Elhuyarren Elia erabiliz lortutako itzulpen automatikoa
en
Urtekaria 2020 | Libe Mimenza Castillo (Euskal Hedabideen Behategiko koordinatzailea)

Historia liburuek iazkoa nola jasoko duten ikusteko (lehen «irakurtzeko» esaten zen lekuan «ikus-entzuteko» esaten hasi beharko dugu agian) denbora nahikoa ez da pasa oraindik, baina bai itsasgora eta itsasbehera sindemikoen lehen olatuek euskal hedabideen agertokian eragindako uhinak bistaratzeko. Lehenagotik ere bagenuen gaitza gurean: digitalizazioa, konbergentzia mediatikoa, negozio eredu berriak… bezalako kontzeptuak alde batetik, eta hizkuntza bestetik, euskara. Hizkuntza gutxiagotuetako ekosistema mediatikoak pandemia betean zirela ezagutu genituen gurean SARS-CoV-2 izeneko birusa, ondoren COVID-19aren krisia, geroxeago infodemia eta halako batean zurrunbiloa azaltzeko kontzeptua, hitz bakarrean sintoma eta gaitzaren erroak biltzen dituen diagnostikoa (paralelismo aproposa euskal komunikabideen egoerarako ere): sindemia. Komeni zaigu, bai, begirada zabalez begiratzea gertatzen ari dena; eta azkar ekitea. Azelerazioa errepikatzen da han eta hemen, eta horixe da garai hauen exijentzia, azkar erantzun, azkar probatu, azkar egokitu… edo urtu. Olatuak etengabe baitatoz. Bizi.

Korronte bizi horietan nabigatzeko itsasargi bat da Urtekaria. Neguko gau euritsu eta lanbrotsu horietan lagungarri izan asmo duena, eta baita udako arrats epel eta amaigabeetarako gerizpe edo talaia. Hamaika argi, hamaika lan bildu ditugu aurtengo bilduman; eta hamaika artikulu horien atzean hogeita sei egileren begiradak. Bilduma eta bilgunea, horixe ere bada eta Euskal Hedabideen Urtekaria 2020.

Bi kronika irakur daitezke hasteko: geure zilborretara begira idatzitakoa da lehenengoa, HEKIMEN Euskal Hedabideen Elkarteko zuzendari den Igor Astibia Teiletxearen artikulua, «Pandemiak pandemia, euskal komunikabideak aurrera begira»; eta nazioartera begira idatzitakoa da bigarrena, lerro hauek sinatzen dituen Euskal Hedabideen Behategiko koordinatzaile eta UPV/EHUko NOR ikerketa taldeko kide den Libe Mimenza Castillok idatzitako «2020ko nazioarteko ekosistema mediatikoaren letra-zopa». Gu eta besteak, —edo besteak eta gu—, banaezinak diren begirada osagarri izan asmoz josiak.

Urtekariaren bigarren atala, berriz, sektoreak eta erakundeek idatzitakoa da. Lau lanek osatzen dute aurtengo erakusleihoa. Lehenbizi kokatu dugu garai zailenen olatuetan nabigatzeko euskarazko komunikazioan izan dugun iparrorratza, «Zientziaren komunikazioa sindemiaren aroan» izenburuko artikulua idatzi du Elhuyarreko zientzia-komunikatzaile den Ana Galarraga Aiestaranek, eta bertan xehe-xehe azaltzen ditu ebidentzia zientifikoaren eta komunikabideen elkarlanaren premia zein balioa. Jarraian dator 2020an lehen urratsak ematen hasi zen komunikazio-proiektu baten kontakizuna: «KLAK gazte ahotsa». Gazteek gazteentzat egina, eta Aintzane Ariztegi Barrenetxeak azaldu bezala, gaur egungo ardatzetan oinarritua, hain zuzen podcasta eta sare sozialak oinarri hartuta abiatu dena. Edukia moldatzea besteko garrantzitsua da egiteko modua ere egokitzea, eta ideia horri helduta haien baliabide guztiak kooperatiba bakarraren esku utzi eta lantalde bakarrean antolatu dira Orio eta Aiako Karkara, Zumaiako Baleike, Azpeitiko Uztarria, Azkoitiko Maxixatzen, Urola Kostako Hitza eta Erlo Telebista. UKT markaren zuzendari nagusi den Gorka Zabaleta Lopetegik idatzi ditu bateratzearen xehetasunak «UKT (Urolako Komunikazio Taldea) batzen gaituena gara» artikuluan. Elkarrekin aritu dira Bizkaia aldean ere 2020an, elkarrekin eta komunikazio-proiektuen kudeaketa ardatz hartuta: «Bizkaiko tokiko hedabideen proiektu komunikatiboak sendotu, berauen kudeaketa hobetuta» artikuluan bildu dute egindakoaren kontakizuna Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendari nagusi den Xabier Arauzo Uriartek, TOKIKOMeko kudeatzaile Alaitz Artolazabal Amilletak eta BFAko Euskara Zerbitzuko buru Nestor Atxikallende Bilbaok. Emandako urratsez gain, bi komunikabideren testigantzak ere bildu dira: Anboto eta Drogetenitturri, bi proiektu eta bi errealitate.

2020ko Urtekariaren hirugarren atalean bildu ditugu aurtengo bost azterlan luzeenak eta mamitsuenak. «Emakumeen presentzia euskal hedabideetan: GMMP monitorizazioaren 2020ko emaitzak Hego Euskal Herrian» izenburua duen zazpigarren artikuluan, Global Media Monitoring Project monitorizazioaren 2020ko Hego Euskal Herriko azterketa eta emaitzak landu dituzte, bereziki euskarazko hedabideetan jarrita arreta eta emakumeen presentzia gure ohiko hedabideetan zer nolakoa den jakin asmoz. Errealitatetik urrun geratzen den argazkia, edo bestela esanda, errealitate distortsionatu mingarria. UPV/EHUko Ikus-entzunezko Komunikazioa eta Publizitatea Saileko irakasle eta ikertzaile diren Tania Arriaga Azkarate, Itxaso Fernandez Astobiza, Marian Gonzalez Abrisketa, Arantza Gutierrez Paz eta Andoni Iturbe Tolosaren lana da, UPV/EHUko Emakumeen ikusgaitasuna hedabideetan ikerketa taldearen parte-hartzearekin.

Zortzigarren artikuluak telebistara garamatza, zehazki esanda, euskal Telebistaren azpidazketa planera, edo egileak erakutsi duen bezala, estrategia faltara: «ETB ingurune inklusiboa euskararentzat?» lana sinatu du UPV/EHUko NOR ikerketa taldeko Marijo Deogracias Horrillok, xede argiz: defendatzeko eta frogatzeko ETB baliatu beharko litzatekela ikus-entzunezko itzulpengintzan erabiltzen den teknologia eta irisgarritasun tresnez, hizkuntza gutxitura sarbidea emateko diskriminaziorik gabe eta aukera berdintasunean.

«Gazteen artean ikus-entzunezko kontsumoa astindu zuen birusa» da bederatzigarren artikuluaren izenburua. Applika+ eta Solidary ikerketa proiektuetako kide, eta tartean UPV/EHUko NOR ikerketa taldekoa ere baden Edorta Arana Arrietaz gain, honakoek sinatzen dute talde-lana: Asier Amezaga Etxebarria, Maite Egia Gutierrez, Maialen Goirizelaia Altuna, Naia Laka Arrizubieta, Iraitz Madariaga Etxebarria, Blanca Miguelez Juan, Bea Narbaiza Amillategi eta Itziar Zorita Agirre. Gazteen kontsumo ohitura digitalen bilakaera izan dute aztergai COVID-19ak markatutako azken urtean, eta horietan ikus-entzunezkoek izan duten eta daukaten pisua.

Hamargarren lana, aldiz, CodeSyntax enpresako Josu Azpillaga Labakak idatzitakoa da, iazko fenomeno esanguratsuenetako bat hizpide duena: audientzia digitalak, edo euskarazko hedabideen audientzia digitalen hazkunde historikoa. «Hekimen elkarteko webguneak 2020. urtean» lanean irakur daitezke zenbaki borobilen atzean dauden xehetasunak, baina hona lerroburuak: 2020. urtean 40,8 milioi saio egin ziren Hekimen elkarteko webguneetan, aurreko urtean baino % 43 gehiago; egunero-egunero 112 mila saio euskarazko hedabideetan. Zoriontzeko langa, eta bagarela nor berresteko marka.

UPV/EHUko NOR ikerketa taldeko Josu Amezaga Albizurena da hamaikagarren artikulua, galdera batekin formulatua: «Aukera berriak Europatik euskal komunikabideentzat?». Izan ere, 2020. urtearen amaieran, Europako Batzordeak komunikabideen politikan eragiteko plan berri bat onartu zuen, lehenbizikoz informazioaren espazio eta egituretan jarrita fokua. Artikuluan ematen da planaren nondik norakoen berri, eta baita euskal komunikabideen ikuspegitik interesgarri izan daitezkeen puntu batzuk azpimarratu ere. Euskal Herriko komunikazio politikak gogoetatzeko baliagarri izango den irakurketa.

Hamaika lan horiez gain, aurtengo bilduman azken atal berezi bat ere gehitu dugu: «Euskarazko komunikazioa eta COVID-19» izenburupean 2020ko udaberrian behategia.eus atarian argitaratu genituen azterlanen bilduma. Paperean ere gera dadin behin sarean aireratu genuena. Zazpi ikerlan labur aurkituko ditu irakurleak bertan: «Euskarazko telebista COVID-19aren garaian», «(Euskaraz) klik eginez ilustratzen gara», «Gazteen kontsumoa COVID-19aren garaian», «Euskarazko telebista krisi betean», «Koronabirusak zerbitzu publikoaren izaera itzuli dio Euskal Telebistari», «COVID-19 eta zientzia: euskarazko prentsa espezializatuaren ekarpena» eta «Hezkuntza ereduak eskola-telebistan».

Horra hor Euskal Hedabideen Urtekaria 2020 lanaren elementuak. Itsasgora eta itsasbehera sindemikoek bere bidean jarraituko dutela da, akaso, daukagun segurtasun bakarrenetakoa garai aldakor hauetan. Hortaz, izan dadila Urtekaria (eta Behategia) abiadurari erritmoa hartu eta olatu artean zorabiatu gabe bizirauteko itsasargia.