Elhuyarren Elia erabiliz lortutako itzulpen automatikoa
en
Urtekaria 2020 | Igor Astibia Teiletxea (HEKIMEN Euskal Hedabideen Elkarteko zuzendaria)

2020 urtea, urte zaila izan da guztiontzat, baita herri ekimeneko euskarazko komunikabideentzat ere, baina sektoreak, oro har, bere bideari eutsi dio eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko prest dagoela erakutsi du. Izan ere, pandemiak aurreko joerak eten baino gehiago azkartu egin ditu eta horrek era berean, erabaki eta dinamika batzuk azkartu beharra ekarri du.

Urte berriarekin sektoreak bi eginkizun nagusiri emana zien hasiera: batetik, sektorearen etorkizuneko erronkei aurre egiteko gogoeta estrategikoa prestatzen hasiak ginen eta, bestetik, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako erakunde nagusiekin dirulaguntza eredu berria adosteko garatutako bideari egonkortasuna eta egituraketa emateko lehen pausoak ematen ari ginen. Pandemiaren ondorioz, noski, bi eginkizun nagusi horiek moldatu behar izan ditugu baina, ondoren ikusiko dugunez, azkenean biak ala biak aurrera atera ahal izan ditugu.

Aurretik baina, pandemia egoerak lehen hilabeteetan herri ekimeneko euskal hedabideetan izan zituen ondorioak azaldu nahi nituzke, izan ere, apirilean bazkideen artean inkesta bat1 egin baikenuen ondorio horiei neurria hartu asmoz.

Pandemiaren ondorioak euskal hedabideetan

Hasteko eta behin, inkestaren emaitzen arabera, euskal hedabideetako lantaldeetan birusaren hedapena oso mugatua izan zela ikusi ahal izan genuen eta hori, funtsean, lantaldeen babeserako neurri eraginkorrak hartu zirelako izan zen. Etxetik lan egin ahal izateko bideak landu ziren eta komunikabide handienetan, lantalde isolatuak antolatu, bat kutsatuz gero besteak lanean jarrai zezan. Pandemia osoan zehar, baita gaur egun ere, komunikabideek lankideak babesteko neurriak zorrotz aplikatu dituzte eta horri esker, lantaldeak babesteaz gain, euskal gizartearen komunikazio beharrak asetzen jakin dute, arazoak arazo.

Esan bezala, lehen hilabete horietan, oro har, ekoizpenari eutsi zitzaion, nahiz eta egon ziren momentu puntualen batean erabaki zailak hartu behar izan zituztenak ere. Kasuren batean ekoizpena eten behar izan zuten aldizkaria ezin zutelako inprimatu eta beste kasuren batean paperezko ekoizpena eten zuten lantaldea babestu asmoz. Edozein kasutan, aipatu erabaki horiek aldi baterako izan ziren eta, oro har, azpimarratzekoa da ekoizpen digitala edota ikus-entzunezkoa nabarmen areagotu zirela.

Hedapenari dagokionez ere, oro har, eutsi egin zitzaion, nahiz eta hainbat kasutan egokitu egin behar izan zuten, eta kasu batzuetan eten ere bai —banaketa ohiko posta zerbitzuaren bidez egiten zen kasuetan, esaterako—.

Diru-sarrerei dagokienez, lehen hilabete horietan murrizketa handia jasan zuten komunikabide guztiek eta horretan euskal hedabideak ez ziren salbuespena izan: ia guztiek murrizketak izan zituzten publizitatean eta hamarretik zazpik % 40 baino galera handiagoa. Aitzitik, pandemiaren lehen aldi horretan bestelako diru iturrietan ez zen aldaketa handirik nabaritu, ez harpidetzetan ezta dirulaguntzetan ere. Edozein kasutan, ondorengo hilabeteetan harpidetzetan gorabeherak izan diren arren, dirulaguntza publikoen kasuan, oro har, mantendu egin direla azpimarratu behar dugu.

Barne inkestara itzuliz, lehen hilabete haietan gutxi izan ziren lantaldeetan murrizketak egin behar izan zituzten euskal hedabideak (% 21) eta horien artean gehien-gehienetan (% 81) aldi baterako izan ziren, eta gainerakoek ez zekitela erantzun zuten. Alegia, lehen une haietan behintzat, ez zen behin betiko murrizketarik gertatu.

Azkenik, egitasmo zehatzen inguruan ere galdetu genien eta hemen bai, ondorioak oso agerikoak izan ziren: hamarretik zazpik (% 71) egitasmo zehatzen bat bertan behera utzi behar izan zuten pandemiaren ondorioz.

Egindako ahalegin horrek guztiak gainera erantzun paregabea izan zuen herritarren aldetik eta kontsumoak gora egin zuen euskarri guztietan, baina bereziki digitalean. Hekimen elkartean biltzen diren komunikabideetako 50 webguneetako trafikoaren hazkundea nabarmena izan zen: 2020ko martxoan aurreko urtean baino 1,9 milioi saio gehiago batu ziren (+ % 80), ikusitako orrialdeak 3,6 milioi gehiago izan ziren (+ % 63) eta agian garrantzitsuena, 2020ko martxoan iazkoan baino 500.000 erabiltzaile gehiago zenbatu ziren (+ % 59), atari horiek guztiak kontuan hartuz. Trafiko hazkundea orokorra izan zen, mundu mailakoa, baina euskarazko komunikabideen kasuan, lortutako emaitza horiek berebiziko garrantzia dute, etorkizunera begira erronka eta aukera berriak iradokitzen dituzten heinean.

Izan ere, aurreratu bezala, pandemia iritsi baino lehen ere, sektoreak etorkizuneko erronka horietan jarria zuen bere arreta. Urte hasieran gogoeta estrategikoari ekin genion eta eztabaidarako oinarrizko dokumentua prestatzen ari ginen pandemia iritsi zenean. Dokumentua prestatzeko bertako zein kanpoko aditu/arituen ekarpenak biltzeari ekin genion eta martxoa hasieran Bartzelonara jo genuen hango hainbat aditurekin hitz egin asmoz.

Inork gutxik zekien momentu hartan ondorengo egunetan hainbat hilabetetako konfinamenduari hasiera emango zitzaiola (martxoaren 14an Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan, eta 17an Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan), baina hori izan zen gertatu zena, eta horren ondoren etorri ziren deskonfinamendua, musukoak, olatu desberdinak, txertoak eta abarrak.

Sektorearen gogoeta estrategikoa

Bada, ezohiko testuinguru horretan garatu behar izan dugu sektorearen gogoeta estrategikoa eta, azkenean pandemiaren ondorioz gogoetaren edukia bera eta aurreikusitako dinamika parte-hartzailea murriztu behar izan ditugun arren, emaitza aurreikusitakoa baino oparoagoa izan da.

Alde batetik, sektoreak Hekimen elkartearen berrezaugarritzea eztabaidatu eta adostu du eta horrez gain, ondorengo hiru urteetarako (2021-2023) plan estrategikoa ere definitzen ari da. Elkartearen berrezaugarritzean hiru lan ildo nagusi bereiztu dira (baliabideak handitzea, sektorearen ezagutza eta ekintza bateratua) eta plan estrategikoan hiru ildo nagusi horiek aurrera ateratzeko ekintzak zehaztu. Plan hori aurrera eramateko antolaketa egokiena erabakitakoan emango zaio amaiera iaz abiatutako gogoeta estrategikoari.

Parean sektoreak berrikuntza eta garapenaren eremuan dituen beharrei buruzko hausnarketa ere abiatu du, datozen erronkei egoki erantzun eta hartzaile gehiagorengana kalitatez iristeko zer-nolako komunikabideak eraiki beharko ditugun definitzeko.

Komunikazio zerbitzu integrala sortzeaz ari gara, kalitatezko edukiak sortzeaz eta horiek bide desberdin ugariren bitartez hedatzeaz. Edukia bera sortzea da kazetaritzan lanik neketsuena eta konplexuena, nahiz eta atzean dagoena maiz ez den ikusten. Iturriak kontrastatzea, informatzaileak lortzea, dokumentatzea eta abar ez dira ikusten erabiltzaileak edukia jasotzen duenean, baina kalitatezko informazioaren berme dira. Beraz, edukiak sortzeko egiten dugun ahalegin handi horri ahalik eta zuku gehien atera behar diogu eta horretarako hartzaile gehiagorengana iristeko bide eraginkorrenak bilatu eta frogatu behar ditugu.

Gainera, erabiltzailea eduki emaile bihurtu da gustuko dituen edukiak haren ingurune hurbilean hedatzen baititu, askotan berriemailea da eta beste batzuetan elkarrizketa sortzen du komunikabidearekin berarekin iritziak trukatuz. Eragile aktibo bihurtu da erabiltzailea. Errealitate horrek eramaten ditu euskal komunikabideak «eduki kudeatzaileak» izatera. Edukiak plataforma ugaritan eskaintzea da erabiltzailearengana iritsiko direla bermatzeko bidea. Paradigma aldaketak ondorio handiak ditu komunikabide guztietan eta besteak beste hori da eraldaketarako arrazoietako bat.

Proposatu nahiko genuke 2025 urteari begirako helburu bat. Helburu handia baina lorgarria. Etorkizunean arrakastaz aritzea ahalbidetuko duen helburua, euskal komunikabideak etorkizunean jarriko dituen helburua, alegia.

Euskal komunikabideak baldintza zailetan sortu ziren. Ez ziren jaio etekinak ematen dituzten enpresak izateko bokazioarekin; aitzitik, Euskal Herriaren hizkuntza, kultura, izana eta balore demokratikoak babestu eta indartzeko helburu bakarrarekin jaio ziren. Sortu eta iraun, beren helburua arrakastaz beteaz gainera.

Oraingo aldaketa teknologikoek, sozialek eta generazionalek birsortzera eramango gaituzte. Izan ere, egotea ez da nahikoa, proiektu komunikatiboak edukitzea ez da nahikoa, garai berrietara egokitu beharra dago eta horrek sortze garaiko ahalegin berberak eskatuko dizkigu.

Komunikabide eraginkorrak, kalitatezkoak, anitzak, modernoak, herritarrekin harreman estua dutenak, gure kulturan ongi errotuak, euskara ardatz dutenak, teknologikoki ongi garatuak, lantalde profesional formatuak dituztenak, berritzaileak, irudimentsuak eta egoki kudeatuak behar ditugu.

Kudeaketa, pertsonen kudeaketa bereziki, berrikuntza prozesu ororen erdigunean jarri behar da. Izan ere, berrikuntza ez baita aldaketa teknologikoa edo proiektuen egokitzapena bakarrik. Pertsonek egiten dute berrikuntza posible, pertsonek erabiltzen dute teknologia eta pertsonen irudimena eta etorria dira etorkizuneko komunikabideak sortuko dituztenak. Beraz, euskal komunikabideen kasuan ere pertsonen kudeaketari buruz egin behar da hausnarketa, haien atxikimendua eta laguntza eskuratzeko. Baina ez edozein kudeaketa, honako ezaugarri hauek dituen kudeaketa behar dugu: pertsonak erdigunean jarriko dituen eredua behar dugu, horizontala, gardena, parte hartzea sustatzen duena, askatasunetik talentua lantzeko pentsatua, lankideek ardura hartzea sustatzen duena, pertsona bakoitzarengandik onena ateratzera bideratutako lidergoarekin lankideek proiektuaren inguruan ilusioa sortzeko gaitasuna duena eta haien emozioak egoki kudeatzeko aukera eskaintzen duena. Azken finean, kudeaketa eredu gardena, eskuzabala eta ilusioa sortzeko modukoa behar dugu. Hortxe hasten da berrikuntza.

Euskal komunikabideak dagoeneko harako bidea egiten ari dira eta urte hauetako indarguneek hor darraite. Euskal komunikabideek herritarrekin harreman estua dute, lantalde konprometituak eta antolaketa eredu horizontal eta parte-hartzailea. Oinarri sendoa berrikuntzari heltzeko, dudarik gabe. Baina, hala ere, eraldaketa sakon guztien kasuan bezala, laguntza beharko da prozesuak azkartzeko.

Jakin badakigu bidea ezin dugula bakarrik egin. Gure proiektu komunikatiboei urte hauetan guztietan sostengua eman dien komunitate zintzo eta fidelaren laguntza behar dugu, komunikabideak osatzen dituzten profesional prestuak behar ditugu eta ezin aipatu gabe utzi administrazioen laguntza. Erabat konbentzituta gaude aurrean dugun erronka hau ez dela euskal komunikabideena bakarrik, Euskal Herriak bere izana du jokoan, aurrean duguna herri mailako erronka da korporazio mediatiko handien eragin homogeneizatzailearen aurrean. Gure izana, kultura, hizkuntza eta balore demokratikoak dira arriskuan egongo direnak ez badugu berezko sare mediatiko anitza, ongi errotua eta euskalduna indartzea lortzen. Horregatik guztiarengatik, administrazioentzat ere erronka konpartitua da, herritarren beharren kudeatzaileak diren neurrian.

Euskal komunikabideek badakite eraldaketa prozesu sakonek zailtasunak eta erresistentziak dakartzatela. Badakite prozesu luzeak eta konplexuak izan ohi direla, baina, zailtasunak zailtasun, erronka berri honi ere aurre egiten jakingo dute. Edozein kasutan argi dago prozesu horrek orokorra izan behar duela, kolektiboa, eta bide hori egiteko ezinbestekoa dela sektorea bere osotasunean murgiltzea, bidea batera egitea, elkarrekin, elkar lagunduz. Hekimen elkarteari prozesu hori errazten eta laguntzen lan egitea dagokio eta horretan ari gara jada, izan ere, hori izango baita ondorengo urteetarako sektorearen jardun nagusietako bat.

Euskal Hedabideen Mahaiaren sorrera

Hau izan da 2020 urtean sektorearen bigarren egiteko garrantzitsuena eta, pandemiak pandemia, kasu honetan ere aurrera atera dugu egitasmoa. Aurreko urteetan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako euskarazko hedabideentzat dirulaguntza eredu berria lantzeko erakunde publiko nagusiekin lan handia egin zen eta aurrera begira lan horri jarraipena eman nahi zitzaion. Erakunde horiekin sektorearentzat garrantzitsuak diren bestelako gaiak adosten saiatzeko gune edo egitura egonkor bat behar zela ikusi zen eta Hekimenetik proposamena luzatu genien.

Erakundeetako ordezkariek begi onez ikusi zuten proposamena, besteak beste, haiek ere foro horren beharra ikusten zutelako eta zenbait bilera ondoren eta lehen dokumentu horri buelta asko eman ondotik, 2020ko uztailaren 8an, Euskal Hedabideen Mahaia eratu zen. Ordutik, plenarioaz gain, gai zehatzak ikuspegi teknikoago batetik lantzeko Batzorde Teknikoak ere deitzen dira.

Lehen bilera ofizial horretan, mahaia eratzeaz gain, ondorengo hilabeteetarako lehentasunak finkatu eta plangintza bat adostu zen: COVID-19ak sektorean eragindako ondorioen azterketa, dirulaguntza eredu berriaren balorazioa, publizitate instituzionalaren banaketaren azterketa... Diagnostiko lan horiez gain, bestelako lanketa batzuk abiatzea ere erabaki zen: euskarazko hedabideen audientziak neurtzeko sistema, euskal hedabideen kode deontologikoa, oinarrizko kudeaketa ereduaren inguruko proposamena eta abar.

2020. urtean zehar bilera desberdinak egin ziren eta ordutik hona ere gune horrek lan dinamika egonkor eta iraunkorra izan du. Sektorearentzat pauso garrantzitsua izan da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako erakunde nagusiekin komunikazio eta harremanetarako gune iraunkorra eratzea, eta asmoa Euskal Herriko gainerako erakunde publikoetako ordezkariekin antzeko guneak abian jartzea da, edo are egokiagoa litzatekeena, guztiak gune edo foro bakarrean biltzea. Gure aldetik ildo horretan jarraituko dugu lanean, sektorearen alde, elkarlanerako prest.

Euskal komunikabideen jarduna 2020 urtean

Bukatzeko, 2020 urte zailak euskarazko komunikabideen sektorean eman duena aipatu nahiko nuke. Urte berezia izan da eta ezinezkoa da gertatu diren guztiak lerro bakan batzuetan azaltzea eta, ondorioz, gertaera edo adibide batzuk aipatzera mugatuko naiz, joera nagusi batzuk zerrendatze aldera.

Komunikazio egitasmoak hobetzeko eta hartzaile gehiagorengana eta hobe iristeko lana etengabekoa da eta zentzu horretan ez dira gutxi izan 2020. urtean beren eskaintza hobetzeko pausoak eman dituztenak. Batzuek diseinua edota webgunea hobetu dute (Irutxuloko Hitza, Hamaika Telebista, Tolosaldeko Ataria, Antxeta irratia...), beste batzuek edizioak bateratu edota kolaboratzaile berriak ekarri (Ttap aldizkari digitala kasu), beste zenbaitek hartzaileen parte-hartzea errazteko pausoak eman dituzte (Goiberri aldizkariak, esaterako) eta beste batzuek beren eskaintza guztia aplikazio bakarrean bildu dute (Arrosa irrati sarea adibidez).

Era berean, adierazgarriak izan dira pandemia dela eta, etxealdi garaian, euskal komunikabideek abian jarri dituzten ekimen berritzaileak. Batzuk aipatzearren, Berriak areto digitala jarri zuen abian sortzaileen emanaldiak eskaintzeko, Hamaika Telebistak ere kontzertuak eskaini zituen Doka kulturgunetik, Euskal Irratiek haurrentzako saio parte-hartzaile bat sortu zuten txikiei etxealdia arindu nahian eta, helburu berarekin, Berriak haurrentzako bere Mantangorri gehigarria larunbatetan ez ezik, asteazkenetan ere eskaini zuen. Kirola edota yoga egiteko saioak, sukalde errezetak... maiz pandemiak ezarritako baldintzek (etxetik aritu beharrak) eraginda, herri ekimeneko euskal hedabideetan ohikoak ez ziren edukiak zein formatuak ikusi ahal izan ditugu.

Etxealdiaren ondorioz komunikabideek ohiko eskaintza bera ere moldatu behar izan dute eta asko izan dira aurrez eskaintzen zituzten saioak beren etxeetatik eman dituztenak edo berriak egoera berezira egokituta sortu dituztenak. Edozein kasutan, etxetik egindako streaming saio berezi horiek etxealdiak iraun duen bitartean eskaini dira eta ondorioz, hau amaitzean «normaltasunera» jo dute guztiek. Gaitzerdi ezohiko egoerak aukera edota gaitasun desberdinak frogatzeko balio izan badu.

Azpimarratzekoa bestalde, pandemia dela eta tokiko hedabideek beren herri edota eskualdeetako datuak eta informazio zuzen eta egokia emateko egin duten lana eta, bereziki, komunitatea indartzeko egin dituzten era guztietako ekimenak, hala nola, tokian tokiko merkataritza edota ekoizleak sustatzeko egin duten lana.

Baina pandemiaz harago ere, hainbat komunikabide berrikuntzaren bide horretan pausoak ematen ari ziren jada eta 2020. urtea ez da urte galdua izan zentzu horretan. Kasu gehienetan pandemiak are zailago bilakatuko zuen bide hori egin nahi baina ezin zutenen egoera, baina zenbaiten kasuan aurrez hartutako bideari eutsi zaiola ikusi da.

Esaterako, podcastaren aldeko apustua mantendu edota indartu egin zen 2020 urtean. Zenbait podcast eskaintza pandemia aurretik egiten hasiak baziren ere, pandemiak ez ditu asmo horiek eten eta egitasmo berriak ere sortu dira: Berriak aurrez lantzen zituen New Yorkeko munduak, Zaitun eta Berria FM podcastei musikari buruzko Dunbala gehitu zitzaien 2020 hasieran. Era berean, Zuzeuk eskainitako Bipareta, Barruan gaude eta 10 minututan saioei Euskal Gaizkileak podcasta gehitu zitzaien. Bide beretik, Argiak aldizkariko edukiekin lotuta eskaintzen zituen podcastei umorezko Oasiko Kronikak gehitu zitzaien lehenik eta Beranduegi ondoren.

Podcastek ez ezik, websailek ere nolabaiteko gorakada izan zuten 2020. urtean zehar eta euskarazko kate publikoak ez ezik (Pikuak esaterako), ekoiztetxe pribatuek ere euskarazko lanak sareratu zituzten (Bizi Txarra edo Otsoen lurraldean). Testuinguru horretan herri ekimeneko egitasmoek ere egin zituzten beren eskaintzak eta, besteak beste, Ttap aldizkariak Gorabeherak izenekoa eskaini zuen eta Kanaldudek berriz Tantaka.

Oro har, ikus-entzunezkoen eskaintza izan da gehien handitu dena, besteak beste, eremu digitalak izan duen eskari handitzearen eraginez. Baina joera hori aurretik ere bazetorren eta zantzu guztien arabera, areagotzen joango den zerbait da. Gailu edo pantaila guztietan ikus-entzunezkoen kontsumoa hazten ari den eta beste hizkuntzetan egiten den eskaintzak mugarik ez duen testuinguru honetan, euskarak, euskal hiztunok, produktu berri erakargarriak behar ditugu.

2020 urtea ezohikoa eta zailtasunez betea izan arren, zenbaitek bilatu dute elkarlanean aritzeko aukera eta atal honetan bereziki aipatzekoak dira Ipar Euskal Herriko hedabideak. Beste behin, kasu honetan herrietako bozak zirela medio, saio bateratua egin zuten Berriak, Hitzak, Herria aldizkariak, Kazetak, Euskal Irratiek eta Kanaldudek. Aipagarria ere, urtero Donostiako Zinemaldiaz aritzeko Berriak, Hamaika telebistak, Kanaldudek, Irutxuloko Hitzak eta Zinea.eus agerkari digitalak egiten duten Zurriolako Butaka saioa. Eta aipatzekoa ere, zentzu honetan, apirila amaieran ETBk eta Tokikomek antolatu zuten film emanaldi bateratua.

Bestalde, aipamen berezia merezi du ere pandemiaren inguruan informazio zuzena eman asmoz herri ekimeneko euskal hedabideek Elhuyar zientzia aldizkariarekin batera garatu duten elkarlanak. Urtekari honetan bertan xeheago azalduko dute protagonistek beraiek, baina argi dago, beste gai edota egoeretarako baleko bide bat frogatu dutela, arrakastaz frogatu ere!

Eta azkenik ez nuke aipatu gabe utzi nahi Urola Kostako euskarazko hedabideek 2020 urte amaieran Urolako Komunikazio Taldea osatzeko eman duten pausoa. Azpeitiko Uztarria, Azkoitiko Maxixatzen, Orioko Karkara, Zumaiako Baleike, Urola Kostako Hitza, Zarauzkohitza.eus eta Erlo Telebista egitasmo bakarrean elkartu dira multimedia talde sendo eta zabal bat osatuz (papera, Internet eta telebista). Honi buruz ere aurrerago ariko dira sakonago, baina ezin aipatu gabe utzi euskal komunikabideen inguruko gertaera nagusiak azaltzerakoan.

Iaz hogei urte bete zituzten Goienak, Kronikak eta Gaztezulok, egitasmo sendo eta errotuak direnaren seinale. Hamaika urte bete zituen bestalde Hamaika Telebistak eta urte zaila izan arren, hainbat ekimen jarri zituen abian, urtebetetze berezi hori gogorarazteko. Herrialdeetako Hitzek berriz, hamarkada bete zuten 2020an eta Arabako Aleak bost urte. Horiek batzuk aipatzearren. Poliki-poliki herri ekimeneko euskarazko komunikabideak errotzen, sendotzen eta garatzen doaz, lantaldeen ahaleginari esker eta hiztun komunitatearen bultzadaren laguntzaz.

2020a urte zaila izan da euskal komunikabideentzat ere, baina ikus daitekeenez, sektorea bizi-bizi eta indartsu dago. Pandemiak pandemia, euskal komunikabideak aurrera begira daude, aurrean dituzten erronkei aurre egiteko prest eta haien eskaintza etengabe hobetzeko lanean. Eta bide horretan beti izango dute Hekimen elkartea ondoan, laguntzeko prest.


1.- Hemen kontsulta daiteke inkesta osoa: https://www.hekimen.eus/2020/06/herri-ekimeneko-euskal-hedabideetan-ere-nabariak-dira-pandemiaren-ondorioak