Aitziber Agirre Ruiz de Arkaute — Elhuyar aldizkariaren zuzendaria
SARS-CoV-2aren larrialdiak inoiz baino ageriago utzi du hedabideen funtzio soziala. Zientzialarientzat erronka handia izan da ezezaguna zuten birusa eta gaixotasuna ezagutzea, eta zientzia-komunikatzaileentzat ere pareko erronka izan da horri buruz informatze eta informazioa gizarteratzea. Argi ikusi dugu hori Elhuyarren; izan ere, egunean, berrehun bat ikerketa zientifiko argitaratu baitira munduan COVID-19aren inguruan. Ez da inoiz gertatu halakorik zientzian. Sekulako lana izan da hori dena galbahetu eta, egunez egun, pandemia ulertzeko behar zen informazioa erauztea.
Horrek guztiak agertoki berri batean jarri ditu hedabide espezializatuak. Elhuyarren, hasieratik izan dugu argi nola erantzun behar genion pandemiak aurrean jartzen zigun erronkari. Gure hipotesia zen euskal hedabideen arteko aliantzak eraginkorrak direla gizarteari informazio zientifikoa helarazteko. Horregatik bideratu dugu gure ahalegina kolaborazioak areagotu eta euskarri berriak sortzera.
Adibidez, 35 hedabidek lagundu digute zabaltzen Elhuyarrek sortutako ikus-entzunezko zientzia-pilulak [1]; telebista, irrati eta aldizkarietatik kolaborazio puntualak eskatu dizkigute etengabe; eta Berria egunkariak «Zientziaren talaiatik» atala sortu du, COVID-19aren gako nagusiak egunez egun lantzeko, EHUko Miren Basaras Ibarzabal mikrobiologoarekin eta Elhuyarreko Ana Galarraga Aiestaranekin.
LANKIDETZAREN EMAITZAK
Eduki espezializatuez ari garenean, ezin diegu audientziei bakarrik erreparatu. Are gutxiago, zientzia bezalako eduki minoritarioez ari garenean. Nolanahi ere, hor daude elkarlanaren emaitzak. Elhuyarrek EITBrekin sortutako Teknopolis saioak bikoiztu egin du audientzia martxoa eta maiatza bitartean ETB1en, aurreko hilabeteekin alderatuta. Saioak oihartzuna izan du baita asteburuko Gaur Egun eta Teleberri informazio leihoetan, tarte bat eskaini baitiote albistegiek saioari berari.
COVID-19arekin lotuta egindako bideo-pilulek ere harrera ona izan dute, eta sare sozialetan zein euskarazko hedabideetan egindako zabalkundeak emaitza onak utzi ditu: 59.963 ikustaldi eta 23.701 ikusle. Berria-ko «Zientziaren talaiatik» ataleko Basaras eta Galarragaren artikuluek 53.811 ikustaldi izan dituzte martxoan eta apirilean. Eta Elhuyar hiztegien webguneko kontsultak % 38,4 handitu dira COVID-19aren inguruko terminologia euskaraz sortu eta eguneratzeko lana egin denetik.
COVID-19ak erakutsi du elkarlana tresna ahaltsua dela jakintza eta kultura zientifikoa zabaltzeko. Benetan eraginkorra suertatu da euskarazko hedabide espezializatuen eta orokorren arteko lankidetza. Kalitatea eta gertutasuna bermatu ditu uneoro, eta uste osoa dugu etorkizunerako eredu eraginkorra sortu dugula.
EUSKARAZKO HEDABIDE ESPEZIALIZATUEN SARE SENDO BATEN BEHARRA
Horrek guztiak, ordea, euskarazko hedabide espezializatuen jarduna eta egoera berraztertzera behartzen gaitu. Izan ere, egoera ekonomiko gogorra bizi dute gehienek. Orain urte batzuk euskarazko hedabideen dirulaguntza deialdietan hasitako aldaketen ondorioz, etengabe murriztuz joan da hedabide espezializatuentzat bideratutako diru-kopurua. Elhuyarrek jasotzen zuena, adibidez, % 63 murriztu zen 2012-2019 bitartean (Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundia kontuan hartuta). Ondorioa berehalakoa izan zen: Elhuyar aldizkaria, zientziari buruz euskaraz argitaratzen den aldizkari bakarra, hilabetekari izateari utzi eta hiruhilabetekari izatera pasa zen. 2019-2021erako hitzartutako dirulaguntza-sistema berria aurrerapauso garrantzitsua izan da euskarazko hedabideentzat, oro har, baina hainbat hedabide espezializatuen kasuan, beherako joera berretsi besterik ez du egin. Publizitate instituzionala ere desagertu egin da aldizkaritik.
Elhuyarren Teknopolis telebista-saioaren eta Norteko Ferrokarrila irratsaioaren finantzazioa ere merkatu-prezioen oso azpitik dago (EITBk bi saioen kostuen % 25 inguru baino ez du estaltzen). Egoera zaila bizi du zientziaren komunikazioak.
Premiazkoa da honen inguruko hausnarketa egitea. COVID-19aren larrialdiak agerian utzi du hedabide espezializatuak beharrezkoak dituela euskal gizarteak. Beharrezkoak dira gai teknikoetan ikuspegi kritikoa eransteko; informazio-pandemietan, bidelagun izateko. Hedabide espezializatuen sorkuntzarik eta babesik gabe, hizkuntza hegemonikoetara jo beharko genuke euskaldunok. Besteek sortzen dutenetik edanez, etengabe.
Ezinbestekoa da euskarak hedabide espezializatuen sare sendo bat edukitzea: estrategikoak izan dira euskararen normalizaziorako, eta estrategikoak izango dira etorkizunean. Behar-beharrezkoak ditugu zientzia, literatura, arkitektura, kirola, artea, medikuntza, filosofia edota teknologiari buruzko hedabideak. Baina euskarazko hedabide espezializatuen sare sendoa izateak eskatzen du haiek finantzatzeko asmoa ere sendoa izatea. Ez dago beste biderik. Erakunde publikoek ezin diete kendu gizarteak emandako babesa. Beharrezkoa da euskarazko hedabide espezializatuen finantziazio publikoa berrikustea eta haien jarduna kalitatez egin ahal izateko baliabideak jartzea.
OHARRAK
[1] 28 kanala, Aiaraldea gaur, Aikor, Aiurri, Alea, Anboto, Argia, Ataria, Barren, Berria, Busturialdeko Hitza, Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza, Eta kitto, Euskal irratiak (Antxeta irratia, Gure irratia, Irulegiko irratia, Xiberoko Boza), Gaztezulo, Geuria, Goiena, Goierri Telebista, Goierriko Hitza, Guaixe, Hamaika telebista, Hiruka, Kanaldude, Naiz irratia, Noaua, Pilpilean, Segura irratia, Ttipi-ttapa, Txintxarri, Urola Kostako Hitza, Zientzia.eus, Zuzeu.