Elhuyarren Elia erabiliz lortutako itzulpen automatikoa
en
Urtekaria 2020 | Libe Mimenza Castillo (Euskal Hedabideen Behategiko koordinatzailea)

 

 

Nazioarteko ekosistema mediatikoan aldatu diren zenbakiekin eta ehunekoen errepasoarekin abiatuko da artikulua, letraz azaltzeko asmoz aukeratutako segida numerikoen kontakizuna. 2020ak agertoki berezia ezarri du, hiru gako eta bost joeratan bil daitekeena akaso, baina batez ere kultura digitalaren plazak bildu duena. Han eta hemen. Gurean ere antzera baitira gauzak. Ur bizitan. Algoritmoen garaian, azelerazio eta arrakalen urtean, dena hiperpertsonalizatua den aro honetan, datozen lerroak ere hautaketa hipersubjektibo bat dira, halaxe irakurri eta zuen hipersubjektibitateekin interakzioan kontrastatzeko gogoz hemen utziak. «Irla» baino «isla» bilatu nahi duen letra-zopa.

 

ALDATU DIREN ZENBAKIAK ETA EHUNEKOAK

Interneten 60 segundotan gertatzen dena erreparatzea besterik ez dago ekosistema mediatikoaren erauntsiaz ohartzeko: 347.000 story sortzen dira minutuero, 500 ordu bideo igotzen dira Youtubera, 147.000 argazki partekatzen dira Facebooken, Whatsapp bidez 41,6 milioi mezu bidaltzen dira… eta milaka txio, online bilera zein konexio, erosketa eta ikus-entzunezko (Statista, 2020).

Kontestu horretan kokatzen dira hedabideak. Internet ez da soilik komunikabideena. Beraz, norbere euskarriak eskaintzeaz gain, besteen euskarrietan ere iragazi behar da, informazioak transbertsalki nabiga dezan sarean.

Halaber, 2020ak zerbait ekarri baldin badu, digitalizazioaren azelerazioa izan da. Erabiltzaileen online portaerak behatzen dituzten nazioarteko azterketek gure egunerokoan bizi duguna adierazi digute beste behin.

Reuters Institutuaren Digital News Report 2020 azterlanak, esaterako, sei kontinentetako 40 merkatutako datuak jasotzen ditu (pandemiak eztanda egin aurretik osatutako datu-bilketa oinarri hartuta alde batetik, eta beraz, joera historikoak adieraziz; eta, bestetik, zer aldatu den jakiteko asmoz, berriz ere galdetu ziren inkestaren zati batzuk apiril hasieran sei herrialdetan —Alemania, Argentina, Hego Korea, Espainia, Estatu Batuak eta Erresuma Batua—).

Lerroburuak honakoak dira: albisteen kontsumoak gora egin du mundu osoan koronabirusaren krisiaren eskutik, eta telebista eta online hedabideak hazi dira gehien. Sare sozialen erabilera ere nabarmen hazi zen herrialde gehienetan. Txostengileen aburuz, 2020a osoki digitala izango den etorkizun baterako transformaziorako azelerazio urtea izan da.

Konfiantzari dagokionez, 2020ko apirilean, herritarrek komunikabideekiko adierazten zuten konfiantza sare sozialekiko, bideo plataformekiko edo mezularitza zerbitzuekiko adierazten zutenaren bikoitza zen.

Urtarrilean bildutako datuek bestalde, honako joerak nabarmendu zituzten: desinformazioaren inguruko kezka zabala —laginaren erdiak baino gehiagok adierazi zuen egiazko eta gezurrezko albisteak bereiztearen inguruko kezka—, bestela esanda, % 46 azaldu zen kontsumitzen zituen albisteekiko konfiantzarekin; ordainpeko albisteekiko hazkuntza nabarmenak agertu ziren hainbat herrialdetan (esaterako, AEBetan % 20 egin zuen gora, aurreko aldian baino lau puntu gehiago; eta Norvegian % 42, zortzi puntu gehiago); harpidetzarako eragile nagusiak marka eta edukiaren kalitatea dira; minoria esanguratsu batek hedabide bat baino gehiago ordaintzeko joera adierazi du, tokiko bat edo hedabide espezializatu bat gehituta; eta gero eta gehiago dira Facebook edo bestelako sare sozialak darabiltzatenak albisteak eta informazioa jasotzeko (pandemiaren aurretik inkestatuen % 31 hain zuzen).

Herrialde guztietan, herritarren % 28 da bere informazio dosia webgune edo aplikazio batean hasten duena; 18 eta 24 urte bitartekoek (Z belaunaldikoak deiturikoek), aldiz, probabilitate bikoitza baino gehiago dute albisteetarako sarbide bezala sare sozialak hautatzeko. Norabide horretan, 2018tik informazio-iturri bezala Instagram erabiltzen dutenak bikoiztu egin dira adin tarte guztietan, eta sare horrek hurrengo urtean Twitter gainditzea aurreikusten da. Beste plataforma batzuetarako mudantza horri aurre egiteko komunikabideak konexio zuzenagoak bilatzen saiatu dira erabiltzaileekin —e-posta eta mugikor alertak erabilita kasu—.

Azpimarragarria den beste fenomeno bat podcastena da, podcast erabiltzaileen proportzioa nabarmen hazi baita azken urtean.

Bi berbatan, digitalerantz goaz. Online albisteek telebista gainditu dute informazio-iturri erabilien gisa, horixe erakutsi dute Reuters txostenen azken bederatzi urteetako datuek aztertutako hainbat herrialdetan. Era berean, paperean inprimatutako egunkariak beherantz joan dira eta sare sozialek estabilizaziorantz egin dute igoera indartsu baten ondoren. 2020an, koronabirusaren krisiak irudi hori aldatu du nabarmen, baina seguruenik tenporalki: telebista bidezko albisteak igo dira, eta informazio-iturri fidagarrietara jotzeko joera zabaldu da, komunikabide publikoak barne hartuta. Halaber, sare sozialak ere nabarmen hazi dira (bost puntu, telebistaren pare), jendeak horietara jo baitzuen albisteak bilatu eta partekatzeko, telebista eta online hedabideekin batera. Logikoki, paperaren zabalpena kaltetu zuten konfinamenduek eta, oroz gain, online kontsumoa nagusitu zen herrialde guztietan:

Adinaren araberako joerak ezberdinak izan ohi dira, eta hala gertatu zen koronabirusaren lehen agerraldian ere. Jarraian datorren Erresuma Batuko grafikoan ikus daiteke adin tarte bakoitzean (35 urte azpitik / 35-55 urte bitartean / 55 urtetik gora) zer euskarri erabili zen informazio-iturri gisa.

Adin tarte guztietan ukaezina da online aukeraren nagusitasuna, eta gazteagoetan azpimarragarriagoa den arren, sare sozialen indarra agerian geratzen da oro har. Zer argazki erakutsiko luke Euskal Herriko datu-bilketa batek?

Mezularitza aplikazioak ere geroz eta gehiago erabiltzen dira informatzeko, lau herritarretatik batek hala aitortzen du bederen: apirilean sei herrialdetan egindako galdeketan «Whatsapp erabili duzu albistetarako?» galderari «Bai» erantzun zion % 24k, urtarrilean baino sei puntu gehiago da hori.

Informazioak euskarri guztiak konkistatu dituen honetan, desinformazioari lotutako kezka euskarrika nola banatzen den jasotzen du hurrengo grafikoak:

Lehenago nabarmendu dena berresten du grafikoak: herritarren % 20 ageri da kezkatuta komunikabideetako informazioaren egokitasunaz; halaber, sare sozialekiko baino konfiantza maila handiagoa adierazten dute datuek hedabideen alde.

Reuters Institutuaren txostenaren arabera, COVID-19 krisiak komunikabideen industrian izango duen inpaktua aurreikusteko goizegi da oraindik, baina 2020a negozio ereduetan gastuak murrizteko eta aldaketak eragiteko katalizatzaile izango dela diote bertan. Hiru eszenategi aurreikusi dituzte: harpidedun digitalen hazkundea, publizitate sarreren galera —gainbehera kasu batzuetan—, eta murrizketak: ale gutxiago, inprimatzeari utzi, langile gutxiago. Era berean, diotenez fokua online ordainketen ereduan jarriko da: harpidetza, kide izatea (membership), dohaintza edo mikro ordainketak. Ikusi ditugu aurten edukiengatik kobratzen hasi diren komunikazio proiektuak, edo haien murruak indartu dituztenak. Proiektua babestea, doakoa den edukiaren eskaintza gutxitu izana, promozio bereziak... aipatu dira harpide egiteko arrazoi bezala eta kanpaina zabalak egin dira konfiantza merezi duen eta zehatza/zorrotza den kazetaritza ordaintzearen, hots, babestearen alde. Kontestu berean, ordainpeko murruen atzean giltzapetutako informazioa zabalik eta doan jarri izan da osasun publikoaren mesedetan.

Modu batera edo bestera, herritarrek inoiz baino albiste gehiago kontsumitu dute 2020an. Ekosistema mediatiko digitalean, hau da, online gertatu den hazkundea ezagutzeko asmoz, informazio-iturri digitalak zeintzuk izan diren behatzea komeni da: herritarren % 28 da hedabideren baten webgunea edo aplikazioa aukeratzen duena bere dieta mediatiko digitala abiatzeko, % 26 da sare sozialak baliatzen dituena eta % 25 bilatzaileetara jotzen duena.

Nahikoa parekoak dira informazio-iturri digitalen hurrenkerak populazio osoa aintzat hartuta, aldiz, zenbakitan, aldeak nabarmenak dira 16-24 urte bitartekoak soilik behatuta: trafiko zuzena % 16 baino ez (batez bestekoa baino 12 puntu gutxiago), sare sozialak % 38 (batez bestekoa baino 12 puntu gehiago) eta bilatzaileak % 25 (batez bestekoaren parean). Honako grafikoan ikus daitezke aldeak:

 

Beraz, adinean behera egin ahala, informazioa kontsumitzerakoan erabiltzaileak jomugan duen lotura ez da horrenbeste markarekin —hots, komunikabidearekin—, bitartekari bat sartzen da ekuazioan (sare sozial bateko edo besteko plataforma bat). Horrenbestez, ezin baldin baditugu gazte populazio talde horiek konexio zuzenera erakarri ongi pentsatu beharko da audientziak nola eraiki hirugarren batzuen plataformen bidez (gaur egun Facebook, Instagram eta Twitter bidez).

Baliagarri izan daitezkeen albiste agregatzaileak, oro har, jendeak ez ditu oroitzen inkestak egiterakoan; eta are gutxiago mugikorreko alerta zein jakinarazpen bidezko kontsumoa.

Plataformen gero eta botere handiagoa ikusita, audientziekin konexio zuzenak bilatu nahian dabiltza komunikabideak e-posta bidez: posta buletinak eta mugikor jakinarazpenak baliatuta, besteak beste. E-posta darabilte harpidedun potentzialen kaptaziorako tresna gisa, eta baita erabiltzaileak maiztasun gehiagoz hedabideen atarietara itzultzeko asmoz ere. Posta buletin edota newsletter-aren susperraldiaren xedea da erabiltzaileak eguneroko informazio erauntsian gidatzea. Halere, estrategia horien artean, e-postak popularragoak dira oro har nagusiagoen artean eta gazteek nahiago dituzte mugikorretako jakinarazpenak.

Azkenik, joeren nazioarteko errepaso honetan podcastak eta horien kontsumoa aipatzea komeni da. Podcastak —bai informatiboak, bai espezifikoak— joan-etorrietarako edota etxean kontsumitzeko pentsatuta ekoizten dira. Batzuk zein besteak, gorantza doaz: % 31 hazi da oro har podcasten kontsumoa nazioartean (iaz baino hiru puntu gehiago), eta batez besteko entzuleak gutxienez hilean podcast bat kontsumitzen du. Normalean entzule gazteagoak izaten dira. Orokorrean gehien entzuten diren podcastak albisteak eta politika gaiak lantzen dituztenak izan arren, gazteenen artean fuerte dabiltza bizi estiloen inguruko saioak.

Goiko grafikoan ikus daitekeen legez, podcastak vs irratia adinari lotutako fenomenoa da batez ere. Erresuma Batuan, podcast guztien erdiak 35 urtetik beherakoek entzuten dituzte —nahiz eta horiek laginaren heren bat besterik ez diren—. Aldiz, erregularki albiste tradizionalen buletinak eta programak irratian entzuten dituztenak 50 urtetik gorakoak dira. Euskaldunok ere antzeko joera ote dugu?

HIRU GAKO ETA BOST JOERA

Reuters Institutuak argitaratutako txostenaren norabide berean mintzo da Comscore agentziaren Global Perspectives: digital and CTV trends to watch in 2021 urte amaierako prospekzio dokumentua ere. Bide horretan, 2020ko online portaerak behatu eta horien 2021erako aukerak biltzen dituen azterlana horrela hasten da:

«Batzuetan, historia azkartu egiten da. COVID-19ak eragindako etenaldiak lan egiteko, sozializatzeko eta antolatzeko modua birdiseinatzera eraman du jendea. Lehentasun sozialak eta banakakoak berrikusiak eta birpentsatuak izaten ari dira, hutsetik. Horren guztiaren epe luzerako ondorioak ez dira ezagutuko denboraldi batez, baina ez da oso litekeena gauzak pandemia aurretik zeuden modura itzultzea» (Comscore, 2020).

Markentzat eta baita iragarleentzat ere, erronka dakar horrek, hain zuzen, erabiltzaileen portaera aldaketak aurreikusteko eta horietara egokitzeko erronka.

Pandemia globalak komunikabideen kontsumoan zenbait aldaketa eragin zituen, eta orokorrean, mundu osoko erabiltzaileek haien online denbora areagotu zuten. Iragarleek ziurtasun ekonomikorik gabeko agertokiaren aurrean publizitate poltsak eten zituzten lehen kolpean —edo murriztu behintzat—, baina egokitu beharko dira eszenategi berrira, eta hain zuzen iragarleen planak kalibratzen laguntzeko asmoz, Comscore agentziaren txostenak hiru gakotan laburtutako bost joera identifikatu ditu:

  1. Konektatutako telebistaren (edo CTV) hazkundeak ahalbidetzen du publizitate digitala telebistetan ere zabaltzea, aukerak gehituz.
  2. Dena oso azkar alda daiteke, eta aldaketen denbora tarteak laburtzen ari dira. Etengabeko esperimentazioa, neurketa, ikasketa eta interakzioa izan behar dira ardatz.
  3. Teknologia plataformen erabilera geroz eta espezializatuagoa nabari da. Ekintza zehatz batzuk gailu batzuetan, eta beste batzuk bestelakotan. Mahai gaineko ordenagailua lanerako tresna da eta mugikorra erlaxatzeko; hortaz, kanpainak audientzia profilaren arabera egokitzeaz gain, kontestuaren arabera ere zehaztu daitezke, plataformaren arabera esaterako.

LEHENENGO JOERA: BETI KONEKTATUTA DAGOEN JENDARTERANTZ

Merkatu digitalen tamaina behatzerakoan, 2019ko irailean online konektatu zirenak 2020ko irailean konektatu zirenekin alderatzen baldin baditugu, argia da lehenengo ondorioa: herrialde ia guztietan gorantz egin du konektatutako herritarren proportzioak.

Online konektatu zen adinez nagusi den herritarren ehunekoa, hau da, 18 urtetik gorakoek osatzen duten populazio digitala, hazi egin da azken urtean. Gainera, zerrendako 26 herrialdetatik 17tan ehuneko hori % 75 baino altuagoa da.

Halere, erabateko digitalizazioa urrun dago oraindik. Afrika osoa falta bada ere Comscore agentziaren azterlanean, edozein dela ere herrialdea, digitalizazioa korrelazioan dago besteak beste urbanizazioarekin, eta prozesu hori oraindik abian da. Txostengileek diotenez, urbanizazio altueneko herrialdeak —Singapur edo Hong Kong kasu— Internet aktibitate altuenak dituztenak dira, eta baita teknologiaren eguneraketa, hobekuntza (adibidez 5Ga) eta azpiegitura inbertsioak ere. Zenbaki horien arabera aldatuko da agertokia, baita jendea nola konektatzen den ere.

BIGARREN JOERA: COVID-19 + 5G = PORTAERA BERRIAK… ETA NEGOZIO EREDU BERRIAK

5G teknologia onartzen duten produktu eta zerbitzuen —batez ere mugikorren— publizitatea eta salmenta zabaldu dira 2020an. 4G zerbitzuen zabalpenetik hamar urtera datorren eguneraketa honek, sare mugikorren banda zabalera eta abiadura dakartza promes legez, kable bidezko konexioaren konpetentzia zuzen izateko asmoz.

Halere, kontsumitzaileak ez dira 5Garen zain egon konexio mugikorretara salto egiteko: honezkero, nazioarteko herrialde gehienetan denbora gehiago igarotzen dute herritarrek gailu mugikor bidez konektatuta mahai gainekoetan baino. Hortaz, 5Garen inpaktua ulertzeko, lagungarria da gogoratzea 4G zerbitzuek ekarri zutena: mobile-first negozioen agerraldia, industria oso bat birdefinitu duen fenomenoa izan dena hain zuzen —pentsa zer nolakoa izan den aurretik ez zeuden Uber, Deliveroo eta beste gig economy app batzuen itzala—.

Kontrastean, zer aldaketa izango dituen ezagutzeke gaudela, 5G teknologia dator telelana, bideokonferentziak, elkarlan digitala eta entretenimendua gure bizitzen parte garrantzitsu bihurtu diren honetan. Gainera, konexiorako gaitasuna duten gailuen zabalpenak (WI-FI, Bluetooh edo NFC bidez) hazten jarraitzen du: tartean gure bizitzen esparru guztiak zipriztintzen dituzten anbizio handiko ekimenak —bakarrik gidatzen diren autoetatik smart city-etaraino— haien bidea egiten hasi dira.

HIRUGARREN JOERA: LAN EGITEKO ORDENAGAILUA, ERLAXATZEKO MUGIKORRA

2020ko gairik garrantzitsuenetakoa, zalantzarik gabe (bai behintzat mendebaldeko herritarren proportzio handi batentzat), telelana izan da, etxetik lan egiteko erregimena.

Grafikoan ikus daitekeen bezala, mahai gaineko gailuen kategorian, «zerbitzuak», «entretenimendua» eta «presentzia korporatiboa» kategorietan igarotako denbora hazi da gehien, eta horretarako erabili dira ordenagailuak gehienbat.

Etxetik telelana egitearen ondorio da, besteak beste, mahai gaineko gailuak lanerako darabiltzagun bitartean gailu mugikorrak sozializatzeko erabiltzea, eta baita erlaxatzeko espazio bezala ere. Mugikorretan pasatako denbora gehiena sare sozialei eta entretenimenduari lotutakoa da; hain zuzen, bi kategoria horien pisua gehiago hazi da besteena baino.

Fenomeno horrek zenbait gauza sinplifikatzen ditu kontsumitzaileen atxikimendua lortze aldera, eta ezagunak diren erronkak magnifikatu. Alde batetik, erabilitako gailuaren arabera, kontestua deduzitzea errazagoa da orain. Bestetik, zailagoa da esperientzia digitala kontrolatzea hasierako unetik amaiera puntura, izan ere, app gutxi batzuk dira mundu digitalerako sarbide egun (edo bestela esanda, oztopo, filtro).

LAUGARREN JOERA: TRIBIALETIK/EZEREZETIK GLOBALERA… ASTE GUTXIAN

Pandemiaren alderdi harrigarrienetako bat, agian, gertaeren abiadura azkarra izan da. Gizarteak eta gizabanakoen bizitzak goitik behera aldatu ziren egun eta aste gutxitan. Antzeko zerbait gertatu zen online ere. Mahai gainekoetan, Zoom telekonferentzia tresna aplikazio lehenetsi bihurtu zen familia askorentzat elkarren berri izateko, eta lan testuinguruan ere azkar zabaldu zen bere erabilera (horrenbeste zabaldu da kontzeptu eratorriak ere jendarteratu direla: zoombombing, zoom fatigue, etab.). Mugikorretan, TikTok bihurtu da bideo sortzaileen aplikazio nagusi eta elkartzeko plaza.

Zoom eta Tik Tok aplikazioek titular gehienak hartu badituzte ere, beste zerbitzu edo gertaera batzuen hazkundeak ere agertu dira herrialde konkretu batzuetan. Esaterako, Ameriketan (bai Ipar Amerikan eta bai Hego Amerikan), herritarrak beste inon baino jarrera abegikorragoa adierazi dute Zoom eta TikTok haien bizitzetan integratzerakoan. Europan, berriz, albisteetan jarri da arreta eta horiek hazi dira gehien erabiltzaile bakarrak erreparatuta: pandemiaren inpaktuaren inguruko kezka handiagoa adierazi dute ondorioz, portaera logikoa pandemia bertan nahiko goiz eta gogor zabaldu zela gogoan hartuta. Asian, aldiz, konpainia globalak izan dira irabazle nagusienak (produktibitate tresnak hobetsi dituzte erabiltzaileek, Microsoft edo Google konpainienak hain zuzen, Youtube tarteko).

Jakina, bai Zoom bai TikTok pandemia aurrekoak dira. Berritasuna da zer azkar zabaldu diren bi enpresa horiek mundu osoan, halako moldez non gaur egun iragarleek kontuan hartu behar baitituzte kanpainak prestatzen dituztenean. Exekuzio arina eta bizia denbora askoan izan da ekosistema digitalerako lema, baina azken gertaerek indartu egin dute leloa; aurrerantzean inoiz baino enfasi gehiago jarriko da hor: marka baten garrantzia sortzen ari diren portaera berriak identifikatzeko eta horietara ekarpen bat eginez egokitzeko duten gaitasunaren araberakoa izango da.

BOSGARREN JOERA: KONEKTATUTAKO TELEBISTA GEHIAGO… ETA PUBLIZITATE DINAMIKOA GORA

Streaming zerbitzuen arteko gerran lehiatzera iritsi zen 2019aren amaieran Disney+. 2020ak kapitulu berri bat ekarri du gerra horretara, etxeko entretenimenduaren garrantzia are gehiago handituz. Horrenbestez, bideoa marketin-kanpainetako eduki biralena da maiz. Youtube, Instagram eta TikTok bezalako plataformek esperimentaziorako malgutasuna eta audientzia masiboetarako sarbidea eskaintzen dituzte. Ondorioz, kanal anitzeko kanpainak batzen dituen elementu malgu gisa koka daiteke bideo-streaminga.

Halaber, etxeetan geroz eta ordezkapen handiagoa gertatzen ari da telebista tradizional eta konektatutako telebisten artean: CTVak gora doaz, kontuan hartuta telebistan Internet bidezko bideoaren kontsumoa ahalbidetzen duen gailu oro. Hori horrela, bideoa publizitaterako kontuan hartzeko fenomeno dela badakite iragarleek eta ohitzen ari dira bideo iragarkiak plataforma anitzen artean banatzera.

Bost joera horiek Comscore agentziaren prospekzio lana laburbiltzen dute, eta horiei tiraka, honako puntuetan bildu daiteke iragarleentzako sintesia (eta hedabideentzako marketing jakingarrien zerrenda):

  • Pandemiak bizkortu egin ditu aurretik zetozen joerak, hala nola urruneko lana.
  • 5G teknologiaren zabalpenak, zalantzarik gabe, industria osoak erabiliko dituen eta eraldatuko dituzten zerbitzu eta portaera berriak ekarriko ditu.
  • Une egokian leku egokian dauden enpresek beren irabaziak ti-ta eraldatuko dituzte, Zoomekin 2020an gertatu bezala.
  • Markek disrupzio horiek arrakastaz nabigatu ahal izateko, plataformen bidez etengabe esperimentatu, ikasi eta interakzioan aritzeko gaitasuna garatu beharko dute.
  • Ekosistema honetan, jakina da honezkero, eta marketin-industriak denbora luzean aitortu izan du, bitarteko gurutzatuen benetako neurketa ezinbestekoa bihurtuko da modu bateratuan arrakasta balioan jartzeko (cross-media measurement).
  • CTVa plataformen arteko mugak lausotzen ari den honetan, eta telebista lineala bitarteko digital bihurtzen ari denean, marketerrek aukera paregabea dute etorkizuneko aukerak kapitalizatzeko, bitarteko gurutzatuen benetako ezagupenek (cross-media insights) eta analisiak gidatuta.

KULTURA DIGITALAREN PLAZA

Comscore agentziaren datuak eta Reuters Institutuaren txostena bat datozen bezala, kultura digitalaren inguruko urteko gogoetak ere antzerako norabidean doaz. «Urte honetan, plataforma handiak eta sare sozialak bihurtu dira giza sorkuntzaren ekosistema nagusia, oinarrizkoa» (Carrión, 2020). New York Times-en argitaratutako iritzi artikuluan, 2020ko obra digital onenak errepasatzen ditu Jorge Carrión idazle eta irakasleak, eta bere hitzetan, pandemiaren kontestuan, biderkatu egin dira tradizio klasikoaren eta lengoaia berrien zein tresnen konbergentziaren emaitza diren obrak. Kontsolidatu egin da beraz forma berri bat: Interneten irakurle eta ikus-entzule asko seduzitzeko gai diren balio artistiko eta narratibo handiko objektu kulturalak. Irmo mintzo da bera: «Kultura digitalaren kontsakrazioa da».

TikTok eztandaren urtea izan den honetan, Zoom estetikak eta Netflixen hazkunde esponentzialak artea eta kultura Interneten bateratzea eragin dute. Horrenbestez, «azelerazio teknologikoaren ondorioz, eta programazio analogikoaren zati handi bat aldi baterako etetearen ondorioz, kultura klasikoa hasi da onartzen ez duela soilik digitalarekin bizi beharko, baizik eta modu sortzailean digitalarekin aliatu behar duela». Itun berri bat, digitalaren eta biraltasunaren DNA bilatu nahian eta bi munduen arteko bertuteak bateratu asmoz.

Baina, zer nolako edukiez mintzo gara? Instagram istorioak, Youtuberako diseinatutako bideoak, Netflix/Amazon/enparauek ekoiztutako pelikula eta serieak, Spotifyko erreprodukzio zerrendak, Twitter hariak, podcastak, Whatsapp bidezko antzerkia zein literatura, Filmineko jaialdiak… dimentsio guztiei eragin die eferbeszentziak aurten. Eta horrek zer eragin du? Nabarmen haztea online edukien batez besteko maila.

Carrionen aburuz, serieak eta podcastak badira ezaugarri zehatz batzuen araberako objektu kultural berriak (eta pelikulekin edo musikarekin gertatzen den bezala horietarako sarbidea harpidetza bidezko katalogo bidezkoa da, geroz eta gehiago); sare sozialak, berriz, espazio zabalagoak dira (eta ondorioz) esperimentaziorako eta sorpresarako joera gehiago dute. Kontua ez omen da klasikoa eta birala banatzea, lortzen diren hibridazioak ospatzea baino, «normalitate berri hontako paisaia eta kanonaren parte izango baitira». Eta hedabideek ere espazio horren baitan aurkitu beharko dute haien lekua.

EUSKAL HERRIA EZ DA IRLA BAT

Ez gara bereziak, ez; eta ez gaude bereizita, ez. Nahi eta nahi ez, Euskal Herria ez da deskribatutako ekosistema mediatikoaren salbuespen den irla bat, ezta euskal hedabideak ere. Ebidentea eta ezaguna den adierazpen hori ilustratzeko hiru grafiko jarraian. Ezinezkoa da (ez baitugu sistematikoki biltzen den daturik) artikulu honetan egindako nazioarteko errepasoa gurera ekartzea eta, beraz, gu besteekin erkatzea. Baina baditugu datu batzuk. Baditugu segurtasun batzuk. Esaterako, ezagutzen ditugu zeintzuk diren euskal herritarren gaurkotasunaz informatzeko ohiturazko eta lehentasunezko hedabideak:

HGH ikerketa taldearen eskariz (Manias, Gurrutxaga, Ramirez de la Piscina, 2020) Aztikerrek 2019an egindako datu bilketak ondorio nabarmena utzi zuen: prentsa digitala da euskal herritarren ohiturazko hedabidea, baita lehentasunezkoa ere. Hala zen pandemia aurretik (ere).

Digitalak ginen 2019an, zer gertatu ote da 2020an? Nazioarteko zenbakien ispiluan behatuta, joera indartuko zelako susmoa berretsiko luke ziurrenik beste datu bilketa batek. Baina susmoak pilatzen segi beharrean, interesgarria litzateke datu horren bilketa sistematiko bat aktibatzea, baita aldagai soziodemografikoen araberako banaketa eskuratzea ere; bestela, besteen eskutik hipotesiak formulatzen segitu beharko baitugu.

Baina hedabideen audientzia digitalen bilakaera erreparatzea nahikoa da ziurtasun gehiago biltzeko: HEKIMEN elkarteko euskarazko hedabide digitalen hazkundea azpimarragarria zen COVID-19 iritsi aurretik ere (hazkunde tasa apalarekin, baina etengabeko hazkundean zegoen sektorea1); hartara, pandemiaren bat-bateko informazio gose larriak eztanda egin zuenean, erabat azeleratu zen fenomenoa (Mimenza, 2020):

HEKIMEN elkarteko webguneen 2020ko hilabetez hilabeteko saioak ageri dira goiko grafikoan, eta behekoan, berriz, 2019arekin alderatzean, nabarmen ikusten da apirileko maximo historikoaren jauzia eta 2020ko igoera orokor esanguratsua:

HEKIMEN elkarteko hedabideen audientzia digitalek izandako bilakaeraren inguruko azterlana dakar aurtengo Urtekariak aurrerago (Azpillaga, 2021), eta bertan aurkituko ditu irakurleak datuen edota fenomenoaren ertz ezberdinen xehetasunak. Halaber, koronabirus pandemiaren eta online portaeren aldaketen (euskal) ekosistema mediatikoko eraginak ere aztertuak izan dira dagoeneko (Mimenza, Narbaiza eta Arana, 2020).

Horrenbestez, ebidentzia batzuk baditugu nazioarteko joeren zantzuak gurean ere behatzeko, baina ez daukagu audientzia digitalen neurketa egoki bat egiteko sistemarik momentuz. Horixe lortzeko adierazleak zehaztea eta sistema apropos bat diseinatu eta garatzea izan beharko da hain zuzen epe motzean lortu beharreko aurrerapenetako bat. Big data-ren garaian gure small data propioa. Has gaitezen hasieratik, datuen jabetza aldarrikatzetik.

Eta jar ditzagun oinak lurrean, orainean, digitalean.

ERREFERENTZIAK

Azpillaga, Josu eta Lizarralde, Mikel (2017): «Hekimeneko webguneen trafikoaren analisia Hekimen Analytics tresna oinarri», Euskal Hedabideen Urtekaria 2017, 81-96 or., <http://behategia.eus/txostenak/urtekariak/>.

Azpillaga, Josu eta Lizarralde, Mikel (2019): «Hekimen elkarteko webguneen audientzia digitalen analisia 2018», Euskal Hedabideen Urtekaria 2018, 123-140 or., <http://behategia.eus/txostenak/urtekariak/>.

Azpillaga, Josu eta Lizarralde, Mikel (2020): «Hekimen elkarteko webguneen audientzia digitalen analisia 2019», Euskal Hedabideen Urtekaria 2019, 111-136 or., <http://behategia.eus/txostenak/urtekariak/>.

Azpillaga, Josu (2021): «Hekimen elkarteko webguneak 2020. urtean», Euskal Hedabideen Urtekaria 2020, 121-134 or.,<http://behategia.eus/txostenak/urtekariak/>.

Carrión, Jorge (2020): «2020 consagra la cultura digital», <https://www.nytimes.com/es/2020/12/06/espanol/opinion/lo-mejor-2020.html>.

COMSCORE (2020): Global Perspectives: digital and CTV trends to watch in 2021, <https://www.comscore.com/Insights/Presentations-and-Whitepapers/2020/Global-perspectives-Digital-and-CTV-trends-to-watch-in-2021>.

HEKIMEN ANALYTICS (d.g.): <https://analytics.hekimen.eus>.

Manias, Miren; Gurrutxaga, Guillermo eta Ramirez de la Piscina, Txema (2020): «‘Fast or slow’: zein da albisteen geroa?», Euskal Hedabideen Urtekaria 2020, 73-90. or., <http://behategia.eus/txostenak/urtekariak/>.

Mimenza, Libe (2020): «(Euskaraz) klik eginez ilustratzen gara», Euskarazko komunikazioa eta COVID-19, <http://behategia.eus/euskaraz-klik-eginez-ilustratzen-gara/>.

Mimenza, Libe; Narbaiza, Bea eta Arana Edorta (2020): «Koronabirus pandemia eta online portaeren aldaketak (euskal) ekosistema mediatikoan», BAT Soziolinguistika aldizkaria, 116(3), 67-103 or., <https://bat.soziolinguistika.eus/eu/produktua/116-20203-euskarazko-komunikazioa-2020ko-hamarkadako-hedabideetan/>.

REUTERS INSTITUTE (2020): Digital News Report 2020, <https://reutersinstitute.politics.ox.ac.uk/sites/default/files/2020-06/DNR_2020_FINAL.pdf>.

STATISTA (2020): «¿Qué sucede en Internet en un minuto?», <https://es.statista.com/grafico/17539/datos-creados-online-en-un-minuto/>.


1.- HEKIMEN elkarteko webguneen urtez urteko web audientzien inguruko datu zehatzak Euskal Hedabideen 2017ko, 2018ko eta 2019ko Urtekarietan daude irakurgai (Azpillaga eta Lizarralde, 2017, 2019 eta 2020).