Elhuyarren Elia erabiliz lortutako itzulpen automatikoa
en
Urtekaria 2024-25 | Ainoa Santisteban Rendo (PRIMERANeko Zuzendaria)

2023ko irailaren 15ean, ikusmin handiz, abian jarri zen PRIMERAN euskal edukien streaming plataforma. EITBren leiho digitala hezurmamitzen joan da 2024 urte osoan zehar eta eraikitako atariak zutabe eta oinarri sendoak dituela esan genezake.

Testuinguruan jarriz, EITBk sortutako PRIMERANen ikuspegia honako hau da: Euskal Herriko gazteen euskarri digitaletako kontsumo-eredu berrien aurrean, euskal ikus-entzunezko edukien eta euskarazko edukien kontsumoaren bermea izatea eta laguntzea.

Xedea da PRIMERAN 30 urtetik beherako gazteen kontsumorako erreferentziazko plataforma bihurtzea, euskarazko edukien kalitatearen eta kantitatearen alde eginez eta, aldi berean, garaiekin bat datorren plataforma moderno bihurtuz.

Euskarazko OTT bakar gisa, euskal gizarte osoarentzat herrialdeko kultur plataforma erreferentea izateko bokazioa ere badu PRIMERANek. Plataforma horretan, euskaraz ekoitzitako ikus-entzunezko ekoizpen kultural guztia izatea da nahia.

Eskaintza anitza da eta, besteak beste, euskal produkzioko eta nazioarteko telesailak, zinea, dokumentalak, sukaldaritza eta musika eskaintzen dira; baita PRIMERAN plataformarako sortutako eduki esklusiboak eta zuzeneko streamingak. Astero eduki erakargarri berriak, doan.

2024. urtean zehar ibilbide mamitsua egin du PRIMERANek bere oinarriak finkatuz eta ikuspegia eta xedea betez. Apurka-apurka eduki berezi eta erakargarriekin hornitu da euskal streaming plataforma.

2024ko mugarri garrantzitsuak

TELESAILAK

Eduki originalek PRIMERAN plataformaren eduki eskaintzaren zutabe garrantzitsua osatzen dute eta horren adibide da euskarazko OTT-ak izan zuen lehenengo estreinaldi «handia»: Itxaso, Jon Plazaola eta Nerea Mazo protagonista dituen surf munduan girotutako thrillerra eta egun gutxitan milaka ikustaldi izan zituen telesaila.

Bilbon jendaurrean estreinatutako Touré Detektibea Jon Arretxeren sagan oinarritutako fikzioa eta Malcon T. Sitté protagonista duena ere, PRIMERANen estreinatu zen, euskaraz. Eta beste hainbat fikzio daude ekoizpen fasean, aurten estreinatuko direnak PRIMERANen. Eta ekoizpen berriak oso garrantzitsuak badira, hain berriak ez diren fikziozko telesailen bila ere ikusle asko hurbiltzen dira PRIMERAN plataformara. Toki garrantzitsua dute, berebat, Hondar ahoak thriller beltzak eta gizarte eta aktualitate gaiekin lotutako hainbat telesailek, Altsasu eta Alardea kasu.

Kanpo produkzioen artean, halaber, euskarara itzulitako 380 telesailetik gora estreinatu dira, guztira 18.000 kapitulu baino gehiago.

Ikus-entzunezko erakusleihoan euskal fikzioaren historiako erreferente izan diren telesailek tarte garrantzitsua daukate: Goenkale, Jaun ta Jabe, Bi eta Bat, Kutsidazu Bidea Ixabel, Martin, Balbemendi eta abar. Gure euskal telesail mitikoen txoko bilakatu da.

ZINEA

Euskal zinemagintzaren gordailu bilakatzeko bidean aurrera eginez, 80ko hamarkadatik hasita eta gaur egunera arte, euskal filmik garrantzitsuenak toki nabarmena dute PRIMERANen. Segoviako Ihesa pelikulatik hasita, egungo euskal uzta emankorraren titulurik nagusienak topa ditzakegu.

Otsailean, esaterako, 20.000 especies de abejas filma PRIMERAN plataforman jarri zen ikusgai. Estibaliz Urresolaren film sarituak marka guztiak hautsi ditu eta filmik ikusiena da OTT plataforman.

Irailean, Irati, pantaila handian errekor guztiak gainditu zituen filma estreinatu zen eta atariko bigarren filmik ikusiena izan da.

Pelikula ikusienen rankingean horien atzetik ditugu bi eduki berritzaile, Itsatsita eta Itsatsita, berriz. Euskarazko lehen fikzio musikalak Jon Plazaola eta Leire Martinez ditu protagonista eta Donostia Zinemaldian aurrestreinatu zen jendaurrean.

Euskal zinemagintzako film ikusienen artean, halaber, Josu Martinezen Bizkarsoro daukagu, Ipar Euskal Herriko fikziozko herri batean kokatuta dago filma, XX. mendean, eta euskarak eta euskaldunek jasandako errepresioa du hizpide.

Euskal ekoizpenekin jarraituz, PRIMERANen leihoan daude, besteak beste, Ane, Gelditasuna Ekaitzean, Unicorn Wars eta baita Tasio zaharberritua ere.

DOKUMENTALAK

Dokumentalen atalean, denetariko gaiek dute lekua. Historia eta memoriari buruzkoak, musika eta euskal taldeak ardatz dituztenak (Zetak, Izaro, Bulego edo Gatiburen inguruko edukiak, esate baterako) edota kirol eta mendiaren ingurukoak.

PRIMERANen dokumentalen askotariko eskaintzaren adibide ditugu M11, martxoko lau egun hiru ataleko dokumental saila eta Ondas saria eskuratu duena, adibidez. Baita Porno Belaunaldia eta Klik Belaunaldia nerabe eta gurasoei zuzendutako dokumental sailak, hainbat sari jaso dituztenak. Beste eduki berritzaile batzuen artean, Surfin 360º 12 ataleko dokumental sail transmedia, errealitate murgiltzaileko teknologia erabiltzen duena, nabarmendu daiteke.

EDUKI ORIGINALAK

Eduki propio eta originalak estreinatzearen bideari ere ekin dio PRIMERANek. Hasteko, Dastattoo saio berria ekarri zuen: sukaldaritza eta tatuaien mundua elkartu dituen saioa. Horren ondoren Iban & Maite Beauty elkarrizketa ganberroen saio berria etorri zen Iban Garcia Tik-Tokerraren eta haren ama Maite Azpiazuren eskutik. Bigarren denboraldia estreinatu du Iban Garciaren saioak eta eduki kontsumituenen artean dago.

Arrakastaz estreinatu ziren beste euskal eduki batzuk ere izan ditugu: Ardi Beltza Xabin Fernandezek gidatutako solasaldia eta Intimitatean Nerea Aliasek hainbat emakume ezaguni egindako elkarrizketa sorta.

PRIMERANek lortu du, halaber, Anjel Alkain eta Xabier Iraola berriz umore tonuan entzutea Azkarra eta Baserritarra saioan.

Orobat, eduki propio arrakastatsuen artean ditugu Piztien Artean Odei Jainagak gidatutako munduan barreneko abentura saila eta Krimenak Gure Kronika Beltza Xabier Madariagarekin.

ALIANTZAK

Euskal erakunde eta kultur elkarte zein ikus-entzunezko adierazpenen bilgune izateko izpirituarekin sortu da euskal OTTa. Hortaz, hainbat partnerrekin, erakunde eta zinemaldi nagusiekin josi duen aliantza sareak bere isla du, PRIMERANen. Bilduma bereziak sortu dira Donostiako Zinemaldi, Zinebi, Zinegoak, Bilboko Zinemaldi Fantastikoa edo Mendifilm edizioen harira, esate baterako.

ZUZENEKO STREAMINGAK

Aurtengo udan gainera, PRIMERANek zuzeneko streaming emanaldiak txertatu ditu plataformara. Apal ekin zaion bide horri, bultzada handia eman nahi zaio aurten. Zuzeneko streamingak musika elektronikoari tartea eginez hasi ziren eta Donostiako Dantz Festival jaialdia izan zen lehen proposamena, Saguesetik. 2025 honetan goi mailako zenbait euskal musika kontzertu eskainiko ditu zuzenean.

2024 ZENBAKITAN

Orain arte (2025eko otsaila) 132.500 lagun erregistratu dira PRIMERANen eta kontsumo-orduen kopurua 722.000 ordukoa izan da.

Orotara, 1.185 eduki-ordu jarri ditu euskal erabiltzaileen eskura 2024. urtean zehar. Horien barruan sartzen dira film luzeak (105), telesailak (757) eta dokumentalak (353).

Abenduko kasu zehatzean, esate baterako, 49.300 ordu kontsumitu dira, ekainetik izandako kopururik altuena; joan den hilean baino 6.800 ordu gehiago.

HEMENDIK AURRERA, ZER?

Helburu kuantitatiboari dagokionez, alde batetik, xedea da harpidedunen kopurua handitzea: 2025ean 200.000 harpidedun lortzea. Erabiltzaile berriak erakartzen jarraitu nahi du PRIMERANek target estrategikoan, gazteengan, arreta jarrita, hain juxtu.

Bestalde, batez besteko kontsumoa eta konpromisoa handitu nahi du EITBK sustatutako OTTak, plataforma fidelizatuz eta sendotuz eta edukiaren kontsumo-tasa hilean bikoiztuz.

Eduki estrategiari dagokionez, batik bat, musikari lotutako zuzenekoetan jarri nahi da azpimarra, 2025ean izango diren euskal talde enblematikoen kontzertu nagusienak txertatuz.

Lehentasunezkoa izango da, halaber, euskal zinemagintzari laguntzea, eta PRIMERAN bilakatzea euskal zine-estreinaldien leihoa, pantaila handiaz gain. Berriki argitaratu da, adibidez, euskal zinearen atalean euskal zinearen ikur diren Moriarti Produkzioak-en film sorta: Loreak, Handia, 80 Egunean, eta Lucio, besteak beste.

Eta, nola ez, ekoizpen originaletan egindako ahaleginean sakonduko du PRIMERANek. Euskal ikus-entzunezkoen industriari laguntzeaz gain, euskarazko edukien kontsumoa sustatuko dugu, gazteen targetari begirik kendu gabe.

Hortaz, PRIMERANek lehen urte luze honetan funts sendoak jarri ditu eta horietan sakonduko du euskal jendartearen ikusmina eta nahia asetuz, euskal kultur plataforma erreferentea izateko.

---------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------

MAKUSI UNIBERTSOA

 

Haur eta gaztetxoentzako edukiak MAKUSI plataforma digitalean daude 2024ko apirilaren 26tik. Orain arteko emaitzak nabarmenak dira: 36.345 harpidedun eta 86.000 ordu ikusita urtarrilean, esate baterako.

EITBk sortutako komunitate berri honetan entretenimendua da nagusi, euskaraz; eta etxeko txikienek modu seguruan biziko dituzte on-line esperientziak. MAKUSIK gure hizkuntzan eta kulturan murgiltzeko aukera eskaintzen die haur eta gazteei, edukien eskaintzarik onenarekin eta teknologiarik puntakoena erabilita, gailu eta ingurune guztietatik sartu ahal izateko.

MAKUSI unibertsoak bi zutabe nagusi ditu: plataforma digitala eta kluba. MAKUSI plataforma digitalak haur eta gaztetxoentzako askotariko ikus-entzunezko eskaintza du: marrazki bizidunen eta telesailen 100 izenburu baino gehiago; 5800 atal; 120 pelikula… 1700 ordutik gora ikusgai. Edukiak adinaren arabera pertsonalizatuta eskaintzen ditu, eta eduki bakoitzak sustatzen dituen balioen deskribapen fitxa ere erakusten du.

MAKUSIrako propio ekoiztutako saioak ditugu: txikienentzat, Potx eta Lotx pailazoen saioa; adinean gora eginda, Kalaxka aktualitatearekin lotutako magazina; eta Power up! izeneko fikziozko telesaila. Urtarrilean, Dragoi Bola iritsi zen eta Txakur Patruila ere ikusgai dago.

MAKUSI klubean, bestalde, kideek abantaila mordoa dituzte: doako sarrerak, zozketak, lehiaketetan parte hartzeko aukera, etab. MAKUSI Klubaren bidez, umeen parte hartzea eta komunitatearen parte izatea bultzatzen dira. MAKUSIk, halaber, bere ekitaldi propioak ditu kalean, baita sare sozialetako kontuak ere, eta bere merchandising propioa ere.

2024. urtea abiapuntua izan da MAKUSI proiektuarentzat, eta datozen urteotan ere haurrentzako lehiakorra, gurasoentzako segurua eta gizartearentzako erreferentziazkoa den ikus-entzunezkoen ekosistema digital lehiakorra eta euskarri anitzekoa sendotzea izango du helburu, gure kultura eta hizkuntza sendotzen dituena, eta umeen interakzioa eta parte-hartzea sustatuko dituena, hartara, etorkizuneko komunitate digitala sortuz.

Nerea Zendoia Elexpuru

MAKUSIko burua

----------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------