Ahots robotiko metalizatuak atzean geratzen ari dira; orain makina eta tresnek ahoskera organikoagoarekin erantzuten diete gure agindu eta eskaerei. Baina ahoskeraz gain, hizkuntza ere geuretzea dagokigu, hiztun komunitate bakoitzari berea. Eta, horrekin batera, ingurune gero eta euskaldunagoetarantz egiten ari garen ibilbidean nabigazio laguntzaile gisa darabilgun aplikazioak tinko errepikatu behar digu, bideak banatzen diren aldiro, «bidegurutzean, hiztun komunitatearen aldeko bidea hartu». Esparrua edozein dela ere: kontratazio berrietan, egitasmo edo produktuen gauzatzean, aurrekontuen diseinuan... Ezin baitzaie entzungor egin Euskalgintzaren Kontseiluak egindako adierazpenei: larrialdi linguistikoan gaude1. Komunikabideak hizkuntzaren normalkuntzan ere estrategikoak direnez, eta guri hedabideen eta komunikazioaren eremua dagokigunez, hortxe jarri dugu arreta eta, larrialditik indarraldira igarotzeko deiari jarraituz, esparru horretan garatuz doazen egitasmo eta ikerketa esanguratsuenetako batzuk bildu ditugu begien aurrean duzun hamargarren2 ale honetan. Proiektu eta azterlan ugari daude martxan euskarazko komunikazioaren ekosisteman eta horiek indartu, babestu eta lehenetsi behar dira; eta berriak sortu. Eta eginkizun horretan: bidegurutzean, euskal hiztun komunitatearen aldeko bidea hartu.
Jarduna eta jakintza gurutzatzen diren lekua da Urtekaria eta aurtengo alean hamabost artikuluk eta hogeitasei autorek populatzen dute leku hau. Jardunean jakintza handia eta jakintzan ere beste horrenbeste jardun dagoela jakinik, bata eta bestearen arteko uztarketak aberats egiten du Euskal Hedabideen Urtekaria 2024-2025 argitalpena.
Lehen bi kronikek kokapen funtzioa betetzen dute; nazioarte mailan lehenengoak eta Euskal Herri mailan bigarrenak, urteak emandakoari eta datorkigunari luzatzen diete begirada, esku artean ditugun erronketan eta zakuratutako lorpenetan jarriz azpimarra. Aurrenekoa lerrogile honek, Euskal Hedabideen Behategiko Hibai Castro Egiak idatzi du eta komunikabideen eremuko eraldaketa teknologikoen aplikazio praktikoen gaineko azalpen eta gogoetak biltzen ditu. Bigarrenean, HEKIMEN elkarteko zuzendari Igor Astibia Teiletxeak iragarpen garrantzitsua egiten du EAEko komunikabideen dirulaguntza deialdi eredu berriaren inguruan, besteak beste.
Sinadura atalean, bere kazetari lanbidea agortu baina ofizioa albo batera utzi ez duen Nerea Azurmendi Zabaletak, euskarazko hedabideen gaineko bere ikuspegia azaltzen du «Bada Garaia» izeneko iritzi artikuluan; mamitsua da dioena eta honako hau lagintxo bat baino ez, baina horra: «...euskarazko hedabideei emango zaiela behingoz dagokien tokia [...] eta aintzatespen horrek izango dituela ondorio praktikoak».
Sektorearen erakusleiho gisa dakargun artikuluen atala bost egitasmok osatzen dute, lau hedabideak edota komunikazio proiektuak dira eta bosgarrena teknologikoa, hedabideei ere hurbiletik eragiten diena. Atala irekitzeko Ainhoa Jauregi Hamaika Telebistako zuzendari izendatu berriak idatzitako «Hamaika Telebista, etorkizunari begira» artikuluak hedabidearen ibilbidea errepasatu eta gaur egungo egoeraren berri ematen digu lehen emisiotik hamabost urte pasa berri diren honetan: zuzendaritzan erreleboa, eredu berria antolaketan, freskotasuna saio berrietan... Geroa du miran. Ondoren dator «2024: urte emankorra Primeranentzat» Primeran plataformaren urtebeteko balorazioa egiten duen artikulua, bere oraingo zuzendari Ainoa Santisteban Rendok sinatua. 2023ko irailaren 15ean abiatu zen plataforma eta azken urte hau izan da osorik bete duen lehena. Testu honen barnean, gaztetxoenei begirako Makusi plataformari buruzko balorazio txiki bat ere egiten du horren buru den Nerea Zendoia Elexpuruk. Jarraian, Rikardo Arregi sariketan Komunikazio Saria eskuratu berri duen Ikusgela egitasmo komunikatiboa goitik behera azaltzen digun «Ikusgela: Mundua ulertzeko bideoak» idazlana dator, berau muinetik ezagutzen duen Ander Bolibar Zabalaren eskutik, ale honetarako propio ekarria dirudien bideogurutze hitza eta guzti. Hurrena dator «Bada: Lapurdi, Baxe-Nafarroa eta Xiberoko gazteen komunikabidea», Ana Sarria Muxikak idatzia eta gazteek gazteendako sortutako egitasmoaren izaera eta ezaugarri nagusiak kondatzen dizkiguna. Atala ixteko, makinek eta dispositibo aurreratuek euskaraz hitz egin dezaten esaldiak auzolanean biltzen diharduen egitasmoa, Gaitu.eus kanpainaren bitartez hedatu zena, sakonki ezagutzeko parada ematen digute Argia eta Iametzako Asier Iturralde Sarasolak eta Librezale elkarteko Marko Txopitea Txopik «Common Voice: teknologiari euskara irakasteko auzolan digitala» artikuluan.
Artikulu luzeagoen atalera azken urtean egin diren zazpi ikerlan ekarri ditugu: datuen kultura du hizpide lehenak; EAEko erredakzioetan adimen artifizialaren erabilera maila aztertzen du bigarrenak; hirugarrenak, podcastgintzan ari diren ekoiztetxeak eta agentziak ditu gai nagusi; klasiko bat dugu laugarrena, euskarazko hedabideen webguneen trafiko digitalaren urteko analisia dakarkiguna; eta azkenik, ikus-entzunezkoak eta zinema ardatz duten hiru azterlanek ixten dute atala.
Aletu ditzagun zerrendatutako zazpi hauek banan-banan.
EHUko NOR Ikerketa Taldeko eta Euskal Hedabideen Behategiko Ane Martinez Juez eta Josu Amezaga Albizuren «Datuaren kultura euskal komunikabideetan: Hekimen elkarteko komunikabideen egoeraren analisi kuantitatibo eta kualitatibo bat» artikuluak datuen kulturaren diagnosirako hurbilpen bat eskaintzen du, eta baita kultura hori lan-errutinetan integratzerakoan eragiten duten aldagaiak identifikatu ere. Oinarria komunikabideei beraiei egindako inkesta bat eta bost elkarrizketa sakon dira.
Ainara Larrondo Ureta eta EHUko Gureiker Ikerketa Taldeko bere kideek aurkezten diguten «Adimen artifizialaren erabilera euskal komunikabideetan» lanak puri-purian dagoen beste gai bat aztertzen du: adimen artifizala deitu zaion garapen teknologikoaren esparru horren ezagutza eta erabilera zein neurritan dagoen hedatua kazetarien eta komunikabideetako profesionalen artean. Haiek Euskal Autonomia Erkidegora mugatu dute ikerketa eta egindako galdetegien emaitzei erreparatuta teknologia honen hedapena mugatua dela adierazten dute.
EHUko Ikus-entzunezko Komunikazioa eta Publizitatea Saileko Arantza Gutierrez Pazek «Negozio-lerro berriak euskal podcastgintzan: berezko ekoizpenak eta branded content direlakoak» artikuluan, podcastaren euskal industrian hedatzen ari diren praktika berri xamar hauek ditu aztergai. Horretarako, ekoiztetxe edota publizitate nahiz komunikazio agentziek egiten dituzten hirurogeita zortzi saio identifikatu, zerrendatu eta aztertu ditu.
Urteroko ezinbesteko horietarikoa den lana dugu euskarazko hedabideen webguneetako trafikoa neurtu eta aztertzen duen hau. «Hekimen elkarteko webguneen audientziak 2024. urtean: inoiz baino hedabide gehiago neurtu dira» izenburupean, EHUko NOR Ikerketa Taldeko eta Euskal Hedabideen Behategiko Libe Mimenza Castillo eta Ane Martinez Juezek urteroko bilakaeraren azken faszikulua jartzen digute eskura. Azpimarratzekoa da inoizko kopururik handiena den 60 hedabideren audientzia datuen analisia egin dela eta, gainera, 40 milioi saioen langa berriro gainditu dela.
Amaitzeko, ikus-entzunezkoetan eta zineman ardaztutako hiruko multzoa osatu dugu azken urte honetan egin diren azterlanekin, batera irakurrita ikuspegi zabalagoa izaten lagunduko digulakoan ertz dexente dituen eremu honetan. Mondragon Unibertsitateko June Ansa Agirre eta bere taldekideen «Euskarazko ikus-entzunezkoak gazteen begiradatik. Iritziak eta aurreiritziak», EHUko NOR Ikerketa Taldeko Josu Martinezen «Zauriak ispiluan: Bizkarsoro filmaren zabalpenaren azterketa» eta EHUko Ikusiker ikus-entzunezkoen behategiko Julen Ugartemendia Carcedo eta bere taldekideen «Gazteak eta zinemara joateko ohitura» artikuluek osatzen dute hirukoa. Lehenari dagokionez, zenbait gazteri egindako elkarrizketetan agertutako iritzi eta aurreiritzietatik lausoki erauzi daitekeen heldulekuren bat edo beste eman diezaguketen ondorioak atera ditzakegu, hala nola euskarazko ekoizpenak promozio eta ikusgarritasun kanpaina agresiboen premia larrian daudela. Bigarrenak erakusten du halako ekoizpen batek, baliabide gutxirekin bada ere, publikoari interesatzen zaizkion gaiak modu egokian jorratu eta konektatzea lortzen duenean, inpaktua lortzeko gai dela eta produkzio lehiakorra izatera iristen dela. Borobiltzeko, Hego Euskal Herriko gazte unibertsitarioen zine aretoetarako zaletasunaren gaineko datuak biltzen dituen artikuluan ikus daiteke zinera joatea gustukoen zakuan gordetzen dutela oraindik gazteek, baina praktikan, desoreka dagoela alde subjektiboaren eta objektiboaren artean. Hau dena sustatzea ere bada jo nahi duenak jotzeko moduko erronka eta, hemen ere, arestian esaten genuen bezala, bidegurutzean hiztun komunitatearen aldeko bidea hartzea dago.
1 https://kontseilua.eus/euskara-eu/euskararen-eguna-2024/
2 Hamargarren alea nabarmentzeko moduko zenbaki borobila denez, gehigarria atera dugu ibilbide honen lekuko: https://behategia.eus/eu/argitalpenak/