Komunikazioaren mundua eraldaketa prozesu sakon eta konplexu batean murgildurik dago eta komunikabide guztiak, handiagoak zein txikiagoak, aurrera jarraitu ahal izateko beren ereduaren bila ari dira. Ez da guztientzako baliagarria izango den eredu bakar bat egongo, ordea, eta bakoitzak bere bidea egin behar du; batetik, diru iturriak dibertsifikatuz, baina, horrekin batera, norberaren hartzaileen ezagutzan sakonduz eta norberaren eskaintza zein euskarriak komunitate horrekin hobeki konektatzeko egokituz. Bestela esanda: batetik, egitasmoen biziraupena bermatu behar da eta, horrekin batera, norberaren eragin soziala edota inpaktua handitzen ahalegindu. Eta bai, hedabide bakoitzak egin beharreko bide hori konplexua da, besteak beste, egitasmoen lan jardun guztiei eragiten dielako, baina are zailagoa bilakatzen da, eredu berri horiek sortu eta egonkortu nahian ari diren momentu historiko honetan, joku-zelaia bera mugimenduan dagoelako, gero eta mugimendu azkarragoan gainera.
2023. urtea adimen artifizialeko lehen eredu orokorrak aurkeztu ziren urtea izan bazen, 2024. urtea adimen artifizial horiei erabilera praktikoak emateko urtea izan dela esan daiteke. Prozesua lehenagotik ere hasia zen, baina maila apalagoan, ez hain era orokortuan. Gauza asko eta lan-jardun asko aldatuko dira etorkizun laburrean eta ez soilik komunikazioaren edota komunikabideen eremuan.
Azken urte hauek urte zailak izan dira euskarazko komunikabideentzat, aurrez aipatutako eraldaketa testuinguru orokor horri komunikabideen eguneroko jardunerako ezinbestekoak diren hainbat elementuren izugarrizko garestitzea gehitu baitzaio. Papera, argindarra, erregaiak, alokairuak, zerbitzuak... guztiak egin du nabarmen gora eta hori, esan bezala, azken hamarkadetan komunikazioaren mundua bizitzen ari den eraldaketa prozesu sakonaren erdian.
Bada, testuingurua hori izanik, elkartetik ahalegin berezia egin dugu euskarazko komunikabideentzako baliabide gehiago eskuratzeko, lehentasun osoa emanez jardun horri eta, ondoren ikusiko dugun bezala, egindako ahalegin horrek, eremu batzuetan behintzat, bere fruituak eman dit
Aurrerapausoak ohiko dirulaguntza deialdietan
Sei urte pasa dira euskarazko komunikabideen sektoreak Eusko Jaurlaritzarekin eta hiru Aldundiekin hedabideak finantzatzeko dirulaguntza sistema berria adostu zuela eta, hainbat hilabetez, hurrengo urteetarako eredu berria definitzeko lanean aritu gara. Bere momentuan norabide egokian emandako aurrerapauso gisa baloratu zuen sistema berria sektoreak, baina denborarekin gabezia garrantzitsuak erakutsi ditu eta ezinbestekoa zen garai berrietara egokitzea. Ekoizpenean oinarritutako eredua izaki, maiz hedabideei beren egitasmoak kontsumo ohitura berrietara egokitzeko hartu beharreko bide berriak zailtzen zizkien.
Horrez gain, azken urteetan gertatu diren paperaren, argindarraren, erregaien edota zerbitzu desberdinen garestitzeek ia ezerezean utzi dute 2019an egin zen aurrerapausoa eta, ondorioz, eredu berriak ekarri behar zituen onurak, lan baldintzen hobetzea eta lantaldeen egonkortzea, kolokan zeuden berriro.
Ez dugu ahaztu behar euskarazko komunikabideek euskararen normalizazio prozesuan funtzio estrategikoa betetzen dutela eta beren ekarpena ezinbestekoa dela herritarrek beren egunerokoa euskaraz egin ahal izateko. Era berean, eta euskara normalizatze bidean den gutxiagotutako hizkuntza denez, euskarazko komunikabideentzat ezinbestekoa da erakunde publikoen laguntza. Izan ere, laguntza hori gabe nekez egin dezakete aurrera, funtsean, euskal komunitatea behar baino txikiagoa delako eta horrek eragin zuzena duelako komunikazio proiektuek lantzen dituzten diru iturri desberdinetan.
Horregatik guztiagatik, Hedabideen Mahaian, erakunde publikoekin, 2025-2027 aldirako dirulaguntza eredua birpentsatzeko prozesua jarri genuen abian. Prozesua gidatzeko azpibatzorde bat sortu zen eta eztabaidarako gaiak eta egutegia adostu ziren, eta hori izan da azken hilabete hauetan elkartearen jardunik garrantzitsuena.
2025-2027 aldirako deialdia birpentsatzeko prozesu horretan, besteak beste, Innovation Media Consulting nazioarteko aholkularitzaren laguntza ere izan dugu eta tokiko hedabide batean eta nazio mailako beste batean esperientzia pilotu bana egin dira, bi komunikabide horiek egungo erronka desberdinen aurrean hobeki kokatzeko eta sektoreak esperientzia horietatik baliagarriak izan daitezkeen irakaspenak ateratzeko. Era berean, eta aurrez esandakoaren ildotik, bi esperientzia pilotu hauek 2025-2027 deialdirako interesgarriak izan daitezkeen ideiak ateratzeko ere baliatu dira.
Sistema berriak deialdian parte hartzeko gutxieneko baldintza batzuk ezarriko ditu, tartean gutxieneko ekoizpen neurri batzuk ere bai, baina oro har, sistema ez da, aurreko eredua bezala, ekoizpenean oinarrituko; nolabait, ekoizpenetik askatu egiten dela esan daiteke. Deialdi eredu berriak euskarazko hedabideen garapena sustatzea du helburu eta, zentzu horretan, norberaren egitasmoa egungo beharretara egokitzeko pausoak ematen diren heinean (audientzien ezagutza, berrikuntza...), gutxieneko laguntza bermatzeaz aparte, laguntza gehigarriak eskuratzeko aukera zabaltzen da. Era berean, deialdi berrian komunikazio egitasmoak hartuko dira kontuan eta ez dira euskarrien arabera multzo desberdinak bereiziko. Komunikazio egitasmo bakoitzak ekoizten dituen produktu edota euskarri desberdinak guztiak batera hartuko dira kontuan. Honela, deialdira aurkezterakoan komunikazio egitasmo bakoitzak hurrengo urteetarako bere plangintza aurkeztu beharko du, zernolakoa den, zer egiten duen, zer egin nahi duen eta horretarako zernolako lantaldea eta baliabideak behar dituen zehaztuz. Aurrekontu horren guztiaren zati bat dirulaguntza bidez estaliko da. Plana baloratzerakoan gero eta puntu gehiago lortu, orduan eta estaldura publiko handiagoa izango du, puntu gehigarri horiek lortzea ahalbidetzen duten jardunek atzean gastu erantsi bat dutela ulertuta, eta jardun horiek garatu nahi dituztenei garatu ahal izateko bultzada bermatzeko asmoz.
Lan handia egin da sistema berria adosteko eta 2025. urterako Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuetan eredu berria abian jartzea ahalbidetuko duen baliabide handitze bat ere aurreikusi da hurrengo urteetarako. Hortaz, esan dezakegu, azken bi urte hauetako lan eskergak bere fruituak eman dituela ondorengo urte hauetan sektorearen garapena ahalbidetzeko eta, zentzu horretan, eskertzekoa izan da Hizkuntza Politika Sailburuordetzako arduradun zein teknikarien lana eta jarrera. Azken zehaztapenen faltan, dirulaguntza eredu berria sektorearentzat aldi baterako aurrerapauso garrantzitsua izango dela espero dugu.
Nafarroan ere euskarazko komunikabideen inguruko hausnarketa garatu da Euskararen Nafar Kontseiluaren azpibatzorde batean eta, besteak beste, sektorearen beharrak agerian uzten dituen txosten bat idatzi da. Txostenak argi uzten du Nafarroan ere euskarazko komunikabideen lana ezinbestekoa dela eta erakunde publikoen egungo laguntza ez dela nahikoa eta, ondorioz, azken helburua etorkizun laburrean euskarazko komunikabideak laguntzeko Nafarroako deialdiaren eredua adosten saiatzeko aurrez aipatutako prozesuaren antzeko bat abian jartzea litzateke. Azken urte hauetan Nafarroako Gobernuak euskarazko komunikabideak laguntzera bideratutako aurrekontua handituz joan da, baina oraindik ere kopurua urrun dago Nafarroako euskarazko hedabideen beharretatik eta, garrantzitsuagoa dena, egungo deialdiaren ereduak hutsune nabarmenak ditu hedabideen garapena edota modernizazioa bultzatzerakoan. Nafarroan ere ezinbestekoa da deialdiaren eredua euskarazko komunikabideen errealitate berrira egokitzea eta hori izango da ondorengo hilabeteetan sektoreak Nafarroan izango duen erronkarik garrantzitsuena.
Ipar Euskal Herrian, bestalde, euskarazko komunikabideentzako dirulaguntza publikoak, nagusiki, Euskararen Erakunde Publikoak banatzen ditu eta azken hiru urte hauetan kopurua izozturik dago, 2022an % 1,5eko murrizketa jasan ondoren. Izan ere, 2021ean euskarazko komunikabideak laguntzera bideratutako kopurua 537.500 eurokoa izan zen bitartean, 2022tik aurrera 529.500 eurokoa da. Komunikabideak eraldaketa prozesu sakonean murgildurik dauden testuinguruan eta papera, argindarra, garraioa eta bestelako zerbitzuak ikaragarri garestitu diren urte hauetan, laguntzak handitu beharrean, izozturik daude, horrek suposatzen duen guztiarekin.
Baina arazoak ez dira hor bukatu eta 2024aren amaierak berri kezkagarriak ekarri ditu irratien eremura, batez ere. 2025erako aurrekontuen eztabaidan Frantziako Estatuak tokiko irratien funtsa % 35 murriztea aurreikusi zuen, bost lanpostu gutxiago, eta horrek alarma gorriak piztu zituen Ipar Euskal Herriko euskarazko irratien artean. Izan ere, aurrez esan dugun bezala, EEP da euskarazko hedabideen finantzatzaile publiko nagusia baina ez bakarra. Frantziako Estatuak ere euskarazko hedabideak laguntzen ditu bestelako deialdien bidez eta, tartean, euskarazko irratiak ere bai; zehazki, FSER izeneko funtsetik 400.000 euro inguru euskarazko irratietara bideratzen ditu. Eta horrez gain, funts beretik, bost urtean behin, laguntza gehigarri bat ere bideratzen da tresneria berritzeko. Azkenean, euskal irratietako ordezkariek Ipar Euskal Herriko diputatu eta senatariekin zein dagokion ministerioko arduradunekin hainbat bilera egin zituzten eta, antza denez, erabakia atzeratzea lortu dute, baina egoera kezkagarria da oso.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan ezohiko dirulaguntza deialdia berreskuratu dute
2023an ez zen ezohiko dirulaguntza deialdirik izan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, gaia Europako Batasunean aztertzen ari omen zirelako, baina iazkoan egin zen, hori bai, bestelako zio edo helburu batekin; «Eguneroko informazioa ematen duten hedabide profesionalek edukiak sortzean, lantzean eta argitaratzean adimen artifizial generatiboak (AAGen) duen eragin negatiboa minimizatzeko» xedearekin, alegia.
Jakina denez, Eusko Jaurlaritzak bi urtez, 2021ean eta 2022an, ezohiko dirulaguntzak banatu zituen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako komunikabide batzuen artean, lehen urtean (zuzenean, deialdirik egin gabe) pandemiak komunikabideei eragindako kalteak arintzeko eta bigarrenean (deialdi bidez) informazio eskubidea eta iritzi aniztasuna bermatzeko helburuarekin. Bada, 2023an ez zen horrelakorik egon eta euskarazko komunikabideentzat ez zen berri ona izan. Nahiz eta aipatutako bi urte horietan 10 eurotik 9 baino gehiago gaztelaniaz argitaratzen diren hedabideetara bideratu, ezohiko laguntza hori euskarazko komunikabideentzat garrantzitsua zen.
2021ean 5 milioi euro banatu zituen Jaurlaritzak eta euskarazko 2 komunikabide soilik hartu zituzten kontuan. Sail desberdinetako arduradunekin bilerak izan genituen eta 2022an milioi bat gehiago jarri zuten, poltsa % 20 handituz, eta euskarazko 9 komunikabide hartu zituzten kontuan, baina berriro ere euskarazko komunikabideek jasotako kopurua oso eskasa izan zen (ez zen % 8ra iritsi). 2023an ezohiko dirulaguntza hori ez egoteak zailtasun puntu bat gehitu zien aurreko urtean laguntza hori jaso zuten euskarazko 9 komunikabideei zein orain arte ezer jaso ez dutenei ere, baina azkenean iritsi da deialdi berria.
2024ko uztailaren amaieran argitaratu zuen Eusko Jaurlaritzak aipatutako dirulaguntza deialdi berezia, antza Europako Batasuneko berme guztiekin eta eskariak aurkezteko epea abuztura mugatu zuten, horrek suposatzen duen guztiarekin. Poltsan milioi bat gehiago aurreikusi zen, guztira 7 milioi euro, 6 milioi hedabide orokorrentzat eta milioi 1 tokikoentzat eta azken lerro honetan audientziaren arabera bi azpilerro aurreikusiz. Horretaz gain, deialdiak neurri interesgarri batzuk jaso zituen hedabide bakar batek poltsaren zati esanguratsu bat bereganatzea ekiditeko eta laguntza banatuagoa gerta zedin, baina sektoretik egindako bestelako eskaerak ez ziren kontuan hartu: batetik, audientziaren inguruko kalkuluak orokorrak ziren, ez bakoitzaren audientzia potentzialen araberakoa; bestetik, aurrekoetan bezala, hedabide tematikoak deialditik kanpo uzten zituen.
Ebazpena azaroaren amaieran argitaratu zen eta aurrekoetan bezala, laguntzaren zatirik handiena erdal hedabideentzat izan zen. Dena dela eta egiari zor, azpimarratu behar da azken honetan banaketa ez zela aurreko urteetakoa bezain desorekatua izan, kopuru osoaren % 21,5 euskarazko komunikabideentzat izan baita. Era berean, azken honetan aurrekoetan baino euskarazko komunikabide gehiago lagundu dira eta hori ere azpimarragarria da: lehen urtean bi baino ez ziren lagundu, hurrengoan 9 eta azken honetan 17. Azkenik, esan behar da ere, onartuak izan diren euskarazko komunikabide ia guztiek aurreko urtean baino laguntza handiagoa jaso dutela, kasu batzuetan nabarmen handiagoa.
Baina esandakoa, hobekuntzak egon diren arren, beste behin euskarazko hainbat komunikabide deialditik kanpo utzi dituzte, tematiko guztiak eta beste batzuk ere bai. Horrez gain, beste behin, hutsune nabarmen bera errepikatu da: laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko hain garrantzitsua den audientzia, audientzia orokorraren arabera egin da, ez norberaren audientzia potentzialen arabera eta, noski, horrek euskarazko komunikabideei kalte egiten die.
Bada, honetan ere eragiten jarraitu beharko da. Batetik, komunikabideen garapenerako hain garrantzitsua den dirulaguntza deialdi berezi hau ohikoa bilaka dadin, alegia, urtero argitara dadin; bestetik, euskarazko komunikabide guztiek parte hartzeko eskubidea izan dezaten eta kalkuluak audientzia potentzialen arabera egin daitezen.
Publizitate instituzionalaren banaketan aldaketarik ez
Dirulaguntzen eremuan musika ona den bitartean, publizitate instituzionalaren alorrean betiko lepotik burua, alegia, banaketak oso desorekatua izaten jarraitzen du erdal hedabideen alde eta euskarazkoen kaltetan.
2018ko abenduan Argiak egin zuen azterketaren arabera1, Eusko Jaurlaritzak publizitatean gastatutakoaren % 92 (5,8 milioi euro) erdal hedabideek jaso zuten bitartean, euskarazkoek jasotakoa ez zen milioi erdira iritsi. Bada, iaz datu berriak eskuratu ahal izan genituen Jaime Gómez-Obregón ingeniariak Eusko Jaurlaritzak publizitate kanpainen berri emateko urtero argitaratzen dituen txostenetan oinarrituz https://gobiernovasco.marketing bilatzailea sortu zuelako. Argia astekariak tresna hori baliatuz azterketa berri bat2 egin zuen 2023ko abenduan eta emaitza bere garaian lortutakoa bezain argigarria izan zen: 2018-2022 urteen artean Eusko Jaurlaritzak publizitatean gastatutakoaren % 93 erdal hedabideetara joan zen.
Jaurlaritzak Legebiltzarrari bere publizitate kanpainen berri emateko urtero argitaratzen duen txosten horren 2023ko datuak ere aurrez aipatutako bilatzailean txertatuta daude jada, eta nahi duenak bilaketa eguneratuagoak egin ditzake, baina zoritxarrez aurrez aipatutako errealitateak bere horretan jarraitzen duela ikusiko du.
Izan ere, desoreka nabarmena da eta logika handirik gabea, nahiz eta banaketa horren arduradunak zein onuradun nagusiak horretan tematu. Diotenez, banaketa hain desorekatua da erdal komunikabideen audientziak euskarazkoenak baino handiagoak direlako. Baina erakunde publikoen zein hauen kontratupeko publizitate agentzien ikuspegi horretan bada oker nabarmen bat: euskarazko komunikabideak erdal komunikabideen joko zelaiaren arabera neurtzen dituzte eta hori ez da zuzena. Euskarazko komunikabideen audientziak audientzia orokorraren arabera neurtzen dira, ez beren audientzia potentzialaren arabera eta noski, horrela eginda emaitzak erdal hedabideenak baino askoz apalagoak dira. Izan ere, herritarren euskararen ezagutza kontuan hartzen bada, euskarazko komunikabideen audientziak garrantzitsuak dira oso, benetan esanguratsuak, eta eremu batzuetan erdal hedabideenak baino hobeak. Erakunde publikoetako arduradunei behin eta berriro azaldu diegu gai garrantzitsu hau baina beraiek hedabide guztiak zaku berean sartzen jarraitzen dute eta ez dute euskarazko komunikabideen kasuan irizpide zuzentzailerik sartzen.
Horiek izan dira, batez ere, sektorearen tresna izan nahi duen Hekimen elkartetik 2024. urtean zehar sektorearen hobe beharrez egin diren lanketa garrantzitsuenak, baina ondoren ikusiko dugun bezala, euskarazko komunikabideek haien aldetik beren hartzaileengana hobeki iristeko zein hartzaile gehiagorengana iristeko pausoak ematen jarraitu dute.
Euskarazko komunikabideen testuingurua
Asko eta anitzak dira 2024. urtean zehar euskarazko komunikabideen eremuan beren jarduna errealitate berrira egokitzeko euskal hedabideek eman dituzten pausoak eta ezinezkoa da guztiak tarte honetan aipatzea, hortaz, prozesu orokor horren lagin bat aipatzera mugatuko gara, sektorea orokorrean egiten ari den bidea nolabait irudikatzen lagundu asmoz.
Hasteko adimen artifizialean oinarritutako itzultzaile neuronalen erabileran eman diren pausoak azpimarratu behar ditugu. Lehenagotik ere baziren tresna berri hauek beren lan jardunean txertatzen hasiak ziren euskarazko komunikabideak, baina 2024an nolabaiteko orokortzea eman dela esan dezakegu. Elhuyar aldizkariak, esaterako, proba bat abiatu zuen bere atariko euskarazko hainbat eduki beste hizkuntza batzuetan emateko. Edukiak gaztelaniaz, frantsesez, inglesez, katalanez edo galegoz irakur daitezke, baina irakurri ez ezik, entzun ere egin daitezke, eskaintzen diren bederatzi ahots sintetikoen artean bat aukeratuz gero. Era berean, iazko maiatzetik aurrera Tokikom taldeko hainbat hedabide ere beraiek erredakzioan sortutako eduki batzuen lerroburua eta sarrera euskaratik beste hizkuntza batzuetara itzultzen hasi dira. Hasiera batean gaztelania, frantsesa eta ingelesa hauta zitezkeen soilik, baina egun katalana eta galegoa ere aukera daitezke. Tokikom taldeko hedabideen kasuan ere, testua entzuteko aukera eskaintzen da, kasu honetan, bi ahots sintetikoren artean aukera daitekeelarik. Eta ildo beretik, Argiak ere proba bat egin du itzultzaile neuronalaren bidez bere atari digitaleko edukiak ingelesera, katalanera edota galegora itzultzeko aukera eskainiz. Azken kasu honetan, proba hori Soziolinguistika Klusterraren Itzulinguru egitasmoaren baitan abiatu zuten eta hilabete baterako izan behar zuen, baina emandako pausoa interesgarria dela ikusi dute eta itzulpen aukera mantentzea erabaki dute. Enpresabideak zein Irutxuloko Hitzak ere aipatutako Klusterraren egitasmo horretan parte hartu dute, baina itzultzailearen erabilera barne mailakoa izan da.
Euskarazko komunikabideen artean azpimarratzekoa den beste joera bat podcast eskaintzaren zabalpena da. Iazko urtekarian ere nabarmendu genuen fenomeno honek indarra hartzen jarraitzen du eta gero eta gehiago dira beren eskaintza aberasteko podcastak lantzen ari diren euskarazko hedabideak.
Berriak, esaterako, bere podcast eskaintza zabaldu zuen iaz, besteak beste, Kulturaz kooperatibarekin elkarlanean literaturari buruzko Hizlandia saioa abian jarriz, Euskal Herriko Bada gazte hedabidearekin batera, Urubia izeneko bideopodcasta landuz eta hizkuntzari buruzko Ezer ez da festa izeneko podcasta eskainiz. Eta noski, aurretik garatzen zituen podcasten denboraldi berriak eskaintzen ere jarraitu du. Hamaika Telebistak ere bere podcast eskaintza berritu zuen iaz eta, besteak beste, Zozoak beleari bideopodcasta garatu zuen, jendartean ohikoak diren beldur edo tabu desberdinak lantzeko. Ildo beretik, Gaztezulo aldizkariak urte amaieran bideopodcast berri bat jarri du abian Gosex izenekoa eta gazteen artean sexuarekin lotutako gaiak lantzen dituena. Naiz irratiak ere LabankaDA izeneko fikziozko podcastaren bigarren denboraldia sareratu zuen abenduan eta berriki Dantzan.eus atarikoak ere hasi dira lanbide horretan, zehazki euskal dantzari buruzko Kontrapas podcasta eskaintzen. Klak Gazteon Ahotsa egitasmoak Gure garaian podcast berria eskaini zuen iaz.
Baina ez dira hedabideak izan podcast-ak eskaini dituzten bakarrak. AEK-k ere, Korrikaren historia berreskuratu asmoz, 22 ataleko podcast saioa ondu zuen 2024an; Euskalmet agentziak Troposfera izeneko podcasta jarri zuen abian, eguraldiari eta klimari buruzko hainbat gako eman asmoz; Zarauzko Emakumeen Etxeak ere Toldopeko Ahotsak izeneko podcasta garatu zuen hainbat arlotan nabarmendu diren herriko emakumeak elkarrizketatzeko, eta beste hainbat horrelako. Hartzaile edo bezeroekin komunikatzeko bide eraginkorra izan daitekeela ikusi da nonbait, eta gero eta gehiago dira euskarri edo kanal mota hau baliatzen hasi direnak.
Aipagarria da bestalde, euskarazko hainbat komunikabidek sare sozial jakin batzuk erabiltzeari uzteko hartu duten erabakia. Amazon, Apple, Google, Meta –Facebook, Instagram eta Whatsapp-en jabea–, Microsoft edota X bezalako enpresa multinazionalek bereganatu duten boterea izugarria da eta gero eta gehiago dira horiek sortutako tresnak erabiltzeari uko egiten diotenak. Gure testuinguruan Argiak3 urteak daramatza teknologia burujabetzaren aldeko ildoa sustatzen eta bide horretan badira urte batzuk Googleren tresna desberdinak erabiltzeari utzi ziotela (Youtube, Google Analytics...). Gerora beren euskarri guztietatik sare sozial toxikoen erreferentzia oro kentzea erabaki zuten eta orain X eta Facebook alde batera uztea erabaki dute.
Ildo beretik, urte hasiera honetan Tokikom taldeak4 «sare sozial komertzialak elikatzeari uzten joatea» erabaki du «gero eta putzu toxikoagoak bilakatzen ari direlako» eta hainbat izan dira erabaki hori bere egin duten taldeko komunikabideak. Multinazional horien menpe ez dauden eta irekiagoak diren alternatibak erabiltzera gonbidatzen dute beren komunitatea, horretarako helburu horrekin berarekin gure testuinguruan sortu den eta alternatiba desberdinak eskaintzen dituen Fedibertsoa5 bezalako ekimenak baliatuz. Ez da erabaki erraza, euskarazko komunikabideentzat ere urteetako lana izan delako sare sozial horietan beren komunitatea eraiki eta elikatzea eta zenbait kasutan, oraindik ere, xede talde jakin batzuetara iristeko ezinbesteko kanalak direlako. Hortaz, euskarazko hainbat komunikabide gertuagokoak eta irekiak diren alternatiba horiek erabiltzen hasi dira baina, oraingoz, komertzialak diren beste horiek utzi gabe, ziurrenik trantsizio modura.
Ikus daitekeenez, euskarazko komunikabideen sektorea ez dago geldi, lanean ari da, bere eskaintza hobetzeko eta lagun gehiagorengana helarazteko beren erredakzioak berrantolatzen, lantaldeak etengabe formatzen, euskarri eta produktu berriak probatzen... Orain inoiz baino gehiago, erakunde publikoen bultzada sendoagoa behar da eta hori izan da azken hilabeteetako elkartearen lan jardun nagusiena, euskarazko komunikabideen sektorearen garapenerako baliabide gehiago eskuratzea. Ea guztion artean aldi berri baterako oinarriak jartzea lortzen dugun.
1 https://www.argia.eus/argia-astekaria/2623/zortzi-milioi-euroren-banaketa-politikoa
2 https://www.argia.eus/argia-astekaria/2851/jaurlaritzaren-publizitate-banaketa
3 https://www.argia.eus/albistea/zergatik-utzi-ditu-argiak-twitter-eta-facebook
4 https://tokikom.eus/2025/01/goazenlagunok/
5 https://fedibertsoa.eus/