Elhuyarren Elia erabiliz lortutako itzulpen automatikoa
en
Urtekaria 2024-25 | Ana Sarria Muxika (BADA)

Ipar Euskal Herriko gazte batzuek bultzaturik, BADA, 2021eko urrian sortu zen. Helburua: gazteen informatzea euskaraz, beste gazte batzuengandik. Erronka baten parean sortu zen; nola gazteak tokiko gertaerez informatu? Nola haiengana heldu? Eta zein hizkuntzatan?

Galdera horien guztien parean, Lapurdi, Baxe-Nafarroa eta Xiberoko gazteak euskaraz informatzea erabaki genuen, eduki guztiak frantsesez azpititulatuz, euskara eskuragarria bilakarazteko.

Gazteok informatzeko erabiltzen ditugun tresnei eta kodeei egokitu ginen eta BADA sare sozialetan hedatu zen, beraz, story, reel, podcast eta diseinu desberdinen bidez.

Ipar Euskal Herriko gazteen komunikabidea bada

BADA Iparraldeko hiru herrialdeetako gazteei zuzendua da eta tokiko informazioa hedatzen du. Eduki desberdinak proposatzen ditugu, gure interes eta kuriositatearen arabera. Gure hiru eduki nagusiak, Erreportaia, BadaZerErran eta Urubia formatuak dira.

Erreportaiek, adibidez, gazte baten proiektua azaltzen dute, haren ibilbidea baloratuz. Oinetako saltzaile bat, dantzari bat edo ikertzaile gazte bat agertzen ahal dira bideoan. Haien ibilbide propio eta intimoaren bidez, gazte guztiak ukitzen dituen gaien jorratzea dugu helburu erreportaian. BadaZerErranean aldiz, gazte desberdinei hitza ematen diegu. Ekimen berezi batzuetan, mikroa karrikara ateraz galdekatzen ditugu ekimenaren zentzua eta haien ikuspuntu propioari buruz.

 

Berria egunkariarekin elkarlanean, Urubia bideo-podcasta ere proposatzen dugu. Aurkezle batek Euskal Herriko edo mundu mailako aktualitate gai bat lantzen du, beti ere gure belaunaldiari informazioa eskuragarri egiteko nahiarekin.

Beste eduki mota desberdin anitz izan ditugu BADAn. Bideojokoak, zinema edo aktualitatea landu izan ditugu. Adibidez, 6Pack story-ek asteko aktualitatearen 6 berri nagusi laburbiltzen zituzten, hedabide «tradizionalek» proposatzen dituzten artikuluetara bideratuz. Badadoa, berriz, emankizun kulturala izan da; Kanalduderekin elkarlanean, gonbidatu batek aurkezle baten galdera desberdinei erantzuten zien, bertan bideojokoetan ari zelarik.

Azkenik, Bada Zinemak, grafismoa erabiltzen du euskal film bat aztertzeko eta analisi bat proposatzeko. Hainbat eduki mota, gazteei proposamen zabal eta desberdina eskaintzeko gogoarekin, eta beti gazteek sorturik.

Fite eta labur

Sare sozialetan atzematen ahal den hedabidea gara; dena laburra eta eraginkorra izan behar den plataformetan. Ondorioz, gure edukiak laburrak dira; efikazak. 3 minutaz, gai bat interesgarria bilakarazi behar dugu, galdekatuak direnen hitzak errespetatuz, umore pixka bat sartuz, sakontasunik galdu gabe; desafio handia! Gure egunerokoan erronka handi bat da ideia landuen hedatzea hori guztia ahal bezain bat laburbilduz.

Izan bideoz, diseinu edo podcasten bidez, gure belaunaldia informatu nahi dugu.

Azken albistea edo ekimen kulturala izan, gure adinekoei horretaz berri eman nahi diegu.

Publikoa gazte euskaldun ala frantsesak izan, gure edukiak euskaraz hedatu nahi ditugu.

Baina, beti formatu laburragoak proposatzen dituzten plataformetan, nola egin? Atentzioa pizteko, zein da errezeta? Eta atentzio hori bideoan barna mantentzeko?

Gazteek eginiko edukia proposatzea ez da aski. Denetan bezala, berritasunaren efektuak epe mugatua du eta beti gure burua berritu behar dugu. Ideiak atzeman, landu eta burutu. Zorrotza izan, elkarrizketak aitzinetik gogoetatu, informazioa xerkatu, gure testuak irakurri, zuzendu eta berridatzi. Moztu eta laburtu, kasik beti.

Atentzioa piztua atxikitzen duen errezeta magikoa ez dugu atzeman. Hala ere, gure kasuan, ikasi dugu zeri kasu egin ahal bezain erakargarri bilakatzeko eta, azken finean, publikoaren ikustaldiak errazteko.

Bideo baten lehen segundoak inportanteak dira, adibidez. Pertsonak hor du bideoa behatzen segituko duen ala ez erabakiko. Hastapenetik deigarriak izan behar gara eta lehen pasarte horiek ongi hautatu behar ditugu.

Jendeak gure lana identifikatzea ere garrantzitsua da. BADAren izenpedura markatu behar da. Horretarako identitate bisual eta musikalak ditugu, gure eduki guztietan agertzen direnak.

Horrez gain, edukiak laburrak izan behar dira sare sozialetan. Mugikor gainean begiratzen den edukiak eskuragarritasuna behar du eta gure bideoek ez dute 5 minutu baino gehiago irauten sareetan.

Azkenik, erregulartasunak balio du. Anitzetan bideoak hedatuz, sare sozialetako algoritmoa gure alde emateko xantza gehiago dugu eta gure bideoak erabiltzaileei erakustea errazten du.

Txiki, urrun: ezezagun

Ipar Euskal Herriko komunikabide bat gara. Gazteek sortua gazteendako. Euskaraz.

Ez dugu bide errazena hautatu. Gure identitatea egiten duten ezaugarri guztiak ahulezia bezala ikusten ahal dira.

  • Gaztea izatea kazetaritza eta komunikazio munduan zaila da. Beti leporatua zaigu gure esperientzia eskasa edo ezjakintasuna. Informatzeko zilegitasuna ez zaigu beti ematen. Nahiz eta gogor lan egin eta zorrotzak izan, gure lana ez da beti baloratua. Ez gara beti komunikabide gisa kontsideratuak.
  • Euskara lehenesten dugu gure edukietan. Euskara… hizkuntza gutxitu hori. Hainbat erabaki politikoren kontra egitea da hautatzea Frantziak berea kontsideratzen duen lurralde batean euskaraz informatzea. Maitatua ez den hizkuntza hori erabiltzea eta eskuragarri egitea erdarazko azpitituluekin? Zein ideia! Hala ere egiten dugu, egunero, eta gure hizkuntzaren presentzia sare sozialetan indartzen dugu.
  • Eta Ipar Euskal Herriko hedabidea izatea? Iparraldekoa? Bitxikeria batzuentzat, exotismoa besteentzat. Hiru herrialde desberdinetako dantzak, mintzatzeko manerak, kantuak, etab. anitzetan asimilatuak dira Hego Euskal Herriko euskaldunengandik.

Ideologikoki, Ipar Euskal Herriko hiru probintziak ez dira Euskal Herriko zentroan kokatuak, nahi ala ez, inposatua zaigun muga horrek gugan eragina duelako. Eta hemen, gure periferiatik sortzen eta gertatzen dena, anitzetan zentrotik baztertua da.

Bukatzeko

Erran bezala, gure ezaugarriak ez dira errazenak baina gure identitatea egiten dute. Haiekin sortzen dugu, eta, ahuleziak baino gehiago, ikuspuntu berri eta desberdinak ekartzen ditugu horiei esker. BADAk nortasuna du horiei esker.

Berritasuna, entseguak, akatsak. Horiek guztiek osatzen dute BADA.

Gazteei euskarazko edukiak proposatzea sare sozialetan, haien informatzea eta elkarren artean saretzea dira gure helburuak, sare sozialek ez dutelako mugarik eta bertan dena posible delako: gure mundua gure erara eraikitzeko tresna eskutan dugulako.