Elhuyarren Elia erabiliz lortutako itzulpen automatikoa
en
Urtekaria 2021 | Aitziber Agirre Ruiz de Arkaute (Elhuyar aldizkariaren zuzendaria)

Zientzia.eus Elhuyarrek zientziaren inguruan argitaratzen duen eduki guztia biltzen duen webgunea da. Idatzizko albiste eta erreportajeak, bideoak eta audioak jasotzen ditu 2001etik, eta 23.000 argitalpenetik gora ditu, guztira. Azken urteotan, webgunearen irisgarritasuna eta erabiltzaileen esperientzia hobetzeko, adimen artifiziala hizkuntzan aplikatzen duten hainbat funtzionalitate inplementatu ditugu, hala nola hizketa-sintesiaren bidez albisteak entzuteko aukera, bilatzaile eleaniztuna, antzeko edukiak erlazionatzeko aukera eta edukien irakurketa aurreratua eskaintzeko funtzionalitateak.

Duela urtebete, Elia itzultzaile automatikoa ezarri zen (elia.eus), Elhuyarren bertan garatua, eta, orduz geroztik, idatzizko edukiak beste bost hizkuntzatara automatikoki itzulita irakur daitezke (ES, FR, EN, CA, GL). Oraingoz, idatzizko edukietan bakarrik funtzionatzen du, nahiz eta etorkizunean bideoetako eta audioetako edukia automatikoki itzultzeko teknologia ezartzeko asmoa dagoen.

Elhuyar Zientziaren erredakzio-taldera ez du lan gehigarririk ekarri itzultzailea inplementatu izanak, ezta lan-ohituren aldaketarik ere. Euskaraz lan egiten eta euskaraz sortzen jarraitu dugu une oro; edukien itzulpenak automatikoki sortzen dira, eta haiek webgunean dagokien tokian gordetzea ere guztiz modu automatikoan egiten da. Informazio hori guztia webgunean bertan gordetzeak ekarri du Googlek beste hizkuntzetara egindako itzulpen automatiko horiek indexatzea eta itzulpenak berak bilaketen emaitzetan erakustea.

Jauzi kuantitatiboa eta kualitatiboa

Eliaren teknologia berriaren ahalak probatzeko adibide praktikoa eta esanguratsua izan da zientzia.eus-en ezartzea. Itzultzaile automatikoa inplementatu eta berehala, sekulako gorakada izan zuten webguneko bisitek, erabiltzaile berrien kopurua ia hirukoizteraino (111.790 erabiltzaile berri izatetik 306.036 izatera pasa zen; alegia, % 171ko hazkundea izan zuen). Zientzia.eus-ek inoiz izandako gorakadarik handiena da, zalantzarik gabe. Erabiltzaile-kopuru osoa ere % 164 handitu da, eta saioak % 93, urteko datuei erreparatuta. Hau da, ia hirukoiztu dira erabiltzaileak eta ia bikoiztu saioak.

Bisiten jatorriari dagokionez, 2020 urtera arte erabiltzaile gehienak Espainiakoak ziren (ez dugu Hego Euskal Herriko eta Espainiako datuak bereizteko modurik), hain zuzen % 94; eta % 0,7 Frantziakoak (Ipar Euskal Herria barne). Itzultzaile automatikoa martxan jarri denetik, ordea, Espainiako eta Frantziako erabiltzaileak ikaragarri ugaritu badira ere (% 124 eta % 810, hurrenez hurren), herrialde horietatik kanpoko erabiltzaileak % 5 izatetik % 18 izatera pasatu dira. Batez ere, Mexikotik (guztizkoaren % 5), AEBtik, Kolonbiatik, Argentinatik, Perutik, Txiletik eta Txinatik jasotzen ditu bisitak webguneak.

Alegia, Elia baliatuta, salto kuantitatibo handiaz gain, salto kualitatiboa ere eman du Elhuyarreko hedabideak. Euskaraz ez dakiten euskal herritar asko gerturatu dira gure hedabideetara, eta beste herrialde batzuetako irakurleak gerturatu dira euskal mundura; Euskal Herriko ikerketen eta ikuspegien berri jasota, ikusgarritasuna eman diogu euskarari. Are gehiago, bilaketak erdaraz egiteko joera duten euskaldun askok zientzia.eus eta jatorrian euskaraz idatzitako zientzia-edukia topatu dute Googlen, orain arte erakarri ezin genituenak.

Izan ere, beste hizkuntza batzuetan egindako bilaketetatik dator zientzia.eus-en trafiko gehigarri hori. Orain, adibidez, albiste izandako 3MAG proiektu zientifikoari buruzko informazioa gaztelaniaz bilatzen duen irakurle batek, Googlen “3 millones genomas africanos” kontsultatuta, zuzenean zientzia.eus-eko artikulua gaztelaniaz aurkituko du. Lehenik, National Geographic-en webgunekoa agertuko zaio, eta, bigarrenik, zientzia.eus-ekoa. Biak gaztelaniaz, nahiz eta berez euskaraz idatzitakoa den bigarrena.

Itzultzaile automatikoaren eragina ikusgarria izan da, guztiz: orain 8 aldiz gehiago erakusten ditu Googlek zientzia.eus-eko emaitzak. 2020an 828.000 agerpen izatetik, 6.980.000 agerpen izatera pasatu da 2021ean. Indexatzeak ikusgarritasun eta zabalkunde handia eman dio webguneari. Hori bai, euskara ez beste bost hizkuntzetatik. Beraz, gure helburua beteko bada, ezinbestekoa da eduki horietan argi adieraztea jatorrizkoa euskaraz idatzia dela, eta jatorrizko edukira bideratzeko modua gehitzea. Horrek emango die benetan ikusgarritasuna euskarari eta euskarazko edukiei. Horrek ekar ditzake euskarazko hedabideetara bilaketak beste hizkuntza batzuetan egitera ohituta dauden euskaldunak. Erreminta berriak ditugu, behintzat.

Beste eredu bat aukeran: edukiak unean-unean itzultzea

Elhuyar aldizkariaren webgunean, beste era batera integratu da itzultzaile automatikoa. Erdal hizkuntzetako itzulpenak Googlen ez indexatzea erabaki zen, aldizkariko eduki bat beste hizkuntza batzuetan irakurtzeko modu bakarra aldizkariaren webgunean bertan edukia itzultzeko eskatzea izan dadin. Alegia, itzulpenak unea-unean egiten dira, ez daude webgunean gordeta. Hala, Googlen beste hizkuntza batean bilaketa eginez gero zientzia-gai baten inguruan, irakurleak ez ditu aurkituko aldizkariko edukiak zuzenean gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez edo beste hizkuntza batean; gure webguneko jatorrizko euskarazko edukia izango du haren itzulpenera iristeko bide bakarra.

Eredu honetan, bisita-kopuruari dagokion emaitza oso bestelakoa izan da, zientzia.eus-en aldean. Elhuyar aldizkarian ere, hasiera batean, itzulpenak webgunean bertan gorde ziren, eta Googlen indexatu, eta bisita-kopuruaren igoera zientzia.eus-ena baino are handiagoa izan zen. Eredua aldatu eta itzulpen automatikoak gordetzeari utzi zitzaionean, Googlek ez zuen itzulitako eduki horren berririk, eta trafikoa ohiko kopuruetara eta ohiko ezaugarrietara itzuli zen berehala.

Euskara ez beste hizkuntzetako edukia webgunean gorde eta Googlek indexatzearen auzia mahai gainean dago, eta itzultzaile automatikoa erabiltzeko bi eredu daude aukeran. Eztabaidak eztabaida, euskararen ingurune zientifiko-teknologikoan zer gertatzen den ezagutarazteko baliabide bat gehiago da Elia. Baliabide bat gehiago euskara zabaltzen laguntzeko.

Bestalde, komeni da kontuan hartzea plataforma teknologiko handiek (Google, Facebook, Twitter…) jada eskaintzen dutela itzulpen automatikoa. Haien ahalmen teknologikoa handia izanik, eta zerbitzu eleaniztuna eskaintzeko apustu sendoa egin dutela kontuan hartuta, guk nahi edo ez, eduki horien itzulpenak jasotzen eta jasoko ditugu. Beraz, euskaldunok gure baliabide propioak erabili ezean, plataforma teknologiko handien iragazkitik pasatuta jasoko ditugu itzulpenak.

Aitziber Agirre Ruiz de Arkaute Elhuyar aldizkariaren zuzendaria