Elhuyarren Elia erabiliz lortutako itzulpen automatikoa
en
Urtekaria 2025-2026 | Hibai Castro Egia (Euskal Hedabideen Behategia)

Hamarkada bete da herri ekimeneko euskarazko komunikabideen Hekimen elkarteak eta unibertsitateek (EHU, MU, DU eta, aurrerago, UEU) hitzarmena sinatu eta Behategia sortu zutenetik, 2016ko urtarrilean. Lan akademikoa komunikazio enpresetara eramateaz eta hedabideetako profesionalen beharrak eta kezkak unibertsitatera ekartzeaz mintzatzen zen orriotan Alberto Barandiaran Amillano, Behategia sortzekotan zirela. Handik gutxira, askotariko begirada osagarriz sektorearen taupadak neurtu eta interpretatuko zituen antenaz ari zen Libe Mimenza Castillo, Behategia sortu berritan, ikerketa bultzatzeaz, berrikuntza eta prospektiba garatzeaz, datuak biltzeaz… eta hori dena bi norabideko jarioan egiteaz, hedabideetatik unibertsitateetara eta alderantziz.

Halaxe osatzen hasi zen Datutegia, euskal hedabideen gaineko inoizko datu-base kontsultagarririk handiena, sektorearen argazki nahiko osatua eman zuena. Hasi ziren ere argitaratzen urtekari honetan lehen ikerketa lanak, etorkizunera begira sektoreak bere publiko potentziala hobeto ezagutzeko eta estrategia berriak jorratu ahal izateko aldarriak egiten zituztenak; euskarazko kontsumoa propio neurtuko zuten ikerketen beharra nabarmentzen zutenak; edota trafiko digitalaren urteroko bilakaera sakon aztertzen zutenak.

Abiatu eta berehala, beraz, Behategia bere ekarpena egiten hasi zen bere ikerketekin, txostenekin, jardunaldiekin, uda ikastaroekin edo webgunean argitaratzen zituen lanekin. Ezarian-ezarian eraikitako erreferentzialtasunak administrazio publikoarekin harremanetan sartzea ekarri zuen eta zubi lana ahalbidetu zuen sektorearen eta arduradun politikoen artean, potentzialtasun handiko hiru osagarridun eremua elikatuz: hedabideak, unibertsitatea eta administrazioa. Zentzu horretan, poztekoa da Igor Astibia Teiletxea Hekimeneko zuzendariak ale honetako lehen artikuluan esaten duen bezala, Hekimenen iazko jardun nagusia komunikabideentzako baliabide gehiago eskuratzea izanik, egindako ahalegin horrek, eremu batzuetan behintzat, bere fruituak eman izana.

Erronkaz beteriko hamar urte hauetan ere oso presente egon da, eta dago, digitalizazioa; lan ildo zentral bat bai euskal hedabideen, bai Behategiaren jardunean. Globala den eraldaketa honetara egokitzeko lan garrantzitsuak egin dira, ikerketa, trebakuntza eta inplementazio mailakoak. Hortxe daude, berbarako, antolaturiko formakuntza programak edo eskainitako aholkularitzarako baliabideak eta datuen jarraipen eta azterketarako BEHA eta Behategia Analytics tresnak (azken bosturtekoan landutako BEHA proiektuaren ibilbidearen laburpenean ematen dira xehetasunak, ale honetako zazpigarren artikuluan). Josu Amezaga Albizu EHUko irakasle eta Behategiko kideak eta bere lankideek ale honetarako propio egindako analisian diotenarekin bat eginez, euskara hutsezko herri ekimeneko hedabideek arrakastaz egin diote aurre orain arteko digitalizazioaren erronka handiaren parte bati; aldaketa sakonen aurrean inertziak uxatu, modu berriekin jokatzen hasi, datuei begira jarri eta datuen kultura barneratzen ari dira.

Datuen itsaso zabalean murgiltzeak zentzuz eta argitasunez arraun egin beharra dakar, indarrik ez xahutzen lagunduko duten tresnekin eta norabideari eutsiko dioten iparrorratzekin. Behategiak hamar urte bete berri dituen honetan, hortaz, egokia da sar-hitz hau atzera begira hasi izana, egindako bideari so. Hala egiten baita aurrera arraun: atzera begira, egindako bidea begi bistan, itsasoak lekarkeenerako gertu.

Horretarako ere bada urtekari hau, eginbeharren hodeiertza bistaratzen laguntzeko. Aurtengo ale honek hamahiru artikulu dakartza, lehenago aipatutako bi horiek barne. Aurreratu bezala, Igor Astibia Teiletxea Hekimeneko zuzendariak dirulaguntzen EAEko deialdia du hizpide batez ere, lorpenak goraipatuz baina hutsuneak agerian utziz: «...dirulaguntza sistema berriak aurrerapauso berri bat suposatu du, baina, oro har, ez da aurreikusitako bultzada ematera iritsi…».

Pello Urzelai Agirrek nazioarteko joeren eta erronken errepasoa egiten du eta hasieratik argi uzten du palestinarren aurkako sarraski amaigabe eta krudelak nolako eragina izan duen baita komunikazioaren esparruan ere. Prentsa askatasunak pairatzen duen egoera ere salatu egiten du eta, horretaz gain, hedabideetako arduradunak kezkatzen dituen beste gai bat aipatzen du: eduki sortzaileen fenomenoa. «Batzuek sortzaileen moduan aritzen diren kazetariak bilatuko dituzte, eta beste batzuek, berriz, aliantzak egingo dituzte sortzaileekin, edo zuzenean kontratatuko dituzte».

Sinaduraren atala Ane Zuazubiskar Iñarra kazetari eta irakasleari eskaini diogu eta puri-purian dagoen gai batekin ausartu da. Bere aburuz, euskal edukiz bete behar dira publikoz beterik dauden plaza digital horiek, atzerriko handi-mandien eskuetan dauden aplikazio zalantzagarri eta arrakastatsu horiek. «Ez dezagun erabaki ertzeko plazatxoetara joatea, plaza handian egotea garrantzitsua eta estrategikoa ez balitz moduan».

Sektorearen leihoa irekitzeko Ipar Euskal Herriko Euskal Irratiengana jo dugu, eraldaketa garrantzitsua egin baitute haien sarea sendotzen, webguneak eraberritu eta elkar konektatzen eta DAB+ sistemaren erronka zailaren aurrean posizioa hartzen. Horretarako, euskarazko sei irratiak biltzen dituen Euskal Irratiak sareko zuzendaria den Teixa Ihidoy gonbidatu dugu artikulua idaztera. Atal berean jaso dugu Jose Luis Román Jimenez EITB Mediako zuzendariak eta bere lankideek (Iker Gonzalez Rodriguez, EITBren albistegi digitaleko burua; Maite Goñi Eizmendi, EITBko irrati eta audio zuzendaria; Iraide Muga Zubiaur, Primeraneko burua; eta Nerea Zendoia Elexpuru, Makusiko burua) idatzitako EITBren multiplataforma estrategiaren inguruko testua, plazaratu dituzten plataforma desberdinen inguruko irakurketa egiten duena eta 2025ean erdietsitako datuak biltzen dituena. Gainera, Elhuyar Zientzia agerkari digital eraberrituaren hausnarketa eta sortze prozesuaren berri eman digu Aitziber Agirre Ruiz de Arkautek. Sektorearen atal honetan bertan, hedabideentzako diseinaturik egon den BEHA proiektuaren ibilbidea laburbildu digu Libe Mimenza Castillok, besteak beste, horretan parte hartu duten Irutxuloko Hitza eta GUKA komunikabideetako Naike Usabiaga Urruzola eta Aitziber Arzallus Elolaren ekarpenarekin batera. Atala ixteko, Euskararen Erakunde Publikoko Lukas Hiriartek Kazetaritza Euskaraz Unibertsitate Diploma egitasmoaren lehen promozioaren bilana egin du eta bigarren ediziorako irrika piztu digu.

Ikerketaren esparruko artikulu luzeen atala irekiz, «Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitzaren eta Hamaikaren balio soziala» azterlana daukagu, Mondragon Unibertsitateko Ane Zuazubiskar Iñarra eta Eneko Bidegain Aireren eskutik. Era honetako aurreko lanekin gertatu den bezala —sei komunikabideren inpaktu soziala aztertu da honezkero guretik—, ez dago zalantzarik euskarazko bi hedabide hauek gizarteari egiten dioten ekarpenaren inguruan, nahiz eta aberastasun sozial eta kulturalari gutxitan ematen zaion behar besteko balioa diruaren erresuman.

Hurrena dator «Kazetaritza parte-hartzailea, komunitarioa eta alternatiboa Euskal Herrian: gertutasuna eta kritikotasuna desinformazioaren eta AAren garaian», EHUko Ander Goikoetxea Pérez eta Udane Goikoetxea Bilbaoren lana. Izenburuan agertzen duten kezkak bultzatuta abiatzen den ikerketa honek erakusten du aurreko azterlanak ondorioztatzen duen horren garrantzia. Elkar elikatzen dute bi lan hauek, indartuta ateratzen delarik desinformazio erauntsi norabide bakarrekoaren aurrean izaera komunitariorako joeraren aldarria.

Hirugarren artikuluak ere lotura estua dauka aurreko biekin, berdintsu arnasten du eta, gainera, sendotu egiten du Ipar Euskal Herriko irratien presentzia aurtengo alean. Xalbat Alzugaray Etxeberri kazetariaren «Uhin herrikoietatik, uhain sozialera: Korrikaren zuzeneko segipenaren garrantzia Ipar Euskal Herriko irratietan» azterlana oinarrituta dago EITB saria irabazi duen izen bereko Master Amaierako Lanean.

Jarraian datorkigu EHUko Arantza Gutierrez Paz eta bere lankide diren Tania Arriaga Azkarate, Maider Eizmendi Iraola, Itxaso Fernandez Astobiza eta Erika Fernandez Cabellok sinatutako «Emakumeen presentzia Hego Euskal Herriko hedabideetan: GMMPko argazkia bost urteren ondoren» artikulua. Autoreek Global Media Monitoring Project-ek egiten duen mundu mailako neurketan Hego Euskal Herriko lagina aztertu dute; egitasmo horrek emakumeek albisteetan eta komunikabideetan duten presentzia eta rola neurtzen du eta bigarren aldia da bertako hedabide batzuk ere sartzen dituztena. Oraingo honetan ere, Hego Euskal Herriko hedabideetan emakumeek duten presentzia handiagoa da nazioartekoetan dutena baino eta enpresetan ere gero eta emakume gehiago daude informazioa lantzen.

Atala eta, honenbestez, argitalpena ere ixteko, EHUko Josu Amezaga Albizu, Ane Martinez Juez eta Libe Mimenza Castilloren «Euskara hutsezko herri ekimeneko hedabideen webguneen audientziak 2025. urtean: errekor berri bat» analisia daukagu. Trafiko digitala aztertzen dute bertan eta izenburuak dioen bezala, pandemiaren urtean ezarrita zeukaten bisiten kopuruaren errekorra hautsi dute euskarazko hedabideek. Egileek azpimarratzen duten bezala, hazkunde hori oso handia izan ez bada ere, esanguratsua da bi arrazoirengatik: trafiko errealaren hazkundea delako (hots, ez webguneen emendatzearen ondorio) eta inguruko zein maila globaleko joerek informaziozko webguneen beheranzko joera erakusten duten unean gertatu delako.