer izan nahi dugun zehazteko baliabideak eskaintzen ditu. Horretarako, informazio bilketa egin, errealitatea ondo aztertu, erabakiak hartu, arriskatu eta gauzatu egin behar dira. Egindakoaren emaitzak neurtzea eskatzen du hurrena, eta emaitza horien baitan berriz ere erabakiak hartzea.

Gure kasuan, euskarazko komunitatea indartu eta garatzeko toki komunikabide sare indartsu bat jostearen erronka daukagu parez pare, eta hor egon nahiko genuke guztiok ere, bai sektoreak eta baita erakundeek ere. Errealitateari parez pare begiratu, aztertu eta erabakiak hartzea tokatzen da orain, arriskatzea eta bide hori elkarrekin egitea.

Ekimen honen asmoa tokiko hedabideen kudeaketa hobetzeko gurpila abiatzea zen, kasu honetan Kudeaketa Aurreratuaren Eredua erabilita. Oraindik goiz da emaitzak neurtzeko, baina lehen pausoak eman ditugu elkarrekin, eta sektoreko parte-hartzaileen harrera ikusita, seguru gaude bide oparo baten hasieran gaudela.


1.- Bizkaiko Aldizkari Ofiziala, 244. zk. 2020ko abenduaren 21ekoa, Bizkaiko Foru Aldundiaren 115/2020 FORU DEKRETUA, abenduaren 15ekoa, dirulaguntzak emateko oinarri-arauak eta deialdia onartzen dituena: «Dirulaguntza horiek emango zaizkie, hain zuzen ere, merkataritza-sozietateei, kooperatiba-sozietateei, banakako enpresaburuei, profesionalei eta irabazi-asmorik gabeko pertsona juridikoei, baldin eta 2021eko ekitaldian euskarazko aldizkariak argitaratzen badituzte, eta euskara hutsean argitaratzen badira».

2.- Alkorta, Estibaliz (2020): «Euskal komunikazioaren joko zelai berria», Euskal Hedabideen Urtekaria, 2019, 221-222 or., <https://behategia.eus/eu/txostenak/urtekariak/>.

3.- Artikulu honen helburua izan ez arren, interesgarri deritzogu emaitzak labur aipatzeari: 13 onuradunetatik zortzik erantzun dute. Oro har, deialdiaren kudeaketa-lana 0tik 10erako eskalan baloratzeko eskatuta, batez beste 5,6ko puntuazioa aitortu diote Bizkaiko Foru Aldundiari. Zehaztasunera jaitsita, interesdunen esku jarritako informazioa egokia ote den galdetu zaie onuradunei, hain zuzen ere ulergarria eta argia ote den deialdiaren informazioa, eta 7,1eko puntuazioa aitortu diote. Izena emateko epeari buruzko balorazioari, berriz 5,1 puntu. Ebazpena emateko epeari dagokion puntuazioa baxua izan da, 3,9koa hain zuzen ere. Deialdiaren kudeatzaileekin harremanetan jartzea erraza izan oten den galdetuta 5,1ekoa izan da puntuazioa.