Elhuyarren Elia erabiliz lortutako itzulpen automatikoa
en
Urtekaria 2024-25 | Ainhoa Jauregi Cabezon (Hamaika Telebistako zuzendaria)

Hamaika Telebista 2006. urtean sortu zen helburu argi batekin: euskararen normalizazioan eragin eta euskal kultura sustatzea. Iñaki Uriaren zuzendaritzapean hasi zen eta orain, 18 urte geroago, etapa berri bati ekin diogu. Hamaika Telebistaren egitura berritu eta erronka berriei aurre egiteko prest gaude. Zuzendaritza berriak —hiru kidek osatua— eta gainontzeko lan-taldeak, proiektua eguneratu eta eduki erakargarriak sortzeko lanean dihardugu.

SORRERA

Iñaki Uria, Egunkaria itxi eta Berriaren sorrera gauzatuta, etorkizuneko erronken bila hasi zen telebista munduan. Kartzelatik zetorren, baina ez zuen atzera egin. Telebista proiektu bat sortzearen ideia izan zuen buruan, euskararen eta euskal kulturaren aldeko beste pauso bat emateko. Horrela, Jaurlaritzak telebista lizentziak ateratzeko aukera zuela ikusi zuen eta bertatik abiatuta, Hamaika Telebista sortzeko lehen pausoak eman zituen.

Proiektuaren hasiera ez zen batere erraza izan. Uria eta bere lankideen lehenengo asmoa tokiko telebista batzuk sortzea zen, «Hitza» edo bestelako egunkariekin sinergiak bilatuz. Hala ere, azkar ohartu ziren egitasmoa gauzatzeko eragile berri batzuk behar zituztela eta horretan hasi ziren.

Hainbat ekoiztetxe tentatu ostean, Euskal Herriko hiru egunkari nagusiek - Berria, Gara eta Noticias taldea- bat egin zuten Hamaika Telebista abian jartzeko. Ikus-entzunezkoen sektoreak egindako gorakada ikusi eta elkarrekin proiektu bateratu bat sortzeko erabakia hartu zuten. Elkar argitaletxea, Euskaltel eta Bainet ekoiztetxea ere batu ziren egitasmo horretara. Bidea ez zen erraza izan, hainbat ate jo zituzten eta prozesuak zailtasun handiak izan zituen.

2003. urtean lizentziak atera zirenean, Hamaika Telebista sortzeko aukera errealitate bihurtu zen. Hala ere, lehenengo emisioak 2009ko otsailean izan ziren, eta proiektua Bizkaiko hiriburuan hasi zen. Helburua izan zen euskararen aldeko proiektu moderno eta hiritar bat sortzea. Asko kostatu zitzaien jendea aurkitzea eta prestatzea, baita zer telebista eredu nahi zuten erabakitzea ere. Hala ere, Bilbon gaztelaniaz emititzen zuten tokiko telebistek baino irudi modernoagoa eta gaurkotuagoa ematea lortu zuten.

Hamaika Telebistan egindako pausoak ez ziren bertan gelditu. Bilbotik Donostiara zabaldu ziren, eta 2010ean Donostiako emisioak hasi zituzten. Bost urte beranduago, Iruñean ere egoitza bat ireki zuten eta bertan ekoitzitako IDEMtitateak saioari Argia Saria eman zioten. 2022ko urtarrilean Gasteizko egoitza ireki zen, telebista Hego Euskal Herriko hiriburu guztietara hedatuz. Orain, proiektua borobiltzeko, Ipar Euskal Herrian zabaltzea falta da.

IBILBIDEA

Hamaika Telebistak urte hauetan zehar eduki mota desberdinak eskaini ditu, euskararen aldeko apustua egiten jarraitu du, eta ikusleari eskaintza zabala eta kalitatezko edukiak aurkeztu dizkio. Aktualitatea jorratzeko modu ezberdinak erabili dira (magazina, albistegiak, Kolpez Kolpe saioa…), Nafarroan egindako saio ugari ekoitzi dira, slow TBan oinarritutako 11 Leiho saioa erreferentzia bihurtu da, euskal musika eskaintza zabala izan dugu, kultura eta kirol saioak ere egin ditugu, eta urtero gertakari, aldarrikapen edo egitasmo zehatzen inguruko saio bereziak eskaini ditugu. Ezin ahaztu Korrika eta Durangoko Azoka bezalako hitzorduak, euskararen festa eta euskal kulturaren plaza; hauek Hamaikaren lehentasunetan izan dira. Horrek erakusten du Hamaika Telebistak euskararen eta euskal kulturaren aldeko konpromiso irmoa duela.

Garrantzitsua da ere nabarmentzea sektoreko profesional ugarik bisitatu duela Hamaika Telebista urte hauetan zehar. Alor eta profil desberdinetako elkarrizketatuak, solaskideak eta analistak izan ditugu bertan. Beste hedabideetako lankideak, eragile desberdinetako ordezkariak eta herriko ahotsa izan ditugu bidelagun. Horrekin guztiarekin, Hamaikak aukera ematen dio ikusleari ikuspegi eta iritzi desberdinak ezagutzeko, gizartearen aniztasuna eta egungo gertakarien inguruko analisiak jaso ahal izateko.

Lehenengo urteetan telebistarako soilik ekoizten zen, baina laster ikusi zen webgune baten beharra. Kontsumo ohiturek aldaketak ekarri zituzten, eta Hamaika bere eskaintza digitalera egokitzen hasi zen. Aldaketak azkar etorri ziren, eta baliabideak mugatuak izan ziren, baina Hamaika egokitu egin zen beharrei aurre egiteko. Hori hala, etengabe egokitzen joan da, kontsumoaren aldaketekin batera, eta ikusleari eduki berriak eskaini dizkio plataformaren baitan.

Hamaika Telebista hasieran milioi bat euroko kapitalarekin sortu zen eta ondoren, kapital anpliazioak izan ziren. Hala ere, telebista egitea garestia da, eta azken urteetan indarrean egon den diru-laguntza eredua, batez ere, prentsa idatzian oinarrituta egon da. Telebistaren diru-laguntzak, ordea, txikiak izan dira eta telebistako ekoizpen ordu propioen menpe egon gara. Horrek, halaber, asko baldintzatu du telebistaren jauzi digitala. Urte berriari begira, diru-laguntza deialdiaren irizpideak aldatuko direla dirudi eta horrek aukera gehiago eskainiko dizkio Hamaikari eremu digitala hobeto arakatu eta egungo komunikatzeko moduetara egokitzeko.

Azkenik, ezin dugu ahaztu lizentzia lokalak dituen telebista nazionala dela Hamaika eta bere izaerak asko zailtzen duela bere bideragarritasun ekonomikoa. Hala ere, telebista publikoarekin batera, telebista pribatu batek ere bere lekua izan behar duela uste dugu, gizarteari eduki anitzak eskaintzeko eta euskararen kontsumo-ohiturak errazago sustatu ahal izateko.

BERRIKUNTZA

Hamaika Telebistan, berrikuntza eta egiturazko aldaketak garrantzi handia izan du azken aldian. Duela pare bat urte, etxe barruko berrantolaketa prozesu bati ekin genion, lan-talde egonkor bat mantentzeko zailtasunak ikusi eta antolaketa jasangarriago eta parte-hartzaileago baten aldeko apustua eginez. Hain zuzen ere, prozesu horretan, zaintza izan da erdigunean jarri nahi izan duguna, eta oraindik prozesu horretan murgilduta gaude. Berrikuntza prozesu hau etengabe eraldatzen eta egokitzen joan den egitasmo bat izan da, eta horretarako aholkularitza profesional baten laguntza izan dugu.

Bide honetan, erretiratzeko asmoa ere mahai gainean jarri zuen Iñakik eta ondorioz, dena batera landu dugu. Nik bere lekukotza hartzea prozesuaren parte izan da. Ez da aldez aurretik pentsatuta zegoen erabaki bat.

Aldaketak zuzendaritzatik ekoizpen taldeetara zabaldu dira, eta, gaur egun, zuzendaritzan nirekin batera Maddi Mochales eta Onintza Alustiza daude. Maddi berrikuntza eta digitalizazioaren arduraduna da eta Onintza finantzen kudeaketaz arduratzen da; ezinbestekoak proiektua ikuspegi osatuago batekin bideratzeko. Talde honek estrategiarekin lotutako erabakiak hartzen ditu eta Hamaikak izan behar duenaren marko orokorra marrazten du. Administrazio kontseiluaren oniritzia ere beharrezkoa da, noski.

Kudeaketa taldean zuzendaritzako kideez gain, marketing arduradunak, programazio arduradunak, diseinu arduradunak (bezeroaren ikuspegia ekartzen du), eta ekoizpen eta pertsonen kudeatzaileek parte hartzen dute. Talde honek, bakoitzak bere eremuan, markatutako helburuen jarraipena egiten du, sortzen diren arazoei konponbideak bilatzen dizkie eta beste zenbait erabaki ere hartzen dira. Zuzendaritza zabalago bat dela esan genezake.

Produktu taldea, 11 pertsonek osatzen dutena, bi edo hiru hilabetetik behin biltzen da. Talde honen eginkizun nagusia kudeaketatik ezartzen diren irizpideak aintzat hartuta, eduki berriak asmatzea da, bai telebistarako eta baita eremu digitalerako ere. Hamaika Telebista jada ez da telebista bakarrik, ikus-entzunezko proiektu komunikatibo bat bihurtu da. Webgunea, streaming-a, sare sozialak, Spotify… guztiak dira kanal berriak, eta edukiak horretarako pentsatu eta ekoiztu behar ditugu.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Horrela, erabaki batzuk hartu ondoren, informazioa ekoizpen taldeekin partekatzen da, eta talde horiek ideiak fintzen dituzte, eskaleta zehatzagoak egiten. Gainera, egunerokoan nola antolatu, intzidentzien aurrean nola jokatu eta irismena nola hobetu bilatzen dute. Prozesu guzti hau, jakina, irizpide eta estrategia baten baitan kokatzen da.

Irismenari dagokionez, estrategia hedapen-taldeak markatzen du eta azkenik, kontraste taldeak pieza eta saioen kalitatea hobetzea du helburu. Horrela, Hamaika etengabe hobetzen eta egokitzen doa eta etorkizunean berrikuntza eta kalitatea lehenesten dituzten edukiak eskainiko dizkio ikusleari.

Aipatutako ekoizpen prozesuaren adibide bat: Nafarroako telebista saioen dirulaguntza deialdia maiatzean argitaratzen dute normalean eta ekainean zenbait proiektu aurkeztu behar izaten ditugu. Dirulaguntza horren kopurua onartzen dituzten proiektuen araberakoa izaten da. Kudeaketa lan-taldeak deialdiko irizpideak ongi irakurri eta produktu taldera eramaten ditu. Hemen, saio proposamenak egingo lirateke. Zenbat eta zein saio aurkeztu erabaki ostean, txostenak garatzen ditugu denon artean. Bertan, programazio arduradunak saio bakoitzaren emisio datak zehazten ditu, ekoizpen taldearekin adostuta. Ebazpena jasotzen dugunean, zenbat saio izango diren jakiten dugu eta ekoizpen taldea elkartzen da. Bertan, eskaleta zehatzago bat garatu eta beraiek antolatzen dituzte grabaketa egunak eta edizioak, besteak beste. Programazio arduradunarekin adostu behar dituzte saioen entregarako baldintzak. Aldi berean, hedapen-taldeak, irismena helburu, saioa promozionatu eta zabaltzeko estrategia bat garatzen du. Prozesu honen fruitua izan dira, adibidez, iazko Esker onez edo Gurpilak sutan saioak; baita aurtengo Bizib(h)erri saioa ere.

HAMAIKAREN NORABIDEA

Hamaika Telebistaren helburu nagusietako bat euskararen normalizazioa bultzatzea da eta hori lortzeko bidean, hainbat erronka eta aukerekin egiten dugu topo. Gaur egun, belaunaldi gazteek gaztelaniaz eta ingelesez kontsumitzen dute eta batez ere, mugikorretatik eta sare sozialen bidez. Hau da, euskarazko edukiekin gazte horien arreta lortzea erronka handia da, eta horregatik, komunikazio modu berriak eta egokituak bilatzea ezinbestekoa da.

Gazteen artean dena azkar, bisualki eta erraz partekatu daitekeen edukietan oinarritzen da. Tik Tok, Instagram edo Youtube bezalako plataformak dira gazteen arreta erakartzeko gako nagusiak, eta horrek aldaketa bat eskatzen du hedabide batentzat, batez ere Hamaika bezalako euskarazko telebista batentzat. Izan ere, gazteek ez dute eduki estatiko eta linealik jaso nahi, dinamikotasuna eta azkartasuna bilatzen dituzte. Horregatik, orain arte funtzionatu duten formatuak ez dira nahikoa izango, eta egokitzapenak egitea funtsezkoa izango da.

Gure eginkizuna ez da bakarrik edukiak sortzea, baizik eta gazteek behar dituzten komunikazio formatuetara egokitzea. Horretarako, podcastak, kale-galdeketak edo erronkak ekoiztu ditugu. Emaitzak pozgarriak izan dira, eta gazteek parte hartzea eta euren egunerokotasunarekin lotutako edukiak bilatzen dituztela ikusi dugu. Horrela, proiektuan aurrera egiten jarraituko dugu, gazteen interesak ulertuz eta horien beharrak asetzen saiatuz.

Belaunaldi berriei buruz askotan entzuten den iritzia da aktualitatea ez zaiela interesatzen, baina ikerketa desberdinek aurkakoa erakutsi digute. Gazteek ere gaurkotasuneko informazioa jaso nahi dute, baino formatu arin, dinamiko eta bisualetan. Mezu sinpleak eta irudi erakargarriak funtsezkoak dira gazteen arreta geureganatzeko, eta hau guztia gertutasunetik eta euren errealitatearekin lotuta landu behar da.

Desinformazioaren eta fake news-en inguruko kezka ere presente dago, eta hedabideok paper garrantzitsu bat dugu hemen. Gezurrezko berriak gero eta ugariagoak dira eta gure gizartean kalte handiak sortzen dituzte. Komunikabideon zeregina da egiazkotasuna eta kalitatezko informazioa bermatzea. Hamaikak konpromiso hori hartzen du: informazio fidagarri eta egiazkoa eskaintzea euskaraz.

Orain arte gazteez aritu naiz, baino gure komunitatea belaunaldi desberdinetako pertsonek osatzen dute eta oraindik badaude telebista tradizionala ikusteko ohitura mantentzen dutenak: sofan eserita, lasai, eguneroko presatik eta teknokologia berrien erritmotik kanpo egoteko espazio bat nahi dutenak. Horregatik, publiko horri zuzendutako edukiak eskaintzea ere ezinbestekoa da Hamaikarentzat. Albistegiak, Kolpez-kolpe, Musika Zuzenean, Bizi Musika, 11 leiho, Esker Onez, Gurpilak Sutan edo Bizib(h)erri bezalako saioak adibidez.

Hau guztia aurrera eramateko sormena eta lan-taldeaz harago, baliabide ekonomikoak behar ditugu. Publizitatearen beheranzko joera ikusita, duela hiru bat urte fundazio bat sortu genuen. Bertako kideen ekarpen ekonomikoa garrantzitsua da eta oso eskertuta gaude, baina tamalez ez da nahikoa.

Autofinantzaketan lanean jarraituko dugu, baina Hamaika bezalako proiektu bat aurrera eramateko erakunde publikoen inplikazioa behar dugu. Hedabideok, eta bereziki euskara hutsean ekoizten dugunok, erronka handiak ditugu, bai ikusleak erakartzeko, bai teknologia berriak integratzeko eta, ondorioz, kalitatezko eduki eguneratuak eskaintzeko. Beraz, euskararen normalizazioan eragiteko eta gure kultura babesteko, denok elkarrekin egin behar dugu bidea.

Gu dagoeneko ari gara; sektoreko kideak, euskalgintza eta erakunde publikoak elkarlanean aritzea funtsezkoa izango da elkarrekin eraginkorragoak izateko. Eta, nola ez, ezinbestekoa da komunitatearen konpromisoa. Guk ere asmatu behar dugu modua komunitatearengana heltzeko, beraz, bi aldeko lana dago hor.

Euskara hutsean ekoizten duen ikus-entzunezko proiektu komunikatibo bat aurrera eramatea ez da erraza, baina Hamaikan lan egiten dugunok erronkari aurre egiteko prest gaude. Euskararen normalizazioan tresna eraginkorra izan nahi badugu, berrikuntza eta egokitzapenak funtsezkoak izango dira, eta bide horretan, euskal komunitatearen babesa izanik, gure hizkuntza bizirik mantendu eta bere erabilera indartzeko ahaleginean jarraituko dugu.

------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------

ZUZENDARI BERRIA

Lanbidea asko gustatzen zaio Ainhoa Jauregi Cabezon (Hernani, 1981) Hamaikako zuzendariari, erronka berriak maite ditu eta esku artean dutena polita izan daitekeela iruditzen zaio. Lankideak ondoan, gogotsu heldu dio eraldaketari.

«Kazetaritza ikasi nuen Leioan eta ikasten ari nintzela Argia aldizkarian ibili nintzen praktiketan. Lokalia Txingudin gero, eta hortik Bainet ekoiztetxera heldu bitartean arropa dendetan egin nuen lan. Baineten 14 urtez ibili nintzen, Bricomanía eta Decogarden saioetan gehienbat. Dokumentazioa, gidoiak, eskaletak eta lokuzioak egiten nituen; produkzioa ere ukitu nuen. Pandemia garaian publizitatea eta hainbat saio erori ziren eta jende askok joan behar izan genuen.

2020ko irailean Iñaki Uriak deitu ninduen Hamaikan lan egiteko eskainiz, Bilbon magazin bat martxan jarri nahi zutela-eta. Momentu zailak izan ziren, baina oso aberasgarriak. Asko gustatu zitzaidan. Ondoren Donostiara etorri nintzen. Kanpo ekoizpenak eta marketina eramaten hasi nintzen eta, horrekin batera, zuzendaritzako bileretan parte hartzen. Duela bi urte hausnartu genuen barrukoa berrantolatu behar zela, etekin gehiago ateratzeko, jendea motibatzeko, eta aholkularitza zerbitzu batekin lanean hasi ginen. Iñakik mahai gainean jarri zuen erretiratzeko asmoa zuela eta prozesuak berak eraman gintuen bere lekukoa nik hartzera».

-------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------