Elhuyarren Elia erabiliz lortutako itzulpen automatikoa
en
Urtekaria 2020 | Ana Galarraga Aiestaran (Elhuyarreko zientzia-komunikatzailea)

Sutan probatzen omen da eltzea, eta SARS-CoV-2 izeneko birusak piztutako sua ez da nolanahikoa izan. Ez zen erraza eltze egokia izatea, baina Elhuyarrek sorreratik izan du xedetzat kultura zientifikoa hedatzea, gizarte kritiko eta irizpideduna eraikitzen laguntzeko asmoz. Hala, urtez urte gizartearekin batera egindako ibilbideari esker, eltze sendoa eta jantzia jartzeko aukera izan du; hori bai, apal, zuhur, erantzukizunez eta ebidentzia zientifikoan oinarrituta.

Hain zuzen ere, hori izan da COVID-19aren krisiaren komunikazioan Elhuyar gidatu duen iparrorratza: ebidentzia zientifikoa. 2020ko otsailean, artean SARS-CoV-2 birusa urrutiko arazotzat genuenean Europan, infodemia izenez bataiatu zuen Osasunaren Munduko Erakundeak birus berri haren inguruan sortutako informazio-uholdea. Garai hartan, etengabeko informazio-jarioak gizartean gehiegizko alarma sor zezakeela zen OMEren kezka. Hain zuzen, ez zuen uste Txinatik kanpo hedatzeko arrisku handirik zegoenik, ezta kalte larririk eragingo zuenik ere.

Handik gutxira, garbi ikusi zen aurreikuspenak baikorregiak izan zirela. Eltzea sutan jartzeko garaia iritsi zen. Bi ardura nabarmen izan zituen Elhuyarrek: batetik, gertatzen ari zenaren funtsa azaltzea, eta, bestetik, euskaraz ematea, ordura arte existitzen ez ziren birus eta gaitz banaren izenak, eta haiekin lotutako zenbait kontzeptu, ez oso ezagunak.

Zientziaz, ulergarri eta euskaraz

Hala, 2020ko otsailaren 3an, «Koronabirusak eragindako larrialdiaren hitz gakoak» izeneko artikulua argitaratu zuen Elhuyar aldizkariak, eta beste komunikabideetan dituen kolaborazioen tarteak ere baliatu zituen hitz haien esanahia azaltzeko: koronabirusa, zoonosia, pandemia, nazioarteko larrialdi-egoera, heriotza-tasa eta hilgarritasuna, R0 zenbakia eta antibirala.

Aurrez, aldizkariak «Wuhango pneumoniaz» (izen hori eman zioten hasieran) albisteren bat argitaratu bazuen ere, hura izan zen, nolabait, sindemia-aroan Elhuyarrek egindako komunikazioaren lehen harria. Elhuyarren lana egiteko moduen eta gizartearekiko duen konpromisoaren erakusgarri izan zen, eta horren gainean eraiki da ondoren egin den lan guztia.

Hain zuzen, zientziaren komunikazioko eta hiztegigintzako kideak elkarlanean aritu ziren lehen unetik, gizarteari informazio zehatza, eguneratua eta zuzena eskaintzeko, ikuspegi zientifikotik zein terminologikotik. Elhuyarren Zientzia eta Teknologia Hiztegi Entziklopedikoan koronabirus sarrera berritu zen, eta COVID-19 sortu, eta «Elhuyarren gomendioak» atala jarri zen martxan, bereziki, sindemiarekin lotutako kontzeptu berrien esanahiari eta erabilerari buruzko zalantzak argitzeko.

Hizkuntzari buruzko zalantzak argitzea baino zailagoa eta korapilatsuagoa izan da birusa eta hark sortutako ondorioak azaltzea. Izan ere, herritarrek erantzun argiak nahi zituzten, lerroburu biribil eta irmoen bidez. Eta ez da horrela izan, metodo zientifikoak galderak eta ebidentziak behar dituelako erantzunak eskaintzeko, eta horretarako denbora behar da.

Ebidentziak lortu ahala, hipotesiak baieztatu ala ezeztatu egiten dira, eta, azken kasu horretan, gerta liteke herritar batzuek errezeloz hartzea informazioa («lehen esaten zutenaren kontrakoa esaten ari dira orain»). Horrenbestez, ezagutza zientifikoa nola eraikitzen den ulertaraztea gakoa izan da sinesgarritasuna lortzeko.

Koherentzia-inkoherentzia

Osasun krisietan, herritarrek jasotzen duten informazioa sinesgarria izatea funtsezkoa da, ez bakarrik errealitatera egokitzeko, baizik eta, prebentzio-neurriak ezartzen badira, haiek zorrotz betetzeko: zenbat eta hobeto ulertu neurrien zergatia eta dakarten onura, orduan eta atxikimendu handiagoa neurriekiko.

COVID-19aren krisian, izurria gerarazteko herrialde gehienetan antzeko neurriak ezarri diren arren (mugak ixtea, konfinamenduak, jendea pilatzen den jarduerak debekatzea, distantzia fisikoa, maskarak, higienea…), emaitzak oso desberdinak izan dira batean eta bestean. Nazioarteko azterketen arabera, kudeaketarekin lotutako faktoreek ez ezik, komunikazioak ere eragin zuzena izan du arrakasta-mailan. Alde horretatik, eredutzat jo dute, esaterako, Zeelanda Berria, eta ezaugarri hauek azpimarratu dituzte: lidergo enpatikoa, mezu zuzena, argia eta koherentea, ondo arrazoitutakoa, eta herritarrak parte-hartzaile aktibo sentiaraztea.

Beste leku batzuetan, ordea, ez da berdin jokatu. Adibidez, nabarmenak izan dira agintariek emandako mezuen eta zientzialarien aholkuen arteko aldeak; horrek neurrien egokitasunari buruzko zalantzak sortu ditu herritarren artean. Alde horretatik, Elhuyartik bideratutako komunikazioa beti oinarritu da ebidentzia zientifikoetan, eta ezin da ukatu batzuetan arauek eta mezu instituzionalek ez dutela lagundu informazio hori gizartera garbi eta sendo iristen.

Bi adibide esanguratsu aipa daitezke: maskarak eta aerosolak. Aire bidez transmititzen diren beste gaixotasun batzuetan, dagoeneko frogatuta zegoen maskarak eraginkorrak direla transmisioa eragozteko. SARS-CoV-2 birusarekiko eraginkortasuna neurtzeko ikerketak egiten hasi ziren, eta, emaitzak izan bitartean, herrialde batzuek, zuhurtziaz, maskarak erabiltzea bultzatu zuten (Asian bereziki), eta beste batzuek ez (tartean, Europakoek).

Aurretik beste patogeno batzuekin izandako esperientziek eta kultura-ohiturek ere baldintzatu zuten, neurri batean, batzuen eta besteen jarrera: Asiako herrialde askotan oso gogoan zituzten SARS eta MERS izurriak, eta maskarak ez dira ezohikoak; aldiz, Europan, XXI. mendearen hasieran, gripe-izurri bat mehatxu hutsean geratu zen neurri berezirik hartu gabe, eta ez dago maskarak erabiltzeko ohiturarik. Horrez gain, Europan ez zegoen maskararik, ezta osasungintzako langile eta zaintzaileentzat ere.

Maskaren gabeziari aurre egiteko, etxean nola egin erakustea izan zitekeen irtenbideetako bat. Ez zen bide horretatik jo, ordea. Agintariek maskarak ez zirela beharrezkoak adierazi zuten, zientzialariek iradokitzen zutenaren aurka. Horrek zaildu egin du gerora, jada nahikoa maskara bazeudenean, haiek janzteko agindua onartzea. Bitartean, ebidentziek zientzialariek iradokitakoa erakutsi dute: maskarak, beste neurriekin batera, funtsezkoak dira transmisioa eragozteko.

Antzekoa gertatu da aerosolen bidezko transmisioarekin: agintariek ez dute aintzat hartu, zientzialari asko aspalditik ohartarazten ari ziren arren zein arriskutsua zen leku itxi eta gaizki aireztatuetan egotea, airean birusak metatzen zirelako eta urrutira irits zitezkeelako. Epaile batzuek are nabarmenagoa egin dute agintarien eta zientzialarien irizpideen artean dagoen diferentzia.

Agerikoa da bide ofizialetatik zabaldutako mezuak zientzialarienekin bat ez etortzeak zaildu egiten duela herritarrei informazio argia eta koherentea helaraztea. Zailtasun hori gainditzeko lanean aritu dira, etengabe, Elhuyarreko zientziaren gizarteratzearen arloko kideak, bi balio ardatz hartuta: ziurtasuna eta gardentasuna.

Zientzian oinarritutako informazioa zabaltzeko beste oztopo bat sasi-egiak eta mezu negazionistak izan dira. Beldurra eta ziurgabetasuna nagusitzen diren garaietan, hauspotu eta indartu egiten dira halakoak, eta, COVID-19aren aroan, sare sozialak baliatu dituzte beren mezua zabaltzeko. Izan ere, sare horiek aproposak dira oihartzun-burbuila iragazkorrak sortzeko.

Hartzaileengandik hurbil

Jakina, sare sozialak kalitatezko informazioari oihartzun handiagoa emateko ere baliagarriak dira, eta, bereziki, hedabide tradizionaletara jotzeko ohiturarik ez dutenengana iristeko. Halaber, jendearen kezkak eta zalantzak ezagutzeko balio dute, baita beste adituekin zein interesa duen edozeinekin zuzeneko hartu-emana izateko ere. Kontu korporatiboak ez ezik, pertsonalak ere baliatu dituzte Elhuyarreko kideek hartu-eman hori izateko.

Sareak ahalbidetu du baita beste adin-tarte batzuetako hartzaileen beharrak asetzea ere. Konfinamendu-garaian, ikasleek eskolak itxita izan zituztenean, etxean esperimentu zientifikoak egiteko aukera izan zuten, Elhuyarreko STEAM Hezkuntzak prestatutako materialari esker. Zehazki, #NikEtxeanEsperimentuak egutegia sortu zuen Bizilabek, kontzeptu zientifikoak modu erraz eta entretenigarrian lantzeko familiartean.

Nolanahi ere, hartzaileekin gertuko harreman hori lortzeko bide emankorrena euskarazko hedabideen bitartekoa izan da. Krisiaren hastapenetan, Elhuyarrek ekoitzitako bideo-pilulak zabaltzen lagundu zuten. Izan zuten harrera ikusita, ez dago zalantzarik hartzaileek zinez eskertu zutela egitasmoa. Aurrerago, Teknopolisen «Koronabirusaren gakoak» atalaren bitartez eutsi zaio bide horri. Azkenean, euskarazko 40 hedabiderekin aritu gara elkarlanean, formatu guztietan landutako informazioa gertuko hartzaileei helarazten.

Arin bai, sakon ere bai

Gaurkotasunari ahalik eta azkarren eta egokien erantzuteko, beraz, aproposak izan dira bideo labur horiek, baita beste zenbait komunikabideetan lankidetzan argitaratutako zutabe, elkarrizketa eta analisiak ere.

Haiekin batera, arnasa luzeko edukiak ere landu ditu Elhuyarrek bere proiektuen bitartez, esaterako, Elhuyar aldizkarian. COVID-19aren krisia sindemia bat dela aintzat hartuta, gurutzatzen diren arlo desberdinetako adituekin batera (mikrobiologoak, epidemiologoak, farmazialariak, pediatrak, zuzenbideko eta etikako adituak, soziologoak, ekologoak, ekonomialariak…) sindemiaren gakoak azaltzen saiatu da. Hartzaileek, berriro ere, eskertu dute gaiari ertz desberdinetatik heltzea eta sakonean lantzea. Hain zuzen, 2020an, aldizkariko hamar eduki irakurrienak —bi izan ezik— COVID-19ari buruzkoak izan dira: birusaren transmisioan aintzat hartu beharreko aldagaiak, «COVID-19a luzera begira» erreportajea, Amaia Bacigalupe de la Hera osasun publikoko doktoreari egindako elkarrizketa, txertaketen auzi etikoaz...

Sutan probatzen da eltzea, eta eltzerik egokiena denboraz landutakoa eta komunitatean sendotutakoa dela frogatu da. Kultura zientifikoa gizartean hedatzea zeinen garrantzitsua den agerian geratu den aroan, Elhuyarrek eta euskarazko komunikabideek bat egiten asmatu dute, gizarte osoaren onerako. Irits dadila urrun, orain abiatutako bidea.