Espektatibak tentuz kudeatuz gero, egiteko atsegina da gonbidatuarena, baldin eta saihesten badira aje ohikoenak, hala nola etenik gabeko bakarrizketarako joera edo mugarik gabeko losintxa. Saiatuko naiz hutsen eragina arintzen, gonbidatu izateak dakarzkidan abantailak baliatzeari uko egin gabe.
Azken finean, tarteka ateak ireki dizkidaten euskarazko hedabideetan horixe izan naiz: esker oneko gonbidatua. Bizigarri eta irakasgarri izan da beti sartu-irtena, 1983an DEIA egunkarian gaztelaniazko lanekin batera ‘euskarazko gauzak’ egiten hasi nintzenetik, 2023an EL DIARIO VASCOn gaztelaniazko lanekin batera ‘euskarazko gauzak’ egiteari utzi nion arte.
Gonbidatu gisa nator hortaz, eskerdun. Lekuko liluratua ere banaiz. 80ko hamarkadaren hasieran euskarazko hedabideen egoera zein zen eta, batez ere, euskara eta hedabideen arteko harremanaren inguruko eztabaida zertan zetzan eta nolakoa zen gogoan hartuta, 40 urteren buruan nola eta non dauden ikusteak asko du liluragarritik. Are gehiago ikusita larre (oso) motzean hazitakoak egiten ari diren bidea eta, alboan, erraldoi garaiezinak ziruditenen buztinezko oinak uzten ari diren arrasto etsigarriak.
Azkenaldian deskubritzen ari naizen euskararen periferia ere badut ezusteko jatorri, lanak eskaintzen zidan euskararen gune dinamikoenetarako zubia etetean deskubritu baitut noraino hedatzen diren periferiaz haragoko periferiak, euskaldun ezaxola eta maiz bakartu ugarirekin partekatzen ditudan lurraldeak. Hobe oker banengo, baina baliteke interes eza nagusi den eremu gorakor horretan jokatzea, neurri handi batean, euskaraz sortutako ia ororen irismena eta hazkundea.
Ospatzeko modukoa
Lilura aitortu dudan bezala aitortuko dut inbidia. Bizitza laboral ia osoa igaro dudan tokitik begiratuta —gaztelaniazko komunikazio esparrutik, alegia— gauza inbidiagarri asko burutu dituzte euskarazko hedabideek, ez da makala pilatu duten ondarea.
Euskarari —euskaldunoi, esango nuke— egindako ekarpenaren inguruan ez dago zertan luzatu. Oinarri-oinarrizkoak gogoratuz, funtsezko zenbait eskubide bermatzeaz gain —hizkuntzari atxikiak nagusiki, baina ez horiek bakarrik—, gimnasio aparta dira hizkuntzarentzat zein hiztunentzat. Horrekin batera, gainerako hedabide askok ez bezala, zabal-zabal ireki dizkiete leiho eta ateak denetariko esparruetan euskaraz dihardutenei, joan-etorriko jarioan komunitatea aberastuz.
Lurralde jakin batekiko lotura gainditzen duten arnasguneak direla argi dago aspalditxotik; argi daukat neronek, paraje berriotan nabilenetik batik bat. Arigune dira, baita nor garen gogorarazten digun muinarekin lotzen gaituen zilbor-heste halakoa ere.
Ezaugarri nagusi eta bereizgarria hori badute ere, herri ekimenetik sortutako euskal hedabideen balioa euskararen aurrerabidean duten funtsezko rolean soilik ardaztea murriztailea izan liteke. Teknologia —ametsetan hasita, ezagutza unibertsala— medio hizkuntzek inoiz muga edo baldintza izateari uzten badiote, baliteke nahikoa ez izatea. Ez luke, baina, munduaren akabera ekarriko. Balore-zorroa oso dibertsifikatuta dagoenez, askoz gehiago daukate eskaintzeko.
Lekuko inbidiatsu honek lehen postuan kokatuko luke egokitzapenerako eta berrikuntzarako gaitasuna. Beste tasun askoren sorburu delakoan nago. Euskarazko hedabideen eskura baliabide teknologiko egokiak zein gogoetarako eta etorkizuna irudikatu ahal izateko marko zientifiko sendoa jarri dutenen ekarpena nahitaez aipatu behar da. Inbidiagarria eta ezohikoa da, zinez, saretze eraikitzaile hori.
Askotan txunditu izan nau, halaber, kalitatearen eta sormenaren aldeko apustuak, arriskatzeko ausardiak. Frogak? Nahi ahala. Baliabideak? Urriak. Esango nuke sektoreak arlo guztietan erakusten duen profesionaltasunak eta konpromisoak ahalbidetu dutela talkara bideratutako bi errealitate horiek taxuz kudeatzea. Ordainetako bat prekaritatea da, tamalez. Nolanahi ere, gauzak behetik ari direnez berdintzen, etxe handietan ere amaitutzat jo daitezke —gutxi batzuentzat izan ezik—, oparotasun garaiak. Publikoak ez diren hedabideetako langileei gehienentzat estutasuna da normaltasun berria. Elkar hobeto ezagutzeko eta elkarrekin lan egiteko balio badu, gaitz erdi.
Etorkizunean berebiziko garrantzia izan dezakeen ezaugarri bikoitz batekin itxiko dut zerrenda. Etorkizun oparoa aurreikusten diot elkarri oso lotuta dauden hurbiltasunak eta fidagarritasunak osatzen duten bikoteari. Gauzak dauden eta egongo diren moduan, hurbileko informazioa jorratzea ez da nahikoa, kritikoa izan daiteke horrez gain komunitatean txertatuta egotea, erabakiak bertan eta bertakoekin hartzea, ez urruneko administrazio kontseilu batean, interes arrotzen arabera. Aurrera begira, hartzaileekiko harremana gertutasunean, sinesgarritasunean eta fidagarritasunean oinarritzeko gai denak asko du irabazia.
Abagunea aldeko, hola-hala osatutako zerrenda honetan bildutako lorpenak, baita kanpoan gelditu direnak ere, lehiarako abantaila bihur litezke, nork daki. Txarrenean, bizirik irauteko ekipamendu. Bien bitartean, batere konplexurik gabe ospatu beharko lirateke, ospatzeko modukoak dira eta, hel dadin ospakizunaren oihartzuna herri ekimeneko euskal hedabideei zeharretik begiratu izan dieten horiei.
Gailurrera bidean
Ez naiz ari ezer berria kontatzen, badakit. Ikuspegia sinpleegia dela ere bai. Nahiago dut sinplekeria egoztea arrotzaren harropuzkeria aurpegiratzea baino. Gonbidapenari baiezkoa eman bezain laster erabaki nuen horrek izan behar zuela ezinbestean abiapuntua. Bertatik bertara bizitako bizpahiru momentu etorri zitzaizkidan akordura segidan. Faktore partikularra alde batera utzita, mugarri garrantzitsuak iruditzen zaizkit, are garrantzitsuagoak ozta-ozta aurreikusten den etorkizunaren harira.
Aurrenekoa eta nagusia, Euskaldunon Egunkariaren sorrera eta harainoko prozesua. Pertsonalki, zirraragarria. Profesionalki, aberasgarria. Orokorrean, daukagun eta garen onenaren erakusgarri. Makurrenaren isla ere bai. Harrezkeroztik ez dago zalantzarik: dena da egingarri. Behin eta birritan. Euskaldunon Egunkariaren itxiera koldarra eta Berriaren sorrera itxaropentsua gertatu ziren 2003. urtea amaitzear zela, Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak Zamudion antolatu zituen jardunaldietan parte hartzera gonbidatu ninduen.
Eraman nuena baino askoz gehiago ekarri nuen etxera bueltan. Besteak beste, Aitor Zuberogoitiak hizkuntza-komunitatearentzat berariazko komunikazio esparrua osatu eta trinkotzearen inguruan xehatu zuen proposamenak bidea argitu zidan. Batak ez zuen zuzenean bestea ekarri, baina urte amaieran utzi nion El Diario Vasco eta El Correo egunkariek 1999an abiarazi zuten Zabalik euskara hutsezko astekarian lan egiteari. Ezina, zenbaitetan, ekinez ere ezina.
Tokiko hedabideen etorkizunaren inguruko topaketa hartan kanpamendu bikaina ezarri zela uste dut. 2004an Bilbon egin zen Euskarazko Kazetaritzaren I. Kongresuak bidea ekipatzen jarraitu zuen. Hurrengo hamarraldiaren hasieran, 2012ko ekainean, Topaguneak eta harengandik sortu berria zen Tokikomek antolatutako jardunaldiak dezente zabaldu zuen begirada, «Zer esparru komunikatibo behar du XXI. mendeko euskal hiztun komunitateak?» galderaren bueltan.
Handik ere zorroa bete-bete eginda itzuli nintzen, hurrengo urratsak zein norabidetan egingo ziren jakiteko irrikaz. Luze gabe heldu ziren pausoek ez dute azalpen handirik behar: Hekimenen sorrera, elkarlanerako borondatearen isla zuzena; erabat osatu gabe egon arren, ordurako nahiko ongi zedarrituta zegoen komunikazio eremu propioa lankidetzan osatzeko ildoak; denetariko komunikabideak, publikoak eta herri ekimenekoak, sintonia berean jartzeko xedearekin ondu zen Euskal hedabideen etxearen inguruko proposamen iradokitzailea… Oinarri landu eta sendoak, egiazki, gailurrerako saioari ekiteko.
Aski ote?
Kanpamentu nagusia jarri eta, urratsez urrats, maldan gora jarraitu dute azken hamarraldian euskal hedabideek, aurrekoetan egindako lanari segida emanez eta jasotako ondarea handituz, komunikazioaren alorrean gelditzen ziren ziurtasun bakanak lurruntzen joan ahala. Beste batzuen aldean, esango nuke nahiko ongi ari direla moldatzen jokaleku berrira.
Hala ere, gailurra ikusteko largabista behar da oraindik. Urruti jarraitzen du. Igoeraren puntu honetan, izan daiteke atzera begiratu eta galdetzea —kontuak eskatuz, apika— ea tontorretik zein distantziara egongo liratekeen une honetan herri ekimenetik sortutako euskarazko hedabideak aldetik sostengu handiagoa jaso izan balute erakunde publikoen eta herritar askoren aldetik. Urak baretu badira, jarrai dezatela bare, baina osasungarria izan liteke aurrerabidea mantsotu duten benetako arrazoiei buruzko solas argia.
Jarrera eraikitzaileago baten aldeko hautua egin daiteke, eta pentsatu euskalgintzan zein beste esparru batzuetan aldaketa-zantzu argiak sumatzen diren honetan areagotu egingo direla aurrera egiteko aukerak, euskarazko hedabideei emango zaiela behingoz dagokien tokia. Aitortuko zaiela, alegia, daukaten balio estrategikoa, dela euskararen normalizazioan, dela beste alor batzuetan. Eta aintzatespen horrek izango dituela ondorio praktikoak. Bada garaia. Orain da garaia, berandu baino lehen.
Unea ez da nolanahikoa, komunikazioaren esparruan orain arte bizitako aldaketak txiki geratuko baitira datorkigunaren aldean. Joan Maria Corbella Pompeu Fabra unibertsitateko irakasleak Kataluniako komunikazio esparruari buruzko artikulu batean honakoa idatzi zuen: «Sistema tradizionaleko eragile nagusiek indarra galduko dute solidoa izateari utzi eta egoera magmatikoan sartuko den paisaian». Modu askotara irudikatu daitezke atea jo gabe, trumilka, sukalderaino sartuko zaizkigun aldaketak. Azkar ibiltzera deitzen duelako dut gogoko aurretik zegoena kiskali eta estaltzeko gaitasuna duen magmaren irudia.
Olatu goria gurera ere iritsiko da, ari da iristen, lehendik nekeza zena zailduz. Aski izango ote dira herri ekimeneko euskal hedabideak honaino ekarri dituzten gaitasun eta baliabideak enegarren erronkari gaina hartu eta onik ateratzeko? Erantzunik ez daukat, susmoren bat bai. Galderak, barra-barra. Zerbait argi edukitzekotan, argi daukat gero eta beharrezkoagoak direla gauzak gertatzen eta kontatzen diren espazioetara —indiferenteen lurraldera barne— hurreratu ahal izateko. Heldu ezean, besteren batek hartuko du lekua. Horrelakorik gertatzekotan, ez lirateke hedabideak izango galtzaile bakarrak, ezta euskara bera ere, askoz harago baitoa desafioa. Badute gaitasuna, badute pilatu duten ondarearen bermea baina, zer gerta ere, hobe lurralde ezezagunetan murgilduko dituen espediziorako konpainia ahalik eta zabalena izatea, gonbidatu, indiferente eta eszeptikoak barne.