Elhuyarren Elia erabiliz lortutako itzulpen automatikoa
en
Urtekaria 2021 | Hibai Castro Egia (Euskal Hedabideen Behategia)

Aukerak zabaltzen dira laino artetik ostertza agertzen delarik, baina harekin batera, oratu beharreko erronkak nabarmenak dira euskarazko komunikazioarentzat. Digitalizazioaren joera bizkortzeko funtsezko garai iritzi bagenion Covid-19aren lehen aroari, zalantzarako ezein izpirik ez digu utzi denboran luzatu zaigun zeruertz argirik gabeko aldi lanbrotsuak. Hori dela eta, begirada altxa dezagun digitala den ortzi-mugari so egiteko eta galdera, erronka zein aukera berriei heltzeko. Horizontea marrazten laguntzeko tresna bat izan nahi du aurrean daukazun Urtekariak.

Aurtengo alean hamalau artikulu aurkezten dizkizugu bidaide ditugun hogeita bat autoreren eskutik. Arnas sakoneko gogoetak, lehen pertsonan idatzitako ibilbide motzagoko edo luzeagoko kontakizunak, datuz hornitutako azalpenak eta erantzuteko premia handia daukaten galderak; denetik aurkituko duzu Euskal Hedabideen Urtekaria 2021 honetan.

Arestian esan duguna lehen kronikak berresten du. Euskal Hedabideen Behategiko koordinatzaile eta UPV/EHUko NOR Ikerketa Taldeko kide den Libe Mimenza Castillok idatzitako <<2021eko nazioarteko ekosistema mediatikoa: digitala eta streaming bidezkoa den biharamuna>> kronikak erakusten digu mundu mailako norantza zein den gure arlo honetan. Bigarren kronika bat ere badaukagu, <<Sasi guztien gainetik... Euskarazko komunikabideak berrikuntzaren bidean>>, kasu honetan Euskal Herriari begiratzen diona eta iazko urtearen errepasoa egiten duena, HEKIMEN Euskal Hedabideen Elkarteko zuzendari den Igor Astibia Teiletxearen eskutik. Biek ala biek, bat egiten dute egungo egoerak eskatzen duen eraldaketaren ikuspegiarekin.

Urtekari honetan atal berria estreinatu dugu, sinadura izena eman diogu eta hausnarketari irekitako leiho bat da. Gure lehen gonbidatua Joseba Sarrionandia Uribelarrea idazlea da eta <<Nazioa komunikazio espazio moduan>> izenburua daraman saiakera laburra aurkeztu digu bertan. Nazioa dugula erakusteko, ez ote den, beharbada, errealistagoa eta eraginkorragoa alderantziz planteatzea gauza: ez dugu naziorik. Hau eta beste hainbat ideia jartzen ditu mahai gainean autoreak.

Sektorean modu aktiboan dihardutenek taxututako artikulu laburrek osatzen dute hurrengo saila, baita, sektorearekin estuki lotuta, gizartean eragin nahi duen ekimen baten analisiak ere. Zerrendan lehena Izar Mendiguren Cosgaya Aiaraldea Komunikabide Faktoriako zuzendariak idatzi duen <<Aiaraldea komunikabidea, Faktoria bat munduaren iturri>> daukagu, hedabide honek eta bere inguruan eraikitako proiektuak jasan duen bilakaera erraldoia nola gertatu den kontatzen duena. Ondoren, muinean idatzizko hedabidea den Berria bezalako komunikabide batek ze bestelako ekarpen egin ditzakeen erakusten du iaz plazaratutako Berria Ikasgela egitasmoak, horren arduradun diren Ainhoa Oiartzabal Azketa eta Mikel P. Ansak idatzitako <<Hezkuntzari egunero zabaltzen diogun leiho berri bat>> artikuluan jaso dutenez. Ibilbide luzeagoa dauka Arrosa irrati sareak eta hogei urteko historia horren berri ematen digu sare horretako koordinatzaile den Iraitz Gesalagak <<Arrosa sarea, 20 urte uhinak uztartzen>> kontakizunean. Irrati uhinekin lotuta, audiogintzak hartu duen bidearen adibide aparta dugu berri-berria den EITB Podkast ataria eta sorrera hori lehen pertsonan bizi izan duen Ainhoa Etxebeste Arruabarrena koordinatzaileak bere alea utzi digu <<EITB Podkast ataria, zure neurrira>> artikuluaren bidez. Sektorean ere, baina urrun, Erresuma Batuan diharduen Garazi Goiaren hitzaldian egoteko parada izan genuen eta horren laburpena ere ekarri dugu gurera, ezinbestekoa iruditzen baitzaigu berak <<Ikus-entzunezkoak, ikuspegi globaletik Euskal Herrira begirada>> izenburupean esandako haiek hedatzea. Artikulu laburren sailarekin amaitzeko, iaz sortutako Pantailak Euskaraz ekimeneko Alexander Aginagalde Lopezek <<Pantailak euskaraz: euskarazko ikus-entzunezkoen aldeko ekimena>> idatzian azaltzen du talde horren zergatia eta gogoa.

Azterlan luzeenak Urtekariaren laugarren atalean bildu ditugu. Haietan lehena ikus-entzunezkoen esparruan gazteen kontsumo ohituretan datu adierazgarriak ematen dituzten Applika+ Ikerketa Proiektuko eta Ikusiker paneleko ikertzaile diren Edorta Arana Arrieta, Maialen Goirizelaia Altuna, Naia Laka Arrizubieta, Blanca Miguelez-Juan, Bea Narbaiza Amillategi eta Itziar Zorita Agirrek egindako azterlana dugu, <<Ikusgarritasunaren erronka: fikziozko serieak gazteen artean>> izena daramana. Beste ondorio batzuen artean, euskaraz sortutako fikzioa gazteen artean ezagutarazteko eta zabaltzeko dagoen gabeziaren berri ematen digun lana.

Errenkadarekin jarraituz, hamaikagarren artikuluak dakarkigu berehala erantzun beharko dugun beste galdera horietako bat, zer egin dagoeneko gure artean den itzulpen automatikoarekin? Elhuyar Fundazioko Adimen Artifiziala Hizkuntzan unitateko zuzendaria den Josu Aztiria Urtaranek sakon lantzen du gaia eta proposatzen ditu ere lanerako hainbat hipotesi bere <<Itzulpen automatikoa: euskara hutsezko hedabideetatik euskara ardatz duten proiektu komunikatibo eleaniztunetara>> idazki luzean. Epe laburrean hartu beharko diren hainbat erabakiren aurrean lagungarri izan daitekeen ikuspegi bat da berea. Artikuluaren gehigarri gisa sartu dugu Zientzia.eus agerkari zientifikoaren esperientzia, iaz hasi baitziren euskaraz gain beste bost hizkuntzatan argitaratzen, Elia itzultzaile automatikoa erabiliz. Elhuyar aldizkariko zuzendaria den Aitziber Agirre Ruiz de Arkautek eman digu honen berri.

Hamabigarren artikulua Hekimen elkartearen baitako komunikabideek izan zuten web trafikoa aztertzen duen <<Hekimen elkarteko webguneak 2021. urtean>> lana dugu. Codesyntax enpresako Josu Azpillaga Labakak idatzi du aurten ere eta aurreko urteko audientzien gorakada handiarekin alderatuta, espero zen beherakada izan dute webguneek erabiltzaile eta trafiko kopuruan. Badira beste hainbat ertz, ordea, autoreak sakonki aztertzen dituenak aurtengo lanean.

Bestalde, euskarazko komunikabideen audientzia neurtzeko tresnetan oso motz gabiltzala berresten du NOR Ikerketa Taldearen koordinatzailea den Josu Amezaga Albizuk <<Audientziak aztertzeko sistema: burutzeke dugun erronka>> izeneko artikuluan. Urtekari honetako hamahirugarrena den lan honetan, neurketaren arloan orain arte egondako beharren eta aldarrikapenen errepasoa egiteaz gain, egin diren saiakerak eta hauen ahulgune eta indarguneak aztertzen ditu eta horietan eta gaiaren inguruko ezagutza sakonean oinarrituz, atzeraezina den neurketa sistema baterako planteamendu sendoa egiten du.

Urtekaria ixteko hautatu dugun lana Emakumeen ikusgaitasuna hedabideetan Ikerketa Taldeko Arantza Gutierrez Paz eta Itxaso Fernandez Astobizak egindako ikerketa eta bilduma lan potoloa dugu, <<Kazetaritza feminista Hego Euskal Herrian>>. Azterlan honetan azken hamarkadetan sortu diren izaera anitzeko komunikazio-produktu feministak zerrendatu eta deskribatu dituzte, fanzineetatik irratsaioetara, prentsa idatzia eta ikus-entzunezkoak ere bilduz. Euskara izan dute ardatz baina gaztelerazko hainbat ekoizpen ere jaso dituzte. Euskal Hedabideen Behategian lan hau baliatu dugu, bide batez, euskarazko komunikazio-produktu feministen datu-basea eraikitzeko eta hemendik aurrera osatzen joan ahal izango garen direktorioa sareratzeko.

Bistan denez, aurten ere Urtekaria kontzeptua gainditzen duen argitalpena daukazu aurrean. Hasierako lerroetan esaten genuen hori berreskuratuz, izan bedi hau tresna baliagarria digitala den hodeiertzari begiratu eta galdera, erronka zein aukera berriei heltzeko.