Josu Amezaga Albizu — NOR Ikerketa Taldea, EHU
Esan gabe doa COVID-19 birusaren pandemiak hazkunde handia ekarri duela komunikabideen erabileran, seguruenik bi arrazoi nagusirengatik. Batetik krisiaren izugarriak informazioarekiko kezka handitu du. Bestetik ezarritako etxeratze neurriek komunikabideen kontsumoa igoarazi dute, beste jarduerarik (laneko, ikastetxeko, aisialdiko zein bestelako) ezean.
Telebistari dagokionez, Estatu espainiarrean martxoaren 14an etxeratzea ezarri zenetik inoiz baino gehiago egin du gora telebistaren kontsumoak: hilaren lehen bi asteetan batez beste pertsonako 233 minutukoa zen kontsumoa; hurrengo bi asteetan 321 minutu, % 38 gehiago, inoiz erregistratutako kontsumorik altuena (Barlovento Comunicación, 2020b) [1]. Igoera hori adin talde guztietan gertatu da, baina gazteen arteko hazkundea nabarmentzen da gehien:
1. grafikoa: Telebistako kontsumoaren igoera martxoaren 1go hamabostalditik 2. hamabostaldira, Estatu espainiarrean, adin taldeen arabera.
Iturria: Kantar Media.
Bestetik, esan beharra dago hazkunde hori, gehienbat, telebista ireki eta linealak esplikatzen duela: telebistari emandako denboraren % 17 da bestelako erabileretara (ordainpeko telebista, streaming bideoa, gaming, eta abar) emana. Telebista ireki eta linealaren kontsumoan, halaber, informazio saioen kontsumoaren hazkundea nabarmendu behar da.
Bizi dugun fenomeno hau Euskal Herrian nola gauzatu den ikusteko, datu partzialak baino ez ditugu. Batetik, eskura ditugun audimetria datuek EAE estaltzen dute gehienbat. Bestetik, bertako telebistetatik ETBko kanalen berri baino ez dugu. Hortaz, muga horiekin egingo dugu analisia.
EAEko telebista kontsumoa Estatu espainiarrekoaren pare igo da EAEn ere: % 37, martxoko lehen hamabostalditik bigarren hamabostaldira (Barlovento Comunicación, 2020b).
EAEko kontsumoaren igoera horrekin batera, aldaketak gertatu dira kanal ezberdinen pantaila kuotan, 2. grafikoak erakusten duenez (Barlovento Comunicación, 2020a):
2. grafikoa: Pantaila kuotak EAEn, kate ikusienak.
Iturria: Kantar Media.
Azken hilabeteetako joera batzuk areagotu egin dira martxoan: nabarmenenak Tele5 katearen jaitsiera (nahiz eta EAEn kuota handiena izaten jarraitzen duen) eta ETBko kanalen igoera, besteak beste. Alderatzeko puntu gisa, esan daiteke Katalunian zein —neurri txikiagoan— Andaluzian ere suertatu dela 2020ko martxoan telebista autonomikoen kuotaren igoera.
Alabaina, ETBko kanalen bilakaera ez da batere homogeneoa izan. ETB2 nabarmen igo den bitartean, ETB1ek nabarmen egin du behera, 3. grafikoak erakusten duenez [2]. Areago, azken hilabeteetako joerari erreparatuta, ETB1en eta ETB2ren marrak simetrikoak dira: batak behera egiten duenean besteak gora egiten du. Datu nahikorik ez dugu euskarazko kanalak galdu dituen ikusleak gaztelerazkora joan diren ziurtatzeko (edota gaztelerazko kanalak euskarazko kanalaren ikusleak gehiago erakarri dituela esateko). Baina hipotesi gisa plantea daitekeela uste dugu.
3. grafikoa: ETBko kanalen pantaila kuotak EAEn.
Iturria: Kantar Media.
Horrela, ETB2k 2020ko martxoa oso datu onekin itxi duen bitartean (pantaila kuotaren % 10,5), ETB1ek oso datu okerrekin itxi du: % 1,4. Eta datua apirilaren lehen 12 egunetara luzatzen badugu, ETB2k % 10,5ari eusten dion bitartean, ETB1 % 1,2ra jaisten da. Datu horiek urtez urteko emaitzekin alderatzen baditugu, esan daiteke gaztelerazkoak azken hamar urteetako daturik hoberena lortuko lukeela; eta euskarazkoak bere historiako txarrena. Apirilaren bigarren astean, hiru egunetan jaitsi da % 1etik behera.
Koronabirusaren krisiak, hortaz, gogor kolpatu du euskarazko telebistaren kontsumoa. Noiz, eta telebista inoiz baino gehiago ikusten ari den hilabetean. Eta noiz, eta populazio euskaldunena (gazteak) telebista inoiz baino gehiago ikusten ari denean.
AZALPEN POSIBLE BATZUK
Datu gehiago beharko dira gertaera hau sakonki aztertzeko; hala ere, eskura ditugunekin zenbait aurrerapen egin daitezke.
Lehena kanal bakoitzean gehien lantzen den generoarekin lotuta dago. ETB1ek, aspalditik, kirola hartu du bereziki audientzia eskuratzeko estrategia gisa, eta lortzen duen merkatu kuotaren % 41 kirolak ematen dio (Kantar Media, 2019). ETB2k, aldiz, informazioa landu du, bereziki azken urteetan, espezializazio bide gisa, eta honek ematen dio bere pantaila kuotaren % 59.
Hain zuzen ere, pandemiaren hedapena geldiarazteko neurriek oso eragin handia izan dute bi arlo horietan: kirolean zein informazioan. Batetik, kirol lehiaketa oro gerarazi du salbuespen egoerak, euskarazko kanalari nolabaiteko hauspoa ematen zion edukirik gabe utziz. Urrun geratu dira duela bi hilabete eskas pantaila kuotaren % 5, % 10 edo gehiago lortzen zuten pilota partidak. Azken asteotan emititutako partida zaharrek edo iragandako txirrindulari lasterketek nekez gainditzen dute % 2.
Bestetik, informazioarekiko interesa asko handitu da populazioan, ETB2k lehenetsitako edukiak are erakargarriago bihurtuz.
Seguruenik, kanal bakoitzaren espezializazioren eta pandemiaren aurkako neurrien arteko konbinaketak ondorio latzak izan ditu bi kanalen arteko desorekan: ondorio latzak, euskarazko kanalarentzat, eta onuragarriak gaztelerazkoarentzat.
Pentsa daiteke ETBn egoera honen arriskua ikusi dutela, eta erreakzio bat egon denik ezin uka: saio berriak eta eskaintza berriak izan dira azken asteetan. Baina oraingoz bederen, ez du ematen kolpeari eusteko nahikoa izan denik.
Erreakzioak ez du krisi honetan komunikabideen erabileraren erdigunean dagoen informazioaren atala jo oraindik. ETB1en informazioari dedikatutako denborak ETB2n dedikatutakoa baino txikiagoa izaten jarraitzen du. Martxoaren bigarren hamabostaldian bi kanalen artean informazio saioei dedikatutako denboraren % 40 ETB1en kokatu zen, eta % 60 ETB2n. Portzentaje horiek lehendik zetozen joeren bertsuak dira [3].
Denboraz gain, ordutegiak bere horretan mantentzen dira: gaztelerazko emanaldiak gehiago kontzentratzen dira prime time-an eta audientzia gehieneko ordu tarteetan, euskarazkoak baino.
Programazioaren banaketari beste gertaera bat gehitzen zaio: elkarrizketa bereziena. Martxoaren 22an, Iñigo Urkullu EAEko Lehendakariari egin zion elkarrizketa ETB2k, gaztelaniaz. Horrelakorik ez da euskaraz egin oraindik.
Azkenik, informazioaren testuingurua ere ez da erraza euskarazko telebistarentzat: Madrilgo Gobernuak ezarritako botere kontzentrazioaren ondorioz, erreferentzia (informazioa, aginduak, aholkuak, eztabaidak eta abar) areago desplazatu da estatura, eta horrek ondorioak ditu krisiaren komunikazioan erabilitako hizkuntzetan. Euskal Autonomi Erkidegoan ere, Osakidetzak ematen dituen eguneroko prentsaurrekoak gehienbat gazteleraz ematen dira, batzuetan gaztelera hutsean. Horrela, nahiz eta ETB1ek zuzenean transmititu, gaztelerazko jarioa da ematen dena.
ONDORIOAK
Seguruenik goizegi da krisi honek euskarazko komunikazioan, bereziki telebistan, izango dituen ondorioak baloratzeko. Jadanik ezagutzen ditugun datuak ordea kezkak eragiteko modukoak dira.
Kezka horietako bat, aste hauetan gertatzen ari denak hizkuntzen ideologian utz dezakeen arrastoa da. Ikusitakoak ikusita, pentsa liteke larrialdi egoera batean erdarak (aztertu dugun kasuan, gaztelerak) askoz balio handiagoa duela euskarak baino. Jende guztiak ulertzen duelarik, errazagoa eta eraginkorragoa da gazteleraz informatzea euskaraz baino. Horren arabera euskara eskubide bat da; bai; baina larrialdietan ez ginateke eskubide gehiegi eskatzeko moduan. Diskurtso honek erabat zapuzten du hamarkada luzetan zehar euskara/erdara binomioari buruz zeuden estereotipoak gainditzeko eginiko esfortzua. Horregatik esfortzu handia egin beharko litzateke ideologia hori ez elikatzeko; bai eta telebistan ere.
Euskararen balio txikiagoaren ideologia hori indartzen ari dela pentsatzeko zantzuak badaude, egon. En Jake saioak apirilaren 1ean argitaraturiko EITB Focus inkestaren arabera, populazioaren % 32k uste du ETB2 dela telebista fidagarriena pandemiari buruzko informazioa jarraitzeko: haren ostean ETB1 letorke, % 10 da hala uste duena. Inkestaren xehetasun teknikoak ezagutzeke, ez dugu galdetegiaren akats teknikoa alboratu behar [4]. Baina horren alde handiarekin ez bada ere, lehenago agertua da, beste inkestaren batean, ETB2 ETB1 baino fidagarriagoa delako iritzi soziala (Eusko Jaurlaritza, 2018). Kontuan hartuta informazioari dagokionez kanal biek erredakzio talde bera, zuzendaritza bera eta ildo editorial bera partekatzen dituztela, bistan da aldea irudi arazo bat dela —hizkuntzen ideologia arazoa, funtsean—.
Egongo da euskarazko telebistaren kontsumoaren beherakada euskaldunen beraien utzikeriari egozten dionik. Uste hori ere orokorra da beste hizkuntza gutxituen inguruko ideologietan, gutxituaren errutasun sentimendua aztertu denean (Larreula, 2002; Nakamura, 2020; Piller, 2018). Alabaina ustezko utzikeria hori kolokan jartzen dute euskaldunek euskararekin duten fideltasunaren ebidentziek (baita euskarazko komunikabideen kontsumoan ere, adibidez irratiaren kasuan).
Ideologiak aldatzea epe luzerako lana izaten da, eta hala izango da euskarazko komunikazioarentzat ere. Intentsitate handiko krisiek ordea oso epe laburrean utz dezakete arrastoa ideologian, eta kalte handia eragin.
OHARRAK
[1] Barlovento Comunicación taldeak argitaratzen dituen audimetria datuak Kantar Mediak neurtutakoak dira.
[2] Grafiko honetan 2020ko apirileko lehen bi asteetan ETB4k izan duen kuota falta dugu.
[3] Iturria: neurketa propioak.
[4] Esaterako erantzun bakar eta elkarren baztertzaileko galdera erabili bada.
ERREFERENTZIAK
- Barlovento Comunicación. (2020a). Análisis mensual del Comportamiento de la Audiencia TV. Marzo 2020 (16. or.). <https://www.barloventocomunicacion.es/audiencias-mensuales/analisis-audiencias-tv-marzo-2020/>.
- Barlovento Comunicación, J. M. (2020b). Cambio de hábitos y preferencias de la ciudadanía española frente al televisor por la crisis del coronavirus. Informe especial. Marzo 2020 (33. or.). <https://www.barloventocomunicacion.es/wp-content/uploads/2020/04/Informe-especial-coronavirus-MARZO-2020-ACTUALIZADO.pdf>.
- Eusko Jaurlaritza. (2018). 67. Euskal soziometroa—Hedabideak-EITB. Eusko Jaurlaritza. <https://www.euskadi.eus/euskal-soziometroak/web01-s1lehike/eu/>.
- Kantar Media. (2019). Anuario Audiencia 2018.
- Larreula, E. (2002). Dolor de llengua. Tres i Quatre. <http://www.casadellibro.com/libro-dolor-de-llengua/8475026583/862830>.
- Nakamura, J. (2020). Language regrets: Mixed-ethnic children’s lost opportunity for minority language acquisition in Japan. Multilingua, 39(2), 213–237. <https://doi.org/10.1515/multi-2019-0040>.
- Piller, I. (2018). Bilingual children refusing to speak the home language. Language on the Move. <https://www.languageonthemove.com/bilingual-children-refusing-to-speak-the-home-language/>.
CC-BY-SA