Gizarte postmodernoaren testuinguruan, zeinak berehalakotasuna, gehiegizko informazioa eta adimen artifizialaren eragina dituen ezaugarri, komunikabideek edukien sorkuntzaren eta hedapenaren monopolioa galdu dute, hein batean, sare sozialen esku geratuz. Kazetaritzak eduki azalekoagoekin eta kontsumitzeko errazagoekin erantzun du. Paradigma berrian, hala ere, badira erronka berriei narratiba inklusiboagoekin, formatu sortzaileagoetan, eta, batez ere, konpromiso sozial handiagoarekin aurre egiten dieten medioak.
Finean, komunikatzeko beste modu batzuk planteatzen dizkigutenak: lekuan lekukoak, alternatiboak, komunitarioak edota gizarte-oinarri zabalekoak. Artikulu honetan, euskal hedabideen artean, gaur egun praktika honek askotariko euskarrietan eskaintzen dituen formulak aztertzearekin batera, molde honetako medioen izaeraren inguruko hurbilpena eskaintzen da egindako elkarrizketetan. Txema Ramírez de La Piscina ikerlari eta kazetariaren ekarpenak dira iparrorratz.
«Bestelako Eredu Komunikatibo hori inoiz baino beharrezkoagoa da. Desinformazioa betidanik egon da. Baina orain, demokrazia bera usteltzen ari da. Adimen Artifizial Generatiboaren erabilera ez etikoarekin are gehiago» (Ramírez de la Piscina, 2025).
Informazio-gehiegizko garaian bizi gara, komunikabide tradizionalak sinesgarritasuna galtzen ari dira, zenbait albiste-hedabide digitaletan kontrol profesionalik ezaren seinaleak antzematen dira eta komunikazio-sektoreko lan-indarra gero eta prekarioagoa da. Hori guztia krisi global baten testuinguruan kokatzen da, azken osasun-krisiak areagotua, eta horrek erronka larriak planteatu dizkie kazetaritzari, gobernuei, alderdi politikoei eta herritarrei oro har (Goikoetxea eta Peñafiel, 2023). Testuinguru horretan, informazio-gehiegikeria sortzen da; jendeak ez du denborarik irakurri nahiko lukeen guztia irakurtzeko, eta are gutxiago informazioa prozesatu, aztertu edo kritikatzeko (Campos, 2010). Informazio-gainkarga horri «infoxikazioa» ere deitzen zaio (Barranquero-Carretero eta Sáez, 2021).
Oxford Unibertsitateak eta Reuters Institutuak plazaratutako txostenaren arabera (Digital News Report, 2025), espainiarren ia % 70ek ez du konfiantzarik argitaratzen diren albiste gehienetan, eta % 40 inguruk albisteak aktiboki kontsumitzea saihesten du. Txosten horretan adierazten denez, sinesgarritasun faltaren pertzepzioarekin, informazioaren alborapenarekin eta edukien saturazioarekin lotzen da portzentaia. Oxfordeko Unibertsitateak hamar urte lehenago bildutako datuen arabera, espainiarren % 34 bakarrik fidatzen da komunikabideetan argitaratzen diren albiste gehienez; gora egin du konfiantza galdu dutenen datuak, nabarmen egin ere. Horrek Finlandiatik urrun kokatzen du Espainia, biztanleriaren % 68k baitu komunikabideekiko konfiantza1.
Digital News Report-en txostenak erakusten duenez, tokiko eta eskualdeko egunkariek sortzen dute konfiantzarik handiena, inkestatuen % 51 inguru dago ados baieztapenarekin.
- Definizio eta ezaugarriak gureanEuskal Herriko jokabideetara bagatoz, kazetaritza parte-hartzaileko adibide ugari2 aurkituko dugu. Izatez, tokiko komunikabideak dira, tradizio luzea dutenak, hedabide komunitario, alternatibo edo eta oinarri sozial zabalekoak.
Daniel Innerarityk Adimen Artifizialaren eztandaren aurretik esana da (2017) eredu mediatiko tradizionalaren aurrean (zentralizatua eta hierarkikoa) kritika egin eta garai konplexuetan informazio eta komunikazio-prozesuak nola antolatzen diren birpentsatzeko unea dela; demokratikoa eta gogoetatsua den alternatibetan pentsatzeko unea. Ramírez de la Piscinak (2025) bat egiten du Bestelako Eredu Komunikatibo hori inoiz baino beharrezkoagoa dela adieraztean: «Desinformazioa betidanik egon da. Baina orain, demokrazia bera usteltzen ari da; are gehiago, Adimen Artifizial Generatiboaren erabilera ez etikoarekin: hainbat hauteskundetan eragin nabarmena izan du; jende askok ez ditu komunikabide nagusiak ikusten, albiste txarrekin tristatzen delako edo komunikabide horiek manipulatuta daudela pentsatzen duelako». Adituen aburuz, arazo larriaren aurrean gaude, hutsune horiek bolo-bolo eta ziztu bizian zabaltzen diren sasi informazio horiek betetzen dituztelako. Alfabetizazio mediatikoa inoiz baino beharrezkoagoa da, Demokraziaren biziraupena dago jokoan.
Tankera horretako komunikazio-esperientzien jokamoldeak arakatzeko eta globalizazioak printzipio eztabaida ezina dirudien honetan, Nieman Lab-ek3 (2019) bere web-orrian ikerketa interesgarri baten berri ematen du: “Polarizazio politikoa murriztu nahi duzu? Babestu zure kazeta lokala”. Bertan, herri-aldizkarietako pentsaera eta istorioetako aniztasuna azpimarratzen dira. Beraz, zentzu horretan, Nieman Lab-ek idazten zituen hitzek indarrean jarraitzen dutela dirudi. Ramírez de la Piscinak ere azpimarratzen du, polarizazio politikoa eta mediatikoa oso nabarmena dela Espainiako komunikabideak eta AEBetakoak ikusiz gero; Euskal Herrian errealitate politikoa eta komunikatiboa desberdina da: «Gurean ere talde mediatiko handiek eragin nabarmena dute, baina tokiko eta gizarte ekimenezko komunikabide horiei esker agenda mediatikoa zabalagoa da, iritzi publikoaren osaketa beste modu batera ardazten da».
Hainbat autorek baieztatzen dutenez, posible da beste komunikazio-eredu bat, balio demokratiko, kritiko eta parte-hartzaileetan oinarritua, hedabide handien logika erreproduzitu beharrik gabe4. Hari honetan, Ramírez de la Piscinak azpimarratzen du eredu autoritarioak eta kontrol soziala bultzatzen duten sistema komunikatiboak zabaltzen ari direla: «BBC bezalako prestigiozko komunikabide publiko eta kalitatezkoa izugarrizko presioa jasaten ari da. Ez naiz batere baikorra alde horretatik». Horrez gainera, komunikabide komunitarioen sorrera ahalbidetzen duten politika publikoak egitea beharrezko dela dio, baita komunikabide erraldoien eragin ez zilegia zigortzen duten arauak onartzea ere: «Komunikabideen jabetzak produktuaren edukia mugatzen du. Inoiz ez da izango nagusi Vocento edo Prisa bezalako taldeetako agenda setting-ean eredu sozial alternatiboa bultzatzen duen mugimendu bat. Hori soberan dakigu».
Bertatik bertara gauzatzen den kazetaritza da lekuan lekuko komunikazioa; informazioa trukatzeaz gainera, herritarren parte-hartzea eta kohesio soziala erraztea helburu dituena. Komunikazio komunitarioa edo gizarte ekimenez sortua partaidetzazko eta tokiko komunikazio-prozesu moduan ulertzen da, komunitate baten nortasuna, kohesioa eta garapena sendotzean zentratua; beti ere, gizarte-partaidetza, komunitate-hezkuntza eta gizarte-eraldaketa oinarritik sustatzeko asmoz jarduten duena. Era berean, komunikazio alternatiboa deritzogu komunikabide tradizionalei ahots desberdina eskaintzea bilatzen duten komunikazio-praktikei, botere-egiturak eta diskurtso hegemonikoak zalantzan jarriz. Aniztasuna, gizarteratzea eta eraldaketa sustatzea helburu izanik, baztertutako edo isildutako taldeak ikusaraziz.
Egun, Euskal Herrian oso sare zabala dugu, herri komunikabideen sarea, alegia. Berauen funtzio nagusia gertuko informazioa lantzea da, normalean eztabaida politiko nagusietatik at. Ramírez de la Piscinak garden irudikatzen duenez, «harro egoteko motiboak ditugu. Oso sare zabala —zentzu guztietan— eta anitza delako». Gaineratzen du, gurean ere talde mediatiko handiek eragin nabarmena dutela, baina tokiko eta gizarte ekimenezko komunikabide horiei esker agenda mediatikoa zabalagoa dela, iritzi publikoaren osaketa beste modu batera ardaztuz.
«Ez ditzagun gauzak nahastu: komunikazio alternatiboa munduan nagusi den eredu kapitalistaren ordez beste eredu ekonomiko eta komunikatiboa eraiki nahi duen mugimendua da, solidarioa, irekia eta behetik gora sustatuta» (Ramírez de la Piscina, 2025).
Gehientsuenen ezaugarria ere bada edukomunikazioa, diziplina arteko eremu moduan ulertuta, komunikabideak tresna pedagogiko bezala erabiliz, hezkuntza eta komunikazioa uztartuz. Baten interesgarria da bere helburua; humanoon trebetasun kritiko eta sortzaileak garatzea. Horretarako, ikaskuntza dinamikoagoa eta parte-hartzaileagoa jomuga izanik, herritarren parte-hartzea eta eraldaketa sozialaren beharrizanaz ere badihardu. Gainera, pentsamendu kritikoa sustatzea lekarke (Vendrell-Morancho, Valero Moya, 2025). Ikuspegi akademiko eta komunikatibotik, pentsamendu kritikoak hausnarketa-prozesu bat eskatzen du, suposizioak identifikatzea, argudioak ebaluatzea eta hainbat ikuspegi kontuan hartzea barne hartzen dituena (Goikoetxea, 2025). Aurrez pentsatutako ideiak zalantzan jartzeko eta horiei aurre egiteko gaitasuna pentsamendu kritikoaren funtsezko osagaia da. Gaitasun hori sustatzeak ez ditu norbanakoak bakarrik ahalduntzen erabaki informatuagoak hartzeko, gizarte bidezkoagoak eta demokratikoagoak eraikitzen ere laguntzen du, non elkarrizketa eta hausnarketa balioesten diren. Etengabe aldatzen ari den mundu honetan, pentsamendu kritikoa pertsonak errealitatearen ulermen sakonago eta zehatzago batera bideratzen dituen itsasargi bat da. Ramírez de la Piscinak dio Immanuel Kant eta Ilustrazioa berreskuratu behar ditugula, Sapere aude! “Ausartu jakiten”: «Zeure arrazoi propioez hornitu zure pentsamendua. Baina, jakina, horretarako egia eta gezurra bereizteko ahalmena izan behar duzu lehenik».
«Zuk orain kalean jendeari galdetuko bazenio ea kritikoak ote diren komunikabideekin, ziur naiz jende askok esango lukeela baietz, jakina. «Nik ez dut ezer sinesten», esango dizute. Baina, sakonduz gero, konturatuko zinateke gai potoloen inguruan dituzten ikuspuntuak komunikabide nagusi horietatik isuri direnak direla. Orduan? Gabezia handiak daude. Eta ez gara jabetzen ari» (Ramírez de la Piscina, 2025).
Testuinguru honetan, EHUko katedradunak transgresioa, hausnarketa eta ekintza hitz gakoak izan litezkeela aipatzean bat egiten du: «Transgresio komunikatiboa oso ongi administratu behar den artefaktua da. Izan ere, zuk diseinatu dezakezu oso ekintza perfektua, estetikoki bikaina, aldarrikatzailea eta indartsua, baina komunikabide nagusiek buelta emango diote, azaleko elementuekin geratuko dira eta mugimendu horren aurka erabiltzen saiatuko dira. Ez esatea ez da aski. Alternatiba ere proposatu behar da».
Hari honetan, hauek dira gure soa bereganatu duten komunikabideak: TOKIKOM euskarazko komunikabideek osatutako sareak saritu dituen Aiaraldea eta Antxeta Irratia5, Hala Bedi proiektua eta Pikara magazina.
«Trumpek eta bere aldekoek AltRight terminoa erabiltzen dute. Hau da, Eskuin Alternatiboa. Haiek ere “alternatibotasuna” erreibindikatzen dute audientzia zabalagoetara iristeko asmoz. Egun alternatiboa terminoa oso prostituituta dago. Debaluatuta erabat. Gogoeta serioa egin behar dugu6» (Ramírez de la Piscina, 2025).
- Aiaraldea2010eko apirilaren 17an sortu zen Aiaraldea hedabidea euskarari bultzada emateko, komunikazioan euskal hizkuntza indartzeko, boluntarioen gogo eta lana dela medio. Aiaraldeako kideek (2025) azaldu digute, profesionalizaziorako trantsizio kontziente batera igaro direla; boluntarioen indarra bideratzeko langile egonkorrak sartu, hausnarketa estrategikoa egin, eta erreferentzialtasuna sendotzeko profesionaltasuna indartuz. Egun, kazetaritza-lanaz gain, ikus-entzunezkoen presentzia egiturazkoa da, sare sozialen erabilerak eta formatuen dibertsifikazioak bultzatuz. Horrez gain, adimen artifizialaren erabilerari eta pentsamendu kritikoari buruzko posizionamendu normatibo argia ematen du: AA tresna laguntzaile gisa ulertzen da baina ez kazetaria ordezkatzeko.
Aiaraldearen helburua da euskararen erabilera sustatzea eskualdeko errealitatearen jarraipen informatiboa eginda. Koordinatzaileek azpimarratu dute bestelako ardatzak dauzkatela, izan feminismoa, kulturartekotasuna, elikadura burujabetza eta zeharka dagoen osagai oso garrantzitsua, hedabide komunitarioa izatea: «Aiaraldearen jarduna ez da informazio-ekoizpen neutrora mugatzen; aitzitik, bere burua ulertzen du erantzukizun sozialeko komunikazio gisa, non edukiaren hautuak (zer kontatu, nola kontatu, zer irudi erabili) proiektuaren helburu eraldatzaileekin koherentzian antolatzen diren».
Elementu erabakigarria da, halaber, Aiaraldea Kooperatiba Elkartearekin duen loturatik eratorritako izaera komunitarioa: hedabidea ez da unitate itxia, baizik eta komunitatearekin etengabeko hartu emanean eraikitzen den egitasmoa, non herritarren exijentziak eta parte-hartzeak (ekarpenak, iturri gisa jardutea, protagonismoa) funtzionamenduaren parte diren. «Aiaraldea alternatiboa dela esatea gehiegi da, kontuan hartuta diru-laguntzengatik daukan menpekotasuna, besteak beste (publizitateak ere baldintzatzen du) diru-laguntzekiko eta neurri batean publizitatearekiko mendekotasunak mugatzen du kritikotasun osoa, eta horrek “alternatibo” etiketa problematizatzen du».
Erreferentzialtasuna eraiki bada, Aiaraldearen arabera, «hori lotzen da eskualdeko gatazka sozioekonomiko nagusietan (Tubacex, Glavista, Maderas de Llodio) tokiko begirada koherentea mantendu delako, gatazkaren muinetik informatu delako». Editorialki, beraz, agenda osatzeko logika hibridoa darabilte «gaurkotasunari erantzuten dio, baina proiektuaren ardatz kritikoak (feminismoa, kulturartekotasuna, ikuspegi komunitarioa) ez dira sekula baztertzen».
.png)
.png)
Papereko edizioak, 2025eko azaroa eta abendua
Kalitatezko kazetaritzari egiten dion ekarpena Aiaraldeak eskala txikiaren abantailetan kokatzen du: gertutasunak “gertatu dena” eskuragarriago bihurtzen du, informazioa egiaztatzeko eta ñabarduraz lantzeko aukera handituz. Perspektiba horrek eragiten du desinformazioaren aurrean (fake news) erresilientzia handiagoa izatea, komunitatean bertan dauden aktore eta testigantzek egiaztatze-lan azkarragoa ahalbidetzen baitute. Pentsamendu kritikoa, berriz, informazioaren ekoizpenaren baldintza estrukturaltzat jotzen da; Aiaraldearen helburu eraldatzaileek kritika hori edukietan eta errepresentazio-aukeretan txertatzera bultzatzen dute. Koordinatzaileek argi daukate: «Kritikotasunak erreferentzialtasuna eman dio hedabideari, eta etsaiak, jakina. Hartzaileak, uste dut, badakiela Aiaraldeak informatzen duenean tokikotasuna duela ardatz eta ikuspuntu hori eskainiko diola».
- AntxetaAntxeta proiektuak tokiko komunikazio-ekimen komunitario gisa definitzen du bere burua. 2001. urtean sortu zen Behe Bidasoa eskualdeko uhinak, euskaraz eta libre astintzeko asmoz. Urtetik urtera, egonkortu, saretu eta hedatu den irratia da. Hasieran FM irrati moduan sortua, gaur egun proiektu komunikatibo transmedia bihurtua, plataforma anitzeko logikaduna (webgunea, podcastak eta bideo-podcastak barne). Ekonomia sozial eta eraldatzailean kokatzen ditu Antxetak bere sustraiak eta BDSKoop Eraldaketa Fabrikako kide ere bada. Honela azaldu du Aitziber Zapirain koordinatzaileak (2025): «irrati-proiektua ez da soilik emisio-tresna, gizarte inklusiboagoa sustatzeko ekimenak ere egituratzen ditu (memoria historikoa, ekonomia sozial eta solidarioa, eskualde-saretzea, genero-berdintasuna), eta Antxetaren egungo identitatea euskaldun eta feminista da». Beraz, sorrerako balio-markoa (inklusioa, antiarrazismoa, feminismoa, komunitate-ikuspegia) programazio osoan zehar lerro gisa txertatzeko saiakera esplizitua dago, koherentzia etiko-diskurtsiboa eguneroko ekoizpen-dinamiketara zabalduz. Agenda-setting eta erabaki editorialari dagokionez, mainstream-etik bereizteko eta balio-oinarritik koherentziaz jarduteko, deliberazio kolektiboaren garrantzia oso aintzat hartzen du.
Proiektuaren kalitate-ikuspegia ere modu argian formulatzen da kalitatea lehenetsiz kantitatearen aurrean. Antxetak garden ikusten du bidea iturrien kudeaketari eta desinformazioari dagokionez, hurbiltasunak eta sare komunitarioak, besteak beste, fake news edukien hedapenerako espazioa estutzen dutela baieztatuz: «informazioa iristen denean (bereziki instituzioetatik), kontraste zuzenaren aldeko jarrera dago, eta tokiko elkarte/eragileekin egiaztatzeko inertzia ere bai, gai bakoitzerako eskualdeko adituak bilatuz eta informazioa testuinguruan jarriz, azkar zabaldu daitekeen zaratatik bereiziz».
Hurbiltasunak abantaila estrategiko bat ematen duela sinesten dute: «iturriak eta publikoak gertukoak direnez, feedback zuzenak eta marra gorriak identifikatzeko gaitasunak jardun profesionala zorrozten du, eta alarma moduko etengabeko auto-zaintzak kalitate-kontrola indartzen du». Zapirainen aburuz horretatik eratorrita ulertzen da “alternatibotasuna”, koherentzia sozial-laboralarekin: «Horrek baimentzen digu beste edozein medio konbentzionaletan 30 segundotan emango luketen gai bati guk ordu beteko tartea eskaintzea; iruditzen bazaigu interesgarria dela, iruditzen bazaigu gure komunitateak horren berri izan nahi duela, edo behar duela. Gure eduki guztietan ageri dira herri-mugimendua, auzo-elkarteak, erakunde lokalak, gure komunitatea osatzen duten gai espezifikoekiko profesional espezializatuak».
Horrez gain, Zapirainek argi dauka ikuspegi kritikoa ere badela komunikazio proiektuaren ardatz nagusien artekoa, hau da, komunitatea osatzen duten beharrak asetzea bilatzen dituzte eguneroko jardunean, eta komunitate hori gizartearekin kritikoa izatea nahi dute, baina baita medioaren jardunarekin ere; libre sentitzea: «Uste dut ikuspegi kritiko hori bizirik mantentzeko tresna bat garela. Guk ez dugu sinesten kazetaritza objektiboa denik; ez dago, ez da existitzen. Orduan, saiatzen gara gure informazioaren tratamenduan ikuspegi kritikoa eskaintzen; ez dago egia absoluturik. Horregatik, galderak airean uzten ditugu askotan eta behar denean, iritziak kontrajartzen ditugu: alkatea izan arren, bere iritzia ere kontrajarriko da beste batekin».

Gaur gaurkoz, lan-antolaketa eta publikoarekiko harremana, digitalizazioaren ondorioz eraldatuta ageri diren arren, hurbiltasuna parte-hartze eta kolaborazio mekanismoen bidez artikulatzen jarraitzeko asmo sendoa dago. Adimen artifizialari dagokionez, posizionamendua pragmatikoa eta mugatua da: teknologia berriak ez dira arazo gisa ikusten, baina erabilera legitimoak transkripzioetara eta azpititulazioetara bideratzen dira, eta ez da onartzen tresna horiek kazetaritza-ekoizpena ordezkatzeko: «Gure lehenengo estrategia hasieratik izan da teknologia berriak ez ikustea arazo bezala, baizik eta jakitea nola egokitu eta bakoitzari zein zuku atera diezaiokegun medio txiki, komunitario eta euskaldunentzat».
- Hala BediHala Bedi Irratiak gizarte-aldaketara bideratutako komunikazioa du oinarri, bai edukiengatik, bai antolaketa-egiturengatik. Ezaugarri ditu autokudeaketa, funtzionamendu asanblearioa, kulturartekotasuna eta aniztasuna baliotzat hartzea, gertuko komunikazioa eta komunikazio parte-hartzailea. Euskal Herriko bigarren irrati libre zaharrena da eta Arrosa elkarteko kide da. Jon Hidalgo kideak dioenez, elkarren osagarri diren hari bi aipatu behar dira: «Lehen norabidea ahotsik gabekoei ahotsa ematea da; hau da, hedabide nagusi eta komertzialetan agertzen ez diren kolektibo eta errealitateak ikusgai egitea. Bigarren norabidea presio-sareetatik askatzea da: publizitatearen mendekotasunak, interes ekonomikoen lerro editorialek edo gobernu/enpresa interesek ezarritako mugak saihestea».
Gogoeta sakonaren ostean, unean uneko nahiak asetzen zituen irrati bat izatetik komunikazio proiektu sendo eta garatua izatera igaro da, gaur egun ia 50 irratsaio dauzkate-eta. Formatuak ere zabaldu dira: idatzizko albisteak eta erreportajeak, mobilizazioen estaldurarako bideo/argazkiak, eta kolektiboei ikus-entzunezko euskarriak lantzen dira7. Proiektuaren agenda tematikoa ez da gertakariaren menpekoa, baditu ildo historiko eta sozialak ere, erreportajearen bidez sakontzen direnak. Era berean, komunikazio alternatiboaren ekosistema zabalagoan kokatzen da, edukien zirkulazioa eta elkarlanaren bidez sendotuta. Hidalgok aitortzen du plataforma-ingurunean “zarata” eta algoritmoak daudela, eta kontrapisua egitea zaila dela; horregatik azpimarratzen du elkarlana (Arrosa Sarean eta hortik kanpo) funtsezkoa dela. Gainera, Araban euskarazko irrati bakarra izatea erantzukizun gisa planteatzen du, eta norabide estrategikoa argi formulatuz, edukia audioan, testuan, bideoan eta sareetan eskainiz. AA erabiltzen ere hasiak dira denbora aurrezteko tresna gisa, baina ez kazetaritza-lanaren muina ordezkatzeko.
Askatasun editoriala egiturazko baldintza gisa formulatzen da, ez kazetariaren borondate subjektibo huts gisa. Kolektiboak ez dauka kontrol asmorik: «ez dugu kontrolatzen, ez dugu mugatzen jendeak egiten duena. Gizarte-eragile askok irratiaren espazioa auto-ordezkaritzarako eta diskurtso propioak eraikitzeko erabiltzen dute». Horren adibide dira mugimendu ekologistak, internazionalistak, feministak, okupazioarekin lotutako kolektiboak, eta baita “Zero Zabor” ingurukoak ere.

Hala Bedi Irratiaren programazioa (2025)
Gaurkotasuna lantzen dute, baina «irentsi gabe»; esplizituki adierazten du ez dutela gaitasunik (ezta helbururik ere). Horren ordez, lehentasuna da beste hedabideetan sarritan agertzen ez diren gaiak lantzea, dio Hidalgok:
«kolektiboetan eta mugimenduetan gertatzen dena, agenda nagusian sartzen ez dena. Eta horrekin batera, analisiari eta testuinguruari tartea ematea: beste hedabideetan agertzen diren gaiak ere jorratu daitezke, baina “gure” ikuspegitik; Adibidez, segurtasunaren diskurtsoak, migratzaileekin lotutako problematizazioak eta ordena publikoaren izenean planteatzen diren kontuak». Hemen, praktikan, framing edo marko interpretatiboaren auzia dago: gai bera hartu, baina bestelako galderak eta interes publikoaren beste definizio bat ezarri. Eransten du tematika bat lantzea legitimoa dela nahiz eta astean albiste handirik ez egon: «etxebizitzaren auzia hasieratik jorratu dugu eta garrantzia eman behar zaio. Proiektuaren logika ez da soilik gertakariak jarraitzea; badago jarraikortasun tematikoa eta problematika sozialak epe ertain-luzera kokatzeko borondatea». Hedabide askotan zentsura edo autozentsura agertzen dela dio (enpresen presioengatik, nagusien interesengatik edo autozentsuraren baitan «arazoak ekarriko dizkit» logikagatik), eta horregatik talde editorial moduan biltzen direla: «elkartu eta gaiari nola heldu erabaki, herritarren ikuspegitik eta ezkerreko/mugimendu iraultzaileen mesedetan orientatuta. Hau da, independentzia ez da printzipio abstraktu bat: agenda eta tratamendua erabakitzeko praktika antolatzaile bihurtzen da».
Hala bedi Irratiak kritikotasunaren funtzioaz itaunduta, desnormalizazioa eta kontradiskurtso demokratikoa jotzen ditu begiz: «ezin da fidatu hedabide nagusiek ematen duten guztiaz, interes politikoak (batzuetan esplizituak, beste batzuetan sotilak) erabakietan txertatzen direlako; hortik ihes egitea da hedabide alternatiboen zeregina». Kritikotasuna «borroka» moduan ulertzen du: «salaketa egitea, kexa egitea, eta zentzu komun gisa normalizatzen ari diren praktikak desnormalizatzea». Testuinguru globalean faxismoaren, arrazakeriaren eta matxismoaren gorakada aipatzen ditu, eta normalizazio-prozesuek arrisku demokratikoa dakartela defendatzen du: seinalatzen ez bada, jendeak naturaltzat hartzen duelako. Beraz, kritikotasuna ez da estilo editorial hutsa: «bizikidetza demokratikoa eta eztabaida publikoa bizirik mantentzeko mekanismoa da», bere esanetan.
«Kritikotasuna ez da estilo editorial hutsa, bizikidetza demokratikoa eta eztabaida publikoa bizirik mantentzeko mekanismoa da» (Jon Hidalgo, 2025).
- Pikara MagazinePikara Magazine teoria eta praktika feminista dibulgatzen dituen aldizkaria da, eta genero-ikuspegia txertatzen du komunikabideen kazetaritza-lanaren hautematean. Itziar Abad, June Fernández Casete, Lucía Martínez Odriozola eta Maite Asensio euskal kazetariek sortu zuten 2010ean. Pikara Magazineko erredakzioko eta argitalpen-kolektiboko kideak joera desberdinekin identifikatzen dira: berdintasunaren feminismoa, transfeminismoa, lesbofeminismoa, ekofeminismoa, feminismo andaluziarra zein ijitoen feminismoa. Horregatik, ez dute ildo editorial itxi bat; androzentrismoa eta estereotipo sexistak bistaratuz edozeinentzako interesgarriak izan litezkeen istorioak eta berriak kontatzen ditu berdintasuna eta aniztasuna oinarri izanik. María Ángeles Fernández kazetaria da koordinatzaileetariko bat: «Ikuspegi feminista, hedabideetan era transbertsalean agertzen ez den begirada feminista lantzea eta erakustea da gure jomuga. Beste galdera batzuk planteatzen ditugu, errealitate sozialaren analisia egiten dugu, mundua hobeto kontatuz, pertsona guztiak barne hartuz, kronika sozial erreala egiteko asmoz». Hari horretan, kalitatezko kazetaritzari egiten dizkien ekarpenez itaunduta, Fernándezek galderetan jartzen du fokua: «Kazetaritzak eskaintzen dituen galderak dira gakoa. Normaltasunaren eta “pertsona medioa” (bataz bestekoan dagoena) kontzeptua zalantzan jartzea eta gizarteari nola eragiten dion ikustea da giltza. Bakearen kontzeptua, adibidez, zer den ulertzea subjektu unibertsaletik haratago».

Utopías monografikoa, 2025
Pikara Magazine hedabide hegemonikoetan argitaratzen ez ziren istorioak kontatzeko beharretik jaio zen arren, gaur egun, barne kritika eta hausnarketa tarteko, antikapitalismoa zein arrazakeriaren aurkako diskurtsoak ere jorratzen dituzte: «Begirada anitzak nahi ditugu, hala egiten dugu lan. Aniztasunean sinesten dugu, bai gaiei dagokienez eta baita emakumeei dagokienez ere. Emakume migratzaileak, esate baterako, informazio iturri dira baina baita idazle ere». Hain zuzen ere, horixe delako medioaren sustraia edo egitura, horizontala eta behetik gorako agenda eraikitzen duena: «gure zeregina dira laguntzaileei arreta ematea, ez prekarizatzea, azkar ordaintzea, erantzutea, lehiakortasuna saihestea eta lankidetzaren alde egitea, iturriak eta ezagutza partekatzea, kalean bertan egotea, edukiak behetik sortzea, gardentasunaren aldeko apustua egitea».
Gaiei dagokienez, egungo agendari aplikatutako ikuspuntu feminista ematen saiatzen dira, baina beti lantzen dute, zeharkakoa da: «Gure agenda mugimendu sozialekin dago. Lankidetza-sare zabala eta askotarikoa oso aberasgarria eta beharrezkoa da. Gure agenda horrek markatzen du, gizarteak». Gaurkotasunaren zamarik ez izateak fake news-etatik urruntzen laguntzen duela ere aitortzen du lantaldeko koordinatzaileak: «berehalakotasunetik ihes egiten dugu. Analisi gehiago egiten ditugu, kazetaritza gogoetatsua, oso analitikoa; gure kazetaritza pausatuagoa da». Errealitatea etengabe zalantzan jartzea funtsezkoa da proiektuan, hedabideek hezi ez ezik kritikotasunerako abagunea ere eskaintzen dutelako: «pentsamendu kritikoa eta eztabaida eraikitzailea sustatzen ditugu, elkarrizketa eta hazkundea bultzatzen dituena».
- Gibel solasaAzterlanak erakusten digunez, gizarte-oinarri zabaleko medioek, alternatiboek eta lekuan lekukoek garrantzia apartekoa daukate gizarte-krisien aurrean, fake news-en eta adimen artifizialaren uholdeak gainezka egiten duten egoera aldakorrean. Gertutasuna eta agenda propioa, marko interpretatiboa hautatzeko askatasuna zein sare parte-hartzailea dira hauen gakoak. Elkarrizketatu diren arduradun guztiek nabarmendu dute berariazko zigilu horren garrantzia, apustu estrategikoa eta kalitatezkoa nabarmenduz kantitatearen gainetik. Aho batez nabarmentzen dute Bestelako Eredu Komunikatibo hori inoiz baino beharrezkoagoa dela.
Desinformazio-burbuila baten aurrean gaudela ere nabarmentzen da; honek demokrazia mehatxatzen du, kalitate profesionala, informazio-kalitatea, etika eta deontologia sakrifikatuz. Joera honen aurrean, elkarrizketatutako adituek ezinbestekotzat jotzen dute kritikotasunerako gune bezala jardutea, besteak beste, parte hartzea, saretzea eta gizarte inklusiboagoa sustatzeko ekimenak indartuz. Denek egiten dute bat medio hauek hezteko duten ardura aipatzean, beti ere, barne zein kanpo begiradaz aplikaturiko kritikotasuna gogoan.
Testuinguru horretan dute lekua komunikabide alternatiboek eta komunitarioek. Atarian adierazitako moduan, Nieman Lab-ek esanak badirudi indarrean jarraitzen duela: Polarizazio politikoa murriztu nahi duzu? Babestu zure ingurune lokala.
- Bibliografia
Aiaraldea (2025). Online egindako elkarrizketa.
Barranquero, A. & Sáez, Ch. (2021). La comunicación desde abajo. Historia, sentidos y prácticas de la comunicación alternativa en España. Gedisa.
Campos, F. (2010). Gestión de la transición del cambio mediático. (Managing media change transition) En: Campos, F. (Coord.). El cambio mediático. Zamora: Comunicación Social Ediciones y publicaciones.
Fernández, María Ángeles (2026). Online egindako elkarrizketa.
Goikoetxea, U. (2025) La necesidad del pensamiento crítico en la era algorítmica in Intersecciones de lo digital: cultura, filosofía y comunicación / coord. por Gabriel A. Corral Velázquez, Rosario Barba González, 2025, ISBN 978-84-1319-653-4, págs. 40-55
Goikoetxea-Bilbao, U., Peñafiel-Saiz, C. (2023). “Disinformation and the need for an uncontaminated journalism” in Disinformation and fact-checking in contemporary society (Daniel Catalán coord.) Dykinson E-BOOK. ISBN: 978-84-1170-710-7
Hidalgo, Jon (2025). Online egindako elkarrizketa.
Innerarity, D. (2017). Medios que miden, El diario vasco. https://www.danielinnerarity.es/opinion-preblog-2010-2016/medios-que-medien/?utm_source=chatgpt.com
Ramírez de la Piscina, Txema (2025). Online egindako elkarrizketa.
Vendrell-Morancho, Mireia; Valero Moya, Aída (2025). Cartografía del pensamiento crítico: principales aportaciones para repensar la educación. Educ. Pesqui. 51 https://doi.org/10.1590/S1678-4634202551278119es
Zapirain, Aitziber (2025). Online egindako elkarrizketa.
1 Ondoren datoz Brasil (%62), Alemania (%60), Danimarka (%57), Erresuma Batua (%51), Irlanda (%48), Japonia (%46), Australia (%39), Frantzia (%38) eta Italia (%35). Aztertutako 12 herrialdeen artean, Estatu Batuak (%32) bakarrik daude Espainiaren azpitik (Newman, N., Levy, D. eta Nielsen, R., 2015).
2 Berria, Gara, Goiena, zuzeu.com, EITBren bloga (azken hau ez da ez komunitarioa ez eta alternatiboa ere. Hala ere, interesgarria da azken urteetan euskararen erabileraren normalizazioari egindako ekarpenagatik).
3 www.niemanlab.org/2019/02/want-to-reduce-political-polarization-save-your-local-newspaper/
4 Medio hauek ulertzen ditugu, herri-komunikazioaren eremuan, auzolanerako bihotz edo gune moduan, ez erresistentzia, ez eta −masibotasunarekiko harremanean− degradazio legez: merkataritza-helburuetatik urrun daude, eta jatorria eta helburua herritar guztien parte-hartzea eta ikuspegi hegemonikotik ihes egiten duten informazio- eta gizarte-gaien tratamendua dira: auzokoak, indigenak, ekologistak nahiz feministak. Gehienak euskararen munduarekin lotuta daude eta euskaraz plazaratzen dira.
5 Edukirik onenaren saria Aiaraldearentzat izan da, Jesus Garcia Ferreiro: mina jasanezin bihurtzen denean erreportajearengatik. Suizidioaren gaia da erreportaje horren funtsa. Ikus-entzunezko onenaren saria Antxeta Irratiarentzat izan da. Lodifobiaren aurkako ahotsak elkarrizketa sortagatik.
6 Duela lauzpabost hamarkada termino hori underground mugimenduarekin lotzen zen, kontrakulturarekin eta abar; hau da, eredu kapitalista hankaz goratu nahi zutenek erabiltzen zuten. Egun, sarritan, terminoa sistema kapitalistaren bertsiorik gordinena defendatzen dutenak erabiltzen dute. Izan ere, AltRight-entzat eredu ofiziala eredu “progrea” da, beraiek destainaz erabiltzen duten woke mugimendua, LGTBIQ+ politikak eta abar. Izugarrizko iruzurra egiten dute. Eliteen aurkakoak direla diote, beraiek elite ekonomikoaren parte izanda. Beraz, ez ditzagun gauzak nahastu: komunikazio alternatiboa munduan nagusi den eredu kapitalistaren ordez beste eredu ekonomiko era komunikatiboa eraiki nahi duen mugimendua da, solidarioa, irekia eta behetik gora sustatua.
7 Adibide konkretu gisa aipatzen du Martxoaren 3aren memoria eta transmisioari buruzko erreportaje-ildo bat, belaunaldi arteko transmisioari eta oroimen sozialari arreta emanez.

