1990eko hamarkadatik Urola Kostan (Gipuzkoa) lanean aritu diren euskarazko tokiko sei hedabidek indarrak batzetik sortu da Urolako Komunikazio Taldea (UKT). Baliabide guztiak kooperatibaren esku utzi eta lantalde bakarrean antolatu dira, egitura berriak har dezan komunikazio proiektuak garatzeko ardura. Orio eta Aiako 'Karkara', Zumaiako 'Baleike', Azpeitiko 'Uztarria', Azkoitiko 'Maxixatzen', eta 'Urola Kostako Hitza' eta 'Erlo Telebista' dira UKT sortu duten sei hedabideak. Herri mailan sortutako elkarteak dira Karkara, Baleike, Uztarria eta Maxixatzen, eta herri aldizkariak eta webguneak dituzte; 'Urola Kostako Hitza', berriz, EKT Euskarazko Komunikazio Taldea eta eskualdeko zenbait hedabideren artean sortutako egunkaria da, eskualde mailakoa; eta 'Erlo Telebista', azkenik, Azpeitiko Kaito eta Zarauzko Telebistaren arteko batzetik sortutako hedabidea da, hau ere eskualde mailakoa. Hedabide horiek guztiak, gaur egun, UKTn integratuta daude.
Aurrekariak
Aipatutako sei hedabideek, tokiko hedabide gehienek bezala, mende laurdeneko ibilbide luze eta oparoa egin dute. Euskara edo kultur elkarteetan egituratutako hedabide horiek lortu dute tokiko informazioaren esparruan nagusitzea, lantalde xumeekin baina kolaboratzaile sare fidelekin, erdal hedabideetako tokiko edizioek zuten tokia irabaziz, hein handi batean. Baina denbora ez da alferrik pasatzen, hedabideen munduak bilakaera handia izan du azken hamarkadetan, eta gero eta nekezagoa egin zaie herrietako aldizkariei modernitatearen gurpil zoroaren martxari eustea.
Horregatik, denbora luzez bidea bakarka egin eta gero, elkarlanaren beharra azaleratu zen pixkanaka 2000. urtetik aurrera. Ordurako ez zen nahikoa hilean behin edo bitan paperezko aldizkari bat argitaratzea, herrian zabalkunde eta estimu handia izan arren. Gabezia hari erantzun nahian sortu zen 2004an Urola Kostako Hitza, egunkari formatu eta maiztasunarekin, euskarazko kazetaritzaren zabalkundea areagotzeko. Egunkaria sortzeak ez zuen ekarri, ordea, herrietako aldizkarien desagertzea, orduan osagarritzat jo baitziren.
Paperean egunkaria sortu zuten garai berean iritsi zen Internet tokiko hedabideetara, eta horrek goitik behera irauliko zuen ordura arteko dinamika guztia. Toki hedabideetako egiturak gai ziren hilean behin aldizkari bat argitaratzeko, baina Internetek hautsi egin zituen informazioa sortzeko eta kontsumitzeko molde guztiak. Aro digitalean arrakastaz jarduteko gaitasun berriak behar ziren. Hedabideen mundua askoz konplexuagoa ari zen bihurtzen, 1990eko planteamenduak zaharkituta zeuden eta, aurrera egitekotan, eredu berri baten beharraz ohartzen hasiak ziren tokiko hedabideetan ere. Indarrak batu beharra zegoen.
Urola Kostako hedabideak batzeko lehen ahalegin serioa 2011n egin genuen. Sektorea bera antolatzen ari zen —Hekimen eta Tokikom sortu ziren garai haietan— eta, beharrak eta elkarlan haizeek bultzatuta, elkartzeko aukera aztertzeari ekin genion Urola Kostan ere. Hilabeteetako lanak ez zuen fruiturik eman, baina gerora oso baliagarriak izan diren zenbait ikasgai utzi zizkigun: beste esperientzia batzuk inspirazio iturri izan daitezke, baina norberak landu behar du bere eredu propioa; ezinbesteko osagaiak dira konfiantza, eskuzabaltasuna eta ausardia; asko laguntzen du prozesua kanpo aholkulari batek edo figura «neutral» batek gidatzen badu, susmoak ekiditeko, kontraesanak azaleratzeko, korapiloak askatzen laguntzeko, begirada objektibo bat izateko.
Prozesu hari esker elkar hobeto ezagutzeko aukera izan genuen; bateratzerik ez zen izan, baina igurtzi hartatik etorri ziren bitariko elkarlan hitzarmenak hainbat esparrutan: kazetaritzan, kudeaketan, publizitate salmentan...
Bospasei urteren buruan, elkarlan dinamika berri hark eraman gintuen, ia ezinbestean, bateratzeko aukera mahai gainean jartzera berriro.
Zergatik batu
2011ko lehen ahalegin hartara bultzatu gintuzten arrazoiek indarrean jarraitzen zuten. Diagnostikoa berbera zen: herrikako egiturak ahulegiak dira gaur egungo kazetaritzak eskatzen duen ahaleginari bakarka erantzuteko; teknologia berriek informazioa kontsumitzeko moduak irauli dituzte, eta ia ezinezkoa da digitalizazio prozesuak bakarka egitea; ikus-entzunezkoak ari dira nagusitzen eta gutako bakoitzak bakarka ez dauka erronka horri taxuz heltzeko gaitasunik; kudeaketa arloan gabezia asko dauzkagu, profesionalizazio faltagatik; hedabideen bideragarritasun ekonomikoa arriskuan dago; lantalde txikiak dauzkagu eta ezin denera iritsi... Txikitasunaren ajeak, azken finean, gainera datorkigun olatuaren aurrean.
Eta, ohartuta geundenez elkarlanaren bidez asko aurreratu genuela kazetaritzan eta kudeaketan, jakin bagenekien bateratzea zela hasitako bide haren helmuga. Bateratze hura zer oinarriren gainean egingo zen adostea zen kontua.
Prozesua
2011ko eskarmentutik ikasi genuen, gure ereduan, egituratzeari eman behar geniola lehentasuna, produktuak bateratzeari edo marka bakar baten pean biltzeari baino: alegia, baliabide guztiak hartu eta denak egitura bakar baten esku jarri behar ziren, indar batura hori ondo kudeatuz gero bakarka gaindiezin diruditen hainbat langa gainditzeko kapaz izango garela sinetsita. Egitekoaren erdigunean, berriz, tokiko informazioa egongo zatekeen, herriz herrikoa eta euskaraz; azken finean, egitura indartsuago bat sortu behar zen gure herritarrek eta euskarak merezi dituzten hedabideak izan ditzaten.
2011ko ahaleginean ez bezala, kanpo aholkulari batek gidatu zuen prozesua. Aurrena, erakunde bakoitzeko kideen beldurrak, kezkak eta zalantzak partekatu genituen; baina baita espektatibak, itxaropenak, aukerak eta abar ere. Egitura bakar horren egitekoak definitu genituen pixkanaka, zer egin genezakeen kazetaritza arloan, zer kudeaketan, zer marketinean; bakarka geneuzkan ezintasunei lantalde bakarretik nola erantzungo genieken landu genuen; eta proiektua zirriborratzearekin batera, hura praktikan jartzen hasi ginen. Horrela, ondorioztatu genuenez kazetaritza lanari etekin handiagoa aterako geniokeela lanak elkarrekin antolatuta, bada, hartara jarri ginen; elkarrekin lantzen hasi ginen kudeaketaren zentralizazioa edo publizitate salmentarako estrategiak. Kooperatiba sortu aurretik, teoria eta praktika, biak aktibatzea izan zen gure metodoa.
Dinamika horri esker probatu ahal izan genuen zer zen elkarrekin lan egitea eta zer aukera zabaltzen zizkigun. Azken finean, praktikak eraman gintuen, modu naturalean, bat egitera.
Emaitza: UKT
Urolako Komunikazio Taldearen eskriturak 2019ko maiatzaren 21ean sinatu genituen, Zumaiako notariotzan. Irabazi asmorik gabeko kooperatiba izaera eman genion egitura berriari, bi arrazoirengatik: bat, sortzaileen artean zeuden euskara eta kultur elkarteek hasitako herrigintzari segida emateko ondoen erantzuten zion jantzia zelako; eta, bi, tokiko hedabideetan langileek proiektuarekiko beti izan duten inplikazioari bide emateko erabakiguneetan.
Adostu genuen sei erakunde sortzaileena izango zela kooperatibaren % 60 (bakoitzak % 10), langileena % 30, eta beste % 10 bestelako bazkide laguntzaileentzat, jabetza zatikatu eta inork ez zezan gehiegizko pisurik izan erabakiak hartzeko garaian. Egoitzari dagokionez, Azpeitian dauka UKTk bere helbide ofiziala, baina Zarautzen, Orion, Zumaian eta Azkoitian ere bulego bana ditu.
Kooperatiba sortu ondoren, lehenengo lanetako bat izan zen pixkanaka langileak eta jarduera guztia jatorrizko hedabideetatik kooperatibara pasatzea. 2019ko abenduaren 31rako egina genuen trantsizioa, eta 2020ko ekitaldia izan da jarduera guztia UKT-tik bideratu den lehen urtea.
Lehen urratsak
Lan konplexua da oso urteetako ibilbidea duten sei hedabide bateratzea, eta ahalegin, pazientzia eta denbora asko eskatzen du. Ohiturak, egiteko moduak, lan dinamikak, produktuak, lan tresnak, lan baldintzak, ikuspegiak... Hari-mutur asko dira ondo josi beharrekoak, eta horixe ari da izaten gure lehen urte hauetako lana: sei etxerekin etxe bakar bat antolatzea. Egiteko guztien artean garrantzitsuena eta konplexuena, berriz, lantalde bakarra osatzea. Bakoitza bere iraganarekin, bost bulegotan sakabanatuta eta, hori gutxi ez bada, pandemiaren eraginez egun askotan etxetik lanean... Ahalegin handia egin behar izan dugu guztiok pixkanaka lan egiteko moduak estandarizatzeko eta talde izaera hori lantzeko.
Gaur egun UKTk 33 lagunez osatutako lantaldea dauka, hiru adarretan antolatuta: erredakzioko taldea, marketineko taldea eta kudeaketako taldea. Erredakzioko taldean 20 lagun daude, hiru zuzendarik (papera, Internet eta ikus-entzunezkoak) eta bost erredaktoreburuk koordinatuta (bulego bakoitzeko bat). Lantalde horrek ekoizten ditu gaur egun paperezko lau hilabetekari eta egunkari bat, sei webgune eta telebista bat. Talde multimedia da, beraz, UKT.
Etxea antolatzearekin batera, bi helburu nagusirekin abiatu ginen 2019an: langileen lan baldintzak hobetzea eta esku artean genituen produktuak hobetzea. Lanaldi murriztuak lanaldi oso bihurtzeaz gain, soldatak % 20 inguru igo eta UKTren lehen lan hitzarmena landu eta adostu genuen langile guztion artean. Produktuei dagokienez, lan tresnak estandarizatu ditugu, eta horri esker aldizkariak berritu eta hobetu ditugu, telebistako ekoizpena nabarmen handitu dugu eta webguneak ere berritu eta indartu egin ditugu.
Erronkak
Hedabide guztiok gaur egun dauzkagun erronkez gain (negozio eredua, digitalizazioa, kazetaritza balioan jartzea...), UKTk baditu oraindik ere entitate sortu berri bati dagozkion hainbat lan mahai gainean. Garrantzitsuak dira lantaldearen antolaketari dagozkionak, baina beste batzuk dira korapilo potoloenak: etorkizunari begiratzea kooperatibaren betaurrekoekin, tokikoan tokikora mugatu gabe; eskaintza informatiboa berritzeko ausardia izatea gaur egungo herritarren eskaerei hobeto erantzuteko; proiektu komunaren irudia indartzea; edota atxikimendu formula berriak proposatzea, proiektua bideragarria izan dadin.
Urolako Komunikazio Taldea aurkezteko izan dugun tarte honetan saiatu gara, batik bat, bat egitera bultzatu gaituen hori azaltzen, bere testuinguruan kokatuta. Bidean ikasi duguna partekatu nahi izan dugu, norbaiti lagungarri bazaio. Bateratze prozesuen hastapenetan beti izaten da tentazioa bereizten gaituena azpimarratzeko; guk, berriz, batzen gaituenari begiratu diogu, aniztasunetik, baina merezi duela sinetsita.