Elhuyarren Elia erabiliz lortutako itzulpen automatikoa
en
Urtekaria 2025-2026 | Josu Amezaga Albizu, Ane Martinez Juez, Libe Mimenza Castillo (NOR Ikerketa Taldea, Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU) eta Euskal Hedabideen Behategia)

2017ko urtekarian abiatutako bidetik (Azpillaga Labaka eta Lizarralde Azurmendi 2017), urteroko analisiari ekiten dio artikulu honek, euskara hutsezko1 herri ekimeneko hedabideen webguneen audientzien joerak aztertzeko asmoz. Aurreko edizioetan legez, hedabideon trafiko globalari begiratzen zaio, azken urteetako bilakaera historikoari erreparatuz eta hedabide moten arteko aldeak arakatuz. Horretarako, Behategia Analytics eta BEHA panelen informazioan oinarritzen gara, horiek baitira, egun, euskarazko hedabideen trafiko digitala modu bateratuan aztertzeko tresnarik egokienak.

Aurtengo analisian, titular gisa, lau puntu azpimarra daitezke. Lehena, artikuluaren izenburuan bertan gertatutako aldaketa da: aurreko analisietan Hekimeneko webguneez mintzo baginen, oraingoan euskara hutsezko herri ekimeneko hedabideen webguneez mintzo gara. Aztertutako unibertsoa bera da, baina Tokikom elkartea Hekimenetik irten izanak unibertso hori zuzen izendatu beharra eragin du. Bigarren titularra, unibertso horren egonkortzea da: azken urteetan trafiko digitala neurtzen zuten euskarazko hedabideen kopurua handituz etorri ondoren, 2025ean aurreko urteko webgune kopuru bera neurtu ahal izan dugu; hortaz, datuen irakurketa zehatzagoa egin daiteke. Hirugarren titularra, bisiten errekorra hautsi izana da: pandemia garaiko bisiten errekorra gainditu da 2025ean. Eta laugarren titularra, trafikoaren igoera izan da. Hazkunde txikia, baina esanguratsua, bi arrazoirengatik: lehena, esan bezala ez baita webgune kopuruaren hazkundean oinarritu, trafiko errealaren hazkundean baizik; bigarrena, inguruko zein maila globaleko joerek informaziozko webguneen beherantzko joera erakusten duten unean suertatu den hazkundea baita.

1. Hedabide zerrenda, datu-iturriak eta metodologia

Analisi honetarako, euskarazko herri ekimeneko hedabideen webguneen 2025eko audientzia datuak bildu eta neurtu ditugu. Honela jarraipena ematen zaio 2017an abiatuta urtero-urtero burutu den analisiari (Mimenza Castillo & Martínez Juez 2025; Mimenza Castillo et al. 2024; Azpillaga Labaka & Mimenza Castillo 2023; Azpillaga Labaka 2022; Azpillaga Labaka 2021; Azpillaga Labaka & Lizarralde Azurmendi 2020; Azpillaga Labaka & Lizarralde Azurmendi 2019; Azpillaga Labaka & Lizarralde Azurmendi 2018; Azpillaga Labaka & Lizarralde Azurmendi 2017; ). Oinarrizko datuak Behategia Analytics eta BEHA paneletatik jaso dira. Urtekari honetako beste artikulu batean azaltzen denez (Mimenza Castillo, 2026), bi tresna horiek Behategian azken urteetan landutako BEHA ildoak emandako fruituak dira.

Behategia Analytics zein BEHA panelek hainbat erabilera ahalbidetzen dituzte. Hedabideei, nork bere jardunaren ebaluazioa egiten laguntzen diete, datuen kulturan murgildu eta unean uneko zein epe ertain-luzerako estrategien inguruko erabakiak hartzeko. Analisia egiten dutenei, euskarazko komunikazioaren bilakaeraren azterketa egitea ahalbidetzen diete. Artikulu honetan bigarren erabilera hori ematen diogu panelek eskaintzen duten informazioari, behategi batek argitaratzen duen urtekari batean ezinbesteko osagai gisa.

2025eko analisiak 60 webgune hartu ditu kontuan, aurreko urteko kopuru bera alegia. Horrela, Hekimen Analytics tresnak 2013an 31 webguneren datuak erregistratzen bazituen, kopuru hori haziz etorri da ordutik hona. Kasu batzuetan, webgune berrien agerpenari zor izan zaio hazkundea, eta horrek, berez, euskarazko komunikazioaren eskaintzaren handitzea adierazten zuen. Beste kasu batzuetan, jadanik abian zeuden webguneak neurketa sisteman integratzeari zor izan zaio unibertsoaren hazkundea. Azken bi urteetan aldiz (2024an eta 2025ean) webgune berberak neurtu dira, eta honek zera ahalbidetu du: urte batetik besterako aldeak zorroztasun handiagoaz aztertu ahal izatea, beha daitezkeen aldaketen arrazoiak hedabideen eta erabiltzaileen jardunean soilik baitaude; ez neurketa sisteman, ez eskaintzaren aldaketetan2.

Hurrengo taulan zerrendatzen dira aurtengo azterketa burutzeko neurtu diren webguneak:

Aurreko urtean bezala, 60 komunikabideren 59 ataritako datuak Google Analytics bidez biltzen dira automatikoki, eta datu horiek BEHA paneletan (egunero) eta Behategia Analytics tresnan (hilero) kontsulta daitezke. Komunikabide batek, berriz, haien zerbitzarian instalatutako Matomo software librea erabiltzen du web trafikoaren neurketarako eta datu horiek Behategia Analytics panelean gehitzen zaizkie gainontzekoei.

Hurrengo orrietan datuen azterketaren emaitzak azalduko dira. Aurretik, datuak ondo baloratzeko iruzkin batzuk egingo dira. Ondoren trafikoaren analisia egingo da, testuinguruko beste datu batzuekin alderatuta, eta alderdi ezberdinei erreparatuta: saio kopurua, erabiltzaileen nolabaiteko soslaia, bisitatutako orrialde kopurua, eta saioetan emandako denbora. Gero, bisitak zein euskarritatik egiten diren eta nondik datozen aztertuko da. Azkenik, datuak irakurri osteko ondorioak azalduko dira.

2. Datuak ondo baloratzeko kontuan hartu beharrekoak

Eskuartean ditugun datuak ondo baloratzeko, analitika digitalaren oinarrizko zenbait alderdi gogoratzea komeni da. Lehen ideia gisa, esan daiteke hedabideen irismena modu kuantitatiboan neurtzeko bi modu nagusi daudela gaur egun: erabiltzaileei (erreal zein potentzialei) galdetzea, bata; eta erabiltzaileen jokabidea behatzea, bestea. Lagin bati eginiko inkesta bidez gauzatu ohi da lehena, eta hedabideen audientzia ikerketa kuantitatibo tradizionalaren zutabe nagusia izan da (ez bakarra, ordea). Bigarrena, euskarri adimentsuak erabiltzen direnetik aurrera gero eta erabiliagoa, kontsumitzaileak erabiltzen duen tresnaren (telefono adimentsuaren, ordenagailuaren, eta abarren) jokabidea erregistratuz edo informazioa ematen duen gunean (webgunean, adibidez) suertatzen diren gertaerak erregistratuz gauzatzen da. Esan gabe doa bide bat eta bestea konbinatuz osatzen diren modu mistoak ere badaudela.

BEHA zein Behategia Analytics panelak bigarren erako neurketa sistemak dira. Eta hona dator beste ideia nagusi bat: oro har, hedabide ezberdinen irismenaren arteko alderaketak egiteko, inkesta bidezko analisiak izaten dira egokiagoak analitika digitala baino; eta hedabide bakoitzaren barnean kontsumitzaileak duen jokabidea aztertzeko, analitika digitala askoz zehatzagoa da. Arrazoiak ugariak dira. Besteak beste, pertsona bat webgune batera sartzen denean, sarrera hori erregistratuta geratuko da, edo ez da erregistratuko, zenbait faktoreren arabera: cookieak onartzea edo ez onartzea, nabigatzailean modu ezkutuan edo ez ezkutuan nabigatzea, nabigatzaile bat edo beste erabiltzea, bi sarreren artean denbora jakin bat pasatzea, eta abar. Era berean, webgune batzuek clickbait politika bat izan dezakete, ahalik eta sarrera gehien erregistratzera zuzendua, horrek benetako kontsumoaren datu fidagarriegirik ematen ez duen arren. Horregatik guztiagatik, analitika digitaleko datuak hedabideen alderaketak egiteko baliatzea, oso ariketa konplexua da.

Honek ez du esan nahi, ordea, inkesta bidezko analisien datuak errealitatearekiko fidagarriagoak direnik. Hedabideek zenbait teknika erabil ditzakete inkestak egiten diren garaian audientziak une puntual batez irabazteko (promozio kanpainak adibidez); edota bezperako kontsumoaz galdetutakoan, inkestatzaileak sarritan kontsumitzen duen hedabide baten erantzuna eman lezake, kontsumitu zuen ala ez benetan gogoratu gabe. Sistema bakoitzak bere abantailak eta desabantailak ditu, eta bere erabilerak.

Analitika digitalean, bestalde, metrika ezberdinak erabili ohi dira erabiltzaileen jokabideak aztertzeko. Gure kasuan gutxi batzutara murriztuko dugu azterketa: webgune bakoitzak erregistratu duen saio kopurua, batetik; saio horiekin erregistratu diren erabiltzaileak zenbat aldiz agertzen diren, bestetik6; saio horietan ikusi diren orrialde kopurua, hirugarrenik –datu absolutuetan eta datuak saioko–; eta saio horietan emandako denbora, laugarrenik.

Metrika horiek, nolabait, trafikoaren bolumenaren bilakaera apur bat ulertzen lagunduko digute. Beste datu bik kontsumoaren nolakotasunari buruzko informazioa emango digute: saioak nondik datozen, eta zein gailutan gauzatzen diren.

Datuak, beraz, tentuz irakurtzekoak dira. Bilakaerak aztertzeko oso baliagarritzat ditugu, eta hortik abiatu zen artikulu sorta hau. Edozelan ere, bilakaeraz gain, hedabide mota ezberdinen ezaugarri batzuk adierazteko balio dute mota honetako analisietan. Azterketa honetatik aparte geratzen da web-analitika datuen hedabide bakoitzarentzako baliagarritasuna, hauxe baita haien atarietan (eta atarietako edukiekin) erabiltzaileek duten portaera ezagutzeko informazio iturri nagusia (inkestek ez dute galdetzen zer egiten dugun webgune batean sartzerakoan, eta galdetuko balute ere, oroitzapenak ez dira gai elementuetan egindako nabigazioa erreproduzitzeko).

3. Web trafikoa, egonkortze bidean

3.1. Saioak

Hiru urte dira (2023, 2024 eta 2025), jarraian, euskarazko herri ekimeneko hedabideen webguneen trafikoak urteko 40 milioi saioko langa gainditzen duena. Eta lau, pandemiak larrien jo zuen urtea (2020) gehitzen badugu. Zehazki, 41.241.732 saio erregistratu dira 2025ean: aurreko urtean baino % 1,39 gehiago, horrela, 2020. urte ezohikoan suertatutako errekor historikoa lehen aldiz gaindituta (%1,07 gehiago).

Datuak ditugunetik hona gertatutako bilakaerari erreparatzen badiogu (1. irudia), badirudi azken urteetan trafikoaren egonkortze bat gertatzen ari dela. Azken 13 urte hauetan 10 milioi saiotik 40 milioi saiora igaro izana, gehienbat, trafikoaren hazkunde errealari zor zaio. Izan ere, jadanik azaldu dugun moduan, urtetik urtera neurtu den unibertsoa handituz joan bada ere, 2013ko neurketan jadanik agertzen ziren webguneek trafikoaren zati handiena bildu dute 2025ean. Hortaz, denbora honetan guztian euskara hutsezko herri ekimeneko hedabideen trafiko errealaren bolumen handiena jasota geratu dela esan daiteke.

 

Bilakaeraren grafikoak bi aldi erakusten ditu nabarmenki. 2020ko ezohiko datuez abstrakzioa egiten badugu, 2023ra arte urtetik urterako hazkundea oso indartsua izan zela esan dezakegu. Handik aurrera, aldiz, hazkundeari eutsi bazaio ere, moteldu egin da erritmoa.

Bilakaera baloratu ahal izateko, inguruan gertatzen ari denari begiratzea komeni da. Horretarako hiru testuinguru ezberdin hartuko ditugu kontuan: estatu espainoleko testuingurua, batetik; beste hizkuntza gutxitu bateko (katalanezko) webguneen testuingurua, bestetik; eta mundu mailako testuinguru globala hirugarrenik. Tamalez, ezin izan ditugu estatu frantsesean trafiko digitala neurtuz Alliance pour les Chiffres de la Presse et des Médias - ACPM elkarteak argitaratzen dituen datu historikoak eskuratu (ACPM 2025).

Estatu espainoleko zein katalanezko hedabideen webguneen datuak behatzeko, OJDk zertifikatutako datuak hartu ditugu, 2023-2025 tartean (Oficina de Justificación de la Difusión)7. Estatu espainolaren mailako datuei erreparatuta, 2023tik 2024ra % 7,38 igo ziren saioak; baina % 6 jaitsi ziren 2024tik 2025era. Azken urteko jaitsiera, bestalde, nahiko uniformea izan da, saio gehien bildu dituzten 10 webguneen artean, bederen.

Katalanezko webguneen datuei erreparatuta, aldiz, bestelako errealitate bat ageri da. 2024an bisiten oso igoera txikia izan ostean (% 1,33), 2025ean % 17,67ko igoera izan da. Alabaina, estatu espainoleko datu globalen aldean, oso joera kontraesankorrak gertatu dira 10 webgune bisitatuenen artean: batzuek asko irabazi dute (% 115, 98 igo denik ere bada), eta beste batzuek asko galdu (% 20,69). Aldakortasun horrek zera iradokitzen du: informaziozko webguneen trafikoaren inguruan egon litezken joera globalez gain, tokian tokiko gertaerak zein hedabideen politika ezberdinak (esaterako clickbait erako estrategiak) sartzen direla jokoan.

Tokian tokiko errealitateen auzia, maila globalean eginiko azterketek ere erakusten dute. Oro har, munduko informaziozko 50 webgune bisitatuenen joerei erreparatuz gero, %7,15eko galera suertatu da 2024tik 2025era (Ponsford 2025). Baina, hemen ere, alde handiak nabari dira kasuen artean: abanikoa, indiatimes.com-ek irabazitako % 116,60tik news18.com-ek galdutako % 41,20ra doa. Kasu bakoitzetik harago, jaitsiera globalak fenomeno ezberdinekin izan lezake zerikusia: batetik, erabiltzaileek informazioarekiko interesa galtzearekin (Newman et al. 2024; Newman et al. 2025); bestetik, sare sozialetako plataformek hedabideei informazio iturri gisa espazioa irabazi izanarekin (Newman et al. 2025); edota sare sozialek zein ohiko bilatzaileek hedabideetako webguneetara gero eta trafiko gutxiago bideratzearekin (Tobitt 2026).

Zaila da, beraz, euskarazko hedabideeen webguneek aurrean izango duten panorama aurreikustea. Baina orain arte erakutsi duten sendotasunaz gain, joera globalei ere adi egon beharko da.

Bitartean, euskara hutsezko hedabideen webguneetara itzulita, esan daiteke orain arteko bisiten igoerak homogeneo samarrak izan direla: 2024tik 2025era saio kopuruan gehien igo denak % 11,42 irabazi du; eta gehien jaitsi denak, % 4,48 galdu. Kopuru txikiak inondik ere, aipatu ditugun testuinguruko kasuekin alderatuz gero.

Antzeko joerak partekatzeak ez du esan nahi, ordea, gure unibertsoko webgune guztiek dimetsio berberak dituztenik. Aurreko urteetan bezala, trafiko gehiena webgune gutxi batzuetan kontzentratzen da, 2. irudiak erakusten duen legez.

10 webgunek metatzen dituzte 60 webguneko unibertsoak jasotzen dituen bisiten % 72,46; eta 5 webgunek, % 55,67; biak ala biak, iazko antzera.

Bisiten bilakaera, hedabide moten arabera

Lehenago esan dugun moduan, ez da joera kontrajarri esanguratsurik aurkitu euskarazko hedabideen webguneek jasotako saio kopuruen gorabeheretan. Antzeko fenomenoa aurkitzen dugu hedabideak beren izaeraren arabera banatzen baditugu: hedabide orokor nazionalak batetik (4 webgune), tokiko hedabideak bestetik (43 webgune), eta izaera tematikoko hedabideak azkenik (13 hedabide).

4. taulak erakusten duen bezala, orokorrek eta tokikoek zertxobait gora eta tematikoek zertxobait behera egin badute ere, aldeak ez dira, inondik inora, beste testuinguru batzuetan aurkitu ditugun bezain handiak.

Urte anitzeko bilakaera aztertzean, arestian webguneen unibertsoaz azaldutakoa ekarri behar da gogora: aurreko urte batzuetan aldaketak izan dira neurtutako unibertsoan. Aldaketa horiek datu globalari gutxi eragin badiote ere, hedabideak multzoka sailkatuta eragin handixeagoa gerta liteke kasu batzuetan; hedabide tematikoen kasuan adibidez. Izan ere, haien saio kopuru metatua beste bi kategorietakoa baino nabarmen txikiagoa izanik, unibertsoan gertatutako edozein aldaketak eragin handiagoa izan lezake zenbaki globalean. 2024ko analisian adierazten zen bezala, urte batetik bestera hedabide bat kategoriaz aldatu zen (orokortzat hartzetik tematikotzat hartzera), eta honek desitxuratu egin zuen, apur bat, tematikoen bilakaeraren kurba.

Kurba hori argiago ikus daiteke orain, 3. irudian, 2013tik honako bilakaera hedabideen izaeraren arabera aztertuta. Irudi horretan bi datu ageri dira, kategoria bakoitzean: urtez urteko saio kopuru metatua, bata; eta 2ko oinarria duen batez besteko mugikorra, bestea8. Halaber, kategoria bakoitzeko eskala doitu egin da, hiru moten arteko alderaketa egin ahal izateko.

3. irudiak ñabardurak ezartzen dizkio 1. irudian ikusi dugun bilakaera historikoari. Izan ere tokiko hedabideek zein hedabide tematikoek urtez urteko igoera nabarmenagoa izan zuten aztertutako aldiaren lehen erdian, orokorrek baino. Gero, tokikoek igotzen jarraitu zuten, maila apalagoan bada ere; eta tematikoak bere maila horretan geratu ziren. Orokorrek aldiz jaitsiera nabarmena izan zuten aldiaren erdiko urteetan, eta indartsu sartu ziren, horren ondoren, hazkunde bidean; baina hauek ere, azken urteetan, apaldu egin dute hazkunde erritmoa. Bi hipotesi plantea litezke moteltze hau esplikatzeko: bata, 2024ko analisiak zioen bezala, saturazio puntu batera iristen ari direla euskara hutsezko hedabideen webguneak. Bestea, aurretik aipatu ditugun joera globalak euskarazko komunikazioaren eremuan ere eragiten hasi direla. Bi hipotesiak, jakina, ez dira kontrajarriak, eta bi fenomenoak batera suerta litezke.

Bilakaera honek, eta urte bakoitzean bai webguneen eskaintzan bai trafikoaren neurketa sisteman parte hartu duten hedabideen kopuruetan izandako aldaketek, eragina izan dute hedabide mota bakoitzak bisiten trafiko osoan izan duen pisu erlatiboaren bilakaeran, 4. irudiak adierazten duen moduan.

2013ko neurketan kontabilizatu ziren 31 webguneetatik 5, hedabide orokorren webguneak ziren; 20, tokiko hedabideenak; eta 6, hedabide tematikoenak. Egitura horrekin, webgune orokorrek bisiten % 59,3 bildu zituzten urte hartan; tokikoek % 37,1; eta tematikoek % 3,6. 2019tik hona, ordea, aldatu egin dira proportzioak: webgune orokorrak 4 dira eta bisiten % 31,4 metatu dituzte; tokikoak 43 dira, eta bisiten % 66 jaso dituzte; eta tematikoak 13 dira, bisiten % 2,6 bildu dituztelarik. Badirudi, bestalde, azken urteetan argazkia egonkortu egin dela.

Bisitatutako orrialdeak

Saio bakoitzean, bisitariak orrialde bakarra edo webguneko orrialde ugari bisita ditzake, eta horrek ere adieraz lezake zerbait kontsumoaren izaeraz. Jakina, hau oso lotuta dago webguneko edukiaren antolaketarekin; eta, ondorioz, hedabide motarekin.

5. taulak erakusten duenez, saio bakoitzean ikusten diren batez besteko orri kopurua oso egonkor mantendu da urte hauetan guztietan: azken urtean, 2,31 orri saioko.

Alabaina, datua ezberdina da webgune motaren arabera. Tokiko webguneetako saioetan, batez beste, 2,45 orri bisitatzen dira. Webgune orokorretan, batez beste 2,07 orri; eta webgune tematikoetan, batez beste 1,75 orri. Esan bezala, honek seguraski edukien izaerarekin du zerikusia: edukien luzera, sakontasuna, barneko estekatzeak, eta abar.

3.2. Erabiltzaileak

Analitika digitalean, erabiltzaile terminoa ez da erraza. Inkestetan ez bezala (hor beti pertsona bat da galderei erantzuten diena), analitika digitaleko erabiltzaile bakoitzaren atzean kasu ezberdinak ager litezke. 2013tik hona, bestalde, aldaketa garrantzitsuak suertatu dira analitika digitaleko datuen bilketa sistemetan, eta modu ezberdinetan kontabilizatu dira bisitariak. Honez gain, webgune bakoitzaren konfigurazioak ere eragin lezake erregistratutako datuetan.

Kontuan hartu behar da, gainera, kontsumitzaileek jokabide ezberdinak izan ditzaketela nabigatzen diren euskarrien arabera: hots, gerta liteke pertsonek logeatzearen auzia edota cookieak onartzearen auzia ezberdin tratatzea ordenagailuko nabigazioan eta telefono adimentsuko nabigazioan. Eta, geroago ikusiko dugunez, webguneen izaeraren eta nabigazio gailuen artean harremanik badago, egon.

Honen ondorioak ikusarazteko, CIESen datuen eta analitika digitalaren erabiltzaileen datuak alderatu ditugu. CIESek inkesta bidez estimatzen du webgune batek egunero duen kontsumitzaile kopurua, jendeari bezperako kontsumoaz galdetuta (CIES 2025). Alderaketa honetarako bi webgune aukeratu ditugu, bakoitzean CIESek estimatzen dion eguneroko kontsumitzaile kopurua (2025eko datua), eta BEHA panelak ematen dituen eguneroko datuetatik batez bestekoa estimatuta (2025eko datua). Emaitza honakoa da: lehen webgunearen kasuan, CIES / BEHA ratioa 3,62 da; bigarren kasuan, 1,71. Hots, bi kasuetan CIESen estimazioa BEHA panelaren estimazioaren oso gainetik dago. Alde honen arrazoiak ugariak izan litezke: bezperako kontsumoaz galdetuta, inkestatuak ohituraz kontsumitzen dituen medioak aipatzea, zehazki bezperan hura kontsumitu ote zuen jakin ere gabe; webguneetako bisita ugari erregistratu gabe geratzea; eta abar luze bat. Milioika pertsonen jokabide zehatzak neurtzearen zailtasunaren adierazleak dira hauek, inkestak erabili zein analitika digitala erabili.

Hauek denak kontuan hartuta, hemen eman genezakeen erabiltzaile kopuruaren bilakaerak ezer gutxi argituko luke. Izan ere, azken urteetan aldaketa handiak suertatu dira bai erabilitako gailuen presentzian (telefono adimentsuen etorrerak gailu berrien erabilera eragin du eta, ondorioz, erabiltzaile kopuruaren handitzea), eta —kontrako efektuarekin— gailu eta nabigatzaile ezberdinetatik aritzen den pertsona erabiltzaile bakartzat identifikatzeko tekniken garapenarekin.

Pista gehiago eman dezake, behin bisita erregistratuta eta erabiltzaile bat zenbatuta, erabiltzaile horrek webgunea sarritan bisitatzen duen ala aldian behin soilik bisitatzen duen jakiteak. Datu horrek webgune bakoitzaren publikoaren fideltasuna adierazten du, neurri batean.

BEHA paneletan hiru erabiltzaile mota bereizten dira: «noizbehinkakoak», delako webgunean hilean saio bat egiten duten erabiltzaileak; «leialak», hilean bi eta bost saio bitartean egiten dituzten erabiltzaileak; eta «zaleak», hilean sei saio edo gehiago egiten dituzten erabiltzaileak. 5. irudian ikus daitezke erabiltzaileen soslaiak, webgune motaren arabera.

Hedabide mota guztietan noizbehinkako erabiltzaileak dira nagusi, baina aldeak daude moten artean; bereziki webgune tematikoetako eta gainerako erabiltzaileen artean: tematikoetan gehiago dira noizbehinkakoak. Alabaina, bistan da honek zerikusi zuzena izan dezakeela webguneko edukien berriztatze maiztasunarekin. Egunkari handi batean, edukiak etengabe ari dira berriztatzen, baita egunean zehar ere, eta logikoagoa dirudi erabiltzaile berak bisita gehiago egitea. Hilean behin edo astean behin argitaratzen den webgune txiki batean, zailagoa dirudi bisitari bera oso sarritan etortzea.

3.3. Saioen denbora

Saio bakoitzean zenbat denbora ematen den ere datu interesgarria da webgune batentzat; bai eta analistarentzat ere. Izan ere, jadanik erregistratu diren saioak aztertzen ari gara. 6. taulak adierazten digu hedabide mota bakoitzeko saio bakoitzean, batez beste, emandako denbora. Horrekin batera, bigarren datu bat ikus daiteke: bisiten batez besteko denbora jakinda, eta hedabide mota bakoitzean izandako saio kopurua jakinda, erabiltzaileek 2025ean euskara hutsezko hedabideen webguneak kontsumitzen eman zuten guztizko denboran zein ekarpen egin zuen mota bakoitzak.

6. taulak erakusten duenez, alde nabarmena dago hedabide mota ezberdinen artean saioen iraupenaren inguruan. Webgune orokorretan, saio bakoitzak, batez beste, 4:43 minutu:segundu irauten ditu; tokikoetan baino minutu bat eta erdi gehiago, eta tematikoen bikoitza baino gehiago. Datuak, 2024ko datuen oso antzekoak dira webgune orokor eta tokikoentzat (4:41 eta 3:10 hurrenez hurren), eta zertxobait apalagoak tematikoen kasuan (2:55).

Hedabide mota bakoitzak guztizko denborari egindako ekarriari erreparatzen badiogu, berriz, zera nabarmentzen da: ekarpen handiena tokikoena izan arren, hedabide orokorrek —lau atarik— guztizko denborari egiten dioten ekarpena (% 41,57) saio kopuruari egiten diotena (% 31,74) edo bisitatutako orrialde kopuruari egiten diotena (% 28,41) baino nabarmen handiagoa da. Honek erakusten du analitika digitalean metrika ezberdinak konbinatu behar direla ez soilik hedabide bakoitzaren jarduna ezagutzeko, baina panorama osoa ulertu ahal izateko. Hedabide orokorrak eta tokikoak alderatuz gero, esan daiteke orokorretako saioak egonkorragoak direla (orrialde gutxiago bisitatzen dira) tokikoetakoak baino, eta denbora luzeagokoak. Berriz ere, honek bakoitzak eskaintzen duen eduki motarekin izango du zerikusia.

4. Kontsumoaren gailua eta trafikoaren jatorria

Webgune bat zein gailu fisikotan kontsumitzen den, eta bisitaria webgunera nondik etorri den jakitea garrantzitsua da hedabideen estrategiak definitzeko unean, hala erabaki editorialak nola erabaki komertzialak hartzeko. Azken urteetan, bestalde, aldaketa handiak gertatzen ari dira bi parametro hauetan. Besteak beste, ikuspegi historikoan abiapuntutzat hartzen dugun urteak (2013) bat egiten du telefono adimentsuen erabilerak Euskal Herrian eman zuen jauziarekin, urte horren bueltan zabaldu baitzen gailu hori populazioaren zati handi batengana.

6. irudiak argi islatzen du azken 13 urtean gertatu den aldaketa. 2013an saio gehien gehienak ordenagailutik egiten baziren ere, oso urte gutxian telefono adimentsuak aurreratu zitzaizkion, eta 2025ean erregistratutako bisiten % 73,59 egin dira telefonoetatik. Bestelako gailuen kategorian, besteak beste, tabletak sartzen dira. Lehen bi urteetan kategoria honek gorantz egiten zuela bazirudien arren, telefonoek bidea moztu zioten.

Honek ondorioak ditu, jakina, kontsumoaren zenbait alderditan: kontsumoari emandako denbora, sakontasuna, informazio piezen formatua (bideoaren norabidea, grafia, luzera), eta abar batean. Horrez gain, gailu batzuk hobeto moldatzen dira eduki mota batzuetara beste batzuk baino. Eta honek inplikazioak ditu hedabide mota ezberdinen kontsumoarekin, 7. irudiak erakusten duen bezala.

Hedabide mota ezberdinen arteko aldeak nabarmenak dira. Hedabide orokorren webguneetan zein tokiko hedabideen webguneetan telefono adimentsua da gehien erabilitako gailua, alde handiz gainera, eta bereziki tokiko hedabideen kasuan. Hedabide tematikoen webguneetan aldiz ordenagailua da nagusi. Honek zerikusia izan dezake hainbat faktorerekin, hala nola irakurtzeko moduarekin (lasaiagoa edo arinagoa), tokiarekin (lantokiko mahaian edo ibilian), formatuarekin, edo baita bisitarien ezaugarri soziodemografikoekin. Halaber, urteko aroak ere axola du erabilitako gailuaren aukeraketan, eta orobat udan trafikoa beti moteltzen bada ere, ordenagailuetan are gehiago jaisten da.

Bisitaldietan erabilitako gailuaz gain, bisitariak nondik etorri diren hedabideen intereseko beste datu bat da. Eta hemen ere aldaketa nabarmenak antzematen dira azken 13 urtean, 8. irudian ikus daitekeen moduan.

Trafiko iturriak identifikatzeko, lau kategoria bereizi ditugu: trafiko zuzena (nabigatzailearen helbide barran delako webgunearen URL-a idatzita iristen dena, bookmark-etatik sartzen dena, eta beste kasu batzuk), bilatzaileen bidezkoa (Interneteko arakatzaile batean informazio bat bilatu ondorengo emaitzetatik datorrena), sare sozialak (eduki propioetan —postak, story-ak— integratutako esteketan klik eginda iristen dena), eta bestelakoak (era guztietako hiperlinkak eta, gero eta gehiago, adimen artifizialeko erantzunek emandako esteketatik datorrena). Sailkapen hau ez da guztiz zehatza. Izan ere, pertsona batek web arakatzaile batean hedabide baten izena ematen badu (helbide barran zuzenean hedabidearen URL-a idatzi ordez), teknikoki bilatzailetik etorritako trafikotzat hartuko da; baina kontzeptualki, URL-a zuzenean eman izanaren parekoa da (pertsona horrek zuzenean jo baitu marka batera; ez da egon arakatzaileak zer iradokiko zain). Hala ere, bereizketa orientagarria izan daiteke lau kategorietako hau.

Besteak beste, joera argi batzuk erakusten ditu grafikoak: lehena, bilatzaileen garrantziaren hazkundea. Ikusteke dago, ordea, joera hau mantenduko den ala ez. Izan ere, lehenago aipatu dugun bezala, bilatzaile global nagusiak gainbeheran egon litezke informaziozko webguneetarako trafiko bideratzaile gisa. Hurrengo urteetan ikusi beharko dira honen ondorioak.

Grafikoan ikus daitekeen beste joera bat, sarbide zuzenaren mantentzea da: orobat, trafikoaren laurden baten bideratzaile izan da, gorabehera batzuekin, aztertutako aldi osoan.

Hirugarren joera, sare sozialen bideratze jardunaren jaitsiera handia da. 2016ra arte garrantzia irabazten joan ziren trafikoa erakartzeko. Baina gero, urte batzuen egonkortzearen ostean, asko apaldu zen haien ekarria. Fenomeno hau globala da, eta ez da sare sozialen ahultze gisa interpretatu behar. Aitzitik, badira urte batzuk plataforma handiek erabaki zutela beren erabiltzaileak beste webgune batzuetara bideratu beharrean, beren plataforman gera zitezen estrategiak garatzea. Honi lehenago aipatu dugun beste joera bat gehituz gero (sare sozialetako plataformek informazio emale gisa berariazko informaziozko webguneei espazioa irabaztea), etorkizunean oso adi behatu beharreko joera baten aurrean jarriko du beren hedabidearen estrategia egokitu nahi duen oro.

Azkenik, bestelako trafiko iturrien ekarriaren apaltzea da laugarren joera. Alabaina, azken bizpahiru urtean apaltze horren moteltzea sumatzen da. Eta aurrera begira ikusi egin beharko da adimen artifizialeko txatbotek zer bide hartzen duten euskarazko komunikazioaren espazioan.

Hedabide moten araberako analisia eginez gero, mota ezberdinen arteko aldeak erakusten ditu 9. irudiak. Batetik webgune tematikoak nabarmentzen dira, trafiko zuzenak duen pisuagatik: bisiten % 40,51 datorkie horrela, sektore osoaren nahiko gainetik. Bestetik, tokiko webguneetako bisiten jatorrian bilatzaileek duten pisua ere goitik nabarmentzen da (agian hemen berriz ere gogorarazi behar da bilatzailetik baletor bezala sailkatzen dela arakatzailearen helbide barran hedabidearen izena idatzi duena). Tokikoetan, bestalde, oso txikia da bestelako iturrietatik datozen bisiten portzentajea; eta orokorretan aldiz handia. Azkenik, sare sozialek webgune tematikoei ekarri txikia egiten dietela erakusten du irudiak.

5. Ondorioak

2025ean zehar herri ekimeneko euskara hutsezko hedabideen webguneen audientziek izan dituzten gorabeherak aztertu ditugu, aldi berean ikuspegi historikoari erreparatuta. Hainbat parametroren egonkortzea erakusten dute datuek. Datu zehatz eta bateratuak ditugunetik hona —2013tik, alegia—, handituz joan da webguneen eskaintza, baina azken bi urtean egonkortu egin da. Behategiak neurtzen dituen hedabideen sistemak, azken bi urtean, 60 webgune biltzen ditu. Ez dezagun ahaztu, ordea, 2026rako aldaketa batzuk iragartzen direla (webgune batzuk fusionatu dira eta besteren bat desagertzera doa).

Aldi berean, trafikoa —saio edo bisiten kopuru gisa ulertuta— igotzen etorri da urte hauetan guztietan, baina azken bizpahiru urtean egonkortu egin dela esan daiteke, goranzko joera apalarekin baina errekor historikoa hautsita. Azaldu dugun moduan, trafikoaren hazkundea, webguneen eskaintzaren handitzeagatik ez eze, webguneen berezko indarragatik suertatu da. Oro har, gero eta bisita gehiago jaso dituzte euskara hutsezko hedabideek.

Saio kopuruan bezala, beste parametro batzuetan antzematen da egonkortzea. Bisitetarako erabilitako gailuetan, adibidez, iraultza bat gertatu zen duela hamarkada bat, telefono adimentsuek ordenagailuei aurrea hartu zietenean. Geroztik hazi egin da telefonoen erabilera, eta jaitsi ordenagailuena. Baina badirudi azken lau urtean zein bere lekuan gelditu dela, ez gora ez behera, eta sakelako gailuek aise irabazi dute hegemonia. Tabletak eta bestelako gailuak dira egonkortu ez diren bakarrak, beheranzko bidean jarraitzen baitute, bazterreko balioekin.

Esan daiteke, beraz, euskara hutsezko herri ekimeneko hedabideen sistemak fase bat bete duela, eta orain arteko digitalizazio erronka bati arrakastaz aurre egin diola. Izan ere, atzera apur bat begiratzen badugu, azken bi hamarkadetan komunikazioan eragin zuzena izan duten gertaera sakonak ikusiko ditugu. Labur esanda: digitalizazioa, oro har; hedabide tradizionalen eguneroko presentzia ahultzea; telefono adimentsuen etorrera; sare sozial deitutako plataformen eztanda; trafiko digitalaren neurketarako tresnen sortzea eta eraldatzea; eta abar. Digitalizazioak eragindako aldaketa sakonen aurrean modu berriekin jokatu beharra zegoen, eta euskara hutsezko herri ekimeneko hedabideen sektorea inertziak uxatu eta abian jarri dela esan daiteke. Honek ez du esan nahi, ordea, oraindik bide honetan zeregin gehiagorik ez dagoenik. Badaude, egon, eta ugari.

Webguneen sistemaren, saio kopuruaren zein erabilitako gailuen parametroetan egonkortzea suertatu bada ere, beste batzuetan oraindik daude turbulentziak; eta erronka berriak sortzen ari dira. Behatu ditugunen artean, trafiko iturrien aldaketekin gertatzen ari dena aipa dezakegu. Datu horren inguruan ikusi dugun grafikoak (8. irudia) hari mutur asko uzten ditu zabalik.

Horregatik, orain arteko bideak eman duen egonkortzeak ez du esan nahi, inondik inora, epe labur eta ertainean panorama lasaia espero daitekeenik. Ez da analisten egitekoa etorkizuna asmatzea; bai, ordea, historiari eta orainari erreparatuta, egoera berriak irudikatzea. Zentzu horretan, lehen erronka euskararen egoera bera da. Nabarmen geratu da, beste eremu batzuetan, euskararen etorkizunak berak urrats handiak eta norabide berriak beharko dituela; eta, seguruenik, komunikazioak oro har, eta euskarazko hedabideen sistemak zehazki, mugimendu horien parte garrantzitsu izan beharko dute —informazioaren gizartean bizi baikara—. Sektoreak aurrerapauso handiak eman ditu, eta inoiz baino prestatuago dago unibertso digitalean aritzeko. Azken urteetan datuen kultura barneratzeko eginiko esfortzuak, diseinatutako estrategiak, eskuratutako tresnak eta trebeziak, horretan lagunduko diote.

Bigarren erronka bat, planetako maila globalean gertatzen ari diren aldaketak dira. Maila horretan eginiko azken azterketek erakusten dutenez, ikusteke dago sare sozialen bilakaera zein izango den. Besteak beste, noraino jarraituko duten hedabideetara bisitariak ekartzen, edo berentzat —beren publizitate merkatuarentzat— zurrupatzen. Ikusteko dago, baita ere, norantz joko duen informazio emaile gisa hedabideen aurka abiatu duten lehiak. Europako erakunde publiko ezberdinek ardura adierazi dute, azken boladan gero eta ozenago, plataformen eta hedabide sistemen arteko lehiak eragiten dituen kezkez; eta neurriak hartzen ere hasiak dira. Honek guztionek eraginik izan lezake euskarazko komunikazio sisteman, oro har, eta haien unibertso(txo) digitalean ere.

Gauza bera esan ahal dugu adimen artifizialak dakartzan erronkei buruz: bai bisitari erakarle edo zurrupatzaile gisa, bai informazio iturri gisa, bai erabilera berrietan (itzulpengintza automatikoan, besteak beste).

Alde batetik, beraz, azken urteetan egokitzen eta indartzen jakin duen sektore bat dugu, euskarazko hedabideena. Beste aldetik, hedabideen sistemari lehia egiten dioten errealitateak ditugu. Horrekin batera, populazioaren komunikazio azturak asko aldatzen ari dira. Hiru joera hauen artean, aipatu dugun nolabaiteko egonkortzearen diagnostiko zuzena egitea dagokigu. Seguruenik, aldeko joera baten (sektorearen indartzea bera) eta aurkako joera baten (mugimendu globalak) arteko oreka puntua da ustezko egonkortze hau. Pentsa liteke sektorea prestatu izan ez balitz, maila globaleko joerek kalte handiagoa egingo ziotela euskarazko komunikazio sistemari. Era berean, pentsa liteke joera global batzuk aurkakoak izan ez balira, euskarazko komunikazio sistema are indartsuagoa izan zitekeela.

Honek guztiak adi egoteko eskatzen digu sektoreko eragile guztiei. Hedabide bakoitzak, jadanik dituen trebezia eta tresnekin, arretaz jarraitu beharko du hemendik aurrerako bidea, aukerak baliatuz eta mehatxuei aurre eginez. Analistek, bestalde, —eta hemen sartzen da Behategia— sektore mailako analisiak eta joera globalen jarraipena egiten jarraitu beharko dute. Erakunde publikoek beren ekarriarekin jarraitu ez eze, handitu ere egin beharko dute; gero eta konplexuagoa den eremu batean, bertan goxo geratzea, turbulentzia egoera honetan, atzera egitea baita. Eta denon artean, tresnak eta estrategiak garatzen jarraitu beharko dugu.

Azken ondorio gisa, eta aurreko ideiarekin lotuta, artikulu honetako analisiak dituen muga batzuk aipa daitezke. Lehena, eskura eduki ditzakegun datuak bete betean erabili ezina. Azken urteetan garatu ditugun tresnak (Behategia Analytics, bereziki) ezin izan ditugu ehuneko ehunean ustiatu, arrazoi desberdinak direla medio. Asko ematen dute honez gero, baina gehiago eman lezakete; eta laster emango dutelakoan gaude.

Bigarren muga, eskaintza digitalaren nolakotasunaren analisi falta da. Zer eduki eskaintzen dute webguneek, eta zein portaera dute erabiltzaileek eskaintza horren aurrean? Tresna berriak garatu beharrean gaude era horretako analisia egiteko, eta etorkizun laburrean hala egin ahal izatea espero du Behategiak.

Hirugarren muga, euskarazko komunikazio sistemaren parte diren baina analisian sartu ezin izan ditugun hedabideen hutsunea da. Hedabide publikoetan edota hedabide elebidunetan gertatzen ari dena jakiteak, testuingurua hobeto ulertzen eta euskarazko komunikazio sistema hobeto ezagutzen lagunduko luke.

Eta azken muga: sarritan, analitika digitalean suertatzen den bezala, asko dakigu bisitari batek webgune batean duen jokabide eta ibilbideaz; baina ezer gutxi dakigu haren izaeraz (esaterako bere ezaugarri soziodemografiko eta soziolinguistikoaz), edo haren bestelako kontsumo ohiturez. Badira tresnak horretan sakontzea ahalbidetuko luketenak (besteak beste, lehenengorako, datu iturri ezberdinen bilketa eta gurutzaketa; bigarrenerako, cookie amankomunak), eta horien bila abiatzeko asmoa du Behategiak. Hurrengo urteetako analisietan ikusiko dira, ikustekotan, emaitzak.

6. Erreferentziak

ACPM, Alliance pour les Chiffres de la Presse et des Médias. 2025. «Les chiffres . Fréquentation : Sites et Applications . Sites Grand Public . Classement Unifié . 2025». ACPM. https://www.acpm.fr/Les-chiffres/Frequentation-Sites-et-Applications/Sites-Grand-Public/Classement-Unifie.

Azpillaga Labaka, Josu. 2021. «Hekimen elkarteko webguneak 2020. urtean» in Mimenza Castillo, Libe (ed ) (arg.). Euskal hedabideen urtekaria 2020, 121–134. Andoain: Hekimen. https://behategia.eus/wp-content/uploads/2021/07/urtekaria2020-web.pdf.

———. 2022. «Hekimen elkarteko webguneak 2021. urtean» in Mimenza Castillo, Libe (arg.). Euskal hedabideen urtekaria 2021, 133–146. Andoain: Hekimen. https://behategia.eus/wp-content/uploads/2021/07/urtekaria2020-web.pdf.

Azpillaga Labaka, Josu & Lizarralde Azurmendi, Mikel. 2017. «Hekimeneko webguneen trafikoaren analisia. Hekimen Analytics tresna oinarri» in Mimenza Castillo, Libe (arg.). Euskal hedabideen urtekaria 2017, 81–96. Andoain: Hekimen.

———. 2019. «Hekimen elkarteko webguneen audientzia digitalen analisia 2018» in Mimenza Castillo, Libe (arg.). Euskal hedabideen urtekaria 2018, 123–140. Andoain: Hekimen.

———. 2020. «Hekimen elkarteko webguneak 2019. urtean» in Mimenza Castillo, Libe (arg.). Euskal hedabideen urtekaria 2019, 111–136. Andoain: Hekimen. https://behategia.eus/eu/txostenak/urtekariak/#1626349005118-da7b7edd-8fd6.

Azpillaga Labaka, Josu & Mimenza Castillo, Libe. 2023. «Hekimen elkarteko webguneak 2022. urtean eta azken 10 urteetan» in . Euskal hedabideen urtekaria 2022-2023, 137–152. https://behategia.eus/eu/urtekaria/urtekaria-2022-23/.

CIES. 2025. «Estudio de audiencia de medios. Acumulado 2025». Iruñea.

Hekimen. 2020. «Herri ekimeneko euskal hedabideetan ere nabariak dira pandemiaren ondorioak». Hekimen. https://www.hekimen.eus/2020/06/herri-ekimeneko-euskal-hedabideetan-ere-nabariak-dira-pandemiaren-ondorioak/.

Mimenza Castillo, Libe. 2026. «Datu bat: euskal hedabide guztiak ari dira analitika digitala lantzen» in Castro Egia, Hibai & Mimenza Castillo, Libe (arg.). Euskal Hebideen Urtekaria: 2025-2026, xxx–xxx. Leioa: Behategia, 2026. (orrialde zenbakiak sartu hutsune horretan)

Mimenza Castillo, Libe et al. 2024. «Hekimen elkarteko webguneen audientziak 2023. urtean, analitikan jauzi bat» in Castro Egia, Hibai & Mimenza Castillo, Libe (arg.). Euskal Hebideen Urtekaria: 2023-2024, 169–192. Leioa: Behategia, 2024.

———. 2025. «Hekimen elkarteko webguneen audientziak 2024. urtean: inoiz baino hedabide gehiago neurtu dira» in Castro Egia, Hibai & Mimenza Castillo, Libe (arg.). Euskal Hedabideen urtekaria 2024-2025, 119–142. Behategia.

Mimenza Castillo, Libe & Martínez Juez, Ane. 2025. «Hekimen elkarteko webgunean audientziak 2024. urtean: inoiz baino hedabide gehiago neurtu dira» in . Euskal Hedabideen urtekaria 2024-2025, 119–142. Behategia. https://dialnet.unirioja.es/servlet/articulo?codigo=10225267.

Newman, Nic et al. 2024. «Reuters Institute digital news report 2024». Reuters Institute for the Study of Journalism. doi:10.60625/RISJ-VY6N-4V57. https://reutersinstitute.politics.ox.ac.uk/digital-news-report/2024.

———. 2025. «Reuters Insitute digital news report 2025». Reuters Institute for the Study of Journalism. doi:10.60625/RISJ-8QQF-JT36. https://reutersinstitute.politics.ox.ac.uk/digital-news-report/2025.

Oficina de Justificación de la Difusión. «OJDinteractiva Auditoría Medios Online». https://www.ojdinteractiva.es/.

Ponsford, Dominic. 2025. «World’s biggest news websites: Japan and Brazil sites top ranking». Press Gazette. https://pressgazette.co.uk/media-audience-and-business-data/media_metrics/biggest-news-websites-in-the-world/.

Tobitt, Charlotte. 2026. «Global publisher Google traffic dropped by a third in 2025». Press Gazette. https://pressgazette.co.uk/media-audience-and-business-data/google-traffic-down-2025-trends-report-2026/.

Eskerrak

2025eko datu bilketan lagundu duten Beñat Murillo Etxebarriari, Hibai Castro Egiari eta Unai Foruria Egiari.


1 Artikuluaren izenburuak dioenez, euskara hutsezko hedabideez ari gara, eta analisi honetatik kanpo geratzen dira herri ekimenekoak izanik euskara husezkoak ez diren hedabideen zein taldeen webguneak. Ezinbestekoa litzateke horiek analisian txertatzea, baina gaur gaurkoz ez dugu haien datuetarako sarbiderik. Bestalde, hemendik aurrera euskarazko hedabideez mintzo garelarik, beti ere zedarritu dugun unibertsoaz ari garela ulertu behar da.

2 Neurtutako webguneen unibertsoaren tamainan azken urteetan aldaketak izan badira ere, trafikoaren bilakaera ondo baloratuko bada, zera hartu beharra dago kontuan: trafiko handiena biltzen zuten webgune guztiak izan dira neurtutako unibertsoan 12 urte hauetan guztietan. Zehazki, 2013ko zenbaketan zeuden 31 webguneek bisiten % 84 jaso dute 2025ean. Beraz, sistemara bildutako webgune berriek neurketa globalari egin dioten ekarpena baliotsua izan arren, ez da datu globala desitxuratzeko modukoa izan.

3. Barrena.eus atarian fusionatu dira Debabarrena eskualdeko lau atari 2025eko abenduaren 19tik aurrrera: beraz, aurtengo kontaketak lau tokiko hauen ordez, 2026koan bat izango da.

4. Uriola itxi da abenduan, beraz 2026tik aurrera daturik ez da izango.

5. Zientzia.eus eta Elhuyar aldizkariaren fusioa, irailetik aurrera orain arteko bi atariak bakarrean fusionatu dira: zientzia.eus. Beraz, aurten biak neurtu ditugu, baina hurrengo urteko unibertsoan webgune bakartzat hartuko dira

6 Ikus, aurrerago, “erabiltzaile” kontzeptuaren esangura eta konplexutasuna.

7 OJD Interactiva datu-basean informaziozko hainbat webguneren hileroko trafiko digitala neurtzen da (batez beste 461 izan ziren 2023an, eta 560 izan ziren 2025ean). Haietatik Euskal Herrikoak zortzi soilik izanik, ez dugu talde hau propio aztertu, datuak mugatuegiak direlakoan.

Bestetik, katalanezko hainbat hedabide ere neurtzen dira aurreko multzoaren barruan (baina txosten berezitua osatuta): batez beste 159 hedabidek osatzen zuten talde hau 2023an zehar, eta 187 hedabidek 2025ean zehar.

8 Batez besteko mugikorraren metrikak joerak hobeto ikustarazten ditu, bereziki serie historiko luzeak direnean. Oso erabiliak dira, adibidez, munduko tenperaturen bilakaeraren grafikoetan, urte batetik bestera gerta litezkeen gorabeherek, batzuetan, epe luzeko joera ikustaraztea eragotz baitezakete. Kasu honetan 2ko oinarria duen batez besteko mugikorra erabili dugu. Horren arabera, urte bakoitzean ematen den datua urte horretako datu errealaren eta aurreko urteko datu errealaren arteko batez bestekoa da.