Euskarazko azalpen bideo libreen atariak 2022an hasi zuen bidea. Maiatzean beteko dira hiru urte lehen bideoa zabaldu zuela, eta, dagoeneko, katalogo sendoa du proiektuak. Orain arte argitaratutako bideo guztiak 140tik gora dira, astero pare bat bideo aurkezten ditu ikasturtean zehar, eta berriki, Rikardo Arregi Kazetaritza Sarietako Komunikazio alorreko garaikurra jaso du ekimenak.
Euskara bideogurutze batean
Bada mamu bat euskalgintza eta inguruak hotzikaratzen dituena: gero eta ordu gehiago pasatzen ditugu pantailetan —pantaila bat zer den azaltzea oso argi ez badugu ere—, eta bateriarik gabeko sakelekoak sortzen duen ispilu beltzean gure begizuloak ikustean sentitzen dugunaren pareko ezintasuna sortzen digu diagnostikoak. Euskara ez dago indarrez jendea dagoen leku horietan.
Kontsumo ohitura esaten diogu, baina gaur egungo bizimodu ohikoena ere izan zitekeen. Ez dago mundu digital edo analogikorik; hibridoa da gure eguna. Berdin da arnasgune edo arrotz-gune; hiri, herri edo landa eremu. Gazteek ordu gehiago pasatzen dituzte urtean pantaila baten aurrean, eskolako hormen barruan baino. Bisita gehiago egiten dituzte Youtuben, Google-en baino. Orduak hamar segunduko bideoetan. Zenbat irakaspen, zeharkako bizipen eta komunitate sentipen eraikitzen dira eguneroko praktika horretan? Ia sei ordu egunero, lo pasatzen ditugun orduekin lehian. Zuk beste zeri eskaintzen diozu horrenbeste denbora?
XXI. mendeko entziklopedia
Euskarazko Wikipedia da euskarazko webgune bisitatuenetako bat. Kontsulta azkarretarako erabiltzen dugu, baina baita hezkuntza testuinguruetan ere. Entziklopedia bat da, eta aurreko mendeko entziklopedien rola betetzen du, baina baita funtzio modernoago batzuk ere. Izaera bakana du: auzolanean ari gara eraikitzen, han hemenka, ehundaka lagunen artean, ezagutza librea sustatu eta biderkatzeko asmoz.
Ikus-entzunezkoak badira eduki kontsultatuenak, eta Euskarazko Wikipedia bada euskarazko atari erabilienetakoa; zergatik ez sortu euskarazko azalpen bideoak entziklopedia osatzeko, eta bideo plataformetara entziklopedia librearen egiteko moduak eramateko?
Katalogoa
Erdaretan indartsu dauden Crash Course, Khan Academy, Academia Play… ereduei begira, euskarazko azalpen bideoen ataria sortzea erabaki genuen 2022an.
Bildumaka antolatu genuen proiektua, eta alor bakoitzari gai bat, tonu bat eta helburu bat ezarri. Denera bederatzi bilduma ditugu orain, eta epe laburrean gehiago sortzeko asmoa eta gogoa.
Filosofia
Zertaz ezin dugu hitz egin? Zer da feminismo intersekzionala? Zer da familia bat? Badago jaiotzetik daukagun ezagutzarik? Aristoteles, Hannah Arendt, Simone de Beauvoir, Joxe Azurmendi, Kant, Sally Haslanger…
Agora Filosofia Elkarteko irakasleek eta EHUko Joxe Azurmendi Katedrako ikerlariek gidatzen gaituzte sail honetan; eurekin aukeratzen ditugu gaiak, eta landu edukiak. Klara Badiolak jartzen du ahotsa, eta autore edo korronte bakoitza 7-8 minutuko animazio bilakatzen ditu Hiru Damatxo ekoiztetxeak. Guztira 22 bideo egin ditugu dagoeneko.
Ekonomia
Zer da inflazioa? Nola kalkulatzen da PFEZ? Zer dio autonomoen lege berriak? Nola egin errenta aitorpena? Alazne Astorgak eguneroko ekonomia azaltzen digu. Edukia lantzeko Laneki elkartea dugu bidaide, eta Lanbide Heziketako hainbat irakasle. Guztira 17 bideo egin ditugu.
Euskal kultura
Piz dezake herri bat olerkigintzak? Zenbat debeku jasan ditugu euskaldunok? Nola sortu zen euskara batua? Euskal literaturaren gaineko sorta hasieran, eta euskal kulturaren gainekoak azken urtean. Irak, Elbira Zipitria maistraren bertsio animatuak, euskal kulturaren mugarriak laburtzen ditu animazio sail honetan. Horretarako 20tik gora eduki-aholkulari izan ditugu.
Ingurumena
Migratzen duten animaliek gauzak ekar ditzakete haiekin? Nola demontre iristen dira espezie inbaditzaileak ekosistema berrietara? Aitor Cevidanes zientzialariak ikerlari euskaldunak elkarrizketatzen ditu ingurumenaren gainean gehiago ikasteko.
Erronka digitalak
Nola eragingo digu Adimen Artifizialak hizkuntza gutxituotako hiztunoi? Algoritmoa zer da? Zenbateraino gara pantailen esklabu? Nola bereizi egia eta gezurra albiste faltsuen garaian? Leire Palacios-ek aurkeztuta, Badalab Hizkuntza Berrikuntza Laborategiarekin batera sortzen ditugun ingurune digitalen gaineko azalpen bideoak dira. Zeharka, euskarak teknologia horietan dituen erronkak eta dilemak jorratzeko abagunea eskaintzen du sailak. Guztira 16 bideo aurkeztu ditugu.
Zortziko txikian
Zein da Euskal Herriko mendi garaiena? Zenbat uharte ditugu? Zer da tupustarri bat? Zenbat jende joaten da Iruñeko Sanferminetara? Hamaika gai esanguratsuren gaineko zortzi datu minutu batean. Anabel Arraizak jartzen du ahotsa bideo bertikal-labur horietan. 50 bideotik gora daude dagoeneko.
Literatura unibertsala
Nor izan zen Safo? Nor Dante Alighieri? Zergatik da On Kixote tragikomedia bat? Euskarazko sareko ikus-entzunezkoetan erreferente diren Itziar Orbegozok eta Imanol Epeldek gidatuta, Aranburu Films-ek ekoitzita. Literatura unibertsalaren hainbat autore eta mugarri errepasatzen ditu sailak, entzulea irakurketaz gozatzera gonbidatuz.
Historia
Moby Dick-en aurretik balea-ehiza existitzen zen? Frantziako Iraultza herritarren iraultza ala burgesiarena izan zen? Erromatarrek konkistatu gintuzten ala ez? Tonu umoretsuarekin, bi historialariren kontrastearekin, historiaren gaineko bideoak egiten hasi gara. Danel Pascual aktoreak aurkezten ditu, eta Bira ekoiztetxea dago lanaren atzean.
Gure arbasoak
Zerk egiten gaitu gizaki? Ba al zenekien denok garela Eneko Aristaren ondorengo? Gizateria bakarra da? Galder Gonzalez-ek gidatzen duen sailean biologia hobeto ulertzeko, gugandik atzera egingo dugu, eboluzioaren zuhaitzaren bidez, espezie guztien oinarrian dagoena ezagutzeraino.
Bederatzi bilduma, 130 bideo
Galdera beste mundu daude, eta guztiak sekula ezingo badira erantzun ere, Ikusgelan mordoxka batzuk landu dira azken hiru urteotan. Bideoak Wikipedian eta ikusgela.eus atarian daude txertatuta, baina baita Youtube, Peertube eta sare sozialetako zerbitzuetan ere. Gaietan interesa izan dezakeen edonorentzat iradokigarria izateko helburuarekin sortzen ditugu, baina egia da, batez ere, hezkuntza testuinguruetan erabiltzen direla.
Dagoeneko, sortu ditugun bideo horiek Euskarazko Wikipediaren 500 orrialdetan daude txertatuta, entziklopediari multimedia aukera ere eskainiz. Gure lehen helburua izan gabe, nazioartean ere sona izan du. Hainbat nazioarteko jardunalditan aurkeztu da proiektua, WikiCred programarekin elkarlana egin dugu, eta horren ondorioz, filosofiako sei bideo bikoiztu dira katalanera, eta beste asko modu boluntarioan azpititulatu dira. Ikusgelako bideoek hizkuntza hauetako azpitituluren bat dute gutxienez: ingelesa, gaztelania, frantsesa, katalana, hausa, bengalera, arabiarra, turkiera, esloveniera, gaelikoa, grekoa, mapudunguna, japoniera, wolofera, galesa, italiera, portugesa, rifera eta errusiera.
Hezkuntza Baliabide Irekiak (HBI)
Zer da edukia librea izatea? Zer da HBI bat? Hau da UNESCOren definizioa: «Ikasteko, irakasteko eta ikertzeko materialak dira, zeinahi formatu eta euskarritan daudenak, jabetza publikokoak edo egile-eskubideek babestuak, eta lizentzia ireki batekin argitaratu direnak, aukera ematen duena haietara sartzeko, haiek berrerabiltzeko, birmoldatzeko, egokitzeko eta birbanatzeko hirugarrenendako inolako kosturik gabe». (UNESCO 2019).
Wikipedia bere horretan HBI da. Euskarazko materialgintzan adibide asko daude: Jakindun-en matematika, fisika eta kimika ariketa azalpen-bideo ederrak egiten dituzte, eta lizentzia librean argitaratu. EIMA katalogoan eta Amarauna biltegian ehundaka HBI daude. Ez dugu ezer asmatu, eta ez gatoz ezer ordezkatzera. Ikusgelak geruza berri bat gehitzen du euskarazko eduki libreen ekosisteman. Anomalia, baina, hau da: nazioarteko antzeko bideo dibulgatzaileen kanalak ez dira eduki librekoak izaten.
Librea da bideoak irekian daudelako eta CC-BY-SA lizentzian argitaratzen ditugulako. Hau da, bideoak nahieran erabili daitezke, betiere, autorea aitortzen bada eratorritako lan horretan, eta sortzen den ekoizpen berria ere lizentzia ireki berdinarekin argitaratzen bada. Guk geuk ere horrela egiten dugu bideoetan erabilitako baliabideekin: musika, baina batez ere irudiak; libreak dira eta horrela aitortuta daude. Bideo bakoitzaren amaieran esteka bat dago, eta hor sartuta, bideo horretako elementu guztiak daude aitortuta. Byung-Chul Han filosofoaren bideoak, adibidez, 179 irudi ditu barnean (hemen daude guztiak: https://w.wiki/AD6y). Gehienak Wikimedia Commons biltegi librekoak dira, baina badaude bestelako iturrietakoak ere. Euskarazko hedabide gehienen lizentzia ere CC-BY-SA da, eta horrela, euren irudiak ere erabiltzen ditugu bideoetarako. Galder Gonzalez wikilariak eskuartean duzun urtekariaren 2023ko edizioan esan moduan nazioartean anomalia den praktika ederra dugu hemen zentzu horretan (Gonzalez Larrañaga, 2023). Tamalez, fundazio askoren irudi biltegietako lizentziak ez dira guztiz irekiak, eta artxibo horien helburu gorenari muga absurdoak jartzen dizkiete. Hizkuntza gutxiagotuek pribilegio anakroniko horren aingura askatu behar dute.
Dena egiteko izan eta eredugarri sentitu
Euskarak behar zuen horrelako atari bat, erdaretara baino askoz beranduago heldu denaren sentsazioa dugu. Bestalde, ordea, Wikimedia trukeetan proiektua azaltzen dugunean, gainontzeko entziklopedia libreen kideek harriduraz eta inbidiaz ikusten dute proiektua. Salamancan Espainiako Wikipedia kongresuan aurkeztu genuen ekimena, eta publikotik batek «handitan zuen modukoa izan nahi dut» esan zuen. Gaztelaniazko Wikipedia atariko Adimen Artifiziala artikuluan (https://w.wiki/7WgN), euskarazko audioa duen Ikusgelako bideo bat dago, gaztelerazko azpitituluak dituena (eta beste bost hizkuntzatakoak). Modako hitzaren, hizkuntza nagusienetakoaren, entziklopedia bisitatuenean euskarazko bideo bat. Azken urtean 1.354.048 bisita jaso ditu artikuluak, egunero 3.690. Eduki libreek muga asko apurtzen dituzte. Benetan hizkuntza aniztasunean sinesten badugu, hizkuntzak entzun egin behar ditugu, ukipena bidirekzionala bilakatu.
Zenbakiak
Urte emankorra izan da 2024a Ikusgelan. Guztira 74 bideo argitaratu ditugu, zortzi sail ezberdinetan banatuta, horietako bi berriak: Literatura unibertsala eta historia. Guztiak batuta, 348 minutu eduki berri sortu ditugu, ia sei ordu, eta 2.514 irudi libre erabili ditugu horretarako. Orain arte argitaratutako bideo guztiak 130 dira eta 342 azpititulu pilatzen dituzte. Sei bideo bikoiztuta daude.
Wikipedian 504 orrialde daude dagoeneko Ikusgelako bideo batekin, orrialde horietako edukia 512.369 aldiz kargatu da urte betean.
Youtuben ia 2.000 harpidedunen langa gainditu dugu, urtean zehar 737 gehiago gehitu dira. Azken urteko bideoek, guztira, 75 iruzkin jaso dituzte, 1.163 atsegin dut, eta 1.968 aldiz partekatuak izan dira. Bideo guztiak pilatuta, 111.629 ikustaldi izan dira bertan, 5.269 ordu euskarazko edukiak ikusten.
Baina kontraesankorra badirudi ere, zenbakiak ez dira garrantzitsuenak. Zeharka, gure helburua, euskarazko dibulgazioari falta zitzaion beste plaza bat okupatzea da. Euskarazko azalpen bideo laburrak behar genituen, eta hortxe ditugu. Gure saiakera eta indarra ez da euskarazko edukia bakarrik sortzea; eduki esanguratsua, bermeduna eta ondo egina sortzea baizik. Horretan jartzen dugu indarra. Euskarak kantitateaz gain, eduki txukunak behar dituela sinetsita, eta gure esku dagoen onena egiteko gogoz. Lan asko dago egiteko oraindik, baina pozik gaude egindakoarekin, harro gaude sortu ditugun bideo askotaz, eta horrela jarraitu nahi dugu.
Aurrera begira
Katalogo sendo batekin jende gehiagorengana heltzeko aukera izango genuela aurreikusi genuen hastapenetan. Orain une horretan gaude, pauso handiagoak emateko ametsetan, hezkuntza komunitatean ezagunagoak izateko eta euskarazko sareko edukietan ere, erreferentzialtasuna lortzeko. Badaude bide horretan goazela esaten diguten datuak ere: azken Rikardo Arregi Sarietako Komunikazio saria eman digute. Aitortza horrez gain, udazkeneko bisitak asko hazi dira: esaterako, Euskararen Nazioarteko Egunean, euskal kulturako bideoek 500 bisita izan zituzten goizeko 8etatik 10etara bitartean. 500 ikasgelatan jarri ziren bideoak?
Euskarazko Wikipediako Hezkuntza Proiektuari ikus-entzunezkoen geruza gehitzen dio Ikusgelak, eta bisita kuantitatiboek eta irakasle eta ikasleek esaten digutena kontuan hartuta, merezi du proiektua sendotu eta zabaltzeak.
Lehendik genituen hutsuneak nahikoa ez, eta Adimen Artifizialak erronka berriak jarri dizkie hizkuntza gutxiagotuei. Euskarazko ikus-entzunezko kontsumitzaileak hezi nahi baditugu, erronkarik ez zaigu faltako. Bide hau modu kolektiboan egiten ari gara, animatzen zara ikusle huts izan baino, euskarazko jakintza librearen sustatzaile izatera?
Erreferentziak
Gonzalez Larrañaga, G. (2023). Bertsolari txapelketa nagusitik Nord Streamera: eduki libreen garrantzia hizkuntza ez-hegemoniko batean. In H. Castro eta L. Mimenza (Eds.), Euskal Hedabideen Urtekaria 2022-23 (79-84 orr.)
https://behategia.eus/eu/urtekaria_artikulua/7-bertsolari-txapelketa-nagusitik-nord-streamera-eduki-libreen-garrantzia-hizkuntza-ez-hegemoniko-batean/