Urtekaria 2025-2026 | Xalbat Alzugaray Etxeberri (Kazetaria eta EHU-EITB Multimedia Komunikazioa masterduna)

Korrika eta hedabide alternatiboak analizatzeko gogoak bultzaturik, Euskal Irratietako Korrikaren zuzenekoak euskal hiztunongan izan dezakeen eragina ikertuko da artikulu honetan1. Izan ere, lan honen bidez, hainbat ikerlari eta gizarte erreferenteren irizpideak gurera ekarri ditugu hedabide alternatiboak definitu nahian.

Korrika ezaugarritzeko, aldiz, Teresa Del Valleren lana zein Émile Durkheim soziologoaren batasun emozionalaren teoria txertatu ditugu. Oinarri teoriko sendo honek hiru elkarrizketa egiteko eduki franko eman digu. Batetik, zehaztu dezagun gure ikerketa, geografikoki Ipar Euskal Herriko hiru lurraldeetara mugatu dugula. Euskal Irratietako sarean parte hartzen duten hiru irratiak ikertzea xede harturik, Nafarroa Behereko Irulegiko Irratiko kide bat, Lapurdiko Gure Irratiko kazetari ohi bat eta, Xiberoko Botzako teknikari ohi bat elkarrizketatu ditugu. Elkarrizketa hauen bidez, irrati alternatibo bakoitzaren ezaugarriak argitara emanez, Korrikaren zuzenekoa nola eta zergatik sortu zen jakin nahi izan dugu. Azkenik, irrati bakoitzeko identitate ezaugarriak kontuan harturik, zuzenekoaren eragin positiboaz arituko gara: entzulegoari Korrikak transmititzen dizkion emozio eta ezaugarri bateratzaileak zuzenekoaren indarrak ere sortzen baititu. Hala, ondorioztatuko dugu Korrikaren irratiko zuzenekoak euskal hiztunari lagun diezaiokeela komunitatearen parte sentitzen, Korrikaren parte izaten.

Horrez gain, euskarak, Euskal Herriko hizkuntza minorizatu gisa harturik, presentzia gorena du Korrika denboran, borroka transbertsal gisa kontsideratua den heinean. Orduan, irratiko zuzenekoak erakusten du euskaldunon hizkuntza minorizatuak estatus sozial bat ukan dezakeela, harrotasunez bere presentzia sustatzen baita Korrika denboran.

  1. SarreraKorrika pozaren sinonimoa dela anitzetan entzuten dugu. Poz eta indar kolektibo honek joan den martxo eta apirilean2 Euskal Herria zeharkatuz, lekukoa pertsonaz pertsona igaro ondotik, 2.792 kilometro lotu zituen. Herriz herri, auzoz auzo, elkartez elkarte eta pertsonaz pertsona pasa da lekukoa, 1980ko lehen Korrika hartan bezalaxe. Azken metroen zirrarak sortzen du Korrika kideen artean, baina baita gainontzeko euskal hiztunen artean ere, emoziorik eta adrenalinarik handiena, mezua irakurtzeko nor ote den zain egonik, begi guziak erdiko oholtzara bideraturik. Hamar egunez irauten duen euskararen aldeko lasterketaren kontakizuna egitea bada euskarazko hedabideen zeregin nagusia. Hain zuzen ere, hedabide nagusienetatik, tokiko hedabidera, Korrikak zuzeneko mota anitz sortzen ditu: uhin bidezko zuzenekoak edota streaming deiturikoa.

    Nahiz eta azken honek indar handia hartu duen azken aldietan, irrati bidezko zuzenekoa izan zen lehena Korrika bertatik bertara antenara transmititzen. Telefono kabina, antena inprobisatu edota hainbat trikimailuren bidez, nahiz eta Euskal Irratien ahala ez zen handia, Korrikaren segipena hobetuz joan da denboran zehar. Gaur egun, oraino biziki bizirik dirauten bitartean, irratiek euskara zabaltzeko hartzen duten misioaz gain, euskal hiztunon ekitaldi kolektiboen kontakizuna transmititzea ezinbestekotzat jotzen dute. Transmisio horrek, gure kasuan Korrika eta entzulea lotzen duen zuzenekoak, garrantzia du irrati entzuleen artean, euskarazko ekitaldia sustatzeaz gain, norberaren barneak mugitzen baititu.

  2. MetodologiaEuskal Irratietan izaniko langileei eta hainbat Korrikatan parte hartu duten kazetariei elkarrizketa sakonak egin dizkiegu, ahal bezain informazio zehatza erdiesteko. Interesatzen zaigu, noski, haien iritzia eta bizipenak biltzea Korrikaren zuzeneko segipena orotariko ikuspegietatik tratatzeko. Orduan, metodologia kualitatiboa baliatuko dugula berretsiz, hainbat ikerlarik egin duten bezala, gu ere elkarrizketa beraren definizioaren bila jarri gara.

    Definizio desberdinak aurkitu ditugu. Eiroak eta Barranquerok (2017) elkarrizketa planifikatua aipatzen dutelarik, honela definitzen dute: «Esan daiteke elkarrizketa informazioa lortzea dela, metodo zientifikoaren esparruan, modu sistematikoan planifikatutako elkarrizketa baten bidez».

    Bide batez, metodologia kualitatiboak fenomeno bati buruzko datu sakon eta ulergarrien iturri bihurtzen dira, biziki informazio zehatza ematen baitute. Erabaki baten

    iritzia, motibazio eta arrazoiez gain, hitzezkoa ez den komunikazioaren eta isiluneen azpian dauden erranahi inplizituek anitz erakusten dute (Eiroa eta Barranquero, 2017). Horretarako, giro egokia sortu behar da elkarrizketatuaren eta elkarrizketatzailearen artean (Juaristi, 2003).

    Garrantzitsua da elkarrizketak eskaintzen dizkigun aukerak sakon ezagutzea, ezinbestekoak baitira elkarrizketa egiteko eta haren abantailak eta desabantailak ezagutzeko. Aukera horiei esker, pertsonak zer azaltzen duen nahiko zehatz jakin dezakegu, eta, gainera, modu askean jarduteko giro egokia sortzea garrantzitsua da. Azkenik, mota honetako elkarrizketek (Juaristi, 2003) aukera ematen dute aztertzen diren gaien arrazoiak, zergatiak edota ondorioak sakon jorratzeko eta aztertzeko, eta, hala, informazio zehatza lortzeko.

    Horren gauzatzeko, sakoneko hiru elkarrizketa egin ditugu. Azpimarra dezagun, elkarrizketatuek galdera berak edo biziki antzekoak ukan dituztela. Irizpide geografikoari doakionez, Ipar Euskal Herriko irratiak izanik gure ardatzik garrantzitsuenetarik bat, Xiberoko Botzako teknikari ohi bat, Irulegiko Irratiko sortzaileetariko bat eta Gure Irratiko kazetari ohi bat hautatu ditugu elkarrizketa egiteko soslai gisa. Bertzalde, argitara eman dezagun orotariko lan esperientzia dutela hiru elkarrizketatuek. Bata teknikaria izan zen, bertzea aldiz irrati sortzailea eta kazetaria eta azkenik, irratiaren egitura plantan ezarriak zirelarik, bertan lan egin zuen kazetaria.

    Elkarrizketatuak aurkeztekotan, has gaitezen Jojo Bidartekin (Baigorri, 1956).

    1981ean aktiboki parte hartu zuen Irulegiko Irratia sortzen. Lanbidez kazetaria eta irakaslea, Nafarroa-Behereko uhinen bidez euskara zabaltzen ibili da Irulegiko Irratiaren bitartez. Gaur egun, erretiratua da baina Irulegiko Irratiko lehendakari gisa segitzen du eta euskararen zein euskal kulturaren sustatze lanetan ari da Basaizea elkartean, batik bat. Bidartek hainbat Korrika segitu ditu kazetari lanetan ari zela eta.

    Ondotik, Franck Dolosor (Senpere, 1977) kazetariari lekukoa eman diogu. Izan ere, bere lan esperientziaren eskarmentua nabari daiteke hura aurkeztean. 1996an, lizeotik landa, hemezortzi urterekin hasi zen Gure Irratian lan egiten. 1999ko Korrika segitu du Gure Irratian kazetari gisa zebilelarik eta gaur egun EITB-n lan egiten duen arren, hainbat komunikabidetik pasatu izan da: France Bleu Pays Basque, Radio Euskadi eta, Ttipi-ttapa aldizkariarentzat kolaboratu izan du.

    Azkenik, Allande Etxart (Altzai, 1950) teknikari ohiaren eta Xiberoko Botzako laguntzailearen lekukotasuna bildu dugu. Idazlea izateaz gain, Xiberoko Botzaren sortzaileetariko bat izan zen Etxart. Sohütako (Zuberoa) ikastolako sortzean ere aktiboki parte hartu zuen eta, besteak beste, Euskadi Información agerkariko kudeatzaile ere izan zen. Zuberoan aktiboki parte hartzen segitzen du euskara sustatzen gaur egun ere.

  3. EmaitzakElkarrizketa aberatsak izan ondotik eta, emaitzetan murgilduz gero, hiru zatitan banatuko genituzke hauek. Batetik, Korrikaren segipena aipatu baino lehen, lehen geldialdia egin dezagun hiru irratien sortze testuinguruan. Bigarrenik, geldi gaitezen elkarrizketatuek Korrikaz eman dituzten definizioetan. Azkenik, irratietako zuzeneko segipenaz arituko gara eta euskal hiztun komunitatearengan duen funtzio bateratzaileaz.
    1. Hiru irrati alternatiboLaneko helburuak ahantzi gabe, argitu dezagun Korrikaren zuzeneko segipena jorratu baino lehen, ezinbestekoa dela Ipar Euskal Herriko irratien sorreraren testuingurua aipatzea. Erran gabe doa, 1980ko hamarkadan frantses hutseko irratiak zirela jaun eta jabe uhin seinaleen artean. Bidartek berak aipatzen du Irulegiko Irratian hasi baino lehen Radio Adour Navarre kostaldeko irratian lan egiten zuela. Hari honi tiraka, Etxartek ere azpimarratu du

      garaiko Zuberoako paisaia mediatiko hegemonikotik kanpo sortu zela Xiberoko Botza: «Miroir de la Soule eta Sud Ouest egunkariengandik boikot bat bizitzen genuen, itomen sentsazioa genuen». Kontra-hegemoniatik, egunkari hauen kontra egiteko boterea izan zen Xiberoko Botza, «protestatzeko lekua» izanik, CGT sindiaktuak egiten baitzituen emankizunak, garaiko Zuberoako borroka sozialei ahotsa emanez. Dolosor aldiz, ez zen Gure Irratiaren sortzean izan baina garaiko erdarazko hedabide hegemonikoen aipamena egin du. Bere oroitzapenetan barna sarturik, ez zuten Gure Irratia entzuten etxean: «Radio France Pays Basque, Europe 1 eta RTL entzuten ziren nagusiki ».

      Euskarazko irratiak euskara zabaltzeko beharrez sortu ziren. Bidartek gogora ekarri du garaiko euskararen gainbeherak bultzatu zituela Irulegiko Irratia sortzera. Euskararen normalizazio prozesuan azkarki eragiteko sortu eta gaur egun, misio beretan dabiltzan irratiak baitira Ipar Euskal Herriko hauexek. Etxartek, bertzalde, azpimarratu du ikastolaren sorrerarekin lotu beharko litzatekeela Xiberoko Botzaren loratzea: «Ni, garaian, ikastolako gurasoa nintzen ere. Ikastolan pedagogia alternatiboei pentsatzen hasi ginelarik, irratian ere, zer nolako irratia nahi genuen gogoetatzen hasi ginen». Bertzelako irratia izateaz gain, ez dago dudarik zerbitzu publiko baten parekoak direla. Instituzioek egin beharreko lana ordezkatzen baitute irratiek, Dolosorren arabera: «Zerbitzu publikoa da. Osoki euskaraz egiten baitu irratiak. Ordezkatzen du gure zergak pagatuz gero ukan beharko genukeen zerbitzua. Funtsezkoak dira euskarazko irratiak, euskararen arnasguneak direlako, euskalduntzeko tresna bat».

      Elkarrizketatu bakoitzak badu Ipar Euskal Herriko irratien definizioa, baina, izan «euskarazko irrati orokorra» edo «euskarazko irrati bakarra Zuberoan», euskara zabaltzeko eta euskal hiztun komunitatea erdigunera ekarri dituen komunikabideak dira Gure Irratia, Irulegiko Irratia eta Xiberoko Botza.

      Irrati horien sortzean ezinbestekoa izan zen herriaren sustengua eta oraindik bada gaur egun irrati hauen kasuan ardatz nagusitzat har daitekeen ezaugarria. Alde batetik, hainbat aldiz aipatu da hiru irratien sortzearen erroetan herria zela oinarri. Irulegiko Irratiaren kasuan, 1981ean Bidart eta bertze batzuk hasi ziren artzain baten ganbara moldatzen, Irulegiko Irratia has zedin euskara hutsezko informazioa zabaltzen: «Irulegiko Mentan hasi ginen, lagun baten etxean. Lehenik, ganbara bat moldatu genuen eta zenbait hilabeteren buruan, arditegian muntatu ginuen zerbait. Laguntzaile guzien artean sortu genuen estudioa, antenak etxaldeko teilatuan emanez».

      Laguntzaileekin hasi baina laguntzaileekin segitu dute Irulegiko Irratiak, Gure Irratiak eta Xiberoko Botzak. Nahiz eta enpleguak sortuz joan diren irrati bakoitzean, laguntzaile rola oraino funtsezkotzat jotzen du Bidartek: «Egonkortze bat izan da, langileen figura agertu edo irratia profesionalizatu delako, baina laguntzaileak atxiki nahi genituen eta lortu dugu herritarrek parte har dezaten proiektuan». Gaur egun, laguntzaile-kolaboratzaile rola atxiki du herritarrak, baita kronika egilearena ere. Bertzalde, urteroko diru bilketa kanpainaren erdigunean daude laguntzaileak, haiek baitira etxez etxe pasatzen herritarren sustengu ekonomikoa bildu ahal izateko. Ondorioz, herritarren parte hartzea sustatzeaz gain, proiektuarekin ekonomikoki bat egitea behar-beharrezkoa da.

      Euskarazko irrati libreen eredu ekonomikoari behatuz, xumeki bizi direla ohar daiteke. Bistan da, alde batetik herritarren sustenguak irrati horien oinarri ekonomikoa osatzen duela. Gainera, diru sartze orokorretan Frantziako Kultura Ministeritzak emaniko diru laguntza bat galdegiten dute (Fond de Soutien à l’Expression Radiophonique Locale). Aitzitik, bertako erakundeengandik irratiak ekonomikoki lagunduak dira, hein batean, Euskararen Erakunde Publikoa (EEP) eta hainbat Herriko Etxe tarteko. Azkenik, hilabetero diru isurketa egiten duten pertsonak ere badira. Publizitate pixka bat txertatzen dute baina nagusiki diru laguntza publikoez eta entzuleen babesaz bizi dira gaur egun Ipar Euskal Herriko irratiak.

    2. Korrikaren zuzenekoa: orotarikoa eta bateratzaileaKorrikaren segipenaren muinean sartu baino lehen, ezin ahantzi elkarrizketatu bakoitzak Korrikaz duen definizioa. Nahiz eta puntu batzuetan desberdina izan daitekeen, denak antzerako elementuez aritu dira.

      Bidarteren arabera, «euskararentzat erakusleihoa» izateaz gain, Korrika gertakari sozial «akulatzaile eta bateratzailea» da. Dudarik ez dezagun izan Korrikako parte hartzaileen profila orotarikoa bihurtu dela denboran zehar. Etxarteren hitzetan, Korrika «uholde soziala» da eta «AEK-k eramaniko kanpaina bat». Bistan da ez dela kasualitatea hainbertze jendek parte hartzen badu, gibeleko lan handia izaten delako da. Dolosorren ustez, «jende tropa handiak» ikusten dira gaur Korrikan, baina hiruek azpimarratu dute hastapeneko Korrikak ez zirela hain jendetsuak eta «militanteen zerbait» zela. Hainbertze Korrika izanik, inork pentsatuko luke gertakari sozial gisa definitu daitekeena, denboran zehar akituko zela. Justu kontrakoa adierazten digute irudiek eta lekukoek, nahiz eta jendearen parte hartzea «euskararen aldeko inplikazio bihurtzeko zailtasunak» ikusten dituzten.

      Ondoriozta daiteke orduan, hiru elkarrizketen arabera, batetik, Korrikak euskal hiztun komunitatearen, hots, euskal hiztunon indartzea dakarrela. Bertzetik, onar dezagun gaurko jende uholdea ikusirik, Korrika badela euskara ezagutarazteko sentsibilizazio tresna bat.

      Funtsean, Korrikak parte hartze irekia du, nahiz eta jendea ez den euskalduna, ikusten da euskararen aldeko posizionamendu bat badagoela eta bide batez, Korrikak berak hizkuntzaren aldeko borroka erdigunean ematen duela. Azkenik, erran daiteke elkarrizketak egin ondotik, Korrika sare gisa ezaugarritu daitekeela, errealki Euskal Herria bere osotasunean zeharkatzen duelako eta soka baten antzera, euskal nortasuna ere islatzen duen ekitaldi soziala delako: «emoziotik, sorkuntzatik eta frustraziotik badu euskaldun izateak». «Erokeria» da Dolosorren arabera eta, Korrikaren definizio bila hastean, «gauza emozionagarri» gisa definitzen du.

      Euskal hiztun komunitatearentzat hain gertakari handia da Korrika, non, ekitaldi handi guziak bezalaxe, irratiek ere zuzenean segitzen duten euskararen aldeko lasterketa. Garaian zituzten baliabideez galdeginik, Korrika hasi zen hartan, Bidartek eta Etxartek oroitzen dute nola telefono kabinen bidez egiten zituzten zuzenekoak. Konkretuki, laurogeiko hamarkadan Ipar Euskal Herriko irratiak hasi zirelarik Korrikaren zuzenekoak egin nahian, lasterketako lehen kamioiaren aitzinetik joaten ziren kazetariak, kilometroz kilometro «jendearen arteko lotura» eginez. Hots, elkarrizketak egiten zituzten bide bazterrean zegoen jendeari, grabagailu bidez; autora salto egin eta ahalik eta hurbilen zegoen telefono kabinara joaten ziren gero; handik deitu eta telefonoz sartzen ziren antenara, eta grabagailuan zegoena kabinako telefonoari kolaturik botatzen zuten irratiko uhinetara. Etxartek eta Bidartek irriz adierazi izan dute «kalitate arrunt txarrekoa» zela egiten zutena baina, irudikatu daitekeen bezala, eskura zuten materialarekin moldatu behar zuten.

      Hala ere, 1985eko Korrika nola Atharratzen abiatu zen, Xiberoko Botzakoek antena inprobisatu bat egin zuten: «Atharratzeko plazatik abiatu zen Korrika hartan, oroitzen naiz nola soinu ekipo edo antena gisako zerbait egin nuela Piellenia ostatuko terrazan, hain zuzen ere, eta oso kontent ginen ekitaldiari zuzenean garrantzia emateaz». Bere antena inprobisatua baliatu izanaz oroitzen da Bidarte ere. Zuzenekoaren uhinak zabaltzeko baliagarria izan zen antena hura eta, adierazi dutenez, Nafarroa Behereko parte batzuetan ere errazki zabaldu ziren Korrikaren abiatzearen zantzuak. Inprobisazioa zen nagusi zuzenekoen egiteko. Dolosorren kasuan, 1999ko Korrikaren segipena egin ahal izateko, teknikari erretiratu bat etorri zitzaien laguntzera eta «halako telefono finko bat, nolabaiteko kutxa bat» eraiki zien, argindarrari lotzen zena. Grabagailua hortara lotuz gero, antenan zabaltzen zen mezua anitzez kalitate handiagokoa zen.

      Telefono kabinetatik antena inprobisatura, gaur egun zuzenekoa egiteko erak aldatu dira. Izan ere, «mini diskara jauzi» egin zutela oroitzen da Dolosor, baita irratitik joatekotan zegoelarik nola ordenagailuak sartu ziren ere. Aitzinamedu teknologiko handiak denbora gutian gauzatu ziren eta, zuzenekoa egiteko manera ere bai. Gaur egun, quantum deituriko makina batek graba dezake mikrotik sartzen den oro. Irratiko kazetariek darabilten makina honek antenara zuzenean sartzeko aukera ere ematen dizu.

      Zuzeneko segipenaz gain, erran daiteke Korrikak erabat aldatzen duela irrati hauen agenda informatiboa. Irulegiko irratian adibidez berri sailetan, hots, albistegietan ematen zaio lekua. Funtsean, bertze bi irratietan bezalaxe. Gure Irratiaren kasuan, goizetan, eguerditan zein arratsaldetan hamar minutuko tarteak izaten ziren antenan. Azpimarra dezagun, Korrikari garrantzia ematen bazaio Ipar Euskal Herritik pasatzen delarik, gizartean gertakari handia den heinean irratian ere hauek kontatzeko beharra sortu zela. Justuki, momentu berezi hori entzulegoari transmititzeko nahian dabiltza beti irratiak Korrika denboran. Azken finean, euskararen besta ospatzeko, programazioa horren arabera aldatzen da.

    3. Emozio anitzeko arnasberritze tresnaEmaitzen partea hesteko, zuzenekoaren garrantziaz jardutea komeni zaigu. Korrikaren testuinguratzea kontutan harturik, baita zuzeneko segipenaren sorrera ere, azpimarra dezagun irratiko zuzenekoak xehetasun handiz tokiko giroaren berri ematen duela. Animazioa helburu gisa harturik, lekuan-lekuko giroaz gain, emozio transmititzailea da Korrika eta ondorioz, zuzenekoa bera ere. Etxartek erran bezala, «irratia piztu autoan eta emozioa sortzen du Korrikak». Emozioen harira, «poztasuna eta harrotasuna» transmititzeko indarra du zuzenekoak. Edozein dela ekitaldia, hain zuzen hori da zuzenekoaren indarra: ekitaldiari behar besteko indarra ematea entzuleak sendi dezan bertan dagoela eta zerbait garrantzitsua gertatzen ari dela bere inguruan. Dolosorren ustez, zuzenekoak iragarpenak egiten ditu, hurrengo kilometroen iragarlea da: Korrika heldu izanaren giro piztailea da zuzenekoa.

      Korrikaren oihartzuna entzuleei transmititzea da zuzenekoaren helburuetarik bat. Gaur ere hala den heinean, argitara eman dezagun eduki handikoa dela zuzenekoa, Korrikaren kasuan gauza anitz konta daitezkeelako. Hainbat elkarrizketa egin daitezke zuzeneko bat egitean eta, bereziki, Korrikaren kasuan; «jende berri anitz ezagutzeko parada izaten da» Bidarteren arabera. Bidenabar, zuzenekoak batzen ditu kilometroak eta, batez ere kilometroz kilometro beha egoten den jendea lotzen du. Bidarteren ustez, «garaian, irratia zen lotura bakarra jendeak jakin zezan Korrika nondik zebilen eta noiz helduko zen». Ondorioz, animazioa, lotura eta edukia transmititzeaz gain, zuzenekoaren garrantzia are handiagoa zen, ikus daitekeelarik hau bera zela Korrikaren etorreraz zerbait jakiteko tresna bakarra.

      Baina egun ere badu garrantzi handia zuzenekoak. Korrika sinpleki kontatzeko ahalmena izateaz gain, orotariko jendea elkarrizketatzeko aukera ematen du. Izan ere, irratiko estudioetatik eta Korrikaz gain ditugun gizarte erreferenteetatik hara, Korrikako zuzenekoan hainbat elkarteko kideren zein herritarren ahotsak entzuten dira, bazterrean gelditzen diren ahots horietakoak hain zuzen. Ondorioz, aniztasuna eta bazterrekoa erdigunera ekartzea, hori da zuzenekoaren bidez egiten dena, Korrikak berak ere ahalbidetzen duen heinean.

      Orotorikoa izan daiteke zuzenekoaren garrantzia entzuleen artean. Argi geldi dadin orduan, Ipar Euskal Herrian zuzenekoak bi publiko motari eragiten diola. Batetik, euskal hiztunak zuzenekoa entzuterakoan «kontent» agertzen dira, nolabait hatsberritzen joaten dira eta, Korrikan parte hartzeko motibazioa ez dute galtzen. Orain, Korrika bera ere bezalaxe, zuzenekoa sentsibilizazio tresna da erdaldunentzat. «Harrotasuna» transmititzen da Korrikatik, gizarte osoari erakusteko euskararen alde ekitaldi erraldoiak egiten ditugula eta, euskarak «gauza anitzentzat» balio duela. Zuzenekoak ahalbidetzen du erakustea gure hizkuntzari «estatus soziala» ematen diogula. Irratietako orotariko entzuleentzat, zuzenekoak badu bere pizua eta «xede xaxatzailea».

      Atxikimendua sortzeko tresna eta giroa berotzeko baliotsua izanik, zuzenekoak berak, Korrikak bezalaxe, sortzen duena deskribaezina da. Pasioz landuriko zuzenekoak egiten dira eta streaming bidezko zuzenekoak nehoiz baino indar handiagoa hartzen duen garaiotan, onar dezagun irratiak detaile anitz ematen dituela streaming bideoari konparaturik. Alabaina, tokian tokikoa kontatzea ahalbidetzen duen heinean, aipa daiteke irrati bidezko zuzenekoak,

      lasterka ibiltzeaz aparte, tokia bera mintzarazten duela, uhinen bidez transmitituriko soinuen orotariko interpretazioa sustatuz. Neurri batean, zehatzagoa da irratia. Ondorioz, irratiak entzulego fidela atxikia duen heinean, uhin bidezko zuzenekoak ez ditu bere funtzioak galduko, nihundik ere ez.

  4. OndorioakEuskal Irratiak sareko irratiak herriak sorturiko komunikabideak dira. Parte hartzaileak izateaz gain, ekonomikoki ahalmen guti duten irratiak dira, frantsesaren hegemonia mediatikoaren aurka sortu zirenak. Bortxaz, hizkuntza hegemonia baten kontra sortu badira, erran gabe doa bazterreko ahotsei ematen dietela lehentasuna, euskara eta euskal hiztuna erdigunera ekarriz. Euskara eta euskal hiztunak alternatibotzat jotzen badira, erdaren hegemoniatik hara abian dira, Korrika gertakari sozial gisa ere alternatibotzat eta parte hartzailetzat har genezakeen moduan.

    Alternatibotasunaren definizio guziak betetzen dituen heinean, Korrikak erakusten du komunitate bat arnasberritzeko ahalmena duela. Euskal hiztunok behar dugun gertakari handi horren bidez, hiztun minorizatu gisa eramaten ditugun frustrazio guziak bazterrean utzi eta elkarreragin emozionalaren bidez Korrikak transmitituriko indarra, lotura eta emozioaren eraginez indarberritzen, lotzen eta saretzen gara. Justuki, Korrikaren hiru hitz gako hauek barneraturik, irratietako zuzeneko segipenak arnasberritze kolektiboan rol bat jokatzen duela erakuts daiteke. Besteak beste, irrati bidezko zuzenekoak kilometroz kilometro informatzen duelako jendea, kilometroen arteko lotura sortzen du zuzenekoak eta entzuleari Korrikaren informazioa kasik gelditu gabe eskaintzen dio.

    Elkarrizketen emaitzen arabera, irratiko zuzenekoak berak edozein ekitaldiri indar handia ematen dio entzulea bertan sentiarazteko. Emozioa eta indarra transmititzeaz gain, ekitaldiaren parte izatearen sentsazioa transmititzen du zuzenekoak, izan euskal hiztunontzat edota euskaratik hurbil ez den jendearentzat. Gainera, herri hedabideak nortasun transmititzaile izateaz gain, botere informatiboa eraikitzen dute. Botere informatibo horren bidez, ahalduntze kolektiboa laguntzeko tresna izaten da zuzeneko segipena, Korrikaren kasuan. Funtsean, bertze ekitaldi kolektibo handien kasuan ere, zuzenekoak egiten dira. Adibidez, Herri Urrats edo Nafarroaren Eguna. Hain hitzordu eta elkargune garrantzitsuak transmititzea izaten da kazetarion misioa, jakinean izan edo ez izan, kolektibo baten indartzean eragin soziala dugula.

    Orduan, Korrikak bezalaxe, irratiko zuzenekoak ere euskal hiztunon arnasberritzean eragiten du, baina baita euskara ez dakien jendearengan ere, sentsibilizazio tresnaren funtzioa hartuz. Orotariko gizarte batean bizi garela kontutan harturik, bazterretatik erdigunera pixkanaka-pixkanaka bilduriko uhain sozial berriari ongi etorria egin diezaiogun, ahantzi gabe Korrika euskararen aldeko lasterketa dela eta horretarako, euskarak berak luzaz bizi behar duela Korrikak bizi behar badu, bazterrean utzi gabe lan ezin eskertua egiten duten herri hedabideak.

  5. Erreferentziak

    Eiroa, M, Barranquero, A. (2017). Métodos de investigación en la comunicación y sus medios. Editorial Síntesis.

    Juaristi, P. (2003). Gizarte ikerketarako teknikak: teoria eta adibideak. Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzua.

    Elkarrizketa sakonak:

    Bidart, Jojo. Irulegiko Irratiaren sortzaileetakoa (2024).

    Dolosor, Franck. Gure Irratiko langile ohia (2024).

    Etxart, Allande. Xiberoko Botzaren sortzaileetakoa (2024).


1 2024ko EHUko Uhin herrikoietatik, uhain sozialera: korrikaren zuzeneko segipenaren garrantzia Ipar Euskal Herriko irratietan Multimedia Komunikazioa Master Amaierako Lanean oinarritu da artikulu hau. Komunikazioko MALen EITB Saria jaso zuen lan hark 2025ean.

2 2024ko Korrikaz ari gara kasu honetan.