Elhuyarren Elia erabiliz lortutako itzulpen automatikoa
en
Urtekaria 2024-25 | Hibai Castro Egia (Euskal Hedabideen Behategia)

Urterik urte erreparatzen diegu komunikazioaren alorreko joera berrien inguruko azterketa eta aurreikuspenei, ez horrenbeste hauek diotenari men egiteko, ezpada erronken aurrean ideiak hartu, egiteko moduak ezagutu eta ikuspegia zabaltzeko. 2023a Adimen Artifizialaren1 aurkezpen sozialaren urtea izan bazen, iazkoa AAren aurrean erreakzionatzeko urtea izango zela jasotzen genuen atal honetan bertan. Hasteko, bada, aurreikuspen horiek ze mailatan bete diren aztertuko dugu eta, horrekin batera, 2025erako nazioartetik datozkigun irakurketa eta analisi zenbait ekarriko ditugu hona.

Arlo honetan urteak eman zuena eta urte honek dakarrena modu egokian biltzen da Reuters Institutuaren Journalism and Technology Trends and Predictions 2025 azterlanean. Nic Newman eta Federica Cherubini autoreek hedabideetako 326 arduraduni (Europakoak dira gehienak, baina kontinente guztietakoak daude) egindako inkestetan oinarritutako txostenean azaltzen dutenez, komunikabideetan buru-belarri dabiltza adimen artifizial sortzaile edo generatiboak (aurreko oin oharrarekin lotuta, badirudi termino hau hedatzen ari dela eskala sozial/komertzialean) kazetaritzan eta hedabideen negozioan duen eragin sakona aztertzen. Dagoeneko zenbait erredakzio handitan indarrean daude, neurri handi batean, AAri lotutako printzipioak eta jarraibideak eta sortu dituzte ere adimen artifizialeko espezialistentzako eginkizunak.

Jarduera hauek ez dira erredakzioetara mugatzen, horri begira baitaude beste arloetako kideak ere, hala nola arlo komertzialekoak edo eduki eta produktuetakoak. Izan ere, barne lanetarako automatizazioetan eraginkortasuna hobetzea da interes eta arreta gehien erakartzen duen eginkizuna arduradunen esanetan, eta hori izango da urte honetarako AAri lotutako langintza nagusia, beste hauekin batera: pertsonalizaziorako eta gomendioetarako gaitasuna fintzea; gizakiak gainbegiratutako edukien sorkuntzan sakontzea; eta albisteak biltzeko funtzioak garatzea (adibidez, gertakariak egiaztatzeko, datuen kazetaritzarako edo ikerketetarako). Hasitako bidean urrats gehiago ematea da, beraz, zioa, propio garatutako tresna-kutxak azaleratzen ari baitira han-hemen, dagoeneko martxan dauden aplikazio eta programekin. Danimarkako talde nagusienetakoa den JP/Politiken Media Group-ek, adibidez, idazketa eta ediziorako MAGMA laguntzailea sortu du, hitz eta datu soilak emanez testu osoen zirriborroak sortzen dituena eta estilo desberdinetako hiru publikaziok erabiltzen dutena. Helsinging Sanomat finlandiarrak, adibidez, ikerketarako eta erreportajeetarako lagungarri zaion tresna propioa dauka, beste gauza batzuen artean datuak eta gertakariak automatikoki ordenatu eta denbora lerroak sortzeko gai dena.

Datuen kazetaritzan eta ikerketan berezitutako Datadista hedabide espainiarrarentzat AAren erabilerak asteetako edo hilabeteetako lana egun gutxitara murrizten du, sakabanatutako iturri eta datuak lantzeko eredu berriei esker. Gertakariak egiaztatzeko prozesuak ere izugarri bizkortzen ari dira AAren laguntzarekin, bereziki bideoen eta audioen kasuan, Indiako Quint hedabideak baieztatzen duenez; Der Spiegel astekari alemaniarrak ere egiaztatze automatizatu eta errutinarioa helburu daukan tresna propioa garatu du, aurrerago funtzio gehiago gehitzeko asmoz.

Garapen teknologiko honen txanponaren beste aldean kostu ekonomiko handi horien amortizazioaren arazoa ere agertzen da arduradun hauen kezken artean. Lan egiteko moduen eta edukien hobekuntza horrek ekarriko ote duen negozio ereduaren hobekuntzarik ez daukate argi. Zalantza gutxi agertzen dute, ordea, AA sortzailearen agerpena, hein batean behintzat, erredakzio-gelak eraldatzen ari dela baieztatzean. Eta eraldaketak segituko duela garbi dago audientziei begira egingo diren hurrengo mugimedu nagusiei erreparatzen badiegu. Hedabideetako arduradunek diotenez, sakondu egingo dute testuak audio bilakatzeko jardunean; artikuluen goialdeko laburpen automatikoak hedatu egingo dira; txatbotak/AA bilaketa funtzionalitateak integratuko dituzte audientziarekin elkarreragiteko (Aftonbladet, Financial Times edo Washington Post hasi dira dagoeneko bide hori urratzen); eta zenbaitzuk probak egingo dituzte testuak bideo bilakatzeko tresnekin. Baina, txostenaren autoreek iragartzen dutenez, guztia ez da hedabideetako arduradunek nahi bezala eginen, izan ere, audientziak berak, erabiltzaile arruntek, bilatzailean bertan moldatu ahal izango dituzte edukiak Dia2 bezalako bilatzaile berriekin (AAn oinarriturik, bilatzaileak beste maila batera eramango omen dituen eredu berri hau 2025ean agertuko da).

Honek beste galdera bat ipintzen du mahai gainean; ea zenbateraino garatu behar dituzten hedabideek haien tresna propioak ikusita bestelako teknologia garatzaileek ere aurrera egiten dutela antzeko funtzioak betetzen dituzten aplikazioekin. Halaxe ari baitira testuen laburpenerako, transkripzioetarako, itzulpenerako edo datuen antolaketarako doako gehigarriak integratzen Google, Microsoft, Zoom edo Dropbox bezalakoak. Testuak ez ezik, bideoak ere errazki moldatzeko tresnak (OpusClip AI, adibidez) azaleratuko dira, elkarrizketa luze bat hartu eta, automatikoki, Tik-Tok bezalakoetarako formatu laburreko eta efektuz betetako lengoaia horretan propio eginda egongo balira bezala aurkeztuz.

Eskuragarri ditugun tresna hauekin guztiekin, urte honetan sortu den eduki sintetikoaren kopuruak alarma batzuk piztu ditu eta, zentzu horretan, interesgarria da autoreek nabarmentzen duten kezka, ereduaren beraren kolapsoa ekar lezakeena3. Alegia, modu sintetikoan sorturiko kalitate baxuko eduki hauek hasten baldin badira, era berean, AArentzako (LLM eta abar) eredu izaten eta bere entrenamendurako bazka bihurtzen (sarean bertan daudelako), kiribil batean sartuko dira, iturri orijinaletatik gero eta urrunago, kolapsora bidean. Hori ekiditeko ezinbestekoak izango dira metadata irizpideak finkatzeko protokoloak (C2PA bezalakoak), edukien jatorriaren ziurtagiri gisa funtzionatuko dutenak eta algoritmoei zer lehenetsi erabakitzen lagunduko dietenak.

Eraldaketa honek hedabide sendo eta egonkortuei planteatzen dien beste erronka bat lantaldea atxikitzearena da. Batetik, tresnek ematen dituzten aukerei esker emendatutako banakako ekoizpen eta influencer-en eredu hedatuak eta, bestetik, analitika digitalak ahalbidetutako audientzia azterketa xeheak, komunikatzaile indibidualen nabarmentzea ekarri du, eta kasu batzuetan, izar gisa kontsideratutakoek ihes egin dute, futbolean gertatzen den bezala, fitxaketak tarteko. Newman eta Cherubiniren txostenak hedabideen arduradunen artean iritzi desberdinak daudela erakusten du; hala, batzuek, hedabideetan haien influencer propioak eraiki behar dituztela uste duten bitartean, beste batzuek uste dute markari, taldeari, lotuta egoteak balioa duela oraindik. Dena dela, erronka handiagoa begitantzen da lantaldearen arlo teknologikoagoari erreparatuz gero: arduradun gehienak bat datoz onartzean erredakzio-gelen eraldaketa honetan zailagoa zaiela datu analistak eta software ingeniariak erakarri edo atxikitzea. Aurrera begira, aurreikustekoa da negoziazioak konplexuagoak izango direla lantaldeko kide zehatz batzuk atxikitzeko garaian eta erreleboaren lanketa etengabean sartuta egongo direla hedabideak. Era berean, teknologian interesa daukaten komunikatzaileentzako aukera aparta da, erredakzio-gelen hibridazioak aurrera egiten duen heinean, bi gaitasun horien konbinaketa gailentzen joango delako.

Hedabide egonkortu edo tradizionalen gaineko presioa ez da txikia 2025ari begira, orain arte aipatutako teknologiaren garapen eta eraldaketari mundu mailako giro politiko atzerakoia izaten ari den oihartzuna gehitzen badiogu (hedabide tradizionalen sinisgarritasuna zalantzan jartzen tematuta). Reuters Institutuaren txosteneko ondorioetan jasotzen dutenez, audientziak, bereziki gazteak, YouTube eta TikTok bezalako plataformetara erakarriak direnez gero, zailago daukate komunikabide tradizionalek publiko horrekin era zuzenean konektatzea, eta honek, aldi berean, elikatu egiten du komunikatzaile indibidual edo pertsonalisten eredua eta horien arteko lehia. Bestalde, hedabideetako arduradunek arreta berezia jarriko dute euskarriak eta produktuak erakargarriago egiten eta audientziaren pertsonalizazioan sakontzen, horretarako AA baliatuz baina, baita ere, AAk inoiz lortuko ez duen edukien izaera humanoan zentratuz, dela erreportajeetan, sormen lanetan edo audientziaren esperientzietan. Aspektu ekonomikoari dagokionez, kostuen murrizketak, sarreren dibertsifikazioa, eta informazioa bizi-estiloari lotutako edukiekin gehiago uztartzea aurreikusten dute; azken joera hau, leialtasuna eta ohitura indartzeko asmoz. Horrekin lotuta, urteko zeregin nagusietako bat izango da komunikabideen rola eta balioa birdefinitzea polarizazioaren, desinformazioaren eta edukien gaindosiaren aroan, bai lantaldeak eta baita audientzia bera ere kontuan hartuta.

Erreferentziak

Jordan, M. I. (2019). Artificial Intelligence—The Revolution Hasn’t Happened Yet. Harvard Data Science Review, 1(1). https://doi.org/10.1162/99608f92.f06c6e61

Newman, N., Cherubini, F. (2025), Journalism, Media and Technology Trends and Predictions 2025. Reuters Institute for the Study of Journalism. https://doi.org/10.60625/risj-vte1-x706

Newman, N. (2024), Journalism, Media and Technology Trends and Predictions 2024. Reuters Institute for the Study of Journalism. https://doi.org/10.60625/risj-0s9w-z770


1 Adimen Artifiziala terminoari eta kontzeptuari dagokionez, ahots kritikoak daude (Michael I. Jordan, adibidez) diotenak AA deitzen dugun hori oso urrun dagoela zinezko Adimen Artifizialetik, gehienetan Machine Learning (ML) edo Ikasketa Automatikoaz ari garela, edo Intelligence Augmentation (IA) eta Intelligence Infraestructure (II) disziplinei dagozkien jardueretaz; ingeniaritza sistema berri bat, azken batean, baina ez adimen artifiziala. Gatazka akademiko-komertzial bat ere azaleratzen da hor.

https://hdsr.mitpress.mit.edu/pub/wot7mkc1/release/10

2 https://www.diabrowser.com/

3 https://www.nature.com/articles/s41586-024-07566-y