World Association for Christian Communication (WACC) elkarteak koordinatutako Global Media Monitoring Project (GMMP) delakoak hogeita hamar urte bete dituelarik, 2025eko maiatzaren 6an egin zen zazpigarren mundu mailako monitoreoa, non emakumeek komunikabideetan duten presentzia eta rola neurtzen den. 2020an, Hego Euskal Herriko komunikabideak sartu ziren lehenengo aldiz Espainiako Estatuko laginean eta horretan oinarrituta, EHUko ikertzaile-talde batek lagina osatu zuen Euskal Herri mailako emaitzak eskeiniz. Bost urte igaro dira dagoeneko, eta orduan ikerketa oso egoera berezian egin bazen ere —COVID pandemiaren baitan irailera atzeratu zen—, emakumeek euskal komunikabideetan zuten presentzia nolakoa zen zirriborratzeko aukera izan genuen. Honako honetan, beraz, emakumeak nola agertzen diren islatzen duen argazkia ateratzeaz gain, aldaketarik egon ote den alderatzeko aukera izan dute ikertzaileek.
Mundu osoko unibertsitate, komunikazio-elkarte, komunikabide eta aktibistek borondatezko lana eginez jasotzen dituzte datuak, aurretik oso jende gutxik ezagutzen duen egun zehatz batean, ezkutuan gordetzen dena, komunikabideek itxurazko aldaketak egin ez ditzaten. Euskal Herriko Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazioa eta Publizitatea zein Kazetaritza Sailetako bost irakasle-ikertzailek parte hartu dute datu-bilketa horretan, Arantza Gutierrez Pazen koordinaziopean, eta Espainiako Estatuko neurketaren barruan eskatutako euskal medioen laginaz gain, metodologia berdina aplikatuta, neurketa beste hedabide batzuetara zabaltzea erabaki genuen, horiek nazioartean izandako emaitzekin alderatu ahal izateko.
1995ean, Beijingeko Adierazpenean eta Ekintzarako Plataforman ezarri zen, berdintasuna oinarri hartuta, gizartearen esparru guztietan, erabakiak hartzeko eta boterea eskuratzeko prozesuan emakumeen ahalduntzea eta partaidetza osoa funtsezkoak direla berdintasuna, garapena eta bakea lortzeko. Zehazki, Adierazpenak, "J" atalean, emakumeei eta komunikabideei buruzko helburu hauek ezarri zituen: «J1 helburu estrategikoa, komunikabideen eta komunikazioaren teknologia berrien bidez, emakumeek adierazpenean eta erabakigunetan parte har dezaten sustatzea. J2 helburu estrategikoa, komunikabideetan emakumeen irudi orekatua eta estereotiporik gabea sustatzea» (Nazio Batuak, 1995, 170).
Aurretik, 1994an, Bangkoken bildutako komunikabide feministetako ekintzaile, aditu eta komunikatzaileek erabaki zuten 1995. urtearen hasieran egun bat antolatzea komunikabide guztien jarraipenerako, eta datuak erabiltzea emakumeak non zeuden eta non ez aztertzeko oinarri gisa. Komunikabideen monitorizazioa identifikatu zen komunikabideak demokratizatzeko eta deszentralizatzeko aukera ematen duten estrategia batzuen artean, bai eta komunikabideen izaera patriarkala zalantzan jar dezaketen komunikazio-moduak sustatzen laguntzeko ere (Macharia, 2023).
Ondoren, Beijingo Ekintza Plataformak komunikabideen monitorizazioa ezarri zuen J1 helburu estrategikoa lortzeko estrategia gisa. 242. paragrafoan, Gobernuz Kanpoko Erakundeak eta komunikabideetako profesionalen elkarteak animatu ziren «komunikabideak behatzeko eta kontsultak egiteko taldeak sortzera komunikabideekin, emakumeen beharrak eta kezkak behar bezala islatzen direla bermatzeko»1.
GMMPk eboluzionatu egin du, eta bost urtero, 1995etik, genero-berdintasunaren funtsezko dimentsioen argazki bat egiten du albisteak oinarri hartuta. Hogeita hamar urtean zehar, GMMPk 160 herrialdetako datuak eraiki ditu. Komunikabideen panorama globala zeharo aldatu bada ere —hasierako erredakzioen digitalizazio hasiberritik gaur egungo Adimen Artifizialaren erabileraraino—, emakumeek duten lekua ez da aldatu.
Estatu mailako entzuleri-kopuru altuena duten komunikabideez gain, azken urteotan eremu autonomikoko hedabideak sartzen ari dira, argazki zehatzagoa egiteko asmoz. Izan ere, azken monitoreoan, lehenengo aldiz sartu dira Galiziako La Voz de Galicia eta TVG 2025eko laginean. 2020an sartu ziren lehenengo aldiz Hego Euskal Herriko komunikabideak laginean, Arabakoak, Bizkaikoak, Gipuzkoakoak eta Nafarroakoak. Beraz, estatu-mailako hedapena duten komunikabideen neurketak irudi partziala eman ahal zuela-eta, nazio edo erregio zehatz batzuetan errotuta daudenak sartzea erabaki zen, baita gaztelania ez den beste hizkuntza ofiziala erabiltzen dutenak ere.
1. Komunikazioaren genero-ikerketak azken bost urteotan Euskal Herrian
Euskal Herriko hedabideak lehen aldiz jasotzen zituen 2020an egindako monitoreoaren emaitzak aztertzen zituen artikuluan2 (2025), Euskal Herrian genero-ikuspegitik egindako komunikazio-ikerketen zerrenda zabala egin genuen; honako honetan hortik zabaldu diren ikerketa-lerro berriak azalduko ditugu, baita argitalpen nagusiak ere, agerian baitago komunikazio-esparruko ikerketan ugaritu direla ikuspegi feminista txertatzen duten analisiak.
Emakumeenganako indarkeriaren tratamendua bada genero-ikasketen lerro bat; ildo horretan baditugu EHUko Gure Iker ikerketa-taldeak argitaraturiko lanak: EAEn genero-indarkeriak eragindako hilketen estalpen mediatikoa aztertu dute, baita autoerregulaziorako kodeen inplementatzeko beharra ere (Ainhoa Novo-Arbona et alter, 2023). Ildo berean, Maria Gorosarri-Gonzalezek (2025) euskal prentsak indarkeria matxista nola azaltzen duen neurtzeko tresna bat proposatu zuen La violencia machista como tormenta mediática: Propuesta de escala multimedia de atención mediática izenburuko artikuluan. Egile berarena da kazetaritza feministaren inguruko hurbilketa kontzeptuala eta kategorizazioa jasotzen duen ikerlana (2024).
Bere aldetik, Itxaso Fernandez Astobizak Martxoaren 8a Euskal Herriko prentsan: interpretazio-markoak eta edukien ezaugarriak doktorego-tesia defendatu zuen 2021ean. Ikerlan horretan Hego Euskal Herriko prentsak, 40 urteko epean (1978-2018), martxoaren 8ari buruz egindako estaldura periodistikoa eta Euskal Mugimendu Feministaren inguruan eraiki duen irudia aztertu zituen, esparru ideologiko desberdineko hamaika egunkariren analisian oinarrituta.
Era berean, kazetaritza genero ikuspegitik aztertu dute Maria Ganzabal Learreta, Koldo Meso Ayerdi, Jesus Pérez Dasilva eta Terese Mendiguren ikertzaileek (2023), adinkeria eta genero-ezberdintasunak kazetarien lanbidean duen eraginaren inguruan, EAEko kazetarien tresna digital eta transmedia narratiben erabileran dauden ezberdintasunak oinarri hartuta. Ainara Larrondo Uretak eta Carmen García Gonzalez-ek (2025) kazetaritza-praktika feministen inguruan kasu-ikerketa bat landu dute Chicas Poderosas komunikazio-proiektuaren inguruan.
Komunikabideetan emakumeak nola agertzen diren edo islatzen diren genero-estereotipoen inguruko ikerketek beste esparru bat zabaldu dute. Izan ere, Maialen Suarez Errekalde eta Raquel Royo Prietok komunikabideetan erakusten diren genero-rolak eta gorputzaren errepresentazio sexuala eta beren burua feministatzat jotzen duten pertsonek haiekiko duten atxikimendua edo errefusa aztertu zuten (2020). Nuevos imaginarios del rural en la España contemporánea: cultura, documental y periodismo izeneko ikerketa-egitasmoaren baitan, Arantza Gutierrez Paz ikerlariak baserriko emakumeek EITBko Sustraia saioan duten ikusgaitasuna aztertzen duen artikulua (2024) ere badugu; eta egile berak, Itxaso Fernandez Astobizarekin batera, nekazaritza eta matriarkatua lotzen dituen iruditegia kolokan jartzen du, euskal irrati-telebista publikoaren bi saiotan baserri-eremua nola agertzen den aztertzen duen lan batean (Miguélez-Carballeira, Helena; Castelló, Enric eta López-López, Bernat 2025).
Itxaso del Castillo Airaren Monstruas. Deconstruyendo el monstruo femenino actual en el audiovisual del terror (2020) izenburuko tesian oinarrituta, EHUk Mujeres furiosas. El monstruo femenino en el audiovisual de terror liburua argitaratu du 2024an; non munstro femeninoek zineman izan duten agerpena aztertzen duen, emakumeen gorputzaren kontrolaren inguruan hausnartzen duen bitartean.
Zinemarekin jarraituz, Iratxe Fresneda Delgadoren zuzendaritzapean, Dena Egiteke Dago, zinema tirokatu (2025) liburu kolektiboa argitaratu du Tabakalerak; Donostia Kulturak eta Euskal Filmotekak bultzaturiko Nosferatu Bildumaren barruan. Bertan, Iratxe Fresnedak azaltzen duen bezala, emakumeek «eta industriako zinematografien barruan sartzen ez diren beste kolektibo batzuk zinearen historia propioa idazten [dute]. Zinemak errealitatearen ikuspegiak sortzen ditu, eta horiek, noizean behin, ezarritako eskema narratibo eta formaletatik ihes egiten dute. Aztertuko ditugun kasuetan, eskapada hori ez da soilik narratiba zinematografiko nagusitik urruntzean oinarritzen, une historiko bakoitzean atxikita dauden gizarteen kontakizun hegemonikoetatik ere urruntzean baizik»3.
EHUko EITB Multimedia Masterreko Garazi Arregi Leon ikasleak egindako Indarkeriarik gabeko kultura: Ikus-entzunezkoetan eta arte eszenikoetan indarkeria matxistak prebenitzeko eta horiei aurre egiteko EAE-ko protokoloaren bidean ikerketa-lanean oinarrituta, (H)emen ikus-entzunezko sektore eta arte eszenikoetako emakumeen elkarteak sektorean andreek antzematen duten indarkeriaren inguruko diagnosia argitaratu du 2025ean.
EITBk bere aldetik bere diagnosia egin zuen 2024an (Silvestre, 2024) non aztertu zuen emakumeek zuten presentzia irrati-telebistako kate ezberdinetan; 2025ean, bigarren azterketa egin zuen, maiatzaren 14tik 20ra bitartean emitituriko irrati-albistegiak kontuan hartuta, baina hori ez dago argitaratuta.
Argitalpenez gain, EHUko Gureiker ikerketa taldeak antolatzen dituen Emakom4 jardunaldiak kontsolidatu dira, genero ikuspegia duten komunikazio publiko eta pribatuaren ikerketen eta ikertzaileen topagune moduan.
Beste aldetik, unibertsitate publikotik ere Kazetaritza Matxistaren Behatokia5 abiatu da Bitartez Ikerketa Taldeak, Pikara Magazine eta M8 komunikatzaileen elkartearekin batera. Dagoeneko 2025eko azaroaren 25ean aurkeztu zituzten lehenengo emaitzak Madrilgo Prentsa Elkartearen aurrean6, eta unibertsitate zein Bigarren Hezkuntzako ikasgeletan erabilgarri den material didaktikoa ere prestatzen ari dira.
2. Metodologia
2.1. GMMP proiektuaren metodologia
2020. urtean COVIDak beharturiko data-aldaketaren ostean, 2025ean udaberrira itzuli da neurketa, monitoreoa hasi eta 30 urte bete direnean; 2025eko maiatzaren 6an egin da, hain zuzen ere. Egun horretan estatuko 94 komunikabidetako begirale-taldeek 29.935 albiste kodetu zituzten, egunkarietan (%28), irratian (%21), telebistan (% 27) eta agerkari digital edo webguneetan (% 24) banatuta. 2025era arte izandako partaidetza urtez urte hazi bada ere, azken edizio honetan begiraleak %19 gutxiago izan dira, finantziazio faltagatik. Gutxitze horren ondorioa laginaren tamaina murriztea izan da; hala ere, horrek ez du kolokan jartzen azterketa honek duen balioa emakumeek hedabideetan duten presentziaren egoera ezagutu ahal izanteko.
24 orduz, mundu osotik, miatu ziren hedabideak. GMMParen zazpigarren edizio honetan hainbat berritasun sartu dira: lehenengo aldiz, datu elektronikoak soilik ikertu dira, idatzizko formularioak erabili gabe. Linean harturiko datuen gehiengoa estatu-taldeek jaso zuten eta 12.000 sarrera baino gehiago zenbatu ziren. Bestalde, Interneteko albisteek garrantzia berezia izan dute eta hainbat lekutan irratikoak baino gehiago izan dira.
Hori bai, GMMPren oinarriko metodologia mantendu da hamarkadetan izandako emaitzak konparatu ahal izateko. Azterketaren egunean, taldeek datuen jasoketa egiten dute eta irrati eta telebistako albistegiak grabatzen dira, baita egunkarietako kopiak gorde ere, bigarren azterketa beharrezkoa izatekotan eskuragarri izan ahal izateko.
Galderek albiste bakoitzaren gakoak diren lau dimentsioren inguruan datu kuantitatiboak hartzen dituzte: a) Albisteari buruz: gaia, kokapena eta hedapena; b) Albistean agertzen diren pertsonen inguruan: subjektuak eta iturriak; c) Albisteetan agertzen diren egileen inguruan (esatariak, aurkezleak eta kazetariak) eta d) Albistearen kalitatea genero ikuspegitik (genero-estereotipoak, emakumeen protagonismoa, genero-berdintasunaren eta eskubideen tratamendua). Horietaz gain, estatu bakoitzeko taldeek hiru galdera gehiago era sartu ahal dituzte horrela nahi izanez gero. Gainera, taldeek testuinguru kualitatiboa deskribatu ahal dute interpretazioa errazteko.
2.2.Hedabideen lagina
Mundu mailan, emaitza orokorrak 29.935 informaziotan oinarritzen dira. Artikulu horietan 58.321 pertsona eta 26.560 profesional aipatzen dira 94 herrialdetan, 2025eko maiatzaren 6an egindako munduko zazpigarren monitoretza-jardunaldian. Espainiar estatu mailan, EHUko bost ikerlariez gain, 60 pertsona inguruk parte hartu dute monitorizazio bidezko datu-bilketan, UAMeko Teresa Vera Balanza ikerlariaren zuzendaritzapean. Orotara, 33 hedabidetako 467 informazio ikertu dira: 140 informazio-pieza inprimatutako egunkarietan; 166 albiste telebistako albistegietan, 76 informazio irratian eta 85 agerkari digitaletan. Albiste horietan 1422 subjektu zenbatu dira, eta 686 profesionalek prestatu, hitz egin edo aurkeztu dituzte. 2020an X (orduan Twitter) sare sozialeko sarrerak aztertzearen erabakia ez da berretsi monitoreo berri honetan.
GMMP Spain taldetik egindako banaketan, EAE eta Nafarroako eremu administratiboak hartuta, honako hedabide hauek esleitu zitzaizkigun EHUko taldeari: Gara, COPE Bilbao, ETB1eko Gaur Egun, Argia eta Diario de Noticias-eko webgunea. Lagina zabala egiteko, berriz, 2020an hartutako gehienak hartu genituen. Onda Vasca kanpoan utzi genuen, gaztelaniazko irrati bat baikenuen dagoeneko, eta irrati-telebista publikoen pisua gehiegizkoa izan ez zedin, EITBren kasuan euskarazko kateak, Euskadi Irratia eta ETB1, sartzea erabaki genuen. Kontzienteak gara horrek eragina duela emaitzak irakurtzeko eta egindako bi monitoreoak alderatzeko orduan; hala ere, esan bezala, hemen agertzen dena une zehatz bateko argazki finkoa da, baina gogoetarako datu batzuk eman ahal dituena.
Orotara, Hego Euskal Herriko lagina 121 albistek osatu zuten (% 33 egunkarietan; % 28 irratietan; % 17,5 telebistetan eta % 21,5 agerkari digitaletan), horietako 64 euskaraz. Protagonistei dagokienez, 256 pertsona identifikatzen dira azterturiko albisteetan (102 euskarazko medioetan).
2.3. Fitxa teknikoa
Komunikabide bakoitzeko 12-14 albiste nagusiak aztertu eta kodetu behar zituen ikertzaile bakoitzak. Egunkarien kasuan, paperezko edizioko azaletik hasita, hurrengo orrialdeetan dauden 12-14 albiste. Behaketa horretatik kanpo geratu ziren iritziak, zerbitzu-informazioak (eguraldia, adibidez) edo publizitate-mezuak. Argazki-albisteak edo albiste barruak, berriz, kontuan hartu ziren analisirako. Webgune edo egunkari digitaleko albisteei dagokienez, inprimatuetako kopuru bera aztertu behar zen, orri nagusitik hirugarren mailara arteko berriak, hain zuzen ere; aurrekoan bezala, iritziak ez ziren kodetzen.
Irrati eta telebisten kasuan, edizio nagusia grabatu behar zen, eta berri guztiak kodetu behar ziren (politikoak, tokikoak, nazioartekoak, edozein gairi buruzko erreportajeak, albistegiaren barruko kirol informazioak eta eguraldiari buruzkoak…). Kanpoan geratu ziren titularrak, aurrerapenak, analisiak, baita albistegietatik bereizitako eguraldi-tarteak ere, besteak beste.
Ikertzaile bakoitzak komunikabide bakoitzeko fitxa bana bete behar zuen, eta estreinekoz datu-bilketa bide digitaletik egin da; horrek ahalbidetu du behin betiko emaitzak 2025eko azaroan argitaratzea.
Ikerketako lurralde-eremu bakoitzean bazegoen aukera galdera bereziak sartzeko, Espainiako Estatuaren kasuan, informazioaren kalitatea neurtzeko asmoz, sartu ziren galdera bereziak honakoak izan ziren:
- Informazioak hizkuntza barneratzailea erabiltzen du?
- Ikusten al da intersekzionalitate-alderdirik emakumeen ordezkaritzan (kalteberatasun-elementuak edo generoari gainjartzen zaizkion diskriminazioarenak)?
- Informazio-piezak feminismoaren edo genero-berdintasunaren borrokaren inguruko desinformazio-osagaiak ditu?
Azaldu behar da datuak jasotzeko fitxa nazioarte mailan adosten dela, eta oso errealitate ezberdinak bizi diren herrialdeetan egiten dela egun berean. Hori dela eta, aukera gutxi dago fitxan aldaketak egiteko, eta zentzu horretan, genero-ikuspegi binarista deitu ahalko genukeena ematen da. Beraz, kasu batzuetan, genero-aniztasuna azaltzeko aukera badago ere, gizonezkoen eta emakumezkoen datuak dira alderatzen direnak, genero ez-binarioko pertsonak estatistika nagusietatik kanpo utziz. Hala ere, horrek ez du esan nahi ez direla kontuan hartzen analisi sakonagoetan.
3. Emaitzak
3.1. Emakumeen presentzia albisteetan
Lehenengo irakurketa batean, emakumeek duten presentzia zenbatu zen; zenbaketa horretan, kontuan hartzen da komunikabideetan lan egiten duten pertsonak baita aipatzen direnak edo albisteetan parte hartzen dutenak, bai subjektu moduan bai informazio-iturri moduan.
Hurrengo taulan ikus daiteke zein den presentzia hori hedabideetan, baita neurketa egin zenetik eman den garapena ere7.

Ikus daitekeenez, emakumeek albisteetan duten presentzia bederatzi puntutan igo da monitoreoa hasi zenetik, duela 30 urte. 2010era arteko goranzko joera geldoagoa izan da azken urteotan, eta gaur egun albisteetan agertzen diren pertsonen heren batera ez da heltzen emakumeen kopurua, nahiz eta Nazio Batuen arabera Munduko biztanleriaren % 49,7 diren. Komunikabide-mota guztietan ematen da arrakala, eta ildo horretan aipagarria da hedabide digitalek ez dutela aldaketarik ekarri media tradizionalekin alderatuta.

Nazioarteko batez besteko datuekin alderatuta, Hego Euskal Herriko komunikabideetan agertzen diren emakumeen portzentaia hiru puntu altuagoa da, hala ere ez da heltzen heren batera; bereziki baxua da irratian, prentsan zertxobait igo den bitartean. Datu hauek bere testuinguruan ulertzeko, ordea, bi ohar: alde batetik, irratien lagina aldatu egin da eta horrek ekarri ahal izan du ezberdintasuna hain nabaria izatea. Beste aldetik, prentsa idatzian, askotan sinatu gabeko informazioak sartzen dira edo ajentziakoak eta, beraz, ezin jakin zein den idazlearen generoa. Azpimarratzekoa da laginean sarturiko euskarazko egunkari bakarrean, Berrian, gizonen eta emakumeen kopuruak oso parekatuak direla eta parekidetasunetik oso hurbil dauden zenbakiak eskaintzen dituela.
Beste aldetik, hedabide digitaletan emakumeen presentzia handiagoa da Euskal Herriko komunikabideetan, eta bereziki deigarriak dira Argiaren kasuan, non hamar pertsonako zortzi emakumeak diren. Dena den, beharrezkoa da euskal agerkarian Naizen elkarteak antolaturiko kongresuari emandako estaldura, non adituen artean gehienak andrazkoak ziren.
Telebistako datu hauek bat datoz EITBk 2025ean egindako diagnostikoarekin, zeinak azaleratu zuen ETB1en parte hartzen duten pertsonen artean % 46 emakumezkoak direla; % 41,5 ETB2ren kasuan. Azaldu behar da ikerketa honetan, aurkezle, kazetari, albistegietako protagonista eta informazio-iturriez gain, tertulian parte hartzen duten analistak ere kontuan hartu zirela, monitoreotik at geratu zirenak.
3.2. Albisteen egileen generoa

Kazetaria emakumezkoa izateak ez du bermatzen informazioan genero-ikuspegia txertatzea, baina aditu batzuen iritziz (Byerly, 2006; Geertsema-Sligh) errealitateari so egiteko modua baldintzatzen du berriemalearen generoak. Ildo horretan, informazioaren tratamendu androzentrikoari aurre egiteko ahaleginetan, kontuan hartzeko adierazlea da berriemalearen generoa. Hori dela eta, monitoreoak prozesu informatiboetan parte hartzen duten gizon eta emakumeen kopurua neurtzen du.
Idatzizko komunikabideetan, paperezkoak zein digitalak, berri-emaleen generoa ezagutzeko modu bakarra sinadura denez gero, zenbaitetan zaila da albiste baten atzean dagoena emakumea edo gizonezkoa den jakitea. Hori ez da gertatzen ikus-entzunezkoetan, non informatzaileak bere ahotsa edo gorputza jartzen duen. Sinaduren kasuan, izenari esleituriko generoaren arabera sailkatu dituzte ikertzaileek kazetariak; irrati eta telebistan, aldiz, ezaugarri fisikoak kontuan hartu dira. Ez da genero ez-binariorik antzeman lehenengo hurbilketa batean, eta bi kasutan, genero ezberdineko pertsonak agertzen dira egile gisa.
Ohar horiek kontuan hartuta, nabaria da emakumeak nabarmen gehiago direla neurturiko bi telebistetan, ETB1 eta Hamaika, eta irratiaren kasuan parekidetasuna dugu aurkezle eta erredaktoreen artean. Paperezko egunkarietan, sinatzaileen artean emakumeak heren bat badira ere, gizonezkoen kasuan ere, kopurua ez da askoz altuagoa. Komunikabide digitaletan, ordea, emakumeen portzentajea % 15 da.
Duela bost urte ateratako datuekin alderatuta, honako grafiko hau islatzen digu uneko argazkiak:

Genero-parekidetasunari dagokionez, baikortasunerako zantzuak badaude ere, beste gogoeta interesgarri bat sortzen da idatzizko hedabideen inguruan, non askotan ez den identifikatzen egilearen generoa. Ildo horretan, kontuan hartu behar da gero eta erakunde gehiagok salatzen dutela emakume kazetariek sare sozialetan jasaten duten indarkeria beren jardunagatik. Beren testigantzetan, horietako batzuek azaltzen dute indarkeria horren atzean dagoen faktore bat gorputza jartzea dela, eta hori bereziki gertatzen da ikus-entzunezkoetan8. Beraz, gorpuztu gabeko egiletzak babesleku bat eskaintzen die kazetari batzuei. Dena den, egindako azterketan maiz sinatu gabeko testuak agentziakoak dira, eta agerian uzten dute besteak beste komunikazio-sektorean bizitzen ari den lan-prekaritatea.
3.3. Albisteetan agertzen diren emakumeen soslaia
Albisteak nork idazten dituen eta berri horietan emakumeek duten pisua genero-berdintasunaren edo arrakalaren adierazle esanguratsuak diren bezala, beste datu aipagarri bat da andrazkoen soslaia ezagutzea, hau da, zein den beren lanbide edo jardun nagusia.
Honako grafiko honetan ikus dezakegu albisteetan agertu diren emakumeen aitortutako jarduna:

2020an bezala, agerian dago albisteetan parte hartzen duten emakume gehienak politika arlokoak direla, bai maila instituzionalean, herritarren ordezkari gisa (% 35) edo sindikatu edo gizarte-eragile bateko aktibista moduan (% 26), hau da, informazio-orrialde edo saioetan parte hartzen duten hamar emakumetatik sei ekintzaile politiko edo sozialak dira. Hurrengo atalean ikusiko den beste datu batekin alderatuta uler daiteke hobeto. Izan ere, albisteetan agertzen diren emakumeen ia erdia talde baten bozeramaile paperean agertzen da; horrek agerian uzten du sindikalgintzan eta politikan oro har, sustaturiko kuoten eta kremailera-zerrenden derrigortasunak, baita hirugarren sektoreko hainbat kolektiboetan egin diren gogoeta-prozesuek, ekarri dutela emakumeen ahotsak ugaritzea politikan. Datu horren bestelako irakurketa egin dezakegu, esparru publikoan dagoeneko eskarmentua duten emakumeak maiz agertzen direla hedabideetan, alegia, datu hori bereziki nabarmena da ikus-entzunezkoetan, non emakumeen esposizio publikoa handiagoa den.
Albisteetan agertzen diren hamar emakumetatik bat ospetsua da eta beste bat herritarra edo jardun ezagunik gabekoa. Esan beharra dago, nazioarte mailan egindako monitoreoan (Macharia, 2025) azken hauek maiz agertzen direla albisteetan munduan dagoen genero-arrakala agerian utziz; gainera egoera okertu da azken bost urteotan, eta etxeko langile edo lanbide gabe agertzen diren hamar pertsonetatik zazpi andrazkoak dira.
3.4. Emakumeen rola albisteetan
Informazioetan agertzen diren emakumeen soslaia ikusita, eta aurreratu dugunez, maiz agertzen dira erakunde publiko baten bozeramaile gisa, honako grafiko honetan ikus daitekeenez:

Monitoreoan lekuko moduan dauden edo esperientzia pertsonala azaltzen duten informazio-iturriak bereizten badira ere, Hego Euskal Herriko komunikabideetan epigrafe berean batu ditugu, eta orotara agertzen diren emakumeen ehuneko hamarrak lehenengo pertsonan bizitako edota ezaguturiko esperientzia azaltzen du.
Azkenik, zenbatu diren emakumeen heren bat da berriaren subjektua, nahiz eta horrek ez duen esan nahi agentziaz agertzen direla beti, zenbaitetan subjektu pasibo gisa aipatzen baita albisteetan, hau da, akzioaren objektu edo jasotzaile moduan.
Hurrengo grafikoan ikus ditzakegu datuak hedabideen arabera:

Grafikoan ikus daitekeenez, bozeramailetzan oinarrituriko kazetaritza nabarmena da komunikabide guztietan, eta aurreko ataletan esan bezala, ia komunikabide gehienetan bozeramaile gisa agertzen dira parte hartzen duten emakumeak, hau da, talde baten ordezkari moduan. Gutxiagotan agertzen dira aditu edo subjektu moduan, nahiz eta nabarmentzekoa den azterturiko webguneetan agertzen den rol nagusia albistearen protagonistarena dela.
Argazkia osatzeko, hurrengo taulan ikus dezakegu telebistan, irratian eta prentsa idatzian emakumeek duten presentzia, baita duela bost urteko emaitzekin dagoen aldea ere9.

Bereziki aipatzeko bi ezaugarri daude: alde batetik, nahiz eta gizonezko adituen kopuruak emakumezkoenak baino altuagoa izaten jarraitzen duen, aldea txikiagoa da eta ia-ia parekidetasunaz hitz egin dezakegu; ikusi beharko da ea hori joera bat den edo egun bakarreko ilusioa. Bestetik, emakumeen rol ohikoena bozeramailea izatea bada ere, emaitzek agerian uzten dute oraindik gehiago direla funtzio hori duten gizonezkoak. Horiek ere egun bakarreko datuak diren arren, esan beharra dago, datu biak kontuan hartzen baditugu, antzeko datuak agertzen direla EITBk 2025eko maiatzean egindako azterketan, zeinean agertzen zen informazio-iturrietako % 42,8 emakumeak zirela.
Biktima edo indarkeria egoera bateko bizirauleak diren pertsonen kopuru osoa oso txikia izan da azterturiko albisteetan eta, beraz, ezin dugu hortik emaitzarik azaldu portzentajeetatik harago.
Esperientzia pertsonalak eta lekuko moduan ari direnak batu ditugu azterketa honetan. Normalean, adierazpen horiek herritarrek egindakoak izan ohi dira eta ez kolektibo baten ordezkariek edo ahots espezializatuek. Nazioarte mailan izandako emaitzak jasotzen dituen taulan ikus dezakegunaren aurka, Hego Euskal Herriko laginean adierazpen horiek ez dute ordezkaritza handirik, eta horrek agerian uzten du badagoela zilegizko iturrietara jotzeko ohitura albistegietan, sentsazionalismotik ihes eginez.
Hurrengo taulan, nazioarte mailan emakumeek albisteetan izan duten rolari dagokionez eman den garapena ikus dezakegu. Lehenengo begiradan ikus daitekeenez, albisteetan ahotsa daukaten edo agentziarekin agertzen diren lau pertsonetatik hiru gizonezkoak dira, eta ez da aurrerapen nabaririk egon hogeita hamar urtean. Emakumezkoen kopurua parekidetasunera hurbiltzen da soilik ahots adituak ez direnen kasuan, nahiz eta gizonezkoen parte-hartzea ere handia den.
Biktima moduan agertzen diren emakumeek gizonezkoen kopurua bikoizten dute. Dena den, datu hori bere testuinguruan ulertzeko, esan beharra dago emakumeenganako indarkeriari buruzko albisteak % 1 izan direla komunikabideetan. Eta horrek ere agerian uzten du gaiari ematen zaion garrantzia hedabideetan.

3.5. Zenbakietatik harago
Metodologiaren atalean esan bezala, bazegoen aukera galdera bereziak sartzeko, informazioek genero-ikuspegitik zuten kalitate-parametroak betetzen zituztela neurtzeko hiru galdera erantzun behar zituen begirale bakoitzak.
Aipatu behar da hizkuntza inklusiboa erabiltzen hasi dela informazioetan. Egia da euskal komunikabideetan erdaldunetan baino errazagoa dela, euskarak ez baitu genero-markarik; hala ere, ikerketa sakonagoa beharko luke horrek, ez baita nahikoa bi generoak bereiztea hizkuntzaren erabilera androzentrikoa ekiditeko. Espainiako estatuan bezala, gizarte-gaiekin eta indarkeriarekin loturiko albisteetan zaintzen da gehiago, eta portzentajeak ere antzekoak dira, lau albistetatik batean zaintzen da hizkuntza.
Intersekzionalitatea, hau da, emakumea izateagatik gehitu ahal zaizkion beste zaurgarritasunak agertu badira ere, ez dira zenbaki aipagarriak eskaini, eta horiek beti agertu dira gizarte, ekonomia eta delinkuentziarekin loturiko zenbait albistetan.
Are gutxiago agertu da proposatzen zen azken galdera berezia: ez estatu mailan ezta Hego Euskal Herrian ere, ez da atzeman inolako desinformazio-zantzu nabarmenik feminismoaren edo genero-berdintasunaren gaia jorratzen zen informazioetan; horrek ez du esan nahi, ordea, aspektu hau ez dela landu behar, bereziki indarkeia matxistarekin loturiko albisteetan.
4. Ondorioak
Aurreko ikerketan gertatzen zen bezala, Hego Euskal Herriko hedabideetan emakumeek duten presentzia handiagoa da nazioartekoetan baino. Gainera, mundu mailan ez da ikusten aurrerapen handirik eman denik azken hogeita hamar urtetan. Ondorioz, esan dezakegu, Beijingen 1995ean ezarritako helburuetatik oso urruti gaudela, eta ez da emakumeen parte-hartzea bultzatzeko joera nabarmenik ikusten.
Irratiko datuek argazkia desitxuratzen badute ere, ondoriozta daiteke bereziki idatzizko komunikabideetan ematen dela arrakala handiagoa beste komunikabideekin konparatuta, eta gizonezko ahotsak nagusitzen direla albisteetan, bai idazle eta protagonista edo informazio-iturri gisa.
Idazgelak feminizatzen ari direla ere esan dezakegu, eta gero eta emakume gehiagok azaltzen dutela gaurkotasuna. Ildo horretan, nabarmendu nahi dugu azken urteotan emakume batzuek euskal medioen gidaritza hartu dutela: Amagoia Mujikak Berria zuzentzen du 2023tik; Ainhoa Jauregik 2024an hartu zuen Hamaika Telebistaren lema eta urte berean Ane Urkirik hartu zuen Naiz agerkaria zuzentzeko ardura. Izendapenetatik harago, barne-prozesuak eman dira zenbait hedabidetan; beste arlo batzuetan bezala, ohituretan eragitea kostatzen da eta kristalezko amildegiaren mehatxua ezkutatzen ote den aztertu behar da, komunikazio-sektorea krisian dagoenean.
Egoerak bultzatuta, honako monitoreo honetan ez dira kontuan hartu sare sozialetan argitaraturiko albisteak, eta susmoa dugu gaur egun dagoen indarkeria mailak bereziki eragiten duela emakume kazetari zein arlo publikoan ari diren andrazkoengan, hainbat txostenek agerian uzten dutenez, haien artean Mugarik Gabeko Kazetariek egindakoak (2025).
Nazioarte mailan, emakumeen testigantzak esperientzia pertsonalekin eta herritar arrunten iritzi azalpenekin lotzen dira (hau da, zilegitasun gutxiko ahotsekin), eta agertzen diren adituen edo bozeramaileen laurdena izatera ez dira heltzen. Hego Euskal Herrian, aldiz, emakumeen ahotsak gizonezkoenak baino gutxiago badira ere, gero toki gehiago hartzen dute albisteetan, bereziki aditu edo talde baten bozeramaile gisa. Horrekin lotuta, aurreko ikerketetan agerian geratu denez, maiz agertzen diren andrazkoak esparru publikoan ari diren politikari edo aktibistak izaten dira.
5. Bibliografia
Byerly, Carolyn M. eta Ross, Karen (2006): Women and Media; Malden MA. Castillo Aira, Itsaso del (2024): Mujeres furiosas. El monstruo femenino en el audiovisual de terror; EHUko Argitalpe Zerbitzua, Leioa.
EHU Campusa (2025): Kazetaritza Matxistaren Behatokiak jasotzen dituen albisteen % 43k genero indarkeria erromantizatzen edo minimizatzen du, https://www.ehu.eus/eu/web/campusa/-/kazetaritza-matxistaren-behatokiak-jasotzen-dituen-albisteen-43k-genero-indarkeria-erromantizatzen-edo-minimizatzen-du. Campusa, 2025eko azaroaren 21a.
Fernandez Astobiza, Itxaso (2021): Martxoaren 8a Euskal Herriko prentsan: interpretazio-markoak eta edukien ezaugarriak. https://addi.ehu.eus/handle/10810/54165
Fresneda Delgado, Iratxe (zuz.) (2025): Dena egiteke dago, zinema tirokatu. Donostia Kultura eta Euskal Filmoteka, Donostia.
Ganzabal Learreta, Maria; Meso Ayerdi, Koldo; Pérez Dasilva, Jesus; eta Mendiguren Galdospín, Terese (2023). Edadismo y desigualdad de género en la profesión periodística: Un desencuentro con las nuevas competencias digitales. Revista de Comunicación, 22 (2), 319–336, https://revistadecomunicacion.com/article/view/3198.
Garai, Estitxu; Pinedo, Naiara eta Rodriguez, Zuriñe (2023): Irautea iraultzea denean, Berria, 2023ko urtarrilaren 22a, https://www.berria.eus/iritzia/artikuluak/irautea-iraultzea-denean_1329154_102.html.
Geertsema-Sligh, Margareth (2025): Journalism and Gender. Global Perspectives, Routledge.
Gorosarri González, Maria (2024). Periodismo feminista: Una aproximación conceptual. Historia y Comunicación Social, 29(1), 133–144, https://doi.org/10.5209/hics.98681.
Gorosarri González, Maria (2025). La violencia machista como tormenta mediática: Propuesta de una escala multimedia de atención mediática. IC Revista Científica de Información y Comunicación, 22, 153–176, https://icjournal-ojs.org/index.php/IC-Journal/article/view/890
Gutierrez Paz, Arantza eta Fernandez Astobiza Itxaso (2021). Kazetaritza feminista Hego Euskal Herrian; Behategia, Euskal Hedabideen Urtekaria 2021 / Libe Mimenza Castillo eta Hibai Castro Egia (ed), 2021, 161-193, https://behategia.eus/eu/urtekaria_artikulua/13374/.
Gutierrez Paz, Arantza; Arriaga Azkarate, Tania eta Fernandez Astobiza, Itxaso (2023). Feminismoa Euskal Herriko euskarazko podcast unibertsoan; Euskal Hedabideen urtekaria 2022-2023 / Hibai Castro Egia eta Libe Mimenza Castillo (ed.), 172-195,https://behategia.eus/eu/urtekaria/urtekaria-2022-23/.
Gutierrez Paz, Arantza (2024) : Emakume nekazarien ikusgaitasuna EITBko Sustraia programan, Behategia. Euskal Hedabideen Urtekaria: 2023-2024 / Hibai Castro Egia (ed. lit.) eta Libe Mimenza Castillo (ed.), 145-168, https://behategia.eus/eu/urtekaria_artikulua/13-emakume-nekazarien-ikusgaitasuna-eitbko-sustraia-programan/.
Gutierrez Paz, Arantza eta Fernandez Astobiza Itxaso (2025). Más allá del matriarcado y la txapela, imaginarios rurales en dos programas de la televisión pública vasca (EITB); Miguélez Carballeira, Helena; Castelló, Enric eta López López, Bernat, Nuevos imaginarios del rural: Literatura, cine y medios en el contexto español, 131-150, URV, Tarragona. https://llibres.urv.cat/index.php/purv/catalog/view/601/617/1310
(H)emen (2025): Indarleria matxistarik gabeko kultura baterantz, 2025 Ikus-entzunezkoen eta arte eszenikoen sektoreetan, https://hemen.eus/wp-content/uploads/2025/12/Indarkeria-matxistarik-gabeko-Kultura-baterantz_EUSK.pdf.
Larrondo Ureta, Ainara, eta García González, Carmen (2025). Periodismo y activismo comunitario por la igualdad de género: Iniciativas innovadoras de la redacción colaborativa de Chicas Poderosas. Dígitos. Revista de Comunicación Digital, 10, 87–104. https://doi.org/10.7203/drdcd.v0i10.284.
Macharia, Shara (2023): Building the Evidence for Feminist Advocacy and Awareness-raising; M. Gallagher & A.V. Montiel (arg.), The Handbook of Gender, Communication, and Women’s Human Rights (pp. 361–375). John Wiley & Sons, Inc. https://doi.org/https://doi.org/10.1002/9781119800729.ch23.
Macharia, Shara (2025): Progress on a Plateau. GMMP Special Edition Gender equality in and through the world news media across 30 years of media monitoring, https://whomakesthenews.org/wp-content/uploads/2025/12/GMMP2025-GlobalReport.pdf.
Nazio Batuak (1995), Beijingo Adierazpena eta Ekintzen Plataforma (gaztelaniaz), https://www.un.org/womenwatch/daw/beijing/pdf
Novo-Arbona, Ainhoa; Peña-Fernández, Simon; Martínez-Odriozola, Lucía; Jiménez-Martín, Eva; eta Eguskiza-Sesumaga, Leyre. (2023). Media and violence against women in the Basque Country: A self-regulation case study. Feminist Media Studies, 23(7), 1421–1437. https://doi.org/10.1080/14680777.2022.2108875.
RSF (2025): 8 de marzo: El 60 por ciento de las periodistas que cubren temas de género soon víctimas de ciberacoso, https://rsf-es.org/8-de-marzo-el-60-de-las-periodistas-que-cubren-temas-de-genero-son-victimas-de-ciberacoso/
Silvestre, Maria (2024): EITBn emakumeek eta gizonek duten presentziari eta parte-hartzeari buruzko diagnostikoa; https://www.eitbtaldea.eus/pdf.php?PuR569rIy7tHOddrODIJjA==
Suarez-Errekalde, Maialen, eta Royo Prieto, Rakel. (2020). El rol de las representaciones corporales mediáticas en la esfera sexual de personas de ideología feminista. Papers. Revista De Sociologia, 105(1), 143–171. https://doi.org/10.5565/rev/papers.2586
1 242. Gobernuz Kanpoko Erakundeek eta difusio-elkarteek hartu beharreko neurriak:
a) Hedabideak zaindu ahal izango dituzten kontrol-taldeak sor daitezen sustatzea eta haiekin kontsultak egitea, emakumearen beharrak eta arazoak modu egokian islatzen direla zaintzeko;
b) Emakumeak gaitzea komunikazioari eta hedabideei aplikatutako informazioaren teknologia hobeto erabil dezaten, baita nazioartean ere;
c) Gobernuz Kanpoko Erakundeen, emakumeen taldeen eta difusio-erakunde profesionalen artean sareak sortzea eta erakunde horientzako informazio-programak egitea, komunikabideetan emakumearen behar zehatzak aitor daitezen, eta emakumeek komunikazioan parte-hartze handiagoa izan dezaten erraztea, bereziki nazioartean, erakunde horien arteko Hegoaldea-Hegoaldea eta Iparraldea-Iparraldea elkarrizketa bultzatzeko, besteak beste, emakumeen giza eskubideak eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko;
d) Hedabideen sektoreari eta hedabideen arloko irakaskuntza- eta trebakuntza-erakundeei eskatzea, hizkuntza egokietan, bertako talde tradizionalei eta beste talde etniko batzuei, hala nola narrazioari, antzerkiari, poesiari eta kantuari, zuzendutako zabalkunde-moduak egin ditzaten, beren kulturak isla ditzaten, eta komunikazio-modu horiek erabil ditzaten gizarte- eta garapen-gaiei buruzko informazioa zabaltzeko.
2 Emakumeen presentzia euskal hedabideetan: GMMP monitorizazioaren 2020ko emaitzak Hego Euskal Herrian, https://behategia.eus/eu/urtekaria_artikulua/13661/
3 https://www.donostiakultura.eus/eu/zinema/aktualitatea/albisteak/argitaratua-dena-egiteke-dago-zinema-tirokatu
4 https://www.ehu.eus/es/web/gureiker/emakom
5 https://periodismomachista.com/eu/
6 https://www.ehu.eus/eu/web/campusa/-/kazetaritza-matxistaren-behatokiak-jasotzen-dituen-albisteen-43k-genero-indarkeria-erromantizatzen-edo-minimizatzen-du.
7 2020ko datuak ez datoz bat 2021ean argitaraturikoekin, baina orduan ohartarazi genuenez, artikulu hori idazteko momentuan, emaitzen aurrerapena baino ez genuen. Hemen agertzen direnak, berriz, behin betiko datuak dira.
8 Iritzi-emaleak baziren ere, oso esanguratsua da EITBko tertulietan parte hartzen zuten emakume batzuek 2023ko urtarrilaren 22an idatzi zuten artikulua: https://www.berria.eus/iritzia/artikuluak/irautea-iraultzea-denean_1329154_102.html
9 Honako taula honetan ez dira Interneteko komunikabideetako datuak sartu, 2020ko ikerketan horien emaitzak Twitterren ateratakoekin batuta agertzen zirelako-


