Urtekaria 2025-2026 | Lukas Hiriart (Euskararen Erakunde Publikoa -Hedabideak, ikus-entzunezkoa eta digitala-)

Denok erabiltzen ditugu hedabideak egunero. Laneko bidean irratia piztean, eguerdiko pausan kafearekin batean egunkaria irakurtzean, garraio publikoan gure telefonoetan edo gauean telebista piztean… Edonoiz, edonon, eskura ditugu. Azken urteetan, informazioa jasotzeko ohiturak eta tresnak aldatuz joan badira ere, hedabideek belaunaldi guzietako herritarren bizitzan garrantzia eta lekua izaten segitzen dute. Horregatik dira euskarazko hedabideak ezinbestekoak, gure hizkuntza egunerokoan entzungai, irakurgai eta ikusgai izatea ahalbidetzen dutelako.

Aspaldi honetan, euskarazko hedabideak eta erdarazko hedabideetan eginiko euskarazko ekoizpenak garatuz joan badira ere, hainbat erronkei aurre egin behar izan diete. EEPk lurraldeko hedabideak biltzen dituen lantalde bat sortu zuenean, agerian gelditu zen lurraldeko hedabideek euskaldun kazetari profesionalak kontratatzeko behar handia izanen zutela. Lehentasunean erantzun behar zen erronka bat zen hau, beraz: Ipar Euskal Herriko lurraldearen ezagutza eta kazetari izateko konpetentziak lortzeko euskaldunak formatzea.

Behar honi erantzuteko, EEPk bilkurak burutu zituen hiru unibertsitaterekin: Ipar Euskal Herrian presente den unibertsitate publikoa, hots, Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatea (UPPA); kazetaritzari buruzko euskarazko lizentzia bat proposatzen duen Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU); eta Akitania Berria eskualdean dagoen kazetaritza eskola bakarra, Bordele-Akitania Kazetaritza Institutua  (IJBA), Bordele-Montaigne Unibertsitate Publikoari (UBM) atxikia.

Unibertsitate Diploma, alternantzian eginiko bi urteko formakuntza profesionala izatea erabaki zen, hiru unibertsitateek, IJBAk, UPPAk eta EHUk partaidetzan eramanda. Horrez gain, Afdas erakundeak formakuntzaren diruztatzea beregain hartzera engaiatu zen, baina proiektuan parte hartzera engaiatu ziren hedabideek ikasleen lan-sariak ordaindu behar zituzten. Iparraldeko hedabideen egoera ekonomiko hauskorra ezaguturik eta hedabide pribatuak laguntzeko, EEPk kontratatutako ikasle bakoitzagatik 8.000 €-ko dirulaguntza eskaintzea erabaki zuen. Eta hala izan da. 2023ko irailean, 8 hedabide pribatuk eta publikok eta hamar ikaslek formakuntzan parte hartu zuten. Hauen artean, euskara hutsean lan egiten duten Kanaldude telebista, Euskal Irratiak, Antxeta Irratia, Kazeta.eus eta Iparraldeko Hitza. Gainera, Mediabask egunkaria, France 3 Euskal Herri telebista publikoa eta ICI Euskal Herri irrati publikoak ere esperimentazioan parte hartu dute. Izan prentsa idatzian, irratigintzan edo telebistan, elkartegintzan, pribatuan edo publikoan, Iparraldeko hedabide guziek kazetari belaunaldi berri baten beharra zutela erakusten du horrek. Ez da ahaztu behar ere, formakuntza hasterakoan, EiTB telebistak eta Herria astekariak bakoitzak ikasle bat kontratatu zuela. Baina bi kasuetan, ikasleen arrazoi pertsonalengatik, lehen ikasturtearen hastapenean utzi behar izan zuten. Hastapenean kontratua izenpetu zuten 12 ikasleetatik, 10ek segitu zuten beraz, hiru eremutan gaitasunak lortzeko helburuarekin: euskara, kazetari lanbidea, eta lurralde ezagutza.

Bi urte pasa ondotik esperimentazioaren bilana egiteko tenorea iritsi zitzaigun. EEPk bultzatu eta koordinatutako dispositiboa ebaluatzeko beharra zegoen. Azterketa bat eramateko beharra zegoen beraz, eta horren emaitzak hedabide eta unbibertsitateekin batera partekatuz, hainbat helburu betetzea eta erabaki hartzea zen xedea. Lehenik, esperimentazioari buruzko azterketa partekatzea, eta denek irakurketa amankomun bat adostea. Horri esker, oinarri berdinetatik abiatuz, esperimentazioa errepikatzeko beharra neurtzea. Eta beharra azaleratzen balitz, orduan epeak eta baldintzak adostea.

Azterketa horren eramateko, EEPk ikasle eta partaide guzien ikuspegiak biltzeko xedea izan du. Horregatik, ikasleen iritziak bilduz hasi dugu azterketa. Online jarritako galdeketa bati erantzun diote ikasleek. Bakoitzaren erantzunen azterketa eginda, banan-banan haiekin bildu gara haien oharrak ulertzeko eta gogoetetan sakontzeko. Horri esker, bi urteko formakuntzak izan dituen indarguneak eta ahuleziak identifikatu ahal izan ditugu. Adibide bat ematearren, logistikaren inguruan hainbat ohar izan dira. Formakuntzaren eredu pedagogikoaren ikuspegitik hiru unibertsitatek diploma berdinean inplikatuak izatea, kolaboratzea eta erakastea oso aberatsa da. Baina ikasleak bata bestetik oso urrun kokatuak ziren hiru kanpus ezberdinetan ibili behar izan dira klaseetan egoteko: Baionan nagusiki, baina Bordelen eta Bilbon ere bai. Eta ez da beti erraza izan bidaiatzearen eta bizilekua atzematearen kontua, Bordelen bereziki. Eta ikasleak galdezkatu ziren garai honetan, formakuntza oraindik bukatua ez zenean, kezka haundi bat ere agertu zen: ikasle gehienek ez zuten zihurtasunik formakuntzaren biharamunean lortzen ahal luketen kontratuari begira. Oso zaila zitzaien hori ulertzea; batez ere, behar identifikatu bati erantzuteko antolatu zelako unibertsitate diploma. Aldiz, orokorrean, ikasleen gehiengo handia oso kontent zen bi urteetan zehar hedabidean egokitua zitzaion arduradunarekin izan duen harremanaz, laguntza2z eta erakaskuntzaz (8,1 / 10 baloratu dute batez beste ikasleek) eta formakunza teorikoaren edukiarekin ere satisfos egon dira (batez beste 7,4 / 10).

Ikasleak elkarrizketatu ondoan, hedabideetako ikasleen tutore edota gerenteekin bildu ginen. Esperimentazioak, beraiek identifikatutako beharrari erantzuteko gaitasuna zuen edo ez argitu behar zelako. Ikasleek formakuntzari esker bi urtetan zehar lortu dituzten gaitasunek Ipar Euskal Herriko euskarazko hedabideen beharrei erantzuten ote zieten neurtu dugu, baita unibertsitate ezberdinekin zuten harremanaren kalitatea ere, besteak beste. Elkarrizketa hauetatik ateratako ondorioetarik batzuk hauek dira: hedabideek ikasle alternanteak kontratatzerakoan, inbertsio ekonomiko bat egin dute, baina ez soilik: arduradun bat egokitu behar zaio ikasleari, hedabidearen berezitasunak erakatsi, lan taldean integratu, eta autonomo izateko gakoak eman. Baina beharrezkoa izan dela adierazten dute eta kasu batzuetan, hedabideen eskaintza editoriala aberastea lagundu du belaunaldi berriaren presentziak. Orokorrean, formakuntza honi esker dinamika berri bat sortu dela azpimarratzen dute, eta hori unibertsitateek ere baieztatu dute.

Azkenik, unibertsitateetara hubildu gara banan-banan. Ikasleen konpetentzien garapena eta hedabideekin izan dituzten harremanetaz gain, formakuntzaren gauzatzeko 2023an lortu zen akordioa eta hitzarmena aipagai izan ditugu, baita hiru unibertsitateen arteko elkarlanak bakoitzari ekarri dizkion onurak ere. Ez baita ariketa sinplea, errealitate, publiko eta hezkuntza eredu ezberdinak dituzten unibertsitateen artean, formakuntza baten baitan elkarlanean aritzea.

Bilanaren emaitza batzuk aipatzearren, erran daiteke orokorrean esperimentazioan parte hartu duten unibertsitate, hedabide eta ikasleak satisfos direla. Ikasleek euskara maila hobetzeko aukera izan dute, eta Iparraldeko hedabideetan euskararen kalitatearen garrantziaz konzientzia hartu dute. Kazetari lana praktikatzeko konpetentziak garatu dituzte, klaseetan landutako moduluen bitartez, klaseetara hurbildu diren kazetari profesionalek partekatutako jakintzei esker, eta parte handiz ere enpresan lanean bildutako esperientziari esker. Euskal Herriko eta Iparraldeko lurraldearen ezagutza geografiko, historiko eta sozio-politikoan ere ezagutzak jasotzeko aukera izan dute, nahiz eta arlo horretan batzuek irakaspen gehiago eskuratzea espro zuten.

Unibertsitate diplomaren programaren edukiaz haratago, beste elementu batzuk ere izan dira ezbaian bilanaren baitan. Ikasleak hautatzeko irizpideak aipagai izan dira, baita hauen hautaketarako baliatu den prozesua ere. Ikasketa eta lan tarteen arteko alternantzia erritmoa eta, orokorrean, egutegia bera ere aipagai izan dira, ikasleek azpimarratutako hainbat ohar eta kezkaren eraginez. Azkenik aipatu den datua, ikasleen etorkizun profesionala izan da. Azkenean, parte hartu duten hamar ikasleen artean, bederatzik kazetari gisa lan egiteko xedea erakutsi dute. Bostek, formakuntza egin duten hedabidean segitzeko aukera izan dute. Hauetarik batek publikoan segitzen du, besteek pribatuan euskara hutsean edo bi hizkuntzetan. Seigarren ikasle batek alternantzia ondotik bere hedabidean segitzeko aukerarik ez badu ukan ere, Ipar Euskal Herriko beste batean kontratu bat izenpetu du. Ondorioz, formakuntzaren biharamunean, hamar ikasleetarik seik Iparraldeko euskal hedabide batean euskara eta lurralde ezagutzaren gaitasunak beharrezkoak dituen kazetari gisa lan egiten dute.

Partaide guziek aitortu dute esperimentazioa positiboa izan dela, eta urgentziazko behar bati erantzuteko tresna egokia izan dela. Azterketak argitara jarri dituen ikasle, hedabide eta unibertsitateen ohar eta balorazio positiboetaz haratago, zenbakiek erakusten dute hori: formakuntzatik ateratzean ikasleen % 60k Iparraldeko euskal hedabide batean lan egiten du gaur egun, eta kazetaritza ikasketek ez dituzte proportzio hain altuak lortzen. Baina Iparraldean kazetari gazte eta euskaldunen harrobi bat sortzeko beharrari erantzuteko, unibertsitate diploma errepikatzeko beharra argi bada ere, ez da ondoko ikasturte hasieran izango. Alde batetik, beharrak ez direlako gehiago berdinak, euskaraz lan egiten duten berrogei bat kazetarik lan egiten duten lurralde batean, hamar kazetari gazte formatu dituen unibertsitate diploma baten ondotik. Eta bestetik, hedabideen egoera ekonomikoa hauskorra bilakatu delako, eta aurreikuspenak ez direlako hobekuntzaren seinale.

Beraz, ondoko hilabeteetan aztertuko da zein epetan bilduko ditugun berritz Iparraldeko hedabideak eta hiru unibertsitateak mahaiaren inguruan. 2027ko iraileko ikasturtean esperimentazioa errepikatzeko? Nork daki… Hedabideek dute beren beharren berri emanen, eta Euskararen Erakunde Publikoa horietara egokituko da.