(MU-ko Ikus-entzunezko Komunikazioko Gradu Bukaerako Lan batetik laburtutako testua)
Digitalizazioak ikus-entzunezkoen esparrua ere irauli du eta horrekin batera gizartean portaera eta harreman berriak ikus-entzunezkoekiko. Ikus-entzunezko esparru globalean, baina bereziki gertukoan, aldaketa nabarmenak eragin ditu edukien ekoizpen eta zabalkundeari dagokionez. Edukien biderkatze eta globalizazioak parez pare jarri ditu hizkuntza txiki eta handietan ekoiztutako ikus-entzunezkoak, eta panorama horretan ez dute ibilbide batere erraza euskara bezalako hizkuntza gutxituek.
Ildo honetan, Amezagaren (2020) arabera, Euskal Herriko ikus-entzunezkoek ere aldaketa nabarmenak pairatu dituzte fenomeno honen eraginez. Azken urteotan, ikus-entzunezko eduki tradizionalen kontsumoari eusteko ahalegin handiak egin dira, baina ikus-entzunezkoak online banatu eta kontsumitzeko modu berriak agertu dira, indartsu, gainera. Honen harira, Iriondoren (2023) esanetan, ikus-entzunezkoak inoiz baino gehiago kontsumitzen diren testuinguru honetan, euskararen egoera kezkagarria da. Nabarmentzen du euskarazko produkzioek azken hamabost urteetan dezente gora egin duten arren, ez direla nahikoa ikusleen egungo eskariarentzat. Hain zuzen ere, Iriondok (2023) argi du oso zaila dela gaur egungo ikus-entzunezkoen eskaria euskaraz sorturiko produktuekin asetzea, eta hori errazteko, bikoizketa eta azpidatzien sektore sendoa izatea beharrezkoa dela azpimarratzen du.
Hau horrela izanik, digitalizazioak eta edukien globalizazioak ekarri duen eraldaketaren aurrean, ordea, zaila da hizkuntza hegemonikoek menperatzen duten itsaso zabalean euskarak tokia izatea. Alta, adituek ohartarazten dute ikus-entzunezko ekoizpen propiorik ez duen herrialde batek ezin izango duela bere etorkizuna eraiki, ezta nortasuna gorde ere. Kalitatezko edukiek bermatuko dute audientziak, etorkizunean, informazioa eta entretenimendua kontsumitzea (Iparragirre, 2024).
Garrantzia handikoa da, beraz, gaur egun euskal gazteen artean euskarazko ikus-entzunezkoen kontsumoak duen eragina ikertzea, ikus-entzunezkoek berebiziko funtzioa betetzen baitute gazteen eguneroko bizitzan. Nerabe-taldeek erreferenteak bilatzen dituzte hedabideetan eta haien diskurtsoak berenganatzen dituzte, identifikatuta sentitzeko (Pavon, 2014). Modu batera edo bestera, ikus-entzunezkoek eragina dute hizkuntza portaeran, bertatik jasotzen baitituzte hizkuntza jokamoldeak. Pantailek, beraz, nerabearen sozializazioan eragin handia dute, eta eragin hori ez da lineala, ezta izaera bakarrekoa ere; eraginak konplexuak dira, askotarikoak eta, askotan, kontraesankorrak. Gaur egungo gazteen kontsumo-praktikak ikertzea funtsezkoa da, beraz, merkatua egungo joeretara egokitzeko eta etorkizunera begira modu eraginkorrean erantzuteko.
Artikulu honetara 18 eta 26 urte bitarteko gazteekin izandako hainbat elkarrizketa ekarri dira, ezagutzeko euskarazko ikus-entzunezko edukien kontsumoak euskal gazteriarentzat duen garrantzia, baita euskarazko edukien gainean egiten duten balorazioa ere. Adin-tarteka banatu dira talde eztabaidak; orotara, 6 talde eztabaida antolatu dira: 18 urteko bat, 19 urteko beste bat, 20 urteko bat, 22 urteko bat, 24ko bat eta 26ko bat. Talde eztabaida guztiak 2024ko martxoan egin dira.
Eztabaidetan parte hartu duten pertsonen pribatutasuna eta anonimotasuna bermatzeko, parte hartzaileen benetako izenak ez dira erabili. Horren ordez, izen ordezkatuak asmatu dira: 18 urtekoen taldeko parte-hartzaileen izen guztiak «A» letrarekin hasten dira (Ane, Amets, Aitziber...), 19ko eztabaida taldea «B» letrarekin, 20 urtekoa «D» letrarekin, 22 urteko taldea «E» letrarekin, 24koa «G» letrarekin eta 26 urteko taldea «I» letrarekin.
Eztabaida bi bloke nagusitan banatu da: lehenengo atalean hizkuntza hautuaren gaiari heldu zaio eta jakin nahi izan da zenbateraino den garrantzitsua, gazteentzat, edukia euskaraz egotea. Bigarren atalean euskarazko edukia eta eskaintzari buruz eztabaidatu dute, ezagutzeko zein iritzi duten euskaraz dagoen ikus-entzunezko eskaintzarekiko.
1. Ikerketaren emaitzak: gazteek nola baloratzen duten euskarazko eskaintza eta edukia
18 eta 26 urte bitarteko gazteek euskarazko ikus-entzunezkoen eskaintza eta edukia nola baloratzen duten ezagutzeko, hainbat erpinetatik heldu zaio gaiari. Gaur egungo euskarazko edukia nola definitzen duten galdetzeaz gain, alderatu egin dute haien haurtzaroko bizipena gaur egungoarekin.
Talde eztabaida guztietan aipatu da euskarazko edukiak eskuragarriago eta ugariagoak zirela haien haurtzaroan. Haurtzaroan, euskarazko marrazki bizidunak, telesailak eta bestelako edukiak maiz kontsumitzen zituzten. Hauek haien eguneroko entretenimenduaren parte garrantzitsua ziren. Haur eta gaztetxoentzako telebista saioak, hala nola, marrazki bizidunak eta haurrei zuzendutako filmak, euskaraz kontsumitzen zituzten; besteak beste, Go!azen, Doraemon, One Piece, Berebiziko espioiak, Shin Chan, Kodea Lyoko edota Hirukiak.
Euskarazko edukiekin duten egungo harremana deskribatzerako orduan, euskarazko edukien kalitate baxuari egin diote gazte askok erreferentzia, askotan zaharkituak daudela edo monotonoak direla aipatu baitute. Gaztelaniazko edo ingelesezko edukiak ikustera ohituago daude, eduki freskoagoak eta erakargarriagoak iruditzen zaizkiela aipatu dute. Gazteek adierazi dute ikus-entzunezkoak hautatzerako orduan hizkuntzak ez diela eragiten, eta euren ustez, edukiaren kalitatea hizkuntza baino garrantzitsuagoa da.
Euskarazko edukiei balio erantsia ematen dieten gutxi batzuek parte hartu dute eztabaidetan, euskarazko ikus-entzunezkoak bilatzen dituzte era aktiboan, baina hala ere, kalitate baxuagoa aitortzen diote edukiei, oro har.
Bigarren Batxilergoko ikasleen hitzetan, euskarazko edukiak kalitate ona izango balu gustura ikusiko lukete baina kasua ez denez hori, gaztelania edo beste hizkuntza bat hautatzen dute euskararen aurretik.
Ane: Nik nahiago dut pelikula on bat ikusi. Kalitateaz gain, koxka aukeretan dagoela ikusten dut. Aurrekoan Netflixen sartu nintzen, eta euskarazko film bakarra aurkitu nuen (Loreak), beste guztiak gaztelaniaz zeuden.
Amets: Pelikula oso on bat euskaraz baldin badago, ikusten dut. Baina, askoz ere hobea erdaraz baldin badago, erdarazkoa hautatzen dut.
Aitziber: Nik uste dut kasu horretan hizkuntzak ez duela zerikusirik kalitatearekin. Hau da, lehenengo kalitateari erreparatzen diot, hizkuntza ez da zer ikusi aukeratzeko faktore bat. Ez doaz batera.
19 urtekoek euskarazko ikus-entzunezkoak artifizial gisa definitzen dituzte. Bidanek dio erdarazko edukia askoz ere hobeto eginda dagoela. Blanca eta Bittorrek adierazten dute hizkuntzaren hautuari ez diotela garrantzia handia ematen, baina edukiaren kalitateari bai:
Blanca: Euskarak ez du garrantzirik nire hautuan, edukiari ematen diot garrantzia. Euskaraz egoteak ez nau bultzatzen.
Bea: Nire kasuan bai. Eskaintzen dena euskaraz badago, aukera hori lehenesten dut. Konturatzen naiz bilaketetan balantze bat lortzeko saiakeran nabilela, eta kontzientzia hori badut. Arlo batzuetan nire kontsumoa gaztelerara soilik bideratzen denean jabetzen naiz euskarak ere bere lekua izan behar duela.
Bittor: Ez dut hizkuntzaren arabera hautatzen. Produktuan jartzen dut garrantzia.
Bidane: Erdaraz kontsumitzen ari naizenean, momentuan jabetzen naiz zerbait euskaraz jaso beharko nukeela.
Beak ikuspuntu aldaketa bat txertatzen du: «Ez dago kalitatean gakoa. Mainstream-ak komentatzeko aukera emango dizu eta integratuago sentituko zara gizartean».
20 urteko gazteek uste dute kalitate txarra dutela euskarazko ikus-entzunezkoek eta horregatik ez direla ikusten, nahiz eta euskarazkoak izan. Haatik, Deñe kontziente da kalitatezko produkzioak egiten direla euskaraz: «Jada demostratu da hemen egindako euskarazko produkzioekin kalitate handia dagoela. Adibidez, Handia, Irati edo Errementari bezalako filmekin». Taldeko beste batzuek, kalitate baxua duten ikus-entzunezkoei aukera bat ematen diete euskarazko edukiak babesteko eta sustatzeko.
Danel: Niri berdin zait, kalitate txarra badu zuzenean ez dut ikusten. Ez da hizkuntzarengatik, edukiari erreparatzen diot.
Deñe: Erdaraz zerbait ikusten ari naizenean kalitate txarra badu, kendu egiten dut. Baina euskararen kasuan aukera bat ematen diot nahiz eta kalitate baxua eduki.
Dominika: Nahiz eta kalitate txarra eduki, aukera bat ematen diot euskaraz izate hutsagatik.
22 urtekoen eztabaida taldeak iritzi bateratua du euskarazko ikus-entzunezkoen kalitatearen inguruan, ez ordea, euskaraz egoteak duen balio erantsian. Beste hizkuntzekin alderatuz, euskarazko edukiek kalitate baxuagoa dutela aipatzen dute, edukiak «kutreak» edo «infantilak» direla diote. Adin tarte honek, beraz, atzerriko edukia erakargarriago ikusten du; Edurnek ongi azaltzen du honen arrazoia: «Nazioarteko ekoizpenek aurrekontu handiagoa dute, eta horrek kalitatea igotzen du». Edurnek gaztelaniazko edo ingelesezko hautua lehenesten du, baina haren kontrara, Enekok euskaraz izateari ematen dio garrantzia.
24 urteko gazteen talde eztabaidan aipatu da kanpoko produkzioek kalitate handiagoa dutela eta euskarazko edukia kalitate baxuarekin lotzen dute:
Gaizka: Telesail zaharretan nabaritzen da aldea. Aurrekontu kontua da. Euskal Herri mailan ez da kanpoan bezainbeste inbertitzen, eta hori kalitatean nabaritzen da.
Garazi: Eduki bisualetan da nabariena. Kanpoko filmetan kalitatea nagusitzen da eta hemen ez. Aktoreen aldetik ez dut hainbesteko aldea nabaritzen.
Goizane: Desberdintasun handiena zientzia fikzioan gertatzen dela esango nuke. Euskal Herriko ekoizpenetan ez ditut nazioarteko ekoizpenetan ikusi ditudan efektu bisualak ikusi.
Haatik, denek ez dute bat egiten orain arte agertutako iritzi horiekin. 26 urteko talde eztabaidako kideek euskarazko edukiek kalitate ona dutela adierazi dute, ez dute kalitate baxua izanaren kezkarik. Euskarazko edukia gustuko dute. Ibaik ongi azaltzen du bere inguruko jendeak euskarazko ikus-entzunezkoak kalitate handiko eduki gisa ulertzen dituela: «Kuadrillan euskal edukien gainean hitz egiten dudanean kalitate maila handi batean hautematen ditugu». Hizkuntzari ematen dioten garrantziari dagokionez, iritzi kontrajarriak daude: batzuek hizkuntzaren hautuari ez diote garrantzia handia ematen eta beste batzuek bai. Ikerrek eta Igorrek adierazi dute hizkuntzari ez diotela erreparatzen eta edukiari erreparatzen diotela. Bestalde, Ibai eta Irantzuk euskaraz ikustea hobesten dute:
Ibai: Niretzako bai, erosoago sentitzen naiz euskaraz kontsumitzean.
Irantzu: Pentsatzen dut ea euskaraz dagoen ala ez, baina euskarazko aukerarik ez badago, berdin-berdin ikusten dut.
Igor: Ez nau baldintzatzen.
Iker: Normalean jatorrizko hizkuntzan ikusten dut.
Adinaren arabera, beraz, gazteek desberdin baloratu dute euskarazko ikus-entzunezkoen kalitatea eta iritzi desberdinak dituzte gaiaren inguruan, hots, hizkuntza motibazio gehigarria den edo ez edukia hautatzerako orduan.
Bikoizketa eta azpidatzien gaia atera denean, talde askotan bikoizketak antinaturalak edo behartuak izan daitezkeela pentsatzen dute. Bikoizketak ahotsak beti berdinak eta astunak izatea eragiten du. Adibidez, 22 urteko taldean, Ekain eta Eiderrek bikoizketak emozioa galtzea eragiten duela eta jatorrizko hizkuntzak sinesgarritasuna ematen duela azaltzen dute. Gainera, Danel eta Denisek adierazi dute euskarazko bikoizketek deserosotasuna sortzen dutela haiengan.
Zenbait taldek nahiago dute jatorrizko hizkuntzan ikusi edukia, bikoizketak antinaturalak eta behartuak izan daitezkeelako. Adibidez, 24 urteko taldean, Gorkak eta Garik bikoizketaren kalitate falta eta sinesgarritasun falta aipatu dituzte.
Talde batzuk azpitituluak erabiltzeak esperientzia errealistagoa ematen duela eta bikoizketa antinaturala saihesten duela pentsatzen dute. 18 urteko taldean, gehiengoak beste hizkuntzetan azpitituluak nahiago ditu. Esaterako, 18 urteko taldean, Aitorrek erdara aukeratuko lukeela esaten du euskarazko azpitituluak gaizki itzulita daudelakoan. Beraz, ez dituzte euskarazko azpitituluak hautatzen, hauei akats gramatikalak izatea egozten dietelako.
2. Euskarazko edukiak non bilatu jakin ezinik
Focus group edo talde eztabaida guztietan gailendu den ideia izan da euskarazko edukiak aurkitzea zaila dela. Tik-Tok eta YouTube-ren erabilera nabarmendu dute, non euskarazko edukiak aurkitzeko aukera gehiago dituzten, baina Netflix eta beste streaming plataforma batzuetan euskarazko eduki gutxi aurkitzen dutela aipatzen dute. Aitziberrek dio: «Netflixen oraintxe bertan ez dago ezer euskaraz». Eiderrek dio: «Erreza ez da, eta plataforma handietan ez daude euskarazko eduki asko». Euskarazko edukiak plataformetan aurkitzea zaila dela eta horrek kontsumoa zailtzen duela diote.
Plataformei dagokionez, EITB Nahieran da gazteentzat erreferentzia nagusia, baina askok uste dute bertako eskaintzak zaharkituta daudela. Gaizkak dio: «EITB Nahieran-en topatzen duzun edukia ez da aktualitatekoa, gehiengoa telesail zaharkituak dira». Orain Primeran plataforma agertu da, parte-hartzaile batzuek aukera berri gisa hartu dute plataforma berria. Garik azaldu du: «Lehen, zerbait euskaraz ikusi nahi banuen ez nekien nora jo, orain Primeran plataforman sartuko nintzateke». Ordea, askok ez dute plataforma berri horren berri izan eta ez dute ezagutzen.
24 eta 26 urteko taldeko gazteek euskarazko edukiak aurkitzeko hainbat plataforma erabiltzen dituzte. Horien artean, YouTube, Instagram edo EITB Nahieran. Nahiz eta plataforma hauek ezagutzen dituzten, euren hitzetan euskarazko edukiak aurkitzea ez da oso erraza. Irantzuk dio: «Ez dago erraztasun berdina erdaraz edo euskaraz bilatzerako garaian. Adibidez, bideo tutorial bat erdaraz aurkitzea errazagoa da.«Gorkak esan zuen: «Euskarazko edukia nik bilatu behar dut. Erdarazko edukia bakarrik etortzen zait».
Orokorrean, focus group hauetako gazteek diote euskarazko edukiak sare sozialetan badaudela, baina oraindik lanketa handia dagoela beste streaming plataformetan horien presentzia egoteko. Haien hitzetan, euskarazko eduki berriak sortzen ari dira, baina lan asko egin behar da plataformetan euskararen eskuragarritasuna hobetzeko.
Azken urteetan, gazteen artean euskarazko edukia kontsumitzeko ohiturak asko aldatu dira, eta sare sozialek eragin handia izan dute aldaketa honetan. Sare sozialen bidez, euskarazko edukiak kontsumitzeko joera handitu egin da. Talde eztabaidetako partaideen hitzetan, sare sozialetan euskarazko edukia kontsumitzeko joera handiagoa dago, telebistan baino, eta denak bat etorri dira esaterako orduan sare sozialak direla euskarazko edukia topatzeko eta kontsumitzeko lekua. Anek eta Aitorrek adierazi dute sare sozialetan euskarazko edukiak aurkitzen dituztela noizean behin. Adibidez, Anek Tik-Token euskarazko kontuak aurkitzen ditu, hala nola Barratik Kalera edo podcastetako bideo laburrak.
Hala ere, talde eztabaida guztietan euskarazko edukiaren zabalkunde eskasa aipatzen da. Deñek dio sare sozialetan euskararen presentzia handitu dela eta orain errazagoa dela euskarazko edukia aurkitzea. Baina Denisek adierazten du sare sozialetako edukia euskaraz ikusteak interakzio gutxiago dakarrela. Beñat, ordea, algoritmoa entrenatzen saiatzen da, euskarazko eduki gehiago ager dadin.
Euskarazko edukiak kasualitatez kontsumitzen dituztela diote batzuek. Ikerrek, esaterako, Instagrameko euskarazko memeak goraipatu ditu, esanez «Instagrameko memeak euskaraz hoberenak» direla. Euskarazko edukia sare sozialetan gero eta gehiago agertzen den arren, gazteek gehiago nahi dute eta horrek erakusten du eskaintza handitu eta kalitatea hobetu behar dela euskarazko edukiak presentzia gehiago izan dezan.
3. Zer ikusi nahiko luketen, euskaraz
Eztabaidetan parte hartu duten gazteek euskarazko eduki berritzaile eta erakargarri gehiago eskatzen dituzte, generoetan eta gaietan anitzagoak izateko premia nabarmenduz. Adinarekin, gazteek eskaintza zabala eta kalitatezkoa behar dutela diote, eta euskarazko eskaintza ez dela nahikoa beraien behar eta gustuak asetzeko. Haurtzaroan euskarazko edukia kontsumitu izan duten gazteek, adinarekin, kontsumo hori murriztu egin dute.
18 urtekoek genero aniztasun handiagoa nahi dute euskarazko film zein telesailetan; adibidez, beldurrezkoak edo superprodukzioak euskaraz. Anek eta Ametsek diotenez Vis a vis eta La Casa de Papel bezalako telesailak euskaraz ikusi nahi dituzte. Euskarazko ikus-entzunezkoak umeentzako direla diote; naturaltasuna eta kalitate handiagoa nahi dute. Bestalde, Ametsek dio euskal kulturaren inguruko edukiez gain, beste motatako edukiak nahi dituztela. Nahiz eta euskal kultura garrantzitsua den, gazte hauek eduki anitzagoak nahi dituzte, beste kultura eta istorioak barne hartzen dituztenak. Azkenik, Tik-Tok eta YouTube bezalako plataforma berrietan euskarazko eduki gehiago nahi dute.
Ane: La Casa de Papel bat euskaraz egitea eta kantitate gehiago egitea.
Amets: Vis a Vis bezalako telesail bat. Euskarazko filmak, gehienetan, euskal kulturaren ingurukoak dira eta agian hori jada ez da hain interesgarria Euskal Herri mailan. Amerikan egiten dituzten pelikulak gaztelaniara itzultzen direnean, funtzionatzen dute. Euskararekin berdina egin behar da, itzuli eta bikoiztu naturaltasun batekin. Kalean hitz egiten den hizkuntza erabiltzea eta ez dadila euskara batua izan.
Aitor: Euskaraz umeentzako telesail asko ateratzen dituzte, azkenean normala da, horrela haurrak euskararekin handitzen dira. Baina momentu batera iristen zara non ez dituzun ikus-entzunezkoak euskaraz kontsumitzen, ez daudelako. Zure kabuz hasi behar zara euskal edukia bilatzen, eta ez dator bakarrik. Beldurrezko pelikula bat euskaraz ikustea gustatuko litzaidake. Ez du zertan izan behar Euskal Herrian ekoiztutako pelikula bat, arrakasta eduki duten telesail eta pelikulak euskarara itzultzearekin nahikoa izango litzateke. Esaterako, La Casa de Papel bat euskarara itzultzea naturaltasunarekin.
19 urteko gazteen taldeari dagokionez, kalitatezko edukia nahi dute. Horien artean, osasun mentalaren gaia lantzen duten edukia edo gaur egungo arazoak gaitzat dituzten edukiak interesatzen zaizkie. Produktu errepikakorrak baztertu eta berritzaileen alde egin behar dela esan dute.
Beñat: Telebistan ez da fokua jarri behar. Sare sozialetan eta plataformetan jarri behar da arreta.
Bidane: Tik-Token jarri behar dute arreta. Osasun mentalaz, generoaz, ekonomiaz eta gaur egungo arazoez hitz egin behar dute.
Begoña: Tik-Tok da bidea produktura iristeko, baina produktua ez da Tik-Tokerako sortzen.
Bea: Nekatuta nago betikoarekin eta zerbait berria ikusi nahi dut euskaraz.
Bittor: Euskarazko reality bat ondo eginda balego eta aurrekontu handi bat edukiko balu ikusiko nuke.
Blanca: Adibidez, uste dut Piztu telebista saioak funtzionatzen duela.
Bea: Oso espektatiba baxuak ditugu eta edozein edukirekin konformatzen gara.
20 urtekoek euskarazko edukia kalitatezkotzat jotzen badute ere, generoen aldetik aniztasun mugatua dagoela diote. Horregatik, euskarazko ikus-entzunezkoetan genero gehiago egotea nahi dute. Horrez gain, euskalkiaren garrantziaz ere hitz egin zuten focus groupean.
Danel: Egia da ez daudela telesail asko gazteei bideratuta. Irabazi Arte ez dago hain gaizki. Baina honen target-a ez dira gazteak. Guretzako zerbait interesgarria falta da, gazteontzako.
Denis: La Casa de Papel bat euskaraz, akzioa.
Dominika: Drama generoa ere euskaraz egon beharko litzateke. Adibidez, Goenkale euskarazkoa zen eta oso ondo funtzionatzen zuen gazteen artean.
Deñe: 2000. urtean hika sartzen hasi ziren eta oso ondo funtzionatu zuten telesail horiek. Goenkale, Bi eta bat, Pilotari… euskaraz hitz egitean hika sartzen zuten eta hori mugimendu edo momentu oso esanguratsu bat izan zen, arriskatu egin zuten. Gainera, eduki horiek funtzionatzen dute.
22 urteko gazteek uste dute euskarazko ikus-entzunezkoak erakargarriagoak eta originalagoak izan behar direla. Ikusi nahi dutena Euskal Herriko historiari buruzko gai interesgarriak dira, adibidez, Gernikako bonbardaketa. Edukien kalitatea hobetzea eta euskalki desberdinen erabilera ere sustatu behar direla adierazi dute.
Eider: Oso historia potentea daukagu Euskal Herri mailan, eta gauza asko hortik kontatu daitezke.
Ekain: Euskal Herriko historiak potentzial handia du, eta kontatzeko gauza asko daude.
Eneritz: Euskalki desberdinek ikus-entzunezkoak errealistagoak egiten dituzte.
24 urteko gazteek umorea, parodia, misterioa eta liburu-adaptazioak nahi dituztela adierazi dute. Alegia, euskarazko genero desberdinak nahi dituzte eta edukiak gaur egungo gaiak izatea. Euskarazko fikzio berria nahi dute eta honen produkzioa kalitatezkoa izatea. Horrez gain, superprodukzioak euskarara bikoiztea nahi dute.
Gari: Umorezko, misteriozko edo hilketen inguruko zerbait.
Gaizka: Komediazko pertsonaiak euskaraz ere ikusi nahi ditut.
Garazi: Fikzioa. Baita liburu adaptazioak ere, euskal literaturako adaptazioak.
Goizane: Ikusten jarraitzeko irrika pizten dizuten telesail horietako bat.
26 urteko gazte taldeak uste du euskarazko edukiaren aukerak oso mugatuak direla. Askotan beste hizkuntzetan arrakasta izan duten edukiak euskaraz ikusi nahiko lituzkete. Genero desberdinak nahi dituzte. Gazte hauek diote euskarazko edukiak askotan euskal kulturarekin lotzen direla eta beste hizkuntzetan dauden generoak euskaraz ikustea nahi dituztela.
Iker: Hollywoodeko pelikula bat euskaraz ikusi nahiko nuke.
Ibai: Umorezkoa. Lehen asko egiten zen eta funtzionatzen zuen, baina orain ez da egiten.
Irantzu: Beste hizkuntzetan dagoen material guztia ez dago euskaraz. Euskarazko edukia oso zehatza da, hemengo kultura gehienbat.
Igor: Erdaraz dagoen zerbait euskaraz egitea. Adibidez, akzioa.
4. Euskaraz egoteak duen balio erantsia
18 urteko gazteek euskarazko edukia gutxi kontsumitzen badute ere, kontzientzia maila handia dute euskarazko ikus-entzunezkoak kontsumitzearen gainean. Focus group honetako gazte hauek euskarazko edukiak euskararen erabilera sustatzeko eta bultzatzeko tresna gisa ikusten dituzte. Euskarazko edukiek balio erantsia eta ekarpen positiboak izan ditzaketela diote. Haiek ez dituzte euskarazko edukiak gutxiesten euskaraz izate hutsagatik, kontrako jarrera sortzen du haiengan; euskarazko edukia dagoela ikusteak harrotasuna sortzen die.
Aitziber: Netflixen bat-batean telesail bat euskaraz agertuko balitz, agian oso txarra izango litzateke, baina ikusiko nuke. Harrotasun puntu bat sentituko nuke.
Aitor: Euskaraz izateak arreta gehiago ematen dit.
Ane: Euskaraz bada, 'ostia, pelikula bat euskaraz' pentsatzen dut, baina gaztelaniaz denean ez naiz gelditzen pentsatzen 'eta euskaraz izango balitz...'
19 urteko adinak, euskaraz kontsumitzea bigarren plano batean uzten du. Baina, Beñat, Bittor eta Bidanek gailentzen dute euskara hautatzen duten kasuetan gehiago iristen zaiela eta etxekoagoa sentitzen dutela. Aitzitik, Blanca eta Beak ez diote inongo garrantzirik ematen euskaraz kontsumitzeari. Horrek eztabaida sortu zuen 19 urteko gazteen artean:
Beñat: Txikitako telesailak orain ikusten baditut, euskaraz ikusteak nirekin konektatzen laguntzen dit. Nire haurtzaroarekin konektatzeko aukera ematen dit. Etxekoagoa, gertukoagoa da.
Blanca: Nire egunerokoan ez dut euskaraz gehiegi egiten, eta nire euskara hobetzen laguntzen dit. Horrez gain, aportazio berezirik ez dit egiten.
Bea: Ez dut ezer berririk jasotzen, baina sentitzen dut nik ekarpena egiten dudala. Ez dut ikusten eta entzuten euskarazko zerbait aportatzen didalako. Euskaraz kontsumitzea erabakitzen badut lagundu eta bultzatu nahi dudalako da eta ez zerbait eragiten duelako nigan.
Bittor: Gehiago iristen zait.
Bidane: Nik gaztelaniaz ikasten dut, eta euskararen erabilera nabarmen jaitsi da nigan. Horrek euskaraz espresatzea zaildu egiten dit. Euskarazko ikus-entzunezkoek ezer berririk ez ekarri arren, ez ahazten lagundu didate.
20 urte dituztenen focus groupeko partaide batzuek uste dute euskarazko edukiek eragin positiboa dutela hizkuntza mantentzeko eta sustatzeko. Euskarazko ikus-entzunezkoak kontsumitzeak batzuentzat garrantzia dauka. Ordea, kalitate txarra duten ikus-entzunezkoak ez dituzte ikusten, baina euskarazko edukiak izanez gero aukera bat ematen diete, hizkuntza babesteko. Deñek euskaraz ikusteko joera du, horrela, plataformetan hizkuntza garatzen laguntzeko. Danelek eta Dominikak diotenez, plataformetan euskarazko edukia agertzen bazaie, garrantzia ematen diote eta euren arreta pizten du.
22 urteko gazteen focus groupean argi ikusten da euskaraz kontsumitzeak balio erantsia ematen duela baina ez diote euskaraz kontsumitzeari garrantzia ematen. Eneko eta Edurnerentzat balio erantsi hori gertutasuna da, eta horrek etxekoago sortarazten du euskarazko edukia. Enekok dio: «Euskaraz kontsumitzeak gertukoagoa sentiarazten dit». Edurnek hau gehitzen dio: «Etxekoagoa egiten zait eta emozio gehiago transmititzen ditu».
Ordea, gailentzeko partaideek ez dute balio erantsi eta gertutasun hori ikusten eta ez diote garrantzia ematen, Eneritzek zera azaltzen du euskarazko ikus-entzunezkoen gainean: «Euskarazko edukia batzuetan behartua eta artifiziala dela sentitzen dut».
24 urtekoen focus groupeko kideei euskaraz izateak hainbat ekarpen egiten die. Adibidez, hizkuntza ikastea eta erosoago sentitzea. Horren gainean Goizanek baieztapen hau uzten digu: «Nire ama hizkuntza ez da euskara, orduan telebistan ikusitakoak ikasteko balio izan dit». Hizkuntzaren transmisioaren gainean ere hitz egin dute. Euskaraz kontsumitzeak haurrengan eta gazteengan eragina duela azpimarratu du Garazik: «Haurrengan eta gazteengan ekarpen handiagoa egin dezake euskaraz kontsumitzeak»
Euskarazko ikus-entzunezkoak kontsumitzeak balio gehigarria du 26 urteko gazteentzat. Hizkuntza hautuari hainbatek garrantzia ematen dioten aldetik, kontziente dira ekarpen gehigarria egiten diela euskaraz ikusteak. Focus groupean aipatutako balio erantsiak:
Ibai: Familiarragoa eta erosoagoa da euskaraz ikustea.
Irantzu: Politagoa iruditzen zait, entzuteko eta emozioak transmititzeko. Gehiago iristen zait.
Igor: Gertutasuna erakusten dizu.
Galdetu zaienean ea haientzat garrantzitsua den euskarazko ikus-entzunezkoak kontsumitzea, 18 urteko gazteek euskaraz kontsumitzeak hizkuntza ikasteko eta praktikatzeko aukera ematen duela esan dute. Hauek uste dute euskaraz kontsumitzeak euskararen normalizazioan laguntzen duela, baina edukiak kopia edo kalitate eskasekoak direla. 19 urteko adineko partaideek euskaraz kontsumitzearen gainean kontzientzia handia dute, eta eurek esan dute esfortzua egin behar dela euskaraz kontsumitzeko. 20 urteko gazteei begiratuta, horiek argi dute euskaraz kontsumitzea oso garrantzitsua dela hizkuntza sustatzeko eta mantentzeko. 22 urteko gazte taldeko kide batzuei berdin zaie euskaraz edo erdaraz kontsumitu, baina beste batzuek euskarazko edukiak kontsumitzeak garrantzia duela uste dute.
Gorka: Euskara ama-hizkuntza da, horrek bultzatzen zaitu euskaraz zerbait ikustera. Barnetik ateratzen zaizu ikustea, baina ez da ardura bat. Euskaraz ulertzen duzu, hitz egiten duzu eta kontsumitzen duzu, kito. Hori denok egin beharko genukeen zerbait da.
Aitziber Nire ustez, ez da ardura bat. Hori denok egin beharko genukeen zerbait da. Pixkanaka-pixkanaka, guztiok hori eginda, euskararen zabalkundean lagundu dezakegu, nahiz eta ez mundu mailan izan.
Euskarazko edukiak gutxiesteko joeraren inguruan galdetzean, gazte hauek uste dute euskarazko edukiak «kopia merke» gisa hartzen dituela gizarteak eta horrek prestigioa kaltetzen duela. Batxilergoko gazteek euskarazko edukiak gehiago bultzatu eta kalitatea areagotu behar dela esan dute. Gazteen artean gutxiesteko joera asko murrizten da sare sozialetan. Aldaketa bat egon dela esan dute, orain kalitatezko edukitzat ikusten ditu gizarteak. Partaideek uste dute euskarazko ikus-entzunezkoak batzuetan gutxiesten direla, bikoizketak direla-eta. Hala ere, hainbat gaztek diote zenbait jendek iritzi txarra duela euskarazko edukiei buruz.
5. Ondorio bat, paradoxa bat: kalitatea dago hizkuntzaren gainetik, baina aldi berean, euskarari garrantzia aitortzen zaio
Gazteek desberdin baloratzen dute euskarazko ikus-entzunezkoen kalitatea adinaren arabera. Gazteagoek (19-22 urte) uste dute euskarazko edukiek kalitate eskasa dutela, eta horrek beste hizkuntzetako edukiak kontsumitzera bultzatzen ditu. 24 urteko gazteek ere antzera pentsatzen dute, nahiz eta ikuspegi zabalagoa izan. 26 urteko gazteek, berriz, kalitate ona ikusten diete euskarazko ikus-entzunezkoei eta gustura kontsumitzen dituzte.
Edukien kalitateaz egon daitezkeen adostasun edo desadostasunen parean, edukiak hautatzerako orduan kalitatea hizkuntzaren gainetik dagoela ondorioztatzen da. Gazte gehienek diote edukiaren kalitateari erreparatzen diotela eta hizkuntzak ez duela eragin handirik beren hautuan. Euskarazko edukiak gustuko dituzten arren, askotan erdarazko edukiak hautatzen dituzte kalitate hobea dutela egotzita. Euskarazko bikoizketak antinatural gisa definitu dituzte eta nahiago dute jatorrizko bertsioa, azpidatzietarako geroz eta joera gehiago dagoelako.
Paradoxikoki, euskarazko edukiak euskararen erabilera eta sustapena bultzatzen dutela eta harrotasuna eta hurbiltasuna eragiten dizkietela, hori diote elkarrizketetan parte hartu duten gazteek. Oro har, gazteek euskarazko edukiei eragin positiboa egozten diete, garrantzitsua iruditzen zaie euskararen normalizazio eta prestigioaren alde ekarpena egiten dutelako.
Euskarazko ikus-entzunezkoen aurrean bi jarrera deskribatzen zituen Salcesek (2016) bere lanean. Haren arabera, jendarte mota batek ez du azentua euskaran jartzen, baizik eta edukian. Kasu horretan, ikus-entzunezkoak ez dira kontsumitzen euskarazkoak direlako, baina euskaraz gustuko saioa eskainiz gero, aukera probestuko dute. Bestetik, gizartean badaude euskarazko edukien aldeko hautu aktibo bat egiten dutenak. Honen arrazoiak desberdinak izan daitezke: hizkuntzarekin lotura mantendu nahi dutelako, proiektu zehatzak babestu nahi dituztelako, komunikabideek normalizazio linguistikoan zeregin zentrala dutela uste dutelako, edota aurrez aurreko harremanetan ere egunero euskaraz bizi direlako.
Edozelan ere, hautua kalitatearen arabera egiten duten gazteak ere gai dira balioa emateko euskarazko ikus-entzunezkoek hizkuntzari egiten dioten ekarpenari, baina motibazio horrek ez du gehiengoa mugitzen.
6. Euskarazko edukiak digitalizazioaren testuinguruan tokia bilatu ezinik
Focus group guztietan euskarazko edukiaren zabalkunde eskasa aipatzen da, eta euskarazko edukia gehien kontsumitzen eta aurkitzen duten tokia sare sozialak direla azpimarratu dute. Azken urteetan, sare sozialek gazteen artean euskarazko edukiak kontsumitzeko ohituretan aldaketa nabarmena eragin dute. Algoritmoak entrenatzea eta euskarazko eduki gehiago eskatzea ohikoa da, baina interakzio maila baxua dela nabarmendu dute. Oro har, euskarazko edukiak sare sozialetan gero eta gehiago agertzen diren arren, gazteek eskaintza zabalagoa eta kalitate hobea behar dute, euskarazko edukiak kontsumo ohituretan garrantzia handiagoa izan dezan.
Elkarrizketatutako gazteen arabera, euskarazko edukiak aurkitzea zaila da, batez ere streaming plataformetan. Nahiz eta Tik-Tok eta YouTube bezalako sare sozialetan euskarazko edukiak aurkitzeko aukera gehiago izan, Netflix eta antzeko plataformetan eskaintza oso urria da. EITB Nahieran plataforma zaharkituta dagoela iruditzen zaie, eta orain sortutako Primeran plataforma aukera ona izan daitekeela uste dute, nahiz eta askok ez duten ezagutzen. Gazteek adierazi dute euskarazko edukiak topatzeko erraztasun handiagoa behar dutela eta oraindik lan handia dagoela plataformetan euskarazko edukien presentzia eta eskuragarritasuna hobetzeko eta txertatzeko. Munduko ikus-entzunezko guztiak klik batean eskuragarri ditugun garaian, euskarazko edukien ikusgarritasuna eta irisgarritasuna bada, beraz, erronka garrantzitsua.
Ikerketa honek gazteen iritzia jaso du, baina ez da argitzen zein den gazteen ezagutza gaiaren inguruan. Kalitatea aipatzen dutenean, ez dute zehazten zer den kalitatea, haien begietan. Ez dute argitzen, ezta ere, zenbat ezagutzen duten euskarazko edukien eskaintza, zertan oinarritzen diren azpitituluen kalitatea neurtzeko, eta abar. Iritzi horien atzean, aurreiritziak eta informazio falta hauteman litezke. Baina ikerketa honen helburua gazteen begirada ekartzea izan da, aurreiritziak barne, aztertzen hasi gabe zein den aurreiritzien edo emandako iritzi horien jatorria. Dena dela, ikuspegi horrek ere balio du euskarazko ikus-entzunezkoei buruz dagoen pertzepzioa ulertzeko.
Gazteek euskarazko eduki gehiago nahi dituztela diote; elkarrizketetan aipatu dituzten terminoen artean daude aniztasuna, berrikuntza, erakargarritasuna edota originaltasuna. Deskribapen bakoitzaren atzean egon daitekeen subjektibotasunaz harago, haien egunerokotasunean erabiltzen dituzten streaming plataformetan eta sare sozialetan euskarazko edukien presentzia handitzea nahiko lukete, haientzat garrantzitsuak diren egungo gaiak lantzeko. Horiek horrela, kontuan hartu behar da iritzi hauek ikerlariaren aurrean emandakoak direla, eta edozein norabide hartzekotan, beste hainbat irizpide ere kontuan hartu beharko liratekeela.
BIBLIOGRAFIA:
Amezaga Albizu, J. (2020). Komunikazioa inkomunikazio bihurtzen denean. Bat: Soziolinguistika aldizkaria (116).
Iparragirre Torres, U. (2024). EITB: Audiovisual is digital. In H. Castro eta L. Mimenza (Eds.), Euskal Hedabideen Urtekaria 2023-2024, (55-61 orr.)
Iriondo Azpiri, E. (2023). Euskarazko ikus-entzunezkoen egungo produkzioa. Ekoizpenaren, kontsumoaren eta zabalkundearen azterketa, begirada kualitatiboa ardatz. Euskal Hedabideen Urtekaria, 93-104 orr.
Pavon Arrizabalaga, A. (2014). Nerabearen eta lagun taldearen ikus-entzunezko kontsumoa 2011n; Gipuzkoako kasu azterketa (Doktorego Tesia, Mondragon Unibertsitatea).
Salces Alcalde, G. (2016). Euskaldunak komunikabideen aurrean: iritzien, ohituren eta jarreren azterketa kualitatibo eta kuantitatiboa (Doktorego Tesia, Euskal Herriko Unibertsitatea).