Hekimen elkarteko webguneetako analitikak aztertu dira aurten ere, inoizko euskarazko web-analitika datu-bilketa handiena eginda: 60 komunikabideren audientzia datuak batu dira —% 20 hazita neurketa unibertsoa—. Bisita kopuruari dagokionean, 40 milioi saioko marka gainditu da beste behin eta hazkunde esanguratsu bat finkatu dela ikus daiteke datuetan, azken bosturtekoan % 42 pasa hazi baita euskal hedabideen trafikoa. Datuok hedabide motaren arabera banatu eta beste webgune batzuekin alderatu ditugu, euskarazko hedabideek izan duten bilakaera testuinguruan jartzeko. Hedabide moten araberako analisian —orokorrak, tokikoak eta tematikoak multzokatuta— argazki ezberdinak ageri dira bisiten bolumenari edo bisiten sakontasunari zein web komunitateen tamainari begiratuta. Horregatik, web trafikoaren bilakaera eta euskarazko komunikazioaren egoera ezagutzeko metrika egokienaren inguruko gogoeta batekin amaitu dugu aurtengo analisia, baita aurki web trafikoaz haragoko neurketa ahalbidetuko duen Behategia Analytics panelaren aipamenarekin ere.
1. Hedabide zerrenda, datu-iturriak eta metodologia
Azterketa honetan Hekimen elkarteko euskarazko webguneen 2024ko audientziak bildu eta jasotako portaera datuak ikertu ditugu. Lan hau urtero berrartzen da (Azpillaga, 2021, 2022; Azpillaga & Lizarralde, 2017, 2019, 2020; Azpillaga & Mimenza, 2023, Mimenza et al., 2024), eta ohi bezala Hekimen Analytics1 tresnatik jaso ditugu datu historikoak; azken bi urteetakoak, aldiz, ez: BEHA paneletatik eta Behategia Analyticsetik erauzi ditugu 2023 eta 2024 urteetako datuak.
Aurreko urtearekin alderatuta, aurten 10 hedabide gehitu dira azterketara, iaz 50 web orri neurtzetik aurten 60 neurtzera pasaz; hau da, % 20 hazi da neurketa unibertsoa.
Ia bikoiztu egin da webguneetako audientzien azterketan neurtzen den hedabide kopurua 2013. urteko lehen datu bilketatik hona. Halaber, 2023tik 2024ra, bi aldaketa nagusi izan ditu euskal hedabideen web audientzien neurketarako unibertsoak. Alde batetik, hedabide baten izaera aldatu egin da sailkapenean; hedabide orokorren multzotik tematikoen multzora pasa da, irizpide horretara hobeto egokitzen delako. Bestetik, tokikoen multzora 10 hedabideren webguneetako neurketa gehitu da —batzuk orain jarri dutelako web trafikoaren neurketa martxan eta beste batzuk aurten sortu direlako—, multzo horretako hedabide kopurua 33tik 43ra haziz —% 30,30 gehiago—.
Horrez gain, aipatzekoa da hedabide batzuek izen aldaketa izan dutela 2024. urtean zehar, GUKA komunikazio-taldeko atariek edota Irria aldizkariak, adibidez. Ondorioz, azterketa honetan izendapen berriarekin aipatzen dira. Hurrengo taulan zerrendatzen dira aurtengo azterketa burutzeko neurtu diren webguneak:
Ezinezkoa da datuak iturri bakarretik ekartzea, horretarako duela hamarkada bat sortutako tresnak —Hekimen Analytics— datuak batzeari utzi baitzion 2023ko uztailean (Mimenza et al., 2024). Hortaz, iaz bezala aurten eta baita hemendik aurrerakoetan ere, bi iturri erabiliko dira web analitika datuak biltzeko: Google Analytics eta Matomo (tresna horien bidez neurtzen diren datuak jasotzeko BEHA panelak2 eta Behategia Analytics3 baliatuta).
60 komunikabideren 59 ataritako datuak Google Analytics bidez biltzen dira automatikoki, eta datu horiek BEHA paneletan (egunero) eta Behategia Analytics tresnan (hilero) kontsulta daitezke. Komunikabide batek, berriz, haien zerbitzarian instalatutako Matomo software librea erabiltzen du web trafikoaren neurketarako eta datu horiek Behategia Analytics panelean gehitzen zaizkie gainontzekoei.
Analisi honetarako hautatutako metriken balioak hileroko maiztasunarekin bildu dira, eta honela banatu da 2024ko datu-taula osatzeko erabilitako datu-iturrien proportzioa: % 98,05 Google Analytics, % 1,67 Matomo eta % 0,28 estimazioa4.
Hurrengo orrietan datu-azterketaren emaitzak azaltzen dira atalka: lehenik web trafikoaren hazkundea aztertzen da saio kopuruarei erreparatuta, ondoren trafiko hori beste hedabide batzuen bolumen metrikekin alderatzen da, segidan audientziaren jatorria zer gailu eta trafiko-iturritatik gertatzen den behatzen da, eta azkenik trafikoaren sakontasun adierazleak —saioko orri kopurua eta denbora— eta web komunitateen tamaina azaltzen dira —erabiltzaileak eta erabiltzaile-motak hartuta hizpide—.
2. Web trafikoak hazkundeari eusten dio
2024. urtean 40 milioi bisita kopurua gainditu da berriz Hekimen elkarteko euskarazko hedabideen webgunetan: 40.677.242 saio bildu dira zehazki, aurreko urtetik % 0,92 gehiago. Urteko datu horrek egunean 111.444 saio izan direla deskubritzen du, aurreko urtean baino mila bat bisita gehiago egunero. Sektorea pandemia urteko maximo historikora hurbiltzen ari da urteroko igoerari eutsiz.
Hurrengo taula eta grafikoan urteetako bilakaera erakusten da:
Iazko urtearen aldean, 2024an 370.476 bisita gehiago eskuratu dituzte neurtutako web orriek; hau da, % 0,92 hazi da5 Hekimen osoko web trafikoa.
Bosturteko perspektibaz begiratuta, 2019tik 2024ra bitarteko tartean hazkunde nabarmen bat gertatu da: pandemia aurretik gaur arte % 42,46 hazi da euskal hedabideen trafikoa, eta pandemiaren urteko piko historiko hartan erregistratutako ezohiko datutik —2020. urtean 40,8 milioi bisitako markara heltzetik— oso gertu mantentzen da azken bi urteetan datua —2023an ia 500.000 saiora eta 2024an 128.000 pasatxora—. Hau da, alterazio hark hazkunde bat eragin zuen gerora eutsi dena; 0,3 puntu portzentualekoa baino ez da aldea aurtengo datua 2020arekin alderatuz gero.
Neurtu diren 60 hedabideak askotarikoak dira, eta trafiko erakarle nagusien eta apalagoen artean ere sailka daitezke:
Irudian ikusten den bezala, taldean trafiko handiko hedabideak daude: hamar hedabideren artean pilatu dira 2024ko elkarteko bisiten % 71,33 —are, bost hedabideren artean banatzen da trafikoaren erdia pasa, % 54,24—. Bisita sortzaile bezala pisu handiena duten hedabide horien bilakaera garrantzitsua da sektorean, baina baita trafiko apalagoko multzoa osatzen duten 50 hedabideen jarduna ere.
2.1. Web trafikoaren bilakaera hedabide moten arabera
Hekimeneko webguneen trafikoa modu agregatuan neurtzea garrantzitsua den arren, elkarteko hedabideek izaera ezberdineko multzoak osatzen dituzte, eta horien bilakaera zehatza behatzea ere komeni da. Multzoak hedabidearen motaren arabera banandu dira (ikus 2. taula): izaera orokorrekoak dira hedabideen % 6,67 — azterketa honetan neurtu diren lau webgune—, tokikoak % 71,66 —43 webgune— eta tematikoak % 21,67 —13 webgune—.
Segidan hedabide motaren araberako saio kopuruaren taula desagregatua:
Neurtutako balioen arabera, tematikoak izan dira aurten gehien igo direnak —multzoak % 3,57 egin du gora 2023az geroztik, ia 37.000 bisita gehiago—, tokikoen multzoak ere gora egin du —% 1,29 hazi da, 341.000 bisita gehiago—. Motaren araberako banaketa honen arabera, orokorrena da bisitak galdu dituen hedabide multzo bakarra: ia 8.000 bisita gutxiago, aurreko urtean baino -% 0,06.
Kontuan hartu behar da aurtengo neurketaren sailkapenean komunikabide orokorrak bat gutxiago direla, ostera, tokikoak hamar eta tematikoak bat gehiago. Beraz, bilakaerak testuinguruan ulertzea komeni da6.
Iaz baino 10 hedabide gehiago neurtu dira aurten,horrek eragin du web trafikoaren hazkundea
- Tematikoen igoera/ez igoera: multzo honetara hedabide bat gehitu da azken urtetik hona, pisu erlatibo esanguratsukoa, eta inkorporazio horrek azaltzen du tematikoen aurtengo bilakaera positiboa —multzoak -% 3,74 egingo luke behera webgune berri hori gehitu izan ez balitz—.
- Tokikoen igoera/ez igoera: aurten neurketan hedabide berriak gehitzeari esker hazi dira tokikoak, zehazki gehitu diren 10 webgune berrien milioi bat bisita baino gehiagori esker; bestelakoan, bilakaera negatiboa izango luke aurten multzoak, -% 3,03 jaitsita.
- Orokorren jaitsiera/ez jaitsiera: jaitsiera hori sailkapenean multzoz aldatu den hedabideak eragindakoa da, bestela orokorrek eutsi egingo baitzioten iazko audientziari, eutsi eta pixka bat hazi —ia 68.000 saio, % 0,53 hain zuzen ere—.
Izaerari erreparatuta, tematikoen eta tokikoen joera beherakorra izan da aurten; eta orokorrena, aldiz, ez.
Halaber, hedabide kopuruaren neurketara gehitutako multzoak Hekimen elkartearen datu orokorraren bilakaerari ere eragiten dio, neurketara komunikabide berriak gehitu izan ez balira taldearen audientzia agregatua ia bi puntu jaitsiko bailitzateke —% 1, 92—.
Multzo bakoitzak webgune kopuru ezberdina izateaz gain, saio kopuruen dimentsioak ere ezberdinak dira. Hori neutralizatzeko, hurrengo irudian multzo bakoitzaren bilakaera bere eskalan erakusten da, eta batez besteko mugikorrari erreparatuta izaera ezberdineko komunikabideen gorabeherak argiago ikus daitezke:
Azken hamaika urtetako igoera hiru multzoetan da agerikoa, bai balio absolutuetan bai batez besteko mugikorrari erreparatzen badiogu. Joera grafikoki erakusten duen marra eteneko lerroak saturazio posible baten zantzua erakusten du orokorretan azken bizpahiru urteetan eta tematikoetan pandemia aurretik hona —adierazi den bezala, tokikoek hedabide berrien neurketari esker mantentzen dute joera gorakorra—.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak eta 23. Korrika, audientziak gora
Iazko trafiko bilakaera hilabetez hilabete behatzean, apirilean trafikoaren gorakada txiki bat nabaritu da hedabide orokorren multzoan, eta hori, seguraski, hauteskunde orokorrekin lotutako estalduraren ondorio izan da. Halaber, bada komunikabide bat 23. Korrikaren estaldura handiaren ondorioz bere trafikoa boskoiztu egin zuena 2024ko martxoan.
Webgune kopuru handiena barne hartzen duen talde edo multzoa tokiko komunikabideena da —azterlan honetako zerrendan, zehazki, 43 hedabide jasotzen dira—; aldi berean, tokikoek dute web trafikoan pisu handiena. Hala ere, ez da beti zuzeneko korrelazioa gertatzen hedabideen kopuruaren eta trafikoaren artean, izan ere, hedabide kopuru txikiago batek pisu nabarmena izan dezake —komunikabide orokorren kasuan gertatzen den bezala—.
Ondorengo taulan eta grafikoan, hedabideen motaren arabera pisu horiek urtez urte izan duten bilakaera jasotzen da.
Sektoreak 2024an pilatutako saioen pisu erlatiboa hedabide motaren arabera banatuta, tokikoak dira nagusi trafiko-bolumenean. Hori horrela da azterketa honetarako neurtzen den unibertsora azken urteetan gehitu diren tokiko komunikabideen kopuruagatik eta tokiko hedabideek izan duten audientzia igoeragatik. Halere, erlatiboki gehiago hazi dira orokorrak: azken bosturtekoan, 2019tik 2024rako datuak aintzat hartuta, orokorren audientzia % 36,79 hazi da neurtzen den multzoan hedabide bat gutxiago kontabilizatuta; tokikoen multzoan 11 webgune gehiagotako trafikoa zenbatuta, berriz, % 48,02 hazi da multzoaren audientzia. Hau da, tokikoak gehiago hazi dira, baina gehiago dira. Iazko datuekin alderatuta ere fenomeno bera agertu da (ikus lerro batzuk gorago egin den trafiko hazkundearen inguruko iazko eta aurtengo neurketen alderaketa oharra).
3. Web trafikoaren hazkundea Hekimen elkartetik harago
Aurreko urteetako ikerketetan bezala, aurten berriz Hekimen elkarteko hedabideen bisita kopuruen datuak inguruko beste hedabideekin erkatzeko azterketa egin da, trafikoaren emaitzen interpretazioan lagungarri izan daitekeelako. Horretarako, OJD Interactivaren (Oficina de Justificación de la Difusión) ikuskaritzapean dauden hainbat hedabidek sarean argitaratzen dituzten datuak hartu dira oinarri, erakunde horrek eskainitako informazioa eta 2024ko analisirako bildutako datuak alderatuz7.
Aurten ere, ondorengo alderaketak kontuz interpretatzea gomendatzen da. Emaitza zehatzago eta osatuago bat lortzeko, hedabide gehiagoren datuak ezagutu eta erkatu ahal izatea litzateke egokiena; hala ere, komunikabide gehienek ez dituzte beren datuak modu irekian partekatzen, eta bakoitzak bere irizpideen arabera egiten du interpretazioa. Hortaz, komenigarria da hori aintzat hartzea datuok irakurtzean.
Lehenik eta behin, Hego Euskal Herriko beste zenbait hedabideri erreparatuko diegu: Noticias de Álava, Noticias de Gipuzkoa, Noticias de Navarra, Deia eta eitb.eus8.
Azken urteko datuak aztertuta, Hekimen elkartea izan da hazkunde tasa izan duen kasu bakarra (% 0,92), eta bere trafiko-bolumena neurtutako osotasunaren % 11,87ra iritsi da —puntu bat pasa irabaziz—.
Bestalde, Noticias de Gipuzkoa gutxi gorabehera aurreko urteko datuetan mantendu den arren (oso gutxi egin du behera, % 1,62 baino ez), gainerako hedabideek milioika bisita galdu dituzte. Deia-k eta eitb.eus-ek, esaterako, bi eta lau milioi bisitako jaitsiera izan dute ondoz ondo —horrek Deia-n % 2,87ko trafiko bolumen jaitsiera suposatzen duen arren, eitb.eus-en % 7,77ko galera dakar—; eta Noticias de Navarra-k eta Noticias de Álava-k, aldiz, galera nabarmenagoak izan dituzte, 11 milioi (% 10,77 jaitsiz) eta 7 milioi (-% 20,67) bisita inguru, hurrenez hurren. Lehenengo bien joera egonkor samar mantentzen den bitartean, azken biek beheranzko joera argia erakusten dute.
Era berean, beste hedabide batzuekin ere ariketa bera egin dezakegu. Jarraian, Kataluniako hainbat hedabide digital aztertuko ditugu, katalanezko edizioan jarduten dutenak9: ara.cat, diaridegirona.cat, elnacional.cat eta rac1.cat.
Kataluniako hedabideetako aurtengo bilakaera Euskal Herriko hedabideetakoa baino nabarmenagoa izan da, bai igoeretan zein jaitsieretan. rac1.cat da hazkunde handiena izan duena, 40 milioi bisitako gorakadarekin (% 67,34 egin du gora), eta ondoren dator ara.cat 18 milioi bisita gehiago lortuta (% 28,99 hazi da).
Bestalde, jaitsierak ere handiak izan dira: diaridegirona.cat-ek 7 milioi bisita pasa galdu ditu (jaitsi da % 18,20), eta elnacional.cat-ek 20 milioi (% 11,49 galduta). Hala ere, azken horrek beheranzko joera izan arren, oraindik ere Kataluniako hedabide kontsumituenetakoa izaten jarraitzen du. Hekimenen pisua antzera mantendu da auditatutako azken zortzi urteetan.
4. Audientziaren jatorria
Hedabide baten webgunera iristeko, erabiltzaileek hainbat bide erabil ditzakete, eta trafiko-iturri horiek identifikatzea funtsezkoa da bakoitzaren estrategiaren araberako indarguneak eta ahulguneak aztertzeko. Gainera, bisiten jatorriak saioen nolakotasunean ere eragiten du. Zer gailuren eta zer trafiko-iturriren bidez eskuratzen den audientzia aztertuko da jarraian.
Hurrengo taulan gailu-motaren araberako Hekimen elkarteko webguneen saio kopuruen bilakaera proportzionala erakusten da.
2024ko datuen arabera, webgunera sartzeko gehien erabiltzen den gailua mugikorra da, hamar bisitatik zazpiren jatorria izanda. Ondoren, ordenagailuak % 24,81eko pisua du, eta, azkenik, tabletak eta beste gailu batzuetatik egindako nabigazioa % 2,35 besterik ez da.
Azken urteetako joerak erakusten du 2018tik aurrera mugikorren bidezko sarbidea nagusitu dela ordenagailu bidezko nabigazioaren aldean —2017. urtean mugikor bidezko audientzia trafikoaren erdia izatera iritsi zenez geroztik—. Bosgarren urtez jarraian da egonkorra mugikorreko datua, pandemiaren urtetik hona, euskal hedabideetako bisiten % 70etik gora abiatzen da sakelakoetan.
Motaren arabera, tokikoetan batez bestekoaren gainetik kokatzen dira hedabide gehienak eta multzoaren % 20 batean mugikorraren nagusitasuna are agerikoaga da —bisiten hamarretik zortzi edo altuagoa izanda tasa horietan—. Tokikoetan zein orokorretan kasu bakar bana aurkitu dira mobiletik egiten diren bisitak erdia izatera iristen ez direna. Tematikoen portaera, aitzitik, guztiz bestelakoa da: multzo horretako hedabide gehienetan —% 77— mugikor bidezko nabigazioa ez da erdira iristen —are, % 20ko tasak ere ageri dira—; beraz, tematikoetan ordenagailua da nagusi.
2024ko bilakaera aztertuz gero, aurreko urteetan bezala, uda garaian mugikorren pisu erlatiboak gora egiten duela ikusten da; hilabete horietan gailu horretatik egiten den trafikoa zertxobait jaisten bada ere, eutsi egiten dio urteko batez bestekoari, aldiz, ordenagailu bidezko bisitak nabarmen jaisten dira uda garaian, uztailean koska bat behera eta abuztuan gainontzeko hilabeteen erdia ingururaino. Bi arrazoi nagusik azal dezakete hori: lehenik, tokikoetan nabarmen egiten du bat jaitsierak hedabideetako langileen oporraldiarekin eta horri lotutako ekoizpen baxuagoarekin; eta, bigarrenik, pentsa daiteke ordenagailu aurreko lan orduetako nabigazioa galtzen dela oro har.
Hurrengo taulan trafiko-iturriaren araberako bisiten urtez urteko bilakaera proportzionala bildu da:
Aztertutako datuen arabera, bilatzaileak izan dira beti euskarazko komunikabideen atarietara heltzeko trafiko-iturri nagusia, 2024an % 51,70eko pisuarekin. Tentuz hartu behar da trafiko organiko gisa bilatzaileen kategorian sailkatzen den audientzia; izan ere, batzuetan gertatzen da URL helbidea ezagutu arren, kontsultatu nahi dugun webgunearen izena bilatzailean bilatzen dugula eta berez trafiko zuzen gisa tratatua izan behar den audientzia hori hemen kamuflatzen dela.
Azken urtetik hona, trafiko zuzena bi puntu igo da. Horren atzean egon daitezke mezularitza-aplikazioetako kanalen gorakada edo posta buletinen eskaintza zabaltzea, bietan URL zuzenak partekatzen baitira albisteetara sartzeko. Ez da ahaztu behar, gainera, kategoria honen baitan kontabilizatzen direla dark social10 bisitak —eta aurrerantzean dark AI ere—.
Trafiko zuzena (% 27,63) eta bilatzaileen bidezkoa batuta, bisiten % 79,33 bide horietatik iristen da euskal hedabideetara; horiek dira erlatiboki sarbide nagusienak, nahiz eta lehena hedabidearen sarbide zuzena den eta bestea bitartekotua.
Sare sozialek informazio-gizartean duten lekua handia izan arren, ez dira atarietara trafikoa bideratzeko iturri esanguratsuak; audientziaren herena lortzeko balio zuten arren 2016-2019 aldian, 2024an bigarren urtez jarraian ez dira behin izandako tasa haren erdira iritsi. Azken urteotan sare sozialetan bertan eduki propioa lehenesteko eta erabiltzaileekin komunitate natiboak garatzeko joera nagusitu da, eta ez horrenbeste sare sozialak web trafiko erakarle gisa baliatzeko praktika; besteak beste, ondoko arrazoiengatik: alde batetik, plataformek hedabideen irismen organikoa mugatu dutelako azken urteetan behin eta berriz haien publizitate sistemak babesteko helburuz; eta, bestetik, erabiltzaileek sareetan eduki natiboa hobesten dutelako eta ingurune horietatik ateratzeak suposatzen duen klika geroz eta garestiago saltzen delako, hots, erabiltzaileen sare sozialetako hautuak geroz eta esperientzia natiboagoen aldekoagoak direlako eta horri lotutako albisteak kontsumitzeko moduen ohitura aldaketengatik.
Azkenik, 2024ko saioen % 6,79 beste iturri batzuetatik iritsi da Hekimen elkarteko webguneetara. Horien artean dago referral trafikoa, hau da, beste webgune batzuetatik datozen bisitak, hala nola blog edo albistegi digitaletako esteken bidez iritsitakoak —euskal hedabideen arteko erreferentziak ere agertzen dira kategoria honetan—.
Audientziaren jatorriaren analisiarekin amaitzeko, trafiko-iturrien banaketa hedabide motaren arabera nola aldatzen den behatu da:
Hekimeneko datu agregatuan bezala, bilatzaileetako trafikoa da mota guztietako hedabideetan lehen trafiko-iturria. Hala ere, tokiko hedabideetan bilatzaileek pisu handiagoa dute, totalaren % 56,07 —hau da, beraz, trafiko gehienaren jatorria—.
Trafiko zuzenari dagokionez, hedabide tematikoetan handiagoa da (% 37,19ko pisua du) beste multzoetan eta agregatuan baino.
Sare sozialen trafikoari dagokionez, hedabide tematikoetan pisu oso txikia dute (% 6,50) beste hedabide motekin alderatuta (orokorretan % 13,37 eta tokikoetan % 14,45).
Azkenik, aipatzekoa da beste iturri gisa izendatutako trafikoak pisu oso ezberdinak dituela hedabide motaren arabera —tokiko hedabideetan % 2,34ko pisua duen bitartean, hedabide orokorretan % 15,22ra igotzen da—.
5. Audientziaren sakontasuna eta tamaina
Dena ez da saio edo bisita, jakina, lan honetan trafikoaz hitz egiterako orduan metrika horretan zentratu bagara ere orain arte. Esaterako, saioen sakontasuna hartu behar da kontuan —saioko zenbat orri ikusten diren edo zenbat denbora pasatzen den webguneetako edukiak ikus, entzun zein irakurtzen—, baita webguneetara heltzen den pertsona kopurua ere. Parametro inportanteak dira sakontasuna eta komunitatearen tamaina hedabide baten eragina aztertzerako orduan; horregatik, ardatz horiei erreparatuko zaie jarraian.
Bisiten sakontasunari lotutako metrika kalkulatu batekin hasiko dugu analisia: saio bakoitzeko kontsultatzen den orri kopurua.
Bisita bakoitzeko 2,27 orri ikusten ditu erabiltzaile batek batez beste: 2,24 orokorretan eta 2,49 tematikoetan; aldiz, 3,30 tokikoetan, hau da, gehiago. Saioen sakontasunaren indikadore hau maila orokorrean oso egonkor mantendu da neurtutako urte guztietan (ikus 10. taula).
Horrenbestez, 2024an 92 milioi orri irakurri ziren (92.230.364 zehazki) Hekimen elkarteko webguneetan, aurreko urtean baino 1,46 milioi gehiago. Hedabide motaren arabera, jaitsi egin da ikusitako orri kopuruaren balioa tematikoetan eta orokorretan, ia 66.000 eta 1,8 milioi hurrenez hurren, eta tokikoetan 3,3 milioi pasa irabazi dira.
Bada beste metrika bat saioen sakontasunaren inguruko informazioa eskaintzen duena, eta hori da bisitek irauten duten denbora, hots, erakarritako erabiltzaileen arretaren iraupena; hain zuzen ere, sareko gaur egungo erronka nagusietako bat da erabiltzailearen arreta eskuratzea eta mantentzea.
Hekimen elkarteko webguneetan, oro har, saioek minutu bat inguru iraun zuten iragan urtean —zehazki, 59 segundo—.
Saioan batez besteko adierazlearen 2024ko datuak jarraian, hedabide motaren arabera:
Hekimen elkarteko webguneetako bisiten batez besteko iraupenaren oso antzekoak izan ziren tokikoak eta tematikoak, baina luzeagoak orokorren multzoko saioak —52 segundo luzeagoak hain zuzen ere—. 2023. urteko balioekin alderatuta, berriz, orokorrak minutu eta 24 segundotik ia bi minutura pasa dira, eta beste bi multzoetakoak apur bat jaitsi. Hortaz, hedabide orokorrena da azken urteko bilakaeran erabiltzaileen arretaren iraupena handitzea lortu duen multzoa.
Saioen batez besteko denbora eta multzo bakoitzaren saio kopurua biderkatzen badugu, hedabide mota bakoitzak 2024an eskuratutako arretaren erlazioa zer nolakoa den behatu daiteke:
Hedabide orokorrak izan ziren denbora gehien pilatu zutenak, ondoren tokikoak eta, saioen kopuruak baldintzatuta, eskala dezente txikiagoan tematikoak.
Horrenbestez, webguneetara iristen den pertsona kopuruan jarriko da arreta azterketaren azken zati honetan. Hekimen elkarteko hedabideen web komunitatearen tamaina orokorra ezin da kalkulatu, hedabide baten eta beste baten erabiltzaile kopuruak ezin baitira besterik gabe gehitu, kasu askotan hedabide baten erabiltzaileak eta beste batenak berberak izan daitezkeelako —lehendabizi sartu zaitezke hedabide orokor baten atarira, ondoren tokiko batera eta jarraian tematiko pare bat bisitatu; kasu horretan lau hedabide bisitatu dituen erabiltzaile bakarra zara, beraz, hedabide bakoitzaren erabiltzaileak ezin dira batu—. Hori dela eta, beste bide batetik egingo dugu web komunitateen tamainetara hurbilketa.
Galdera bat hurbilketa abiatzeko: zein da komunitate txikienaren tamaina eta zenbat erabiltzaile ditu handienak?
Goiko irudian ikusten den bezala, 2024. urtean 1.250 erabiltzaile11 izan zituen euskal hedabideen arteko audientzia txikieneko webguneak, eta 1,36 milioi erabiltzaile bildu zituen web komunitate handienak12.
Motaren arabera, web komunitate handienak biltzen dituzte hedabide orokorren erdiek; eta, 2. irudian azaldu denarekin sintonian, bost hedabideren artean banatzen bada trafikoaren erdia pasa, ranking horretako lehen lau hedabideak dira web komunitate handienak dituztenak ere.
Lotura horri erreparatzeko, erabiltzaileen eta saioen arteko harremana irudikatu da ondoko grafikoan.
Irudian argi ikus daitezke lau web komunitate handienak, eskuma aldean kokatzen diren eta handienak diren bi hedabide orokorrak eta erdi aldera ageri diren beste bina tokiko —saio kopuru gehiago pilatu arren, erabiltzaile gutxiagorengana iristen direnak—.
Bada hemen kontu garrantzitsu bat, web komunitateen tamaina hedabideen izaerak berak baldintzatzen du hasieratik: bokazio orokorreko hedabidea izanda euskal herritar ororengana iristeko aukera irekitzen da; tokiko hedabideen kasuan, potentzialitatea geografikoki zedarritzen da, ez da gauza bera eskualde edo herri mailako hedabide izan, ezta eremu soziolinguistiko batean edo beste batean kokatu; eta, aldiz, jomuga tematiko konkretu batekin soilik interes hori daukan herritarra da abiapuntuko target-a. Ondorioz, hedabide ezberdinen web komunitateen tamainak elkar konparatzeak ez du zentzu askorik.
Alta, bada erabiltzaileen eremua aztertzerakoan interesgarria den beste dimentsio bat, erabiltzaile horien tipologia: hilean saio bat egiten duten erabiltzaileak edo «noizbehinkakoak», hilean bi eta bost saio bitartean egiten dituzten erabiltzaileak edo «leialak», eta hilean sei saio edo gehiago egiten dituzten erabiltzaileak edo «zaleak»13.
Erabiltzaile gehienak «noizbehinkakoak» izan dira 2024. urtean, bai oro har eta baita hedabide moten arabera ere. Bada multzoen artean alde bat: hedabide orokorretako erabiltzailea da webguneetara behin eta berriro itzultzeko joera gehiago agertzen duen multzoa, atzetik tokikoak eta tematikoak.
Amaitzeko, azken datu bat: pena da web trafikoaren jarraipenerako tresnen bidez datu soziodemografikorik ezin eskuratzea —web komunitateen tamainaz harago, audientzia nork osatzen duen ezagutzeko—, baina bada azterketa hau ixteko adierazle bat interesgarria dena euskal hedabideen audientzia jarraipenerako metriken artean, bisitarien nabigatzaileen hizkuntzaren konfigurazioa. Hekimen elkarteko webguneetako bisitarien artetik % 13,88 da nabigatzailea euskaraz konfiguratuta duena batez beste —% 12,12 tokikoetan, % 18 orokorretan eta % 18,75 tematikoetan —. PuntuEUS behatokiak 2023an argitara eman zuen Euskal Herriko datua % 4,14 izan zen, hortaz, euskal hedabideetako erabiltzaileen artean euskara lehenetsita dutenen tasa handiagoa den arren, oraindik bada sareko nabigazioan ere zer portaera aldaketa xaxatu.
6. Ondorio batzuk
Hekimen elkartearen web trafikoaren 2024. urteko analisia egin dugu artikulu honetan. Beste behin, iragan urteak emandakoa ezagutzeaz bat azken hamarkadan ageri diren joeretan ere jarrita arreta.
2024. urteko datuen lehen azpimarra neurtutako hedabide kopuruan dago: inoiz baino hedabide gehiago neurtu dira. Aurtengo azterketan 10 hedabide gehitu dira analisira, iaz Hekimen elkarteko 50 komunikabideren webguneak neurtzetik aurten 60 neurtzera pasa da —% 20 hazita neurketa unibertsoa—. 2013. urtean web trafikoaren neurketak abiatu zirenetik hona egon den urte arteko gehikuntza handiena izan da hori, eta hazkunde horretan BEHA proiektuak eta BEHA panelek lagundu dute. Orain arteko euskarazko komunikazio digitalaren argazki osoena daukagu ondorioz.
40 milioi bisitako kopurua gainditu du Hekimen elkarteak beste behin, bi urtez jarraian marka errepikatu eta trafiko bolumenari eutsita. Aurtengo neurketan gehitu diren hedabide berriek eragin dute, hein handi batean, 2024ko datuak erakusten duen bilakaera positiboa; izan ere, gehikuntza hori gabe % 1,92 jaitsiko bailitzateke bisita kopuru totala —albokoen pare, EAEko beste bost hedabiderekin egindako konparaketan ikus daitekeenez bostek egin baitute behera (ikus 5. irudia eta 6. taula)—. Edonola ere, 2019tik 2024ra bitartean hazkunde esanguratsu bat gertatu da sektorean: pandemia aurretik gaur arte % 42 pasa hazi da euskal hedabideen trafikoa, eta pandemiaren urteko maximo historiko hartan erregistratutako ezohiko datutik oso gertu mantentzen da azken bi urteetan datua. Hau da, alterazio hark trafiko hazkunde bat eragin zuen gerora eutsi dena. Halaber, 2020. urteko desbideraketak sortutako ziurgabetasuna leundu dela ikus daiteke datuetan, beste fase batera pasata badirudi egonkortze baterantza doala sektorea, baina hori datozen urteetako datuen analisiek baino ez dute argituko.
Bosgarren urtez jarraian da egonkorra mugikorretan abiatzen den bisita kopuruaren datua: euskal hedabideetako webguneetako hamar saiotik zazpi sakelakoen bidez egiten da. Halere, oraindik badira salbuespenak hedabidez hedabide; tematikoen multzoan, esaterako, ordenagailua da nagusi.
Saioen jatorria trafiko-iturrien arabera aztertuta, berriz, bilatzaileetatik datorrena da euskal hedabideetako sarbide nagusia (% 52), hau da, sarbide bitartekotua. Trafiko zuzena bigarren postuan kokatzen da (% 27). Sare sozialek geroz eta leku handiagoa dute informazio-gizartean, baina Hekimen elkarteko hedabideetarako trafiko eroale gisa 2016-2019 bitartean izandako pisu nabarmena jaisten joan da azken urteetan —% 30etik % 14ra—. Gurean nola, hala kanpoan ere: han-hemengo hedabideetan sare sozialek trafiko sortzaile gisa izandako rola nabarmen jaitsi dela diote kazetaritzaren etorkizuna aztertzea xede duen Reuters Institutuaren lanek. Facebook eta X plataformek haien sare sozialetatik kanporako esteken ikusgarritasuna murriztu diete komunikabideei, eta ikus-entzunezkoak zein formatu propioak lehenetsi dituzte; aldaketa horrek hedabideetara bideratzen zuten trafikoa % 67 eta % 50 murriztea14 eragin du azken bi urteetan plataforma horietan hurrenez hurren (Newman eta Cherubini, 2025). Digital News Report 2024 txostenak erakusten du, halere, nola sare sozialek gakoak izaten jarraitzen duten informazioa eskuratzeko: nazioarteko erabiltzaileen bosten bat baino ez baita zuzenean sartzen albisteen webguneetara —gurean zazpi puntu altuagoa da konexio zuzen hori—; aitzitik, edukia sare sozialen, bilatzaileen eta agregatzaileen bidez eskuratzen dute gehienek (Newman et al., 2024).
Sare sozialek eta bestelakoek bitartekotutako audientzia harremanen ingurukoek hausnarketa askorako ematen dute; datu gehiago bildu eta hurrengo urtekarian lantzeko gaia izan daiteke honakoa.
Web trafikoaren bolumenaz gain, audientziaren sakontasuna eta web komunitateen tamaina ere aztertu dira aurtengo analisian. Saioko ikusitako orri kopuruak, saioen batez besteko denborak eta guztira eskuratutako arretak edo web erabiltzaileen tipologiak markatutako banaketak ere informazio esanguratsua ematen du euskarazko komunikazio espazio digitalean gertatzen dena hobeto ezagutu eta euskal hedabideen azterketa fintzeko.
Hedabide moten araberako analisian —orokorrak, tokikoak eta tematikoak multzokatuta— argazki ezberdinak ageri dira bisiten bolumenari edo bisiten sakontasunari begiratuta.
Alde batetik, bisiten bolumena ardatz hartuta web trafikoaren pisu erlatiboan jartzen badugu arreta tokikoak dira nagusi, baita ikusitako orri kopuruan gora egiten ere —iaztik hona 3,3 milioi orrialde gehiagorekin ia % 6 hazita—. Bestetik, bisiten sakontasunari dagokionean, saioko ikusten den orri kopurua handiagoa da hedabide orokorretan, hala saioen batez besteko denbora, eta azken horri lotuta baita erabiltzaileen arretaren urteko iraupen totala ere. Halaber, web komunitateen tamaina ere kontuan hartuz gero, hedabide motaren izaerak eragiten du bokazio nazionaleko hedabideen handitasuna.
Azterketarako aukeratzen den metrikak alda dezake, hortaz, emaitza. Beraz, zein da web trafikoaren bilakaera ezagutzeko metrika egokiena? Bolumenari erreparatu nahi badiogu saioetan jarri behar da arreta; sakontasuna ezagutzeko saioko ikusten den orri kopurua eta saioen denbora dira aproposak; eta web komunitateen tamaina behatzeko erabiltzaileak zenbatu behar dira. Hiru metrikak dira baliotsuak eta euskarazko komunikazioaren egoera ezagutzeko beharrezkoak.
Gogoeta horrekin eta web trafikoaz haragoko neurketa ahalbidetuko duen Behategia Analytics tresnaren aipu batekin amaituko dugu aurtengoa: web-analitikaz gain sare sozialetako eta ingurune digitaleko bestelako plataformetako datuak ere bilduko dituen panela konexio fasean da, beraz, datorren urtean ezagutza-iturri berri bat gehituko zaio analisiari.
Hekimen elkarteak inoizko euskarazko web-analitika datuen bilketa handiena egin du aurten, eta 2025. urtean ere berrikuntzekin segiko dute euskal hedabideek; Behategian bidelagun izaten jarraituko dugu, analitika tresnekin eta hau bezalako azterketa sektorialekin, besteak beste.
7. Eskerrak
Euskal hedabideen urtekarian argitaratutako aurreko ikerketa lanekin web trafikoaren analisia abiatu zuten —eta aurten Behategia Analytics tresnaren garapenean diharduten— CodeSyntaxeko kideei, batez ere Josu Azpillaga Labakari.
2024ko datu bilketan lagundu duten Beñat Murillo Etxebarriari, Hibai Castro Egiari eta Josu Amezaga Albizuri.
Erreferentziak
Azpillaga, J. (2021). Hekimen elkarteko webguneak 2020. Urtean. Euskal Hedabideen Urtekaria 2020, 121–134 or., <https://behategia.eus/eu/urtekaria/urtekaria-2020/>.
Azpillaga, J. (2022). Hekimen elkarteko webguneak 2021. Urtean. Euskal Hedabideen Urtekaria 2021, 133–146 or., <https://behategia.eus/eu/urtekaria/urtekaria-2021/>.
Azpillaga, J., & Lizarralde, M. (2017). Hekimeneko webguneen trafikoaren analisia Hekimen Analytics tresna oinarri. Euskal Hedabideen Urtekaria 2017, 81–96 or., <https://behategia.eus/eu/urtekaria/urtekaria-2017/>.
Azpillaga, J., & Lizarralde, M. (2019). Hekimen elkarteko webguneen audientzia digitalen analisia 2018. Euskal Hedabideen Urtekaria 2018, 123–140 or., <https://behategia.eus/eu/urtekaria/urtekaria-2018/>.
Azpillaga, J., & Lizarralde, M. (2020). Hekimen elkarteko webguneak 2019. urtean. Euskal Hedabideen Urtekaria 2019, 111–136 or., <https://behategia.eus/eu/urtekaria/urtekaria-2019/>.
Azpillaga, J., & Mimenza, L. (2023). Hekimen elkarteko webguneak 2022. urtean eta azken 10 urteetan. Euskal Hedabideen Urtekaria 2022-2023, 137–152 or., <https://behategia.eus/eu/urtekaria/urtekaria-2022-23/>.
Behategia. (2023, uztailak 6). Hedabideak Google Analytics 4ra igaro dira. Behategia. <https://behategia.eus/eu/hedabideak-google-analytics-4ra-igaro-dira/>.
Mimenza, L. (2023). Euskal hedabideen ingurune digitala neurtzeko analitika: diagnostikoa eta proposamena / Data analytics to measure the digital environment of Basque media: diagnosis and proposal [Doktorego tesia]. Euskal Herriko Unibertsitatea UPV/EHU, <https://addi.ehu.es/handle/10810/64075>.
Mimenza, L., Martinez, A., Burreso, N., & Azpillaga, J. (2024). Hekimen elkarteko webguneen audientziak 2023. urtean, analitikan jauzi bat. Euskal Hedabideen Urtekaria 2023-2024, 169–194 or., <https://behategia.eus/eu/urtekaria/urtekaria-2023-24/>.
Newman, N., & Cherubini, F. (2025). Journalism, media, and technology trends and predictions 2025, Reuters Institute for the Study of Journalism, <https://doi.org/10.60625/risj-vte1-x706>.
Newman, N., Fletcher, R., Robertson, C. T., Ross Arguedas, A., & Nielsen, R. K. (2024). Reuters Institute Digital News Report 2024, Reuters Institute for the Study of Journalism, <https://reutersinstitute.politics.ox.ac.uk/sites/default/files/2024-06/RISJ_DNR_2024_Digital_v10% 20lr.pdf>.
PuntuEUS (2023). PuntuEUS behatokia, hizkuntzaren konfigurazioa Euskal Herriko erabiltzaileen nabigatzaileetan, <https://puntu.eus/behatokia/>.
1 Hekimen euskal hedabideen elkartearen proiektua izan da Hekimen Analytics, besteak beste elkarteko webguneen analitika batzuk jaso eta bi helbururekin lan egiteko sortua: elkartearen baitako bilakaera aztertzea eta webgune desberdinen aldagaiak konparatuta hobetzeko baliatzea. 2015. urtean jarri zen martxan tresna —hedabide batzuen kasuan 2012tik aurrera bildu ziren datuak konfigurazioaren atzeraeraginezko izaera medio— eta 2023an datuak batzeari utzi ondoren, 2024an beste tresna zabalago batean integratu da: Behategia Analytics. Tresna berrian web analitikaz gain ingurune digitaleko beste informazio-iturri eta adierazle batzuk ere jasotzen dira eta euskarazko hedabideen kopurua handiagoa da.
2 Google Analytics 4 bidezko audientzia datuen jarraipenerako panelak, BEHA ikerketa-egitasmotik euskal hedabideentzat sortuak (Behategia, 2023).
3 Web analitikaz gain, ingurune digitaleko beste informazio-iturri batzuk —sare sozialak edo posta buletinak, adibidez— jarraitzeko panela da Behategia Analytics. 2023an abiatu zen tresnaren diseinua eta 2025ean aurreikusten da amaitzea inplementazioa —hedabide batzuk konektatzea eta informazio-iturri batzuk osatzea baino ez da falta—.
4 Komunikabide batek jarraipen etiketa desaktibatu zuen webgunearen bertsio berria publiko egitean, hilabeteko hutsune horretako datua estimatua izan da.
5 Ikus trafiko hazkundearen inguruko iazko eta aurtengo neurketen alderaketa oharra.
6 Pentsa liteke tokikoen kontsumoa orokorren oso gainetik dagoela saio kopuruei erreparatuta, baina beste metrika batzuk kontuan hartuta —ikus 9. eta 11. irudiak— irudia ez da hain argia; metriken inguruko gogoeta bat egin da ondorioen atalean ere.
7 OJD Interactivak argitaratzen dituen datuak Google Analytics tresnaren bidez eskuratutakoak dira, 2023ko ekainera arte Universal Analytics (UA) bertsioaren bidez eta uztailaz geroztik Google Analytics 4 (GA4) bertsioarekin bildutakoak. Ondorioz, gure azterketan erabilitako datuekin alderagarriak dira.
8 Webgune osoari lotutako datuak dira, euskarazko eta gaztelerazko bertsioen trafikoa bateratuta aurkezten delarik.
9 Zerrenda honetako eta «Notícies globals i actualitat» kategoriako lau hedabide handienak hartu dira ariketa hau egiteko: https://www.ojdinteractiva.es/mitjans-digitals-en-catala. Aurreko urte batzuetan VilaWeb ere aipatu izan da, baina honek utzi egin zion OJDko ikuskaritzari eta, ondorioz, ez dago 2019tik aurrerako bere daturik.
10 Dark social kontsideratzen da, adibidez, sare sozialetako aplikazioetan gaudela UTM (Urchin Tracking Module) bidez etiketatu gabe dagoen URL helbide batean klik egiten dugunean, bisita hori trafiko zuzen bezala kontabilizatzen baita. Hori ez gertatzeko, hedabideak sare sozialetan partekatzen dituen URL guztien amaieran parametro batzuk gehitu behar ditu —datu oker hauek ekiditea eta sareetako komunikabidearen jarduna hobeto ezagutzea ahalbidetuz—.
11 Erabiltzaileak zenbatzerakoan, geroz eta gehiago bateratzen dira nabigatzaile ezberdinak web analitikan, erabiltzaile bakarra hartuta erreferentziatzat; baina oraindik ere ezin dugu web erabiltzaile bat = pertsona bat dela baieztatu, gerta baitaiteke gure nabigazio moduaren arabera guk nabigatzaile eta gailu ezberdinetatik egiten ditugun bisitak web trafikoa neurtzeko tresnak ezin identifikatzea eta bateratzea.
12 Polita litzateke, beste azterketaren baten, hedabide bakoitzaren erabiltzaile kopurua eta erabiltzaile potentzialak alderatzea; gerta daiteke hedabide batzuk publiko potentziala ia osorik eskuratzea, eta beste batzuek eskuragarria den talde esanguratsua izatea oraindik.
13 Sailkapen hau diseinatu eta Hekimen elkarteko hedabideen neurketarako BEHA paneletan inplementatu zenez geroztik, 2024. urtea da analisia burutu den lehen urtea (Behategia, 2023; Mimenza, 2023). Google Analytics bidezko datu-bilketa duten hedabideetan dago martxan, beraz, 12. irudiko orokorren multzoan Matomo bidez neurtzen den komunikabide baten datua falta da.
14 Chartbeat datu-analisi enpresak bildutako 1.899 komunikabideren 2023. eta 2024. urteko datu agregatuaren arabera (% 30 hedabide ipar amerikarrak, % 30 europarrak eta % 40 munduko gainontzeko lekutakoak).